Carvalho Euskadin
Carvalho Euskadin
2023, nobela
296 orrialde
978-84-19570-14-7
Azala: Joseba Larratxe
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
 

 

Iruņea, 2016. urtea

 

 

 

 

Honek ez du ezertarako balio. Horiexek izan ziren Bildosolaren lehenengo hitzak Carvalho Euskadin erakutsi nionean. Haserreaz haragoko lurralde batean zegoela zirudien, edozein emozio negatibok atzeman ezin zuen batean. Nik banekien baretasun hura itxurazkoa baino ez zela. Barearen ostean dator ekaitza, gauza jakina da.

      Uste berekoa izan zen Sanchez Godin, euskarazko itzulpen baten batez besteko salmentaren zenbatekoa jakin zuenean. Godinek beste modu batez adierazi zuen: horrekin ez goaz inora, lehenean gaude.

      Hori izan zen Sanchez Godin nik ikusi nuen azken aldia. Geroago ordura arte baino askoz ospetsuagoa egingo zen.

      Johanes Goņi Ozpinki-ri ere Carvalho Euskadin erakutsi nion, bere iritzia interesatzen zitzaidalako. Harriduraz begiratu zidan: hau al da aurkeztu behar den Vazquez Montalbanen nobela? Nondik atera duzu? Arazo teoriko bat planteatu nahi dizut, esan nion: zuk uste duzu euskarazko itzulpen hau sarean debalde jarriko banu, negozioa honda niezaiokeela erdarazko jatorrizkoa atera nahi duen argitaletxeari? Ozpinkik irriņo maltzur bat egin eta zera galdetu zidan, zer, argitaletxekoei xantaia egitekotan, ala? Erantzun galderari, mesedez, tematu nintzen. Nik bezain ongi dakizu. Honek ez du balio ezta popatik hartzeko ere.

      Nekez ikusi da halako adostasuna inguruotan, non kasik bermatuta baitago edozein auziri buruzko iritzi batek beti dakarrela lehenengo iritzi horri kontra egiten dion beste iritzi bat, aurkia-ifrentzua joko saihetsezin batean legez.

      Madarikazio bibliko baten maiztasunarekin agertu ohi den iritzi bitasun horri itzuri egin izanak ez zuen zalantzarako zirrikitu handirik uzten.

      Arrazoia zeukan Ozpinkik. Nik ere banekien Vazquez Montalbanen Carvalho berri bat, erdaraz, askok erosi eta irakurriko lukeela; baina Vazquez Montalbanen Carvalho berri batek, euskaraz, nekez bilduko lituzke ehun irakurle baino gehiago, eta dozena pare bat erosle.

      Antza, belaunaldi bat baino gehiago beharrezkoa izango zen, gurean, mende luzeetako letren arbuio historikoa gainditzeko. Non ez dugun euskara errazten, batzuek proposatzen omen duten bezala, txasisean utzi arte, indioen pelikuletako garai bateko espainierazko bikoizketa txar batean bezala, infinitiboen, izenen, keinuen eta onomatopeien entsalada bat, beso-eskuekin keinuak egiten diren bitartean, esaldiaren esanahiari indar gehiago emateko. Ozpinkik marmarrean erantzuten zidan, halako gauzak esaten nizkionean. Ikusten? Ibili-ibilian, euskararik funtzionalena gaztelania dela amaituko dugu. Baina ez zen hori Ozpinki gehien kezkatzen zuena. Itzultzailea nor zen jakin nahi zuen.

      Balio zuen edo ez, Carvalho Euskadin kopiatzeko baimena eskatu zidan, kuriositate literario bikaina zelakoan. Itxaroteko esan nion, oraindik erabaki behar nuela zer egin liburu harekin. Banengoen ba, okerrrrrra zara, gero, gaineratu nuen. Ezer ez duela balio esan eta segituan kopia eskatu. Paperezko kopia, gutxienez —tematu zen Ozpinki—, nik irakurtzeko. Gero itzuli egingo dizut, eta zin egiten dut ez dudala fotokopiatuko, ez inori pasatuko.

      Utzi egin nion paperezko kopia bat. Azken finean, Ozpinkiren iritzia ezagutu nahi nuen. Eta nor da itzultzailea?, ostera ere. Azkenean hainbeste bider galdetu zidan non esan egin nion ni hotz utzi ninduen itzultzailearen izena. Ezagutzen? Ozpinki barreka hasi zen, baina barre mingots batekin. Hara! Pontifizio Denaondo! Ez nuen ulertu. Azaldu behar izan zidan horixe zela itzultzaile hori aipatzeko erabiltzen zuen ezizena.

      Bestalde, garbi zegoen Montalbanen liburuaren euskarazko itzulpenak ez zuela balio ekonomikorik, eta hortaz, gure saioak huts egin zuela eta lehen bezala geundela.

      Bildosolari dagokionez, lehen ere esan dut, itxurazko barearen ostean ekaitza etortzear zegoen. Baina ekaitza ez zen erabat lehertzen, Bildosolak ordura arte ezagutzen ez nion jarrera absente bat erakutsi baitzuen. Eta horrela, demagun, nik esaten banion, konforme, huts egin dugu, baina hanka sartu duena ekarri zenidan informatikaria izan da, egunsentian fusilatua izateko kondena baneuka bezala begiratzen zidan, ezer esan gabe. Jarrera horrekin nik egin nezakeen ezerk ez zuela egindako hutsa konponduko adierazi nahi zuen, nik uste. Nik berreskuratuko dut jatorrizko bertsioa, bota nuen. Ez zaitez horretan nekatu, esan zidan Bildosolak. Azkenean erdeinu horrek sumindu ninduen, nire buruarekiko estimua zauritu zuen. Zerbait bazegoen han, baina nik ez nuen ulertzen zer.

      Hurrena Carvalho Euskadin komuneko apalategian jartzea eta poliki-poliki irakurtzea izan zen. Ozpinki ere horretan ari omen zen, esan zidanez.

      Eta hala, Ozpinki izan zen lehen alarma-hotsak aireratu zituena. Hemen zerbait ez dabil ongi, eta esateaz bat sudur-hegala ukitzen zuen hatz erakuslearekin. Zer gertatzen da, bada, galdetu nion nik. Ez dakit… Lehendabizi: zuk ikusi duzu nobelaren gaia? Zuk imajinatzen duzu Manuel Vazquez Montalban bezalako idazle bat Kataluniatik kanpo, Euskadira etorrita, zer eta bazterrak nahastera? Zertarako edo zergatik nahiko zuen halako putzu batean sartu? Vazquez Montalban idazle zuhurra eta jakintsua zen, ez bere burua immolatu nahi zuen ero bat. Arrazoiketa ez zen txarra, baina ez zen definitiboa, edo niri ez zitzaidan iruditzen, behintzat. Nork daki zer ezkutatzen den idazleen tiraderetan? Tiraderan gordeta egotearen arrazoi bat gaia izan zitekeen, preseski. Bestalde —Ozpinkik aurrera bere argudioekin— liburuak baditu Vazquez Montalbanen literaturaren topiko bereizgarri batzuk, egia da, baina estiloz oso motza da, oso… nola esan… Ozpinkik ezin zuen hitz koherenteetara ekarri liburuaren estiloak falta omen zuen hura, eta adibideetara jo zuen. Demagun, esan zuen, Montalbanek bigarren mailako pertsonaia bat aurkezten duela eszena batean, emakume bat, eszena labur horretan baino agertzen ez dena liburu osoan. Demagun, gure kasuan, Dreams dendako langilea dela pertsonaia hori. Vazquezek idatziko zuen, esaterako: “Pilar —edo duen izena duela— jaiki zen eta gelatik atera zen bere haragi oparoak —artile-xeheaz egindako jantzi batean sarturik zeuzkanak— blaitzen zituen magnolio-esentziaren lurrin artean, eta bere sorbaldaren gaineko adatsa, azabatxez ezin gehiago tindatua, zabukatuz”. Ez duzu halakorik topatuko Carvalho Euskadin-en. Dena linealagoa da, lauagoa. Boqueriako eszena ez dago gaizki, baina Montalban sendoagoa eta gogorragoa da: Kreazioa etikoki defendaezina da, haren oinarria baita hiltzea jan ahal izateko, eta horrek, zuzen edo zeharka, eraile bihurtzen gaitu. Edo, demagun, beste adibide bat jartzearren, zu bezalako morroi bat deskribatu behar duela, eta artean esanda, ez dira gutxi nobelan zehar agertzen diren horrelakoak. Nola deskribatuko zuen halako bat? “Bazuen Historiak traizionatutako animalien begirada hori, progreak 80ko urteetatik aurrera lantzen hasi zirena…”. Azterketa estilistiko bat baino ez da, eta adibide bat, ez haserretu. Ez dakit, esan zuen, tonua aldatuz, eta nire onespena bilatuz, bazeukan esatea Donostian ibiltzeko beharrezkoa dela kalera baino lehen egun hartako euriak zer umore duen jakitea, edo itsasoarekin hizketan jakitea… Bada, horixe, amaitu zuen Ozpinkik, estilistikoki oso ahul ikusten dut. Poetika aipagarririk gabea. Eta Vazquez Montalban poeta bat zen, beste ezeren gainetik. Eta ez al liteke izan dekalaje estilistiko hori itzultzailearen, Perfomanzio, Perfekzionio edo dena delakoaren erantzukizuna? Pontifizio, Lanbas, Pontifizio Denaondo. Ez. Erantzuna da ez. Pontifiziori gauza asko leporatzen ahal zaizkio, baina hori ez.

      Handik pasatu ginen Obabakoak-en erreketaz aritzera. Nik ez nuen hain argi ikusten, baina Ozpinkiri guztiz logikoa iruditzen zitzaion. Omenaldi bat da. Zuk badakizu zenbat liburu erre dituen Carvalhok? Goytisoloren Coto vedado, Barojaren La busca, Dostoievskiren Karamazov anaiak, Gil de Biedmaren antologia poetiko bat, Lorca, Flaubert, Steinbeck, Borges, Galeano… Ohore bat da Carvalhok norberaren liburuak erretzea. Niretzat, esaterako, nire liburu bat erre izan balu, sekulako ohorea zatekeen, ametsetan ere merezi izan ez dudana. Are, idazle asko norbait hiltzeko prest egon zatekeen Carvalhok bere liburu bat erretzearen ordainez. Eta Euskal Herri entelekikora, edo esan dezagun deblauki, Euskadira etorrita, nor erre beharko luke, bada? Zuk uste duzu erreko lukeela ezezagun ilustre hura, nola da… edo zera, babo handiuste hori, zera… Ozpinki abiada hartuta zegoen, eta geldiarazi nuen, letorkeen izen zerrenda luzearen prebisioan: izenik ez, mesedez!

      Ez zen hori liburu erretzeari buruz Ozpinkik esan nahi zuen gauza bakarra: bere aburuz, Kixotea-raino joan behar zen Carvalhoren jokamolde hari azalpena aurkitzeko; Carvalhok Cervantesen Kixotea ere erre zuen abentura batean —zioen Ozpinkik— eta ni sinetsita nago hor dagoela, Kixotea-n alegia, Carvalhoren liburuak erretzeko mania horren jatorria; Kixotea-ren vi. kapituluan bizarginak eta apezak Kixoteren liburutegia erretzen dute, baina liburu batzuk salbatzen dituzte. Tartean Tirant lo Blanch, zeinetan pertsonaietako bat Kirieleison de Montalban baita. Hor lotura bat dago; suposatzen dut, ordea, hori dena kritikariek ongi aztertuta egongo dela.

      Xelebreak dira idazleak, xelebreak direnez. Argitaratzailea izatea arrisku handiko lanbidetzat hartu beharko litzatekeela otu zitzaidan, suhiltzailea izatea egoen sute batean bezala, edo areago.

      Baina ez ziren han bukatzen Ozpinkiren kezkak. Aitzitik, uste zuen argudio erabatekoa aurkitu zuela, estiloaren eta gaiaren kontuen argudioa gainditzen zuena, eta nik ezin izan nuen ezer egin argudiorik ez ziezadan konta. Zer urtetan gertatzen da Carvalho Euskadin, galdetu zidan, maltzurki. 2003an, arrapostu eman nion, akzioa 2003ko martxoan hasten da, zehatz esateko. Eta? 2003an, noski… eta bazen halako garaipen aire bat nire adiskidearen irribarre oker samarrean. Begira, 2002ko urriaren 12an Carvalho eta Biscuter munduari bira ematen ari zaizkio Carvalhoren seriearen azken liburuan, Milenio izena eduki zuen horretan. Bali irlan daude egun hartan; egun hartan, preseski, atentatu izugarri bat izan zen Balin, eta atentatu haren lekukoak dira. Ez zara oroitzen? Berrehun lagun baino gehiago hil ziren, eta horietarik 164 edo atzerritarrak ziren, hots, turistak. Carvalho eta Biscuter munduan bizi dira, eta gertakari historikoen mende daude; ez dira nahi den aldetik nahi den beste hanpatzen edo txikiagotzen ahal den denbora-burbuila baten barruan bizi. Gero, liburu berean, Balitik Australiara joan ziren, eta han, ostera eder bat egin eta gero, Oņate izeneko marinel euskaldun batekin itsasoratu ziren Ozeano Barea zeharkatu eta Valparaisora joateko; handik Argentinako Mendozara igaro ziren, Andeetako mendilerroa zeharkatuz, lurretik; handik Patagoniara joan ziren, eta mapa batean Argentina ikusten baduzu ikusiko duzu Mendozatik Calafatera bidaiatzea ez dela Etxauritik Iruņera joatea bezala; eta handik Buenos Airesera, eta handik Iguazura. Iguazun 2002ko abenduaren hasieran daude. Handik Brasilera doaz, eta handik, hegazkin bat hartuta, Dakarrera, eta handik… Eten nuen Ozpinkiren berbaldi oparoa, ulertzen dut esanda, ulertzen dut zer esan nahi didazun. Ez, moztu zidan ostera ere, ez duzu ulertzen. Carva­lhok amaitu zuen bidaia Bartzelonan, 2002ko eguberrietan, baina orduan atxilotu eta La Modelora eraman zuten. Beraz… Beraz, bukatu nuen nik, ez da posible Carvalho 2003 hasieran Euskadin egotea, kartzelan zegoelako. Horixe, esan zuen Ozpinkik, ni bezalako ikasle baldar batentzat ere argi zegoelako pozik. Baina hori Carvalhorentzat ezinezkoa da? Kennedy hil duen, eta aldi berean ciakoa eta pcekoa izan den batek, ez dezake kartzelatik ihes egin eta… Ez, ez, ez, moztu zidan berriro Ozpinkik. Montalbanek zorroztasunez errespetatu zuen une oro bere pertsonaiaren denbora historikoa. Eta gero azken epaia bota zuen: bistan da, Carvalho Euskadin testu apokrifo bat da.

 

 

Ozpinkiren arrazoiek erdizka konbentzitu ninduten. Ez behintzat halako iritzi kategorikoa botatzeraino. Ozpinkik, aldiz, oso seguru zirudien. Baina, hala bada, bota nion, iruzurra aise geratuko litzateke agerian, ez duzu uste? Ozpinkiren ustez, bai, iruzurra agerian geratuko litzateke, baina denbora bat beharko zen hori demostratzeko; denbora horretan iruzurgileek lor zezaketen nahi zuten helburua: liburua aurkeztu eta dirua kobratzea. Hortik aurrera, hor konpon. Gogoratu nuen Sanchez Godinek azkar eta diskrezioz mugitzeko zenbat ahalegin egin zituen. Apokrifoa bada, zergatik diozu denbora beharko dela apokrifoa dela demostratzeko?

      Ni oztopoak jartzen baino abilagoa zen Ozpinki horiek gainditzen. Bai, denbora beharko litzateke apokrifoa dela demostratzeko euskal irakurleek oso gutxi irakurri dutelako Montalban. Eta horren gutxi irakurri izanaren gakoak zein ziren bazekiela uste zuen Ozpinkik. Bi ziren, funtsean: bata Euskal Herriko arazo nazionalaren gainean zeukan ikuspuntua, eta bestea, euskaldunen umore berezia, Mediterraneo aldekoenaren oso bestelakoa. Topikoak baliatu ei zituen baskoak ezaugarritzeko: aizkolariak, astapotroak, indarraren gurtzaileak, jatunak, potrohandi-txapeldun-buru­huts tipokoak… Inoiz iradokitzen du besteak baino gehiago direla uste dutelako komentario ironiko-maltzurrik, batez ere arlo gastronomikoan. Nafarrak bereiz agertzen dira —egia esan oso gutxitan agertzen dira, segitzen zuen Ozpinkik—, baina agertzen direnetan topikoetara jotzen du berriz, eta gainera okertzen da. Esaterako, Alejandriako arrosa izenekoan Biscuterrek “nafar jota bat” dantzatzen du, eta El vino que tiene Asunciķn no es claro ni es tinto ni tiene color abesten. Nafar jota bat dantzatze horrek politikari jakin batek “Agur jaunak dantzatzen zekiela” esan zuenekoa ekartzen dit gogora. Nafar jota, dantzatzen dena, euskal fandangoa da, ez besterik; nafar jota, bestea, kantatu egiten da, eta El vino que tiene… ez da horren adibidea, preseski. Baina tira, hanka sartze larriagoak egin izan ditu. Esaterako, Bangkokeko txoriak izenekoan “aurrezki kutxek ez dute inoiz erreka jotzen” esanarazi zion Carvalho gaixoari. Ez, e? Jode ezetz! Baina hori geroago jakin dugu, noski. Nafarroi buruzkoarekin segituz, Labirinto greziarra izenekoan nafar bat agertzen da, Brando, “ez altua eta ez baxua, ez lodia eta ez argala, kanporakoia eta ogiari ogi eta ardoari ardo deitzen dietenekoa delako harro, aragoiarren eta nafarren antzera”. Nafarren topikoak —seinalatu zidan Ozpinkik— nafartasunetik kanpo uzten gaitu Tafallatik gorako guztiak. Baina ez gara kexatuko katalan batek hala ikusten bagaitu: askoz hurbilagoko batek, Zarauzko sukaldari famatu batek, aita nafarra zuenak endemas, behin ajoarrieroaren errezeta penagarri bat telebistan egin eta ia astoen moduan, arrantzaka, hasi zen, “nafarren” hitz egiteko modua “imitatuz”; eta are okerragoa oraindik ere, batzuek arrandiaz “askapen nazionalaren mugimendua” deitzen duteneko kide batek berresten du, txiste moduan, kostaldeko paseoak nafarren ferrek hondatu dituztela, beraz… Eta lehen aipatu dizudan arrazoi horrekin amaitzeko —errematatu zuen Ozpinkik— Balnearioa izenekoan, lehen orrian, gainera, esaten du bakailaoa pil-pilean “plater espainiar” bat dela. Nahi duzu segitzea? Ez, esan nion, baina gogorarazi nahi dizut bigarren arrazoi bat aipatu duzula: euskaldunen umore berezia. Bai… —orain Ozpinkik ez zuen ematen hain seguru—. Beharbada esan beharko nuke Montalbanen umorea oso bestelakoa zela, eta oso berea: elementu kultua eta elementu herrikoia gehi jatorri askotariko beste elementu batzuk nahasten zituen, sarkasmoaren mugan ez gutxitan, inoiz baldarkerian eta trauskilkerian erortzeko beldurrik gabe, topikoa ontzat emanez, zenbaitetan; baina beste batzuetan kode ezberdinen lengoaiak justaposizioan erabiliz, horrek ematen dituen adierazpenerako aukerak aztertzeko, absurdoaren puntu batekin; eta asmoduna da beti, unerik gogoangarrienean argitasun ironiko itsugarri batekoa… gehiegi, Euskal Herriko isurialde atlantikoan bizi direnentzat, haiek gustu ontzat jotzen dutenetik urruti; ordea, isurialde mediterraneoan bizi garenontzat, tira… ohituago gaude anabasarekin, nahasketarekin, mestizo zaharrak gara gehienak…

      Moztu beharra zegoen Ozpinkiren erudizio-erakustaldi hura. Horregatik ez nion esan partez baino ez nengoela konforme. Esaterako, Vazquez Montalbanek ez zituen euskaldunak beti topikoaren arabera epaitu, salbuespen garrantzizkoak zeuden bere obran. Galindez errespetuz eta seriotasunez tratatu zuen, eta are Milenio liburuko Oņate kapitaina ere, itsasoak apurtzen dabilen etakide ohi bat. Liburu hura argitaratu zen urtean, aski erretratu sinesgarri eta duina eskaini zuen, noiz eta, gai hori ukitzera, etakide bati buruz gutxien-gutxienez espero zena “terrorista hiltzailea” deitzea zenean, eta hortik gora, zuzentasun politikoaren marrak ezartzen zituzten arbitroen madarikazio publikoa nahi ez bazenuen. Espainian, baldintzarik gabeko lintxamendu erabatekotik desmarkatu zen bakarretakoa izan zen, nahiz eta oso garbi egon hura ere ez zela etazalea, inondik inora ez; baina gatazkari erro eta logika historiko bat bilatu zion une oro, zentzumen eta zientifikotasun hutsez, agian katalanismo asimilatu batetik, horrela jokatze hutsak terrorista izatearen estigma ekar lezakeen denbora deitoragarriotan. Eta beti hitz egin zuen publikoki irtenbide negoziatu baten alde.

      Iritziak iritzi, harira berriro lotuz, Ozpinkiren epaia garbia zen: Carvalho Euskadin —eta beraz, Carvalho en Euskadi ere— apokrifoa zen. Eta, lehen esan dudan bezala, hura niretzat etortzear zegoenaren lehen seinalea izan zen.

 

 

Izan ere, ez zen beharrezkoa izan inolako azterketa estilistikorik Carvalho Euskadin-en apokrifotasuna demostratzeko.

      Orain da une egokia sainete nahasi honetan kontuan hartu beharreko azken pertsonaiari buruz hitz egiten hasteko. Haren izena Facundo Garcia zen. Facundo Garciak jaso zuen begiramena, kontsiderazioa eta tratua, gurera agertu zenean, Sanchez Godinek jaso zuenaren alderantzizko proportzionala izan zen. Sanchez Godini ate guztiak ireki zitzaizkion bezala, Facundo Garciari itxi egin zitzaizkion. Sanchez Godinentzat dena erraztasuna izan zen; Facundo Garciarentzat, dena maldan gora. Bi gauzak jokatu zuten Garciaren aurka: inork ez zuela ezagutzen, lehena; eta bigarrena, harremanak lantzeko era aski partikularra zeukala.

      Facundo Garcia Kultura Departamentuan agertu zen eta hitzordua eskatu zuen kontseilariarekin. Ez zuen zehazten jakin zertarako nahi zuen zita, eta kontseilaria tipo astun eta xelebreen jazarpenaz babesteko, beheragoko batengana deribatu zuten; beheragoko horrek ere ez zuen beharrezkotzat jo Facundorekin biltzea, eta are beheragoko batengana deribatu zuen; eta horrela hurrenez hurren, organigramaren piramideko azken mailako teknikari batekin hitzordua lortu zuen arte, eta kostata. Azken mailako teknikariak ere ez zion jaramonik egin, eta sorbalda gainean esku-zartadatxo batzuk emanda despeditu zuen. Hitz batez, inork ez zion kasu zipitzik egin, hasiera hartan. Baina ez diezaiogun erru guztia azken mailako funtzionarioari egotzi. Facundo Garciak berak eduki zuen erruaren parte bat, tipo xelebrea zelako. Hala, departamentuan agertu zenean, izena esan eta Hochmoderne, Fortschrittliche Computerdienste enpresako Espainiarako ordezkari nagusia zela azaldu beharrean —alegia, edozeinek bere burua aurkezteko esango lukeena—, prepared bat zela esatetik hasi zen, obolaktobegetariano krudiboroa, epe ertainerako disrupzio-potentzial gutxiko aferetan jarduten zuela, eta kortijo bat zeukala Extremaduran, non hondamendia iristen zen egunean ahal zen adina denbora eutsiko baitzion, Sam Altmanen modura. Azken mailako teknikaria, ordura arte hippy, yuppie eta hipster hitzen esanahia hala moduz baino identifikatzen ez zuena, ez zegoen preparatua prepared —irakur bedi prepeired— bat zer zen jakiteko; ez zekien, ezta ere, nor zen Sam Altman, ez zuen ulertu zer ote ziren “epe ertainerako disrupzio-potentzial gutxiko aferak” eta Facundoren aurkezpena entzun eta gero, zoro bat zela erabaki zuen; baina orduan, zer nahi zuen edo zergatik zegoen han galdetu beharrean, logikoa zen moduan, burla egiteagatik edo, aurpegiratu zion ea nola eutsiko zion obolaktobegetariano krudiboroa izateari Extremadurako kortijoan. Facundok erantzun omen zion ez kezkatzeko horregatik, Extremadurako kortijoan ixten zenerako edukiko genukeelako zertaz kezkatu, den-dena igual-igual izango zitzaiolako, bai berari eta bai planetari ere. Hortik abiatu zen elkarrizketa surrealismoaren eremukoa izan omen zen, eta azken mailako funtzionarioak, Facundo gainetik kendu eta gero, egin zuen lehen gauza izan zen departamentuan kanpoko jendeari harrera egiten zion administrariarengana joan, errieta egin eta agindu berriz agertzen bazen zoro hura, bertatik fueratzeko inolako begiramenik gabe. Harrera egiten zuena pertsona aski errukiorra zen, nonbait, zeina funtzionarioen artean ez baita hain ohikoa, eta Facundo Garcia agertu zen hurrengo lau egunetan (asteartetik ostiralera), bertatik bota beharrean, teknikari guztiak okupatuta zeudela eta ezin zutela hartu jakinarazi zion, baina bertan egon zedin galarazi gabe. Facundok baten bat libre gelditu arte itxaroteko prest zegoela esan zuenean, funtzionario amultsuak bizkarrak harrotu eta itxarongelako eserlekuak seinalatu zizkion. Han igaro zituen bulego orduak Facundo Garciak (asteartetik ostegunera), harik eta, pazientzia galduta, ostiral goizean, bulegoan ordu batzuk pasatu eta gero, bertatik ezkutatu zen arte, hurrengo astelehenean, goizean goizetik, berriz agertzeko. Bakarra, oraingo honetan epailearen paper bat zekarrela. Papera epailearen agindu bat zen, eta bertan agintzen zen Sanchez Godin bilatzea, harrapatzea eta haren aurrera eramatea.

      Harrera-egilea, epailearen papera ikusi zuelarik, konturatu zen afera larria izan zitekeela, eta ordurako Sanchez Godinen izena eta departamentuarekin zeukan harremana plazan aski ezagunak zirenez, Facundo Garcia hasi zen organigramaren piramide hierarkikoa behetik gora korritzen, lehen bezala baina kontrako noranzkoan; hau da, hasieran haren zita-eskaerak goitik behera uxatu bazituzten, orain behetik gora hartu zuten, hurrenez hurren, hitzordu bakoitzean organigraman urrats bat gora eginez, eta azkenik departamentuko goi mailako bulegoetan hartu eta entzun zioten. Entzuna izan zelarik, “afera gogaikarri horri” neurria hartzen hasi eta nola halako irtenbidea aurkitu behar zitzaiola erabaki zen.

      Lehenengo gauza Sanchez Godin aurkitu, harekin hitz egin eta epailearen aurrera eramatea zen, noski. Baina Sanchez Godin ez zen inondik ageri, lurrak irentsi izan balu bezala. Sanchez Godinek ez zuen telefonoa hartzen, ordu arteko lokalizatzeko toki guztiak hustuak zituen, harremanetarako bideak oro eten zituen, mamu huts bihurtua zen, inoiz existitu izan ez balitz bezala. Justu orduan norbait konturatu zen zegoeneko kobratua zuela Leiho bat zabalik mundura jardunaldian parte hartzeagatik agindu zitzaionaren zati handi bat, gehiena, egia esan. Sanchez Godinek dirua hartu eta lasterka alde egin zuen, Woody Allenek film hartan bezala.

      Iruzurra nabarmena eta inolako zalantzarik gabea zela baieztatu zenean hobeki entzun ziren Facundo Garciaren arrazoiak. Berea negozio-eredua oso ongi finkatua ez zuen arlo berritzaile bat zen; enpresari zegokionez, Hochmoderne, Fortschrittliche Computerdienste enpresari zegokionez, alegia, esan liteke enpresa erlatiboki txikia zela, produktua arlo zehatzetan (zuzenbidea, kultura, kirola…) sartzen saiatzen ari zena. Lehen urratsak egiten ari zen industria enbrionario bati buruz ari ginen, eta horretan ari zirenek ez zekiten, haiek ere ez, noraino zabal zitekeen. Zalantza gabea zen denbora laburrean inpaktua ikaragarria izango zela, eta alderdi legala ez zegoen oso garatuta. Izan ere, nola arautu zerbait, zerbait horrek ekar ditzakeen ondorioak zein diren ez baditugu ezagutzen? Eta dena, algoritmoak gero eta sakonagoak eta sofistikatuagoak direlako, datuak infinituak, ia-ia, eta datu horien gainean aplikatzen den gaitasun konputazionala, izugarria. Hori horrela, makina automatikoki ikasten doa, eta hutsak aldez aurretik iragartzen ditu. Baiki —segitu zuen Garciak—, 1943. urtean John William Mauchly eta John Presper Eckert ingeniariek eniac (Electronic Numerical Integrator And Computer) diseinatu zuten, 27 tonako makina bat, 5.000 batuketa eta 300 biderketa segundoko egiteko gauza zena. Gaur egun halako konputazio-gaitasuna duen prozesadoreak azkazal baten tamaina dauka. Orain Sunway Taihulight konputagailu txinatarrak 125.000 bilioi eragiketa egiten ditu segundoko. Adimen artifizialak ordezka ditzake bikoizketa-aktoreak, erredaktoreak, ilustratzaileak, eta oraindik irudikatzeko gauza ez garen beste makina bat ogibidetako jendea… zergatik ez idazleak, makina testu berria sortzeko gauza bada, den bezala? Horretan jarduten du Hochmoderne, Fortschrittliche Computerdienste enpresak, zeinaren legezko ordezkaria Iberiar penintsula osoan ni bainaiz, zioen Facundo Garciak. Baiki —segitzen zuen—, inpaktua alimalea izango da, industria-paradigma berri baten aurrean gaude, arriskutsua izan daiteke, hainbeste non Sam Altmanek eskatzen baitu adimen artifiziala arautzea material nuklearra arautzen den moduan, nazioarteko batzorde baten bidez. Aro berri baten lehen fasean gaude, oso fase primitiboan oraindik, eta datorrena itzela da, baina gauden fase primitibo honetan fakturak ordaindu behar dira igual-igual. Hori ez da aldatu.

      Horixe zioen Facundo Garciak, eta esatearekin batera faktura bat ateratzen zuen, Hochmoderne, Fortschrittliche Computerdienste enpresarena, zeinean bost digituko kopuru bat eskatzen baitzitzaion Sanchez Godini Carvalho en Euskadi izeneko liburu bat idatzi izanaren truke.

      Bai, horixe zen egia, Carvalho en Euskadi adimen artifizialaren posibilitateak aztertzen zituen Alemaniako enpresa batek idatzitako liburua zen.

      Sanchez Godinek ez zuen faktura hori ordaintzeko imintziorik sekula egin, eta horrek eraman zuen Facundo Garcia gobernuko bulego batera, lehen, eta gero, han inork ez ziola kasurik egiten ikusirik, epaile baten aurrera, agindu baten bila. Bildosola izan zen hau guztia niri kontatu zidana. Orduan ulertu nuen egun batzuk lehenagotik erakutsi zituen mesfidantza eta errezeloa, nik liburua lor nezakeela esan nionean. Fakturak ordaindu, noski; eta hildakoak lurperatu, horiek biak igual-igual egin behar dira, esan zuen Ozpinkik, Facundoren historiaz jabetu zenean. Ozpinki oso harro agertu zen iruzurraz konturatu zelako pastel guztia deskubritu baino lehen. Bere aldetik, Bildosola, Arriaranen influentziak eta liburu lapurtuaren kasuan zeukan lehentasunezko tokia erabiliz, auzi guztiaren barne-historia ongi ezagutzera iritsi omen zen. Hark zioenez, iruzurra agerian geratzeko funtsezkoa izan zen Facundo Garciaren salaketa, noski, baina ez omen zen izan arrazoi bakarra. Kasualitatez, Facundo Garcia Carlos III.eko Palazioko itxarongelan hautsari begira zegoen egun horietako batean, norbaitek mobilizatutako polizia kidegoko inteligentzia zerbitzuko agenteren batek —Peparen foralak izan, edo Ertzaintza izan, kasurako berdin zen, eta edozein kasutan Bildosolak ez zidan daturik eman nahi izan, fidagarria ez naizela iritzirik, segurutik—, zehaztu gabeko pistaren bati segika, Vazquez Montalbanen herederoekin edo behintzat haren lege-ordezkariekin harremanetan sartzea beharrezkoa zela iritzi zion. Honetan ez dago erabateko adostasunik, beste iturri batzuek esaten dutelako kazetari bat izan zela familiarengana edo familiaren ordezkariengana jo zuena. Bata izan edo bestea izan, norbaitek hitz egin zuen oinordekoen eskubideak kudeatzen dituen agente literarioarekin. Okerren bat egon behar du —esan omen zion agenteak—. Ez dago Manuel Vazquez Montalbanek idatziriko Carvalho en Euskadi izenburua duen libururik; ez behintzat idazle haren herederoek, nik ordezkatzen ditudanek, dakitela, ez eta idazlearen ondarea kudeatzen duen fundazioak dakiela ere. Eta Sanchez Godin?, galdetu omen zioten ordezkariari. Sanchez Godin bat bai, badago. Baina liburu hori nondik atera duen, hari galdetu beharko zaio. Orduantxe saiatu ziren Sanchez Godinekin harremanetan jartzen, alferrik. Beraz, Facundo Garciaren salaketak eta Vazquez Montalbanen herederoen ordezkariarekin izandako elkarrizketek denboran bat etorri eta gauzak argitu zituzten. Baina ordurako txoriak alde egin zuen diru-poltsa mokoan zuela.

 

 

Eta non zegoen txoria? Ustekabean, Martina Karrikabürük zeukan erantzuna, eta niri jakinarazi: Sanchez Godin Iparraldean atzerriratuta zegoen, Jaun Baruaren Senpereko etxean. Handia zen, handia zenez: urteak geroago, berriz zitzaion norbaiti baliagarria “Frantziako santuarioa”, oso bestelako arrazoiengatik zen arren.

      Denbora laburrerako, hala ere. Nik neronek eman nion albistea Bildosolari, nire ordainsaria justifikatzeko, baina Bildosolak ordurako bazekien, polizia kidegoren batek salatua. Epaileak Interpolera atxilotzeko eskea egin zion, Interpol Frantziako Poliziarekin mintzatu zen, eta Sanchez Godin atxilotzeak ez zuen luze jo. Azalpen asko eman behar zituen, jende askori: epaileari, kontratatu behar izan zuen abokatuari, Vazquez Montalbanen oinordekoei, ordurako eskuzabal ordaindu zioten Leiho bat zabalik mundura ekitaldiaren antolatzaileei, Pepa Jauregiri eta Zuberobeitiari, batez ere, faktura ordaindu ez zion Hochmoderne, Fortschrittliche Computerdienste enpresari, negoziazio fantasmagoriko batzuetan nahastu zuen Arriaran Abokatuak bulegoari… Nire sentipena zen niri ere zor zidala azalpenen bat, besterik ez bazen hainbestetan aguantatu behar izan nuen haren korrelato objektiboaren begiradarengatik, eta nirekin beti erabili zuen gehiagotasunezko aire harengatik. Ez zidan gustu hori eman, ordea; hain handia zen haren azalpen eman beharra ze ni bezalako bigarren mailako arizaleok ez genuen izan zuzeneko aitorpen baterako aukerarik, eta kontatu zigutenarekin konformatu behar izan genuen. Nik, Bildosolak kontatu nahi izan zidanarekin.

      Bildosolak Sanchez Godinekin egoteko aukera izan omen zuen, atxilotu eta gero. Baina, batez ere, Bildosolak belarriak erne eta informazio iturri onak zeuzkan, eta Sanchez Godinek han eta hemen esandakoarekin halako kontakizun osatu eta koherente samar bat eratu zuen. Esan beharrik ez dago, kontakizun hori diskrezio osoz barreiatu zen, xehetasunez aberatsago edo laburrago, kasua ezagutzea merezi zutenen artean, prentsatik aparte, horretarako Martina Karrikabürürekin negoziatu behar izan bazuten ere, geroxeago kontatuko dudanez. Horrela jokatzeko arrazoia Pepa Jauregi babestea zen, estualditik libratzea.

      Bildosolak kontatu zuenez, Sanchez Godinek, hasieran batez ere, hartu zuen jarrera, damua edo lotsa erakustetik oso urrun, desafiatzailea eta harroa izan zen, bere azioen erantzule baino, biktima eta are kaltetua balitz bezala. Baieztatu zuen dirua izan zela egin zuenaren motibazio nagusi eta bakarra; zergatik eta, bizitza oso bat paperen artean pasatu eta gero, betazalak flexo eskasen argien pean eta begiak erresoluzio gutxiko ekranen aurrean erre eta gero, pentsio miserable bat eskuratzeko aukera baizik ez zitzaiolako gelditu, bera bezalako kultuzko idazle baten obra luze eta osoaren ordain. Intelektualki orpora ere iristen ez zitzaion makina bat jendek egin zuen karrera eremu akademikoan, komunikabideetan edo are literaturan ere, behar bezainbeste ipurdi egoki milizkatuz, berak Althusserrekin direnak eta ez direnak eztabaidatzen zituen bitartean, zientzia eta jakintza helburu soil, pentsioa eta ondasun materialak baizik nahi ez zituztenek instituzio unibertsitarioa kolonizatu zuten bitartean. Hark, ordea, Althusserren haserreak —beldurtzekoa, koleratzen zenean, omen—, eta bere prediku amaigabeak, edonor lokarrarazteko modukoak, jasan behar izan zituen, dena jakintzaren alde. Horri injustizia itzela irizten zion, baina, horretaz aparte eta batez ere, horrek zahartzaro triste eta anparo gabe baten perspektiba ireki zuen bere aurrean; kasik karitate publikoaren mende, dentistak, zerbitzuengatik, gero eta maizago egiten zizkion fakturei aurre egiteko; geratzen zitzaizkion gero eta adiskide gutxiagoren bizkarroi, afaldu edo zerbeza bat hartu behar zuen bakoitzean; inermea, aje bariatuen ondorioz etorkizun ziratekeen tratamendu eta protesiak jartzeko, eta bizitzak zein kreditu entitateek ezartzen dituzten baldintza drakoniarrei aurre egiteko ezgauza. Eta dena, luzeegi gabe hilotz triste bat uzteko, zeinari buruz heriotza-ohar ederrenak idatziko baitzituzten hilotza bizirik zela erabateko mespretxuez tratatu zuten berberek. Finean, Vazquez Montalbanen esanak kontuan hartuta, hildakoak lurperatzeari uztea okerrago zelakoan, fakturak ordaintzeari uztea erabaki bide zuen, eta bereziki Hochmoderne, Fortschrittliche Computerdienste enpresak, adimen artifizialaren bidez —baina Sanchez Godinen argibideei jarraiki, eta hark pertsonalki orraztuta—, “idatzi” zion Carvalho en Euskadi nobelagatik kobratu nahi zion bost digituko kopurua —ikaragarria, Sanchez Godinen arabera—. Iruzurrekin atera nahi izan zuen diruak —zati handiz poltsikoratu zuenak— zahartzaroaren lehen urteak eroso igarotzeko balio behar zuen; gerokoak, gero. Gerokorik bazen zerbait okurrituko zitzaion. Horri buruz galdetu ziotenean, kultuzko idazleak deklaratu zuen erabat kontziente zela iruzurrak agerian geratuko zirela lehenago edo geroago; bere esperantza zen agerian geratzen zirenerako dena kobratuta izatea, eta ateratako diruarekin ezkutatzea munduko txoko bazterren batean. Iruzurrak esan zuen, pluralean, bai, iruzurrak bi zirelako: bata liburu apokrifoa egiazkotzat pasatzea, eta bestea, Jaun Baruarekin prestatu zuena: hau da, liburua lapurtu ziotelakoa eta antzerki hori guztia antzeztea, bahiketa-saria kobratzeko. Bigarren iruzur horren bidez espero zuen osotara lortuko zuen dirutza biribiltzea —nahiz eta bigarren horretan lortzen zen dirua lau zatitan banatu behar zen: Sanchez Godin, Jaun Barua, Haizea argitaletxea eta itzultzailea, zeinak, erretiroko adinetik aski hurbil, prebisioz jokatu nahi baitzuen, ez zuelako bukatu nahi Sanchez Godinek bezala—. Munduko azaletik ezkutatzeari dagokionez, Sanchez Godinek ba omen zuen ezkutalekuren bat prest horretarako, baina ez zuen aitortu nahi izan non zegoen, galdekatu zioten arren —beharbada etorkizunean baliagarria izaten ahal zitzaiolakoan—. Ikerketaz arduratu ziren poliziek esan omen zuten beren ustez pista gehienek toki hori Cabo Verde izan zitekeela seinalatzen zutela; edo Madagaskar, beharbada, baina edozein kasutan ez zuten baztertzen Polinesia edo Mikronesiako irlaren batean izatea.

      Izan zen Sanchez Godin kritikatu zuenik, baina ez egin zuen delituarengatik, inozoa izateagatik baizik. Horien arabera, ezinezkoa zen plan hura ongi ateratzea, agerian geldituko zelako burura eraman baino lehenago. Sanchez Godinek berak erantzun zien bere aurkakoei, gogoraraziz Leiho bat zabalik mundura ekitaldian parte hartzeagatiko dirua kobratua zuela harrapatu zutenerako, eta lapurtutako liburua itzultzeko negoziazioak ere ixtekotan zeudela, 200.000 euroko erreskatearen truke; horrek beste 50.000 euro gehitzen zion lehen lortutakoari, lau zati egin eta gero. Bildosolak, negoziatzaileen eleduna zen aldetik, publikoki ukatu zuen hori, eta jakinarazi zuen beren burutik ez zela inoiz ere pasatu xentimorik ordaintzerik lapurrei, eta negoziazioak auzia luzatzeko eta Poliziari bere lana egiteko epea handitzeko erabili zuten trikimailu bat baino ez zirela izan.

      Carvalho en Euskadi nobelaren gaiari buruz ere galdetu zioten, ea nola eduki zuen gai delikatu eta mingarri hura modu horretan tratatzeko kopeta, ez al zen konturatu nobelak —argitaraezina, Bildosolak behin eta berriz errepikatu zuen bezala— doilorkeria-geruza batez estaltzen zuela euskal enpresari zintzo, onbera eta onuragarrien multzoa. Sanchez Godinek bizkarrak harrotu zituen, eta hau baino ez omen zuen erantzun: adimen artifiziala eta eskopetak, igualtsu; deabruak kargatzen ditu.

      Kontuak kontu, jakin badakit Sanchez Godin atxilotu zutela. Sanchez Godini bi delitu egotzi omen zizkioten: lehenik, maula delitu bat, eta bigarrenik jabetza intelektualaren aurkako beste bat. Kode Penala zorroztasunik handienarekin aplikatu, eta zazpi urteko kartzela kondena eskatu zioten, maula delituarengatik hiru, eta jabetza intelektualaren aurkako delituarengatik lau, Kode Penaleko 248., 270., 271. eta 272. artikuluen arabera. Horretaz gain, isuna ere ezarri zioten. Baina aurrekaririk eduki ez eta laster askatu zuten. Handik aurrera, haren arrastoa galdu zen, euri tanta bat lainoan bezala. Jaun Baruarekin, nik dakidala, ez zen inor sartu. Haizea argitaletxeak segitu zuen zalantzazko bideragarritasun ekonomikoko liburuak argitaratzen, eta itzultzaileari buruz eduki nuen hurrengo berria izan zen Euskadi itzulpen saria irabazi zuela, beste behin, ez Carvalho Euskadin itzultzeagatik, noski, beste itzulpen batengatik baizik.

      Horretatik guztitik atera nuen ondorioa izan zen nolabaiteko isiltasun itun bat zarratu zela sainete hartako arizaleen artean, egia publikoa egiteak pasaraziko zien lotsa saihestearren, egia jakitera han galduko zutelakoan geratzen zitzaien kreditu jada ez hain handia, kudeatzaile on, zintzo, jakintsu, kultu, zentzudun eta abar izateari dagokionez. Nire ondorio horietan berrestera eraman ninduen jakiteak Pepa Jauregiri, Zuberobeitiaren bidez, Guggenheimera eraman behar zuten pintore famatu baten erakusketaren hondarrak Iruņera eramatea eskaini ziotela, liburuarekin hartu zuen zaputza, eta galdu zuen distira, nolabait, konpentsatzearren. Pepa komunikazioan aditua zen, eta ongi zekien trukua zertan datzan: errealitatea ez bada zure boto-emaileen gustukoa, eta gainera ezin baduzu aldatu, aldatu prentsako izenburuak. Nola ez zuen jakingo, horretan oinarritu zuen-eta bere karrera politikoa. Kasu honetan, ekinbidea argi zegoen: ahaztu Montalbanen liburu argitaragabea, eta gora Jackson Pollock.

      Isiltasun itun horretako atal bat izango zen, noski, liburu apokrifoa bera inon ez agertzea, ez eta bitxikeria literario moduan ere. Arrazoiak omen zeuden horretarako. Liburua apokrifoa zen, kalitatez txarra, eta gaia ere ez zen gustu onak eta bere buruari begirunea dion literatura batek permititzen ahal duen bezalakoa. Hortaz, zirkulaziotik kentzea erabaki zen; edo, hobeki esan, zirkulatu zezan galaraztea. Leiho bat zabalik mundura festibala edo jaialdia egitearekin konforme agertu ez ziren guztiek jakin zuten, detaile gehiago edo gutxiagorekin, hemen kontatzen ari naizenaren berri, baina eskandalu bat eratu nahi izan zutenek zirrikitu guztiak itxita aurkitu zituzten: kazetariek —prentsakoek, irratikoek eta telebistakoek— ez zuten ezer jakin nahi izan; berdin jokatu zuten instituzio kultural zibiletako zuzendaritzako karguetan zeudenek, eta politikariek ere. Azken hauen artean, jarrera bikoitza zen: ezkerrekoek ez zuten deus egin nahi, gobernutik kanpo egon arren euren arteko tesi nagusia baitzen gobernuari egiten utzi behar zitzaiola, gobernu hura botaz gero, horren ordez etor zitekeena askoz okerragoa izango zelakoan; eta eskuineko oposizioak ez zekien gaia nola erabili baliagarria izan zekion gobernuari eraso egiteko, baina aldi berean ezkerreko oposizioaren posizioak indartu gabe, eta hortaz, gaia izozkailuan sartu zuten, etorkizunean, horretarako aukerak ikusiz gero, bertatik atera eta borrokan sarrarazteko. Azkenik, Leiho bat zabalik mundura jaialdia iragarri zenean beren interesak kaltetuta ikusi zituztenak ere —kulturaren industrian ekimen pribatu gisa jarduten zuten argitaletxeak, sortzaileak, eta abar— isildu egin ziren, ez zedin gerta komentario desegoki batek, edo okerrago, aurkako jarrera nabarmen batek, gobernuaren dirulaguntzarik gabe uztea. Gauzak horrela, balizko eskandalua ematzen joan zen poliki-poliki, eta handik denbora gutxira hura guztia eskandalagarria izan zela uste zutenen jardunak hormatzar baten kontra talka egin zuen, eta ez zuen inoiz zeharkatu betiko lau erresuminduren txoko gastronomikoko isil-bileren komentarioen, inork aintzat hartzen ez zuen txoribururen baten dimisio eskaeren eta filoterrorismoaren susmopean sinesgarritasuna oso ukitua zuten bazterreko argitalpen baten edo besteren oharren muga. Hau da, ez zen ezer gertatu, eta inozoren bati ezer galdetzeko gogoa geratu bazitzaion, laster tapatu zioten ahoa Svetlana Aleksievitxek emango zuen hitzaldiaren garrantzia astinduz, edo Guggenheimi esker laster ikusten ahalko zen Pollocken erakusketa harira ekarriz. Denbora laburraren buruan Carvalho en Euskadi liburuaren historia bitxia tapatua zen eta nor zenak lasai hartzen ahal zuen arnasa berriz ere, “hemen ez da deus gertatu” esan eta eskuetako hautsa inarrosiz.

 

 

Guk geneukan euskarazko testuari zegokionez, Bildosolak gauzak argi utzi zituen pisuzko arrazoiak erabiliz. Martina zen bere kezka nagusia, kazetaria baitzen eta testuaren kopia zeukalako, baina aise neutralizatu zuen bestela bere izebaren kontra joango zela esanda. Niri gogorarazi zidan haren menpekoa naizela, eta etorkizuneko lana konprometituko nuela urratsik eginez gero norabide okerrean. Ozpinkiren berririk ez zuen, baina argi utzi zuen hasieratik debekuak harrapatzen duela, baita ere, gure bidez testua eskuratzen ahal izan zuen beste edozeinen jarduna. Bildosolaren aginduak Martinaren asmoa, hau da, liburuari buruzko erreportaje bat egitea, erdiz erdi zapuztu zuen, baina irentsi behar izan zuen, hala edo nola izeba tartean zela. Niri, egia esan, berdin zitzaidan, eta Ozpinkik filosofiarekin hartu zuen: gizarte bakoitzak merezi duen iruzurra sortzen du —aldarrikatu zuen—. Zorrotz hitz eginda, kultura ez balitz boterearen eskuan dagoen tresna bat, eta hortaz, fikzioa, errealitatea etengabe fikzionatzea eta faltsutzea, gertatu dena ezinezkoa zatekeen… Ustekabean harrapatu ninduen Ozpinkiren gogoetak. Zuri bakarrik gogoratu zaizu hori guztia? Hasperen egin zuen. Ez. Ez da nirea. Sciascia izena zuen idazle batena da. Gomendatu egiten dizut.

      Uda iristear zen baina oraindik ez zegoen debekatuta sua mendian egitea. Kilo eta erdi arkume txuleta eta Chivite Colecciķn 125 bi botila erosi nituen, arranparrilla, baita sua egiteko behar nituenak ere, ikatza, eta abar. Martina eta Ozpinki gonbidatu nituen. Nire auto zaharrean hartu eta Sorogainera joan ginen. Asteguna zen eta ez zegoen jende askorik. Bizkarretatik sartuta, Antonen lepora iritsi baino lehen dagoen azken errebueltako mahaia eta su egiteko harrizko barbakoa okupatu genituen. Hura guztia nola halako zeremonia batekin itxi behar zela otu zitzaidan, hortik erritual xume hura.

      Sua piztu nuen. Laster egin ziren sugar handiak. Orain?, zioen Martinak. Ez, oraindik ez, ez ditzala saiheskiak izorratu. Ondoren.

      Saiheski guztiak jan genituen eta bi botilak edan. Txingarrak bizitu genituen berriz sugarrak egin ziren arte. Orain, esan nion Martinari.

      Martinak folio mordo bat atera zituen altzoan zeukan karpeta batetik. Hogei bat hartu eta su gainean jarri zituen, kontuz, haizeak ez zitzan eraman. Eragiketa errepikatu zuen, eta sutea aski handia zela iritzirik, geratzen zitzaizkion folio guztiak bat-batean jarri zituen su gainean. Garrei begira zegoen, tinko-tinko. Auskalo zer pasatzen ari zitzaion burutik. Ozpinki pixpilduta zegoen eta txorakerietan ari zen, ganora gabe. Nik Martinari begiratu nion, distantzia gaindiezin batetik.

      Norbaitek esan zuen bezala, zahartzen joatea oso konplikatua da, eta ez bakarrik edozein egunetan hiltzen ahal zarelako aurreabisurik gabe, kontrakoarengatik baizik: zaharra zarelako baina hala ere bizirik zaudelako, eta munduak hor dirauelako, jiraka, eskura; baina jada ez dizu uzten haren aferetan parte har dezazun.