Aurkibidea
Hitzaurrekoa
Jokin Urain
Zerua urez hustu zen bitartean
Haizea mindu gabe
Goizalde Atxutegi
Aurkibidea
Hitzaurrekoa
Jokin Urain
Zerua urez hustu zen bitartean
Haizea mindu gabe
Goizalde Atxutegi
Baratzeko lanak
Beste atsedenaldi bat hartu zuen Patxik. Aitzurraren makilan bermatu zituen beso gurutzatuak. Aldapan zegoen lur sailari belarrak kentzen ari zen, eta atsedenaldi haietan iparraldera joaten zitzaion begirada: Guadalupera, Jaizkibelgo mendi muturrera, Hondarribira. Apirileko egunak ez dira batere seguruak. Apirilak bi aro dituela dio esaerak. Eta egiazki hala zen, udaberriarena zen goiz hura, baina...? Sunsunaren txistuak erreka ondoko zuhaitzetara eraman zuen, zokora, eta hantxe zen, urkiaren adarrean belusezko luma gorri-gorri harekin. «Sun...» egiten zuen sunsunak, «sun-sun, sun, sun-sun, sun...», eta hegan egin zuen oroimenak Auskene baserrira. Karrikako baserria da Auskene. Han gizondu zen gerra urteetan, mutiko zela: txotxak bildu eta ehunduz egiten zuela habia sunsunak, hura ere Auskenen ikasi zuen Patxik. Aitzurra altxa eta kaz-kaz, kaz, lurra zimikatuz jarraitu zuen. Eguzkiak albotik ematen zion. Behetik gora begiratuz, kontrargira bezala ikusten ziren erleen joan-etorriak; ikuskizun bitxia! Erleek artaldeak bezala egiten dute, baina ez dute ardien modura banan-banan elkar ezagutzen. Aitzurraz harria jo, harria baztertu, eskuaz hartu eta alde batera bota zuen. Mertxikan erreparatu zuen, haren kimu sortetan. Txabolaren atzean, gereziondoak ere lehen loreak erakusten zituen. Kontraste ederra egiten zuen txabolako teila gorrien gainera eroritako adar loratuak. «Gure Ander hemen balego hau ikusteko!». Patxik kartzelan zuen semea aspaldian. Pinpilinpauxa bi jolasean zetozen, inora begiratu gabe, mugimendu delikatuez. Eta belarrak kentzen jarraitu zuen, kaz-kaz, kaz... Bi mutur haiek ukitu zituen berriro ere Patxik, Auskene eta seme kartzelatua, eta mutur haiek, nola-hala, lotzen hasiak zirela sentitu zuen, kaz-kaz, kaz... belarrak. Auskene gozo eta garratz.
Ez ezazuela hil nire senarra... emazteak soldaduei atarian, ama zena.
Eta atzetik bila joanda ere ez zuen aurkitu.
Senarra etxera bidali dinagu, emakumea! erantzun zioten Oiartzungo Udaletxean.
Kaz-kaz, kaz... belarrak. Atsedena berriz ere. Arnasa sudurretik sakon hartu eta txabola aldera begiratu zuen. Xan zetorren, zakurkumea, txabolatik behera, zeharka korrika. Eta atzetik adin bereko katakumea, zakurra harrapatu ezinik. Sagarrondoaren orpoan etzanik jarraitu zuten jolasa, batek koxka, besteak harramazka. Belarrak kentzen jarraitu zuen Patxik. Zozo batek so zegion lahar artetik. «Zuek, semeak izandakoek, ezer egiten ez baduzue, bilobek egin beharko dugu, atta». Ño!, hura ere gogoratu zuen Patxik. Aita fusilatua, semea espetxean. Kopetatik behera zihoakion izerdi tanta.
Goizak bere berezko usainak ditu, eta horretaz ohartua zen Patxi. Kaz-kaz, kaz... Bat-batean gelditu zen. «Hiltzea ez baitut sekula matte izan...». Esaldia pentsamenduaren espazioan dilindan geratu zitzaion. Jendea akabatzen ibiltzea nork matte dik ba? «Ez gure seme-alabek...». Patxik galdetu eta Patxik erantzun. Barruko sentimendua zen hura, fedeak sortutako printzipioa, gizalegearen oinarri, argudio nagusi eta erabakigarria, baina... zenbat trufa hari gizateriak! Sudurretik lurrera egin zuen izerdi tantak, eta Auskenera egin zuen berriro ere Patxik... kaz-kaz, kaz, belarrak...
Behorra hartu eta karrikatik, Oiartzungo lurretatik, Arantzara abiatzen zen, Nafarroako herrixkara, irin bila. Arantzako errotan behorra kargatu eta baserrira buelta, bide beretik. Zigortuta zegoen kontrabandoa, horregatik joaten zen gauez, isilean. Hamar urteko mutikoarentzat, beldurraren mugetan hedatzen zen gaua; isilean ibiltzea beraz ondorioa... Birigarroaren kantua entzun zuen oso gertu. Nonbaitetik bueltan baletor bezala begiratzen zuen. Txakolina eusteko zegoen zementuzko zutoinaren gainean ari zen kantuan, lumak harro-harro eginda. Paparra izerdiz bustita, Patxik eguzki aldera so egin zuen: «Hamarrak pasatxo!».
Alde hortik!, txakur txatxu hori esan zuen.
Amonaren loreak apurtzen ari ziren Xan eta katua euren jolasekin. Belarrak kentzera berriro ere, kaz-kaz, kaz... «Atta, askatasuna ukatzea baino krimen handiagorik ez dago». Beste ausentzia bat. Eta ez al zen egia? Garai batean, bai, halaxe uste zuen berak ere, aberriaren alde denok bat eginik lor zitekeela independentzia, armarik gabe, alajainkoa! Kaz-kaz, kaz... Nahi bai. «Gezurra eta zikina besterik ez! Zenbat seme-alaba hil zizkigutek?». Era hartan pentsatzeak min egiten zion. Belartzarra zurtoinetik heldu eta lurraren kontra jo zuen gerria makurtuta. Matxinsaltoak jauzi egin zuen, lehenik gora eta gero behera. Bazterrera bota zuen belar handi hura. Usapalaren urruma ere han zen, txabola gaineko haritzetik zetorrena. Arraroa inguru hauetan ibiltzea. Isildu gabe deika ari zen usapala, beheko zokotik, akazia zaharraren barnetik. Beste usapal bati entzun ziezaiokeen, ahul, deika hura ere. Patxik aitzurra altxatu zuenean, atzetik zozo ar moko horia sartu zen lahar artean. Kaz-kaz, kaz... belarrak.
Gertaera oroitu baino lehenago barre egin zioten begiek Patxiri. Auskene eta behorra, behorra eta Auskene. Behorraren gainean ibiltzen ondo ikasia zen, eta zelarik gabe gainera. «Berak niri bota al zidan desafioa, edo nik berari?». Txirrinduak behorrari baietz irabazi. «Bentaja puska bat ere eman niola uste dut...». Kanala pasa behar eta behorrak gaizki kalkulatu zuen jauzia, ez zen bestaldera behar bezala iritsi. «Behorraren gainetik ez nintzen joan ba!». Kaz-kaz, kaz. Behorraren buru gainetik joan zenean, Patxi ez zen batere ondo erori. «Lepauztaia jota, hantxe hautsi nian! Anderri erakutsi nioan ba non gertatu zen». Berriz ere semea, kaz-kaz, kaz. Eta hura oroitzearekin batera, kezka: «Nola irauten ditek hainbeste denbora kartzelan?». Hamar, hamabost, hemeretzi urte. «Ez zaiguk Euskal Herria hainbeste inporta... Hauen laurdena emango bagenu?».
Besoa kopetara eraman, poliki, izerdia kendu, mantso, eskua galtzetan igurtzi, lasai, gerrira eraman, trankil... «Hirurogeita hamar betetzera goaz, Jauna. Ez gaude sasoi onenean. Gerra hau bukatuko balitz? Semea etxean ikusi nahi genuke, gure artean. Asko eskatzea al da hori?». Aurrekoak baino ausentzia luzeagoa. Patxiren errezoen berri bazekien baratzeak. Aitzurra altxatu eta ekin zion kaz-kaz, kaz, belarrak... Semearen esanak errepikatu zituen: «Atta, ez dugu kalera ateratzeko borrokatzen. Presoak kalera irtenda ere, zer?». Kaz-kaz, kaz... bihotzaren taupadak behar baino azkarrago zihoazela sumatu zuen Patxik. Gelditu egin zen. Txepetxa txabolako leihotik sartzen ikusi zuen. Aurreko udaberrian bezalaxe, txabola barnean egina zuen habia; «Anderri kontatuko zioat hurrengoan, poztuko duk!». Aitzurra neurrira altxatu eta belarrak kentzen jarraitu zuen. «Baina lekutara eraman ditiztek!». Amonarekin batera ibilia zen Patxi hona eta hara. Madrildik Ciudad Realera, Extremadurara gero, Cadizera ondoren... «Hegazkinean ere ibiliak gaituk ba!, Tenerife, Las Palmas... Ahal dugun bitartean behintzat behar den lekura joango gaituk amona eta biok». Lur sailaren goialdean, lurra ageri zen lekuan, argi-oilar bat pausatu zen. Lur eta belar artean zeuden zomorro batzuk mokoarekin heldu eta zomorroak agerian zituela alde egin zuen herabeti.
Bizpahiru atsedenaldi egin zituen Patxik. Horietako batean ikusi zuen zapelatza, zeruaren lautadan galdutako hegaztia zirudien. Eta gertaera gogoratu zuen: mendian egurra egiten ari zirela, zapelatza zetorren txantxangorriaren atzetik; eta txantxangorria ezinean jada, azken aukeran, Auskeneko osaba eta Patxiren artean pausatu eta babes hartu zuen; zapelatzak etsipenez utzi zuen harrapakina. «Kantuz, isildu gabe eskertu zigun txantxangorriak, lotsagabe hark!». Kaz-kaz, kaz, belarrak... Auskeneko osaba eta izeba zendu zireneko egunak oroitu zituen Patxik. Auskene baserria saldu zutenean, nora joan ote ziren otsoko eta axeria, oilar pixkorra, jinjunaren abestia, naturaren irakaspenak, ilargiaren tranpak... nora etxeko erleak. Auskene betirako itzali al zen? «Bai, itzali egin huen...», kaz-kaz, kaz, belarrak...
Beste behin etorri zen argi-oilarra eta mokoan eraman zuen harrapatutako zomorro pardela. Guztiz zutitu zen Patxi eta argi-oilarra joan zen aurkako lekura begiratu zuen: Guadalupera, Jaizkibelgo muturrera, Hondarribira.
Itzultzeko asmorik ez galdu, Ander esan zuen paisajeari beha, begiak lauso. Karrikan kimu berria diagu erantsi zuen begitartea alaituz.
Bilobaz ari zen.
Zozo bikotea zalapartatsu irten zen lahar artetik. Eguzki aldera begiratu zuen Patxik. «Hamabi t'erdiak laster».
Xan! Etorri, Xan! Sartu txabolan, amona zain egongo da-eta. Tira, goazen, Xan...
Goiz hartako lanak amaitu zituen. Zomorroak eta zizareren bat edo beste jatera jaitsi zen birigarroa. Apirileko egun haiek ez ziren batere seguruak. Apirilak bi aro dituela dio esaerak. Eta egiazki, hala zen.