Ezker hanka falta zuen
Ezker hanka falta zuen
2005, nobela
112 orrialde
84-95511-76-2
azala: Leire Gisasola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2002, nobela
 

 

OSTIRALA

 

Betekada handia hartu dugu bart. Gurekin batera beste gizon bik afaldu dute, Manuel Besteiro eta Juan Pedreira. Manuelek arkumea ekarri du. Animaliak begi tristeak zituen, bizi-min urragarri antzeko bat. Hotzikara sumatu dut bizkarrean behera eta surtara ondoratu naiz. Amaitutakoan, Ostegun Santuko mezatara joateko gonbidatu nau Pedreirak. Badoaz hirurak, baina beharrik ez dagoela argitu dit Xenarok buru-keinu batez. Harritu egin nau apur bat proposamenak, sinetsita nengoen Besteirok eta Pedreirak euren ipuinak kontatu behar zizkidatela afalosteko solasaldian.

        Baietz erantzun diet, bestelako zereginik ez nik. Segituan San Bartolomeren baseliza erromanikora abiatu gara. Apaiz-laguntzaile dihardu Xenarok. Abadea asteazkenean tabernan zegoen gizonetako bat da. Lehengo eguneko arropa bera daroa soinean, artilezko jertsea eta panazko praka maiztuak. Jertsearen gainean kapa morea du. Direnak batu dira, ohitura errotua dute. Apaiza Kristoren pasioaz aritu da, hitzetan dotore, baina ez diot arreta handirik eskaini. Rivasek zein ipuin kontatu dion, horra kezka bakarra. Halako batean, Pedro aitatu duenean, Monchorekin akordatu naiz, A lingua das bolboretas ipuineko mutikoarekin. Zenbat Pedro eta zenbat Moncho! Oilarrak bigarrenez jo baino lehenago, hiru bider ukatu du. Irentsi dugun arkumearen begi errukarriak ekarri dizkit burura hotsak.

        Egunsentia ederra agertu da gaur, dena ez da beltza Galizia honetan. Buruan gehiegizko pisua nabaritu dut. Mezatatik irtendakoan Pedreira setatu egin zen, niri arrenka beste biak helburu.

        — Eskualdeko oruxorik goxoena diat.

        Eta ezkutuko alanbikea. Etxalde atzean, ondulinezko estaldura baten azpian.

        — Eta egia duk, bertoko petrolioa —adoretu nahi izan ninduen Xenarok.

        Pedreiraren pattarra, eztarri erregarri, Manuel Rivasen ipuinak aletzeko adinakoa. Ni neu Gerenari buruz mintzatu nintzaien. Hainbatgarrenez Que vida... madarikatua, hobenduna hilduratzen den gisan.

        Alferrik, ordea. Ez zekiten zer esangura zeukaten hitzek.

        Baina ez nuen besterik espero. Konturatu aurretik, Pedreira bere ipuina narratzen ari zen, detaile xumeetan gelditu gabe, Vions pertsonaiaren gereziak mahats bilakaturik.

        Ajeak aje, goizik kaleratu gara gaur Xenaro eta biok. Herriko plazatxoan Renault Transfer furgoneta horixka dugu zain. Kristo gurutziltzatuko dute ondoko herri batean eta hemengo batzuek parte hartuko dute pasioan. Pedreira bera da erromatar soldadua; Isidora Varela, Maria Magdalena; eta Vicente Porras, lehen egunean tabernan Celtako jokalariak egurtzen ibili zen aditua, Kaifas. Porras ahobero hutsa begitandu zitzaidan, neurriko iritzi diot egokitu zaionari.

        Pedreirak biharamunetik askatu du Rivasen ipuina.

        — Beldurrak babesten du gereziondoa umeengandik.

 

 

Rosendoren sudadera beltza alboratu du gazte txima luzeak Kristoren soineko zuria beztitzeko. Pilatosenean mantu gorri zahar bat jantzarazi diote, eta berehala odolez lohitu zaio. Joaquin da, literatura irakaslea. Bukatutakoan ez du indarrik izango trash bandei entzuteko Coruñan. Soldaduek zauriak eta ubelduak eragiteraino kolpatu dute metalero ilustratua, amorruz kolpatu ere. Zizpuruak eta oinaze-deiadarrak benetakoak dira. Pedreirak berak ipini dio arantzazko koroa buru gainean eta kanabera eskuetan. Horra gotikoen erregea.

        Ecce heavy-a.

        Judutarrak iseka eta trufaka ari zaizkio, aurpegia listuz zikintzen diotela, kantari satanikoa balitz bezala. Vicente Porras serio ari zaie begira, ez da bere eszena. Touroko muinora eroan dezaten premiatu ditu pasiokideak. Belu dabiltza eta Pazkoa gainean dute. Ilundu ezkero ez dago juduen Erregea gurutziltzatzerik.

        Nire ondoan gizon-emakume aldrak oihuka hasi dira, Crucifige! Crucifige!, atzoko apaizak erakutsitako berbak. Artilezko jertsea eta panazko praka azulak daramatza gaur ere soinean.

        Hona hemen gizona aurkeztu du hainbatgarrenez Pilatosek.

        Aktore amateurra ematen du. Barrabas du azken aukera.

        Ez duzue nahi gizon hau libre geratzerik?

        Gehiago luzatuz gero, Pilatos honek arte eszenikoen dohainak baino zer edo zer gehiago beharko du hemendik salbu irteteko.

        Kalbariora! Kalbariora!

        Muinoan pilatu da kanpotar gehien. Herriko aguazila gorriak ikusten ari da bildu den jendetza behar den moduan antolatzeko. Gainera, zerua belzten hasi da, aldaketa dakar seguru.

        Literatura irakaslea Valle-Inclanen gezur eta Jon Bon Joviren kalpar luzeenaren beharrean dago goraino ailegatuko bada. Bakarrik doa bilin-bolonka, apostolu gabeturik. Nekez bizkarreratu ahal du hiru metro luze eta bi metro zabaleko gurutzetzarra. Lehenbizikoz lurreratu orduko, herriko harakina azaldu zaio ondora. Egurrezko gurutzea lepoan hartu eta arindu zaio martxa Kristori.

        Kalbariorako bidea ere gainezka dago. Agiraka eta trufaka egiten diote jerusalemdarrek Nazaretarrari. Baita umeek ere:

        Apoa! Tilonorrincoa! Irisa!

        Moncho ugari dago herri honetan. Atoan, Papillon preso frantziarra akordatu zait erbesterako bidean, Irun edo Hondarribira agian, San Martzial edo Ama Guadalupekoa egun sargoritsu batean.

        Xenaro ere badabil burlaka. Laster ikusi beharko du nor den benetako erregea.

        Isidora Varelaren unea ailegatu denerako ostatu batera sartu gara. Goian ez dagoela giro erabaki du Besteirok, Albariñoa denontzat. Gero eta kanpotar gehiago agertzen ari da urtez urte. Herria postaleratu berri. Nik ere antzeko postala ekarri nion Garaziri Cataniako bidaiatik, Taorminako antzokia goiko aldean. Atzean zuri, ez nuen deus idatzi.

        Zer iruditu zaik? —egundo deus egin ez duenaren harrotasun hutsalaz mintzatu zait Besteiro.

        Hunkigarria.

        A lingua das bolboretas ipuinaren irakasleaz gogoratu naiz denbora osoan. Txima luzea eta musika zaletasunak alde batera, antzeko morroia ez ote zen.

        Herriko maisua fusilatu zitean, ezta?

        Que vida... esaldiarena barik, Carlos Sueiro Mirasen arrastoa topatu nuen hilerrian lehen egunean. Beste guztien ondoan lur emateko detailea hiltzaileen alde, bederen. Candana mendira eraman zuten beste gizon batekin Hispano-Suiza blindatu batean. Arte baten aurrean paratu eta tiro eman zieten bular parean. Segidan herrira bueltatu zituzten eta kanposantuan lurperatzeko agindua eman zuten. Bestea alkatea zen, matxinatuen babesle bizi zen artean.

        Non edo nondik abiatu beharra zeukan Rivasek.