Paseoa
Egun bikoitietan uniforme zuria, bakoitietan beltza, hala ezarri zuen harategia modernizatu zutenean. Joseba denda zaharberritzearen oso aldekoa ez bazen ere, Ines tematu egin zen. Azuleju lauki zuriak erauzi eta beste garai bateko afixak kendu zituen paretetatik: ardi-zatikatzea, zerri-zatikatzea eta behi-zatikatzea adierazteko ilerik eta bururik gabeko animalien gorpuak osorik, buruz behera, eta alboan haien zatiak. Afixa bana ganadu sailkapen bakoitzeko. Burdin kakoak ere desagerrarazi, eta etxean egindako txorizoak zurezko barra batetik dilindan utzi zituen mostradorearen sakonean. Josebak ez zuen amorerik eman: txorizoek bistan egon behar zuten.
Orain, paretak zuriz margotuta daude —azulejurik gabe— eta sabaiko eskaiola beltzez —diseinua egin zionak beltza oso modernoa dela esan zion—. Errail sistema batean esekitako argiek eszena bihurtu dute harategia. Arasa azpia haritzaren egurra imitatzen duten listoiez estalita dago, eta salgaiak jartzeko apalek ere haritza imitatzen dute. Berritutako harategia inauguratu zuten egunean, etxean egindako txorizo muturrak banatu zituzten doan, eta betiko bezero batek egur hura guztia benetako haritzarena ote zen galdetu zion —halako galderak egiten dira herrietan—. Inesen ahotik “bai” lehor bat baino ez zen atera.
Maria Angeles harategian sartu da, beti-betiko bezeroa da bera ere.
— Egun on. Zer moduz gaude gaur? —Inesek badaki zer erantzungo dion.
— Ongi ez, baina, badakizu, jatekorik ezin da falta.
— Hemen zauden bitartean ez zaude gaizki. Zer jarriko dizut?
— Saiheskia. Beti bezala prestatu, Ines —agindu tonuaz esan dio.
Barrutik atera du. Arasan daudenen modukoa den arren, badaki generoa harategiostetik ateratzea gustatzen zaiola Maria Angelesi —esklusiboagoa iruditzen zaio horrela—. Oholean jarri eta aizkora txikia hartu du, krask, krask, bi kolpe. Gustuko du hezurrek, aizkoraz puskatzean, egiten duten zarata. Gero, trapu bat hartu eta oholean geratu den odola garbitu du. Eramangaitza egiten zaio bezeroen kontuak entzutera behartzen duen inon idatzi gabeko mandatua, baita jendaurrean beti prestu eta esaneko agertu beharra ere. Aizto, aizkora, zerra eta ebakitzaileek tentatu egiten dute, krask, krask.
“Azkenaldian ez zara batere adeitsua bezeroekin”, esana dio Josebak. Ea zer gertatzen zaion. Galdera irekiegia da, nahikoa da “ezer ez” erantzutea. Joseba bezeroekin adeitsuegia dela uste du berak, eta gero eta lotsaizun handiagoa sentitzen du —adeitsua dioenean zuria ere esan lezake—. Mutil bakarra da hiru arrebaren artean eta familiaren negozioa heredatuko zuela zalantzarik ez zuen izan. Semeari ere bost axola zaizkio ikasketak, badirudi berenean harategia zerutik erortzen den etorkizuna dela.
Besoa luzatu behar izan du kutxa erregistratzailetik atera den tiketak dioena ikusteko eta titiek enbarazu egin diote; erori egin zaizkio eta sabelarekin bat egingo dute berehala. Harategitik irten aurretik, loreengatik galdetu dio Maria Angelesek —zalea da bera ere—, eta aurten ez duela lorerik espero erantzun dio. Lehen, amaginarrebaren baserrian erraboilak sartzen zituen Inesek udazkenero, eta udaberrian loreontzietan tulipak jartzen zituen harategian, baina baserrira joateari utzi dio. Ez daki nola moldatu den hainbeste urtetan, nondik atera duen hara joateko umorea. Maria Angeles irten denean, sakelakora mezu bat iritsi dela entzun du; harategiostera sartu eta mezua Mariarena dela ikusi du.
Goizean zehar egosten jarritako tripakien usaina odolarenarekin nahasi da. Atera denean ezin izan du usain hori gainetik kendu, soinean itsatsita darama. Harategian erreformak eginda ere, iraun egin du, eta beren etxeari usain bera hartzen dio orain. Sukaldean aritzeko gogoa agortu izanaren arrazoietako bat da ziurrenik, hori eta saltzeko milaka haragi-bola egin izana.
Eguerdian, harategia itxi, etxera joan, eta Josebak atzo iluntzean prestatutako haragi gisatua bazkaldu dute iritsieraren hurrenkeran: Ines, Joseba eta gero semea. Sukaldaritza da Josebaren dohainetako bat; Maria Angelesek altxorra duela errepikatu ohi dio —ez da halakoak esaten dizkion bakarra—. Bazkalostean, Josebak harrikoa egin bitartean, Inesek egonaldi laburra egin du besaulkian; ondoren pilatesera joan, eta etxera bueltan zaparradak hartu du. Astelehena da eta arratsaldean ez du harategian lanik egingo. Garai batean, Mariari deituko zion elkarrekin pasieran joateko, baina orain ez; gainera, ez du atertu oraindik.
Arropa dendan debekatuta daukagu mugikorra gainean eramatea. Euria da eta, jende asko ez badabil ere, arduraduna nire txanda berean dago. Bezeroren batek ez badu entretenitzen, ezingo naiz dendaostera sartu, aldagelako nire armairuraino joan eta mezurik iritsi zaidan begiratu. Zorroan chihuahua belarriluze bat daraman andre bat sartu da, seguruenik frantsesa —zakurrekin dendara datozen guztiak bezala—. Lagundu diezaiokedan galdetu eta ezetz egin dit eskuarekin. Ez diot begirik kendu kuxkuxean ibili den bitartean eta, pertxa bat hartu duenean, biratu eta alkandora hori 44. neurrian nahi duela esan dit frantsesez. Besaburuak altxatu, ez ulertuarena egin eta arduradunari deitu diot; frantsesez nola moldatzen den erakustea gustuko duenez, berdin dio saiatzen ez banaiz ere. Komunera joateko aitzakian mugikorra begiratzera joan naiz. Inesek ez dit erantzun.
Nire mezuak erantzuten baditu, tarte luze baten buruan izaten da. Isiltasuna gizentzen dute mezuaren ondoan pizten diren bi marka urdinek, mezua irakurri duen unea eta erantzun arteko tartea seinalatzen dituzte. Inesek bere kabuz idazten didanean —gero eta gutxiago—, hitzak pentsatzen eta aukeratzen ditut mezua erantzun aurretik, eta ni zalantzaz betetzen naiz bitarte labur horretan. Erantzuten didanean ere berdin, eta mezuaren hizki bakoitza arakatzen dut atzeman ezin dudan zentzuren baten bila. Dagoeneko ez diot argazkirik bidaltzen. Soriako ermita erromanikorik ez, ilea lepoaren gainetik mozten badut ere ez. Lehen bai, beti. Halako batean argazkiak zituzten mezuei erantzuteari utzi zion. Ordutik ez dut Kontxako badiako argazkirik jaso, eta sarritan joaten da asteburuetan bere amaginarrebak hirian daukan pisura.
Asteartea da, azoka eguna. Zelesek deitu du, aldaka hautsi ostean ospitaletik bueltan dela, eta etxera eramatekoen zerrenda aletu dio Josebari. Ordu gorietan joan da, Ines harategian utzita: oilasko paparra, entrekota, oilaskoa, osoa bai, lumagorria, york urdaiazpikoa, fin moztuta, dozena erdi txerri-txuleta. Zorabio horretan dago diz-diz batek bezero bat beste guztien artean bereizi duenean. Neskatila baten sabel lau-lauaren zilborretik zintzilik dago distira.
Txanda iritsi zaienean amarekin batera gerturatu da mostradorera. Lumadun anorakak ez dio sabelaldea estaltzen, barruko topak ere ez, bakero zuriak itsasten zaizkio. Amak bi aldiz galdetu behar izan du ea parmesanorik baduen. “Orduan ipini provolonea”. Doministiku batek ustekabean harrapatu du gazta xerratzeko bizkarra eman dienean; ozena eta garbia izan da, eta makinak ia-ia hatzen mamiak trenkatu dizkio. Bihurtu, eta eskua ahotik erretiratzen ikusi du neskatila. Joseba Zelesen etxetik itzuli denean ez dago jada bezerorik. Inesek burdin kakoak non dauden galdetu dio eta hiruzpalau kako eskuetan atera da harategiostetik. “Deskuiduz norbait zintzilikatu nahiko banu”, esan dio kakoak mostradore azpiko apalean utzita. Josebak txantxatzat hartu du.
Goiz osoan ez dut mugikorra begiratzeko astirik izan. Aurrena Gabonetako kanpainarako iristen hasi den generoa kaxetatik ateratzen aritu naiz eta gero turista uholdeari aurre egin behar izan diot. Ez du atertu eta Malagako jubilatu talde handiko emakumeek dendaz denda dabiltzala esan didate, euriagatik ez balitz hiria ederra dela. Jantzi piloa probatu dituzte, neurri batean aurrena eta gero bestean, ez dute ezer ere erosi. Joan direnean, probageletan geratu direnak jaso aurretik, komunera joan eta mugikorra begiratu dut. Erantzun dit, baietz, geratuko garela, eta lerro artean irakurri diot niregatik egingo duela. Distantzia dekretatu du eta ez naiz batere ongi moldatzen. Albisteak ditudanean, ez diot deitzen, ez diot idazten. Nire lagun berriaz ez diot asko hitz egin, bananduta dagoela ni bezala, seme-alabarik ez duela nik bezala, askoz gehiagorik ez. Ez dute elkar ezagutu. Ezin dut denboran ongi kokatu Inesekin egin nuen azken paseoa, baina zer moduz galdetu nionean, bere “ongi” hura entzun eta konturatu nintzen gezur hura ezaguna nuela.
Ez ditu harategiko giltzak aurkitzen. Bi egun dira euria goian behean ari duela. Atetik sartu denean aipatu dio lehenengo, eta, dendaostetik mantala jantzita atera denean, bere giltzak desagertuta daudela errepikatu dio Josebari. Agertuko direla, bereekin molda daitezkeela eta odolkiekin hasi dela, Josebak; usaindu duela, Inesek. Ez da apartekorik ezer gertatu bazkalostean semeak hanburgesak egiten ikasi nahi duela esan dion arte. Harategiko lanaz interesa agertu duen aurreneko aldia izan behar zuen, baina inoiz hanburgeseria baten jabe izan nahi duela gehitu du. Aitari eskatzeko, hark erakutsiko diola hobekien hanburgesak egiten.
Arratsaldean, inkontinentzia gutxitzeko ariketak egin ditu pilatesen, Kegelenak. Etzan, tolestu belaunak, altxatu ipurdia eta besoak gorputzaren ondoan pixka bat ireki, zoru pelbikoa indartzen ari zarete, dio monitoreak. Giharrak tenkatu bitartean, piercinga zeraman neskatilaren zoru pelbikoa etorri zaio burura, eta hanburgesak egiten ikasteko semearen gogoa.
Lanera joateko begiak margotzen ari naiz, depilatzen nauenak zenbait jarraibide eman zizkidan. Atzera begira jarrita, hau guztia uste baino lehen hasi zela iruditzen zait. Lan berrian hasi naizenetik, denbora gutxiago egiten dut herrian, eta oso gutxitan janzten dut txandala. Batzuetan goizez nago, besteetan arratsaldez eta larunbatetan aldizka egiten dut lan, ez daukat paseatzeko astirik. Ines eta biok elkartu ginen azkenekoan arropa dendako uniformea neraman jantzita; behetik gora begiratu ninduen eta begietara iritsi zenean esan zidan: “Rimmel horrekin zure betileek autopistak dirudite”. Beste ezer ez zuen esan eta nik ez nuen jakin zer erantzun.
Giltzak oraindik ez dira agertu eta Inesi ez dio ezertarako balio Josebaren “agertuko dira” errepikak —gero eta baboagoa dirudi—. Bereak utzi dizkio, gaur harategia itxi behar duelako; ematerakoan finko begiratu dio eta kristoren gorputza lagako balu bezala jarri ditu Inesen eskuetan, gero kooperatibara joan da —han laguntzen du ostegun goizetan—. Joseba giltzak ezkutatzeko kapaza dela pentsatu du Inesek. Atzo ile-apaindegira joan zen, baina ezin du kopetako ile-sorta gobernatu, eguraldi bustiagatik.
Begoņa harategira sartu denean beste bezerorik ez dago. Ezpainestua da, zimurretan betikotu zaio masailezurrari eusteko keinua. Aurrekoan eman zion azpizunari berrehun gramo gizen kendu behar izan zizkiola eta, noski, Inesek ulertuko duen bezala, ez duela gizena azpizunaren prezioan ordainduko. Hiru xerra eskatu dizkio gero, ipurtxuntxurra izan dadila, bestela ez duela eramango. Harategiostetik atera du pieza eta labana zorroztu du xerrak mozteko. Lehenengo eta bigarren ebakiaren artean Begoņaren ahotsa entzun du, “ez hain lodia, Ines”. Xerrak bildu eta paperezko poltsa batean sartu ditu, kontua egin du, “9,64 euro dira, Begoņa”. Sekula ez du txartelaz ordaintzen eta txanpon txiki saldoa banan-banan zenbatzen duen bitartean itxaron behar izaten dio.
Joseba oso goiz iritsi da kooperatibatik eta atean gurutzatu du Begoņa. Haserre zirudiela esan du, eta Inesek ez dela ezer, azpizuna garbi-garbia nahi eta protesta egin duela. Giltzak aurkitu dituela gehitu du segidan Josebak, etxeko aterki-ontzian zeudela, eta Inesi susmagarria egin zaio.
Kafetegian dena zuria da, hotza eta aratza. Ines nahita iritsi da lehenago. Tokia bere egiteko astia nahi du, ongi kokatzeko tartea. Sartzen ikusiko duen lekuan eseri eta telefonoa sakatu du orduari begiratzeko. Hirurak eta hamar dira, baina litekeena da Maria lehenago iristea —puntualegia da—. Kafe hutsa eskatu du, laburra, mesedez. Zerbitzariak mahaira eraman eta bi tragotan edan du. Kikara txikia barran utzi duenean, infusio bat eskatu du, Maria ez da kafezalea. Zerbitzariak teontzia eta kikara eraman dizkio, ez ditu ukitu ere egin. Ezpainzapi bat atera du paperezko zapien kaxatik, lepoa makurtu eta tolesten hasi da. Azazkala indarrez pasatu du tolestura bakoitzaren gainetik marra ongi inprimatuta gera dadin. Moztu, beste aldera tolestu, berriro azazkalarekin sakatu eta tolestu berriz mozteko. Tarteka telefonora eraman du atzamarra ordua begiratzeko.
Mezuak jolas bihurtu ditu Inesek. Txorakeria bat idazten dio —gero eta gutxiagotan— Mariaren erantzunaren abiadura neurtzeko: bat, bi, hiru, lau, asko jota hamar, eta zarata entzuten du sakelakoan. Gero plazera ematen dio bueltan datozen mezuak irakurrita erantzun gabe uzteak. Astelehenean jaso zuen Mariaren mezua eta eskaera ezin izan zuen erantzunik gabe utzi, baina ez zion berehala erantzun. Mariak baietz, ostegunean ongi. Hiru eta erdietan egin zuen Inesek hitzordua, hartara harategian lau eta erdietarako egon behar zuela esanda, egonaldia ordubetera murriztu zezakeen erraz asko. Orduak luze joko zuela konturatu zenean, pentsatu zuen ordu erdira laburtu zezakeela saltzaileren bat —hesteki berriak eskaintzen, adibidez— zetorkiola esanda, ustekabean akordatu izan balitz bezala esan ere, hanka egiteko. Ordu erdi ere gehiegi iruditu zitzaion arren, horrela geratu da kontua gaur goizean azken orduan saltzaile batekin hitzordua egin, eta lauetarako joan beharko duela esateko idatzi dion arte. Kafe hutsak urduri jarri, eta ez du asmatu paperezko txoria ongi doitzen.
Euriak goian behean jarraituko duela dio autoko irrati esatariak. Lanetik lehenago ateratzeko baimena eskatu nuen arren, nahi baino beranduago irten naiz azkenean, eskerrak gaur autoz etorri naizen. Zita laburtzeko idatzi dit, dendatik irten naizenean ikusi dut. Ezin azkarrago gidatu eta ez naiz ordurako iritsiko. Irratia desintonizatu da eguraldi iragarpenaren ostean eta bide osoan ez da bueltatu; botoia ezker-eskuin eraman dut hainbat aldiz, baina arreta guztia errepidean jarri behar izan dut euriagatik. Herrira iritsi, autoa aparkatu eta erretrobisorea biratu dut une batez, rimmela korritu zait. Ia erori egin naiz autotik ateratzerakoan.
Kafetegian sartu naizenean zerbitzaria baino ez dut ikusi, platertxo batzuk lehortzen. Mahai baten gainean, teontzi bat, kikara bat eta orekari ezin eutsita dagoen paperezko txori bat daude.