Mutuaren hitzak
Mutuaren hitzak
2005, nobela
192 orrialde
84-95511-75-4
azala: Sonia Uribe
Hasier Etxeberria
1957, Elgoibar
2017, Donostia
 
2007, nobela
2003, nobela
Mutuaren hitzak
2005, nobela
192 orrialde
84-95511-75-4
aurkibidea
 

 

ZOIN

 

«Lau hilabete badira bazter toki honetara etorri nintzenetik, Leonek bere etxean hartu ninduenetik. Lau hilabete behar izan ditut Leonen lanak beste era batera begiratzen hasteko, artista handia dela onartzeko. Damu naiz orain arte esan dizkiodan guztiez, arinkeriaz eta ezjakintasunez bota dizkiodan hitzez.

Niretzat Ziburuko aberaskume bat baizik ez da izan beti Leon. Gizon ona bai, baina aberaskumea, azken finean. Amaren aldeko erro nafarrak ez galtze aldera, Arizkunen bigarren etxea erosi duen adiskidea.

Orain badakit bigarren etxe hau bilakatu zaiola nagusi eta Arizkungo Otsoenea duela egiazko kaiola. Atzo jakin nuen hori guztia. Garbi ikusi nuen. Ez dakit bera konturatuta ote dagoen. Ez dit, behintzat, sekula halakorik erakutsi.

        Bai, ziur nago erraturik egin duela Leonek orain arteko bidea. Badakit ez duela hemendik sekula alde egingo eta badakit, halaber, lana eta familia ere Ziburun utziko dituela betiko. Atzo konturatu nintzen pinturan baino ez duela lekurik aurkitzen ahal Leon Karrikak. Inon aurkitzekotan.

        Itsu dago. Erotzen hasita dago. Munduak ez dauka ezer berarentzat, morfina tanto eta pilula horiek izan ezean. Eta pintura: oihalezko lauki bat eta kaxa bete margo. Horixe da dena.

        Ez dago hemen erosi behar diot Leoni. Zenbat balioko du?

        Oraindik goiztxo da, ordea, horretaz hitz egiten hasteko. Bero-bero dago bere azken lanarekin. Erosi eta gero, Joaquin Aldazi deitu behar diot lehenbailehen, koadroa ikustera etor dadin, ea zer iruditzen zaion jakiteko. Asko gustatuko zaio. Seguru nago».

 

 

Damian Arrutik, seguru nago idatzi eta gero, denbora egin zuen bere kaierari begira. Hurrengo orri garbia ere jiratu zuen idazteko toki bila, baina alde batera utzi zuen, azkenez, bolaluma. Jabetzen zen ezin zuela asmatu modua azken hilabeteetan gertatutako guztia bere koadernoan idazteko. Arizkun aldera etorri baino lehenagoko guztiak ez zitzaizkiola mutuaren hitz haietan sartzen. Bera ez zela idazlea ere bazekien ederki, baina, hala ere koska ez zegoen horretan. Errua iraganaren pisu ezak baizik ez zeukan. Halaxe uste zuen. Bere bizitzak azken aldera ezagututako denboraren abiadurak ezinezkoa egiten ziola idazketa. Edo orainaren indarrak irensten ziola guztia. Nahiago den bezala. Ezta, Damian?

        Ez zenekien garbi-garbi zer egiten zenuen oraindik Arizkunen, Leon Karrikaren etxean hainbeste denboran. Mundura itzuli ezinda.

        Eztarria hobeto zeneukan, askozaz ere. Pitzaturik, baina ahotsa itzulia zitzaizun aspaldi, eta inork ez zizun antzemango hilabete batzuk lehenago mutu geratzeko zorian egondakoa zinenik. Hala ere, konturatuta zinen ezin zenuela lehenago bezala ibili ahotsarekin. Kaka zaharra, ahotsa. Moto zahar baten drundotsa dirudi. Ezin zenuela kantatu edo ezer ahots goraz esan. Jende askoko bileretan, Baleztenean eta, isilik geratzen zinela, zure ahotsarekin besteen artean lehiatu ezinda.

        Ez zenekien, halaber, noiz arte iraungo zizun gonbidatu-egoera horrek. Leon ere aspertuko zen noizbait zure konpainiaz. Ala ez? Ala ongi zetorkion Leoni zure lagunartea? Hori ere ez zenekien argi.

        Errekaren lekuan, osina zuen orain gai Leonek. Zingira, idoia, putzua, lakua. Ur geldia. Horretaraxe irten zen etxetik goizean goiz, txorien orduan. Monetek erabilitako gai ospetsu bera erabili eta hura gainditzera. Ustez bederen.

        — Besteek eginda dagoena ez badik hobetzen, artelanak ez dik fitsik balio —esan zizun bart, eta zu ikaratu egin zinen lagunak bere buruari ezarritako langintzarekin.

        — Har ezak gai errazago bat, Leon. Ez daukak handienekin lehiatzen ibili beharrik.

        — Oh putain!, ni ez nauk hire antzeko ezindu bat —erantzun zizun.

        Purrustaka altxatu zen Leon Karrika egongelatik eta purrustaka hartu zuen oherako bidea zu eta Argos bakarrik utzita. Orduantxe konturatu zinen, Damian, Leon hasita zegoela zurekin gogaitzen. Egia esan, gainerako beste guztiarekin ere bazegoela gogaituta aspalditik, bere buruarekin, batez ere, eta soilik egin behar zuen osinaren koadro berri hartan zeuzkala jarrita gogoa, adimena eta zentzuak oro. Ihesbiderik inon bazen, hantxe zeukala itxaropena. Egin nahi zuen koadro hura lortzearen arabera aurkituko zuela Leonek bizipoza edo nahigabea.

        Eta bazitekeela, pentsatu zenuen, bazitekeela, bi gizonezkoren arteko bizimoduak eragindako txinpartak baino harago, Leonek arrazoia edukitzea eta zu benetan ezindua izatea. Gauza guztietarako elbarriturik bizitzea. Ezerk ez baitzizun jada kilikarik egiten. Lehengora itzultzeak ez. Arizkunen geratzeak ere ez. Ezdeusaren eta ezerezaren arteko harian zenbiltzan dilindan, Damian. Hutsaren lurralde arriskugarrian. Betiko moduan.

 

 

Domingo Senperenaren heriotzaren egunetik, gauzak ez ziren beti bezalakoak izaten Baleztenean, horixe esaten zuen Tomasek, Tomas danbolindariak.

        — Salbaia zen, baina gizon ona, Senpe zaharra. Beti bazuen zer kontatua.

        — Umore mikatzegia zeukan, aukeran —gehitu zuen bere iritzia Maria Baleztenekoak.

        Leon Karrikak ez zion lehen beste laguntzen tabernara Damiani. Gainera, lehen ez bezala, Leonek erregutu egiten zion bakarrik uzteko margotzeko orduan eta, bai, Damian ere ohartzen zen Senpe gabe tabernako elkarretaratzeak ez zirela lehengoen antzekoak. Haren heriotzarekin, arrotzagoa zen orain. Atea irekitzeko maratilarik gabe geratua zela.

        Senpe isilik egoten zen gehienetan, ele gutxikoa zen agurea, baina hitz egiten zuen bakoitzean, aizkorakada ematen zion solasari. Onerako nahiz txarrerako. Epeletik gutxi zeukan gizon hark.

        Umorea ere halakoxea zeukan, sagar gaziaren ezpalekoa. Ezta, Damian?

        Egun batean hizpide izan zuen Tomas danbolindariak, herriko gazteek ekainaren hastapenetik San Joanak pasatu arte egin asmo zuten txondorra. Piztuta ikusi nahi zuten txondor itzela. Herriko zahar batzuek lagunduta egin zuten egurra pilatzeko lan hori, tartean zelarik Senperena bera. Baztango Kultur Taldeak eskatuta egin zuten lan hura eta bertara bildu ziren inguruko egunkari, aldizkari eta telebistak, sua piztu zuten egunean.

        Zaharrena zelako edo, denek zuten Senpe elkarrizketatzeko gogoa. Ez zuten halakorik lortu, ordea. Esaldi bakar batzuk baino ez Senperenaren ahotik:

        — Ikaztegia uda bezperagoan! Jende ero franko bazterretan, gero. —Edota bestela:— Etnografia erraten diote orain ikatzari.

        Elkarrizketei uko egiteagatik, Tomas danbolindariak behin baino gehiagotan esaten zion aukera ederra galdu zuela telebista pantailetan agertu eta famatzeko. Honezkero ez zuela sekula izango beste aukerarik halako gauzetarako.

        — Herori ere Iruñeko orkestra sinfonikoan danborra jo gabe hilen haiz, eta nik ez diat hortaz deus erraten —izaten zen Senperen erantzun zakar bakarra.

        Zuk, orduan, gauzak bere girora ekartzeko, txondorra zenbat denbora egongo ote zen piztuta galdegin zenion behin. Ez baitzenekien egunak edo asteak beharko zituen egur hark guztiak ikatz bihurtzeko. San Joan eguna pasatuta ere, txondorraren sabelean suak iraungo zuela esaten zuten batzuek.

        — Noiz arte egongo da piztuta txondorra? —galdegin zenion Senperenari.

        — Noiz artio piztua? Itzali artio!

        Tomas danbolindariaren algarak eta Mariaren irriak eragin zituen Senperenaren bat-bateko erantzunak. Ondoko mahaietan zeudenek ere ezin eutsi izan zioten barreari eta zeu izan zinen, Damian, liturgia menditar hartan bere burua guztiz kanpo ikusi zuen bakarra.

        Orain, Senperen purrustada haiek gabe, Baleztenea ez da lehengo lekua bera. Tomas danbolindarien hitzetan esateko,

        — Batere egurrik gabe gelditu zaiguk hemengo labea, Arruti.

 

 

«Ez dakit zergatik, baina izokinen kontu honek badauka zer ikusirik Senperen heriotzarekin. Egia esan, ez dut sinesten, ezin dut sinetsi, berez itota hil zenik, txoria ez daiteke eta berez hegan hil.

        Tomas danbolindariari esaten hasi naiz, Senpek izokin harrigarri bat eman zidala azter nezan, metalez kargatutako izokin ezinezko bat. Berari ez horrelakorik aipatzeko erantzun dit. Ez duela kontu horiez fitsik jakin nahi. Maria Baleztenekoak ere alde egin du sukaldera, zapiaz eskuak igurtziz batera. Alde egin du mostradoretik gure kontuak utzita.

        Senpe berez hil bazen, zergatik atzeman zizkioten bizkarreko arrasto haiek autopsian? Eta bada beste kontu bat ere. Atzo Mariputzuko zubi inguruetan ibili nintzen begira, han ez dago errododendrorik bazterretan. Ez han eta ez inguru guztian. Gora eta behera ibili nintzen bazterrak arakatzen. Leku laiotzetan, batez ere, itzalik gabe ez baitaki landare horrek aurrera egiten. Beko-Errotaraino ere iritsi nintzen, inon errododendrorik aurkitu gabe. Nola edo nondik sartu zitzaion Senperi arropa artean aurkitu zioten Fibula rododendris hura?

        Har horrek ez daki errododendrotik bi metro urrunduta bizitzen. Landarearen izerdirik jan gabetan, hil egiten da ordu gutxitan. Fibula hitzak horixe esan nahi du, ez besterik, landare baten menpekoa dela zomorroa zeharo, haren zainetatik xurgatuz, edo hosto berriak janez, dela elikatzen. Normalean hostorik galtzen ez duten landareen bizkarroi izaten dira Fibulak. Errododendroak lorea bai, baina ez du galtzen hostorik.

        Fibula rododendris. Non daude Arizkunen errododendroak?».

 

 

Egunak baziren Damian bakarrik etortzen zela Baleztenera. Leon, margotzeko guztiak hartuta, goizean goizetik desagertzen zen etxetik eta ez zen itzultzen iluntzeraino. Nora zihoan ere ez zion erakusten lagunari. «Monet-en sukarra daukak gorputzean sartuta», aipatu zion behin Damianek, zerbait esate aldera, baina erantzun ere ez zion egiten askotan Karrikak. Purrustadaren bat, gehienez ere.

        Ez zen bere kontua, baina Damian jabetzen zen egunero hartzen zituen morfina tanto haiek, gozatu baino, garraztu egiten zutela Leonen aldartea. Jada ez zela hilabete batzuk lehenagoko gizon adeitsua bera. Minez segitzen zuen, iduneko plastikozkoak eragotzi egiten zion mugimendurik txikiena ere, baina, hala ere, ustekabean burua jiratzen zuenean, biraoa irteten zen haren ahotik: «Oh putain!». Seguru asko, gainera, Ziburu aldean gauzak ez ziren egongo gozoak Leonentzat. Emaztearekin zarataka sumatu zuen eta behin telefonoan. Bortizki eskegitzen ere bai, beste batean. Eta, batez ere, agerikoa zen osina margotzen ez asmatzeak, ernegatu egiten zuela gizona.

        — Errekarena bezala, asmatuko duk oraingo hau ere —esan izan zion Damianek, apur bat laguntze aldera—. Hura ere ederki kostata atera zitzaian.

        —Oh putain, zer ote dakik hik horretaz!

        Emakumearekin ez bezala, bi gizonezkoren arteko lagunarteak horixe dauka, pentsatu zuen Damianek, arnasa luzeko harremana izan arren, ez duela haragizko ezerk berritzen sekula. Eta behin maldan behera amiltzen hasten delarik, ez daukala hondoa jo arte geratzerik. Batak besteari, edo biek elkarri, zaunka eta kosk egin arte, ez dagoela itzulbiderik.

        Noizbait konponduko da agian. Edo ez. Baina, nolanahi den, hondoa jo behar du lehendabizi.

        Zer egiten duzu oraindik hor, Damian, inork nahi ez zaituen lekuan?