Haizea mindu gabe
Haizea mindu gabe
1999, narrazioak
160 orrialde
84-86766-93-1
azala: John Howard
Jon Gaztelumendi
1961, Errenteria
 
 

 

Muxu bat preso gaiztoari

 

Itsas barnetik itsasertzera zetorren hodei taldea. Kostaldea begiztatu ahala atseden hartu behar zutela erabaki zuten; txoriek bezala ikusten dute hodeiek. Eta lurraren pare jaitsi ziren, tolesturetan kokatzeko, arnasa hartzeko, lokartzeko... Geldiune hauetatik barreiatzen dute landurra hodeiek, ingurua blaituz; hodeien loaldietan lokabetzen omen da xirimiria. Ez zuen inork euri hura espero, ezta Elenak ere. Ez udako egun haietan bederen.

        Etxe aurreko lorategi bustia begiratu zuen aurretik igaro zenean. Palmondo zaharra ere blai eginda zegoen. Autoa hartu eta barrualdera jo zuen, itsasoa atzean utzita. Andaluzia itsasoaren eta eguzkiaren artean dago. Tarte horietan daude mahastiak eta olibondoak, mendilerroak eta basamortuak, jornalariak eta arrantzaleak, ekiloreak eta kotoia eta... Nork esan Elenari espetxean lana aurkitu behar zuela? Ez zituen hiru kilometro ere egin eta hantxe, urrutira, zeruak zabalagoa zirudien lekuan, espetxearen kupula gorrixka begiztatu zuen; lur azalaren garatxoak dirudite kupula hauek.

        Detailetan erreparatu gabe sartu zen espetxean, ez sofritzeko. Kontrolak pasa zituen han eta hemen, baina... ez etorriarena eginez bezala ibili zen batetik eta bestetik. Azkenean, erraietaraino sartu zen, kupula azpitik, moduluen azpitik, tailerra zeritzon leku iluneraino.

        Presoak etorri zain zegoela inguratu zitzaion tailerraren kargu zegoen kartzelaria. Irribarre egin zion, «zu Elena izango zara» esanez batera seinalatu zuen atzamarrarekin. Arbelezko teilapean araba-zozoaren habi hondakinak zeuden; ura hormaren artean sartzen zen harri iragazgaitzetik barna.

        Presoak tailerrera sartzen hasi ziren goizeko hamarrak inguruan. Metal-detektore baten azpitik zetozen bat-banaka; arretarik jarri ez balu bezala begiratzen zuen Elenak tailerreko ertz batetik. Belarri bat falta zuen ijitoa sartu zen. Ondoren sartu zen mutil gazte erkina, begiak erdi itxirik zituela, ondo ikusten ez zuen seinale. Bizar eta txima luzeekin, irla gabeko naufragoa zirudiena sartu zen beste bien atzetik. Eta beste bi ijito; beste bi marokoar eta aljeriar; emakume ibilera zuen beste ijito bat, ile luze eta galtza estu-estuekin. Gehiago sartu ziren, dozena bat-edo, denak gizonezkoak, bat izan ezik. Eta azkena, gazte luzanga bat. Bakoitzak bere lekua hartu zuen.

        Mahai batera hurbildu zen Elena, belarria falta zuen ijitoaren ondora; Armando zuen izena. Hurrengo mahaira joan zen gero, emakume ibilera zuen ijitoarengana; ispilu bat arraspatzen ari zen.

        Eta horretan zegoela deitu zion kartzelariak:

        — Ikusten duzu han hondoan dagoen hura?

        Elenak harantz begiratu zuen, gazte luzanga zegoen lekura.

        — Ez zaitez harengana inguratu!

        Mahaitik mahaira jarraitu zuen Elenak, presoak ezagutzen, bere burua aurkezten. Irla gabeko naufragoa zirudienak Guallapu zuen izena. Kanariarra. Bera bai irla lur lehorrean... Elenak aurrera jarraitu zuen. Kartzelaria zegoen lekura begiratu zuen zeharka, hondora begiratu zuen ondoren, preso gaiztoaren aldera. Nekez iristen diren soak badira.

        Hodei taldeak aurrera jarraitzea erabaki zuen nonbait. Ohiko formetara bueltatzen ziren altura hartzen zihoazen neurrian, tolesturak utzita; oilarra izatetik, zezen baten burua osatzera egin zuen hodeitzar batek; atzetik zetorrena berriz Afrika zen, txikia eta desitxuratua, baina Afrika; aingura egotzia zuen hodei batek, halaxe zirudien, altxa ezinik baitzebilen une hartan, eta abiatu nahi eta ezin hark hodeia ireki zuen, sabel aldetik ziurrenik, ingurua kresal urdinez estaliz.

        Elenak ez zuen preso gaiztoarekin hitz egin, eta eguerdia pasata etxeko bidea hartu zuenean, itsas aldeko errepidetik, bazeraman jada bere barnean kresalak lainoztatutako gogo bat; hazi garaztatua ere halaxe ernamuintzen da naturaren legean.

        Hurrengo egunean, autoa hartu eta, hodeien norantza jarraituz, lanera joan zen, espetxera. Hodeiak nola zahartzen ziren begira iritsi zen, preso gaiztoak berarekin hitz egiterik nahi izango ote zuen ala ez galdezka. Tailerrean berriro. Neguari zegokion argia eta usaina, isiltasuna. Teilatupeko presoen solasa biziduna zen, baina puntu bat arte. Zein arraroa zitzaion guztia... Preso gaiztoaren mahaira joan zen orduan, sentipen haiek atzean utzita, eta agurtu egin zuen, etorri berrien modura. Preso gaiztoak begi bat zuen triste. Egurrezko kutxa margotzen ziharduen... Eta atzean utzitako sentipenak aurrea hartu zioten ostera ere.

        — Zurekin hitz egitea debekatu didate ia-ia —esan zion Elenak.

        Begi hura aztertzeko aukera hobea eduki zuen. Kutxan kosmosa ageri zen, izar andana handia galaxiak osatzen, kometak, izar usoak; lurra ageri zen, urdin, hodeien artean... Koloreak atsegin du begi barnean egotea; eta preso gaiztoak ondo margotzen zuen. Elenak berriro hitz egin zuen, eta konturatu zenerako eguerdia igaroa zen.

        Etxeko bidean, itsas aldeko errepidetik, imajinen segadan erori zen pentsamendua; ikusi egiten zuen elkarrizketa, ez ordea asfaltoa, ezta inguruko mahasti sendoak ere. Bai, sentimenduen anabasan; sustraiek hil egiten dute hazia, baina sustraiek sortzen dute hostoa; hodeiek haizearen aurka ezin joan, eta borondateak ezin maitasunari eutsi.

        Bide berri batetik joan zen hurrengo egunean, haizearen alde beti. Hodei bakarra ikusi zuen bidean, bere adinekoa gutxi gora-behera. Udako eguna zen, oparoa Andaluzian: lertxuntxoak elikadura bila zebiltzan goizeko freskuran. Ikusten zuenaren eta presoek ikusi ezin zutenaren artekoa bereizteari ekin zion Elenak, nahi gabe. Diferentziak neurtu, espetxeak berez sortzen dituen beldur txatxuak alde batera utzi —ezjakinak sortutakoak— eta espetxea benetan zer zen ulertzen hasia zen autoan, laurogei kilometro orduko abiaduran.

        Zortzi t'erdietan iritsi zen espetxera. Jangela zeharkatu, egongela zirudien beste aretoa igaro... eta tailerra. Kartzelaria ere hantxe zen Elenarekin, hizketaldi hasi berrian, eta inor ez zegoela baliatuz, ziega bat ikusi nahiko lukeela adierazi zion. Giltza handia eskatzera joan zen kartzelaria. Bakarrik geratu zen Elena... eta sastada hura berriro ere. Hutsune handiko lekua zen, ordutegi gabea. Kartzelariarekin batera igo zen lehen solairura, hutsik zegoen ziega ireki zuen honek. O! Higuingarria zen! Komun zulotik zetorren kiratsa! Krudela zen ziegaren estruktura bera.

        — Hemen bizi al dira? —galdetu zuen, barrua lasaitzeko batik bat.

        Tailerrera jaitsi ziren. Minduta Elena. Metal-detektore azpitik pasa ziren presoak, eta preso gaiztoa hondoko mahaira joan zenean, harantz jo zuen Elenak.

        Elkarrizketa urrundik jarraitu zuten tailer barruko biztanleek, adi zeuden, halakoak baitira presoak. Hurbilen zegoenak, naufragoak, zatika entzun zuen elkarrizketa:

        — ...ziega barnean... nola bizi... ezingo nuke.

        — Bai... horretara... nahi ala ez hor... nor bizi da gustura antzeko...

        — Zenbat espetxe... dituzu?

        — ...eta gero hemen.

        Goizak pausatzeko astirik eduki ez zuenez, aurrera egin zuen eguerdira arte. Etxeko bidean, itsas aldeko errepidetik, bi dioptriako malko bat irristatu zitzaion betaurreko azpitik: lurraz mintzatu zitzaion preso gaiztoa, askatasunaz, hainbat injustiziez, torturaz... Nolatan hura demokrazia?

        Hilabetera... errepidetik itsasora, itsasotik hodeiertzera, hantxe, hodeiak kostaldera begira zetozen mantso ostera ere, neke forma nabarmenekin. Ezohiko uda zela zioten adituek estatistiken arabera. Estatistikaz ulertzen ez zutenek, lur eremu harritsuak adibidez, lore eta belar ugari sentitu zuten inguruan; bitxilore eta txilarra, basatxikoria. Euri langarrak jantzi zuen landaretza. Berdeak zuhaixkak, trinkoak kanaberadiak; hirusta zuri eta gorriak landazabaletan; belarminak, gorri purpurak, eta usobelar horiak belardietan; sahastiak hosto sinplez josita erreka bazterretan; sasitza sailak harrotuak udaberrian bezala. Elenak ikus zezakeen paisajea zen hura, Andaluziaz beteriko lur hura. Bere barruko loreen usain gozoa kanpotik antzeman zuenean ordea, eta koloreen olatuak sabelean, eta odolaren mugimenduak oroimenera imajina bat zekarrela edo zeramala egiaztatu ondoren, orduan... espetxera itzultzeko premiazko gogoa eta nahia izan zituen. Preso gaiztoak utzitako liburuan, barne orrialdeetan, poematxoa aurkitu zuen, euskal poeta baten poematxoa: lanbroa zeukat gordeta... kaxa batean... hiretzat... eta eguzkia... hankak berotzeko... bakarrik bahago neguan... Eta halaxe egin zion eztanda maitasunak espetxetik urruti samar.

        Biharamunean Elenak arin zeharkatu zituen ate eta korridoreak. Tailerrera iritsi zen. Poltsatik liburua atera zuen, poematxoa, ezohiko uda apurrak eta zigarro bat. Tailerrean barrena barreiatu zituen kea eta bestelako kezkak, haize korronte bat sortuz. Hamarrak eta hamarretan sartu ziren presoak tailerrera; Armando, Guallapu, Mohamed, Ali, Bufaloxikin, Lele... denak; hantxe preso gaiztoa ere. Tailerra zaintzen zuen kartzelaria bere bulegotxora joan zenean, Elena, hainbat alditan bezala, preso gaiztoaren mahai ondora hurbildu zen, liburu, poematxo eta maitasun eztandak irekitako zauriekin. Begi tristeak irri egin ziola iruditu zitzaionean azaldu zion gertatutako guztia, nahiz eta loreen usain gozoak eztarria narritatu eta aho sabaia urratu sabel barruko koloreekin. Orduan, maite zuela esan zion preso gaiztoari, belarrira, eta min egin zion aitormenak.

        — Maitasunaz trufatuko dira zure lagunak? —galdetu zion—. Gorrotatuko al naute? Zer pentsatuko dute nitaz eta zutaz maite bazaitut?

        Luze hitz egin zuten goizean zehar, bere hedaduran; eta honen mugetan, muxu bat eskatu zion Elenak, irailak inoiz usapal saldoak egunsentian eskatu zituen bezala... Izutu egin zen preso gaiztoa.

        — Bai, hemen! —baieztatu zion Elenak.

        Ezpainek elkar ukitu zutenean (o!, hodei haiek!; langarra tolesturetan), ortzadarra igo eta bihurritu egin zen mihi artean. Aldi berean, ikusi egin zituen tailerra zaintzen zuen kartzelariak. Preso gaiztoaren mahaira jo zuen, txistuka, fi-fi-fi, eta Elenaren parera iritsi zenean giltzak erori zitzaizkion; urduri zegoen.

        — Pertsona aurrerakoia naiz —esan zuen, eta ulertzen zituela ez dakit nolako egoerak, eta eskerrak bera bezalako batek ikusi zuela hura, eta ez beste inork.

        Eta fi-fi-fi joan zen txistuka berriz bulegora.

        Hurrengo egunean ere espetxeko bidea hartu zuen Elenak. Errepideko edozein bihurgunetan itsasoarekin estropezu egiteko arriskua egiazkoa bazen ere, itsaso asko baitago munduan, Elena beste arrisku batzuk kalkulatzen zihoan. Kezka haiekin iritsi zen espetxera. Gora begiratu zuen sartu baino lehen; itsasoa baino zeru gehiago dago munduan. Kartzelari ezezagun batek esan zion, misterioz beterik, Zuzendariak berarekin hitz egin nahi zuela goiz hartan. Zuzendariaren bulegorantz jo zuen zuzen Elenak, eta errepidean aurkitutako bihurgune berdinekin egin zuen topo. Han zen Zuzendaria, bide amaieran. Atea itxi zuen Elenak; aulkian eseri zen; Zuzendariak paper bat utzi zuen mahai gainean.

        — Arazo larri bat dugu esku artean —esan zuen Zuzendariak.

        Eta aurreratu zion presoa moduluz aldatu zutela behin-behineko neurri gisa.

        — Elkarri muxu bat eman diozuela dio jaso dudan txosten batek.

        Eztultxoarekin batera atzamar batekin ukitu zuen papertxoa Zuzendariak.

        — Muxua ezpainetan izan zela dio informeak...

        Elena presarik gabe joan zen bulegoko ateraino.

        — ...era kreatzaileetan! —jarraitu zuen Zuzendariak.

        Ate ondotik begiratu zion Elenak:

        — Gaixorik zaudete —esan zion eztiki, eta alde egin zuen.

        Ez zuen preso gaiztoa berriro ikusi espetxean, baina hodei taldeak kostaldean aurkitzen zuten atsedena. Ez zuen inork euri hura espero, ez udako egun haietan bederen.