Mundu txikia
Mundu txikia
2005, narrazioak
136 orrialde
84-95511-73-8
azala: Ramón Masats
Alberto Barandiaran Amillano
1964, Altsasu
 
2021, kronika
1998, kronika
Mundu txikia
2005, narrazioak
136 orrialde
84-95511-73-8
aurkibidea
 

 

KOTTE

 

Argazki bitxia iruditu zitzaidan. Ez zen bereziki ona, baina bazuen zerbait, dudarik gabe. Sei gazte ikurrin baten atzean, klandestinitatea aurpegian. Txikia zen ikurrina, biren artean eutsia. Denak kamerari begira, ukabila itxita eta besoa jasota. Inguruan, aspaldiko argazkietan beti agertzen diren lekukoak, harrituta edo.

        Argazkiak ez zuen aparteko baliorik Euskal Herriko banderari buruz prestatzen ari nintzen lanerako. Aurpegi ezagunik ez zegoen gazteen artean, ez behintzat lehen begiratuan. Eta tokia ere ez zegoen antzematerik. Argazkiak sei haiek hartzen zituen, eta ondoan haur bat, eta atzean jendea. Plaza batean zeudela zirudien, etxeak antzematen zirelako gazteen buruen artean, baina izan zitekeen etorbide bat ere. Uda izango zen: gazteak mankustan zeuden denak.

        Argazki oinak ez zuen asko argitzen: «La reivindicación de la bandera vasca se ha extendido por toda Euskadi». 77ko udaberrian ikurrinaren legalizazioaren alde egin ziren manifestazioei buruz Punto y Hora aldizkariak egindako erreportaia batean ageri zen.

        Atentzio fokua ez zegoen, ez niretzat behintzat, bandera harro erakusten zuten gazteengan, edo atzetik beldur aurpegiaz begiratzen zuten besteengan. Ezta ikurrinean ere.

        Argazki txiki hark ez zuen inolako ikurrik edo markarik, miatu nituen beste hainbat argazkitan gertatzen zen bezala. Ez zen argazki historikoa, finean, ez zegoelako inon kokatzerik, ez zuelako informazio gehigarririk ematen: gazte batzuk ikurrinarekin, Euskadin, 77an. Besterik ez. Ez zen kalitatez ona. Ez zuen balio, esaterako, erakusketa baterako. Oso xumea zen. Bertara agertu, gazteei ikurrina erakusteko eskatu eta, taka, argazkia atera duen argazkilari baten lekukotasun beste asko bezalakoa, horra lana.

        Baina bitxia iruditu zitzaidana, hortik aurrera lan franko eman eta, egia aitortu behar badut, obsesio bihurtu zitzaidana, taldearen aldameneko haurra izan zen. Aparte samar zegoen arren, adi-adi begiratzen zion objektiboari. Hamabi bat urte izango zituen. Besoak gurutzatuta zituen, ekintza subertsibo hartan parte hartzen ari ez zela garbi erakutsi nahiko balu bezala. Begiradan haserre puntu bat ere antzematen zitzaion. Ez, ez, haserrea ez da hitza. Serio zegoen, serio demonio. Muturtuta, bai, baina ez minduta edo erretxinduta. Seriotasuna azpimarratu nahi bide zuen. Seriotasun larria erakusten baitzuen, beso horiek bular parean fuerte. Bere adinerako, begirada harrigarria zuen.

        Badira argazki famatuak haurren edo gazteen espresio hori oso ondo islatzen dutenak. Argazkilariak horren ohikoak ez ziren garaian, ezezagun baten kameraren aurrean jartzea gertakizuna izango zen, eta gazteek, batez ere hirikoek, heldutasun itxura eman nahi izaten zuten. Gauza handia zen argazki bakoitza, ezezaguna eta berria izateagatik hain zuzen ere handia, eta batzuei irudituko zitzaien horixe zela denok dugun unea, aldizkarietan ikusten zituzten argazkietan jende handia ateratzen zelako beti. Sekulakoa irudituko zitzaien.

        Aldeak alde, hau izan zitekeen argazki horietako bat. Hau izan zitekeen, zergatik ez, Cartier Bressonen mutikoetako bat; esaterako, neskatilen begirada irriberen aurrean ardo botilak etxera eramateko prestatzen ari dena, bat-batean argazkilariak berak gizon egina.

        Eta horrek bai, bazuen interesik nire egitasmorako, haurraren planta sendo izan nahi horrek oso kontraste polita egiten zuelako ezker besoa altxatuta zuten gazteen irudiarekin. Ematen zuen haurra ohartua zela unearen garrantziaz —bandera debekatua eta jazarria, Franco hil eta gero, edozein herritako edozein kaletan—, eta argazkia bera garrantzitsua iruditzen zitzaiola. Harrotasun ia komiko hori, ikurrina bera agertzeagatik zela. Argazkilaria bertan egoteagatik. Argazkia ateratzeagatik. Lekuko garrantzitsua izan nahi zuen mukizuak, eta ohartuta berari ez zitzaiola ikurrinarena bururatu, ohartuta berak, nolabait azaltzearren, egoera hartan ez zuela lan historikorik; ohartuta —hala interpretatu nahi nuen— argazkilariak ez ziola berari inola ere erreparatuko; are gehiago: ohartuta argazki honetatik kanpo geldi zitekeela, orduan hamar urte gehiago zituela erabakiko zuen hantxe. Hantxe erabakiko zuen argazki honetan atera behar zuela.

        Argazki bitxia zen, edonola begiratuta ere.

        Egia esanda, aspertzen ari nintzen enkarguz hartutako lan horrekin. Pentsatzen hasia nintzen, Gorkari akaso azkarregi esan niola baietz, eguneroko monotoniatik ateratzen ziren lan guztiei baietz esateko ohitura txarrak, beste behin, damua ekarriko zidala, eta luzatzen hasia zela dena.

        — Erraza duk: hogeita bost urte ikurrina baimendu zenetik —esan zidan artikulua proposatuz—. Borrokak eta halakoak ahaztu, fuera. Ez zaizkiguk interesatzen, askotan aipatu izan dituk. Ikurrinak gure artean duen onarpenaz, egin ezak horri buruz. Mundu guztiak naturaltasunez ikusten duela, ez dagoela arazorik. Batzuentzat liskarrerako aitzakia dela? Guri bost. Guk egungo egoeraren adierazgarri dela azaldu nahi diagu: normaltasuna. Ahaztu batallitak. Ikurra, hori duk: Euskadiko ikurra. Egun demontreren gizarte honetan eztabaidatzen ez den ia gauza bakarra.

        Gorka azkarra da. Badaki noiz deitu behar didan. Ematen du egoera larrien detektagailua duela. Badaki, gainera, nola konbentzitu behar nauen berak nahi duenerako. «Euskadiko ikurra», hori duk hori ergelkeria. Estatutuaren edo Ertzaintzaren inguruan bere aldizkarian argitaratu ditudan artikuluak bezain ergelak gutxienez. Eta garbi gera bedi, ez nago bereziki harro. Itzulpenekin hasiz geroztik, egin ditudan lan mertzenarioenak izango dira seguru asko, baina ondo ordainduta zeuden. Eta Gorka, gainera, gustatzen zait. Baditu potroak ateratzen ari den aldizkari hori ateratzeko. Lankide ohiek barre egiten diote, galdu dituela printzipioak. Baina berak, behintzat, ez du bere burua egunero zuritu behar, konpromisoa edo zintzotasuna edo objektibotasuna hitzetik hortzera. Gorkak erosotasuna aukeratu du: onartu du bere porrota, ez du mundua aldatuko, kito. Ikasi du horrekin bizitzen. Gustatzen zait, bai, gustatzen zait bere dekadentzia hori. Eta nirekin beti ondo portatu da. Artikulua eskatu zidanean, ez nuen zalantzarik izan.

        Trabatuta nengoen, ordea. Benetan trabatuta. Ia hilabete, eta gaiari kosk non egin oraindik ez nekiela.

        Artxibo batzuk miatuak nituen, baina ez nekien ondo zer kontatu behar nuen. Bandera aldarrikatu behar nuen? EAJko nostalgikoei gorazarre egin? Ikurrina haizatzen ausartu zirenen egolatria puntu hori paperean jaso? Ikurrinaren onarpenaz idatzi, ofizialtasunaren aldeko borroka kontatu gabe? Euskadiko ikurra... Banderen aurka idazteko gogoa pizten ari zitzaidan, gero eta gehiago. Gorka, nola ez, haserretu egiten zitzaidan horrelakorik aipatzen nion bakoitzean. Ea lana utzi nahi nuen esaten zidan.

        — Beizak —esaten zidan betaurrekoen atzetik—, hik baino gusturago egingo luketen dozena erdi lagunen kurrikulumak zauzkaat hemen, tiraderan. Utzi nahi baduk, esadak. Baina esadak, ostia!

        Nik, ezetz:

        — Lasai, badiat ideia on bat. Azken elkarrizketa falta zaidak, hori besterik ez. Erdi zirriborratuta zaukaat eta... Hi lasai, hire artikulua izango duk.

        Gezurra galanta, baina diru hori behar nuen. Pilarrekin utzi ondoren tristurak jota, malenkoniatsu ikusten ninduela esaten zidan bizilagunak. Igogailuan esaten zidan hori, erosketetako poltsekin laguntzen nionean. Kalera gehiago irten beharko nukeela. Esaten zidan «hi eta biok, txikito» esanez bezala. Nik ez nion erantzuten. Baina arrazoi zuela uste dut. Oporretara joan nahi dut, joan behar dut, eta itzulpenek —nireek— ez dute askorako ematen. Artikuluaren diruarekin egun batzuk hartu eta hiribururen bateko pentsio merke batean emango dut astebetea. Berlinen edo Londresen. Londresko gaua itzela dela entzuna dut, espezial. Bidaia merkeak ikusiak ditut jada, Miarritzetik.

        Ataka horretan nengoen, gutxieneko entusiasmoa inon ere aurkitu ezinean, baina lana inola ere utzi nahi ez, argazkia aldizkarian ikusi nuenean. Eta aitortu behar dut jakinmina piztu zidala berehala: orduantxe ikusi nuen, benetan ikusi, erreportaia. Erretratuan agertzen zirenak aurkituz gero, nor ziren kontatuz gero, zer egiten zuten han egun hartan, zergatik zeuden ikurrinaren inguruan, zer egin zuten hurrengo egunetan, hurrengo urteetan, zer egiten zuten orain, hogeita bost urte pasata..., hori guztia kontatuz gero, adierazpen handiekin eta egunkarietako titularretatik ateratako informazioarekin egindakoa baino lan askoz ere hurbilagoa eta interesgarriagoa egin nezakeela otu zitzaidan berehala, argazki txiki baten bidez, argazki handia egin nezakeela.

        Ez nekien Gorkari gustatuko zitzaion. Abiapuntua historizista zen guztiz. Arrastorik ez normaltasunaz, edo egungo egoeraren gainean berak nahi zuen ikuspegi enlatatuaz. Ez nekien, gainera, azkenean zer aterako zen, eta hori jakin gabe abiatzea arriskutsua zen, batez ere Gorkarengatik. Gerta zitekeelako sumindu eta erreportaia zuzenean zakarrontzira bota eta sekula santan berriro ez deitzea. Nolanahi ere, gazte haien peskizan hasi nintzen. Joder, ni ere interesatuta nengoen. Hori berria zen. Utikan Gorka eta beldur guztiak.

        Urte hartako aldizkariaren artxibo osoa miatu nuen larunbat goiz batez. Lan asko egin ziren ikurrinaren aldarrikapenaren inguruan, baina ez nuen bilatzen ari nintzenaren arrastoan jarriko ninduen ezer aurkitu. Diktadorearen garaiak hurbilegi izango ziren oraindik askoren gogoan, eta argazkilariek, batez ere horrelako argitalpenetan, ez zituzten lanak sinatzen. Artikuluak ere goitizenekin edo inizialekin bakarrik agertzen ziren askotan.

        Eskerrik eta, lagun baten bitartez, garai hartan aldizkarian lan egiten zuen erredaktore baten telefonoa lortu nuen. Telefonotik mesfidati antzeman banuen ere, hitzordua egin genuen Donostiako kafetegi batean. Ezin izan nuen aurrean jarri zidan pareta gainditu. Tok-tok egin nuen, besterik ez. Kaixo, nor zara, ba ez, ez zait interesatzen, agur.

        Aldizkariarena duela asko izan zela, ja ez zuela zerikusirik kazetaritzarekin —«mundu horrekin», hitz horiexek erabili zituen—, ahaztuta zituela orduko kontuak, «ondo ahaztuak». Ea zehazki zer nahi nuen. Aldizkariaren fotokopia erakutsi nion. Argazkia ez zitzaion ezaguna egiten, baina, noski, aldizkariak erreportaia bat baino gehiago atera zituen ikurrinaren legalizazioaren aldeko borrokari buruz, eta normala zela. Argazkilariaren izena nahi nuela, nik. Kolaboratzaileekin lan egiten zutela, berak, eta asko eta asko, gehienak, ez zirela profesionalak; zaila izango zela. Ea beste norbaitek laguntza eman ziezadakeen. Ez zekiela.

        Ezer gutxi, beraz. Gogoa ere gutxi. Desenkusatzen hasi zen. Garai oso zailak izan zirela, bonba jarri zietela behin erredakzioan, deklaratzera joan behar izan zutela hainbat artikulurengatik, berak depresioak izan zituela, eta arazo asko gero lana aurkitzeko, eta kazetaritza hitza ez zuela entzun ere egin nahi. Gero berreskuratu zuen gorbata, eta tente jarri zen. Aurrezki kutxara itzuli behar zuela, lana zuela eta hamaiketakoaren tartea ahitu zitzaiola. «Animo» esan zidan, hori bai, bostekoa ematean.

        Gorkarengana jo nuen. Antzeman nion destaina, nork eta nik, bat-batean, zerekin eta argazki batekin halako interesa agertzeagatik —kazetaritza «lakonikoa» egiten nuela esaten zidan—, baina aldizkariarentzat inoiz lan egin zuen argazkilari baten izena eman zidan azkenean. Bizkortzeko lanarekin, ea noizko bukatu behar nuen. Baietz nik, laster. Gauzak ondo ari zirela.

        — Ostia, urteurrena joango zaiguk!

        — Lasai, orain badiat erreportaia buruan...

        — Egidak laburpena, folio batean sikiera!

        — Hi egon lasai. Zerbait dudanean igorriko diat.

        Nerbioetatik zegoen. Aldizkariak bost urte egingo ditu ikurrinaren legeztapenaren hogeita bosgarren urteurrenarekin batera, eta Gorkak zerbait berezia egin nahi du. Aurreko batean, Avenidako denda dotore horietako batean atorrak erosten aurkitu nuenean, aldizkariak loa galarazten ziola aitortu zidan.

        — Hiri loa galarazi? —barre egin nion.

        — Bromarik ez. Hik ez dakik zer den hau.

        — Zer den, zer?

        Benetan kezkatuta zegoen. Ez nuela ulertzen, esan nion. Lan pagotxa, soldata hobea, eta hainbat artikulu jaso, eta argazki batzuk kudeatu, hori besterik ez zela. Berak bazekien, nik bezala, zer zen erredakzio batean lan egitea. Baina kezkatuta zegoen. Kontatu zidan askotan entzuna nion negar bera. Aldizkariarena proposatu ziotenean babes handia izango zuen produktua izango zela esan ziotela, tokia egiten kosta egingo zitzaiola baina babes handia izango zuela, eta ez zela diru arazorik izango.

        — Diru arazorik ez diagu, baina hemen, ni, bakarrik nagok —esan zidan, ehun euroko bi atorra visarekin ordaindu bitartean.

        Artikulu asko idatzita bidaltzen zizkiotela, bere horretan sartzeko; ez zuela gidoitik ateratzeko inolako aukerarik; aldizkariak ez zuela inolako presentziarik; erabiltzen ari ote ziren. Baina, oraingoan, urteurrenarekin, zerbait itxurosoa egin nahi zuen, ale bikoitza atera. Nire artikulua erreportaia zentrala izango zen. Eta ikusten zuen: Ikurrina, batzen gaituena.

        Zerbait geratzen zitzaion, beraz, kazetari sen hartatik.

        Esan nion:

        — Gorka, zenbaki ederra aterako duk.

        Biok bagenekien ez zela egia, baina bioi bost. Gorka konbentzitu behar nuen buruan nuen artikulua argitaratzeko, hori zen dena. Sinetsarazi behar nion ikurrinaz hitz egiteko modu bakarra hogeita bost urte horietako eboluzioa kontatzea zela, ikurrinaren higadura bera kontatu behar zela. Lortzen banuen, gustura biok. Eta ni, gainera, Londresera joango nintzen.

        Argazkilariari hots egin nion. Telefonoz azaldu zidanez, Punto y Horan garai hartan bizpahiru argazkilarirekin lan egiten zuten, baina argitaratzen ziren argazki asko herrietako jendeak eginak ziren. Karreteak bidaltzen zituzten erredakziora, anonimoki askotan. Zaila izango zela baina begiratuko genuela.

        Norbait gazteagoa espero nuen, eta hala esan nion tabernan agertu zenean. Barre egin zuen. Egia esanda, argazkilaria baino, tabernako langilea ematen zuen. Ni ohituta nengoen oraingo gazteekin, piercing, argazki makina digitala eta ordenagailu portatilaren belaunaldiarekin, eta bizardun potoloa agertu zitzaidan, orduko argazkietan asko ateratzen ziren bizardun horietako bat. Errebelatzeko laborategian irudikatu nuen une batez, bonbilla gorriaren azpian eta bata txuria jantzita, zigarro beltza ezpainetan, eta negatiboak ilearendako haizagailu batekin lehortzen, kazetariak oihuka ziharduen bitartean, zain zegoelako motorrarekin, aldizkariaren frogak moldiztegira eramateko.

        Atsegina zirudien, eta interesa agertu zidan, edo hala iruditu zitzaidan. Egiten ari nintzen lana azaldu ondoren erakutsi nion argazkia. Bai, gogoratzen zuen. Gogoratuko ez zuen ba. Berea zen, Hondarribiko Arma Plazan ateratakoa, arratsalde luze batean. Esan zidanez, aldean eramaten zuen beti argazki makina, eta mahai gainean genuen irudia San Pedro eta Santiago kaleen arteko kalekantoi batean guardia zibilek Zabala gaztea tiroz hil eta hurrengo egunetan atera zuen.

        Zabalarena gogoratzen nuen. Kolpatzen ari ziren beste gazte bat defenditzera atera eta bi tiro egin zizkioten bertatik bertara. Gogoratzen nuen hilketak samin handia eragin zuela Hondarribian, eta tentsio handia zegoela bazter guztietan. Hainbat artista, tartean Oteiza bera, gaztea erori zen tokian, hantxe, mural handia egiteko pronto agertu ziren, poema batekin. Hurrengo egunerako manifestazio handia antolatu zen herrian. Argazkilariak azaldu zidan aldizkaritik deitu ziotela, hain zuzen ere Hondarribiara joateko. Gogoan zuen argazkia. Gustatu zitzaion, ez zekien zergatik, eta berak aukeratu zuen erreportaia apaintzeko. Orduan ohitura baitzen, ez zuten bere izena jarri.

        — Eta horko haurra?

        Lotsa eman zidan galdetzeak. Banekien ezingo zuela inola ere identifikatu, ez zuela, seguru asko, bertan agertzen zen inor ezagutuko; baina, azken finean, horretarako geunden han.

        — Bitxia da, bai.

        Eta gero:

        — Argazkia atera nuenean akaso ez nuen ikusi ere egingo. Oso jarrera xelebrea du hor, bai. Argazkia beragatik aukeratuko nuen seguru asko. Nor den arrastorik ere ez daukat.

        Ezer gehiago ezin atera, eta elkar agurtu genuen. Telefonoa eskatu zidan hala ere, begiratu behar zituela berriro bere argazki zaharrak. Zerbait aurkitzen bazuen hots egingo zidala.

        Azalpenek nire jakinmina areagotu baino ez zuten egin. Txikitan maiz joaten ginen Hondarribiara, arratsalde pasa egitera. Garai hartan aitak Irunen lan egiten zuen, aduanan, eta San Pedro kaleko tabernetan elkartzen zen lagunekin. Hondartzatik bueltan, izozkia hartuta, oso arratsalde luzeak eman genituen bertan.

        Ikurrinaren garaia ere gogoan nuen. Manifestazio ugari ikusi genituen espaloitik, oihu eta kantu berri haiekin harrituta. Harrituta manifestazioak nola osatzen ziren. Baten batek poltsotik-edo ikurrin txikia atera eta jendea elkartzen hasten zen. Segituan entzuten ziren leloak eta lemak. Terrazetan eserita zeuden asko altxatu egiten ziren segizioa aurretik igarotzen zenean, eta batu egiten ziren batzuk. Biraoak eta juramentuak ere entzuten ziren noizean behin. Gehienetan, barre burlatiak. Manifestariek erantzun egiten zieten, noski. Oihu egiten zieten, altxatzeko eta haiek ere manifestazioarekin bat egiteko. Berezia zen.

        Une larri batzuk bizi izan genituen. Eusko Gudariak entzuten hastea gerra oihua zen gehienetan. Berehala agertzen ziren guardia zibilak, non ezkutatzen ziren ez genekiela, eta harriak eta barrikadak eta ke-poteak eta pilotak, dena ezerezetik sortzen zela ematen zuen. Antzerki handia zela iruditzen zitzaigun guri, beti gidoi berdina zuen ikuskizun kitzikagarria. Terrazetako mahai guztiak zilipurdika hasten ziren hantxe, eta aulkiak gazte eta ez hain gazte zenbaiten esku haserretuetan jarri eta airean gora abiatzen ziren, armatuta zeudenen aurka. Azkar asko ikasi genuen Santiagoko kale atzeko eskaileren gorako bidea. Han amaitzen zen antzerkia. Autoa hartu, eta Irunera.

        Hondarribirako gure bisitak bakandu egin ziren, batez ere Zabalarena gertatu eta gero. Gurasoak, hurrengo egunean, arreba helduenarekin joan ziren manifestaziora. Korrika gogotik egin behar izan zuten hirurek, Amute eta Mendeluko baratzen artetik etxeraino, eta hori emozio handiegia izan zen denentzat. Hura ez zen antzerkia.

        Beraz, nire adinekoa-edo zen argazkiko haurra. Egia esanda, ezaguna ere egiten zitzaidan apur bat. Ez zitzaion aurpegia oso ondo antzematen, ile luzeak estali egiten zion-eta. Garaikoa, oso garaiko itxura zuen.

        Argazkilariak hots egin zidan elkarrekin egon eta bi egunetara. Ezagutzen zuen ikurrinarekin zegoenetako bat.

        — Martin du izena. Martin Isasti.

        Ez zen zaila izango berarekin harremanetan jartzea. Argazkilariak adierazi zidanez, ezaguna zen Irunen eta Hondarribian, Herri Batasunako zinegotzia izan baitzen hainbat urtez.

        Ezagutu beharko nuen bada. Ez zeuden hainbeste.

        Martin delakoarengatik galdetu eta berehala ohartu nintzen. Horixe ezaguna! Irun erdian zuen tabernaren pareta aldeko banku korrido luzean inon baino ordu gehiago eman genituen institutu garaian. Xirula izena du tabernak —oraindik irekita dago—, eta Martin Isasti, guretzat, Kotte zen.

        Kotte. Anaia helduarena egin zuen garai batean, ez bakarrik gurekin, baina hurbiltzen zitzaizkion gaztetxo guztiekin. Aberria maitatu behar zela, euskal musika entzun, eta Egin irakurri, hori ateratzen genuen garbi, beti. Gero beste gorri bat jartzen zigun edalontzian. Tripa ondo estututa bakarrik irensten genuen gorri merke hura, behin eta berriro.

        Peio eta Pantxoa, Urko, Errobi, Niko Etxart, Akelarre.

        Kotte eta lankidea eraman zituzten egunean taberna itxita aurkitzea izan zen gogorrena. Tabernako atean Kotteren argazkia aurkitzea, ikurrin batekin. Beraz eta Kotte beste bat bazen: tabernako barraz bestaldean zeuden Pitu, Tximista eta Endika bezalakoa. Heroia. Baina, hara: Kotteren argazkia koloretan zen. Besteenak marrazkiak ziren, halako siluetak, oroitzapenetan oinarritutako erretratuak. Ez oso errealak. Kotterena kolorez. Kotte ezagutzen nuen. Benetakoa zen.

        Antena errepikagailuetan hainbat bonba jarri zituen komando bateko kidea zela esan zuten telebistan.

        Arratsalde hartako manifestazioaren ondotik eskuak belztuta iritsi nintzen etxera, izerditan eta arduratuta. Ixkin egin ahal izan nion Poliziari. Iñigok eta Enriquek ez zuten hainbesteko zortea izan. Gaua komisaldegian eman eta hurrengo goizean atera zituzten gurasoek, adingabeak zirelako. Susto ederra eta zartako batzuk ondo hartuta. Bataio politikoa.

        Bolada intentsoa izan zen. Edozein protestaldi bukatu orduko bagenuen zeregina: kotxea irauli, edo ohol zaharrak lanetatik hartu eta errepide erdian gurutzatu, edo kristalen bat edo beste hautsi. Poliziaren zain beti. Agertzen zirenean harriak bota eta ezkutatzera. Jokoa zen ia. Inguruko kaleetako atarietan sartu eta ateak zabaltzen zizkiguten, eta egongeletara gonbidatzen gintuzten. Ardoa ematen ziguten, kanpoan pilotakadak entzuten ziren bitartean. Giroa lasaitzen zenean, «animo» esaten ziguten, eta ospa.

        Harro zeuden. Harro gure jokoarekin. Eta gu harro, haiek harro egoteagatik. Haiengatik egiten genuen ia. Gazteen kemenaz harro sentitzen ziren haiengatik.

        Mobilizazio gogor batzuen ondorioz, egun batean garbi ikusi nuen: iraultza bazetorren, zirt edo zart egiteko eguna. Segur naiz orduan norbaitek ekintzaren bat egiteko aukera aurrean jarri izan balit, serio pentsatuko nukeela. Orain ere berdin gertatzen da: orain galdetzen dute ea norekin hitz egin behar den. Gero lagunartean ospatzen dute, eta koadrilakoak agurtzen dituzte ordu txikietan. «Mendira goaz!» esaten dute. Orduan bezala.

        Kotterekin eta orduko guztiekin harremana erabat galdu nuen kanpora ikastera joan nintzenean.

        Itzuli izan naiz batzuetan Xirula tabernara. Kottek betiko sudur gorria du, eta betiko musika dauka tabernan. Ja ez daude gazteak banku korridoan. Ez dago ezta banku korridorik ere. Irunera itzultzen naizenero gertatzen zaidan bezala, tabernetan mozkorrak baino ez ditut ikusten. Mozkor itxurosoak, hori bai, mozkorrak ez balira bezalakoak. Primeran disimulatzen duten horietakoak.

        Atzo izan naiz tabernan.

        Bi ardozale barran, beste inor ez. Ardoa eskatu dut nik ere, baina beltza, berezia. Hotza atera dit. Basoerdia bukatzen ari nintzela, kazetaria naizela eta lan bat prestatzen dihardudala azaldu diot Kotteri. Argazkia erakutsi diot. Ez dakit zer pentsatu duen, baina ez dio ilusio handirik egin. Ea zertarako nahi dudan. Ez da nitaz gogoratzen, jakina. Lanarena errepikatu diot, harako aldizkariarentzat erreportaia prestatzen ari naizela, eta gustatzen zaidala ondoko txikitoaren espresioa, argazkiak baduela indarra. Kottek begiratu egin dit, ulertu gabe. Goitik behera aztertu nau, eta ez dit erantzun. Iruditu zait ertzain kamuflatua naizela pentsatzen ari dela.

        — Zein aldizkaritarako esan duk?

        Orduantxe pentsatu dut: «alferrik». Ez du aldizkaria ezagutzen, baina euskarazkoa du izena, eta bale.

        — Noiz kendu zenuten banku korridoa?

        Edalontziak txukuntzen ari zen. Harritu egin dela uste dut.

        — Hi ez haiz aspaldi hona etorri, ezta?

        Beste ardo bat eskatu diot. Jendea tabernan sartzen ari da, eta aspaldiko bi ezagun ikusi ditut. Normalean aupa-iepi agurtzen diren horietakoak. Baina gaur hurbildu egin naiz. Zer-moduz-non-habil-ondo-segi-gero-arte. Gehiegi ere ez, baina lortu dut: Kotte ohartu da.

        Esan diot arratsaldean izango ote duen une bat nirekin egoteko, eta pentsatu eta gero, eta nik berriro eskatu eta gero esan dit:

        — Bostak aldera etor hadi.

        Arratsaldean hutsik zen taberna. Oroitzen nuen guztia kontatu diot, bera lasaitzeko, baina lasaitu nahi nuela berak ez antzemateko moduan. Gezurren bat edo beste ere sartu dut, handitzeko. Halakoren eta halakoren koadrilakoa nintzela, non esertzen ginen gu, askotan eskatu nizkiola diskoak grabatzeko, eta Polizia oldartzen zenean, maiz ezkutatu ginela barruan. Horretaz gogoratzen da.

        Argazkia berriro ikusten uzteko eskatu dit. Baietz, bera dela ikurrinarekin dagoen mozolo horietako bat. Zabala kale erdian akabatu eta hurrengo egunetako manifestazio horietako baten ondoren atera zutela. Bai, gogoratzen da.

        — Gainontzekoak?

        — Arrastorik ez —erantzun du burlati.

        Erreportaiarena berriro kontatzeko eskatu dit. Orain interesatuta dago. Keler bat ireki eta botilatik edan du.

        Zer egin nahi dudan kontatu diot berriro.

        — Begira, hor nirekin batera ikurrinari heltzen diona Txonpi duk. Hik ere ezagutuko duk.

        Nik baietz.

        — Oraindik barruan zagok. Ez zian zigorraren murrizketarik onartu.

        Berak, orduan, bai.

        Isildu egin da. Gero:

        — Juanma duk nire ezkerrean dagoena. Udalarentzat lan egiten dik, bulegoetan. Urteak ez dudala ikusten. Txonpiren ondoan dagoena hori ere koadrilakoa zuan: Fermin. Kanpoan lan egiten dik. Hori ere aspaldian ikusi gabe. Beste biak Txonpiren lagunak zituan, Oreretakoak, uste diat. Horien erreferentziarik ez, zero.

        Tabernako paretan hiru presoren argazkiak daude zintzilik. Argazki zaharrak denak. Ez diot galdetu Txonpi nor den.

        Pantxoa eta Peioren kanta berriak airean. Ikurrin txikia dago paretan iltzatuta. Urte batzuk baditu, bistan da. Galdetu diot ea onartuko lukeen argazki bat ikurrin horrekin. Kosta egin zaio erantzutea. Bere begietan nir-nirra ikusi dudanean, ausartu naiz.

        — Azken finean, hi haiz ikurrinari hel diezaiokeen bakarra.

        Beste bi Keler ireki ditu. Baietz. Hurbildu zait poliki-poliki, eta:

        — Zortekoa haiz, motel. Horixe bera duk argazkiko ikurrina.

        Bingo.

        — Bihar orduan?

        — Goiz etorri.

        Eguerdian, taberna zabaldu berria zela, han nintzen. Atzo bezala, barran bi bezero. Kottek jaitsi du ikurrina eta non jarri behar duen galdetu dit. Berak presoen argazkiekin nahi duela. Ondo, nik. Barra barruan jarri da, baina besoa jasota eta ukabila estutua atera nahi duela. Eta begira dagoen zurruteroari esan dio, berarekin batera barra barrura sartu eta ikurrinari eusteko. Sartu dira biak, irri artean animatuta. Kameraren objektiboak hirurak hartu ditu. Hirurak, eta bi presoren argazkiak. Bestea kanpoan gelditzen dela ohartarazi diot Kotteri. Berdin diola, berak barra barruan nahi duela argazkia. Botatzeko azkar. Pena dela hiru presoak ez ateratzea, barraren kanpo aldean jarriko balira gehiago zabal nezakeela objektiboa... Ezetz. Haserre esan didala uste dut. Botatzeko azkar. Klik.

        Bezeroetako batek galdetu dit nor den kanpoan geratu dena.

        — Ezkerrekoa.

        Kottek entzun digu, baina ez du ezer esan.

        Ikurrina zintzilikatzen utzi dut tabernan.

        Gorkari deitu diot.

        — Noiz amaitzen zaidak artikulua entregatzeko epea?