Argialdiak
Argialdiak
2023, narrazioa
104 orrialde
978-84-19570-09-3
Azala: Maite Gurrutxaga
Miriam Luki
1973, Urretxu
 
Argialdiak
2023, narrazioa
104 orrialde
978-84-19570-09-3
aurkibidea
 

 

Bi dei

 

 

A.-ri

 

 

Hondartzan jarrita dago. Atzamarretan xeheki hartzen du harea, eta gatza balitz bezala askatzen. Uretan jolasean dabilenari ez begiratzeko eraman ditu begiak zeruertzera. Eta zeruertzari begiratu diolako ikusi du ubarroi bat uretan amiltzen, arrain bat ehizatuko zuen. Luzapen bat eskatu nahiko luke. Ez du ubarroia uretatik ateratzen ikusi. Autoz bakarrik egin duen lehenengo bidaia da, semeak ez zuen ulertu bakarrik etorri nahi izatea. Gauez atera da Donostiatik eta gelditu gabe gidatu du Gasteizeraino. Ez da autobusean joaten zenean bezala Bilbotik pasatu, ez zuen inor jaso behar han. Gutxienez hilean bitan igo da urteotan autobus horretara, eta penintsula beheraino zeharkatu. Aurreneko dei haren osteko dena lanbro artean gorde du. Bi eskuekin heldu dio bolanteari. Autobusak bezala, Gasteiz osteko zerbitzugunean egin du lehenengo geldialdia. Kafetegian ehiztariak eta bestelako bidaiariak daude, gehienak langileak, zerbitzaria ez beste denak gizonezkoak. Ez du eguna argitu.

      Kafesne bat eskatu du eta kikarak hatz puntak erre dizkio. Tabernatik atera da, ehiztariak ozenegi ari ziren hitz egiten. Lehenengo dei hura jaso zuen egunean beren aurreneko urtemuga ospatzeko geratuta zeuden. “Ostiralean kanpoan afalduko dugu eta sagardo botila batekin ospatu, poxpolin”, esan zion bezperan amaren etxera deitu zuenean. Ez zuten ezer ere ospatu. Dei hura iritsi zen lehenago. Jabik aspaldi ez dio poxpolin deitzen eta eskertzen du. Ehiztari bat atera da, kamuflajez jantzita goitik behera; dei batek ezustean harrapatu duela ematen du. Jabik ez du mugikorren mundu hau ezagutzen. Une labur batez begiak itxi ditu egunotako itolarria baretu nahian. Hasi zirenean, amaren etxeko sukaldeko telefonoa hartu, eta korridorera ateratzen zen kablea ahal beste luzatuta. Zoruan jarri eta xuxurlatu egiten zuen amak amaitzeko eskatzen zion arte. “Nahikoa da, Maite, afaltzeko ordua da”. Aspaldi dauka semeak mugikorra eta Jabi, ateratzen denean, estralurtarra izango da.

      Autoa martxan jarri, berogailua piztu eta errepidera atera da. Keinukaria ezkerrera. Burgos pasatuta egingo du bigarren geldialdia. Hori zen autobusaren aukeretako bat, bestela Palentzian geratu ohi zen; astuna egiten zaio gidatzea eta bietan geratuko da. Auto bat nola eramaten den ahaztuko zitzaion Jabiri? Gaztelako lautadan aurrera doa eta eguna argitzen ari da, poliki. Umetatik lagunak izan zituen haiek “merezi du?” galdetzen zioten Jabi ikustera zihoala esaten zienean. Merezi du zer? Joatea? Jabik? Zer galdetzen zioten? Adiskidetasuna eta maitasuna ahitu egiten dira. Bi hilabete barru berrogeita bost urte beteko ditu, eta Jabik berrogeita zazpi segidan, ez dira ordukoak. Lagun berriak egin ditu, gaztelaniaz hitz egiten dute, eta poteatzen dutenean batzokira joaten dira; bera dagoenean ez dira sartzen, badakite marra gorria dela.

      Bolantetik esku bat askatu, bular gainera eraman eta erradioterapiaren itua ukitu du, tatuajea, puntu bat. Bakarrik zegoen medikuaren aurrean tumorea gaiztoa zela esan zionean, ez zion Jabiri hurrengo bisabisera arte kontatu. Ez dira telefonoz esateko moduko gauzak. Jabik burua bere magalean bermatuta egin zuen negar, berak ilea laztandu zion, hain babesgabe zirudien. Umetzen joan da, urteak berari baino gutxiago nabaritzen zaizkio, beharbada izozkailuak eragindako fenomenoa da. “Merezi du?”. “Bai, noski. Nik Jabi maite dut”. Esaldi hori behin eta berriz esaten du, ahots goran eta bere baitarako, eta egia da, maite du, bestela, nola? Burgos eskuinean utzi du, bertan da geralekua, eskuineko keinukariari eragin eta, abiadura jaitsi beharrean, azeleratu egin du nahi gabe. Geratzean semeari deituko dio, ordularia begiratu du, ez, lo egongo da, mezua idatziko dio, Burgos pasatuta, dena ongi. Asko maitte zaittut. Gasteizkoa baino geldialdi luzetxoagoa egingo duela erabaki du. Autobusean ere nekatzen zen. Salamancara arteko errepidea ez zaio gustatzen; gero Zilarraren Bidea dator, izena ere gustatzen zaio. Opor asko egin zituen han, hegoaldean, bisitan erraz joan ahal izateko, baina Europa aldera joan da azken udetan lagun berriekin: fiordoak, hiri inperialak, etruskoen hondarrak eta bizitzako lehenengo bost izarreko hotela.

      Portugaldar asko dago geralekuan, langileak. Te gorria eskatu eta kanpoko banku batean eseri da. Eguzkia agertzen hasi da sortaldean. Bisabisetako ohe haiek ez ziren plastikozkoak, baina begiak itxiz gero, eta azalak hitz egingo balu, izarak ere plastikozkoak zirela esango luke. Hasieran kosta egin zitzaion lasaitzea, norbait zelatatzen zegoela iruditzen zitzaion, ez zuen izara haien ukitua jasaten. Jabirentzat errazagoa zen egoiliarra zelako; gero bera ere ohitu zen. Gaur hondartza aurrean dagoen hotel batean hartuko dute ostatu, hiru izarrekoa, eta han biak baino ez dira egongo.

      Ahizparen mezua iritsi da, eguna itzartzen ari den seinale. Dena ongi? Bai, ongi. Ez du lagun berriena ulertzen, ez daki zertan ari den jende mota horrekin. Jabik jakingo ez balu bezala jokatzen du, eta hala jokatzen du berak ere, ezer jakingo ez balu bezala. Aspaldian ez dio dena kontatzen. Zauriak ez dira duela ia hogeita bost urtekoak. Askoz gehiago dira, ez naiz ordukoa, ni ez naiz izoztuta geratu. Nor izango zara izozkailutik kanpo? Te gorriaren lurruna ahoratu duenean, bere buruari aitortu dio Jabi barruan egonda halako oreka bat aurkitu duela. Semea, etxea, lana, lagun berriak, gero eta plan gehiago semea koskortu den heinean, bidaiak autobusean, deiak... Ahurra ahora eraman du pentsatu duen horri ateratzea galarazteko, irentsi eta saihetsen artean ezkutatzeko. Autoan sartu eta ohartu da teak txizagura emango diola eta ziurrenik Palentzia aurretik geratu beharko duela. Ez du irratirik jarri, ez du beste ahotsik nahi, ez du musikarik nahi, ez dira bi aste azken bidaia egin zuenetik, baina aspaldi izan zela iruditzen zaio. Bigarren deia jaso zuenetik, denbora gizendu eta laburtu egin da aldi berean. Alaia dela esaten diote eta entzuten duenean pentsatzen du hori esaten dionak gainean-daukazunarekin-oraindik-ere-alaia-zara esan nahi diola.

      Gaztelako zeruertz batetik bestera doa errepidean. Eguna argitu du. Sailetan ereiteko daude garagarra eta garia. Ez da enamoratu. Gogorrago eutsi dio bolanteari. Lehenengo eta behin, bera Jabirekin maiteminduta dago, orduan nola arraio maiteminduko zen jadanik maiteminduta badago? Baina, aldi berean, harritu da sekula ez delako enamoratu. Bi pentsamendu horiek ez dute batere zentzurik elkarren ondoan. Laugarren martxa sartu du, polikiago joan nahi du, bat-batean bihurgune asko dago. Gehienetan bere barruko solasaldiak beste norbaitekin egiten ditu. Solaskidea ez da beti berbera. Batzuetan Jabi da, beste batzuetan inorrez bat. Azalpen guztiak eman nahi izaten dizkio. “Jabi atxilotu dute” esateko deitu ziotenean, bere konportak itxi egin ziren bisitetan ateek egiten duten zarata mekaniko berberaz. Gero lanbroa, hor seguru sentitu da. Laurogei kilometro orduko abiaduran doa, kamioiek aurreratu egiten dute.

      Sinesgaitza egiten zaio horrenbeste bihurgune egotea muinoak baino ez dituen lurralde horretan, errepidea zuzenagoa egin zezaketen. Bizkarra ez dauka eserlekuan bermatuta eta besaburuak minberatu egin zaizkio; zirkulazioa areagotu da eta nekez kontzentra daiteke pentsamenduetan. Ez ditu eskuak bolantetik apartatzen. Eskuineko keinukariari eragin dion arren, aurrera egin du, ez dauka txizagurarik. Valladolid pasatuta gera daiteke, zaila egiten zaio inprobisatzea, keinukaria kendu du. Astean bi dei. Hilean bi bisita. Lehenengo, bisabisa eta musuak. Gero, kristala. Kristala beti zikin. Ohea beti beste norbaitena eta plastikozkoa. Bisabisa eta hilekoa bat ez etortzeko kalkuluak. Minbiziak horretan lagundu zuen hilekoa betiko joan zelako. Autobusean semeak bere magalean jartzen zuen burua eta berak laztanak egiten zizkion ilean. Gidatzen ari den bitartean semearen ilearen usaina berreskuratu nahi du, lepoa luzatu eta hatsa hartu du sudurretik; usainik ez. Semeak eta Jabik ile berbera dute, ondulatua, gaztaina kolorekoa, mengela. Orain Jabik ile gutxiago du; izozkailuaren hezetasunarekin lotzen du haren ilearen usaina, baina ezin du gogora ekarri. Batzuetan Jabi eta semea nahasten dituela uste du.

      Putetxe gero eta gehiago dago errepidearen bazter bietan. Zati hau amaitzea nahi du. Barroteak dituzte leihoetan eta sabela hozmindu zaio, goseagatik ere izango da. Azkar geratuko dela erabaki du, nahiz eta geldialdien gaineko bere erabakiekin ez den batere fio. Oraindik ez dago Valladolidetik pentsatu bezain gertu. Gaztela bat eta bakarra, ez ditu probintziak bereizten, Palentzian dagoela esango luke, ez dago seguru. Txokolatea jatera geratuko da Trapan. Keinukaria eskuinera, eta konturatzerako kanpoko zintarrian eserita dago txokolate basoa eskuetan; begiak itxi eta eguzkira begira jarri du kokotsa. Berrogeita zazpi metro koadro. Jabik ez du beren etxea ezagutzen, semearena eta berea. Bere armairua. Semearen armairua. Ez dago beste armairurik. Ez dago zapata gehiagorentzat tokirik. Txokolatea amaitu zaio. Hurrengo geldialdia Salamanca ostean, Zilarraren Bidean. Semeak, bigarren deia jaso zutenean, “kabituko gara hemen?” galdetu zion, eta berak, “bai, noski”, baina latorrizko atera zitzaizkion hitzak. Isildu egin ziren biak. “Maite, atera egingo naiz”. “Bai”. “Maite, pozik zaude?”. “Bai”. “Maite, beldur naiz”. “Bai”.

      Ez dauka bolantea asko biratu beharrik, errepidea zuzen doa orain. Herenegun giltzak barruan utzita irten zen etxetik. Lanetik itzuli zenean semea iritsi arte itxaron zuen pareko tabernan. Mozkortu egin zen. Behin semeak esan zion ez zuela berriro joan nahi. Asteburuetan lagunekin geratu nahi zuela. Tortura hutsa zirela bidaiak. Tortura hitza erabili zuen. Aita hilean behin bisitatuko zuela adostu zuten. Ahaztua zuen. Jabiri semea hilean behin baino ez zela joango azaldu zion, ulertu behar zuen nerabea zela jada, nerabeen gauzak egin behar zituela eta gogorra egiten zitzaiola bidaia, eta ez, jakina ez zuela gutxiago maite. Auto batek argi luzeak eman dizkio, azeleratu eta bosgarren martxa sartu du.

      Batzuetan gauzak ez dira aurrez pentsatu bezala gertatzen. Beste batzuetan, bai. Jabirekin semearen bisiten gaiaz hitz egin zuenean, dena aurrez pentsatu bezala joan zen. “Zuk dakizu”, esan zion Jabik. Erantzun berbera lehenengo mozkorrarekin, lepoko lehenengo zupada arrastoarekin eta aurreneko ikasketa krisiarekin. Ezkerreko mendilerroa errepidetik gertu dago eta eskuinekoa urruti, errepideak gorantz egin du oharkabean, autoak gutxitu eta kamioiak gehitu dira. Zerriz betetako bat dauka aurrean eta, kiratsa zuzenean iristen bazaio ere, ez du leihoa itxi, ez du atzean utzi nahi. Orduan konturatu da gidariak etorkizunik gabeko lekura daramatzala zerriak. Bat-batean keinukariari eragin dio, ezkerrekoari, bolantea biratu, azeleragailua sakatu eta aurreratu egin du kamioia, orain bai, orain atzean utzi nahi du.

      “Bisitan joatea tortura bat da”. Hitzok zaplazteko bat bezala jaso zituen. Zintzoak eta benetakoak semearen ahoan eta esanezinak berean. Autoan ahots goran esan du tortura, bolanteari eutsi dio, berak ez daki benetako tortura zer den. Jabik badaki. Nerabea bakarrik etxean asteburu batez eta, ondoren, lixiba egiterakoan, izaretan ile oso luzeak topatu, beltzaranak. Minbizi garaiko bidaia oporraldia, atsedena, erruduntasuna, joateko gogoa, ez joateko beharra, dena aldi berean. Arinago sentitu da. Tortura hitzari atzerako ispilutik begiratu, eta zazpi hizki horiek bistatik galdu nahiko lituzke, zerrien kamioitik urrundu den bezala. Zuk Jabi maite duzu, entzun du bere barruan —mantra hori— eta, bai, hala da, erantzun du berak. Bisiten helburua Jabirekin egotea izan da. Hori egia da. Jabi ez da estralurtar bat. Jabi da. Astean bitan entzuten duzun ahotsa, hilean bitan ukitzen duzun gorputza. Bisabis familiarretan laztan garbiekin haztatu zaituena. Bisabis intimoetan zure barrura etorri dena. Hori ere Jabi da, esan dio orain agintzen duen ahots horrek. Baina hori barruko Jabi da, kanpokoa nor izango den ez daki, eta hurrengo geralekuan geldituko dela erabaki du bi bideen erditik doala eta berriro goseak dagoela konturatu denean.

      Sevillatik hurbil dagoen geralekua hiri bat bezain handia da. Barruan ez dago desagertutako emakumea ageri zen kartela. Beti begiratzen zion. Desaparecida. Vestía chandal. Desagerpen data, kontakturako telefonoa, andrearen argazkia txandalarekin. Ogitartekoa eskatu du eta zain zegoenean zerbitzari bati entzun dio emakumearen gorpuzkiak aurkitu dituztela; besteak, emakumearen bizilagunak akabatu zuela, eta morroiaren izena esan du. Aski ezaguna dute antza, tipoak Poliziari aitorpena egin diola eta nahi gabe hil zuela. Ez du ogitartekoa amaitu, ur botila hartu eta handik atera da. Autoan irratia piztu du. Orain hondartzan jarrita dago. Harea atzamarretan xeheki hartzen eta gatza balitz bezala askatzen. Ia hogeita bost urtez zain eta orain zeruertzari begiratzen dio itsasoan dagoenari ez begiratzeko. Ubarroi bat uretan amildu da, arrain bat ehizatuko zuen; ez du uretatik ateratzen ikusi. Jabiri gerriraino iristen zaio ura, lepoa emanda dago, besoak zabaldu eta ezereza besarkatzen ari da, jauzi txikiak egiten ditu burua sartu gabe. Maite hondar gainean eserita dago eta ez du jada harea xehatzen, orain belaunak besarkatzen ditu besoekin. Jabi biratu eta besoarekin agurtu du. Agurra itzultzen ari zitzaionean, olatu batek ezustean erauntsi eta aparretan desagertu da. Maitek hankak askatu ditu besoetatik, giharrak tenkatu eta altxatu egin da, eta uretara zihoanean burua atera du Jabik. Garbigailutik irten dela ematen du.