Hodei berdeak
Hodei berdeak
2003, nobela
296 orrialde
84-95511-56-8
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
Hodei berdeak
2003, nobela
296 orrialde
84-95511-56-8
aurkibidea
 

 

Epilogoa

 

Mikel indarge sentitzen zen, flotatzen bezala zihoan, eta urdailaren erdian herstura-gune bat bezala nabaritzen zuen, tximeletak bailituen, eta horixe zen bizirik zegoela gogorarazten zion bakarra. Aspaldi eten zitzaion listu-jarioa, ezpainak elkarrekin itsatsita zituen. Takonera begiztatu zuen. Adar biluzien firin-faranak bazuen mehatxagarria zen zerbait. Urrutian, parkean, zamarra berdexka zeraman irudi bat ikusi zuen; urduriak guardia zibilak ote ziren pentsarazi zion, baina parkeko zaindari bat, japi bat baizik ez zen.

        Ia inor ez dabil kalean. Goiz da, eta euriaren promesa ez da ibiltariak animatzeko akuilurik onena. Hodei berunkarek kontzientzia txar batek adina pisatzen dute. Sabelean dauzkan tximeletek barrenak gardosten dizkion su dantza itxurako bat hasi dute, orain, hitz egingo balu, hodeiek iragartzen duten trumoiaren orroa bezala izango zen, ez halabeharrez ozena, baina bai askatzailea; zainak atezutik askatuko zituzten berbak izango ziren, itomena arinduko zioten ukendua. Baina ez dago inor inguruan eta, egonda ere, isilik begiratuko zion. San Lorenzo elizako dorrea da bere ibileraren lekuko mutua, eta begiak dituela begitandu zaio, gauza asko ikusi dituela, asko dakiela, eta hemendik aurrera ere bere sekretuen berri jakingo duela, haragizko bihurtu eta den-dena botako duen egunera arte baizik ez duela isilpean gordeko. Bihotza eztarritik gora egin nahi dion su-bola bat da, eta ahalegin bat egin du lasaitzeko; usain ezagunak atzeman nahi izan dizkio azken nagiak ateratzen ari den goizari, eta zantzu bat bezalakoa den goroldio umelaren urrina baizik ez zaio sudurreratu. Baina jada ahaztu zaio, bere oinak berez mugitzen baitira, zalu eta bizkor, eta nahiko lan baitu oinen higikera biziari, gorputzaren goreneko ernetasunari, buruarekin segitzen. Orain ez da gehiago pentsatzeko unea, ekintza da olagarroaren besarkadatik ihes egiteko modu bakarra, adarren artetik —bat, bi, hiru, lau, bost... sei— ateratzeko arineketan egitea den bezala.

        Bi hilabete eta pixkatxo bat gehiago dira Julenek geldiarazi zuenetik.

        —Mesedea mesede truk.

        Otsailaren gau hotz batean izan zen, Santa Ageda bezperan; Eusko Bazterran ibilitakoetako batzuk koplak kantari ari ziren. Garbiñe haiekin zihoan eta, hura ikustean, etxerako bidea hartu zuen.

        —Folklorekeriak.

        Baina Julen agertu zen segiziokoen artean, eta gelditzeko eskatu zion, zerbait esan nahi ziola. Mesedea mesede truk. Roberto zegoen Julenekin, eta Mikelek egun txarra zeukan.

        —Ez zenuten esaten, ba, Los Caídoskoa txapuza bat izan zela?

        —Eta horixe izan zen, izan ere: txapuza bat, txapuza itzela —oilartu zitzaion Roberto.

        —Mikel... —Julen, bakegile.

        Mikelek jakin nahi izan zuen zergatik behar zuten berak parte hartzea, beste erakunde batekoa izanik.

        Beste erakunde batekoa, azpimarratu zuen, Juleni begiratuz. Lotura berreskuratu eta beste zita bat agindu zioten, luze gabe egitekoa.

        Robertok zioen serio hasteko garaia zela. Plan zabala eta handinahia zeukatela. Txorradak alde batera utziko zituztela. Seguru zirudien.

        —Plastikoaren ordua da.

        —Ekintza bakar baterako izango da.

        —Bestelako konpromisorik gabe.

        Mikelek sentitzen zuen ezin zuela ezetzik eman, zorretan baitzegoen Julenekin.

        —Konforme. Dinamitaz denaz bezainbatean... —Amerikanoak, azkenik, amonaren etxea hartu zuenetik, Julenek gordetzen zion, mesede gisa. Mikelek ez zekien non, baina Julenez fio zen. Ez zuen beste irtenbiderik, bestalde.

        Robertok adimenezko begirada trukatu zuen Julenekin, eta gero Mikeli so egin zion, gehiagotasun aireaz.

        —Geu arduratuko gara. Zu lasai.

        Ondorengo asteetan plana zertan zen joan zen definitzen. Mikelek ez zuen prestakuntzan parte hartu, eta ez zuen behar baino gehiago jakin nahi izan. Zekiena zen elkarrengandik urruti zeuden lau puntutan, baita Euskal Herritik kanpo ere, ekin nahi ziotela egun berean.

        —Vuelta Españakoa txiki geratuko da honen aldean.

        Hamaika lagun baizik ez zeudela eta hamabi egotea hobesten zutela, hirunako lau talde osatu ahal izateko. Mikelen laguntza eskatzea Julenen ideia izan zen. Robertok onartu egin zuen, beharrak hartaratua baina ez oso aldarte onez. Beste bederatziak nortzuk izango ziren, Mikelek ez zekien, nahiz eta, pentsatzen hasi eta batzuk zeintzuk zitezkeen asmatzea ez zela zaila irizten zion. Horrexegatik nahiago zuen buelta gehiegi ez ematea aferari.

        Azkenean eguna, tokia eta ordua finkatu zioten. Roberto eta Julen arduratuko ziren lau lehergailuak prestatzeaz; gero hiru banatuko zituzten gainontzeko ekintzakideen artean, eta haiek, laugarrena beraiekin zutela, Mikel hartuko zuten eta abiatu egingo ziren. Haiek urruti samar joan behar omen zuten, Salamanca aldera, uste zuen.

        —Alkilerreko kotxe batez abiatuko gara.

        Aste horietan, Julenekin hiruzpalau aldiz egoteko aukera eduki zuen. Mikelek erakundera erakarri nahi zuen Julen. Ideologikoki Roberto baino askoz aurreratuagoa iruditzen zitzaion. Mikelen ideia zen ezen, erakundearekiko harremana berreskuratu eta gero, aise sarraraziko zuela Julen bere taldean, Roberto eta beretarrak alde batera utzita. Julen konforme zegoen.

        —Ez pentsa, Robertok zerbait susmatzen du. Nirekin erdi haserre dabil, atzetua bezala edo.

        Aitorpen gogorra zen, gaua eta ilargia bezain diferente, baina aldi berean bezain bereizgaitzak ziren bi adiskideen kasuan.

        Egun seinalatua hurbildu ahala Mikelen urduritasuna eta ezinegona gero eta handiagoa zen.

        Ia inor ez dabil kalean. Goiz da, eta euriaren promesa ez da ibiltariak animatzeko akuilurik onena. Hodei berunkarek kontzientzia txar batek adina pisatzen dute. Sabelean dauzkan tximeletek barrenak gardosten dizkion su dantza itxurako bat hasi dute, orain, hitz egingo balu, hodeiek iragartzen duten trumoiaren orroa bezala izango zen, ez halabeharrez ozena, baina bai askatzailea; zainak atezutik askatuko zuten berbak izango ziren, itomena arinduko zioten ukendua. Baina ez dago inor inguruan eta, egonda ere, isilik begiratuko zion. Bihotza eztarritik gora egin nahi dion su-bola bat da, eta ahalegin bat egin du lasaitzeko; usain ezagunak atzeman nahi izan dizkio azken nagiak ateratzen ari den goizari, eta zantzu bat bezalakoa den goroldio umelaren urrina baizik ez zaio sudurreratu. Baina jada ahaztu zaio, bere oinak berez mugitzen baitira, zalu eta bizkor, eta nahiko lana baitu oinen higikera biziari, gorputzaren goreneko ernetasunari, buruarekin segitzen. Orain ez da gehiago pentsatzeko unea, ekintza da olagarroaren besarkadatik ihes egiteko modu bakarra, adarren artetik —bat, bi, hiru, lau, bost... sei— ateratzeko arineketan egitea den bezala.

        San Lorenzo elizako dorrea da bere ibileraren lekuko mutua, eta begiak dituela begitandu zaio, gauza asko ikusi dituela, asko dakiela, eta hemendik aurrera ere bere sekretuen berri jakingo duela, haragizko bihurtu eta den-dena botako duen egunera arte baizik ez duela isilpean gordeko.

        Mikelek erlojua begiratu du. Atzeratzen ari dira.

 

 

Amerikanoa sukalderaino sartu da, Carmen harritua begiratu ere egin gabe; honen adeitasunezko diosala orbela bezala erori da.

        Beroiz komunean harrapatu du, mendirako prestatzen, bizarra egiten. Amerikanoa komuneraino sartu da, inolako begiramenik gabe, Beroizi apar-arrastoak aurpegitik kentzeko betarik eman gabe.

        —Miguel, zu eta biok adiskideak gara, ezta?

        Begietara zuzen-zuzen begiratzen diola esan dio.

        —Orduan, goazen, ez dago galtzeko minutu bakar bat ere.

        Ez dio prakak lotzeko astirik ere eman. Carmenek mahukatik heldu dio senarrari, harriturik baino, izuturik. Beroiz, kolpe zakar batez, askatu egin da.

        —Ezbehar handi bat gertatu da, Miguel. Gauza asko azaldu behar dizut. Barkatu, Miguel.

        Amerikanoak eskutik lotuta darama Beroiz, zuzenean bere autoari buruz, eta ez dio askatzen uzten.

        —Baina, jainkoarren, Tom... —baina Amerikanoak ez du bere atzaparraren presioa txikiagotzen.

        —Zure semea da, Miguel, zure semea.

        —Baina zer arraio...

        Biak sartu dira Amerikanoaren autoan, eta abiatu egin dira ziztuan.

        —Miguel: entzun ondo esan behar dizudana; ez ezazu deus galdetu: izango da denbora azalpenetarako. Mikel arrisku handian dago. Poliziak harrapatzeko arriskuan, edo, agian...

        —Agian!? Agian zer!!??

 

 

Hiltzen ikusi zuen txakur hura oroimenean finkatu zitzaion, egoerak hartaratua, premia handia sentitzen duenean etortzen zaion irudi selektibo baten moduan, segundo-hamarren bat baizik irauten ez bazaio ere. Txakurraren irudiak bizirik dagoela konturatzen laguntzen dion oroigarria da. Eskalatzen duenean, edo zezenen aurrean lasterka doanean, esaterako. Eskalatzen duenean ahoa siku-siku geratzen zaio, biziraupenerako senak bereganatzen du, gorputz eta arima, halako moldez non ekinaldiak dirauen bitartean, lurretik metro asko gora kasik txori baten moduan hegaldatzen denean, zorabiozko amets batean bezala baitago, jarduerak eta berarekin lotutako guztiak —soka, haitza, laguna— zurrupatzen diotela buru barneko gaitasun kontzientea oso-osorik. Eskalatzen duenean, hipererreala izateagatik irreala iruditzen zaion egoera batean sartzen da, katarsi bat bezalakoa da, baina berak ez du horretaz kontzientzia apur bat hartzen, harik eta rapela bukaturik, Etxauriko hauts beroa oin azpian, berriro, eguzkia sentitzen duen arte, bere izerdia berea dela jabetzen den arte, jardunaldian bizirik egon baita animalia bat bizirik dagoen gisa berean, sen betean, instintoz; eta lurra berriz ukitzen duen arte ez die erreparatzen inguruko ezpelei, hegan ari diren saiei eta inguratzen duten usainei: haitzetako te-landarearenari, kasu, edo kalamuzko sokak haitza igurzten duenean ateratzen den urrin gardostu eta berezi horri. Lurra berriz ukitzen duen arte ez du lehen aldiz sentitzen, halaber, sokak rapel egitean lepo gainean eragin dion errea, edo hanka-besoetan, edo eskuetan egin dituen urratuak. Eskalatzen duenean giza kondizioaren miseriak oro desagertzen dira, eta bizipena guztizkoa da, esperientzia totala da, beste ezertarako tokirik uzten ez duena, pentsa litekeen intentsitate maximokoa. Eta lurra oin puntarekin berriro ukitzen duenean, makurtu eta hauts gainean pa egiteko gogoa etortzen zaio.

        Baina orain ez doa eskalatzera, ez eta zezenen aurrean korrika egitera ere.

        Muga hari tenkatu bat dela sentitzen du, beti apurtzear dagoen hari tenkatu bat, sudur-mazelak ireki ditu, behialako ehiztari batek bezala, aireak dakartzan presagioak irakurtzeko asmoz, eta harresietako harrien arteko zirrikituetatik hazten den goroldio umel eta betierekoaren usaina baizik ez du atzeman. Haize mutiria une batez baretu, eta aurpegia laztandu dio, fereka iheskor bat oparitu nahi izan balio bezala, iluntasunean Garbiñeri ebasten zizkion horien oroigarri. Mikel indarge sentitzen da, flotatzen bezala doa, eta urdailaren erdian herstura-gune bat bezala nabaritzen du, tximeletak bailituen, eta horixe da bizirik dagoela gogorarazten dion bakarra. Aspaldi eten zaio listu-jarioa, ezpainak elkarrekin itsatsita ditu. Takonera begiztatu du. Adar biluzien firin-faranak badu mehatxagarria den zerbait. Urrutian, parkean, zamarra berdexka daraman irudi bat ikusi du: urduriak guardia zibilak ote diren pentsarazi dio, baina parkeko zaindari bat, japi bat baizik ez da. Hiria ezin ilun eta tristeago iruditu zaio aro horretan ohikoa ez den hego haize bortitz batek ekarri dituen hodei pisu eta berunkarak direla kausa. Mikel kikilduta dabil, kasik hanka puntetan, hiria iratzartzeko beldurrez bezala, baina arin hala ere. Bistan da euria ekarriko duela, lehenago edo geroago. Bizirik dagoela gogorarazten dion txakurraren irudia bururatu zaio, bera bizirik dago, eta ez zaio okurritu goiza mila tanta gorri, gozo eta lizunetan zartatuko den gerezi bat dela, gerezi bat nork koska egingo zain.

        Baina bizirik dago oraindik, bizirik egotearen gaineko pertzepzioa erabat aldatu baino bost minutu lehenago.

        Euria ekarriko du, itxaropenezko hodeiak dira horren iragarle, gerezi-tantez zamatutako hodei berdeak. Gerezi tantazko euritan lehertuko diren hodei berdeak.