Mundu txikia
Mundu txikia
2005, narrazioak
136 orrialde
84-95511-73-8
azala: Ramón Masats
Alberto Barandiaran Amillano
1964, Altsasu
 
2021, kronika
1998, kronika
Mundu txikia
2005, narrazioak
136 orrialde
84-95511-73-8
aurkibidea
 

 

ASUN

 

Martin borda aurrean eserita dago, larrutu berri duten ardiari begira. Putzu gorri txikia lurrean. Ondoan narruak, halamoduz pilatuta. Marraka ari dira animaliak, burua tegia hesitzen duen langatik kanpo. Andresek maoizko buzoaren azpiko atorratik paketea atera, zigarroa piztu, jaiki eta barrurantz uxatu ditu. Zuhaitz gandorretan arratsalderoko dantza hasi dute abarrek, elkar astintzen. Bi anaiek paretaren kontra jarri dute bizkarra.

        Esan-ez-esan ibili da egun osoan, dudatan barruak kiskaltzen dizkionak konpartitu behar ote dituen. Anaiak ez dio lagunduko, hori badaki. Baina ez du hori espero. Bota beharra dauka, besterik ez. Bestela ito egingo dela uste du. Horregatik, azkenean esan duenean, Martini korroka atera zaio ia:

        — Asun haurdun zegoan, badakik?

        Andres Martinengana bihurtu da bat-batean, kopetan zimur sakon horiek.

        — Zer?

        Anaia nagusiak ikara sumatu du, esatearekin batera. Ez daki Martinen esaldia izan den edo arratsa. Mirua zerua inguratzen ari da, kometa urduri bat bezala.

        — Zer esan duk?

        — Ez zakiat.

        — Oxtia, Martin! Nola dakik?

        Orain Martin da anaiari begira geratu dena. Mirua nonbait desagertu da. Kosta egin zaio erantzutea:

        — Bazakiat.

        Andresek sakon pipatu du zigarroa. Martinek beti miretsi du erretzeko duen modua, kea arnasteko tankera hori. Sudurra eta ahoa lainotik aterako balira bezala, eta txiki-txiki jartzen zaizkion begiak. Miresten du aizkora hartzeko modua eta mahaian ogia moztekoa. Keinu sendo horiekin nagusitasuna aitortu dio beti.

        Urduri jarri du, badaki.

        — Asun hil zuan, kito —esan du Andresek—. Istripua izan zuan eta orain ezin diagu ezer egin.

        Martin ez da harritu entzun duenean:

        — Bihar ere lana zagok. Aio.

        Andres patrolera abiatu da. Motorra piztu duenean mirua altxatu da. Lokatzetan zinpi-zanpa urrutiratu da, zuhaitz artean galdu den arte. Martinek tenplerik gabea sumatzen du gorputz osoa, baina bertan egon nahi du oraindik.

        Udazken bukaerako eguzki sinpleak arditegiko aurrealdea gorritu du une batez. Une bat bakarrik izan da. Berehala nagusitu dira itzalak. Basoa hasten den tokitik hontzaren ulua iritsi zaio Martini, eta Asunek bete dio pentsamendua.

        Ez daki zergatik orain, berriro, oroitzapen horiek guztiak. Uste zuen ondo lurperatuak zituela denak, oroitzapenak gordetzen diren ganbaratik etsipenaren lausoaz ezabatu zituenean. Baina borbolak lapikoan nola, hala sortzen zaizkio, bata bestearen atzetik, eta ezin ditu kontrolatu. Ez dauka kare gehiago botatzeko.

        Hontzaren uluak gogoak itzali dizkio, baina ez du mugitu nahi. Eta, hala ere, gero eta gogorragoa zaio bakardade hau.

 

 

— A ver, Martín, la lección.

        Gainontzeko haurren aurrean irakurri behar izatea bereziki gorrotatzen zuen. Lotsagarri uzten zuen maisuak, anaia nagusiarenak ziren praka zaharrengatik, espartin bizartsuengatik edo eskularru higatuengatik.

        — Igual que toda tu familia.

        Eskolako argazkia ateratzeko eguna zen, galtzetako patrikan bolaluma lehertu zitzaionean. Kuxidadea. Arrebak oraindik gordea du erretratua. Zutik ageri da Martin, lehen lerroan tente, bi eskuak galtzetan jarrita zintzo demonio, zolda beltza ezkutatu nahian.

        Eskolatik eskapo egin eta etxera iritsitakoan, labeko atea zabaldu eta sutara bota zituen koadernoak. Ez zela itzuliko.

        Dendan lagunduko zuela erabaki zuen aitak.

        Egunero, argitu baino lehen, Tuteratik iristen zen trenetik kutxak hartu eta gurdian kargatzen zituen. Gero, astoarekin, herrietara abiatzen zen Andresekin. Uda izan edo negua izan.

        — Martintxo...

        — Zer...

        — Ipurdia txintxo!

        — Ttuttuluba...

        — Martin...

        — ...

        — Martin, jango diagu melokotoi bat?

        — Tira.

        Eta Andresek melokotoia hartu, anaiari beste bat pasa, eta gurdi atzean jartzen zen. Puskaka jaten zuen, aitak oparitutako labanatxoarekin. Pausoa gelditu ere egin gabe.

 

 

— Kilo erdi azukre.

        — ...

        — Hemen ez zagok kilo erdirik, txikito!

        — Lau melokotoi.

        — ...

        — Melokotoi hauek mailatuta daude.

        — Redios! Konforme ez bazaude fan zaitez beste dendara!

        — Zaude, nik jarriko dizut —sartzen zen Andres, anaiaren aiur bizia ondo ezagututa.

        Aitak beste redios fuerte bat mahai gainean jo eta ea zer gustatzen zitzaion galdetu zion Martini, herrietako andreen kexuak iritsi zitzaizkionean. Ea zer egingo zuen señoritoak. Eta beste redios! fuerteago bat gero. Etxean asko zirela, eta dendari eskerrak! Ea ba zer egingo zuen señoritoak. Baina Martinek ez zuen jenio hori erraz kontrolatzen.

 

 

Herrietan burla egiten zioten. «Martin astoa, ekarri duka artoa?». Edo «Martin: txirringala erakutsi, eta hanka egin». Andresek ere barre egiten zuen.

        Behin, ohiko buelta eginda, bide zaharretik ari ziren bi anaiak, burlekin nabarmentzen zen horietako batek kontrako bidea zekarrela ikusi zutenean. Martin baino helduagoa zen, gazte harroa berez. Martin karrotik jaitsi eta bide erdian jarri zen. Hantxe itxaron zion besteari, eskuina gerrian, ezkerra hagari helduta. Hurbildu zenean:

        — Orain badaukak niri zeozer esateko?

        Mutila harrituta zegoen. Martinek helduagoa ematen zuen.

        — Ea, Martin... —Andresek ez zuen herrietako jendearekin liskarrik nahi.

        Jaramonik ez.

        — Ez badaukak ezer esatekorik, segi ezak. Baina esan ezak herrian nirekin elkartu haizela, bakarrik, eta mututu haizela.

        Martinen ondotik pasa ahal izateko, mutikoak baztertu egin behar izan zuen.

 

 

Anaia iritsi denerako Martin lanean ari da ardien artean makurtuta. Ukuilua garbitzen ari da.

        Lan egiteko moduan baino ez zaio garai bateko sasoia antzematen. Keinu guztiak ondo ikasiak ditu, alferreko ia deus ez. Langile sendoa izan da beti. Berak bakarrik altxa zezakeen etxe osoa, ezkaratzetik gailurreraino. Bi langileren lana egiteko gai zela esaten zuten. Sei metrotik behera erorita, aldaka lau tokitan txikitu zuen arte. Eraikuntzarako ezgai, baina erretirorik gabe, enkargu txikiekin jarraitu behar izan zuen. Baina gorputzak ez zuela min gehiago jasango esan zion. Orain, hezur guztietan sumatzen du.

 

 

Eguzkia agertu baino lehen esnatzen da, bizkarretik behera hanka puntetaraino iristen diren kalanbreekin. Burua lurraren kontra lehertuko den sandia dela iruditzen zaio askotan.

        Begiak itxita egoten da ohe zabalean, eta iruditu zaionean nahikoa indar bildu duela, hanka batekin probatzen du lehendabizi, bestearekin gero, biak ateratzen ditu azkenean, eta eseri egiten da ertzean.

        Lurra hotz da. Kopeta zimurtuta, besoak dardara ttikitan.

        Ia ilunpetan abiatzen da sukaldera, zapatila zaharrak arrastaka. Horrek lagundu egiten dio hezur guztiak mugitzen, eta odola sumatzen du pixkanaka zainetatik barna. Su azpiko txinarrak astintzen ditu, eta ozpinez hainbestetan garbitutako burdina berotzen hasten denean bezperako kafesne bera jartzen du epeltzen. Orduan hasten da mina baretzen.

        Lehen argiak ikusten dituela, ogi papurrez betetzen du, goraino, koskez pintatutako katilua. Koilara batekin nahastu eta zurrupatzen hasten da.

 

 

Bide zaharretik behera heldu dira biak, astoa eta gurdia aurretik. Martin atorran kabitu ezinean dago. Neskak berak esan dio gaur lagunduko diola, eta herrira bueltan haga ere eskatu dio. Pakito gidatzen ari da.

        — Begira Martin!

        Irribarre horrekin barrua loratzen zaio mutilari.

        — Begira Martin!

        Haga lurrean utzi eta eskuak gorritu arte jan dituzte bazterreko sasietatik matxurretak. Harantzago, orbelaren azpian, onddo bat ikusi du Martinek. Zapia poltsikotik atera eta bertan bildu du. Kontu handiz sartu du berriro.

        Bien artean jan dute errebueltoa, sukaldea alderik alde betetzen duen zurezko mahai txuriaren alde banatan barreka, ia klandestinoki, aita iritsi baino lehen.

        Batzuetan oinaztura gaiztoak harrapatzen zituen biak bidean, jostaiek ere bai, eta txita eginda iristen ziren herrira. Sarrerako ganbelan neskak gona erantzi eta hantxe garbitzen zuen, gero ganbaran eseki eta hurrengo egunerako lehor eta garbi edukitzeko. Martinek ez begiratu plantak egiten zituen, nabarmen, Pakitoren ondoan.

 

 

— Ezin diat Asunena burutik kendu.

        Anaiak gazta zatia pasatu dio. Haize hotza sartu da berriro, eta kotoi hodei mardulak marrazten hasi dira goian.

        — ...egunero burura.

        — Baina zer ari haiz orain horrekin? Duela berrogei urteko kontuak dituk, Martin.

        — Duela berrogeita bikoak.

        Martinek ardiak jarriko zituela erabaki zuenetik, egunero lagundu dio. Bien artean altxatu dute tegi berria, bien artean hesitu dute zelai osoa. Asunena gertatu eta gero, Andres etxearen jabe egin zenean, bertan geratzeko eskatu zion. Etxe handia zela, bazegoela tokia biendako. Ea zer egingo zuen bordan bakarrik. Jarriko zituztela behiak eta behor batzuk, eta ez zutela askoz gehiago beharko. Martinek ez zuen hitz egin ere izan nahi. Etxe horretan zegoen guztiak Asun pizten zion.

        — Hik ez huen asko estimatzen, ezta?

        Anaiak ez dio erantzun.

 

 

Ama txoritxo bat bezala hil zen. Isilik eta negu gorrian.

        Izeko txarki zegoela eta ahizparen laguntza behar zutela abisatu zutenean, Juana espartinekin eta mantelinarekin abiatu zen. Seme gazteenak basorako bidea bereizten zen tokiraino lagundu zuen. Herria utzi baino lehentxeago hasi zuen elurra, baina ez zuen buelta eman nahi izan. Lau egun iraun zuen ekaitzak. Martinek irudi hori gordeko zuen betiko: ama, mantelina iluna burugainean, eta paisaia zuritzen hasia. Elurretako ama birjinaren irudia.

        Andresekin laranjak eta kardoak banatuta, eta animaliak ukuilura bilduta, etxera itzuli zenean ama ohean aurkitu zuen Martinek, burusia hanken gainean. Hurrengo egunean kalenturarekin esnatu zen. Pulmonia. Ez zen ohetik berriro altxatuko.

        Amaren hilkutxa atera zutenean bera ez zen han. Ez zen gauera arte agertu, dena marrako eta zauri, basoaren iluntasunean basapiztiekin borrokan izan balitz bezala. Ez zuen amari buruz gehiago hitz egingo.

        Senarra eta zazpi seme-alaba utzi zituen Juanak. Eta amona bat, lau behi, dozena erdi bat txerri, bi behor eta herriko lau puntetan lur sail txikiak, batzuk pobreak, lihotarako baino balio ez zutenak. Pedrok probintziako lehengusuei egin zien kontu. Dendarekin laguntzeko norbait behar zuten etxean. Handik bi hilabetera iritsi zen Asun, hemezortzi urte egin berriak. Hamazortzi urte txuri, mardul eta alai. Martinenak eta bat gehiago.

        Erraz irabazi zituen denak. Pedro fabrikatik iritsi eta bertan zuen beti zopa beroa mahaian, eta irratia jarrita eguerdiko partea entzuteko. ¡Viva Franco! entzuten zuenean ¡Viva! erantzun eta bazkaltzen hasten zen. Asun sukaldean gelditzen zen. Gizonari gustatzen zitzaion konpainia isil hori.

        Laster, Andresek etxeko kontuen ardura hartzearekin batera, dendarekin laguntzen hasi zen Asun. Martini begietatik sartu zitzaion lilura. Goizean goiz altxatu eta beso txuriak ondoko gelako ohetik zintzilik, eta kuleroak baratzeko esekilekuan, eta usain berria sukaldean. Irudika zezakeen bular hori, eta irribarrea zuzendu zion hartan, izterrak dantzan San Pedroko belardian. Plazako zortzikoan eskua eman zionekoan, eta musu iheskor hura. Nola jezten zituen behiak, txiza nola egiten zuen ukuilu izkinan. Usain berri hori, oheraino jarraitzen ziona, eta besoak zintzilik izaren artean.

 

 

— Badakik zerekin gogoratzen naizen? Kafea aitari egiten zionean, zer isilik egoten zen beti. Aita jaisten zenerako han zen bera, sua egina eta kafea bero. Han beti. Eta irratia eguerdian, notiziak entzuteko. Eta gerra bukatu zenean zein pozik zen bera ere, aita hain kontent ikusita. Bukatu dela gerra, bukatu dela! Eta bere ere kontent.

        Lehen tantak beti bezala iritsi dira, ohartu gabe. Ez da euria, baina langar hau, dena menderatzen duena.

        Isilik egin dute bazkaria, Martinek prestatutako lapikokoarekin. Kafea hartuta, anaia nagusia altxatu egin da.

        — Lan asko zagok egiteko.

        Eta aharikoengana joan da, apartatzera.

 

 

Dendak sekulako arnasa eman zion etxeari. Hori esaten zuen beti aitak, dendarengatik ez bazen, ezingo zutela. Eta Iriarterekin zorrak kito egiteko egunen bezperetan, aitak ahalegintzeko esaten zion Martini. Eta ohi baino bi kutxa melokotoi gehiago enkargatzen zuten Tuteran.

        Martinek kutxak antolatzen zituen. Herrikoek Asunekin zuten tratua.

        — Lau sagar.

        — Kanbiorik ez dut, eramango dituzu sei, ezta?

        Herrira bueltan, fistuka etortzen zen neskatxa, gurdiaren atzealdean eserita, bernak airean. Eta Martinek jan egiten zuen begiradarekin.

 

 

Sua piztu zenean, belarretan ari ziren etxeko denak.

        Andres eta Martin bazkaldu berriak dira, Asunek eramandako ontzi batetik. Gurdia lastoz zamatu eta etxera itzuli dira hirurak; Asun eta Martin atzean, Andres itaurreko. Lanez gainezka dabiltza. Bi aste baino ez dira falta ferietarako, eta belarrak bukatu nahi dituzte. Martinek ez du beharrik nahi ordurako. Asunek, gaur, bakarrik egin behar izan du herrietako buelta.

        Lasto fardelak ukuiluan jartzen ari dira bi anaiak. Asun gora joan da.

        — Ferietan hitz egingo diat aitarekin. Asunekin moldatzen naizela, eta fabrikan hasi nahi dudala, dirua aurrezteko.

        Fardelen usain hau gustatzen zaio. Asunekin izaniko jokoak dakarzkio gogora, intziri itoak, aiene mutuak. Neskaren izterrak nola korapilatzen zaizkion, eta zein indartsu sentitzen dituen horrelakoetan. Gogora dakarkio haren begirada, lotsarik gabea. Eta nola besarkatzen duen. Bien urduritasuna dena amaitu orduko, biak elkarri josita fardel horren atzean; bien hatsa, leihotxotik sartzen den argiarekin nabarmentzen dena, eta animalien begiratu harritua. Usain honekin, Martini zimiko ezaguna pizten zaio tripatik behera.

        — Hasieran hemen jarraituko diagu. Diru apur bat bildu eta etxe berria altxatu arte.

        Martin bakarrik ari da. Anaiak lagundu egiten dio, besterik ez.

        Bukatu dutenean, gurdiarekin aurreratu da. Andresek atera du aitaren zorrotik ostutako zigarroa, eta piztu egin du, fardel baten gainean eserita. Zigarro gaizki lotuari suzko hondakinak erortzen zaizkiola, berak ere ezin du Asun burutik kendu. Ezin du kendu bularrei atzetik heldu zienekoa, ukuilu honetan bertan, zakila haren ipurdiaren kontra, baina neskak askatzea lortu du —sasoia!, pentsatu zuen, eta are gehiago tentetu zitzaion—, buelta eman, eta sardea erakutsi dio.

        — Berriro saiatzen bahaiz, barruraino sartuko diat!

        — Lasai, andrea, broma bat hunan. Uztan hori...

        — Alde egin ezak nire paretik, Andres, benetan ari nauk.

        — Zer egingo dun, Martintxori esango dion, ala?

        — Andres, ez nauk brometan ari, behin baino gehiagotan esan diat...

        Gogoa sabaitik jaitsi duenean, jaio berri den txahaltxoaren begirada aurkitu du hortxe parean.

        Lastozko alfonbran, gar txikiak. Gar ikusezinak.

        Andres anaiaren atzetik abiatu da.

        Kale estu eta ilunetatik barna txirriken soinua baino ez da aditzen.

        Larreraino iritsi da abisua. Martinek kolpeka sumatu du barrua berehala, eta bera aurreratu da korrika. Barrideek animaliak atera dituzte eta baldeka ari dira lasto montoiaren gainean, begiak gorri. Belarra kalera atera dute azkenean. Ezin ezer gehiago egin, keak ez du uzten. Suak ez du gora jo gutxienez. Barruraino astinaldia ordea, norbaitek galdetu duenean: «Eta Asun?».

        Siestakan hil zen. Besoak ohetik behera zintzilika aurkitu zuten. Keak birikak lehertu bazizkion ere, ez zela esnatu esan zuen medikuak.

        Amorruarekin itsututa, Martinek neskaren gelako armairua eta ohea eta aulkia hartu eta trenbide ondoko gainaldera eraman zituen arratsalde hartan bertan, bere desesperazio guztia porrarekin txiki-txiki utzi nahian. Kolpeak eta garrasiak auzuneko azken etxeetan ere entzun zituzten. Ezpal guztiak hartu eta su eman zien. Sugarrek apartatzera behartu zutenean, etxe atzeko bidetik abiatu zen, bidean topatzen zituen langa eta hesiekin hankalatrabaka, basoan galdu zen arte. Han harrapatu zuen gauak. Borda baten inguruan babestuta, amets egin zuen. Plazan zegoen. Jazbanaren musikarekin dantza sueltoan ari ziren gazteak. Martinek Asunengana iritsi nahi du, baina jendeak ez dio uzten, eta ez dio uzten. Plaza animaliez bete da gero, eta berak Asunengana iritsi nahi, eta ezin. Handik gutxira, Asun jada ez dago.

        Esnatu zenean, erabakita zeukan.

 

 

Goiz osoan ez dute gaia berriro aipatu. Bigarren tegia altxatzeko lanak ez die utzi. Biak atsedenik gabe dabiltza markak egiten, hariak tenkatzen eta adreiluak prestatzen.

 

 

Martinek etxe hura ahaztu behar zuen, eta probintziara alde egin zuen, fabriketara. Bi urte eman zituen labe artean. Eta zorroa billete handiekin beteta itzuli zenean, aitak Iriarterengana bidali zuen, zorrak kitatzera. Andresentzat izango zen etxeko zorrak kitatzera. Martinek ez zuen duro haietako bakar bat ere inoiz ikusi, baina gustura eman zuen dena: eskuetan erre egiten zion. Ezin zuen burutik kendu hori izan zitekeela hastekoa. Egingo zuela montoia, eta egun batean erakutsiko ziola Asuni, eta esango ziola berak egin zezakeela etxea, bere bi esku eta bi beso horiekin. Fabrikan egingo zuela lan, aitak bezala, eta txerriak eta bi txahaltxo jarriko zituztela, berak zainduko zituela eta egingo zutela aurrera. Eramango zituztela basora, eta gero ekarriko zituztela eta matxurretak jango zituztela bidean.

        Gustura eman zuen, etxea askatzeko modua ere bazelako. Eta etxea askatzearekin batera, lepo inguruan bihurritzen zitzaion sokatik bere burua ere askatzen zuen irudipena izan zuen.

        Horregatik, diru hura hasiera izan zitekeelako, tori, esan zion Iriarteri. «Tori», eta dendako mostradorearen gainera bota zion billete montoia. Eta saltzailea azukre, olio, irin eta ardotan zenbat zor zuten kontuak egiten hasi baino lehen, Pedroren seme txikiak zenbat ekartzen zion zenbatzen hasi baino lehen, Martin kalean zen atzera, almazenaren ateko ezkilatxoaren hotsa dantzan, Asuni lehenago zergatik ez zion eskatu eta madarikazioka, iletik behera euri tantak irristatzen zitzaizkiola.

        Ez dago gehiago. Martinek lanean bilatu zuen amorru gaztearentzako sendagaia, eta gaztetasuna bezala joan zitzaizkion urteak. Hainbeste etxe altxatuta, kixuak bronkioak erre zizkion, eta iluntze batean, lana bukatu behar zela eta iluntzean lanean oraindik, eta eskailera gaizki kokatuta, eta zurezko habe hori berak bakarrik jarri nahi, baina iluntzen hasia, eta bera bakarrik.

        Asunekin oroitu zen erortzen ari zelarik.

        Esnai aurkitu zuten, esnai baina lasai. Eta aldaka lau tokitan hautsita.

 

 

— Dena gogoratu orain, zertarako? —galdetu dio.

        Ez du ezer ulertu, pentsatu du Martinek.

        — Nik ez diat hau nahi, Andres. Ez diat bilatu.

        Anaiak ez du ezer esan. Zigarroa piztu du, besterik ez.

        — Badakik? —jarraitu nahi du.

        — Zer?

        Baina ezin du.

        Eta goizero, begiak zabaldu orduko, badaki ametsaren zatiren batean, izkinaren batean gorderik, irribarrea erakutsi diola. Gero irudia belzten da poliki-poliki, eta gero desegiten da, dena hauts. Bere irudi horrek barruak kiskaltzen dizkio goizero. Eta jaikitzen denean, ez du beste pentsamendurik: gaua noiz iritsiko den, lotara joan eta bere irribarre hori berriro ikusteko.

        Patrolarekin aurreratu duenean, etxerako bueltan, Andresi iruditu zaio anaia kixu zakuak garraiatzen ari dela oraindik: bizkarrezurraren formak aurreraka makurrarazten du. Ile horia —amaren familiakoa— bustia du oraindik. Eta pentsatu du esan behar diola etxera etortzeko. Itzultzeko gurasoen etxera. Ez duela ezer egiten hor, bakarrik, borda hotz eta txiki horretan.