SEGA
Egunen joan-etorriarekin Argosek bere lekua hartzen asmatu du Otsoenean. Aukera duen bakoitzean katetik ihes egin eta bi gizonen albora etortzen da, horixe bailuen bere benetako lekua, gizonen artekoa, eta ez sagastian dagoen zakurrarentzako bestea. Hastapenean atean geratzen zen etzanda, salako atean, muturra lurrean jarri eta begiak gorantz. Ondoren, gauez batez ere, gizonen gibelean etzaten zen, dozena erdi metrora edo. Azkenean, sutondotik hurbil, gizonen oinetan bertan aurkitu du lekua.
La Virgen, zakur honentzat katerik ez zagok, Damian. Gaizki ohituta daukak. Ilez beteko ziguk etxea eta gozoa jarriko duk Mirari etortzen denean. Oh putain! Badakik nolakoa den hura.
Damianek promes egin dio, bera arduratuko dela Leonen familia etorri baino lehen aspiradorea etxe osoan pasatzeaz.
Zakurrak ez zaukak ohiturarik, Leon, gure etxean nahi duena egiten dik eta. Bera duk han nagusi.
Mintzagaia aldatze aldera, Otsoenea erostea nola deliberatu zuten galdegin dio Damianek, nondik atera duten Mirarik eta berak halako etxe ederra ordaintzeko behar besteko dirua.
Hori denek bazakitek hemen erantzun dio Leonek. Baztan bailara honetako baserri gehienak Elizondon bizi den gizon batenak dituk. Huraxe duk jauntxoa hemen: Joaquin Aldaz.
Entzutea baduela erantzun dio Damianek. Aldaz deitura hori ezaguna egiten zaiola.
Elizondoko hotel handia ere ez al duk horrelaxe deitzen?
Eta baietz Leonek, hotela ez ezik, gasolindegia eta eraikuntza enpresa bat ere bereak dituela Joaquin Aldaz delakoak. Eta beste denda zenbait ere bai. Ez dagoela Baztanen pauso bakar bat ematerik, haren arrastoren bat aurkitu gaberik.
Baina ez ezak uste ohiko diruzale horietakoa denik. Harrigarria duk gizona. Naturala duk oso. Elizondon dik jauregi moduko bat, indiano batek duela berrehun urte eraikitakoa. Ez al hituen palmondo itzel batzuk ikusi hona bidean etorri hintzenean?
Damianek ezetz, buruarekin.
La Virgen, ez dituk, bada, ikusi gabe pasatzekoak. Hantxe bizi duk jaun hori. Eskulturak ere ageri dituk haren lorategian eta, etxe barnean sekula izan ez banaiz ere, inguruetako arte bildumarik ederrenetakoa omen zaukak. Iruñean ere ez omen zagok halakorik. Liburutegia ere itzela omen dik. Aberatsa duk, baina tontoa ez horratik.
Nola zitekek pertsona bakar batek hainbeste diru?, nondik hainbeste aberastasun?
Senpek esango dik hori nik baino hobeto. Lagunak omen hituen gaztetan eta elkarrekin ibilitakoak gauezko lanetan.
Gauezko lanetan. Zer duk hori?
Zozoa dirudik batzuetan, redios. Zer izango duk, bada? Kontrabandoa mutil. Kontrabandoa.
Zerena, ordea? Zerekin egin dik kontrabandoa?
Pentsa dezakean gauza guztiekin. Argi-argi ez zakiat, baina edozerekin egingo zian horrek dirua: kobrearekin, puntillekin, xanpainarekin, Bordeleko ardoekin, ganaduarekin...
Eta gizon horri erosi zenioten etxea?
Bai. Sekula pentsatu al duk zenbat artista-jende bizi den bailara honetan? Idazleak, pintoreak, musikariak, eskultoreak, argazkilariak... Zergatik etorri gaituk denok Baztan aldera? Pentsatu al duk hori sekula? Kasualitatea dela uste duk? Ibarraren edertasuna eta bakeak bakarrik erakarri gaituela pentsatzen al duk?
Ez nauk hori pentsatzen sekula jarri.
Joaquin Aldaz duk erantzuna. Artista baldin bahaiz, beti emango ditik erraztasunak Baztan aldean etxea erosteko. Baserri bat, borda bat, dorretxe bat... hire ahalmenaren arabera. Artista baldin bahaiz, handik edo hemendik asmatuko dik hiretzako moduko zerbait. Hi bezalako zientzialari batekin ez zakiat, baina artistekin halaxe jokatzen dik Don Joaquinek. Diruz larri baldin bahabil, artelana ere onartuko dik ordainetan. Bat baino gehiago biziko duk oraindik ere haren bizkarretik, hark erosten dituen artelanetatik. Nireak ere bazauzkak dozena erdi baino gehiago. Begia ere badik hautatzeko orduan. Hari ez eman lan merkerik.
Zergatik egiten dik hori? Mezenas berritua zirudik.
Ez zakiat. Ezagutzeko aukera baldin badaukak, galde iezaiok berari edo, bestela, Senperi. Umorez harrapatzen baduk, hark kontatuko ditik horiek denak. Eta gehiago. Esan diat gaztetan elkarrekin ibilitakoak direla gauezko lan horretan. Oh putain, nik ez zakiat ezer hemengo jendeari buruz. Harriak dituk enetzat. Galde iezaiok herorrek Senpe zaharrari.
«Atzo aurkitu zuten Senpe. Hilda. Metro erdiko putzu batean itota, Baztan ibaian bertan. Guardak aurkitu omen zuen bele beltz batzuen hegadari segika. Ahuspez zegoen, konortea galdu eta ur txikitan itota. Besoa era bortitzez bizkarrean bihurrituta. Beti ibaian ibilitako gizona, hara hor, basokada xume batean hilda. Uretan itotako lehen amuarraina, Senpe.
Hurbilegia egiten zait gertaera, nik hemen hitz egokiak asmatzeko. Soilik esan dezadan, Senpe ur gaineko dilindan ikusi nuenean, zorabioaren antzeko zerbait sentitu nuela. Oinek huts egiten zidatela eta erreka ondoko harri batean pausatu behar izan nuela nire ezinegona. Hainbeste denbora ere ez zen lagunak ginela, baina aitortu behar dut Senpe zaharra zela, bertakoen artean, nirekin gehien lotu zena.
Karrikari albistea eman nionean ere, zurbildurak harrapatu zion eitea. «Afrusa duk! esan zidan zeharo afrusa». Nik ez dakit Leonek zer esan nahi izan zidan hitz horrekin, baina ikaragarria behar du esanahia hitz horrek, mututu eta alde egin baitzuen nora-nora, xehetasun gehiagoren bila, seguru.
Gorpua altxatzeko orduan, autopsia egiteko eskatu zuen Iruñetik etorritako epaileak. Horixe izan da albiste nagusia Baleztenean, heriotza bera baino gehiago. Ez omen da eta oso ohikoa halako gauza bat.
Etxetik kanpora baten bat hiltzen denean, legearen araberako autopsia egin behar izaten dela, esan diet nik lagunei. Maria Balezteneko etxekoandreak azkar erantzun dit hori kapitalean izango dela, autopsia egin gabekoez daudela hemengo hilerriak beteta.
Astebete ere ez da izango Leonek eta biok Senperi bere etxera lagundu geniola iluntze batean. Behera zetorren baserri zahar eta umel batera, Beko-Errota omen izena. Alabaina, ezerk ez zuen adierazten hori horrela zenik, ez behintzat atarian idatzitako ezerk. Lokatzaz betetako oinezko bide batean behera, ibairaino bertaraino jaitsi beharra zegoen hara iristeko, eta istant batez pentsatu nuen hura ezin zitekeela inoiz errota aberatsa izan. Bide estu haietan ez zela ibiltzen ahal kargatutako gurdirik, uztartutako idi paperik. Asto edo mando gainean, izatekotan. Zoko hartatik ez zegoela irin zaku handirik ateratzerik.
Gezurra zirudien XXI. mendean Erdi Aroko halako egitura bat ikustea zutunik. Oker eta erortzear, basoak, sasiak eta errekako hezetasunak janda, baina zutunik.
Hangoxea zela esan zigun Senpek, hantxe sortua eta, honezkero, hantxe hiltzekoa. Apustua zeukala eginda Beko-Errota jaiotetxearekin, bietatik nork luzeago eutsiko ote zion bizirik. Gogorra izango zela, esan zuen, bera hil baino lehen teilatua behera etortzen ikustea. Hala gertatzekoa bazen, nahiago zuela azpian harrapaturik. Ez zuela bere burua Elizondoko mojekin ikusten. Lagunak bazituela han, nahiko ongi zainduak gainera, baina halaxe zuela berak nahiago, erdi-abere eta erdi-gizon, beti bezala bizi. Bere antzera mendikoa denak asko daukala basurdetik. Eta barkatzeko kuxidade hura, atariko lokaztia eta bertako lahar eta asun ugariak, baina lan handiegia zela etxea irentsi gabe basoari eustea, bakarrik eta zaharturik, zabarturik, bizi den gizon zaharrarentzat.
Korta modukoa izandako batean sartu gintuen eta han, bonbilla zahar baten argitara, bi izokin atera zizkigun. Itzelak biak ere, hiru kilotik gorakoak. Garo busti artean bilduta gordetzen zituen. Haiei begiratzeko eskatu zigun gero, batere alderik antzematen ote genien ikusteko.
Argi exkax harekin ezin zitekeela deus ikusi esan nionean, izokinetako bat jarri zigun sudurren aurrean, lehenik Leoni eta gero niri. Usaintzeko agindu zigun.
Izokinetatik lehenengoak, usteltzen hasitako arrainaren usain sarkorra garatuta zeukan jada, kloroaren antzeko usain gotor bat. Senpek esan zigunez, astebete bazen arrain hura ibaitik atera zuela eta hortik zetorkiola usaina, normala zenez.
Bigarrena jarri zigun gero aukeran eta kontu handiz hurbildu genuen sudurreraino Leonek eta biok. Oraindik sudurzulo barnean genuen lehenengoak utzitako kirats lehorra.
Ez genion usainik hartu bigarren hari. Hobeto esanda, arrain hark ez zeukan batere usainik. Fresko-freskoa zirudien, bizirik zegoela ia. Sudurraren puntaz ukitu ere egin nuen usaina hartu nahian. Errekako ur garbia baino usaingabekoagoa zen, ordea.
Orduan esan zigun Senpek bigarren izokin hori bezalakorik ez dela sekula ikusi Baztan ibaian. Begiratzeko ondo. Usain gabezia ez ezik, beste gauza batzuk ere badituela bereziak, eta eramateko etxera nahi banuen eta neuk ikusteko neure begiekin. Nahi nuen beste. Eramateko eta hobeto aztertzeko izokin hura Beko-Errotakoa baino argi hobearen argitara.
Nik ez nion ulertu jakin-gose erabateko hura. Soilik geroago konturatu nintzen han gertatzen zenaz. Bizkarra eman eta izokina eskuetan hartuta bagindoazenean. «Badira bi aste bigarren arrain hori harrapatu nuela», esan zuen Senpek. Hamabost egunean ez zela batere usteldu, alegia. Berarengana itzuli ginen harriturik Leon eta biok. Esaten zuena ezin baitzen egia izan. Inondik inora.
«Bi aste dira, bai, harrapatu nuela, Mariputzuko zubiaren azpian. Han holako gehiago ere bada. Haundi-haundiak. Hamabortz egunen buruan usteltzen ez diren horietakoak. Lehenagoko denboretan ez zen halakorik. Deabruaren kontua dela ematen du».
Eta zinez esan dezaket orain, baietz, Deabruaren kontua dirudiela usteltzen ez den arraina begi bistan edukitzeak. Nik, behintzat, sekula ez neukan ikusita horrelakorik. Entzuterik ere ez.
Egia zen, ordea, egia borobil-borobila. Eskuetan neukan froga: arraina ukitu arren, inolako usainik ez zen itsasten nire eskuetan bertan.
Oraindik hortxe daukat, sukaldeko hozkailuan gorderik eta, egia, Senpek harrapatu zuenetik denboralea igaroa den arren, ez dirudi oraingoz usteltzera jotzeko asmorik daukanik.
«Karramarroak» esan zuen epaileak Mariputzura inguratu zenean. Nik ziur-ziur dakit, ordea, karramarroak ez zirela izan Senperen gorpuari aurpegian kosk egin ziotenak».
Arizkungo eliza txikia handi gertatu zen elizkizunerako. Handiegi. Bi dozena lagun baino ez zen bertara bildu Senperena zaharrari agur esatera. Eta ez zegoen eguraldiaren aitzakiarik: arratsaldea ederra zen.
Eliza atarian batutako jendearen artean, Tomas danbolindaria eta Balezteneko Maria eta haren alaba Junkal baino ez zitzaizkion ezagun egiten Damiani. Han edo hemen ikusita aurpegiz ezagutzen zituen gainerako batzuk ere, Arizkun ez baita New York, baina ezin esan zitekeen lagunak zirenik. Ez eta ezagunak ere. Izatekotan, biztanleak ziren. Arizkunek mendiak, etxeak eta zakurrak zeuzkan bezala, biztanleak ere bai baitzeuzkan. Ezta, Damian?
Argi zegoen bilera hartan zeu zinela arrotza, izokin berria Baztan ibaian baino arrotzagoa. Leonek, behintzat, ezagutzen zituen elizkizunera bildutako ia denak eta bazeukan bata agurtu eta besteari zer moduz? galdetzeko aukera. Zuk horrelakorik ere ez, ezagutzen zenituen bakanak bezperan ere ikusitakoak baitziren, eta ezin hasiko zinen zer moduzka, istant bat geroago ere Baleztenean aurkituko zenituen ezagun apurrekin. Bakardade eta isolamenduaren bila etorri bazinen Arizkunera, hantxe zeneukan horretatik nahi beste, elizatariko jende artean. Zurtz nahi zenuen? To zurztasuna!
Lakoizketaren lanaren gainean galdemoduak egin dituzula ikasi dut esan zizun gizon batek albotik, agurrik egin gabe eta bere buruaren aurkezpenik batere egin gabe .
Gizon zahar bat zen. Hirurogeita hamar urtetik oso gora joandakoa bai behintzat. Ezkerreko begiaren azpitik ezpain gaineraino, aurpegia goitik behera pitzatzen zion orbain itzel bat zeukan nabari. Orbain ikaragarria, bi aldeek batak bestearekin zerikusirik ez balute bezala antolatzen ziona aurpegia. Izan ere ezkerreko aldea bitan zatitzen baitzion orbainak, eta erdibanatuta baino, herenduta zeukan gizon hark bisaia.
Haatik, atsegina zeukan begirada gizonak. Txapela handi xamar bat, gabardina arre bat eta eskumakila zeramatzan soinean. Eta harritzekoa, gorbata ere bazeraman jantzita. Bakarra zen horretan Arizkungo plazan. Herren txiki bat ere antzematen zitzaion, mugitzen zen bakoitzean.
Ez zegoen zalantzarik, gizon hura izango zen Joaquin Aldaz, Senpe lagun zaharraren hiletara etorrita. Eta barkatzen badidazu, Damian, ene memoria ona profitatuko dut berriz ere, han esan zenituztenak lerro hauetara transkribatzeko. Apustu eginen nuke hitzez hitz gogoratzen ditudala esan zenituzten guztiak.
Pena izan da zinez, sekulakoa, Senpe hola hiltzea esan zizun. Kintoak ginen, urte berekoak. Aspaldixko ez nuen ikusia, baina lagun xaharrak ginen. Ez ginen alferrik ibili mendian goiti eta beheiti bizkarra ongi betea. Haiek bai denborak! Orai alferrik da deus ere erraten ibiltzea. Gu nola bizi ginen ez baitu jendeak sinesten. Zuk ere ezagutu duzu, beraz, Senpe zaharra?
Baietz zuk, maiz egoten zinetela elkarrekin Baleztenean baxoerdi baten inguruan. Afaritara ere gonbidatu izan zenutela zenbaitetan eta, baietz, Senpe zela bailara honetan ezagutzen zenuen bakarretakoa. Hura eta Tomas danbolindaria. Eta ea egingo zizun mesede bera nor den esatekoa, axola ez bazion bederen. Eskua luzatu eta ni Damian Arruti naiz, esanez egin zenuen hori.
Bai jauna, erranen dizut. Joaquin Aldaz naiz, zenbaitzuek Tarrat deitzen badidate ere. Hemengo saki hunengatik da hori erantzun zizun hatz-muturra aurpegian jarri eta goitik behera labanaz mozteko imintzio eginez. Elizondon bizi naiz eta hantxe ikasi dut Lakoizketaren arrasto bila ibilia zarela.
Txorrotxio handikoak dira Baztan aldeko txoriak, antza.
Ez ezazu juzku txarrik egin, bere funtsa baitu horrek. Gu tokikoak gara eta dena ikasten dugu, fite edo berant. Zer jakin nahi zenuen Lakoizketaren gainean?
Ezer zehatzik ez. Bildumagilea zenez eta neu ere antzeko gauzetan ibiltzen naizenez, haren berri jakin nahi nuen soilik. Besterik ez.
Gizona isilik geratu zen tarte batean, antzik ere eman gabe zenbaterainoko mesedea egiten zizun solasaldi harekin. Elkarrizketa hark lekua zureganatzen zizun arroztasunaren erdian. Berdin zitzaizukeen elkarrizketaren gaia, mendiez edo kirolaz hitz egingo zenukeen, eguraldiaz edota Osasunaren gainbeheraz, zernahitaz. Gizon hark egiten zizun hitz bakoitzarekin zentimetro bat sakonago sartzen zitzaizkizun oinak lurrean behera, sendotzenago oinarri airezkoak, Arizkungo eliza aurrean.
Leon Karrikaren etxean bizi zara, ezta hala? jarraitu zizun gero.
Hori ere badakizu.
Pintorea baino gizon hobea da Karrika, mundu guziak badaki hori hemen, baina hobe luke ahotik horrenbertze indar alferrik galtzen ez balu. Hainbertze juramentu eta erausi. Mintzo guzietan, gainera.
Berarekin joan nintzen Lakoizketaren etxera. Han bizi direnek, ordea, ez dute deus handirik ezagutzen gizon haren konturik.
Memoria altxatzeko denbora eta lana behar da.
Etxaurreko oroitarri bat erakutsi ziguten, besterik ez eta ez zinen ausartu, oroitarri hartan ikusi zenituenak Mutuaren hitzak deitzen den kaier batean idatziak zenituela esatera:
Lakoizketa'r Jose Mª apaiz zenari
1831ko ii-2'an 1889ko xii-25'ean
etxe honetako seme zen Lakoizketa jauna
landare jakintzan euskaldun nagusiena
euskaldunak zor diogun aipamenaz
jasotako oroitarria 1924'n urtean.
Izua eragiten zizun baten batek kaieraren kontua jakinez gero, nerabetzat har zintzaten, bere egunkari ezkutuan maitasun penak idazten dituen mutil edo neska koskorraren antzera.
Aurki botako dutela etxea saihesbide berria egiteko, horixe esan ziguten etxe hartakoek. Besterik ez.
Bai, horixe bera aditua nuen nik, galdeginka ibiliak zinetela han. Delako monumentu hori Bertizaranako herriak pagatu zuen eta egun horretan Academia Vascako norbait ere etorri zen zelebrazionerat. Den-denek badakite hori hemen.
Antza, gauza guztiak dakitzazue hemen.
Bertze kontu bat ere badakit, etxe hori ez dutela azkenean botako. Errepide berria, ondo-ondoan eginen badute ere, salbatuko da; zutik utziko dute.
Nola dakizu zuk hori?
Etxea nerea delakotz.
Zuk ederki ikusi zenuen gizonaren begiek ez zutela zirkinik ere egin, ez zutela ezer apartekorik adierazi. Ez pozik, ez bestelakorik. «Horko ardi hori nirea da», esango zukeen artzain batek baino poz gutxiago erakutsi zuela «etxea nerea delakotz», esan zuenean. Eta horretan berdintsuak zinetela biak ala biak erabaki zenuen, zeuk ere ez zenuela ezer berezirik sentitzen Zoriona zeurea zela esaten zenuen bakoitzean. Ez pozik ez bestelakorik. Etxe bat etxe bat dela. Lau horma zutin eta teilatu bat.
Ez da sobera arrunta arrotza etortzea Lakoizketaren jakinduria ezagutu nahian. Gauzen bildumak egiten dituzula erran didazu. Ni neroni ere halaxekoa naiz. Hortakotz etorri naiz zureganat. Banuen horren errezelua.
Zer biltzen duzu zuk?
Denetarik, traste zaharrak, liburuak eta artelanak, batez ere.
Horraino badakit neuk ere.
Zuk ere aditu dituzu, orduan, hemengo zakurren saingak.
Baliteke, bai.
Lakoizketak Lekarozko komentuari utzi zizkion bere landare bilduma, eskuizkribu eta liburu guziak. Baina hori ere akitu zen. Zaharreria nagusitu da hemengo fraileetan; akitu dira. Badira hilabete zenbait Lakoizketaren gauza guziak nere etxean ditudala. Merke jabildu nintzen, kasik debalde. Fraileek ez zekiten zer egin hainbertze gauzarekin eta Bertizko parkekoek ere ez zutela holako zerbaitendako toki egokirik erran zuten. Lakoizketaren ondoko batzuen heian harrapatu nituen urdinduak, usteltzen. Neronek daukat, bada, den-dena altxapean. Arras guti pagaturik, gainera. Hortaz hurbildu naiz zureganat. Bakanak dira Lakoizketaren kolezionea ikusterat etortzen direnak; Bordele aldeko frantsesen bat noizean behinka. Bertzerik inor ere ez. Erraiezu Lakoizketaren izena gaurko gazteei eta ikusiko duzu. Nor izan zen ere ez baitakite. Hortaz etorri naiz zureganat, haren berri nahi baduzu, nere etxerat gonbidatuta zarela erraterat. Zuk nahi duzularik.
Eskerrik asko, ez da aukera makala.
Zoazi nahi duzularik Elizondorat eta galdegin Indianoaren etxea non den.
Indianoa?
Izen hori aldatzera entseatu nintzen etxea erosi nuelarik. Aldazenea paratu nion letra haunditan. Urte andana pasatu da ordutik hunat. Baina ez du deustako ere balio izan. Denek deitzen dute izen zaharrarekin: Indianoarena. Halaxekoak izaten dira beti kontu batzuk eta ez dira aldatzen ahal. Batek ez dezake dena bere gustora egin. Halaxe da hori. Zatoz, bada, nahi duzularik Indianoarenera. Ez duzu zertan gaztigatu. Etxe zokotik ez bainaiz kasik ateratzen. Ongi etorria izanen zara.
Eskerrik asko esan zenion berriro.
Halako eskaintza aparta nola eskertu zitekeen jarri zinen pentsatzen une batez, eta tarte horixe profitatu zuen gizonak agur esan gabe alde egiteko. Etorri bezala joateko.
Ez zuen hiletara agertutako beste inor agurtu. Ez zen beste inorekin geratu hizketan. Soilik pausorik gelditu gabe bota zien irribarreren bat edo bekainen gailurtzeren bat, begiratzen ziotenei. Herrenka joan zen eliza ondoko etxe baten ostean galdu artean.
Geroago Renault Vel Satis ilun bat ikusi zenuen bidean behera, gidari hegoamerikar bat bolantean zuela. Bizkar zabalekoa oso. Atzeko leiarretik, Joaquin Aldazen txapela ikusten zen nabarmen.
Zuk ez zenekien eta ez dakizu gauza handirik autoei buruz, ez zenituen bereizten Ford bat eta Volkswagen bat, baina eginak zeneuzkan ametsen artean zegoen, noizbait diru gurdikada bat erortzen bazitzaizun zerutik, Vel Satis dotore horietako bat erosiko zenuela. Luxu hutsa zen, frantsesen erara emana, auto eder hori.
Alabaina beste bihozkada bat ere piztu zitzaizun barnean, Damian. Guztiz ezinezkoa zen, baina irudipena zeneukan gizon hura lehenagotik ere ezagutzen zenuela. Non edo non ikusita zeneukala haren aurpegi erdibitu beldurgarria.
Ezinezkoa zen, baina. Ezinezkoa zen halako pitzatu izugarri bat behin ikusi eta gero aurpegi hura ahaztea. Ezinezkoa zen halako tarratadaren irudia burutik ezabatzea. Guztiz ezinezkoa.
«Ordu txikietan idazten dihardut nire gelako mahaiaren gainean. Ezin dut lorik egin. Zerbaitek ernegatzen nau eta ez dakit xuxen zerk. Egia da gaur izan direla Senperen aldeko hileta elizkizunak, eta galdu egin dudala zerbait Senperen heriotzarekin. Baina ez nuen hainbeste ere ezagutzen. Irudipena daukat, hala ere, lagun egiteko moduko gizona zela niretzat Senpe. Harekin joan direla bertakotzeko nituen aukera bikainak.
Leon ez dago hain hunkiturik. «Afrusa!» esan zuen hasieran, baina gerora ez dio txori bat hilda aurkitzeari baino pisu handiagoa eman Senperen heriotzari. Egia esan, gero eta urrunago dago Leon leku guztietatik. Soilik pintura du gogoan, haren familiak ere ikusi du hori. Lau alabek udako oporrak hartu dituzten arren, ez emaztea eta ez eurak ez dira Otsoenera agertu hilabete osoan. Zertarako etorriko dira Leonek bere koadroa baizik ez badu buruan?
Orain ulertzen dut askotan entzundako hori, artista batekin bizitzea zaila dela. Iruditzen zait, artista lanean ari denean, ez dela egoten ahal beste ezertan. Bai, kasu egingo dizu, hau eta bestea esango dizkizu, zure alboan joango da, baina finean ez da sekula hor egoten. Ordezko norbait izaten da, bizitzaren gauza orotarako bere lekua hartzen duena. Bi neurri izaten ditu haren bizitzak, eta bietan nagusi artearekin bizi duen hura izaten da, batere zalantzarik gabe.
Leon gizon ona da, aspalditik dago bailara honetan txertatuta, baina bera ere Don Joaquinen palmondo handiena bezain arrotza da paraje honetan. Txorimalo jantzita ere nabari luke ez dela hemengoa. Frantsesa dela, eta familia onekoa. Horrelaxe ikusten dute arizkundarrek. Pintore bat, artista bat, sekula ez da izango bertakoa. Ederki ikusten dut nik hori Baleztenekoen begietan. Ez nuke esango Leon maite ez dutenik. Hainbestekorik ez, gaztetandik ezagutzen dute hemen, baina jakin nahi nuke benetan zer pentsatzen duen Tomas danbolindariak, edo Mariak berak, ostatuko jabeak.
Zer esanik ez nitaz. Nitaz esaten dutena jakin nahiko nuke. Auskalo. Beste ero bat, pentsatuko dute, beste Lakoizketa moduko bat. Entomologo hitza entzun zutenetik, haren ezpalekoa naizela usteko dute. Izan ere, horixe bakarrik jakin ahal izan dut orain arte, inguru hauetan, erotzat zeukatela Lakoizketa botanikoa. Narbarteko familia on bateko seme izaki, bertako erretore izatera iritsi zela, baina elizako lanak amaitu bezain azkar, atzera eta aurrera ibiltzen zela bera bakarrik mendian eta erreka zokoetan. Sotana beltz beti zikin batekin, arima galdua zirudiela. Mateo Txistu berritu bat. Uzkur eta isil, inorekin belarrez besteko mintzaldirik ez omen zuen egiten hark. Beti eskumakila, aiztoa eta mailu txiki bat lagun zituela. Eta zaku bat ere bai bizkarrean, biltzen zituen landareak garraiatzeko.
Inguruetako haurrak izutu nahi zituztenean, «Lakoizketa etorriko da bere zakuarekin» esaten omen zieten. Hark eramango zituela berarekin hartuta, auskalo nora.
Leonek entretenigarri bat jarri zidan aukeran. Arizkunen asper ez nendin aipatu zidan Lakoizketa. Orain ezin du ulertu nire jakin-min neurrigabe hau. Ezin du ulertu ni bezalako gizon batek halako gauzetan bakarrik aurkitzea atsegina.
Niretzat ikaragarria da Lakoizketa. Oraindik ez ditut ezagutzen haren lanak, soilik liburu bakar bat aurkitu dut, Balezteneko liburu apurren artean hautsak ito behar zuena. Hementxe daukat esku artean: Catálogo de las plantas que espontáneamente crecen en el Valle de Vertizarana. Madrid 1885. Don José María de Lacoizqueta, Presbítero, Rector de Narvarte, Miembro de la Sociedad francesa de Botánica, Socio corresponsal de la Linneana de Madrid é individuo de la Española de Historia natural.
Hala ere, zorotzat zeukaten gizona inguru hauetan. Botanikaz gehien zekien doktorea, sakamantekas bihurturik. Mariak eta Tomasek kantu zahar bat ere ekarri zuten behin ezpainetara hari buruz zihardutenean.
Egia errateko, berrogei urte baditu
Lakoizketa apez jauna ezagutu nuela.
Orduko gazteek, burutik xilatua zagola uste ginuen,
eta ar gatik gaten ginen arren ondotik,
urruti bederen
belayez-belai ikusten ginuelarik
belayez belai, ai, oi, ai...
Lakoizketa erua, esaten ei zioten. Batez ere, oraindik gazte zela, hemiplegia batek jo eta erdi elbarri eta ia hitz egin ezinda geratu zenetik. Ikustekoa izango zen, herrenka eta inori begietara behatu gabe, Quasimodo oker baten moduan, mendian gora eta behera ikustea bere sotana zaharrarekin, beti belar berri baten desioan. Besteek zapaldu baino egiten ez zituzten landareak, urrea balira bezala kutxatxo batean gordetzen eta haien mintz eta ertzetan begiak galdurik. Itsutu arte.
Ulertzekoa da herritarrek apez hura erotzat hartu izana, eroa behar baitzuen etxetik zetozkion aberastasun oro alboratu eta gorputza oker-oker eginik, hitz egin ezinda eta bakarrik, mendian belar, hosto eta lahar ehizan ibiltzeko.
Nork ulertuko zuen horrelako gauza bat XIX. mende amaierako Baztanen? Gaur ere ez dago ulertzen erraza.
Nik bai. Ondo ulertzen dut horrelako gauza bat. Ezaguna egiten zait bilduma batekin itsutzea. Bilduma bat egitearekin zeharo mozkortu eta beste ezer ez ikustea munduan, bilduma egiteko oldarrak menperatzea gainerako grina guztiak, nola otsaileko elurrak soroetako berdea».