Ezker hanka falta zuen
Ezker hanka falta zuen
2005, nobela
112 orrialde
84-95511-76-2
azala: Leire Gisasola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2024, antzerkia
2011, narrazioak
2007, nobela
2002, nobela
 

 

PORTUKO ZIKOINAK

 

1982an ezker hanka falta zuen Gerenak.

        Lolo, Garazi eta hiruroi ziren eta ezbehar saminenak zetozkigun burura: SS matrikuladun auto beltz batek jo ote zuen; Sopelako itsas labarretan amildu ote zen; lehergailu bat —artean ez genekien berba hura— zartatu ote zitzaion; zauria zoldu ote zitzaion; zerrategi batean atera ote zen odola burrustan; baserritar zoro baten aizkora paristarra ezagutu ote zuen; edo portuko garabietako kontrapisuak kolpatu ote zuen.

        Haren misterioarekin maitemindu ginen eta, une batez, denok desiratu genuen mainguak izatea.

        Geroago, jakin genuen diabetesak —artean ez genekien berba hura— eroan ziola zangoa eta, une batez, arineketan hasteko gogoa sartu zitzaigun hiruroi.

        Gerena! Gerena! oihu batean. Herrena!

 

 

Ezker hanka falta zuen.

        — Nora doaz mainguen bernak?

        Silver piratarena, kasu.

        Hondar biologikoen kaxa zuen helbide zoritxarreko hark, soto ilun batean. Erizain batek salbatu zuen, ordea.

        Pirataren altxorra.

        Gallartako meategi zahar batean eman zion Gerenak lur, eskoria eta piritaren artean. Mende bat lehenago Benigno Canal Negro-k bi asaltotan akabatu zuen Mr. Wolles El Inglés, Explosivos Río Tintoko ingeniari mustatxaduna. Sevillano ere esaten zioten. Meategia Lord Roger Wilsonena zen, Limingtongo deabru zuria. Hark bota zion erronka Luciano Echevarria hasi berriari, Wollesek baietz! Meategia ikuskizun hutsaren truke, ingeniari apaina kinka larrian zegoen, goitizenak zama itzela zitzaizkion. Aberri beste asalto bibotedunak, Canal garaiezinak altzairuzko ukabilak goratu zituen. Ez zen ez hango ez hemengo. Wilsonek tu egin zuen.

        Baina non demonio dago hanka, Silver?

        — Zuen azpian.

        Behinola legez burdina ateratzean, gure zapata lokaztutakoen alboko hil harria mintzo zitzaigun jabeaz. Seinale hartaraino ailegatzen ziren Sestao, Barakaldo, Erandio eta Bilbo.

        Gerenak aldarri egin zuen:

        — Meatzaldea da lehorreko Abra!

        Antza denez, itsasotik barik, lur-azpitik sartu ziren Bizkaira ingelesak.

 

 

Haize galegoak ez ditu zikoinak barkatu gaztigatu zigun Gerenak.

        Uher zeuden portuko garabi erraldoiak. Cock gizonak Sestaoko aldapetan gora galtzen ziren, bular pozoituak Gurutzetako ospitalera. Beldurgarria zen Galiziako ufada, krudela bere hezean. Portua birrindu behar zuen. Garabiak lurrera bota. Ze Coke haurrok ez genuen zertan jakin Andra Mari elizako ur bedeinkatuak zipriztinduko zuela azken branka, titanizatu zaigun hiria bezain gardena, tiranizatu diren zikoinak bezain hotza, dagoeneko ez baititugu ezagutzen, eta goiz batean jaikitzerako gure baitan galdetuko dugu inoiz garabirik egon den, zerk geldiarazten gaituen hemen.

        Haize galegoak ez ditu zikoinak barkatu. Eta hobe uherra distira baino.

        Sestaora baino lehen, Abrara eraman gintuen Gerenak.

        Areetatik Portugaleterako bataioa ezinbesteko omen genuen. Han betikotzen ziren itsasadarreko urak.

        Puente Colganteko ontzitzarrera heldu baino lehenago burrunba espantagarria entzun genuen, zeru beltzak bat egin nahi zuen itsasgorarekin. Zarra-zarra botatzen hasi zen berehala. Ur tanta lodiak masailetan behera labaintzen zitzaizkigun eta denok ekin genion korrika egiteari, Gerenak barne. Arraun baten moduan mugitzen zuen hanka ortopedikoa, airean zirkulu perfektuak marraztuz. Argala izateak laguntzen zion. Zubiko kabinara ailegatzean biraoka hasi ginen, eta barreka. Blai eginda geunden.

        Horrela geratuko gara laster denok hemen, baina konturatu gabe. Zirimiria gaiztoagoa da.

        Alde batetik besterako bidaia mugituaz ere ez ginen gehiegi ohartu. Paisaiaz ez, behinik behin. Beste bidaiariak so genituelarik, Gerenak orri bat atera eta koplak irakurri zizkigun:

 

                Erranen dizut ez nauzula

                Erlojugile baten semea

                Erranen dizut ez nauzula

                Erlojugile baten semea

                Aurrera-atzerarik gabekoa da

                Nire bizitza xumea

 

                Eguerdiko eguzkitara irten da

                Bakarti muskerra

                Eguerdiko eguzkitara irten da

                Bakarti muskerra

                Mendean ez dabilenari

                Esaten diote alferra

 

                Goiz honi ostu diote

                Ordu erdi edo

                Goiz honi ostu diote

                Ordu erdi edo

                Gauak eroan du isilean

                Hotzari emateko bero

 

                Gizajendea hauts bihurtzen da

                Burdinak dirau

                Gizajendea hauts bihurtzen da

                Burdinak dirau

                Egunkarietako heroi goresgarriak

                Behin eta berriz hiltzen nau

 

                Kantauriko erraietatik irtengo da

                Hildakoaren aiherra

                Kantauriko erraietatik irtengo da

                Hildakoaren aiherra

                Nola hain gorpu ezdeusak eman dezake

                Horren gomuta ankerra

 

        Hanka bakarraren gainean irakurri zuen azken bertsoa, bera ere zikoina.

        Gu, mutu.

        Portura ailegatzerako ateri zegoen. Azaletan oilobustia sumatu genuen, blai geunden barnetik ere. Gaindituta ei geneukan Abra hamaika sinesgaberen begirada harrituen pean.

        Ze horrelakoxeak dakartzate-eta bataioek: ura eta lekukoak.

 

 

Gerenaren logelatik langileen fede aldatzea bezain ikusezina zen industriaren finitzea. Abuztuan sartutako udazkena nola, hala zeutzan beharginak. Guk jakin gabe. Gizartea ulertzeko moduak dike lehorrean uhertzen ziren. Gelako pertsiana, egurrezkoa berau, haren ihesi zebilen; ez, ordea, pipietatik eta usteltzetik libro. Baziren aste batzuk izorratuta zegoela, Astilleros Españoles bezalaxe. Norvegian bizi izan balitz berdin zitzaiokeen, baina Sestaon altzairuaren zurruntzea eguzki galdatan erabakitzen zen.

        Gerenaren apartamentura sartu ginen lehen aldian Celtas tabako beltzaren usain nardagarria zerion. Urrinei erreparatuta azal zitekeen harenean gertatzen zen guztia: arropa garbitzen bazuen, detergente usaina egoten zen; oilaskoa prestatzen bazuen, erre-usaina; itoginik bazegoen, sudur-mintzak zulatzen zituen hezetasuna; eta lagunekin musean arituz gero, hats izugarria.

        Eta lehen aldi hartan tabako beltzaren usain nazkagarria zerion, erre eta erre ibili zelako aurreko gauean.

        Leihoak itxita zeuden.

        Eta ez zekien zabalduko zituen.

        Zabaltzekotan pobre usaina sartzen zait, ze hori baita hemen bizi garenok dugun ondare bakarra: eskasia usaina.

        Eta segituan argitu zigun pobre usaina ez zela okaztagarria berez, baizik eta pobreek usaina bakarrik izatea amankomunean.

        Hori eta goranahia kosta ahala kosta!

        Distira nahia! aurreratu zitzaigun Garazi, portuko zikoinen uherrari imintzio garbia.

        Ezin ederrago zegoen loredun atorra soinean. Ordurako sortua zen Lolo eta bion artean elkar zelatatzeko premia.

        Beharrik.

        Zorionez, iluntze hartan, olagarroaren piperrautsak ekarri zuen usain sarkor goxoa. Gerenak ez zuen nabaritzen, horren zegoen ohituta. Ze usainak, azentuak bezalaxe, kanpotarrentzat besterik ez baitira. Eta hark tentel usaina bakarrik asmatzen zuen.

        Leihoak zabaltzen zituenero.

        Ez baitzen ohitzen.

 

 

Osteguna zen eta itsasbeherak kiratsa hedatu zuen Gerenaren bizitzara. Garabi baten olagarroak txatarra mordoa jausten utzi zuen Ankara ontziko herdoil-metaren gainean. Gerenak ezker-eskuin mugitu zuen burua. Azken urteetan oro zen txatarra herdoila oxidoa Ibaizabaleko alboetan.

        Hiltzen ari zen duda barik.

        Itsasadarra.

        Erandioko tailer txikiena bezain literatura errealista zen Bilboko ontzitegiarena, ispilu arrakalatua. Euskalduna ez itxi eta kalatxoriak agudo barrurantz. Harrezkero, txatarraren blaustadak, antxeten karrakak, gabarren turutak eta Poliziaren pilotak orkestra bereko haize eta perkusioa ziren.

        Komunera eroan eta apartamentu txikerreko metro karraturik gaiztoenaren aurrean paratu gintuen Gerenak. Ispilu aurrean.

        Zer ikusten duzue?

        Nahasbidean nahi gintuen, argi genuen metafora. Gure atzeko leihoa zabalik zegoen erantzunari: Ibaizabal bera zen pitzadura.

        Itsasadarra!

        Baina han ez zen ibaia ageri, eta hasperen egiteaz bat belarrondoko bana oparitu zigun.

        Ispilua handia zen komuneko neurrirako. Handia eta lohia, asteak ziren Gerenak ez zuela trapu busti batez garbitzen. Geure burua nekez ikusten ahal genuen. Hori horrela izanda, zelan ikusi behar genuen Gerenak proposatutakoa? Haren eta Garaziren buruak erdian zeuden. Lolo ezkerrean eta ni eskuinean. Gurutze okerra, ezker-eskuineko langak gorago eta artezago behar zuen.

        Elkarri begiratu genion soa ispilutik aldendu gabe.

        Lolorekin arduraturik nengoen begi-bazterrez. Eta hura Garazirekin. Eta Garazi Gerenarekin.

        Apartamentu hau Europa bezalakoa da. Ardoa zurrutatzeko metro karratua Bordele da; dotore janzteko metro karratua, Milano; dutxaren ur izoztuak akabatzen zaituen metro karratua, Oslo... Eta goizero itxura penagarria erakusten dizun ispilua...

        Bilbao! batera Lolok eta biok.

        Garazi, besoa besoaren gainean, Gerenaren buruan sartzen ahalegindu zen. Gizona isilik zegoen, eskuak barrutik kanpora mugitzen zituelarik onartzen zigula ulertarazi nahian edo.

        Segituan herri bat aukeratzeko eskatu zigun. Lolok Suedia aukeratu zuen, neskarik ederrenak baitzituen; neronek, Errusia, ze hala aldi berean Amerikan, Asian eta Europan egon nintekeen; eta Garazik, Turkia, ze Bosforoko uretan nahasten ziren kulturak.

        Protestatu egin genuen, berehala.

        Turkia ez dun Europa!

        Eta zer da Turkia? galdetu zuen Gerenak, zer galdetzailea zuzenarazi gabe.

        Lepoak mugitu barik, gure atzeko Ankara fedegabe hari begiratu genion malmuzki. Txatarra metatzearen metatzeaz itsas mamu herdoildua zen. Geroko ederra hark guri.

        Turkia aulkirik gabeko ipurditzarra da!