Lau hankan
Mugikorrak hoska egin duenean lau hankan nago sukaldeko mahaiaren azpian, umeek gosarian bota dituzten galleta puskak banan-banan jasotzen. Burua presaka altxatu, eta danbatekoa hartu dut garezurrean.
— Hil da.
Ez diot ezer gehiago ulertu, negarrez hasi da. Moztu eta galtza elastiko beltzen gomaren azpian sartu dut mugikorra. Kolakaoz bustitako apurrak baldosetan atxikita zeuden eta ezin izan ditut eskuaz bildu. Baldosa gris hauetan dena ikusten da: apur bat, ile bat, arrasto bat, tanta bat. Tentuz atera naiz mahai azpitik, harraskan trapua hartu, itsatsitakoak bildu, poliki zutitu eta gosaritako guztiak baxera-garbigailuan sartu ditut. Familia aurkeztu zidaneko tonu berbera erabili zuen seņorak garbigailua erakutsi zidanean, azken belaunaldikoa, A klaseduna, harriko gutxi egin beharko nuela eta egurrezko koilarak ere sartu ahal nituela.
Hozkailuaren atean eransten du egitekoen zerrenda, post-it handi eta arrosa fosforeszente batean, hor gelditzen naiz trenbidearen nasan bezala. Goikoa atondu. Urte bat, bost hilabete eta hamahiru egun dira etxe honetan nagoenetik. Aurretik seņoraren ama zaintzen nuen, baina nahiko azkar hil zen, eta geratzeko esan zidan, baliagarria izan nintekeela aurrerantzean ere umeekin eta etxean laguntzeko, faborea egingo zidala —faborea esan zuen—. Hasieran atondu zer zen azaltzeko luzatzen zuen zerrenda, orain atondu bakarrik idazten du.
Gora igo naiz eta bikien logelan pijamak, txapinak, lekuz kanpo dauden jostailuak, pare bat liburu, kirol oinetakoak, txandalak eta galtzerdi zikinak jaso ditut, nordikoak tolestu, azpiko izaren lau ertzak atezatu, burukoen lumak bi eskuez harrotu eta oheak nire umearentzat balira bezala eginda utzi. Komunean, haurren barruko arropak epel zeuden oraindik; orrazia eta xanpua hiru aldiz toki batetik bestera eraman eta toallak berogailuetan luzatu ditut. Distiratsu geratu da. Berriro deitu duenean atsoaren etxea gaur bertan utzi behar duela eta El Santuariora itzuli nahi duela esan dit; ez zuen negarrik egiten. Jaioterriko nire etxera joan gaitezkeela, hutsik dagoela, bestela ez dakiela zertarako eraiki dudan.
Zaintzen dituen zaharren pilulak, kremak eta oro har parafarmazia guztia probatzen ditu Marcelak. Hil zaion atsoa ez zen etxetik ateratzen; edo aztoratuta zegoen edo lo. Aztoramenduan ez zuen gauez lorik egiten eta noiznahi altxatzen zen ohetik, kamisoiaren gainean berokia jantzi, poltsa besotik zintzilikatu eta balkoira ateratzen zen laguntza eske, hilko naute, hilko naute. Marcelak esaten zuen atsoak jaguar bat ematen zuela bat-batean eta harramazkak egiten zizkiola etxera sarrarazteko borrokan —eskumuturretan ikusi nizkion—. Agerraldietan risperidona eman behar zitzaion lo egin zezan. Botika ematera semea joaten zen, goizean eta iluntzean, 0,5 gramoko pilula gorri bana jogurtarekin nahasita. Barealdietan, Marcelak sudokuak egiten zituen, telenobelak ikusi, lo egin, pilulen argibideak buruz ikasi, atsoaren arropak probatu. Igandean elkarrekin ateratzen ginenean, hala jarraituz gero risperidonak atsoa hilko zuela esaten zidan.
Bikien logelarekin amaitu eta mugikorra atera dut: Marcelaren nagusia hil da, gaur hemen gera daiteke? Seņorari bidali eta hozkailura jaitsi naiz nondik jarraitu jakiteko: garbigailua jarri eta arropa kakoan zabaldu. Esaldiaren bigarren zatia azpimarratu du batzuetan arropa barruan ahazten zaidalako. Ordubete eta hamahiru minutuan garbigailura itzuli —nire buruari oharra—.
Logela handira igo naiz. Gaur seņora zalantzati egon da, baztertu dituenak ohearen gainean daude: galtzak, gona, alkandorak —loreduna eta lorerik gabekoa—, elastikoa, amerikana, euritakoa, berokia. Arropa denda batean lanean banengo bezala tolestu ditut piezak jantzigelan. Apaletan eta pertxatan banatu, eta izarak kendu dizkiot oheari. “Ez deitu horrela”, eskatu zidan behin, baina seņora mota asko dago eta hurrengoa nolakoa izango den jakiterik ez dagoenez, ez dut ohitura galdu nahi izan. Alfonbra gainean alderrai dauden kuleroak jaso eta arropa zikinaren saskian sartu ditut. Askotan uzten ditu botata, baina beti harrapatzen naute ezustean. Oheari izara garbiak janztea eta xurgagailua pasatzea falta zitzaidan whatsappa iritsi denean. Mugikorrak lorratza utzi dit azalean. Mezua El Santuarioko nire etxean lanean ari den mutilarena da. Leiho-ate guztiak margotu dituela; argazkiak bidali dizkit —gorria ez da espero nuena—, eta itoginek sabaietan utzitako lizun orbanei buruz galdetzeko idatzi diot nik.
Izara bola eskuetan eskaileretan behera nindoanean gurutzatu naiz Katurekin —animaliaren izena seņoraren nagiaren ikurra da—. Hura ere aurkeztu zidan, persiarra, aurpegi zapala eta zabala, ilaje kanela, “bikiek animalia bat eskatu zuten”. Alfer itxura hartu nion lehenengo unetik, botako zituen ile bolen kalkulua egin, eta ordutik distantziak baino ez du bion arteko harremana limurtu. Bikiekin eta Katurekin beren hizkuntza horretan hitz egiten du, eta esaten duena gero eta hobeto ulertzen dut haurrekin ikasten dudalako, ez dute errukirik. Zerrendan leihoetako kristalen garbiketarekin hastea eta erosketak eta afaria egitea ipintzen du. Baina lehenengo goikoarekin amaitu behar dut.
Igo naiz berriro eta izarak aldatu, burukoak harrotu eta xurgagailua pasatu dut seņoraren logelan; arropa zikinaren saskian zegoena senarraren alkandoran batu eta ispilu aurrera joan naiz. Arropa bolak handiagoa ematen du eta nik, mehe eta zimur, txikiagoa. Ilea oraindik beltza eta kizkurra, gobernatzeko inposiblea. Ez naiz bereziki nekatua sentitzen baina nekatu aurpegia dut. Ispilutik atera nau nire etxean lan egiten duenaren erantzunak, ezetz, orbanik ez dela geratzen. Argazkiak bidali dizkit berriro. Handitu dut bat, itxi, eta galtzetan gorde dut mugikorra, lanean segitzeko.
Asteazkena ordainketa eguna da, iluntzean ez du bilerarik izaten. Atzo hiru minutuan finikitatu ninduen presaka zebilelako, bilera bai, bazuelako, eta oso lanpetuta dabilelako, liatuta, esaten du berak. Egunero ditu bilerak, ziur nago uste duela niregatik ere ari dela. Eskuorriak ekartzen dizkit, tailerrenak edo hitzaldienak, azkenekoan Beste urtaroa, klimaterioa zioen. Ea hitz hori ezagutzen nuen galdetu, eta erantzun aurretik bizitzaren bigarren erdian nagoela azaldu zidan, etapa horrek berezkoak dituen aldaketak ezagutzea komeni zaidala, hobeto bizitzeko, eta izena ematera animatu ninduen.
Denboraz hartzen nauenean kafea eskaintzen dit, badaki zenbat gustatzen zaidan. Un tintito de café dio, El Santuariokook erabiltzen dugun azentua kopiatu nahian. Horrelakoetan umea izan nahi nuke: ez, ez da horrela esaten, esaten da tintico. Arratsean kafea edan ostean lo egiteko daukadan gaitasuna miragarria dela esaten dit, berak ez duela edango, bestela ez dituela begiak bilduko eta gainera kafea uzten ari dela. Semeagatik ere galdetzen dit eta ongi dagoela esaten diot, fotokopisteria handitzen ari dela eta plotter berria erosi dutela —badakit ez dakiela zer den—, edo prezioak izugarri igo direla eta orain txinatarrei erosten dietela haiek ere paper guztia.
Goikoarekin amaitu eta lokutoriora joateko atera naiz. Eguerdia da, seņorak ez du erantzun. Ogia eta zerrendan jarri dituen beste zera batzuk erosi behar ditut. Bidaltzen dudan diru guztiarekin nire etxeak dagoeneko zazpi solairu izango dituela esan dit Amirrek; zirikatzaile zegoen gaur, gehienetan lagunekin hizketan dago eta ikusiko ez banindu bezala izaten da. Ez diet ezer ere ulertzen, baina bokalak arrastaka eramaten dituztela konturatzen naiz. Ezetz esan diot, nire etxeak bi solairu dituela eta aspaldi dagoela amaituta eta badakiela, argazkiak inprimatzen dizkidalako. Beti dagoela zerbait konpontzeko eta itoginak egon direla oraingo honetan.
Handik irten eta belar-dendara joan naiz. Zekale-ogia beltza dela diote bikiek eta ogi zuria nahi dutela, baina seņorak esaten die zekalea oso ona dela organismoarentzat. Eta organismoa zer den galdetzen diote. Gorputza, laburtzen du. Mugikorraren doinuarekin atera naiz dendatik —runba bat—, atsoaren gorpua eraman dutela, handik irten nahi duela eta zetazko zapi bat lapurtu diola. Itxaroteko esan diot, oraindik ez daukadala berririk. Marcelari whatsappa bidali orduko iritsi da seņorarena, senarrari galdetuko diola —hemen nagoenetik hobeto konpontzen direla esan zidan—. Etxera bueltan akordatu naiz nire izen osoa zein den galdetu zidan asteazkenarekin; Maria Ernestina Jaramillo Restrepo, erantzun nion, eta “Ernestina y el mar” esan zuen, begiak zuritara eramanda. Pasadizoa barrez Marcelari kontatu nionean ez zuen ulertu, ez zuelako abestia ezagutzen. Orain buruz daki.
Hozkailuko zerrendara iritsi naizenean, afaltzeko seitana saltsan egin behar dudala irakurri dut —bikiei haragia dela esaten die—. El Santuarioko mutilak sabaien argazki gehiago bidali dizkit, lehor daudela, lepoa egingo lukeela. Leiho-ateei bigarren kapa emateko esan diot, gorriak beteagoa izan behar duela. Igandean seņorak garbiketa egin zuen, eta senarrari zaharrak geratu zaizkion arropak zabor poltsa batean sartu. Nire semearentzat zirela esan zidan, bidali nahi banizkion. Biharamunean, etxetik ateratzen ikusi nituenean, edukiontzira eraman nuen poltsa.
Bazkaltzerakoan, zoparekin hastekoa nintzen seņoraren whatsappa iritsi denean, ez zaiela egokia iruditzen, nire logelan ez dagoela biontzat tokirik eta emango diotela hostal bat ordaintzeko dirua. Zopa probatu gabe jaitsi naiz maleta egitera. Ezer baino lehen, ohe gainean eseri eta argazkiak handitu ditut mugikorrean, logelaz logela eta sabaiz sabai. Denak begiratu ditudanean mutilari idatzi diot; logela zurian lizun hondarrak aurkitu ditudala, berriro garbitzeko ur eta ozpinez, sabaiak plasteaz berdintzen has daitekeela beste geletan, gero lixatu eta denak lehor daudenean margotuko ditugula. Amirrek nire etxearen argazki hautatuak inprimatzen dizkit eta gauean begiratzeko gordetzen ditut zorro batean, han bertan ezkutatzen ditut beste haren kuleroak ere, ongi tolestuta. Zorroa arropen artean sartzen ari nintzenean deitu du Marcelak, esan diot igandeetako gure tokira joateko, maleta amaitu eta banoala.