Argialdiak
Argialdiak
2023, narrazioa
104 orrialde
978-84-19570-09-3
Azala: Maite Gurrutxaga
Miriam Luki
1973, Urretxu
 
Argialdiak
2023, narrazioa
104 orrialde
978-84-19570-09-3
aurkibidea
 

 

Errusiar erruleta

 

 

Eztei eraztun hau askoz nasaiago daukat, nireak estutu egiten zidan. Paper zuria eta boligrafo urdina kokatu ditut hulezko mahai-zapiaren gainean, ezagutzen duzu, gereziondo loreduna. Sukaldeko atea itxi dut korridorearen sakona ezkutatzeko, han datza; gero leihoa eta errezelak ireki ditut, diotenez argiak eta haize freskoak on egiten dute, ez dakit jasango dudan autoen zarata. Aulkian jarri eta eraztuna biraka ibili dut zerbaitek adoretu nauen arte, suma dezakezu zer den, zuk bai, badakit. Hemen bazeunde usaina hartuko zenioke. Ume-umetatik, besarkatzeaz batera, lurrin gozo eta sarkor hori bilatzen zenuen nire aldartea igartzeko. Gau gorri hartan konturatu nintzen nire aukerak bi baino ez zirela: zure aita akabatu edo bera bezalakoa bihurtu. Hemendik hasiko naiz, bai. Akabatzearena serio aztertu nuen, zin degit, aizkorakada batez hilko nuela erabakitzeraino. Umea nintzenean, etxeko gizonek gure likore eta sifoi fabrikaren atzean aizkoraz egiten zituzten sutako egurrak, eta niri txiki bat ematen zidaten abarretarako. Baina zer egingo nukeen bere zintzurretik isuriko zen odol guztiarekin? Ezingo nukeen putzu hura garbitu, ez nuen gorputzik izango. Eraztun honek ez dit odola mozten. Nekez atera diot. Ez nuen sekula zure aita akabatu, ez. Bere modukoa bihurtu nintzen, hori bai. Itxaron une batez, basoa erori zait.

      Kristalak jaso eta leihoa eta errezelak itxi ditut, hobeto nago ilunpearen isiltasunean. Bira eta bira artean, nireak baino dirdira handiagoa duela konturatu naiz, egin ez dituen harrikoengatik izango da. Ez daukat zirkulazio onik. Ez zara etortzen. Ez dakizu ezer gaur gertatu denaz. Ni oso gaztea nintzen zure aita ezagutu nuenean, liluratu egin ninduen, frontoian izan zen, nola esango nizuke, bere planta ederra, zuriz jantzita, kantxaren erdian, irabazlearen txapela buruan, beltzaran, gihartsu, altu, esku handi, harro, onbera, aratz, irribarretsu. Bere irribarrea ez zen ahotik ateratzen, begietatik baizik, eta berarekin ezkonduko nintzela erabaki nuen; nik hamalau izango nituen eta berak hemeretzi. Zu ez zara akordatuko zure aitaren anaia zaharrarekin, Ameriketara joan zenarekin. Ez, nola akordatuko zara? Zesta-punta jokalaria zen, eta han zegoela ahalordez ezkondu zen tia Marikarmenekin. Ez dakit zergatik deitzen diogun tia ia argazkietan baino ezagutu ez dugunari. Gu ezkondu ginenerako Miamira joanak ziren biak. Gerora anaiek ez zuten batere traturik izan. Ez gara senideekin ongi moldatu, gaizki ere ez, ez gara moldatu, zuk ongi dakizu. Emadazu segundo bat.

      Nekatu egiten naiz. Banator. Jarraitu beharra daukat. Deitu maitemina nahi baduzu. Ez dakit zer beste hitz dagoen barrutik jaten zaituen bestearen gogoarentzat. Tio Antoniorekin frontoira joan nintzen egun hartan, partida amaitu zenean txapelduna agurtu nahi izan zuen, baina hark ez zion kasurik egin, niri bai, niri berarekin ezkonduko nintzela esan zidan masaileko orezta handiari laztan bat eginda. Pintzekin ile urdin luzeak kentzen dizkiot orain. Baietz esan nion. Ez ginen orduan ezkondu, baina urte batzuen ostean bai, haurdun geratu eta berehala. Beharbada, ordua eskatu beharko nuke ile-apaindegian. Ez dakit zer egiten den honelako kasuetan. Tia Begok jakingo du. Aspaldi ez diot deitu, pentsatua dut zer esan, zuzenean ilearena eta, jarraian, gertatu dena.

      Esan dit honelako kasuetan ez dela komeni ile-apaindegira joatea. Goiz alargundu zen, badakizu, eta elkarrengandik urrun ibili garela ere bai. Bi astean behin ilea atontzera joatea izan da urte hauetan guztietan gorde dudan ohitura bakarra. Beste ohitura bati ere eutsi diot, egia da. Estutzen ez didan eraztun hau marabilla bat da. Ezkondu aurretik, lotarako ilea erruloekin lotu eta gauean sare batean gordetzen nuen bolumenaz betetzeko. Banuen soineko marroi bat, lepo luzeduna, botoiekin ixten zena alkandora baten moduan, eguzki-loreen estanpatua eta gerriko estua zituen, hemendik egongo da armairuren batean. Zure aitaren esku baldarrek ez zuten asmatzen botoiak askatzen. Belauneraino iristen ziren larruzko bota marroiekin janzten nuen. Txoratu egiten zuen kremailerek jaistean egiten zuten hotsak. Soineko horrekin geratu nintzen haurdun. Guk ez genekien ezer ere, ezer ez. Ezkontzea erruleta horretara jokatzea zen, nola du izena? Begira bestela tia Marikarmen, zure osabarekin Miamira joan zena. Osabak hanka egin eta seme-alabekin bakarrik utzi zuela zabaldu zen. Aitaren anaiak ez zuen arrastorik utzi. Ezusteko galanta hartu nuen aurrekoan, munduan zehar bizi diren euskaldunen programa txatxu horietako batean ikusi nuenean. Tia zen, zalantzarik ez zegoen, negozio baten jabe, zaharra jada, eta erabat Miamikoa. Gure etxekoek, aitaren tartekoez ari zirenean, jende ona zirela zioten, baina denek maina berbera zutela, berezkoa, odolekoa esan nahi zuten. Ez nuen, hala ere, zure aitarekin ezkontzeko arazorik izan, auzokoak ginen, lehen esan dizut. Aspaldi ez didazu deitu. Bihurria da hau, hitzak idaztearena. Telefonoz deitzeko behar beste adore izan banu, minutu batean dena esanda legoke. Tia Begorekin pentsatu baino errazagoa izan da. Zugatik galdetu dit eta ondo dago, esan diot, baina ez dakit hala den. Iluntzean iritsiko da. Urteak dira ez duela etxe hau zapaldu. Litekeena da gurea ahizpen arteko kontua izatea, soila, berezkoa eta odola bezain gorria, zeren eta etorriko dela esan dit eta nik ez diot ez etortzeko esan. Eraztunari bira batzuk emango dizkiot.

      Ezkondu aurretik bere pilota partidak ikustera joaten nintzen, beti tio Antoniorekin eta zure aitak gure herritik gertu jokatzen bazuen. Urrunago ez nintzen joaten etxean ez zidatelako baimenik ematen. Inoiz ihes egin nuen hala ere. Lagun minaren etxera nindoala esaten nien eta sinetsi egiten zidaten, bestela ere sarritan Marirosenean geratzen nintzelako. Etxeberria jatetxeko alaba zen, badakizu haiek beti erosi zituztela gure etxeko likoreak eta sifoiak. Hara joaten ginen neska ezkongaiak Nikolasarekin, Marirosen amarekin, sukaldean aritzera. Han ikasi zuen nik bezala Milagritos Unanuenekoak. Zenbat komeria hostorearekin. Milagritosek fabriketara etorritako ingeniari bat ezagutu zuen bere etxean bertan, Unanue hotelean. Ezkondu eta Bilbora joan ziren. Marinievesek, Gabilondo orrazi fabrikakoen alabak, arazo gehiago izan zituen Caceresetik etorritako langilearekin maitemindu zenean. Amado izeneko beste batekin ezkondu zen gero, Caceresekoa hura ere. Lolo nire lehengusina etxean geratu zen, anaiak eta aita zaintzen, isila zen, arrama bat bezain luzea eta fina, ilea labur moztuta eramaten zuen, beti laboreak egiten, Sor Mariapilarren ikasle kuttuna, denbora asko pasatzen zuten elkarrekin brodatzen. Bihotzekoak jota joan zen, ez nizun esan. Badut Lolok nire arreorako egindako eta estreinatu gabeko izara saldo bat, baina ez dut uste gazteek halakoak erabiliko dituzuenik.

      Gau gorriaren aurretik zure aita hainbatetan desagertu zen. Gernikara partida bat jokatzera joaten zenean, adibidez. Nik ez nuen zalapartarik egiten beti itzultzen zelako. Haurdun nengoela ezkondu ginela esan dizut. Badakit ez zenekiela. Guk zure aitaren Miamiko anaiarekin zer gertatu zen sekula jakin ez genuen bezala. Bera akabatzea serio aztertu nueneko gaua etxeratzen ez zen bigarrena zen eta nire sabela lehertzeko zegoen. Kontrakzio eta kontrakzio artean ezin nuen putzu gorria burutik kendu. Biharamunean erditu nintzen. Zure aita itxarongelan zegoen. Ordurako, tabernaren atzeko aldean mus partidaren bat ez bazen, ez zuen ezer ere irabazten. Utzita zuen pilota eta gure aitaren fabrikako likore eta sifoi saltzaile zebilen. Ez akabatzearen hautuak koldarraren mingotsa utzi zidan, ez dizut ezkutatuko. Berdintzeko-edo, erabaki nuen ez nuela ume gehiagorik egingo, gurean bakar batek ere traba egingo zuelako. Erabaki horrek bestearen porrota arindu zidan eta ez, entzun zaitzaket, ez nuen beste aukerarik izan.

      Errezelak zabaltzeko altxatu naiz eta berogailutik zintzilik daukadan trastearekin euli bat zapaldu nahi izan dut kristalaren gainean, baina ez dut harrapatu. Tia Begok zerbait bazkaltzeko esan dit, ezingo dut, zorroko hegazti zopa bat egin nezakeen, baina ez dakit gauza naizen. Ez dut sekula sukaldean gozatu, Nikolasarekin eta neskekin aritzen nintzenean ere ez. Gure etxean tio Antoniok eta tio Inaziok baino ez zuten ikasteko aukerarik izan. Bata Salamancara joan zen eta bestea Valladolidera. Nik pianoa jotzen nuen baina inoiz ez zidaten pianorik erosi eta tia Begok margotu egiten zuen baina inoiz ez zioten hiriburura ikastera joaten utzi. Tia eta biok pisu gutxiko paketeak banatzera bidaltzen gintuzten eta orduak egiten genituen fabrikako dendako mostradorearen atzean. Tio Antoniok eta tio Inaziok, biek, ikasketetan kale egin zuten eta gure aitak fabrikan jarri zituen lanean. Gero erdi liskartu egin ziren eta tio Antonio barandiarandarren mekanika tailerrean hasi zen hango semea laguna zuelako. Inorekin ez dugu harreman handirik, badakizu. Nik aitaren bulegoan lan egin nuen ezkondu nintzen arte, ona nintzen zenbakiekin. Inoiz ez dizut hori kontatu, denbora gutxi izan zen. Ugaldeko Marisa hasi zen nire tokian. Ez zen ezkondu eta, udako oporretan, kruzeroak eta halako bidaia handiak egiten zituen, behin Kenyara joan zen, safarian. Zure aitarekin liluratu ez banintz, Marisa bezalakoa izan nintekeela pentsatu izan dut, are Marisa bera perlazko lepoko eta guzti. Erditu ostean hasi nintzen zure aita bezalakoa bihurtzen. Etxera iristen zenerako antzeko tenorean geunden biok. Garai onak izan ziren. Barre artean lokartzen zintugun loarazteko tanta batzuek lagunduta. Antonio Machinen diskoak jartzen zituen eta que se quede el infinito sin estrellas. Esku baldarrak bat-batean zorroztu eta eskuez eramaten ninduen oinekin baino gehiago. Bere modukoa bihurtu nintzenerako ez zen irabazlea jada. Hau aurretik idatzi dut? Niri, baina, irabazlearen distira hura barruan geratu zitzaidan, nik uste lilura sorginkeria mota bat dela. Nola egiten zuen bizarra, nola eramaten zuen orrazia bekainetatik, nola likido urdin harekin gargarak egin eta ematen zuen igelak zeudela komunean eta nola Agua Bravaren egur eta limoi usaina komunetik irten eta korridoretik sukalderaino iristen zen. Gaur ere lurrin horrek hartu du korridorea.

      Hankak luzatu ditut, inoiz ez dut oreka onik izan, sukaldeko atea ireki, sakonera begiratu eta berriro itxi dut. Ez dakit egia osoa esan behar den, baina hemen nago, nik ez nuen umerik nahi eta zuk bata bestearen atzetik egin dituzu, ez dituzu ekarri, zu ere ez zara etortzen, baina etorriko bazina ez nuke jakingo zer esan. Berehala hazi zinen, oso azkar hasi zinen eskolara bakarrik joaten, ongi antolatzen zinen, nik beti berandu eramaten zintudan. Hain ongi antolatzen zinen sekula ez nizula agindurik eman: gosaldu, aurpegia eta hortzak garbitu eta orraztu. Zure aita bezain garbia zinen eta ilea trentza batean lotuta ikusten nizunean jelostu egiten nintzen oso burujabea zinelako. Goizeko kafearekin batera hasiz gero dena eramangarriagoa zen. Gainera, zure aita esnatzen zenerako alaiago nengoen. Loak ez zuen bere ile mardula batere nahasten eta arraia beti bezain zehatz agertzen zen itzartu berritan ere. Esku bat pijamaren galtza azpian sartuta, bestearekin ilea nahasteko egiten zuen keinuak bigundu egiten ninduen. Komunean desagertu eta apoen korroka entzuten nuen. Sabela puztua, azala gorritua, zirkulazio oso txarra eta eskuak kailuz beteak zituen, baina lotarakoan esku deformatu hura nire ipurmasailean pausatu eta bake ederrean lokartzen ginen batelean. Ez zidan sekula hitz zatar bakar bat ere esan, nik bai, hasieran, baina gero isiltzen hasi nintzen eta gaur arte. Zure aitak nire izenarekin hitz-jokoak egiten zituen eta atximur egiten zidan oreztaren ondoan. Ese lunar que tienes cielito lindo. Tia Begok esan dit iluntzean etorriko dela eta iluntzen ari du. Bera iritsi aurretik amaitu nahi dut honekin. Aldi berean ez dut amaitu nahi hemen nagoen bitartean gaurko gertakizuna geldirik dagoelako. Beste eraztunak asko estutzen zidan. Oso bakarrik nago. Traba ez zinen zu zehazki, zure presentzia baizik, ez dakit ongi hau nola esan. Lotsagarri sentiarazten ninduzun eta biharamunean neure buruari esaten nion ez nuke egin beharko, gaur ez dut egingo, gaur ez dut egingo, gaur ez dut egingo. Oso astuna da etengabeko borroka hori. Joan zinenetik errazagoa izan da. Barka zirrimarrak, ez dut garbiago idazten asmatzen eta ez dakit mojekin ikasitako letrakera hau ulertuko duzun ere.

      Ni ez nintzen ongi ezkondu. Sukaldea berritu bagenuen gure aitak emandako diruari esker izan zen. Marisarekin elkartu nintzen aurrekoan harategian. Ez nion aurpegi onik ikusi, minbizia duela esan zidan eta Marisa izateko gogoa galdu nuen. Marinieves berandu banandu zen, ez zuen inoiz Amado maitatu, ez daukagu harreman handirik, ile-apaindegian entzuten dudana baino ez dakit. Ni liluratu ninduen gizonarekin ezkondu nintzen, hori ongi ezkontzea da. Joan zinenetik dena errazagoa izan da, baina gaur Londres urrutiegi dago. Telefonoa ari da jotzen.

      Ehorztetxekoak ziren. Berehala datozela gorpuaren bila. Ez, ez dut zure aita nik akabatu. Berandu zen horretarako. Goizean ez da sukaldera etorri. Bere bila joan naizenean zerraldo aurkitu dut. Odol-hodietako batean burbuila bat osatu eta garuneraino joan zaio. Han egin du eztanda. Horrela, gutxi-asko, azaldu dit medikuak. Azpiko arropa garbiak eta traje onena jantzi, Agua Bravarekin goitik behera zipriztindu, eta, faltan suma ez nazan, Las Cadenas botila miniatura bat sartu diot jakaren poltsikoan. Kostata kendu diot eztei eraztuna.