Haizea mindu gabe
Haizea mindu gabe
1999, narrazioak
160 orrialde
84-86766-93-1
azala: John Howard
Jon Gaztelumendi
1961, Errenteria
 
 

 

Ilargiak begiratzen duenean

 

Teilen gainetik ilargia ilgoran ikusten da uztaileko ilunabarrean. Espetxe zaharkituko teila hitsen gainetik datorkie bizitza presoei. Adibide bat da ilargia. Ziegak lurraren pare daudelako-edo, goitik datorkio dena espetxeari: edozein gertaera, ikuskizun, bizi mota, haize berri... Lurra usain liteke, lurrik ikusten ez den arren. Garia usain liteke egunsentian, belarra ere bai udako ekaitzaren ondoren, lurrin galduaren gisan; baina ikusi, ikusi ez.

        Espetxe zaharkituko azken moduluan emakume bi daude ziega bitan.

        — Joana!

        Egun argiz ere grisa da patioa. Zoruaren grisa, adreilu gorrien grisa, alde goroldioztatuaren berdearen grisa, itzalen urdin grisa.

        — Gure esku dago zulo edo habia bihurtzea leku hau —esan izan zion behin Joanak orain leihotik kanpora begira ari den Ainhoari.

        Ilargiaren zisku larua antzeman du teilatuaren gainetik, eta «Joana!» oihukatu du ostera Ainhoak, indartsu, soinua lau pareten artean gera ez dadin. Oin puntetan, lepoa ahal duen guztia luzatu du, ilargiaren muturra ikusi ahal izateko bederen, baina harengana ez da oraindik ageri. «Ilargi», esan du Ainhoak bere baitarako, «hurbil zaitez gehiago!». Eskuetan edukitzeko tentazioa berpiztu zaio, ilargia ukituz ilargi bilaka litekeela pentsaturik, inozo...

        — Joana!

        Zertan ari da ba Joana? Astindu batek jota larritu da Ainhoa:

        — Joanaaa!

        — Bai, entzuten dizut...

        «Entzuten dizut, entzuten dizut...» errepikatu du Ainhoak erneguz.

        — Manuk idatzi dit Saltoko espetxetik. Koltxoiak kentzen omen dizkiete egunean zehar.

        — Zer dela-eta? —Ainhoak belarri atzera eraman du ile xerloa.

        — Kontaketa uneak zutik pasatzen ez dituztelako.

        — Bakarrik jarraitzen al du moduluan?

        — Beno! Hauek okerrera doaz!

        Sartu-atera dabil Joana, ziegatik leihora. Elkarrizketaren marmarra uhara uzten ari da ilunabarrean. Hormetan ezarritako argiak isiotu egin dira bat-batean. Lau bonbilletatik bik besterik argitzen ez dutela, patioak kale itsu bat dirudi. Ilargia, ilgoran, horma igo eta gailurra egin balu bezala azaldu da Ainhoaren aurrean. Eta nola begiratzen duen ilargiak ere!

        Joanak Manuren gutuna irakurri eta berrirakurriko duela jakinik, denbora pasa dago Ainhoa leihoan, arratsaldetik gauerako aldaketa zaintzen. Zakur baten zaunka entzun du, eta zaunka errukarria dela iruditu zaio. Pip-pip egin dio ordulariak. Orenetako alarmarekin batera ireki dute galeriako atea. Kartzelariak arrastaka eraman ditu hankak galerian barrena. Joanaren ziegaren parean gelditu da lehenik, Ainhoarenean ondoren, zazpi urrats emanda; eta etorritako bidetik joan da kontaketa egin eta gero, hamarrak eta hiru minutu direnean.

        Hamarrak eta laurdenetan irten da Joana leihora eta, egunerokoari jarraituz, hamaikak arte berbetan aritu dira biak, Ainhoari gustatzen zaion moduan. Solasaldiaren erdian zakur zaunka errukarriak tartekatu dira, eta zigarroaren ke lainoa, ilargi hori ilgoran, hontzaren joan-etorriak bere lurraldearen gainetik uluka udako gau sargorian... Hamaiketan, esan bezala, Ainhoa eta Joana ziega barrura erretiratu dira.

        Irratia piztu du Ainhoak. Burdinazko mahaian folio zuri batzuk ipini ditu, apalaren gainean flexoa. Urez bete du edalontzi bat... Baina akiturik dago, bai. Beroaren eraginez, apika; ilargi hori ilgoran. Ohean etzan da, luze. Gitarraren doinu tristea ari da irratian, eta doinuari helduta higitu da, joan da, badoa bere barne musikarekin batera. Baretasunaren zirrikituetatik atera balitz bezala azaldu zaio Josu. Berriro ere. Beste behin. Hegan datoz oroimenak, hegan doazen horiek. Eskua errekan sartu du, ura hartzera egiten den eran. Zenbat maitasun atxiki ditzake esku batek? Galderen kontua galdu du Ainhoak, eta iturburura bueltatu nahi izan duenean, ziegako atea zabaldu diote.

        Ziega barnean dira kartzelarien burua, zuzendaria eta hiruzpalau kartzelari gehiago.

        — Ez dugu inolako problemarik nahi —adierazi dio zuzendariak keinuak exajeratuz—. Emaiozue albistearen berri.

        «Albistearen berri?». Arraro egin zaio Ainhoari. Zerbait antzezten dihardu jende horrek.

        — Nieves andereñoa... —kartzelari buruak urrats bat eman du Ainhoagana, eztul txoro bat egin eta jarraitu—: Joana, zure kidea, hilda aurkitu dugu hiruretako kontaketan. Hori da dena.

        — Zer?

        — Guk ez dugu inolako problemarik nahi! —errepikatu du zuzendariak—. Hilda zegoenez, berehala niri abisua eman, medikuari deitu eta, era berean, guardiako epailea jakinaren gainean jarri dugu. Hori da dena.

        Sabeletik gora bular aldera eta sabeletik behera hanketara, zerbait mugitzen hasi zaio, itzal baten gisa, itzal pisu baten gisa. Eztarrira iritsi zaionean, espero ez zuena esan die:

        — Joana hil dela egia bada... ikusi egin nahi dut!

        Inork ez du ezer erantzuten jakin. Eskua ahora eraman du zuzendariak eta ezpain ertzetatik pasa ditu atzamar bi.

        — Konpromezu handia da hori niretzat, baina ulertzekoa da —onetsi du, eta ondoko ziegara joateko agindua eman du esku mugimendu soil batez.

        Kartzelari multzoaren aurretik doa Ainhoa. Sei metro besterik ez daude Joanaren ziegara. Atea erdi zabalik dagoela ohartu da. Ziegaren parean gelditu denean, gelditu egin da kartzelari multzoa ere. Oratzearekin batera mugitu du burdinazko atetzarra Ainhoak, beldurturik, ahoa idor, besoak dardarati. Ez du atea zeharo ireki. Barrualdera makurtutakoan, Joana ikusi du ohe gainean etzanda. Flexoaren argiak bestaldera egiten duelako, ohe inguruan ahulduta dago argia. Ainhoak galeriaren ezkerraldera begiratu du, zuzendari eta kartzelari multzoari.

        — Hamar minutu egin nahi ditut berarekin. Bakarrik!

        Zuzendariak ordulariari so egin dio senezko erreakzioz. Buruz baiezkoa eman dionean sartu da Ainhoa ziegara, besteak galerian utzita.

        Atea itxi du. Eskuinean, paretan itsatsirik, ikurrin handi bat dago, horma hiru kolorez margotzen. Bi urratsez ohe ertzera hurbildu eta Joanaren eskuari heldu dio. Hotz dago. Atxapar usaina hautemanez, atxapar ala jasmin?, Ainhoak begiak itxi ditu istant batez. «Zer esan behar dizut orain, Joana?», pentsatu du, gertatzen ari denarekin zorabiaturik.

        — Joana, ez gara inoiz horrela egon —esan dio eskua estutuz—. Ez nuen hau espero... Esaten zenidan borrokak bazituela alde ilun hauek, baina ez zirela hain ilunak... borrokalariak heriotza besarkatzen jakin behar zuela, halaxe ematen ziola hain juxtu zentzua bizitzari, iraultzari —sudurretik behera amildu zaio malkoa—. Ez nago hain seguru, Joana, benetan.

        Burua altxatu du, kokotsetik eskura erori zaizkio malkoak, urdin diruditenak. Eta normala iruditu zaio, normala begi urdinetatik malko urdinak isurtzea. Liburuz betetako apalari behatu dio. Apalaren ertzean dago atxapar edo jasmin barratxo itzalia. Ondoan Manuren argazkia, liburuen aurrean, irribarretsu.

        — Ikusten al duzu? Ezin dira planak aurreratu. Zuk baietz esaten zenidan, planifika zitekeela etorkizuna... Zeuk esan beharko diozu Manuri zer gertatu zaizun!... Zer esan behar diot ba nik?

        Gau-mahaia izan nahi duen apalean artilez eta trapuz egindako sorgina ikusi du, urtebetetze egunean berak oparitutakoa.

        — Manuk haurtxoa nahi zuela gogoratzen al duzu? Zenbat eztabaida haren inguruan... «Bizitzaz arduratzea borrokaz arduratzea bezala da» esaten zenidan. Ez nuen esanahi bikoitza ulertu hasieran... Eta orain izorratzen nauena da halaxe joan izana, Joana, abisurik eman gabe.

        Kask-kask jo dute atean. Ainhoak ez du erantzun. Joanaren eskuari helduta jarraitzen du, lagunari begira. Lepoan dauzka betiko zintzilikailuak: Euskal Herri txikia ezpalean landua, zilarrezko ezkurra, ilargitxo bat ilgoran.

        — Elkarrekin egin ditugu azken bost urteak, hemendik irten gabe, Joana. Zutaz beterik dago pitxer hau.

        Berriro amildu dira malko urdinak. Zorura begiratu du, eta paretaren ondoko baldosatik gora ilaran doa txindurri andana.

        — Ezti potoa zabalik utzi duzu berriro, Joana.

        Kask-kask atean, kolpe metalikoak.

        — Egonaldia amaitu da! —entzun du Ainhoak ziega barruan.

        «Ez naiz ba hemendik mugituko. Urte hasierako plantean egin genuen bezala egingo dut, Joana. Eraman gaitzatela beraiek nahi duten lekura! Gu ez gara hemendik mugituko!».

        — Ez gara hemendik mugituko! —oihukatu du Ainhoak..

        Joanaren gorpua besarkatu du. Lepo gabeko mantar zuriari ekonomatoan saltzen duten leungarriaren usaina dario. Lepoan eman dizkio lehen musuak, eta horrelaxe dagoela bere gorputzetik tiraka ari zaizkiola sentitu du.

        — Joanaaa! —oihu egin du ahal izan duen indar guztiarekin.

        Ziegatik galeria ilunera atera dute Ainhoa indarrean.

        — Joanaaa!

        Etsipenez, amorruz garrasika eraman dute ziegara. Barrura bota dutela sentitu du... eta erortze hartan, daunb!, izugarrizko zarata entzun da.

        Lurrean esnatu da Ainhoa, kolpearekin batera ohetik erorita. Irratian musika entzuten du, aire triste bat isiltasuna kulunkatzen. Folioek mahai gainean jarraitzen dute. Eta orduan konturatu da dena amesgaiztoa izan dela. Dardarak jota, baina pozik, jaiki egin da. Leihora abiatu, eta gora begiratzearekin batera agertu zaio ilargia, ilgoran, berari keinuka.

        Aldameneko ziegatik entzun du:

        — Ainhoa! Ainhoa! Erantzun ba! —Joanaren deiadar kezkatua gaueko ordu txikietan.