Haizea mindu gabe
Haizea mindu gabe
1999, narrazioak
160 orrialde
84-86766-93-1
azala: John Howard
Jon Gaztelumendi
1961, Errenteria
 
 

 

Maddi jaio zen eguna

 

Herrerako patioan arropa garbitzen ari zen Martin. 1998ko urtarrilaren 18a zen. Jertse bat garbitzen ari zen hain justu. Askatik eskegitokirako ur-arrastoak, bidexka marraztuz, odoljario larria zirudien.

        — Leungarria erosi behar diat —esanez joan zen eskegitokira—. Haurra ere jaiotzeko egongo duk.

        Kartzeletan lizentziatua zen Martin. Hamabost urte baitzeramatzan ia espetxe haietan: espetxe zaharkitu, zaharberritu eta makroetan.

        Pintza pare bat jarri ondoren, eta eskuak bustita zituela artean, Herrerako zerura begiratu zuen: «Nork sal edo eros lezake Zeruaren edo Lurraren berotasuna?». Ez zen esaldi soila, bakana, galdua, testuinguru gabea hain sarritan zetorkion esaldi hura.

                        Goizalde: Gertaerak berea zuen esaldi hura, esango duzu.

                        Kontalaria: Ez.

        1996ko urriaren 11n sartu zuten Alcala-Mecoko espetxean (urriaren 31n omen zeukan epaiketa). Eta ingresos deritzon modulua utzi eta modulu normal batean sartu zutenean, ziegara igo baino lehenago, kartzelariak jakinarazi zion ziega beste lagun batekin banatu beharrean zegoela.

        — Beste lagun batekin banatu? —galdetu zuen Martinek, kezka doinua emanez.

        — Zuetakoa da —erantzun zion kartzelariak—. Ez dago beste lekurik —erantsi zuen, bulegoan zeukan arbela bati begira.

        Eta hala joan zen Martin, petate handi bat bizkarrean hartuta. Lehenengo pisura, gero bigarrenera, eskuin aldeko galerian sartu eta erdialdeko ziega bateko atea ireki zuen kartzelariak.

                Goizalde: «Euup!» bota zuen Martinek.

                Kontalaria: Antzeko zerbait...

        — Hara!

        — Aibadio! Zer habil, Alkorta! —harritu zen Martin, poza ezin gorderik.

        Alkorta erretzen ari zen. Termo batetik kafea ere atera zuen:

        — Hartzak! —esan zion Alkortak—, hartzak kafea!

        Tabakoa eta kafea, kontu zaharren lurrinak, denak bat egiten zuen ziegan. Denbora ere geldirik... leiho eta ate zirrikituetatik ihesi zihoana izan ezik. Larunbat gaua zen, eta egun oso bat igaro zela ere ez ziren ohartu. Larunbat gaua zen, urriaren 12an bizi zen mundua, eta Martin eta Alkorta aldiz ziegan bizi ziren, mundutik kanpo.

        — Eta Patxeko? Gogoratzen al haiz Valdemoron egon ginen urte hartakoa? —galdetu zion Alkortak.

        — Nola ez nauk gogoratuko ba... Patxeko. Gauzak oroitu ezinik Patxeko.

        Patxekoren eritasuna urrunetik zetorrela esaterik ez zegoen. Sorterritik al zekarren eritasun hura? Venezuelatik agian? Euskaldunak ezagutu zituenetik?

        — Ez huen ezertaz oroitzen, e? —umorez Alkorta.

        Eta Martin Patxeko imitatzen:

        — «Bai, nik ezagutu nuen; kontxo, nola zen ba hura? Bai, zera, mutil gazte bat; tira,  ez hain gaztea. Nola zen ba haren izena? Zinkri, Zirrinki... Zuen kidea zen ba! Kooontxo! Zera, Ocañatik ekarri zuten ba. Ez, Ocañatik ez... Herreratik! Ez al zuten Cordobatik ekarri? Bai! Cordobatik ekarri zuten!». Kooontxo Patxeko!

        — Ez huen isiltzen, kar-kar... —barrez lehertzen ari zen Alkorta.

        — Azkenean Pelotas huen. Hik esan hion: «Zinkunegi!».

        — Bai, Pelotas huen, zestoarra —berretsi zion Alkortak.

        Gaueko kontaketa pasa ahala, denborak, espazioak, hizkuntzak... itxura ezberdina hartu zuten, beste kutsu bat, oro hutsean eroriko balitz bezala. Eta oro huts horretan gelditu, flexoaren argira.

                Goizalde: Suaren aurrean gertatzen den bezala.

                Kontalaria: Horixe bera.

        — Etxeberriak asko eman zidak niri, Martin, semeaz aparte... —jardun zuen Alkortak—. Naizen hau berarekin egina dela-edo sentitzen diat, kartzelak, borrokak, urteek, molde bat xixelatu badute ere.

        Iluna ikusteko jarrita zegoen flexoaren argia, iluntasuna pilatzen zen leku hartan.

        — Eta Etxeberriak berdin bizi al dik hori? —Martinek itzaletik.

        Puruaren kea ere pentsamendutan zebilen ziega barnean. Gaua ez zen higitzen. Hitzek, esaldiek, elkarrizketek soilik hartzen zuten abiadura.

        — Gure herri hau oraintxe zagok aurrera edo atzera egiteko moduan.

        — Ez al duk beti horrela egon? —Martinek Alkortari.

        — Hala izango duk. Izan ere beti izerditan gaudek; ez zagok arnasa hartzeko astirik.

        — Irabaztera egin behar diagu, Alkorta. Nahikoa ditek urde hauek. Aitaren etxea defendatuko diagu, bai, baina hozkadaz, mekagueeen!

        — Orduan protesia jarri beharko diat, Martin.

        — Barre egiten al duk?

        Begiak itxita egiten zuen barre Alkortak, soinurik gabe.

                Goizalde: Barrea dastatzen, beraz.

                Kontalaria: Dasta daiteke barrea?

        Eta horretan zeudela ahots bat entzun zuten, ke artetik zetorrena, flexoaren argitik kanpo, ilunetik urrun... baina hantxe.

        Ahotsak esan zuen:

        — Euskaldunak al zarete? Ni Seattle naiz. Duwamish tribuko buruzagi indiarra —ahots geldo eta baxua zen.

        — Barkatu, jauna. Baina guk ez zaitugu ezagutzen, eta duwamishak nor diren ere ez dakigu... ezta, Alkorta? —esan zuen Martinek ziegako espaziora begira, ziegek ez baitute ortzirik.

        — Gure tribua Estatu Batuetako ipar-ekialdean bizi zen. Egungo Washington estatua dagoen lekuan.

        Alkortak eta Martinek elkarri begiratzen zioten.

                Goizalde: Egia esan, ni ere izutuko nintzateke.

                Kontalaria: Sinesten ez zutela zeuden.

        — Entzun, arren. Ez ezazuela Lurra saldu!

        — Seattle jauna, guk ez dugu inongo lurrik saltzeko asmorik —nahastea argitu nahi zuen Alkortak.

        — Lurrarekin zer ikusirik badik gure borrokak. Lurra, askatasuna —esan zuen Martinek.

        — Ezagutzen zaituztegu —jarraitu zuen ahotsak—, ezagutzen zaituztegu. Euskaldunak bizi ziren gu bizi ginen garaian ere. Garai hartan euskaldunek borrokaren bidea hautatu zuten beren Lurra defendatzeko. Guk berriz...

        Eta isilunea aprobetxatuz, Alkortak upakada luzea eman zion puruari.

        — Gertatutakoa kontatuko baligu berorrek? —ausartu zen orduan Alkorta, esaldia ketuz.

        Eta ahotsa, Seattle buruzagiak alegia, entzun eta ulertu balu bezala mintzatu zen:

        — 1855ean Washingtongo gobernuburuak jakinarazi zigun gure Lurra erosi nahi zuela. Baina nork eros edo sal lezake Zeruaren edo Lurraren berotasuna? Nola, esan, gu ez bagara airearen frexkotasunaren jabeak, edo uraren distirarenak?... Baina bere eskaintza hausnartu egin genuen, bagenekielako, bestalde, saltzen ez bagenion, gizon-zuria bere armekin etorriko zela, gurea zen Lurra hartzeko. Erabaki bat hartzen saiatu ginen...

        — Sute jauna —moztu zion Martinek—, galdera bat egin diezazuket?

        — Nire izena Seattle da. Lagunek Ohto deitzen naute —zuzendu zion buruzagi indiarrak.

        — Ohto jauna, zuen Lurra erosi nahi zutela diozu. Zuen tribuak non bizi behar zuen, hortaz?

        Bitartean, Alkortak termoa hartu eta edalontzi batean isuri zuen kafe beroa.

        — Eroso bizitzeko moduko leku bat emango zigula esan zigun Buruzagi Nagusiak...

        Ahotsak isilune bat egin zuen. Kafeari azukrea bota eta plastikozko koilara batekin nahasten ari zen Alkorta, patxada ederrean.

        — ...Bagenekien gizon-zuriak ez zuela gure pentsatzeko era ulertzen. Arbasoen ahotsa zen uraren zurrumurrua. Ibaiak gure anaiak ziren, egarria iraungi ziguten. Ez dakit, baina gure izaera ezberdina da. Hiriek min egiten dute azalgorriaren begietan. Apika azalgorria basatia delako da, eta ez du konprenitzen. Zurien hirietan ez dago isiltasunik, udaberrian hostoak hazten entzuteko lekurik ez dago, ezta intsektuen burrunba aditzeko ere. Beharbada, ni basati bat naizelako da soilik, eta ez dut ezer ulertzen. Zer da bizitza kaxkabeltxaren kantu bakartia entzun ezin baliteke?, edo igelen korrokak ilunabarrean? Haizearen murmurio leuna senti lezake indiarrak, aintziraren gainetik datorrena, eta goiz-lanbroak garbitutako haize kolpea ere bai, edo pinu-urrinaz beterik datorrena.

        — Poeta baten antzera hitz egiten duzu, Ohto —esan zion Alkortak.

        — Aireari garrantzi handia ematen zion azalgorriak; denok bat egiten baitugu arnasean. Gizon-zuriak ez dirudi aintzat hartzen duenik arnasten duena.

        — Ohto, oso ederra da hori —miretsi zuen Martinek— Baina... zergatik ez zenuten azkeneraino borrokatu?

        —Erreserba batera joateko eskaintza hausnartu genuen. Aparte eta bakean bizi izateko. Berdin zitzaigun gainerako egunak non igaro. Gure seme-alabek otzan eta menderatu ikusiko gintuztela aurreikusi nuen, gure gerlariak lotsaturik... Gainerako egunak non igaro behar genituen berdin zitzaigun. Ez ziren asko gelditzen. Ordu batzuk, negu bi, eta ez zen Lur hartan garai batean bizi izandako seme-alabarik geldituko, ordura arte oihanean talde ttikitan barreiaturik bizi izan ginen antzera.

        — Zuen gezi eta rifleak ez al ziren gure balen modukoak? —galdetu zion Martinek.

        — Esan nuen garai hartan: azken azalgorria desagertu eta bere oroimena belardian laino baten itzal bihurtzen denean, orduan ere bizirik iraungo du nire arbasoen izpirituak erreka bazter eta basoetan.

        Eta ahotsa isildu egin zen.

        — Egun badakigu gizon-zuriak zer nahi zuen —hasperen egin zuen Martinek.

                Goizalde: Bai, primeran gainera...

                Kontalaria: Zenbat kalte!

        Berandu zen oso. Gauzak bildu eta oheratzea erabaki zuten Alkortak eta Martinek. Flexoaren argia itzali eta gero ere lo hartu ezinik zebiltzan bi lagunak.

        Espetxearen mikrokosmoa, esaten dute; hain da misteriotsua espetxea kanpokoentzat!

        Harrezkero, Martinek zerura begiratzen zuen bakoitzean Ohto indiarraren esaldia zetorkion.

                Goizalde: «Nork sal edo eros lezake Zeruaren edo Lurraren berotasuna?».

                Kontalaria: Nork...

        Burua makurtu eta harraskara itzuli zen berriro ere Martin, jertseak utzitako ur-arrastoari jarraituz; ez zegoen galtzerik.

        1998ko urtarrilak 18 zituen Maddi jaio zenean, artean Martinek ez zekien ordea.