Carvalho Euskadin
Carvalho Euskadin
2023, nobela
296 orrialde
978-84-19570-14-7
Azala: Joseba Larratxe
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
 

 

Euskadi, 2002ko udazkena

 

 

 

 

Burberry gurutzatuaren botoiak lotu eta gerrikoa estutu zuen. Hegal zabaleko txapela buruaren soilgunearen gainean ongi tinkotu eta eguraldi heze, euritsu eta desatseginari aurre egiteko gertu zen. Ez zion txofer lanak egiten zizkion alderdikideari deitu nahi izan, eta emaztearen autoa hartu zuen garajetik, diskretuagoa zelakoan. Egun hartako egitekoak diskreziorik gorena eskatzen zuen.

      Bilboko trafiko ugaria atzean utzi eta Azkoitiraino gidatu zuen. Loiolako basilika aurrera iristean, ezkerretik ekin zion, gogartetxerantz eta Anaia Garate dohatsuaren etxerantz eginez. Gogartetxeko parkingean utzi zuen autoa. Jaitsi zenean, zalantza egin zuen une batez. Han egin zen azken Salbean ez zuen egoterik izan, eta esku ikusezin batek gidatuko balu bezala, hitzordua zeukan puntura ez, eta basilikarantz egin zuen.

      Basilikan sartu zelarik —buru-has, noski—, goizeko zerbitzua amaitzen ari zen. Norbait ari zen Cavaille-Coll organogile erromantikoaren instrumentua jotzen, eliztarren irteera laguntzeko. Organo jotzailea ez zitzaion bereziki abila iruditu, baina tresnaren soinua potentea zen, eta haren nota zorabiagarrien eraginpean, esan zitekeen kupularen 65 metroak —linterna kontuan hartuta— luzatu egiten zirela, haren hormak edertzen zituzten habsburgotarren eta austriatarren armarrien solemnitatea ere biderkatuz.

      Emozio une txiki bat bizi izan zuen, oroitzapenek eragindakoa, baina elizatik ateratzen ari zirenetako batzuk ezagutzen ari zirela iritzita —nabarmena zen zenbaiten begirada harrituetan—, eta are, herriko lagun, ahaide edo hurbilekoren bat topatzen ahal zuela pentsaturik, bere buruari kargu hartu zion izandako ahulezia unearengatik eta pragmatismoa gailendu zitzaion. Basilikatik irten zen arin bai arin.

      Behin kanpoan, txapela jantzi zuen berriro eta, urrats bizkorrez eskailerak jaitsi ondoren, eskuinera hartu zuen, basilikatik ateratzean eskuin altxatzen zen eraikin-gorputzerantz joateko; gero eraikuntza erraldoiaren izkinan bira hartu zuen eta albo hartako ate apal eta kasik ikusezin batetik sartu zen bertan bizi ziren josulagunen egoitzan, bai baitzekien Aita Etxaniz zain zeukala han.

      Aita Etxanizek hirurogeita hamar bat urte edukiko zituen, bisitan joan zitzaion gizon txapeldunak bezala. Itxura osasuntsuko gizon sendoa zen, garai samarra. Buruan ez zuen ilerik falta, denak zuriak baziren ere, eta sudur oparoaren gainean pastazko betaurreko beltz handiak kulunkatzen ziren. Begi biziak zituen, txinpartadunak, aurpegiaren tonu orokorra serioa izan arren. Une hartako euskal kultura klasikoaren irudirik garrantzizkoenetakotzat zeukan batek baino gehiagok, nahiz Aita Etxaniz bera ez izan izendapen horren oso zalea, uste baitzuen gehiegizko famak lekartzakeen ondorioek —elkarrizketak, kongresuak, konferentziak...— lanerako denbora ostuko lioketela. Esaten zen ber arrazoiengatik uko egin ziola Euskaltzaindian aulki bat izateari, nahiz eta ikerketen eta argitalpenen munduan zeharo murgilduta bizi, zeinen azken emaitza Subjuntibozko baldintzaren erabilera Laphitzen “Bi saindu euskaldunen bizia”n baitzen, momentuz.

      Aspaldikoa. Koroarik gabeko errege izendatu zaituztela entzuna daukat.

      Eta zu artzain-makilarik gabeko aita santua.

      Txorakeriak.

      Aita Etxanizek esku bat astindu zuen airean, hura esajerazio bat zela adierazi nahian.

      Baina esaera horiek gauza batean doiak direla esango nuke: euskaldunok gure gabeziek definitzen gaituzte.

      Aita Etxanizek lan-mahaia inguratu zuen eta etorri berriaren aurrez aurre jarri zen:

      Nire besoetara!

      Biak estutu bero batean uztartu ziren. Txikitan josulagunen Durangoko barnetegian ikasmahai berean egonak ziren, eta gero Xabierren. Biek egin zuten nobiziatua elkarrekin Loiolan, eta biak apaiztu ziren urte eta ekitaldi berean, 1963an. Ordura arte anaiak bezalakoak izanak ziren. Ordutik aurrera beren bideak bereizi egin ziren, Aita Etxanizek apaiz segitzen baitzuen, eta bisitariak, ordea, aspaldi utziak baitzituen abituak. Hori baino lehen konpainian norbaitek eman zuen alarma-seinalea hari buruz: “Effussus ad exteriora”.

      Bi gizonak eseri ziren lan-mahaiaren alde banatan. Gaian sartzeko trukatu zituzten esaldietan, Aita Etxaniz desenkusatu zen bestea Loiolaraino etorrarazi izateagatik, eta bere solaskidea horri garrantzia kentzen saiatu zen. Biek zekiten ez zela ohikoa Aita Etxanizek modu horretan Loiolara deitzea. Bisitariak ez zuen zalantzarik arrazoi ganorazkoren bat egongo zela tartean.

      Beharbada unea da zergatik etorrarazi nauzun jakin dezadan. Zer dugu, bada?

      Aita Etxanizek baietz egin zuen buruaz, erdi hasperenka.

      Badakizu Agirre zaharra duela gutxi hil dela, noski.

      Jakingo ez dut ba. Guretarra zen, abertzale zintzoa, enpresari handia eta gizon osoa. Ezin izan nintzen joan funtziora, agenda kontuak direla eta, baina familia tanatorioan agurtzeko aukera izan nuen.

      Aita Etxanizek baietz egin zuen buruaz, bazekiela edo suposatzen zuela adierazi nahian. Keinuarekin batera, aulkitik altxatu zen eta atzean zeukan paretako kutxa gotor txiki baten mekanismoari eragin zion, bizkor. Solaskidearengana itzuli zelarik, gutunazal bat zeukan eskuan.

      Aita Etxanizek gutunazala inarrosi zuen.

      Uler ezazu, otoi, teknikoki honek ez duela aitortzaren sekretua urratzen.

      Ulertzen dut.

      Nik eman nion Agirre zaharrari aitortzako sakramentua azken aldiz. Baina gutunazal honen barruan dagoena bereiz doa. Hil eta gero bere seme-alaben eskuetan jarriko nuela zin eginarazi zidan; hortaz, publiko egiteko eman zidan. Izan ere, zuzenbide kanonikoak...

      Ez didazu azalpen kanonikorik eman behar —moztu zuen solaskideak—. Gogora ezazu urte asko direla sekularizatu nintzela. Ulertzen dut zure kezka, hala ere. Baina, esan —gorputza hurreratu zuen bestearengana—, zer da?

      Aita Etxanizek gutunazala eskura jarri zion.

      Seme-alabei eman baino lehen ikusi behar zenuela iruditu zait.

      Gutunazala hartu, barrutik paper bat atera, betaurrekoak jantzi eta irakurtzen hasi zen.

      Irakurri ahala, aurpegiko zimurrak areagotu egin zitzaizkion. Ahoa erdi irekita zeukala irakurri zuen, begiak bi marra eginda; tarteka baietz egiten zuen buruaz, tarteka ezetz, baina behin ere ez zitzaion ezabatu aurpegiak transmititzen zuen tentsioa. Une batez, hatz erakuslea erabili zuen zeraman korbataren korapiloa laxatzeko. Izerdi tanta lodien koroa batek setiatu zuen burezur gaineko soilgunea. Amaitu zuelarik, gutuna eta gutunazala itzuli zizkion Aita Etxanizi, burua goitik behera astinduz, sakonki kezkaturik.

      Hau erloju-bonba bat da, Jose Manuel.

      Horixe iruditu zait niri ere.

      Bazenekien Agirreren semea Donostiako alkatetzara aurkezteko asmotan dagoela, ezta?

      Ez nekien —Etxaniz, harriturik—. Zer egingo duzu?

      Aita Etxanizen bisitariak sorbaldak uzkurtu zituen.

      Ikusiko dugu. Dena den, Jose Manuel, eskerrik asko deitzeagatik. Zure jokatzeko modua oso egokia izan da.

      Hitz horiek entzunda, asetasun printzak igo ziren Aita Etxanizen begietara.

      Noiz eman behar diezu gutuna seme-alabei?

      Hamabost egun barru meza bat emango dut hemen Agirreren alde, familia bertan dela. Orduan helaraziko diet.

      Besteak kalkulua egin zuen bere artean. Aste pare bat, ez zen denbora luzea, baina ez zegoen gaizki letorkeenari aurre egiteko disposizioak hartzen joateko.

      Zinez eskertzen dizut, Jose Manuel. Zordun natzaizu.

      Loiolatik itzultzean, autoaren barruan, oraindik bueltak eman zizkion irakurri berri zuenari, eta horrek ekartzen ahal zituen ondorioei. Kezka bizia eta sakona zuen. Egoera berria zen, larria, aurrekaririk gabekoa, bai eta hain eskarmentu handia zeukan bera bezalako politikari batentzat ere. Agirre zaharra deabrua! Nork esango zuen... Baina, beti bezala, praktikotasuna gailendu eta erabaki exekutiboak hartzeko ordua zela ulertu zuen. Gero gerokoak, pentsatu zuen. Agirreren semea eta haren hautagaitza aldezten zuten kideengana hurbiltzea, jarrera arrazoizkoetara ekartzea, dosierrak eta prentsa kanpainak, hori guztia, eta behar zena, etorriko zen behar zen orduan. Baina, hasiera batean bederen, hura Fernando Loitegirentzako lana zen, zalantzarik gabe.

      Bilbo erdialdeko bulegora iritsi zenean, Burberrya kendu, telefonoa hartu eta zenbaki bat diskotu zuen.

      Loitegi! Ikusi behar zaitut. Oraindik edukiko dituzu bizpahiru mutil noranahiko, ezta?