Carvalho Euskadin
Carvalho Euskadin
2023, nobela
296 orrialde
978-84-19570-14-7
Azala: Joseba Larratxe
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
 

 

Bartzelona, 2003. urtearen hasiera

 

 

 

 

Pepe Carvalhok mesfidantzaz zuzendu zuen soa Rambla aldera, bulegoko leihotik, susmatzen hasia baitzen harentzat behiala hiri-afektibitatearen gune nagusia zena —baldin eta hiriek afektibitatea bazuten— ehun kantzerigeno bihurturik zegoela, eta organismo eri baten partaide mikrobianoa baino ez zela ulertu zuen ziurtasun osoz. Halako egiaztapen erabatekoak ez zuen balio izan, preseski, egun hura zabaldu zenetik ordura arte eduki zuen aldarte iluna argitzeko, baina ezta ilunagotzeko ere, eritasunaren gaineko kontzientzia osoa hartu ondoren baizik ez ohi direlako etortzen ezkortasuna eta etsipena, eta behin kontzientzia hartuz gero, norberaren aldartean gorabeherak egoten direlako, baiki, baina beti gris argitik beltz ilunera doan gama kromatikoaren barruan. Euria euriaren gainean denean, litro gutxiren gorabehera ez omen da esanguratsua. Bestalde, mundua organismo gaixo bat zela egiaztatu zuen une hartan, askoz mingarriagoa gertatu zitzaion, gaixotasunaren egiaztapena bera baino, berrespen hura norekin partekatu ez izatea, Biscuter ez egotea bulego barruko bere sukalde irrigarrian, esaterako, harekin komentatu ahal izateko munduaren egoera desanparatuaren berri. Biscuterrek, ausaz, han izatera, zera galdetuko zion orduan sukalde barrutik: “Jefe, baina munduak minbizia badauka, zer dauka, Rambletako minbizia?”, edo, “Zer da Bartzelona munduarentzat? Pankrea? Besikula? Munduak besikulako minbizia dauka?”.

      “Ez, besikulakoa ez. Gutxienez prostatakoa”, erantzungo zuen orduan Carvalhok, eta elkarrizketa hutsal hark uxatuko zuen, une batez baino ez bazen ere, matrioxka joko ero batean bezala, ebakuntza gelez beterik ikusten zuen etorkizun baten perspektiba, haizatuko zituen aieru txarrak oro, eta bizigarri bihurtuko turista japoniarrek, zazpigarren itsas armadako kadeteek, ustezko terrorista islamikoek, karteristek, independentista zalantzatiek, prostituta zaharrek, birmoldaketa ezineko periodiko banatzaileek eta krabelin saltzaileek osaturiko magma erraldoi hura, Rambla bere osotasunean hartzen zuena metastasi baten erritmoan. Inon irakurri berri zuen Bartzelona bisitatzen duten turista guztiek beren argazki kameretako flashak batera disparatuko balituzte, hiriak gordetzen dituen sekretu guztiak denen bistan geratuko liratekeela, argiturik, eta metafora gehiegizkoa iruditu arren (nork jakin, 2003. urte hasiberri hartan, esaterako, pujolismoak gordetzen zituen sekreturik gordeenak non gordetzen zituen), iruditu zitzaion, halaber, ez zegoela gaizki marabuntaren eraso baten pare edo Serengetiko ñuen migrazioaren pare hedatzen zen turisten eragin kaltegarriaz ohartarazteko.

      Mundua jada hilik dago, Biscuter, eta gu hilotzaren deskonposizioa eragiten dugun mikroorganismoak baino ez gara, geu ere, halaber, azkenaren zain gaudelarik.

      Baina Biscuter ez zen han, bere umore txarra antzezten zuen gidoi hartako errepikak emateko. Carva­lhok harekin munduko bira osoa egin eta gero, Modelo espetxean sartu eta gutxira Biscuterrek egin zion bisitetako batean, jakinarazi zion ezen, egin zituen aurrezkiekin, hil zitzaion izeba zahar batek utzi zion diru pixka batekin, gehi gizarte langilearen laguntza egokiarekin, tokia eskatu behar zuela zaharren egoitza batean. Carvalhok, hasieran, ezin izan zuen bere disgustua disimulatu.

      Zahar egoitza batera!

      Haserre plantak egin zituen, baina gehiago Biscuter ozta-ozta zelako bera baino bi urte zaharragoa, bere laguntzailearen erabakiaren ondorioz etorriko zitzaizkion endekapenak eta ustezko bakardadeak kezkatzen zutelako baino.

      Nork daki, jefe. Agian neska-laguna aurkituko dut.

      Horrela konjuratu zuen Biscuterrek kataroen gaztelu baten erdian espazioa konkistatzera joateko promesarekin elkartu zitzaion neskak, Madame Lissieuxek, emandako kalabazek sorrarazi zioten hutsunea.

      Hurrengo bisitan jakinarazi zion tokia lortua zuela, Mollerussa aldeko egoitza batean; eta harrezkero ez zen izan hirugarren bisitarik, haren egoitza berriaren ordutegiak edo bizikidetza arauak bateraezinak balira bezala La Modeloko presoei bisita egitearekin. Edo neska-laguna topatu zuelako, beharbada. Carvalhok ez zion horregatik gizonttoari kargu hartu, eta are, egunen batean Mollerussako zahar egoitzara joan beharko zuela otu zitzaion, naufragio kideari bisita egitera, hark berari La Modelon egin zizkion bisiten ordain. Eta haren neska-laguna ezagutzeko, noski.

      Bestalde, Bromuro aspaldi hilik zen; eta Fuster gestoreak, jubilatuz geroztik, aldi luzeak pasatzen zituen La Palman erositako etxetxo batean. Han zegoen, hain zuzen, Carvalho La Modelotik askatu zutenean. Fusterrek, jakin zuelarik, mezu bat bidali zion, hara joateko, mojo picón eta papa arrugá batzuk jango zituzten promesarekin, gustura hartuko zuela etxean; baina Carvalhori urrutiko egiten zitzaion Afrika aurreko isla hura, atzerri geldo eta bigun baten modukoa otu zitzaion, kartzelaldiaren ondoko deportazio bat kasik, eta berak kontinente bat behar zuen, besteak beste bere behar ekonomiko handiak asebetetzen ahalko zituen kontinente bat. Izan ere, kartzelaldiak, oso luzea izan ez bazen ere, erabat agortuta utzi baitzituen hori baino lehen ere, munduari bira egiteko proiektu zoroaren ondorioz, aski ukituta eta dar-dar batean zeuden bere erreserba monetarioak. Kalkulu ekonomiko eta kronologiko oker batek zahar miserable bat utzi izan balu bezala zen, eutanasia errukior baten zain, eta hori Carvalho jasateko prest zegoena baino gehiago zen. Nor eta bera, bizitza guztia azken urteak zahartzaro duin baten esperantzan bizi izandakoa. Fakturak zerekin ordaindu eta hildakoak —geratzen zitzaizkion hildako gutxi horiek— zerekin lurperatu ez edukitzeko perspektibak depresio sakonean murgildu zuen.

      La Modelotik irten eta gero bere burua behartuta ikusi zuen telefono mugikor bat erostera; une hartan mahai gainean zetzan, eta hari egindako begi kolpeak bere puntu kardinal afektiboen laugarren erpina ekarri zion gogora. Zekienaren arabera, Charok Andorran segitzen zuen, bezero edo bezero ohi batek hotel batean lortutako gobernanta lanpostuan. Carvalhok mugikorra eskuan hartu eta azken unean baizik ezin izan zion deitzeko tentazioari eutsi, une batez deitzeko bulkadaren indarra alimalea izan zelako, dei hartan bailegoen bere bizitzari zentzu apur bat, lehen bat eta gero bat, segida kronologiko baten sentipena ematen ahal zion arrazoi bakarra. Baina eutsi egin zion, eta ez zuen zenbakia markatu. Zuregatik egiten dut, Charo, pentsatu zuen. Zuregatik eta niregatik. Izan ginenaren errespetuarengatik.

      Detektibe bulegoa baino ez zitzaion geratzen, helduleku bakar harea mugikorretan hondoratzen zen bere bizitzarako, detektibe bulego bat zelula kantzerigenoek kolonizatutako ehun gaixo baten erdian, inoiz humanotasun badaezpadako baten aztarna eduki zuten zonbiek inguraturik.

 

 

Boqueriako merkatua ere ez zen lehengoa. Generoa susmagarria iruditu zitzaion; gaurgero, batek ezin zezakeen jakin zer ezkutatzen zen butifarra itxuraz errugabe baten atzean, edo zer isiltzen zuen legatz inozo baten begiratu malenkonikoak; ez ote ziren izango, bata zein bestea, animalien manipulazio anker edo ez legalen emaitza, edo are, manipulazio genetiko arriskutsu baten ondorioa? Nola jakin butifarra hura ekoizteko ez ote zen bihozgabeki torturatu berorren lehengaia izan zen zerria? Bestetik, zer arrantza arte erabili zen legatz hura harrapatzeko? Pintxoa? Arrastrea? Bolanta? Zerbait okerragoa? Baina mesfidantza, produkzio bitartekoei ez ezik, ekoizleen identitateei ere iristen zitzaien, eta haiei, batez ere: eguneratuta edukiko zituen Ogasunarekikoak butifarra ekoizleak, edo egoitza Andorran zeukan mamu-enpresa baten bidez saihestuko zituen zergak? Eta zer ez esan legatzaz: benetan arrantzan ari zen arrainontzien konpainia bateko arrainontzi batek harrapatua izango zen, edo arrainontzi konpainiarena estalkitzat erabiltzen zuen arma trafikatzaile banda baten harrapaketa izango zen? Boqueria, halako batean, etikari etengabeko dilema moralak eta erronka intelektualak botatzen zizkion arazo bat zen, ingurumenarekin, hirugarren munduko gerrekin eta langileen zapalketarekin eta, oro har, planeta justuago eta ekologikoago baten aldeko borrokekin sentsibilizatutako kontsumitzaile batentzako labirinto deszifraezina. Gauzak horrela, arbi soil eta apal bat erostea planeta mailako ondorioak ekar zitzakeen inteligentzia operazio bat zen.

      Carvalho zain zegoen noiz hasiko ziren ozen altxatzen barazkien sufrimenduaren aurkako ahotsak, gauza jakina baita tomateek garrasi egiten dutela landaretik erauzten dituztenean. Fruta postuko saltzaileari komentatu zion. Humanitateak arazo larri bat dauka: ezin du bere burua ezagutu erremediorik gabe den espezie oldarkor, inbaditzaile, denajale eta birrintzailean.

      Okerragoa da nire koinatu bati gertatu zaiona. Kamioi gidaria da eta ospitalean dago. Istripua eduki berri du Frantzian, Holandatik Espainiara tomate karga batekin zetorrenean talka egin zuelako Espainiatik Holandara zihoan beste kamioi baten aurka. Eta jakin nahi duzu besteak zer zekarren?

      Bistan zen saltzaileak ez zuela isilduko koinatuaren abenturaren amaiera.

      Tomateak! Harrapa ezak!

      Carvalhok sendatze azkarra opa zion kamioilariari koinatuaren bidez, eta bere artean pentsatu zuen etikak etika, zaharregia zela orduantxe gosez hiltzen hasteko. Kilo eta erdiko lupia erosi zuen arrandegian. Garbitzeko eta bi trontzo garbi emateko, luzetara moztuak, eskatu zion arrain saltzaileari; eta badaezpada, burua eta hezurra ere gordetzeko. Bere asmoa zen trontzo horietako bat sukaldatzea, ikusiko zuen nola, eta bigarren trontzoa, burua eta hezurrarekin batera, izoztea, hurrengo baterako, ekonomiak egiten hasteko moduan baitzegoen.

      Planetaren aurkako atentatu probable horren fruitua itsasoa betiko izorratuko zuen plastikozko poltsa batean eman zioten, eta bulegora itzuli zen, plastiko poltsa onartzeagatik damuturik eta lupia, lazunaren adiskidea, arrain susmagarria delako, susmagarrietan susmagarriena, ideia buruan zebilkiola.

 

 

Ordea, ez zuen denbora luzeegia izan nutrizioaren inguruko paradoxa haietan kulunkatzeko; bulegoko atera iritsi zenean emakume bat zain zeukan. Bere egitate fisikoa baino lehenago, Carvalhok antzeman zuen bulegoko atera zeramaten eskailerek beren egituran erabat ezin har zezaketen presentzia bat zegoela han, kaiola txiki geratu zaion piztia bat balitz bezala, eta sekula huts egiten ez zion sen zahar batek emakume hura ez zela bera bezala usatua gaztigatu zion. Alegia, emakume harentzat zoriontasuna ez zela, haurra zelarik, amak emandako azeitunez beteriko kukurutxo bat.

      Carvalho jauna?

      Gaztelaniaz mintzo zen, baina azentu berezi batez. Hura ez zen katalana. Iparraldekoa, noski. Euskalduna, ausaz?

      Neu naiz, bai —Carvalhok atea irekitzeko keinua hasi zuen, giltza poltsikotik ateraz, plastikozko poltsa emakumearengandik ahalik eta urrutien mantenduz, lupiak burua agertu eta etorri berriari diosala egingo zion beldur.

      Bulegora pasarazi zuen eta eserarazi. Tarte bat hartu zuen arraina Biscuterren zuloa izandako gelaxkako hozkailuan uzteko. Eskuak garbitu, bulegora itzuli eta emakumearen aurrean eseri zen.

      Emakume ezezaguna hain zegoen dotore jantzita, Carvalho ere konturatu baitzen. Carvalhok jakin-minez begiratu zion. Lehen begiratuan, goi burgesiaren alabaren prototipoa iruditu zitzaion Carvalhori: belaunaldi askotako elikadura onak, dentistari bisita goiztiarrak eta urterokoak eta higiene erregularrak landutako hazpegiak, eta sarearekin lan egiten duen akrobataren lasaitasuna aurpegian. Ilargiaren alde argian ez ezik, arrazoi historikoa eta beste guztiak alde dituztenen taldean jaiotakoen segurtasuna transmititzen zuen. Hugo Boss markako parka beix bat zeraman, kordoizko gerriarekin. Carvalhok eskaini zion aulkian esertzeko parka kendu zuenean, tonu bereko kamiseta soil bat ageri zen. Armani jeans argiak zeramatzan, eta artisau trebe batek landutako larru beltzezko botak. Carvalhok hauts mineralezko makillaje arin bat antzeman uste izan zuen. Ematen zuen emakumea informalki eta inoren arreta ez deitzeko prestatu zela, ahal ekonomikoak baldintzatutako diskrezioaren irizpide baten arabera. Berrogei urteen jiran ibiliko zela jo zuen. Berrogei ondo eramandakoak, aurpegiaren seriotasunak erabat estaltzen ez zion lehen gaztetasunaren lorratz batekin. Carvalhok bat-bateko balorazio bat egin zuen: gimnasioa eta dieta, seguru. Jogurten kontsumitzaile konpultsiboa, probableki. Kirurgia anbulatoriorik? Zalantzazkoa zen. Baiezkoan ere, abusatu gabe.

      Guadalupe Agirre Van den Berg naiz.

      Carvalhok mutu iraun zuen. Agirre Van den Bergek balorazio begirada itzuli zion. Carvalho begiratua, neurtua, tasatua sentitu zen. Gero bulegoari zuzendu zion soa, eta gela beren miseriaz lotsatzen ziren zokobetailuz betetako ganbara bihurtu zen. Azterketa amaitu zuenean, emakumea mintzatu zen.

      Etxetik aski urrun nago. Ez nauzu ezagutuko, noski.

      Ezagutu behar zintudan?

      Guadalupe Agirre bezala identifikatutakoak zirkin indefinitu bat egin zuen. Tonu serio eta zehatzarekin mintzatu zen.

      Ez, logikoa da. Zure zerbitzuak kontratatzeko asmotan etorri naiz...

      Emakumea isildu zen, zalantzati. Carvalhok keinu batez animatu zuen aurrera egitera.

      ...baina aldez aurretik esan behar dizut aski kontu, nola esan, zaila, delikatua...

      Kontu zail eta delikaturik ez balitz, ez legoke detektiberik.

      Emakumeak berbetan jarraitu zuen, Carvalhoren jarrerak akuilatuta.

      Pertsona ongi informatua zarela esan didate. Entzun duzu sekula Fermin Martinez Urbistondo izena?

      Barkatu zure espektatibetatik behera banago, baina ez.

      Guadalupe Agirrek hasperen egin zuen.

      Fermin Martinez Urbistondo, ezizenez Kokotxa. 82an desagertu zen euskal... —pausa, hurrengo adjektiboaren pisua neurtzeko— terrorista bat.

      Egindako pausa zuzentasun politikoari egindako kontzesio bat izan zitekeen, edo ez.

      Hasieran, izena ezagun egin zitzaion modu lauso batez. Ondoren, Carvalhok oroitzapen sakoneko artxibategietan arakatu zuen Kokotxa izenarekin tupust egin zuen arte; bai, noski, kasua ezaguna izan zen, euskal erakunde armatu bateko militante desagertua: Kokotxa. Hogei urte lehenago gertatua zen, gal erakundea lehen atentatuak egiten hasi baino pixka bat lehenago. Hasieran talde parapolizialek desagerrarazi zutela uste izan zen, talde ultraeskuindar batek errebindikatu zuelako desagerketa, baina gero haren kideek berek desagerrarazi zutelako susmoa lehenengo hipotesiarekin bizitzera etorri zen, eta azkenean nagusitu egin zen iritzi publikoan. Afera itsusi bat. Itsusia eta ahaztua, desagertu zenetik hogei urte pasatu zirela kontuan hartuta. Eta hogei urte horietan inork ere ez zuela haren berririk izan.

      Carvalhok ulertzen zuelakoa egin zuen buruaz, eta galdetu:

      Zerk lotzen zaitu kasuarekin? Haren familiarra zara, ausaz?

      Ez, ni ez naiz haren familiarra, baina bai haren familiar baten adiskide mina; Ferminen... desagertuaren arrebaren adiskide mina.

      Terrorista desagertu hura Guadalupe Agirrerentzat “Fermin” zen. Carvalhok xehetasuna gorde zuen ohar mental batean. Guadalupek hizketan segitu zuen:

      Hogei urte hauetan, alegia, desagertu zenetik, familiak ez du etsi, eta oraindik aztarnaren batek ematen ahal duen edozein pista jarraitzen du, dagoeneko pista berririk topatzea oso zaila den arren; hogei urteotan direnak eta ez direnak mugitu dituztelako euren familiarraren bila. Aita eta ama, Teodoro eta Joaquina, izan ziren horretan gehien saiatu zirenak. Damurik, aita duela lau urte hil zen, bere semearen atarramentuaz ezer jakitera iritsi gabe. Eta ama, duela bi, bat-batean, bihotzekoak jota.

      Hogei urte denbora luzea da.

      Hogei urte horietako egun bakoitza harlauza bat bezalakoa izan da familiarentzat.

      Eta kasu horretaz hitz egin behar badugu, zergatik ez da etorri Martinez Urbistondoren familiarrik?

      Guadalupe Agirrek hasperen egin zuen, objekzioa esperoko balu bezala.

      Galdera logikoa da. Saiatu zaitez ulertzen. Nire adiskidea, Begoña Martinez Urbistondo, Ferminen arreba, oso nekatuta dago, eta batzuetan laguntza behar izaten du. Ni haren ordezkari etorri naiz.

      Adeitasunez mintzatzen zen, tonu apalean, baina aurkakorik entzuten ohiturarik ez duen jendeak daukan segurtasunaz. Gizartean nor direnak baxutik mintzo dira, ez dute zalapartaka ibili beharrik beren borondatea inposatzeko. Hizketarako molde horrek salatzen ditu.

      Eta nik harlauza horren pisua arintzeko zerbait egin dezakedalakoan etorri zara?

      Oraindik pista bat dagoela uste dugu. 82an aintzat hartu ez zen pista bat, eta gerora ere aintzat hartu ez dena.

      Carvalhori plastikozko poltsa barruko lupia etorri zitzaion gogora. Iruditu zitzaion Guadalupe Agirre lupia hura berrosatu eta bizia berriz ematea baino zailagoa zen zerbait eskatzen ari zitzaiola. Agirre Carvalhoren eszeptizismoaz ohartuko zen, nonbait, eta ahoskera argiaz eta argudio bide zorrotzez mintzatu zen.

      Ez zaitut aspertuko familiak hogei urteotan egin behar izan dituenak kontatzen, Kokotxa gaixoaren gorpua aurkitzeko egin dituen ahaleginak berritzen, edo desagerrarazi zutenak aurkitzeko saiakeretan zer nolako gauzak bizitzea tokatu zaien errepasatzen. Laburpen txiki bat egite aldera: sei hilotz-identifikaziotan egonak dira; alkoholikoa zen ustezko lekuko baten eraginez, Frantziako epaileak behartu dituzte urteak ireki gabe zeuden hilerrietako hilobiak irekitzera; dna probak egin eta eginarazi dituzte; terrorista odoltsuekin eta estatu gizon-emakumeekin elkarrizketatu dira; une historiko hura bizi zuten politikarien kontzientziak inarrosten saiatu dira; kazetariak xaxatu dituzte pista berrien bila, dirutza bat ordaindu dute abokatuetan... Askotan nire laguntzarekin, bide batez esanda.

      Carvalhok esku bat altxatu zuen, aski zela adierazteko.

      Eta zer nahi duzu nik egitea?

      Neska bat bila dezazun —duda une bat—. Emakume bat bila dezazun, alegia.

      Neska bat edo emakume bat?

      Kokotxa desagertu zenean neskatxa bat zen; gaur hogei urte gehiagoko emakume bat izango den pertsona bat.

      Nor da bera?

      Guadalupe Agirrek hasperen egin zuen.

      Fermin Martinez Urbistondo atzerrian egon zen urte pare batez, desagertu baino lehen. Frantzia aldeko Euskal Herria, guk Iparraldea esaten diogun lurraldean. Urte horietan, edo, hobe esan, urte horien azken hilabeteetan, neska batekin ibili zen. Ez dakigu seguru hura ere atzerriratuta zegoen, urte haietan beste asko bezala, edo han zegoen Fermini segitu ziolako. Neska haren identitatea ezezaguna zaigu. Desagertzea gertatu zenean gurasoek zeru-lurrak mugitu zituzten semearen bila; neska harekin ere kontaktua egin nahi izan zuten. Baina norbaitek esan zien neskak ez zuela zerikusirik desagertzearekin, eta alde batera utzi zuten pista hori.

      Norbaitek esan zien? Nork?

      Guadalupek kasik ez antzemateko moduan mugitu zituen bekainak, galdera gogaikarria zitzaiola adieraziz, beharbada. Esku ahurrak zabaltzeko keinuarekin lagundu zuen bekainen mugimendua.

      Kokotxaren burkide izandakoek, begi-bistakoa da. Erakunde armatuetan ardura postuetan zeudenek. Detailerik nahi duzu?

      Carvalhok esku ahur batez igurtzi zituen begiak, eta bestearekin ez zela detailerik behar adierazi zuen. Guadaluperen espektatiben mailatik behera geratzen zen bigarren aldia zen, eta hori minutu gutxi batzuk baizik ez zeramatzatela solasean.

      Fermin Martinez Urbistondo, Kokotxa, desagertu eta gero, neska hura ez zitzaion familiari hurreratu ezer esateko? Bera ere desagertuta egon da hogei urtez?

      Esan dezagun ez dela inoiz familiarekin kontaktuan sartzen saiatu. Ke bihurtu zen.

      Carvalho pentsakor geratu zen. Bistan zen Guadalupe Agirrek bilatu nahi zuen neska aurkitzea ez zela erraza izango, hogei urtean ez bazen desagertuaren inguruko inorekin harremanetan jarri, zela nahi izan ez zuelako, zela bestelako arrazoi ausaz larriago batek galarazi ziolako. Zer arrazoi eduki zezakeen horrela jokatzeko? Beharbada hilik zen ordurako, edo iragana ahazturik bizitza berri bati ekin zion, Australian, esaterako.

      Dirua kostatuko da eta oso dudazkoa iruditzen zait emaitzarik lortzea. Are, ia bermatuta dago ez dela ezer lortuko, hogei urte eta gero.

      Dirua ez da arazoa.

      Emakumeak txeke-liburuxka eta urrezko Caran d’Ache luma estilografikoa atera zituen poltsatik. Txeke-liburuxka ireki eta lehen txekean kopuru bat idatzi zuen. Gero txekea liburuxkatik erauzi eta Carvalhori eman zion.

      Hau zure hasierako gastuetarako aski izango dela espero dut.

      Carvalhok egiazko edo itxurazko indiferentziaz begiratu zuen txekea, pezeta ere ez zela betirako deskubrimendu berri eta harrigarritik. Txekea eurotan zegoen, zirkulazioan sartu berriko moneta enigmatiko hartan. Hainbat euro bider 166,386 pezeta eragiketa egiteak bere zailtasunak zeuzkan.

      Okertu egin zara, nonbait. Ez da harritzekoa, moneta berriarekin ohitu arte...

      Guadalupe Agirrek tinko begiratu zion, hotel bateko mandatu-mutil baten erreparoen nolakoa ulertuko ez balu bezala.

      Askotan okertu izan naiz nire bizitzan. Sekula ez zenbaki kontuetan.

      Azkenean, kapitalismoak irabazi duen gerra hotz baten ondoan, pentsamendu bakarreko eskaintza bat taxutu da, neodeterminismo historiko pankapitalista eta logika ekonomikoaren hegemonia berresten dituena.

      Broma bat da?

      Guadalupe Agirreren aurpegian harridurazko zalantza bat margotu zen.

      Gutxi deritzozu?

      Erokeria bat zen. Erokeria bat zen, baina Carvalhok ezin zion uko egin. Erokeria bat zen, baina aldi berean miseria ekonomikoaren zingiratik aterako zuen soka zen, unerik egokienean iristen zena. Hogei urte eta gero, desagerketaren drama inguratzen zuten zirkunstantzia guztiak orbel iharreko alfonbra bat izango ziren, zanpatzeaz bat puskatuko zen geruza bat osatuko zuten; dena deseginda egongo zen, desagertuaren hezurrak ere bai, ausaz. Baina bezeroari ohartarazi zion, eta bezeroak berean tematua segitzen zuen. Zer, orduan, irrazionalki bazen ere, adiskidetasunarengatik edo auskalo zergatik, aberaskilo baten burutazio zentzugabe bat bazen ere, Guadalupe horrek itxaropen-hari bati eutsi nahi bazion? Elkarrekin egon ziren azkenetako batean neurriz gain ahaldundutako Biscuterrek esan zizkion hitzak gogoratu zituen, eta profetikoak ez izatea desiratu zuen: jai daukazu ikertzaile pribatu bezala, jefe. Gogoarengatik diot. Zuri jada ahitu zaizkizu gogoak. Segituan, behin Contreras komisarioak esandakoa bururatu zitzaion: autonomoetan kotizatu ez duen detektibe zahar bat ez da detektibe bat, zahar bat da, soilik.

      Zergatik etorri zara honaino? Zergatik ni?

      Zu ez al zara Argentinara joan eta hango oligarka eta militarrei hogeita hamar mila lagun desagertu falta zirela aurpegira esan ziena? Detektibe ospetsua zara, Carvalho. Gainera, hogeita hamar mila ez, bakar baten kasuaz ardura hartzeko eskatzen dizut. Hogei urte igaro dira, eta horregatik sekula baino beharrezkoagoa da kasuaren inguruko aire biziatuak kutsatu ez duen norbaiten begirada. Desagerketa kasua bildu duen giro itogarria arrotz zaion kanpotar batena, esaterako.

      Zertarako dute aberatsek dirua, beren apetak ordaintzeko ez bada?

      Pentsatuko dut.

      Baiezko bat bezala hartzen dut. Hurrengoan Donostian elkartuko gara.

 

 

Ez zen desagerketa batez arduratzen zen lehen aldia, ez. 1997an Buenos Airesera bidaiatu zen, osaba batek enkargua eginda, Raul Touron bere lehengusua bilatzeko, eta hainbat kasu ezagutu zituen. Aski, jakiteko argitu gabeko bortxazko desagerketa zauri heze bat dela lur lokartuan, eta beti dela horrela. Oroimena iristen zitzaion tokiraino, huraxe izan zen negar egin zuen azken aldia.

      Guadalupe Agirrek alde egin zuenean, jasmin usain ukitu baten azken aztarna eta hanka dekonstruituen oroitzapen lauso bat utziz, eguerdiko ordu bata zen. Berriz begiratu zion goiz osoan, desioaren zentinela bat bezala, mahai gainean egon zen mugikorrari. Kartzelatik atera zenez geroztik behin hitz egin zuen Charorekin, telefonoz. Barruan, presio afektibo jasanezin baten pean, atera eta gero elkartzekotan deituko ziola agindu zion, eta bazekien Charo bere deiaren zain egongo zela. Biscuterrena izandako zuloko hozkailu txikian zetzan lupia, hilotza gutizia bilakatuko zuen operazio zoriontsuaren eta eskuaren zain. Aski eta sobra zegoen birentzat. Oraindik garaiz zegoen piperbeltz berdea, esnegaina eta ogia erosteko. Telefonoa hartu eta tekla bati sakatu zion.

      Pepe!!!???

      Hariaz beste aldetik, Charoren ahotsa poema sinfoniko baten musikak transmititzen dituen gorabehera emozional guztiak interpretatzeko gertu zirudien tresna bat zen, gorputz jarioak eta ahozkoak ez ziren komunikazio itemak ezkutatzeko asmorik gabekoa.

      Arratsaldeko 8:00etarako han egongo naiz, Pepe!!!

      Charoren hitz jario kitzikatuak bidean kontuz ibiltzeko ohiko aholkua emateko zirrikiturik ere ez zion utzi. Kontuz Andorratik etortzean, mendiko errepideak txarrak dira-eta. Kartzelan egon zen bitartean kontaktua erabat galdu ez bazuten ere, beren arteko komunikazioa ez zen erraza izan, Carvalhok ez zuelako nahi izan besteak, egoera horretan ikusita, errukia senti zezan. Ezin izango zuen eraman Charok beregan isuriko zukeen gupida guztiaren zama.

      Falta zituen osagaiak erosi eta Vallvidrerako etxera iritsi zenean, sukaldean sartu eta lupia eta esnegain-kutxa bat hozkailu barruan utzi zituen. Piperbeltz berdea, gainerako espeziak gordetzen zituen apalategian utzi, eta labea piztu zuen. Eguerdia zen, eta afaria mamitsuagoa izango zelakoan, profil baxuko bazkari bat egitea erabaki zuen: bezperako afariaren sobrantea, hau da, alberjinia eta piper gorrien oinarri bat, zeinaren gainean lehengo egunetik zeukan berdel bat jarri baitzuen, sasoia aurreratua zetorrela aprobetxatuz, probentzal baten estalkiarekin, gero multzoa labean erretzeko. Penedes aldeko zuri aski apal batekin lagundu zuen bazkaria, bere egoera ekonomiko prekarioak gehiegizko gasturik egiterik gomendatzen ez zuenean erositakoa; gauzak apur bat aldatuak ziren Guadalupe Agirreren bisita eta haren txekea jaso zituenetik, baina ordura arte sekula garatu gabeko sen kontserbadore batek diru jaso berri hura parrastaka ez erabiltzea agindu zion.

      Bazkaldu eta gero lo kuluxka bat egin zuen. Ondoren etxea apur bat txukuntzen pasatu zuen ordu pare bat: komuneko toallak eta oheko izarak aldatu zituen, xurgagailua pasatu zuen egongelatik eta logelatik, lanbasa komunetik, harrikoa egin zuen.

      Etxeak itxura apur bat hartu zuenean, Carvalhok sua piztu behar zela erabaki zuen. 2003ko hasiera hura fresko zetorren, eta aski heze. Apalategira hurbildu zen, egun hartako sua pizteko liburu egokia zeukala jakitun. Begi kolpe labur bat aski izan zitzaion Bernardo Atxagaren liburua non zegoen ikusteko. Ikusi zuelarik, apartatu egin zuen. Azal leuneko liburuki aski lodi bat zen. Carvalhok kendu zizkion azalak, eta ohiturak ematen duen trebetasunaz barneko orri-koadernotxoak txikitu eta tximinian jarri zituen. Gero horretarako propio erabiltzen zituen ezpal txikiak jarri zituen paperaren gainean, eta su-piztekoaren garra aplikatu zuen. Laster alaitu zuten gelako giroa sugar biziek.

      Mahai gainean mahai-zapia, esku-zapiak, platerak, kopak eta mahai-tresnak jarri zituen.

      Ondoren sukaldera joan zen, eta lupia hozkailuaren barrunbeetatik erreskatatu zuen. Burua eta hezurra bereizi zituen, alde batetik; gero trontzoak hartu eta mozteko oholtxoaren gainean jarri zituen; depilatzeko pintza batez, goiko parteko hezurrak atera zituen, banan-banan, artaz, arrainaren haragian ahalik eta ukitu gutxien eginez. Gero, tipula-ganibeta harturik, hegats parteak kendu zizkion eta hezurra eta buruarekin jarri zituen; multzoa eltze txiki batean jarri zuen, urarekin, eta ordu laurdenez egosi zuen, fumée labur bat eginez. Trontzoa lau zati ederretan moztu zuen. Gatza eman zien bi aldeetatik.

      Labea piztu zuen, 200º-tan. Zartagin bat ipini zuen sutan, olio birjina eta gurinarekin. Koipe hura berotu zenean lupia-tatoak jarri zituen bertan, azala gora begira zutela. Minutu bat pasatu eta gero, zartaginetik atera zituen, eta laberako azpil batean erreserbatu.

      Zartagina ere sutatik apartatu zuen, olioa eta gurina erre ez zitezen, eta hiru exalota txikitu zituen tipula-ganibetaz; txiki-txiki eginda eduki zituenean, berriz jarri zuen zartagina sutan, eta exalota zatiak zartaginera bota zituen, piperbeltz berde ale ugarirekin. Une hartan konturatu zen ez zeukala Calvadosik, are gutxiago jatorrizko errezetak eskatzen zuen Sagardoz likorerik; bat-bateko arazoei bat-bateko irtenbideak bilatzeko abila izaki, edarien altzarian zeukan Armagnac bati heldu zion. Garai hobeen oroitzapena zen Dartigalongue urtetsu bat. Zalantza egin zuen errezetak hainbesteko ohorea merezi ote zuen, baina Guadalupe Agirreren txekea buruan, oraingoan, kopa bat gaineratu zuen exalota zeukan zartaginean, eta gero su-piztekoaz garreztatu zuen likorea. Garrak iraungi zirenean esnegain ugari bota zuen, eta, multzoa tarte batez irakiten eduki ondoren, zartaginekoa lupia-tatoen gainean bota zuen, eta labean sartu zuen dena. Tatoen nolakoa kontuan hartuta, bost-sei minututan prest egongo zela kalkulatu zuen. Carvalhok falta zituen jatorrizko errezetak eramaten zituen hostore arraintxoak, baina gabezia hori eramangarria otu zitzaion, xehetasun apaingarri bat baino ez zelakoan.

      Unearen zain egon izan balitz bezala, txirrinaren hotsa entzun zen. Carvalhok atea ireki zuen eta bere jantzi ederrenekin apaindutako Charo bat sartu zen arrapaladan, Carvalho musuz estaliz, besarkatuz eta aldi berean etengabe hitz eginez. Hainbeste denboraz beldurtu zuen unea iritsia zen. Carvalho ez zegoen prest emakumearen afektuzko eztanda boteretsu hari aurre egiteko, eta ahal zuen bezala defenditu zen dena aurretik eramaten zuen traganarru hartatik, zeina emeki-emeki indarra galtzen joan baitzen, itsas bazterra zeharkatu eta kontinentean sartzen diren heinean traganarruei gertatzen zaien bezala. Kostatu zitzaion detektibeari erasotik libratzea, eta lupia itzali behar zuelako aitzakiarekin lortu zuen. Orduan erreparatu zion lehen aldiz Charok sukaldetik zetorren usainari.

      Sekulako usain ederra dago. Zer da?

      Euskal sukaldaritza berria izenarekin bataiatu zen mugimenduaren errezeta enblematikoenetako bat: lupia piperbeltz berdearen erara. Subijanak asmatu eta hamazazpi urtez eduki zuen kartan, bere jatetxean.

      Carvalhok atera zituen lupia zatiak zerbitzatzeko azpil batera; ontzian zegoen saltsa lupiaren gainetik bota zuen, eta gatz apur bat bota zuen gainetik.

      Gero azpila jarri zuen mahai gainean, eta lupia-tatoak platereratu baino lehen, sukaldera itzuli zen, eta handik Txomin Etxaniz botila bat ekarri zuen. Botila ireki eta bi kopa zerbitzatu zituen. Charok kopako likidoari begiratu zion jakin-minez.

      Txakolina? Ardo zuria dirudi. Zer da?

      Izan ere, horixe da, ardo zuri berezi bat. Edo, nahiago bada, euskaldunek duindu duten ozpinki bat.

      Ona dago —onespena erakutsiz, Charok.

      Carvalhok lupia zati bana jarri zuen plateretan, artoski. Charori dena liluragarria iruditzen omen zitzaion, gelan zegoen argia ere bai, eta erretako liburuari egotzi zion argiztapenaren epeltasuna.

      Zer liburu erre duzu?

      Obabakoak du izena. Atxaga izeneko idazle batena da.

      Nor da?

      Atxaga? Gipuzkoako herri txiki batetik Bilbora ikastera joan, bertan zalditik erori eta euskal literatura eguneratu zuen idazle bat.

      Eta liburua zertaz doa?

      Euskaldunen ohiko zilborkeria exorzizatzeko balio behar zukeen metaliteraturari buruzko tratatu bat da. Estatuko nazionalitate periferiko guztiak elkarrekin harmonian eta Estatuaren barruan zoriontsu bizi zitezkeela uste zen garaiko liburu bat da.

      Orduan huts egin zuen. Huts galanta.

      Huts egin, liburuak? Ez, liburuak ez. Liburuek ez dute inoiz hutsik egiten. Nazionalitate periferikoek huts egin dute.

      Eta zergatik ez Estatuak?

      Estatuek ere, liburuek bezala, ez dutelako inoiz hutsik egiten.

      Irri egin zuten biek, Carvalhok bere iruzkinak gordetzen zuen ironiarengatik, Charok irrigarria aurkitu zuelako nazionalitate periferiko batek, oro har, huts egiten ahal zuelako ideia, gol erraz bat huts egiten duen futbolari baldar baten antzera. Carvalhok gogoratu zuen inon irakurri izana: Espainiako demokraziak, etorkizunean, osasuna eta izaera jokatuko ditu honetan: barneko nazionalismoen auziak nola ebazten dituen, dauden egiazko bi aukera errealak kontuan hartuta: bereizketa edo konfederazioa.

      Botila bat ekarri dizut Andorratik.

      Chivas bat zen, 25 urtekoa.

      Ez da izango hustu eta gero berriz betetzen duten horietakoa, ezta?

      Musu batez estali zituen Charoren protestak.

      Euren arteko elkarrizketa karrusel bat bezala ibili zen, jira eta bira, gora eta behera, irriz eta malkoz, Charoren aiurri eta jenioaren eta Carvalhok horiei arrapostu emozionala emateko zeukan gaitasunaren arabera.

      Halako batean, menia bezalako batera iristeko moduan zeudela irudi zuen.

      Arrain hau zoragarri zegoen.

      Errezeta biribiltzeko, platerean hostorezko arraintxo bat jartzen da; baina ez neukan hostorerik.

      Txakolina, lupia piperbeltz berdearen erara, Atxaga... Zer ospatu dugu? Euskadiren eguna?

      Laster Euskadira noa, Charo.

      Charo gogotik saiatu zen, baina konbentzimendu handirik gabe jo zuten larrua. Carvalhorentzat, desioa gero eta bisita gutxiago egiten zion lehengusu bat bezalakoa zen, eta larrutan egitea fracking sexualetik gertu zegoen ariketa bat; Charok, aldiz, bazekien funtsean ez zela deus aldatu euren artean, zaharrago eta miserableago bilakatzen ari zirela ez bazen.

      Egunsentian Charoren negar zotinek esnatu zuten Carvalho.

      Zer duzu!?

      Ezer ez, Pepe, ezer ez. Tuntuna naiz.

 

 

Kartzelatik irten ondoren, Biscuter tematu zen Carvalhok ordenagailu bat eta telefono mugikor bat eduki behar zituela.

      Modernokeriak. Ez dut inoiz ikasiko erabiltzen. Alferrik da.

      Biscuterren tema hain iritsi zen urrutira, ze, azkenean, bere diru aurrerakinen parte bat horretan erabili baitzuen, Carvalhori ordenagailu bat eta telefono mugikor bat erosteko, zahar etxera betirako joan baino lehen.

      Gaur egun ezin da detektibe aritu horrelakorik gabe —esan zion Biscuterrek.

      Geroago penatu zen, laguntzaile ohiari ez baitzion behar bezala eskertu tramankulu horiez hornitu izana. Aitortu behar izan zion bere buruari trepeta horiek gabe ez zatekeela izango Biscuter, Bromuro, Fuster eta bere ohiko informatzaileen paisaia osatzen zuten pertsonen aldentzearen ondorio tamalgarriak gainditzeko gauza, zegoen bakardade eta zaurgarritasun ekonomikoaren egoera hartan.

      Handia izango zen umezurtz izatearen sentimendua, ze, mundu deshumanizatu baten azken epigonoa sentituz, ordenagailua piztu zuen.

      Internet egunen batean zor guztiak batera kobratuko zizkion eta afruntu guztiak mendekatuko zituen deabrukeria bat iruditzen zitzaion. Hala ere, nabigatzera sartu zen. Bazegoen Guadalupe Agirre Van den Berg aintzat hartzen zuen informazioa: Agirre Taldearen izenpean biltzen zen enpresa taldearen akzionista nagusia eta lehendakaria.

      Berri batzuetan Euskadiko zenbait lehendakariren ondoan agertzen zen, argazkietan; beste batzuetan, lehendakari izateko karreran sartuta —imajinatu zuen Carvalhok— egongo ziren marrazoekin. Hemengo hau Urteko Enpresariaren Saria irabazi zueneko argazkia zen; beste horretan, Enpresarien Elkarteko lehendakari izendatu zutenean ageri zen; liburu baten aurkezpenean, Deustuko Unibertsitateari loturiko ekonomia klub batean. Beste batean, Agirre Taldea burtsara aterako ote zen zurrumurrua ezeztatzen zuen, ez zela une egokia aitzakiarekin.

      Liburuaren aurkezpenean, kazetariek idatzi zutenaren arabera, azaldu zuen lan harremanak une ezin garrantzizkoago batean zeudela. Kazetarietako batek Guadalupe aurkeztu zuen esanez “herriarekin, bere enpresarekin, bere langileekin konprometitutako enpresari bat zela, urratsak aurrera egiteko gauza izan zena enpresarien ordezkaritzan, hau bereziki zaila den une batzuetan”. Agirre andreak esaten zuen bizkartzainik gabe ibiltzea, harentzat, kargua onartzeko baldintza sine qua non izan zela. Agirre andreak uste zuen, enpresetan, borroka sozialaren ereduarenak egin zuela. “Nola lehiatu Alemaniarekin hemen dagoen kultura sindikal txarrarekin?”, galdetzen zion bere buruari. “Txori saldoek elkarrekin egiten dute hegan, atzekoek onura ateratzen dietelako aurrean daudenek sortzen dituzten turbulentziei”. Kazetari denek azpimarratzen zuten Guadalupe Agirreren meritua bikoitza zela, emakumea zen ber.

      Agirretarren lehen enpresa Gipuzkoa sakoneko herri horietako batean egon zen, Eibar, Arrasate, Bergara, Elgoibar, edo horietako izen Carvalhorentzat atzemangaitza zeukan herri batean. Carvalhorentzat, izen horiek guztiek eguzki argirik gabeko herri tximiniadun batzuen konstelazioa ebokatzen zuten, denak mendien arteko hobiak bezalako haran estuetan ahokatuta, askoz gazteagoa zenean inoiz bisitatu zituenak, denak elkarren ondoan beren etxe handi, beren ke eta euri etengabearekin, denak berdinak eta bereizezinak, Arrue anaien bukolismoa ukatu nahi zuten pinuen, beso Extremadurakoen eta plusbalio basoen hondo baten gainean. Arrue anaien bukolismoak presaka eta merke urbanizatutako herrigune haietatik gorako zenbait baserri berritutan zirauen. Guadalupe Agirrek hainbestetan laudatu den euskaldunen lan-zaletasun proberbialaz kudeatzen zuen enpresa, eta laugarren belaunaldia zen, anaia Matiasekin batera.

      Enpresa multzoak eremu zabala hartzen zuen: automozioa, etxetresna elektrikoak, eraikuntza, trenbidea... Agirre Taldea 25 herrialdetan aritzen zen, fakturazioaren % 75 atzerrian egiten zuen eta ongi errotuta zegoen eskaera handiko merkatuetan: Alemanian, Frantzian, Txinan, aebetan... Bere sektorean erreferentziazko fabrikatzailea zen, eta berrikuntza teknologikoa zen markaren ikurra.

      Sarean elkarrizketa batzuk ere aurkitu zituen. Carvalhok aintzat hartu zuen Guadalupe Agirreren metaforarako gaitasuna; iraganeko krisi jakinen eta etorkizuneko probableen eraginaz mintzo zelarik, lehenengo txorien metaforari orain beste hau gaineratzen zion: “Ildoak oker ateratzen bazaizkigu ere, ildo horietan erein beharko dugu”. Ikusten zen metaforizazio horretan asmo didaktiko laudagarri bat, eta bidea behetik gora, larre motzetik hasita, egin duenaren, herri xehearen ohituren eta erreferentzien ezagutza ez gutxiago miresgarri bat, nahiz eta, Agirre anai-arreben enpresen jatorria berraitonarengan izaki, gurasokeria bibliko horrek gehiago eduki behar zuen etxeko eskolaren eraginetik, esperientzia zuzenaren ondoriotik baino. Ikasle on bat, dudarik gabe. Eta gero, argazkietan erakusten zuen itxura kontraesankor hura: boteretsua baina hauskorra aldi berean, han egongo ez balitz bezala, presentea eta absentea aldi berean, ume heldu bat. Baina indarra ere bazuena. Beheko klasekoen karikatura kariatide batena da, barrea edo negarra; Guadalupe Agirreren aurpegiak baretasuna adierazten zuen, ordea; edozein denboratan eta tokitan lehengai homologatua daukanaren baretasuna. Etsipen eta melankolia nordiko baten tantaren batekin, beharbada. Itxurazko hoztasun horren azpian nahitaez pertsona bat egon behar zuela kitzikagarria egiten zitzaion Carvalhori.

      Gainerakoa uste izatekoa zen: lehia gogorra nonahi, mundu globalizatu batean, euskaldunak mundutarrak eta mundura ateratzen ohituta egonik ere, oraingoa gehiegizkoa zen: terrorismoaren “lakra”, terrorismoaren zama eta gero ere berriz terrorismoaren lakra. Ulertzekoa zen, pentsatu zuen Carvalhok, begi-bistakoa eta egiazkoa denaz gain, edozertarako tapakia ematen duenez. Burura etorri zitzaion, ordea, Fermin Martinez Urbistondo terroristatzat kalifikatzeko eduki zuen zalantza-une kontraesankorra. Zerga politikak elkarrizketaren zati handia hartzen zuen. Guadalupek, enpresari guztiek bezala, esaten zuen nahi zuela zergak jaistea, baina zerga politikari buruz tratatu bat egiteko adina hitz egin ondoren, “bera ez zela politikan sartzen” esanda amaitzen zuen.

      Emakume hura hezur gogorra izan behar zen, mertxikaren lorearen ederrean bildua. Carvalhok gero eta usain txarragoa hartzen zion enkarguari. Hor zerbaitek huts egiten zuen. Amarru urrina. Zergaren aipuak beste zerga klase bat ekarri zion gogora. Terrorismoaren zamarengatik ordaindu beharreko hura. Eta dena balitz...?

      Eta hala ere, jaleo harekin, Guadalupek gordetzen zuen hura guztia harekin ez zihoalako aire deszifraezin hori. Argazkiek, oso onak izan ez arren, soin ongi formatu eta fisikoki hezi bat iradokitzen zuten, janzkera funtzional baina aldi berean dotorearen azpian.

      Carvalhok erabaki zuen ez zuela kezkatu behar. Momentuz, bederen. Zena zela, zirt edo zart egingo zuen, eta, nork jakin, geratzen zitzaizkion urteak eroso pasatzeko modua etorriko litzaioke endredo horretatik.

      Azkenik, interneten murgildurik, berri harrigarri bat aurkitu zuen: Guadalupe Agirrek, euskal tenisaren ikurrak, Arantxa Sanchez Vicariori irabazi dio.

      Kokotxa izeneko militanteari zegokionez, historia zaharra eta ezaguna zen, eta Carvalhok ez zuen interneten beharrik gogoratzeko erakunde armatu baten norabidea aldatu nahi izan zuen militantearen amaiera gaiztoa, itxura guztien arabera bere kideek bahitua eta desagerrarazia; desagertzea Frantzian gertatu zen, euskaldunek Iparraldea izena ematen zioten lurraldean. Kutxol ezizeneko erakunde-kide bat izan zen bizirik ikusi zuen azkena, eta oso litekeena zen Kutxol hori bera —batzuek esaten zutenez, Kaskol ezizeneko kidearen laguntzarekin— izatea desagerpenaren egile materiala, antza denez, Kokotxa fidakor batekin halabeharrez bezala topo egin, eta Vesparekin beste herri batera garraiatzeko bere burua eskaini eta gero, non desagertuak zita bat baitzeukan.

      Kutxolek, bere unean, kasua ikertu zuten kideei egindako deklarazioetan, adierazi zuen herri hartara eraman eta bertan utzi zuela, agur esanda; baina Kokotxa ez zen sekula zitara iritsi, eta ordutik ez zen sekula inon bere berririk izan.

      Kutxol, bere aldetik, gertaera horiek jazo eta hiru edo lau urtera hil zen, prestatzen ari zen lehergailu batek zapart eginda. Kaskol desagertuta zegoen urteak zirela, Hego Amerikako herrialde irredentoren batean, hor nonbait. Kutxol zartatzeak puska-puska eginda utzi zuen Kokotxa bizirik ikusi zuen azken lekukoa.

      Kutxolek egia esan ote zuen, eta gauzak nola gertatu ziren, ez zegoen batere frogarik, baina horixe zen, komunikabideek bertsio mila bider errepikatua mediante, jendartean gehien zabaldutako bertsioa: Kutxol izan zela Kokotxa desagerrarazi zuena (Kaskolen laguntzarekin, noski).

      Carvalhok ordenagailua itzali zuen, eta hazka egin zuen buruan. Guadalupe Agirrek bezperan emandako txekeari begira jarri zen. Bere izenean zen, eta hamar mila euroko kopurua zegoen idatzita. Guadalupe Agirreren hitzak gogoratu zituen: hasierako gastuetarako aski izango zela espero zuela. Hamar mila euro ezinezkoa den zerbait —hogei urte lehenago desagertutako neska baten arrastoa topatzea— egiten saiatzearen truke. Gauza ezinezkoak egiteko eskatzen hasiz gero, zergatik ez zioten eskatzen Kutxolen Vespa zaharra aurki zezan? Ausaz, errazagoa izan zitekeen.

      Donostiara joango zen, zerk huts egiten zuen argitzera.