Hodei berdeak
Hodei berdeak
2003, nobela
296 orrialde
84-95511-56-8
azala: Xabi Alonso
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
Hodei berdeak
2003, nobela
296 orrialde
84-95511-56-8
aurkibidea
 
 

Zelai beltzak

 

Beroizen frankismo garaiko industria politiko txikiaz, zer esan. Jainkojale batzuk zirela, hutsaren hurrengoa zirela, ederki asko aberastu zirela, burgesak zirela, Franco ohean goxo-goxo hil zela, hauek dira arruntenak. Praktikan, gaur eguneko talaiatik ikusirik, esan liteke halako isiltasunezko geruza bat ezarri dela haien jardunaren gainean, existitu izan ez balira bezala da, trantsizioko doktrina ofizialak erakutsi digu ez zirela existitu, eta orain, euskal nazionalistarik, abertzalerik gure orube katoliko eta espainiar honetan egotea, Frantzia okupatuan paraxutista britainiarrak egotea bezalakoa dela, eta hori ez da egia, egia, baita zera ere, nahikoa da Beroiz bezalako batekin mintzatzea ikusteko ezetz. Aitzitik, zaharrekin eta ez hain zaharrekin mintzatu eta fenomeno oso bestelakoa gertatzen dela ikusten da, hain zuzen politikan, ekonomian edo gizarte zibilaren beste edozein jardunetan aritu eta nabarmendu diren asko eta asko, beren bizitzaren une batean, gehienetan gaztetan, nazionalismoaren jainkojalekeriatik pasatu direla, asko eta asko erakarri zuela, une batean bederen, halako moldez non nazionalismoa hemen, hemen diot, elgorria bezalako gaitza dela, denok pasatu beharrekoa, baina gero bestelako aztarna bereziki sakonik uzten ez duena, gaixotasun larriak geroagoko kontuak dira, gero asko eta asko gaixotasun larriagoetara eta helduagoetara lerratu ohi dira, esan nahi baita beste hainbat eremu ideologikotara, boteretsuaren boteretsuaz eta intrantsigentearen intrantsigenteaz nazionalismotzat hartzen ez den nazionalismoaren eremura, espainiarrera, adibidez, eremu gehienetan emankorragoetara, berez euskal nazionalismoa ez delako izan, hemen, hemen diot, inolako pagotxa, aurrera ateratzeko biderik erosoena, ez horixe, "Haur izaten jarraituko dute, estatu-gizonaren begietan, politikoki posiblea denaren eta ezinezkoa denaren artean bereizten ikasi ez duten helduak", Bismarckek esan omen zuen, uste dut aipua harira datorrela, askok haur izateari utzi ziotela esanez garbi lezakeela bere iragana. Eta zinez zerrenda luzea egin liteke, eta izen aski ezagun eta ustekabekoekin, eman dezadan bat bakarrik, esan nahi dudanaren adibide, Beroizek esana dakit Pepita Enbil, Placido Domingo tenore famatuaren ama askotan joaten omen zela Iruñeko Centro Vascoko abesbatzarekin kantatzera, errefuerzo egitera, musikariek euren artean esaten duten bezala esatearren, eta izen hori aukeratu dut ezagun, deigarri eta are ustekabekoa gerta daitekeelako, baina hori bezalako kasu asko ezagutu dira, beren fama lokalagoa izanik ere, ez dira kontu ezagunak, ordea, beraiek arduratu baitira iragan haientzat ilun hori ezkutatzen, eta ideiarekin segitu dutenek ez ohi dutelako kontu zaharrak astintzen ibiltzeko bezainbesteko gustu txarra eduki. Eta hau hala izan bazen gerra baino lehen, eta ez pentsa, seguru asko tiramenaren arrazoia, inbentoaren arrakasta hauxe baino ez zen izango, zer edo zer egiten zutela aspergarri mortala izan behar zuen garaiko Iruñea hartan, hau hala izan bazen, zer esanik ez nazionalismoa eta ezkertiarra izatea, aldi berean, posible zelakoa asmatu zutenean, eta Francoren aurka gogor egin behar zelakoa asmatu zenean, eta koktelari armak gehitu zizkiotenetik zer esanik ez, horrek bazterrak harrotu zituen, gaurko prohombre askoren nahaslekua izateraino, hor bai, hor bai mereziko lukeela zerrendatxoa argitaratzea, ikusteko zenbat kontseilari, zenbat zinegotzi, zenbat parlamentario, zenbat saridun garrantzizko, zenbat kulturgizon, lehen gaizto, orain zintzo, nahasirik ibili zen, zuzen-zuzenean edo ingurumarietan, kulparik ez duenak bota dezala lehen harria, zeren kulparik dutenek botako balute denok harri azpian geratuko ginateke; ikusteko zenbat pasatu den udaletxeetako balkoietako piperpotoak erretzetik, udaletxeetako espekulazio-operazio zalantzazkoetan burruntzalia sartzera, total, dena da udaletxearen kontua, pentsatuko zuten, ikusteko eta ikasteko batzuek zein bizkor egin duten ezkerreko abertzaletasunetik eskuineko patriotismora doan bide, printzipioz eta teoriaz, luzea. Baina alferrik da, batzuk kortxozkoak dira, ur-azalean beti, zurekin bai eta zure aurkariarekin ere bai, zer inporta du, nire hezurrez haratago ez dago ezer. Eta, ahalkez eta besteren lotsaz isiltzen direnak kenduta, haiek ohi dira orain terrorista, hiltzaile, eta gisakoak botatzen dizkigutenak, urte asko ez direla oraindik potrorik ez genuela esaten probokatzen gintuzten berberek.

        Jainkojalekeriarena egia da, noski, baina badu bere zera ere, ez pentsa, inor jainkojale izan dela salatzea orain berrogei, hirurogeita hamar urte, San Frantziskoren garaitik biztanle bakoitzeko misiolaririk gehien eduki duen lurraldean, familia guzti-guztietan serora bat zegoen tokian, zer izan behar du horrek, zer izan behar du horrek, ez dut pentsatu nahi, orain hirurogeita hamar urte inor jainkojale izan dela salatzea, non eta apaizak Kristoren izena mihietan kristauak, jendea alegia, akabatzera atera zen herrialdean, jainkojaleak, orain berrogei urte, non eta ezkerreko militantzia gehien-gehiena, guztia ez esateagatik, apaizgaitegitik atera zen lurrean, zer esaera zahar egokitzen ahal zaio honi, norberaren buruko pertzarena agian, edo zozoak beleari, Jesus ene, baina jainkojaleak hauek ziren, noski. Beroizek dio ezen, bere industria politiko ñimiñoaren ekintzen barruan, Municheko 62ko kontubernio deiturikoan parte hartu zuela, Nafarroako ordezkari, eta Parisen estudiatutako alderdikide bat eduki zuela bidaide, bera baina pixka bat gazteagoa, eta honek —izenik ez dut esango— jakin zuelarik Parisen geratuko zirela Munichera baino lehen, geldialdia egiteko eta trena aldatzeko, eta han Leizaola zain zeukatela, esan zuela, Leizaolarekin ez, Leizaolarekin ez, mezetara eraman nahiko gaitu-eta, Parisen ikasle zegoelarik, antza, aurkeztu baitzuten eta, handik aurrera, ikusten zuen aldioro, mezatan egona zen baizik ez omen ziolako galdetzen. Honek ekartzen dit gogora beste galdera bat, honako hau, hain zuzen, non zeuden 62ko erresistente nekaezin horiek, jainkojaleak ez omen ziren horiek, demokrata porrokatu horiek, Munichera joan ez ziren horiek? Zeren Beroiz eta bere kidekoak, behintzat, agertu egin ziren, beren industria politiko irrigarria eta guzti, baina, besteak? Nola utzi zuten beti ahotan darabilten Erresuma Zaharraren ordezkaritza esku sasiko horietan? Non zeuden, gehien behar zitzaienean? Ohe azpian egongo ziren, edo etxeko sotoan kukuturik, altxapean, mutu, ikusezin, edo okerrago erregimenari beren zerbitzuak eskaintzen, oraindik ez zelako bizitza guztiko demokrata izateko garaia, hori geroago izango zen, eta orduan, haiek ere, beti bezala, txapeldun, lehen ere esan dut, batzuk kortxozkoak dira, kortxoa beti ur-azalean gelditzen baita, pentsatzen hasi eta bada beste gauza bat beti ur-azalean gelditzen dena, zein ote, zein ote, nahiago ez aipatu paper hau ez zikintzeagatik.

        Munichekoari buruz, historialari ofizialak dio: "Navarra estuvo representada (...) quien logro participar en las reuniones de la capital bávara, y regresar a Iruña, sin que la policía detectase su presencia en el mencionado acontecimiento histórico", baina ez omen zen gorabeherarik gabe izan, Periko Ezkurdiak antolatu behar omen zuen gauza, baina Beroizek dio Ezkurdia —"un bendito"— bazkalondoetan lo geratzen zela, Munichekoa bera loaldian zegoenean antolatuko zutela, ez dakit esana noraino den metaforikoa, eta Ezkurdia jabetu ez, Beroizi bidaia egitearena, nolabait, txiripaz suertatu zitzaion, hortaz; hotzean pentsatu eta irri egingarria da, Franco ohean hil zen, noski, nola ez zen ohean hilko oposizioa siesta egiten ari bazen, txiste erraz bat baino zerbait gehiago da, kointzidentzia harrigarria bederen; Poliziak jakiteaz bezainbatean, azken ustekabea 62 urte hartako Sanferminetan gertatu bide zitzaion, Beroizi entzun diot kontatzen, protagonisten izenak ipiniko ditut, Beroiz eta bere andreaz aparte, San Sebastian izeneko bat eta bere emaztea, San Sebastian hau diplomatikoa zen, bilbotarra, emaztea Iruñekoa zuen, ordea, Cabases, Jose Antonioren arreba, Jose Antonio, kausetarako hainbat eta hainbat kimu eman duen leinuaren aita berau, eta gero Jose Antonio Cabases bera eta Maria Jesus bere emaztea, Sanferminetan gangarrarena egin ez duena dioena gezurretan ari da, "el que diga que nunca ha hecho el pata por Sanfermines miente", dio Beroizek, gau hartako ganberrokeria justifikatzeko, nonbait; hala ere nik konforme egon beste erremediorik ez daukat, ohikoa baitut nire herrikideak Sanferminetan ganberroarena egiten ikustea, baita urteko gainerako 358 egunetan irribarre miserable bat egiteko gauza ez diren asko ere, askotan glosatu den auzia da; San Ferminetako gangar-usaina, abroka eta giroarena, ordea, beste bat da, ikerketa mereziko lukeen beste bat, nik, lehengusuarekin batera, apunte batzuk bildu ditut, agian Sanferminek eragiten didaten tristezia neure buruari azaltzeko asmoarekin bakarrik, ni ez izaki bereziki triste eta bereziki arraroa, eguneroko jardunean, baina, zer nahi duzue, azalpenen bat bilatu beharko nioke neure lekutze psikologikoari, alegia, azaldu behar diot neure buruari zergatik tristatzen naizen gehienak pozik daudenean, paper hauetan hainbestetan atera den kazetako zenbait editorial irakurrita pixka bat hobekixeago ulertu dut neure burua, hau irakurriz, adibidez, "Cuando la intención es buena, cuando la gente se divierte con la ingenuidad de unas canciones y de unos saltos, el globo y la corneta, la ronda y el tío vivo, la diana y la carrera de los toros, y se divierte en tu nombre, en los sanfermines, también te está alabando, celebrándote. De los otros y de las otras y de nosotros mismos ya nos comprendemos...—, tu sabes librarnos. San Fermín querido, mi Santo Patrono, ora pro nobis". Alegia, tonto, ergel hutsak bagara, korneta bati putz egitearekin konformatzen bagara, jasangarriak gara, ez du inporta gure dibertitzeko modua nolakoa den. Ez pentsa, arau zehatzak ere badaude. Ez al zuten esaten San Ferminak erabateko anarkiaren garaia dela? "No se es mozo en función de la edad sino en función de una forma de ser y sentirse pamplonés. El mozo es depositario de nuestra manera de ser y también de nuestra nobleza". Ez da adin kontua, ez eta jatorri-kontua ere, izateko modu bat eta sentitzeko modu bat da gakoa. Hasiak gara. Eta, guztiarekin, orduan, urte haietan, jendeak bazekien nola zirikatu, gaur egungo garai babo hauetan baino areago, esango nuke, kronistaren haserreak egiaztatzen didanez: "Dos horas y media de Riau-riau. Esto va resultando excesivo, y por excesivo, muy pesado. ¿No tiene recursos la autoridad con sus agentes, o como sea, para evitar la caprichosa tardanza que producen una docena de gamberros? Algunos de estos se tiraban al suelo para entorpecer la marcha. Sencillamente intolerable". Haiek, hain toleranteak diren haiek: hamabi ganberro jaietan, horra beren tolerantziaren neurria. Tolerantziaren paradigma bezala ez daude batere gaizki: "Yendo por derecho al tema, me atrevo a afirmar rotundamente que aquí cae no sabemos el motivouna gran parte de la marranería internacional, una fauna sucia, rara y harapienta que es difícil ver concentrada en ninguna ciudad española ni europea (...) manifestando en público sentimentos y apetencias íntimos (...) y si en algunas ciudades europeas no extraña a nadie que una pareja 'se de el pico', aquí todavía gracias a Dios y a San Fermín, nuestro patrono— no estamos acostumbrados". Eta, tira, honaino, hainbestean, gero dator mozorroen erortze erabatekoa: "Gracias a nuestras autoridades y a los pamploneses, las fiestas van transcurriendo normalmente, aunque tampoco sería malo que se escapase alguna bofetada oportuna (...) Y para el que se desmanda, solicitar el servicio del guardia, y en el peor de los casos, leña (...) A ver si entre todos conseguimos que cada año vengan menos. La buena receta sería escarmentar a unos pocos". Eta dena tipo horretan, gero eta biolentziarako —biolentzia zilegi, legitimoa, hori bai— dei disimulugabeagoak eginez. Huskeria bat da, badakit, baina benetan etsigarria dena da baieztatzea ia berrogei urte geroago denak segitzen duela ia berdin, berberek segitzen dute agintzen, beren betiko aire klasista eta kolonialarekin, masa hezigabea izaten segitzen dugu, barbaroak nahiz eta hiritarrak garela sinetsarazi nahi diguten, komeni zaienean. Gainontzekoan, egurra. Uste dut horrek sortzen didala festa hauekiko sentimendu kontraesankorra, horregatik nagoela deseroso, norberaren farra partikularrerako tokia badagoela jakinik eta aitorturik ere, badakidalako norberaren jaiaren gainetik badagoela beste Jai bat, letra larriz idazten dena, proiekzio publiko eta sinbolikoa baduena, politikoa, hortaz, eta badakidalako Jai letra larriz idazten den horren jabeak betierekoak direla, senpiternoak, klasistak, kolonialak, zaharkituak, zoko-usainekoak.

        Baina motz dezadan nire parentesi hau, haritik atera naizelako, eta Beroizi gauza hauek ez diotelako sekula juergarako gogoa kendu, lerro batzuk gorago kontatzera nindoan anekdotak erakusten duen bezala, "el que diga que nunca ha hecho el pata por Sanfermines miente"; bon, gauza da Gaztelu Plazan, desorduetan, hor nonbait zegoen zabor-biltzailearen karrotxa hartu zutela, hiru senar-emazteek, ardo pixka bat edango zuten aurretik, duda gutxi, eta udaltzain batek alto esan ziela, ia nora zihoazen karrotxarekin, ia ez zien lotsarik ematen, isuna jarri behar ziela, eta orduan diplomatikoak, San Sebastianek, egun ezagun egin den Isabel San Sebastian kazetariaren aitak, zera esan zion guardiari, garaian usatzen zen bezala, "usted no sabe con quien está hablando", oso esaldi famatua izan da, boterearekin tratu zuzenean zebilenaren ohiko pasahitza zen, esaldiak harroputz azpiratzailea salatzen zuen, orain gauza zerbait aldatu da, itxuran, funtsean batere ez, bon, "usted no sabe con quien está hablando" esan eta bere emazteak, Cabasesek, zera erantzun, aipatzen dut emaztea eta emaztearen deitura jende horrek halako umore berezia baitu, zera erantzun bere senarrari, udaltzain harrituak jakin zezan, "con un chulo de Bilbao", diplomatiko frankista eta bere senarra zena, bestalde, baina halakoxea izaki, emaztearen ateraldiak tentsio-giroa baretu omen zuen, Beroizek gogoan du berrogei urte geroago, grazia egingo zuen ateraldiak plazan, horrenbeste grazia egiten ez duena da ikustea berdin-berdin segitzen dutela "usted no sabe con quien está hablando"ka, beste hitz batzuekin baina berdin-berdin, eta berberek, edo euren seme-alabek, baina tira, gaitik ateratzen ari naiz, gauza baita San Sebastian horrek berak esan omen ziela Cabasesi eta Beroizi, mozkortzen ibili ziren Sanferminetako gau hartan, harro-harro esan ziela ordurako bazekizkitela Munichen egondako guztien izenak, zeinak esan nahi baitzuen Poliziak zekiela, alegia, Beroizi digestioa eten zitzaion, pentsatuz bere aurkako salaketa zetorrela ondoren, eta arrazoirik ez zuen falta, izan zen atzerriratu behar izan zenik, izan zen deportatu zutenik, Poliziak harrapatu eta galdekatutakorik ere bai, egon zirenen arteko ezagunenak edo esanguratsuenak, Beroizek pentsatu bide zuen bigarren mailakoen txanda zetorrela, nonbait, Beroiz ez zen San Sebastianen oso adiskidea, Cabasesena zen, handia gainera, eta San Sebastian Cabasesen koinata izaki, elkar errespetatzen omen zuten, asko ere ez ziren elkarrekin ibiliko, Munichen egondako guztien izenak zekizkitela esan, eta Beroizek txarrena pentsatu zuen, baina deus ez, alarma faltsua, mihitik tiratu zioten bilbotarrak fitsik ere ez zekiela konturatu ziren arte, harroputzarena egiten ari zela, alegia, nondik ikusten baita bere emazteak arrazoi zuela, eta, hala ere, ederra sustoa, Beroizek dixit.

        Beroiz lekuko izan zen Munichen ELAko zenbaitek antolatu zuten iskanbilan, zer ziren edo nortzuk ziren askoz geroagora arte jakin ez zuen arren; bon, esan behar da kasik dudatzekoa dela haiek beraiek zer ziren edo nortzuk ziren ba ote zekiten, ia berriz hasierako gaira itzuliko ginateke, klandestinitatearenera, hain zuzen, klandestinitatea zer den eta zer dakarren jakin nahi duena saiatu dadila ELAren frankismopeko historia berregiten, esaterako, nik ezagutu izan dut ahalegin horretan ibili den bat edo beste, eta zoraturik bukatu dute, parasma-metxan preso, matazan itota, eszisio, banaketa eta taldekeriazko labirinto batean galdurik, korapiloan harrapaturik. Iskanbila euskaldun guztiak biltzen ziren hotelean izan omen zen, euskaldunena omen zen ordezkaritzarik handiena, kopuruz, eta nik sinetsi egiten dut, hemen jendea etxean ez geratzeagatik edozertarako gauza da, bonbardaketa batean parte hartzea plan ona iruditzen zaio, baita bonbardatua izateko ere, bon, ez dezagun haria gal, Beroizek dio berak kasu egin ziela, esan ziela saiatuko zela EAJko goiko organoetan kezka agertzen, Munichekoak Anabitarte-eta ziren, Aginaga ere bai, nazka-nazka eginda zeuden ezertarako gauza ez sumatzen zituzten atzerriko gobernua eta enparauak, gorputzak martxa eskatzen zien, normala da, begira gero zer etorri den, haiek ere hor zeudela garbi adierazi nahi zuten, liskarra ere horrexegatik izan zen, azken agirian ez zelako Euskal Herriaren eskubidea jasotzen, Munichen Espainiako oposizioaren eta monarkikoen arteko itun bat ikusi zuten, besterik gabe, Salvador de Madariagak hitz hauekin laburbildu zuen: "Behiala askatasuna aukeratu eta lurra galdu genuenok, eta lurra aukeratu eta askatasuna galdu genuenok bildu gara, elkarrekin atzematen hasteko zein bidek eraman gaitzakeen lurrera eta askatasunera", hitz politak inondik ere, lehen ere esan da zerbait hitz politak egiten jakitearen trebeziari buruz, ez ditugu errepikatuko, guri ez etorri hitz politekin, esaten omen zuten euskaldun gazteek, liskarra nahiko handia izan omen zen, Beroizek sostengatzen du, gaur egun ere, Nardiz izan zela benetan kasu egiteko prest egon zen bakarra, arrakasta gutxirekin hala ere; eta, berak egin behar omen zituen kudeaketez denaz bezainbatean, ba, betikoa, alegia, deus ez, ez zioten kasu zipitzik egin. Baina hau beste kontu bat da, hau akats historikoa da, zuzendu ezina ausaz, hala pertsonak nola taldeak hartzen ditu, nahi duenak ikus beza, datuak-eta baditu historia hurbilean; erran nahi baita, euskal nazionalismoak, kolore batekoa edo bestekoa izan, berriz diot, kolore batekoa izan edo bestekoa izan, proportzio diferentean agian, garaien arabera ere bai, ez duela behin ere aintzat hartu Amaren iritzia, are, Amaren iritziaren aurka jo du gehienetan, egiazko ama askorekin ere antzera gertatzen da, denok gabiltza "ama, ama!" aldarrika eta gero kasurik ez, denok gabiltza ama zenbat maite dugun esaka baina gero, egiazko orduan, doala pikutara amaren ustea. Politikan berdin, Beroizek dio nazkatu egin zela Beyrisera joaten eta herriko bileran ia aho batez hartutako erabakiak bi fereka eta hitz goxorekin nola zangotrabatzen eta deuseztatzen zituzten ikusten, horregatik utzi zuela alderdia, zeren, uste dut orain arte ez dagoela esana, Beroizek utzi baitzuen politika aspaldi, Franco hil eta geroko hasierako urte horietako batean, nazkaturik, esaten duenez eta adierazten ari naizenez. Beraz, Anabitartek-eta ez zezaketen enbaxadore okerragorik aurkitu, bon, okerragorik eta hoberik, bakarra izan baitzen. Horretaz aparte, Beroizek gogoan du Aita Olaso, Onaindia alegia, bertan egon zela, Radio Paris leiendazko hartako euskal ahotsa, eta zerbeza eta saltxitxak goxoak zirela, zeren, zertarako uka, ez dirudi jardun klandestino horiek jateko gogoa kentzen ziotenik, aitzitik, detailetara jaitsiz gero aipagarria da saltxitxak ez ezik sardinak ere jan zituztela, Beroizekin zihoan Parisen estudiatutako horrek alemaneraz bazekien puska bat, kimikoa baitzen eta Parisen ez ezik Alemanian ere ibilia baitzen ikasketak osatzen, eta hark kartan ikusi, jatetxe batean, eta ezin sinetsiz, sardinak Alemanian, horixe eskatu zuten... eta latakoak zirela, horrelako detaile txikietatik has zitezkeen Europa zer zen ezagutzen, enfin, nori ez zaio gertatu horrelakorik etxetik lehen edo bigarren aldiz ateratzean, orain ere, hain kosmopolita izanik ere, gertatu egiten da, bestalde bileretan aldi bereko itzulpen-sistema omen zegoen, Beroizek gogoan du hau ere, horrelakorik ikusten zuen lehen aldia baitzen, bidaiatzeak dituen gauzak, kontzentrazio-eremu bat bisitatzera eraman omen zituzten, Dachau uste dut, baina ez nago seguru, eta han, edo harakoan, edo handikakoan, kontuberniokoa ez zen Iruñeko beste ezagun batekin egin zuten topo, hori ere usu gertatzen den gauza da, gutxien espero denean eta gutxien nahi denean, Beroizek dio konturatuko zela norekin zetozen, kontuberniokoak zirela, alegia, baina portatu egin zela, ez zituela inoiz salatu, Iraizoz omen zuen deitura, nik ez dakit haren berri gehiagorik; baina tira, zertarako segi Municheko kontu horrekin, historia, azken finean, albotik adar anitz hazten zaizkion lerro etengabea da, lerro etengabea izatea izaki adarron nahia, baita ere, baina bakar bat iristen da lerro etengabea izatera, bizitzako gauza askotan antzera gertatzen da, asko dira deituak, eta gutxi aukeratuak, idatzita dago, eta ez da dudarik kontubernio hura beste okerreko adar bat baizik ez zela izan, inora joan ez zen bidea, adarrek hasiera eta bukaera baitituzte, eta ez dira etengabeak, benetan etengabea den lerroa albotik edertzen, edo itsusten, duten apaingarriak baizik. Munichen egotean Europan geundela eta egon nahi genuela adierazi nahi genuen, esan ohi du Beroizek, honetaz azken hitza esaten duenean; nik jada ez dakit ezer, baina izango da Europan egoteko modua zein den hausnartuko duenik, ezta?

 

 

Beroizek, egiazkoak, kontrabando pixka bat egin zuen, hori egia da, ez zuen dirurik egin, hori ere egia da, zergatik orduan, edo zertarako, galde liteke, eta, egia esan, erantzunak, niri bururatzen zaidana bederen, nahikoa irrigarria eman lezake urrezko txekorraren garai hauetan, abentura nahia, etxetik atera nahia, besteek bezala egin nahia agian. Berako baserri batetik hartzen omen zuten haiek, Beroizek, Cabasesek eta beste batzuek, enkajezko parpailak pasatzen zituzten, eta fardel asko mugitu behar zela aprobetxatuz, propaganda pixka bat ere bai, hatz mehatxagarria, esaterako, alegia, "Euzkadik behar zaitu" esaten zuen larderiazko hura, "Euskaldunen aberria Euzkadi da", eta abar, eta gero Alderdi, Gudari eta gisakoak. Behin guardia zibilek fardel guztiak harrapatu zizkietelakoa eta Madrilera eraman zituztelakoa ere egia da, Beroizek erakutsi zidan akta, Angel Buendia de Diego brigadak izenpetua, "jefe aprehensor" berau, "Primer Tercio de la Guardia Civil - 301 Comandancia - Primera Compañía - Primera Línea - Puesto de Ronda - Acta de aprehensión - En Madrid a los diecinueve días del mes de noviembre de..., DON ANGEL BUENDIA de DIEGO, Brigada de las unidades arriba expresadas, por medio de la presente acta, hace constar los extremos siguientes: Que hallándose prestando el servicio fiscal para la represión del contrabando y la defraudación por el interior de esta Capital, acompañado de la fuerza que figura al margen como aprehensora, al efectuarlo el día quince de los corrientes por la calle de Martínez Campos, penetraron en la Agencia de Transportes 'España', sita en el número quince de la indicada calle, con el fin de inspeccionar las mercancías existentes en el almacen de la misma, a cuyo objeto fue requerido el encargado, el cual dio toda clase de facilidades para que aquella pudiera llevarse a efecto; recayendo sospechas sobre la expedición número 85187 porecedente de Pamplona y remitida por... y consignada a... Presentado ante la fuerza actuante el que acreditó llamarse Miguel Beroiz Goñi... Seguidamente se trasladaron a la Comandancia, sita en la calle Vallehermoso número 29, donde en su presencia se procedió a la apertura de los citados paquetes, resultando contener NOVENTA Y SIETE metros con OCHENTA centímetros de encaje de piezas y CUATRO MIL SEISCIENTOS VEINTISIETE metros de puntillas... siendo todo ellos de fabricación francesa según etiquetas que ostenta en dicho idioma. Preguntado el remitente por la procedencia y destino que pensaba dar a la mercancia, dice: Que el encaje es de fabricación española, de las casas Volart y Central Encajera de Barcelona, y que ha puesto las etiquetas francesas por que lo destina a la venta y es más fácil darle salida como si fuera extranjera... y que si bien puso al facturar la expedición en nombre de una persona como consignatario de la misma, tenía proyectado recogerlo personalmente en la agencia que hizo el transporte...", kontuan hartzekoa eta eskertzekoa da merkantziaren bila joan behar zuena errugabetzeko ahalegina, "tenía proyectado recogerlo personalmente", akta bitxia da, hala ere, dena egia da, beraz, egia ez dena da CIAko inoren laguntzarik beharko zutenik jeneroa guardia zibilen begietatik ezkutatzeko, bai zera, hori nobelistikari egindako kontzesioak dira, guardia zibil bat erosi omen zuten, Madrilen omen zeuden fardelekin zer gertatuko zain, norbait hurreratu omen zitzaien, agian Terán-en izango zen, jatetxe bat, itxita dago aspaldi, toreatzaileen koadrilakoak-eta, banderilleroak, pikatzaileak, askotan joaten omen ziren bertara, Beroizek halako giro bete xamarrak gustukoak izaki, han norbaitek zerbait esango zien, hau eta hura eta bestea, badakizue, eta baldintzak galdetu zituzten haiek, zenbat eta abar, eta konformidadera iritsi ziren, beraz harrapaketa bakarrik ez, erreskate operazioa ere guardia zibilaren laguntzaz egin zen, gauez, joan ziren materiala dekomisatua zegoen gordetegira, leiho bat apurtu omen zuten, eta bertatik materiala atera; gero, agintariak eta autoritatea epaiketa ezin eginik geratu ziren, ez zegoen-eta, jenerorik; non dago, baina? galdetuko zuten, eta hor inork ez zuen txintik ateratzen, kristo guztiak jakingo edo susmatuko zuen baina. Okerrena, Beroizentzat, geroxeago etorri zen, guardia zibilari bururatu zitzaionean bisita bat egitea Beroizi Sanferminetan, guardia zibila eta bere emaztea agertu omen zitzaizkion, eta haren lehengusu bat bere emaztearekin, hori ez omen zen baldintzetan sartzen, baina guardiak usteko zuen edo zilegi irudituko zitzaion, Beroizek dio gaizki pasatu zuela, eta sinestekoa da, elementu haiekin ibili beharra jaietan, pare bat egunez, Beroiz parrandazale samarra izaki, bon parrandazale-parrandazale ere ez, zeri esaten diogun parranda, intentsitate ezberdinekoak ere izaten dira, zehatzagoa da esatea bera zela hemen, erdaraz, "ibiltaria" esaten dena, jende mordo bat ezagutzen zuen, hau herri txikia baitzen eta baita, gainera, nekeza gertatuko zitzaion guardia gonbidatuarena azaltzea kontrabandoaren afera salatu gabe, moldatuko zen, hala ere, bata zein bestea ezkutatzeko, baliabide falta ez du Beroizek sekula eduki, horrelako gauzetarako, batez ere; Vuelta a España hartan Urbasan petardoa jarri zutenean ere bera ikustera joandakoa zen, eta han egokitu zitzaion, denei bezala, sekula iritsiko ez ziren karrerista batzuen zain egotea, luze, harik eta, etorriko ez zirela etsirik, autoa hartu eta etxera itzuli zen arte, bazegoen jendea bide bazterretan, trumilka, denak galde eta galde, zer gertatu zen jakin nahirik, eta jende talde bakoitzari azalpen bat ematen zion, denak ezberdinak, eta artean berak ere ez zuela ideiarik txikiena gertatu zenaz, lehergailu bat jarri zutelakoa ere esan omen zuen, ustez eta, agian, horixe zela gezurrik handiena, horixe zela egia berdaderoa. Gezur txikietan ibiltzeko gustua oso berea zuen, "aurrena beti gezurra" esaten zuen, txantxetan, zirikatzeagatik, jendearen lepora irri egiteagatik, baina gaiztotasunik gabe eta umorez, gezurrarekiko gustu, esan dezagun, filosofiko samar batekin, jenero humanoaren berezko ergelkeria frogatzeko oso baliabide merke eta eskurakoa zelakoan, eta bera ez zegoela libre jakinik, ez horixe, bera ere engainatu baitzuten, eta ez gutxitan, eta ez bakarrik politikan, eta dezente gaiztakeria eta asmo txar handiagoarekin. Gezurrarekiko gustu hau, esplikatu behar ez diren arrazoiak medio El mentiroso deitzen zuten anarkista batengandik omen zetorkion, hau Paco Gorraizen oso laguna, Gorraiz hau ere anarkista zen, Beroizek gerra ondoko urteetan ezagutu omen zuen Paco, urtegiak eta karreterak egiten zituen zigor-batailoi horietako batetik libratu zutenean, eta oso akordu ona gordetzen du Gorraiz zenaz, politikari buruz ere aritzen ziren solasean, El mentiroso, bere aldetik, gezurtero ia profesionala zen, guztiei txitxarroa sartzea gustatzen zitzaienetakoa, disimulurik gabe, eta handiena nork kontatuko ibiltzearen zale, baita ere, baina irri egiteko plazer hutsez. Bazuen Beroizek gezurren sailkapen moduko bat, El mentiroso horrengandik jasoa edo hari erdi ikasia, nik uste, "errukizko gezurra" ez ezik "irudimenezko gezurra" eta hori bezalako beste kategoria batzuk biltzen zituena, ez dut gaia ikertu baina batek daki sailkapena Aristotelegandik edo ez den etorriko, auskalo, gehienetan hala gertatzen da, hazka hasi eta beti agertzen da greziar bat, El mentiroso hura Gursen edo Argélesen edo horietako batean ibilia zen gerra ondoren, beste asko bezala, eta, entzutekoak ziren ordukoaz kontatzen zituenak, Gorraizekin zegoenean; esaterako, janari-partiketan, lerro luzean zain zeudela, eta halako batean geroago iritsitako norbaitek aurrea hartu nahi izan ziela lerroan, eta hark orduan alto esan, eta besteak kasu egin ez, eta orduan, "le meto una hostia...", eta aurrera pasatu nahi zena lurrera, eta halako batean zorutik altxa... "ahívadios, y era Tito!", eta Gorraiz eta El mentiroso irriz lehertzen, eurak bakarrik, eta nahikoa. Anarkisten kontuak. Beroizi mingostasun puntutxoa pizten zaio, ordea, gogoratzen duenean Paco Serranorekin zegoenean Paco Gorraiz ez zela hurbiltzen, eta inoiz elkarren aurrean suertatuz gero haginak erakusten zizkiotela elkarri, eme bera lortzeko borrokan askotan ibilitako bi txakur zahar bezala, ez dago egur bereko ziria baino kontrario gaiztoagorik, sektarismoa ez izaki nazionalisten bekatua bakarrik, ez horixe, unibertsala da, zer banatu dagoenean disimulatzen da bastante, gainerakoan areagotu, esaterako tirriki-tarraka dabilenaren seinale unibertsala da, ez esateagatik galtzaileen seinale, eta ez sartzeagatik galtzaileen estetika faltsu horretan, komunista puta hauek, esaten omen zuen Gorraizek, baina gero, batzuetan, aitortu ere egiten zuen, anarkistek egiten zuten moduan egitera, gerra egiterik ez zegoela, muino bat hartzera abiatu baino lehen asanblada, diskutitzen hasteko asaltoaren gorabehera guztiak, nork eramango zuen metrailadorea eta nork mandoa munizioekin, eta deliberatu orduko etsaia muinoz aldatu edo, okerrago, etsaiak erasoa jo eta hitz egindako guztia ezertarako balio ez, zenbat listu alferrik galdua, orduan hankei eragin, eta bizia salbatzeko, lanak. Dena den, ez da alde batera uztekoa jende honek, guztiarekin ere, erakusten zuen bestearekiko eramana, esan nahi dut, ideologiaren gainetik elkar ondo konpontzeko gaitasun hori, guk sekula edo guretako ia inork ia sekula eduki ez duena, gu eskasagoak garelako edo bizimodua bera bestelakoa zelako ote den, hori ez dakidana da.

        Urbasako petardoarenean, hurrengo egunean, alegia, lehergailu bat izan zela jakin zenean, orduan halako izerdi hotz bezalako zer edo zer sartuko zitzaion agian Beroizi, eta hori ez zekielarik benetan gauza zertan izan zen, nahiz eta gero Alderdik esan dena kontrolatuta zegoela, bereziki prestatua biktimarik ez gertatzeko, gezur hutsa, txiripaz ez zen deus gertatu, edozer gerta zitekeelako, aktibistek lehergailua jarri eta alde egin zutelako, Vueltaren antolamenduak emandako gutxi gorabeherako ordutegia kontuan hartu eta, horren arabera, eztandaren ordua jarrita. Zer gerta zitekeen karreristak aurreratu balitez, esaterako, edo inguruan ikuslerik egon baledi, zeren lehergailuak errepidean egin zuen zuloa ez baitzen txantxetakoa izan, metro batzuetako diametroa eta sakonera, eztandak barreiatuko zuen galipotik, eta harririk, eta porlanik inguruetan, ausarki, baina tira, zortea eduki zuten eta ez zen ezer gertatu, karreristak ez ziren aurreratu, Santisteban omen zebilen ihes eginik, edo Uribezubia, ez nago seguru-seguru, liderrei eta figurei minik ezin egin zien gizona, edonola ere, eta eskerrak, Santistebanek edo Uribezubiak berak ez zekien bera beste bat gehiago izateak zenbat bizitza salba zitzakeen, Perez Frances edo Janssen izan balira, auskalo. Oihartzuna ikaragarria izan zen, ekintzaren arrakasta erabatekoa izan zen, Vuelta, bere osoan, bertan behera gelditzeko arriskuan egon zen, Janssenek ez omen zuen atera nahi, ez omen zuen ezer jakin nahi, Gimondik ere zalantza handiak omen zituen, eta Perez Francesek esaten zuen honelakoetan esaten den esaldi famatua, Gimondi ez bada ateratzen ni ere ez; ez nuke horiz modu honetan jantzi nahi. Kontua da mundu guztian jakin zutela euskaldunak ez zeudela konforme Francorekin; azkenean etapa suspenditu zen, hurrengo egunean egin zuten Iruñea-Donostia, eta horretan ere, bidean, iltzeak edo jarri zizkieten, esanda dago, arrakasta izugarria, zortea ere, izugarria, nonbait, eta lehergailua jarri zutenak, eta jartzera bidali zituztenak, eta jartzera bidali zituztenen lagunak, denak pozik, besterik izan zen gauzak gaizki atera zirenean, orduan denek pasatu zioten pilota elkarri, inork ez zuen zama hori beretzat nahi, orduan dena zen besteren errua eta "banengoen, ba!" esatea, Beroizek aski garbi erabakitzen du kontua, inork ez duela galtzaileekin geratu nahi dioenean, jendeak arrakastaren gurdira igo nahi izaten du kosta ahala kosta, hildakoekin edo gabe, baina ez du sekula porrotik nahi, porrota, hamarretatik bederatzi t'erdian, askoz etikoagoa izaten den arren, bon, hala da beti, eta ezin da beste modu batez izan, orain ere ez gara hasiko atzo jaio izan bagina bezala. Eta, Beroizek berresten du beste hainbat tokitan irakurria eta entzuna, goiko esferakoek bazekiten, alegia, mundu guztiak zekien ezer jakin gabe, beste aldera begiratuz, izarrei begira jarriz eta txistu eginez, hortik zehar entzun edo leitu dut behin Ajuriagerra eraman zutela autoan, batetik bestera, kasik lehergailu gainean eserita, praktikamente, azkenean konturatu omen zen, zer da hau, esango zuen, zer izango da, ba, erantzungo zioten, a, ja, ja, noski, eta txistu egingo zuen ilargiari begira. Zeren txistua, gure artean, beti izan da tresna preziatua.

        Dena den, ikusi dugun kontrabandoaren atzemate-aktan bada beste esaldi aipagarririk, jeneroak zergatik daraman etiketa frantsesa justifikatzen duena, "...que ha puesto las etiquetas francesas por que lo destina a la venta y es más fácil darle salida como si fuera extranjera...", irrigarria da, zinez, hor zuzen-zuzen egiten dio laidoa Espainia Handiari, nork eta guardia zibil batek, konturatu gabe izango zen, noski, aitortzea baita jendeak kanpokoa nahiago zuela, Europakoa, zehatz esanda, zeren Europak beti eduki baitu prentsa ona, gertutik ezagutu dugun arte behintzat, Europa beti izan da, frankismoaren garaian hazi garenontzat, lurralde liluragarri baten izena, landia bat, eta guretzat hala bazen, gu baino zaharragoak zirenek hala erakutsi zigutelako izango zen, ilusio bat. Europan askeak ziren, eta ondo bizi ziren, eta kultuak ziren, izugarri kultuak, eta goapoak ziren, eta sexualki askaturik zeuden, eta justuak ziren, hau da, Europa zen gu ez ginen guztia, gu ez ginelako askeak, eta halamoduz bizi ginen, analfabetokeriatik gertu geunden, ñarroak ginen, eta sexualki erreprimituak, eta gure egoeran ez zegoen batere justiziarik, Europa aro ilun hura bizigarri egiteko behar zen mitoa zen, egunean batean Franco desagertuko zen, eta Europak bere besoak zabalduko zizkigun, euskaldunoi ere bai, eta orduan gu ere aske, kultu eta goapo izango ginen; bi jende klasek baizik ez zuen Europarekin nolabaiteko harremana, nolabaiteko, esan dezagun, ezagutza erreala, nahiz eta hau, Beroizena bezalako kasuetan, askotxo esatea den, batzuk ziren noizbait, kontu profesionalen bat medio, Europara bidaiarik egiten zutenak, sar dezagun Beroiz talde honetan, berea, arrazoi profesionala baino gehiago, arrazoi politikoa edo konspiraziozkoa izan arren, bon horiek ziren lehen taldekoak, eta bigarren taldekoak emigranteak ziren, Suitzan eta Alemanian, batez ere, ibili zirenak; eta hauek bai, hauek bai zeukatela Europaren gaineko ezagutza erreala, eta, ziurrenik, beren ikuspegia ez zen oso mitozalea izango, baina, egia esan, guk halako gutxi ezagutu genuen, eta gainera, itzultzen zirelarik, ez zitzaien kasu handirik egiten, haiek, gu bezala ñarro eta inkultuak izanda, edo are, ñarroagoak eta inkultuagoak, ez zirelako gai Europako edertasuna eta goitasuna atzemateko, euren aferak gaizki bazebiltzan euren errua zen, eta ez Europarena, hau ere usu gertatzen den fenomenoa da, ez dago ikusi nahi ez duena baino itsu handiagorik; orduan bazebilen Movimiento Federal Europeo deitzen zen erakunde bat, 1948 urtean sortua Movimiento Europeo izenarekin, Federal geroago etorri zen, nahiz eta hasieratik federalistatzat aldarrikatu bere burua, Europako alderdi demokrata handi gehienak, demokratakristau eta beste, biltzen zituen, alderdi komunistarik ez, ordea, Gerra Hotza ez izaki ahuntzaren gauerdiko eztula, bon, mugimenduko horiek beroriek antolatu zuten Municheko besta, uste dut mugimendua oraindik ere bizirik dela, formolean sartuta, esango nuke, baina zer nahi duzue, beste zaldi galtzaile bat izan da, baina orduan munduan egotearen marka zen, Iruñean jardunaldi batzuk antolatu zituzten, "Demain Europe" izen erakargarriarekin iragarri zirenak, eta egin zirenak "en un francés perfecto, claramente inteligible para los oyentes pamploneses", bai zera, hori marka, euskaraz ia inork ez noski, gaztelaniaz ere nekez, batzuek, eta frantsesez bazekitela esatea, horren metodo irrigarriekin nahi bazuten jende xehearen grina piztu eta erakarri, ez da harritzekoa eduki duten arrakasta gutxi edukitzea; "Europako batasuna prozesu luze bat da" gaztigatzen zuen hizlarietako batek, zeinari kronistak "ikuspegi errealista eta arazoaren ezagutza sakona" egozten baitio, "Europa federalistaren ideala" aldarrikatzen bukatzeko, horixe baitzen kontua, herrien Europaren ideia aldarrikatzea, ai ama, nola egin behar zuten irri frankistek eta gainerako putreek gure gurasoek —gure aitek, batez ere—, antolatzen zituzten zanbra horiekin, "hau bezalako gazteriarekin Europako batasuna biharko errealitate zoriontsua izango da", bukatzen zuen Movimiento Federalista haren kronika idatzi zuen artikulugileak, igarle eta aztirako ez zuen preziorik, ai ama; baina egia dena da horrek marka bat utzi duela guztiongan, hainbatetan aipatu izan den kontua da, niretzat Europa gogoan txertatu zitzaidan lehen Arkadia mitikoa izan da, lehen mito batek baizik ez duen indarrez txertatu ere, eta harrigarria da konturatzea ezen, gaur den egunean ere, ertzak ongi definiturik dituen mito bat dela, zenbait arima-egoera berezietan berregin dezakedana, dasta dezaket nigan eragiten zuen lilura zer koloretakoa zen, are zer usain eta zer zapore zuen, zer itxaropen, zer ilusio-egoera sorrarazten zuen nigan; Europa mitiko horretan —orain berrogei urteko ikuspegiaz ari naiz— denak, neskatoak eta mutikoak, andreak eta gizonak errubioak ziren, Nina & Frederick bezala, eta denek aingeruen ahotsez kantatzen zuten, Nina & Frederick bikoteak bezala; euren lurraldea oso hotza zen, baina zurezko etxe ederrak zituzten, sutondoetan su-alai batek berotzen zituen zoko guztiak, eta elurra maiz egoten bazen ere, elurra kasik jolasteko, leran ibiltzeko eta txirrist egiteko aitzakia baizik ez zen; denek maite zuten elkar, auto handi eta ederrak zituzten eta, nik dakit zergatik, larruzko jaka eta beroki eroso eta dotoreak janzten zituzten, hotzarengatik, noski, esango du txistezaleren batek, baina nik "nik dakit zergatik" idatzi dudanean esan nahi nuen ez dakidala zergatik imajinatzen nituen beroki eroso eta dotoreekin; askatasunaren lurraldea izateari buruz, nahikoa zen mugako arraia pasatzea ikurrina libre ikusi ahal izateko, zertarako nahi genuen froga gehiago. Haur baten neurriko mitoa da, bistan denez, orain berrogei urte osatua, errepikatuko dut, baina nago helduen buruetan antzera proiektatzen zela; gazteek sexu-askatasunaren paradisuari dagozkion tonuekin, eta heldu edo zaharrek, askatasun politikoen eta demokraziaren erabateko errealizazioaren ikurtzat. Gero suertatu zitzaigun Europa pixka bat ezagutzea, turismo eginez baizik ez bazen ere, eta geroxeago Europa izatea, eta norberak bere ondorioak atera ditzala. Europa ez zegoen beso zabalik gure zain, aitzitik, Europak bizkarra eman digu, mitoaren eduki guztiak amildu dira banan-banan, agian berokiarena da eutsi dion bakarra, zertarako gehiago aritu; baina, justiziazkoa da aitortzea gure inozokeriak eta gure ikuspegiaren naïf-keriak honetaratu gaituela Francok eta Europak berak bezainbeste.

        Franco hil eta gero, laurogei urteko hamarkadaren hasierarako, ordea, ikuspegi inozo horiek gaindituta zeuden. Garai horietan jada baziren zer zetorren ikusten zuten buru argiak edo argituak, nazioaz gaindiko erakunde politikoetara goaz, esaten zuten orduan, honek esan nahi du bere estatua eratu nahi zuten Europako nazionalitateek uko egin behar diotela nahikari honi; gaurko estatuek zailtasunak edukiko badituzte Europa berrian, are eta arazo handiagoak edukiko dituzte estatu berriek; nazionalismoak berriz pentsatu behar du soberaniaren kontzeptua, nazioaz gaindiko sistema baten barruan oraingoan; gaur egun, Euskadi sozialista eta independienteaz aritzea —kontuz, hitz hauek orain 20 urte idatzita daude—, hemeretzigarren mendeko eskema da. Beroiz eta enparauak Munichen egon ziren Europan zeudela adierazi nahi omen zutelako, eta gaur da eguna non gauden oraindik ez dakiguna, edo sobera ongi dakiguna, nahiago bada.

 

 

Uste dut lehen ere aipatu dela, poliki-poliki Beroiz joan zela politika aktiboa uzten, azkenerako laurogei urteen hamarkadako lehen urteetan erabat utzi zuen, utzi zuen alderdia, utzi zuen dena, azkenean boto emateari ere utzi zion, "ni ez naute gehiago engainatuko" da, horretaz diharduenean, ateratzen zaion gerra-oihua, "zuretarrek ere ez", gaineratzen du gero, niri begira, niretarrak nortzuk diren nik neuk jakingo banu bezala, "zuretarrek gutxiago". Uste dut niretartasun eta zuretartasunaren kontu honetan jende guztiak segitzen duen ildo nagusia segitzen duela, eta kezkatzen hasteko modukoa ere bada, sasiko jardunak horixe dakar, ikusten ari gara egunetik egunera; ezin dakioke aireari kolperik eman, eta orduan taktika da aireari aurpegia jartzea, munstroari begiak, sudurra eta ahoa ipintzea, nabariagoa izan dadin kolpea, begia ubel dadin, sudurra hautsi dadin, ahoa itxi dadin, turko-burua nahi dute, ez dakit nola den euskaraz, baina tira, utz dezagun kontu linguistikoa alde batera, turko-burua nahi dute eta turko-burua edukiko dute. Nahi beste, gainera, eta orduan "zuretarrak" eta holakoak botatzen dizkizute, zuri atxikiz esan eta egin dituzunak eta esan eta egin ez dituzunak baina agian egin zenitzakeenak, edo bestek egin ondoan oso begi txarrez begiratu ez omen dituzunak, eroen kontua da, sinets iezadazue, negar egitekoa ez balitz irri egitekoa ere izango litzateke, ostia bat zozketatzen ari dira eta zuk dauzkazu numero guztiak, txikitan hala egiten genion mehatxu elkarri, baina berdin da, ostikoa igual-igual eroriko da, esan edo egin dezakegun ezerk jada ez du ezer aldatuko, ea txiripa hutsez ez gaituen harrapatzen; badu bere zera, zuretartasunaren kontu honek, batzuk inorena ez den lurrean geratu gara, futbol-partida bat balitz jokoz kanpokoan harrapatu gaituztela esango nuke, inorena ez den lurrean, eta batzuentzat katu guztiak, gauez, beltzak diren bezala, beste batzuentzat ez gara ezer, egon zaitezte isilik eta ez mugitu, eman dute kontsigna, eta nahi dute isilik eta mugitu gabe per secula seculorum geratzea, nahi dute ez ikustea hogeita bost, ia hogeita hamar urte pasatu direla Franco hil zenetik eta egundoko okerren gaudela, edo ikusten dugun edo ez berdin zaie, baina ez esatea nahi dute, nonbait, baita jarrera hori geure hilobiaren zuloa prestatzea bezalakoa dela argi ikusten dugunok ere, baina horretan oso oker daude, batzuk eta besteak, katu bakoitza den kolorekoa da, eta ez gara isilik eta geldi egongo, hori justifikatzen duenik ez dago, ez aberririk, ez fideltasunik, ez historiarik, azkenean norberak badaki zer komeni zaion eta hori bezalako aberririk ez dago, nire aberria ez bazait komeni aldatu egingo naiz aberriz, horra nire jokabidearen azken muga, eta azken muga horretan apenas dagoen niretarrik, ikusten, Beroiz, zuretarrak aurpegiratzen didazu eta zuretarrik, niretarrik, ez dago, baina bai, bide honetatik segituz gero arrazoia eman beharko dizut, ondo egiten duzu inork ez zaituela gehiago engainatuko esaten duzunean, eta horretan gu ez gabiltza, eta ez gara ibili, zu baino hobeki, gu ere engainatu egin gaituzte, eta ez gutxitan, gutxi, eta txar, eta galtzaile, eta pobre, eta... izatearen desabantailak, baina tira, utz dezagun gaia beste baterako, beste hainbat liburu idazteko adina ematen du, baina ez dago kuidadorik, idatzi egingo dituzte, liburu hori egunero idazten ari dira, itzul gaitezen Beroizengana, maldan behera fisikoa hasia zitzaion jada, gero bizitzak aurpegi itsusia erakutsi zion, emaztea hil zitzaion, zeukan negozio txikiak kiebra jo zuen, ezer ere gabe gelditu zen, jendeak esan ohi zuenez, goian zerua eta azpian lurra, edo esaten ere duenez, esku bat aurrean eta bestea atzean, seme-alaben laguntza eta konpainia baizik ez, eta hau, usu, hutsaren hurrengoa izaten da, bizitzaren legea, baina, hitz batez, oso zahartzaro latza aurrean zuela, ez dio aurrea galdu, ordea, duin eutsi dio, bakarrik eta dirurik gabe izanik ere, beharbada horregatik eduki nuen beti dispuesto berarekin hitz egin nahi nuenean, bere hondamendi ekonomikoaz ez du gauza askorik esaten, hartara ezkero ez du gaia ezkutatzen, ezta ere, esango nuke bizitzaren beste gorabehera bat bezala onartzen duela, nik ez nion indarrik egin porrot ekonomikoaz mintza zedin, zertarako, jaso ditudan informazio-apurrak zeharbidez iritsi zaizkit, gizona ongi bizi izandakoa da zortea bukatu zitzaion arte, zortea edo, enpresari txikia zen, enpresa familiaren luzapen bat bezala ulertzen zuen horietakoa, alegia, jada gelditzen ez den horietakoa, nik ez dut esango hori ona denik, ezta oraingo marrazokeria hobea denik ere, kontuak kontu, bere sei-zazpi langileren aseguruak ordaintzeko leporaino sartu zen bankuekin, urteetako gauza izan zen, eta gero eta diru-sarrera gutxiago eta gero eta korritu handiagoak, azkenean zuloa, beltza ez ezik, handia ere bazen, nola edo hala eman zion errematea bere negozio txikiari, langileei plusbaliak aterako zizkien urteetan, urte onetan, baina gero bera haiek baino miserableago gelditu zen, baina zorrak kitatu zituen, bederen, eta orain nahi duenean joan daiteke Josafateko zelaira —Beritxitosera, Larekiren baratzera, hemengo iruditeria kolektiboan— mundura etorri zenean —artisau baten seme—, bezain esku hutsik; berak ez dio aferari garrantzirik ematen, lehen ere esan dut, baina niri, aldiz, garrantzizkoa iruditzen zait datua, bizitzan zehar pertsona batek bildu duen ondarearen tamaina bizitza horren laburpena ere bada, ez dut esan nahi ondaredun hiltzen direnak oro lapur hutsak izan direla, baina beti ez da dena, ezta gutxiago ere, azeriaren bizkortasuna, negozioetarako bista ona, lanarekiko amodioa eta aurrezkiaren bertutea oso garatua izatea, ezagutu duenak dio Beroiz ez zela azkarrena, baina ezta tontoena ere, langile zintzoa bai beti, zor-ordaintzaile ona, eta aurrezki kontuan, normal: familia aurrera atera eta ahalik eta ongien bizi, besterik gabe, estuasunik gabe eta gustu pixka batekin baina besterik ez, dirua parrastan barreiatu ere ez, hamabostean behin ehun duro jokatuko zituen Euskalen, noizean behin bazkari onen bat ere bai, mila pezetako bat patrikan beti, baina kitto, handik aurrera ezer apartekorik ez; bere korrelijionario guztiak ez bezala, ez horixe, horietako askotxo Francorekin oso gaizki bizi zirela esan baina ederki aberastu baitziren, jakaz aldatu ere dezente, beste batzuk sorbaldak uzkurtzen zituzten, zer egingo diogu, ba, esango balute bezala, nik ez dut ezeren errurik, aldarri nazionalistak egingo zituzten lagun zaharren aurrean, ongi geratzeko lagunekin eta haien kontzientziarekin, baina gero gauez esker oneko otoitzak egingo zituzten diktadura txerri eta usteldu horren kariaz pilatzen ari ziren sosengatik, eta beste batzuek, betiko familia onekoen, handikoen sailekoek laster ikasiko zuten Ferrolgo ipotxak ez zuela euren industriak izorratzeko batere asmorik, postura arrazoizkoak hartzen bazituzten, bederen. Hau beti izan da jende honen, hauetako askoren oztoparria, ikuslegoari begira idealismo erretoriko hutsal eta mamirik gabeko bat erakutsi dutela, erakustea maite izan dutela, baina gero ez dutela beretik sekula deus jarri nahi izan balantzan, nolabaiteko operetako edo zarzuela bateko protagonistak bailiran jokatu dutela ia beti, dekoratua bera baino kartoizkoagoak izan direla; jende xeheak laster ikasi zuen noizbehinkako ikuskizun moduan ez zegoela txarto, baina ez zituen seriotzat sekula hartu, eta ongi egiten zuen, bestela komeriak, a zer atarramentu, holako troupe bati egiazko ardurak emanez gero, herria jakintsua da. Gainera, pasatu dira hogei, berrogei, hirurogei urte eta gaur da eguna zeinean beren heredero politikoek berdin segitzen baitute, horiek lehen beren patrikari eta beren erosotasunari begiratzen diote, eta gero ideiari, uste dute, nonbait, horrela inora irits daitezkeela, iluso gaixoak, oso ideia komikoa dute politikari buruz, iruditzen zaie, ausaz, besteek beren maskaradarako laguntzaileak izan behar dutela, beren operetako tramoistak, besterik ez; beti etorri zaie ongi tonto batzuk izatea, kanoi-haragia esaten dena, beren funtzio partikularrari lustre pixka bat emateko, horretarako bakarrik, protagonistak eurak baitira, besteek jar dezatela sufrimendua, eta odola, eta lana, egin dezaten morroi-lana gure familia handi eta ospe handikoen alde mirabeari eskaintzen zaion gurasokeriazko ferekaren eta handinahikeriazko bi hitz goxoren truke, ferekatu zaituen esku honek Sabinori berari zerbitzatu zion txakolina, gure aitonaren Bilboko etxera bilerak egitera etortzen zenean, horietako batean diseinatu zuen ikurrina, ni bertan nengoen, oso txikia nintzen arren; hauek uste zuten goapoaren goapoez jendeak segituko ziela, Burberrysa janzteko zeukaten modu airosoarengatik, uste bide zuten politika pose bat baizik ez zela —estetika idaztekotan egon naiz, oker handia litzatekeena, arraioa—; jakina, idealen aldeko entrega pixka bat zuten ale apurrek, memelokeriez asperturik, aspaldi alde egin zieten, beste nonbaitera joan ziren, edo etxera, eta askok esan zuten, bistan denez, kanoi-haragia geu garenez, hiltzen garenak geu garenez, berdin hilko gara, baina ez zarzuelero hauen mesedetan, gogorra ematen du baina egia da, galde diezaiotela Ultzaman, 69an, mila puskatan zartatu ziren bi zorigaiztoko horiei, EGIkoak, bai, gero denak ETAra joan ziren, zergatik izango da, zer egingo zuten, bada. Eta berdin-berdin segitzen dute, ikusita nago ni, denbora luzeegi ez dela, eurenek poltrona pixka bat dastatzeko eduki zuten aukera bakar eta laburrean, kargua eskaini eta uko egin zionik azeriazko keinu batez, begirada kalkulatzailearekin, ba, orduan, hiretarretan ere sinesten ez baduk, zer ari haiz politikan, oso gauza lohia eta endekatua da politika, egia da, baina oraindik ez da zirku bat, gero eta antz handiagoa duen arren.

        Baina, jakina, hau guztia nik diot, eta ez Beroizek.

        Beroiz ere astolana egiten zuen morroi fina izango zitzaien, diskretu eta eraginkor, eta ez dakit hala ere horretaz kontzientzia noiz hartu zuen, "ni ez naute gehiago engainatuko" horrek kontzientzia hartu zuela esan nahi badu bederen, ez dakit, uste dut, puntu honi dagokionez, ez dudala erabat atzeman bere sentimendua, oroitzapenak ez dira hain txarrak, buru eduki zituenetako batzuk errespetatzen ditu, Ezkurdiaz eta Agerrez ondo mintzatzen da, harentzat agian agure beneragarriak izango ziren, edo ia-ia, baina Irujoz ere begirune handiz hitz egiten du, eta hala ere, engainatu dutela arranguratzen da, eta Irujoren jardun politikoaren gainean, berdin, nik ez dut bizi izan baina etengabeko frustrazio bat bezala atzeman izan dut harreman hori, Beroiz eta enparauak joaten ziren, behin eta berriz, beren ideia eta iritziekin, eta buztana hanka artean zutela itzultzen ziren beti, konstante bat da, euren interesak eta ikuspegiak sekula ez zetozen bat aparatukoenekin, orduan nola ulertu gauzak, nola ulertu ontzi berean egotea, bidelagun, eta egia esan, ez dakit, ez dakit baina iruditzen zait lotura ideologiko oso oinarrizko baina aldi berean oso irmoa zegoela izango dela azalpena, Beroiz euskalduna zela bazekien eta demokrata zela ere bai, eta uste zuen alderdiak bi tasun horiek garatzeko modua ematen ziola, kitto, gero ere egia da Irujo batek, demagun, prestigio handia zuela bazterrotan, eta bazekiela prestigio hori kudeatzen, hala esatea zilegi bazait, jende horrek beti daki. Lehen ere aipatu dut, Beroizek anaia bat zuen, Patxi izenekoa, gazterik hil zen anaia, eta Patxi hura ere euskal nazionalista zen, baita demokratazalea ere; Irujok, anaia hil zorian zegoenean, gutun batzuk idatzi zizkien biei, Beroizek oraindik gordetzen ditu, nik ikusita dauzkat, "Amigo mío —idazten dio Irujok hil zorian zegoen anaiari—, usted es un hombre y sabe dar cara a las contingencias de la vida", eskola zahar bat eta jakinduria zahar bat dago hitzotan, belaunaldi batzuk geroago galdu dena, orain ez dakigu zer esan, batzuetan, zer esan ez dakigunez, ez dugu ezer esaten, eta hori zakarkeria handia da, baina askotan okerragoa da ahoa irekitzen dugunean, zu gizon bat zara, zu gizon bat zara eta jakingo duzu, erraz esaten da, ez du deus esan nahi, eta hala ere efektua sortzen du, beharbada hala gertatzen da beti hitzekin, hitz madarikatuekin, "No sabe usted, aunque se lo dijese, la satisfacción que yo tendría yendo ahí, cerca de su enfermedad para departir con usted y con ella cara a cara", hor esandakoa ez da dudan jartzekoa, gaixoa hiletsi zutelarik Juan Ajuriagerra iritsi zen eriaren ohe ondora, detaile bat da, beharbada horixe da Miguel Beroizek eskertzen duena, gizatasun hori, gero Jainkoaren aipua dator behin eta berriz, modu ezberdin batzuetan, eta azkenik, Patxi Beroiz laster itzaliko zen kandela-muturra baizik ez zenean, Irujok berriz, azken gutunean, "me despido de usted hasta siempre" ez, Irujo ez zen Telesforo bezain poeta, baina artez joatea ezin zaio diskutitu; hor konpon, nik esan nahi dudana da atzematen diodala Beroizi Irujorengatiko begirune sakona, eta aldi berean, frustrazio etengabeak sortutako diferentzia politikoa, jada ez gaude ohituta horretarako, are okerrago, gaitasun hori galtzen ari gara, harreman pertsonala eta harreman politikoa bereiztearena, alegia; bon, lehen idatzi dut "Beroizek Irujori egiten dion epai politikoa", edo horrelako zerbait, eta ez da zuzena, alegia, epaia egiten duela askotxo esatea da, Beroizek berak aitortu baitzidan mintzatzeko elkartu ginen estreinakoan, "ez dut kronista politiko izateko pretentsiorik, baina ez dut gaur arratsaldez beste egiteko hoberik ere", beraz epaia ez, baina behintzat iritzi bat ematen duenean, "beste bizkaitar bat gehiago" zela gaineratzen du, enfin, baliteke nire ulermen-arazoaren oinarrian gaur egungo intolerantzia-haizeak baizik ez izatea, alegia, ezin ulertu izatea diferentzia politikoaren gainetik egiazko adiskidetasuna, begirunea eta hori bezalako gauzak lora daitezkeenik, eta neronek ere edukiko dut kulpa-zatia nire ezin ulertze honetan, baina hala ere ezin ukatu daiteke egungo giro politikoak ez duela asko laguntzen, nik neuk besteren jokabideak —konforme egon edo ez— ezin ulertu izateak amorratzen nau gehien, horrelakoetan ez dakit datuak falta ditudan, eta hori balitz barkatu egingo nioke neure buruari, edo datuak ez eta inteligentzia ote den falta dudana, eta honek min egingo lidake, edo ulertzen ez ditudan horiek eta ni neu mundu diferenteetan bizi ote garen, hau ere litekeena da, azkenean berdin da, azken buruan beti egozten zaio diferentzia interes bati, denok egiten duguna da, ez nik bakarrik, eta horrela leuntzen da apur bat ezin denetara iristearen barneko drama txikia, horrek inoren adiskideago egiten ez gaituen arren, gizabidez jokatzeak ez diola inori ausardia ukatzen esan ohi da, espainolez, baina igual-igual esan zitekeen kabroia izateak ez duela inor kobarde izatetik libratzen, ez dakit ulertzen den, baina berdin da; esaten ari nintzenez, Beroiz langile isil eta preziatua izango zitzaien, han eta hemen historialari ofizialak, Claveriak, hain zuzen, egiten dizkien aipuak horren seinale, neurri batean erretorikoak direla ezin uka, baina ez da erretorika hutsa hala ere, zerbitzari leial izango zitzaien, Miguel Javier Urmenetarekin elkarrizketa bat presta ziezaion Manuel Irujok eskatu zion hartan bezala, Beroiz Miguel Javierren adiskidea zen edo izandakoa zen, Division Azul delakoarekin Errusiara nola partitzen zen harriturik ikusi duen horietakoa, bera izaki "orain begiratu behar duzue gerra nola egiten duzuen, ez norekin" esaldi famatua esan ziena, Beroizek dio Irujo baikorra zela Espainiako aldaketa politikoari buruz, eta uste zuela Miguel Javier oso gizon garrantzizkoa zela, Nafarroako nazionalismo eta demokraziarako, balizko aldaketa horren orduan, Irujotarren eta Urmenetatarren artean bazeuden betidaniko loturak, gero bazegoen Urmenetatarren leinuaren ibilbide politikoa, Miguel Javier bera Nafarroako Euskal Ikasleen burua gerra aitzin, bere aita NBBko burua, bi osaba propio NBBko ordezkaria bata eta Euzko Etxeko buru bestea, Beroizek dio gerraz geroztik harremana galduxea zuela, Madrilen ikusi zuela behin, bera bere negozio-bidaia horietako batean omen zebilen, topo egin zuten edo zita egin zuten, ez dakit, Miguel Javier armadako Estatu Nagusiko koronela, edo jenerala edo holako agintaria zen oraindik, eta Beroizek dio luze egon zirela hizketan, eta oso jarrera onean ikusi zuela, txostena pasako zuen, nonbait, eta handik Irujoren ideia, agian, gauza da Beroizek gestioak egin zituela topaketa gerta zedin, azken orduan dena bertan behera geratu zen ordea, Irujok egin omen zuen atzera, Beroizek nolabaiteko eszenifikazio baten bidez erabakitzen du pasadizoa, horrelakoetan ez zaio hitzez hitz sinetsi behar, hau da, oso prozedura narratiboa edo zinematografikoa erabiltzen du, eszena bakar batean laburbiltzen du dudarik gabe hainbat joan-etorri, sasiko harreman eta elkarrizketa diskreturen emaitza izango zena, ahoz kontatzea artea da, beraz, bon, Beroizek kontatzen du Cineman zegoela, Madrilgo solasa eta gero, denbora epe bat pasata zen tartean, eta Miguel Javier agertu zela, eta hizketan hasi zirela, Beroiz oraindik Madrilen, ustez, lortutako konfiantza-maila berean ari omen zitzaion, eta Miguel Javierren atzean Miguel Arraras, edo Jose Los Arcos agian, berdin da, bata zein bestea bion adiskidea, bata zein bestea, Beroiz bera bezala, konspiratzaileak, bata izan zein bestea izan ingrestika hasi zitzaiola, elkarrizketa eteteko, azkenean erdian sartu eta edozein aitzakiarekin moztu egin zuen, Beroiz harri eta zur, gero kontuak eskatu zizkionean Arrarasek, edo Los Arcosek azaldu egin zion Miguel Javier oso aldatuta zegoela, gogo-jardunak egitetik zetorrela, Reparazeatik, Reparazea izaki Opusek bere gogo-industriak aurrera eramateko erabiltzen zuen erretiro-etxe moduko bat, Baztan aldean dagoena, oso oker ez banago, agian horrexegatik bera izan zen liburu honetan agertzen den beste esaldi ozen eta famatua, baita ere, egin zuena, esaldia honako hau da, dagoeneko ezagun egingo zen, "lur honetan, orain arte, galburuak hazi dira; hemendik aurrera inteligentziazko galburuak sortuko dira", edo horrelako zerbait. Gero, bere bizitzaren azken aldean euskara ikasten hasi zen, hau ere oso ohikoa da, badago fauna oso bat, jende ilustrea, jende izenduna, mundu gaineko azken urratsak ematen ari dela kontzientzia hartu eta euskara ikasteari ekiten diona, eskertzekoa litzateke ikertzaileren batek gaiari buruzko tesi on bat presta baleza, benetan, ez dut esateagatik esaten, hainbat izen aipa litezke, gehiago dena, kasik posturak egin litezke, datozen urteetan euskaltegietara joaten hasiko direnei buruz, baietz halako eta halako hurrengo urtean AEKn edo IKAn ikusi, gero, lau esaldi josten ikasi dutenean, neke handiz, gainera, zetak zailtasun nabarmenaz ahoskatuz gehienbat, hil egiten dira, Beroiz bera fase horretan zegoen nik ezagutu eta tratatzen hasi nintzenean, euskara ikasten ari zen Bakarka delako metodo horrekin, osasun arazoak zituen eta ez zen euskaltegira joateko gauza, "ilobekin zerbait mintzatzeko", horrela justifikatzen zuen bere hautua, ez dauka bueltarik, euskara ume, zahar eta txakurren hizkuntza nahi dute, lau hankadunez ari naiz, txakur hankabiko euskaldunik falta ez den arren, bon, euskara ikasten hastea izan zen bizion munduan Miguel Javierrek egin zuen azken gauza esanguratsua, ordurako gauza asko egindakoa zen, baina, batzuk onak eta beste batzuk ez hainbeste. Ona izan al zen hiriarentzat Miguel Javierren batzuekin eta besteekin egote hori?, galdetzen dio Beroizek bere buruari, eta zera erantzun, batzuek baietz erantzungo lukete, ona izan zen euskararentzat, galde iezaiozu bestela Cortes Izali; ona izan zen historia kolektiboaren berreskurapenarentzat, galde iezaiozu Jimeno Juriori, ona izan zen folklorearentzat, galde iezaiozu Udaleko dantza taldeko zuzendaria zen Federe Azkonari, ona izan zen Satrustegi Bianako Printzean bidetxoa egiten has zedin, Diez de Ultzurrun medikuak bertsolari txapelketak antola zitzan, edo ikastolentzat... baina beste batzuek ezetz erantzungo lukete, batez ere Unibertsitatea egiteko lur emate hori, inteligentziazko galburuak sor zitezen lur emate hori, ordea, esan gabe doa, gehienok, nahita ere, ez dezakegula gauza onik egin, txarrik ere ez, ezer egiteko eta erabakitzeko guneetara iristeko nahikoa talentu falta dugulako... baina, esana dago lehen ere, Beroizek ez du epai erabatekorik ematen, izan ere, dio, hain da zaila gizon baten jardunaren gaineko erabateko epairik ematea... Eta hitzak esateko moduan nabari zaio berak badakiela ez dagoela oso urruti beste agure bat, beste mahai biribil batean, berogailu elektrikoaren ondotik, beste begiluze baten aurrean, berari buruzko gogoetak eta epaiak txirikordatuko dituen garaia.

        Beren azken orduko euskaltzaletasunaz trufa pixka bat egin badut ere, egia da jende honek, orokorrean, zerbait egin zuela euskararen alde, hori beren alde jarri beharrekoa da; gai honetan ez litzateke komeni gehiegi pertsonalizatzea, gehienbat talde-lana izan delako nagusi kontu honetan, benetan merezi duten obra ia guztietan bezala, ez dut horrekin esan nahi obra bukaturik dagoela, baina; talde-lana izan da, baina batzuek, harro-harro esaten dutela haiek, edo euren partiduak, edo euretarrak izan direla sustatzaile nagusiak, tentu handiagoaz mintzatu beharko lirateke, eta gogoratu beharko lukete aitzindari hauek egindako lana, gehienbat isila eta esker txarrekoa, nahikoa sentiberatasuna eduki baitzuten zerbait martxan jartzeko, bitan bereizi zen ikastola bat, esaterako, gehienbat erdaldun peto-petoak ziren horiek, hala ere haientzat euskararen erreferentzia ez zen oso urrutikoa, hausberoa bazen, hala esatea barkatzen bazait, denek zeukaten ama, edo aita, edo aitona, edo amona euskalduna, esan nahi baita denek zekitela aldez edo moldez enbor horretatik zetozela, eta hori akuilu aski eraginkorra gertatzen zen, are eta gehiago aldi berean jende hiritartua eta gutxi-asko eskolatua eta hortik zehar ibilia baitzen; honi dagokionez, ordea, zehaztapen txiki bat egin nahi dut, nire lehengusuak kontatzen duen Irujori egindako bisita horretaz; bisita hori gertatu zen, egiatan, baina ez lehengusuak bere nobela edo sasi-nobela girotzen duen 60ko hamarkadan, pixka bat geroxeago baizik, alegia, 70eko hamarkadaren lehen urteetan, Beroiz ez da zehatz gogoratzen urteaz, baina gogoan du Kuntxillos, 60ko urte horietako batean atzerritik, Argentinatik hain zuzen, etorri berria zela, baina orduan, hasiera batean, gutxi mugitu zela, zuhurtziaz edo; geroxeago hasiko zen burua agertzen; gainerakoan, Monzonekin egon zirelakoa eta Monzonek horixe esan ziela —Alderdia! Alderdia! Alderdia!— egia da, egiazko protagonistak, Beroizez aparte, Kuntxillos eta Yaben izan ziren, orduan auzia zen ikastola sortu berria bitan banatzekotan zegoela, nahiz eta denak, ideologikoki, lehengusu propioak izan, haserre handia zegoen tartean, gainera, eta elkarri botatako akusazioak eta deskalifikazioak, alderdiko hegal kontserbakorrenen eta irekienaren arteko talka zen, nolabait esateko, Beroiz, Kuntxillos eta beste batzuk tartean sartu ziren, bakea jartzeko asmoz, baina alferrik, izan zen oso gaizki trataturik izan zenik, Cortes Izal bat, Beroizen arabera "Nafarroan urte haietan euskararen alde gehien egin zuen gizona", enfin, betiko haserreak eta ika-mikak, ez dugu ikasi eta, dagoeneko, ez dugu ikasiko, nik ez dut uste behintzat, ikastola bakarretik bi sortu ziren, noski; gero, eta apaizari dagokionez, ez zen inoiz falta izan, apaiz euskaltzale eta saltseroren bat, hizkuntzaren ezagutza eta presentzia, nolabait, prekaritatean bazen ere, bermatzen zuena. Lehengusuak margotzen duen Joxe Egozkue hori aski idealizatuta dago, nire ustez, horrenbesteko mailakorik ez zen egongo, Jose Mari Satrustegi kenduta, Satrustegi ez zen literato bat, baina, nahiz eta liburu mordoa utzi digun, edo, bestela esanda, alderdi literarioa ez zen bere nortasun aski orojakilean fuerteena, gehiago zen etnografo eta linguista, enfin, dudarik ez da Satrustegik aro oso bat markatu duela, baina Satrustegi kenduta, lehendik nekarren hariari lotuz, liburuko Joxe Egozkue horren mailakorik ez zen egongo, baina tira, pertsonaia, arketipo moduan, ezagungarria da, esan dezagun, halako apaiz-klase bat denetarik egitea, jakitea, tokatu zaiona, artean ez zegoela jakiterik benetan bokazioa zuelako apaiztu zen edo gurasoek, miseriatik libratzearren, apaizgaitegira bidali zutelako, eta ez dut esan nahi nik bigarren arrazoi hau txarragoa dela fedea besarkatzeko lehena baino, ez horixe, aitzitik, bigarren arrazoi horren izenean edozer besarkatzen da, adibideak ez dira falta. Apaizaren kontuan ni beste ohar bat egin beharrean nago, hala ere, egia delako euskarazko eskola horiek Beroiztarren etxean izan zirela, neu ere joaten nintzen-eta, nola ez dut jakingo, eskolak ematen zituen apaiza Pedro Diez de Ultzurrun zen, ez tronpatu, ez nahasi izen bereko mediku irunsheme, euskaldun berri eta abertzalearekin, izen berekoak ziren eta berdintsuak euskaltzaletasunean, karrika berberak zanpatuko zituzten eta are, oso litekeena da elkar ezagutzea ere, baina bi pertsona diferentez ari gara; Pedro Diez de Ultzurrun hau, nik esaten dudana, Irañetako erretorea zen, gizon ona, apaiz erretiratua, halako buru karratu bat bezalakoa zuena, zimur sakonak eta sudur ez nolanahikoa, txapela jantzi izan baliote a ze egutegi-argazki egingo zioten Lankide Aurrezkikoek, baina orduan ez zegoen horrelakorik, eta txapela janztearena ez dut esaten bakarrik puntu etnikoa emateagatik, baizik eta halako soilgune handia zeukalako buru erdian, alboetatik ateratzen zitzaizkion lau ile luzerekin tapatzen saiatzen zena, pixka bat Anasagastiren antzera; Don Pedrori tokatu omen zitzaion, bertsolarien historia batean irakurri dut, Txirritari, egiazkoari, bertsolariari, Txirritari berari, azken olioak ematea, bera apaiz gazte zela, eta hori ikasi dudanetik badut harrotasun inozo eta irrigarri esatea Txirritaren euskal sena, Don Pedro tarteko, eskola horietara etorri zela, gure lehen irakasle horrek bertara bere esku propioez ekarrita, bere ikasle izan ginenok agian merezi zuen harrera egin ez bagenion ere. Bon, kontua da euskararen inbentoa aski ongi atera dela, aski ongi esaten dudalarik proiekzioa eta sakontasun, hondo, atze alde bat baduela esan nahi dut, ez duela iraungitze-datarik, asko eta asko, ezaguna denez, trabak eta trabak jartzen saiatzen diren arren, egunkarietako albisteetan edonork ikus dezakeenez; bitxia da kontua, egin zituzten apustuetatik, hauxe zen, itxuraz, aurrera ateratzeko aukerarik gutxien zeukana, eta, hara non, berau gertatu da osasuntsuena eta proiekziorik handienekoa, hainbeste non aprobetxategi asko hurreratu baita, aldez edo moldez, hainbeste bihotz ukitzen omen dituen itsasoan sareak botatzera, eta ongi pentsatuta, ez da hain harritzekoa, hizkuntza bat edukitzea ondasun bitxia, bakan eta preziatua baita, burua grina gaiztoak itsututa ez dagoenarentzat bederen, sareak botatzera zer edo zer harrapatuko dutelakoan, hauteskundeez ari naiz, edo merkataritzako jeneroa bailitzan erabiltzera, orain eman, gero kendu, orain merke-merke dabil, orain gora egin du; nire iritzirako, hura aski ongi egin zuten, baina meritu txiki hori ere kentzen diete batzuek, gaur den egunean, hizkuntzaren erabilera sektario eta partidista egin zutela-eta, esanez, baliteke, arranopola, baliteke, arraioa; izan ere, ez da hain erraza gorputza eta bere atalak bereiztea; bestela esanda, nire eskuak egiten duena, nork egiten du benetan, nik edo nire eskuak? Egin al dezaket ezer nire eskuaz, nire eskua dela ukatuz? Iruditzen zait jendeak askotan aintzat hartzen ez duen afera dela, nahiago izaten duelako euskara guztiona delakoa esatea, eta bai noski, hori ez dut nik ukatuko, hala da eta hala dadila, baina oraindik ikusteko nago non dauden gure hizkuntza-ornitorrinko —uler bedi zaharra— honen alde egin omen duten liberal, mundutar eta kosmopolita horiek guztiak—. Haien ez-egina, haien erdeinua, haien betiereko mespretxua eta haien mentsa ere gure zorra bailiran. Hizkuntza batek guztiak bere baitan sartzeko tokirik ez bailuen, bertan sartzea deliberatuz gero.