Turista klasea
Turista klasea
2020, nobela
120 orrialde
978-84-17051-57-0
Azala: Maddi Zumalabe Irastorza
Kattalin Miner
1988, Hernani
 
Turista klasea
2020, nobela
120 orrialde
978-84-17051-57-0
aurkibidea
 

 

XIII

 

 

Epaiketaren mamua presente egon bada ere, bisita ezin hobeto joan da. Laguna lasaitzea lortu duela sentitzen du, eta hori asko da halako egoeretan. Bakoitzak arrazoi desberdinengatik bisitatuko ditu inguruko, senide, lagun edo bikotekideak. Berak ez dio inoiz misio bat jarri laguna bisitatzearen kontu horri. Joan egin da, eta kito. Joan, egon, ezagutu, gozatu eta buelta. Sarri, elkar lagundu dute, nork bere kezkak konpartitu, bihotz hautsien eta bihozkada berrien inguruan aritu, idazlanak elkarbanatu eta ametsei buruz asko jardun. Ia beti lortu dute elkarrizketa espetxean gertatzen ari dela ahanztea, une batez bada ere. Gaur, ordea, hori bera izan dute hizketagai lehenengoz: espetxea eta ondoren datorrena. “Ez nagon epaiketagatik bakarrik izututa”, esan dio, “urte asko ditun herrian egon gabe, ezin dinat nire lekua zein den ere imajinatu”. “Hire lekua hi haiz” edo halako tontakeria bat esan nahi izan dio, baina isildu egin da, zeren berak ere ezin baitu imajinatu zein leku izango duen lagunak bueltan. Azkenean “dena irtengo dun ondo” ditxosozko hori konbentzimenduz ahoskatzea lortu du, eta biei balio izan die tarte batez behintzat, hala izan daitekeela sinisteko. Hiru aste barru, herriko lagunak eta beste, autobusa hartu eta epailearen aurreko antzerkian batuko dira. “Itxura ona dauka”, esan omen zuen abokatuak. Eta biek errepikatu dute: “Itxura ona dauka”.

      Ondoren eskatu dio beste edozeri buruz hitz egiteko eta, ohiko broma bilakatuta bezala, segidan bota dio: “Badakin? Faisaien uhartera joango naun aurki. Lagun batek eramango nain motoran”. Muturra okertu eta bekaina altxatuta galdetu dio: “A, bai? Eta, eman didan turroiarekin, ez al didan batera joateko itxarongo? Irtetean ezingo dinat Frantzia zapaldu, baina urtean 6 hilabetetan Faisaien uhartea behintzat bai!”. Barre egin dute bisitan lehenengo aldiz.

      Umorea aldatuta, ameskerietan jarraitu du: “Gustura ikusiko niken faisai bat, ederrak omen ditun. Hemen hegazti gutxi ikusten ditinagu zerura begira egonda ere”. “Eee…” hasi zaio erantzuten. “Zer? Ez esan ez dagoela faisairik bertan. Ez haiz atrebituko…?”, bota dio begiak zabal-zabalik, barreka. “Bat bera ere ez, lagun”. “Baina, nola?! Akabatu egin ditizten, ala?” antzeztu du atsekabea. “Esango niken ez dela sekula bakar bat ere egon… ‘Pausu’ren eratorri bat omen dun, frantses eta espainolen artean Paussans, Faussans, eta azkenik Faisaneseraino ekarria” erantzun dio barrea ezin eutsirik. “Hori ere kendu digute? Ez zagon deretxorik!” bota du behatz erakuslea altxatuta, eta barrez lehertu dira.

      Funtzionarioak segituan eman du bisitaren amaieraren abisua kristala zakar kolpatuz, eta besarkatu egin dira luze. “Dena ondo aterako dun”, esan dio, “dena ondo aterako dun” errepikatu du.

      Mende bat pasatxo duen Fresneseko harrizko egitura gurutzatu duenean, indar betez desiratu du inoiz gehiago hara itzuli behar ez izatea, eta barreak ihes egin dio, azken lau urteetako bere pentsamendu errepikari hori gogora ekarri baitio egoerak: “Hau bukatzen denean, ez naiz inoiz gehiago Frantziara itzuliko”. Orain Frantzia ez zaio hain arrotza egiten eta, neurri batean, kartzela bera ere ez. Nolabait, bertan bizitakoek etxekotu egin dute, eta ez daki zein puntutaraino den ona edo txarra hori bera.

      Bisitaren ostean, ohikoa duen moduan, ordura arteko tentsioa oinetara jaitsi zaio eta automatismo puntu batekin ekin dio itzulerako bideari. Emandako pausoak desegiten ari dela iruditzen zaio halakoetan eta atzerako ibilbideaz inoiz gutxi oroitzen da.

      Autobusera sartu denean, mugikorra piztu du. Agustinak azken mezu bat igorri dio: “Paris zure etxetik urrun izan arren, etorri egin zara urteetan. Txile apur bat urrutiago besterik ez dago”. Arraroa egiten zaio Agustinarik gabeko Paris bat irudikatzea.

      Batzuetan, garai historiko-politikoen bukaerak iristen diren bezala, garai historiko-pertsonalen amaierak ere heltzen direla pentsatu du, edo, akaso, norbanakoek garai historikoen amaierak gogoratzeko, norbere istorioen nolakotasunak gordetzen dituztela gorputzean. Batek daki.

      Metroan geratzen zitzaion azken tiketa erabili du, eta hori ere dena ondo joango denaren seinale bat dela iruditu zaio, beste bukaera bat.

      Montparnassera heldu denerako nekatuta nabari du gorputza. Banku batean eseri da eta bere trena noiz aterako zain geratu. Ilaran dagoela, bertako langile baten oihuak entzun ditu errenkada bitan banatzeko eskatzen, “première classe”koak eta gainontzekoak. Bere bidea hartu du.

      Trenean sartu denerako, nekea jasangaitza egin zaio, hainbeste, abioian balego bezala loak atakea egin diola, eta, lehenengo aldiz, seko egingo du itzulerako bidaia. Esnatu denean, etxe txuri batzuk antzeman ditu iluntasunaren artean, eta horrek Hendaiatik oso gertu dagoela adierazi dio. Autoa utzitako lekuan topatu du, multarik gabe.

      Berandu bada ere, kuluxkak energia apur bat itzuli balio bezala, bidea pixka bat luzatzea erabaki du bolante kolpe batez, eta Pausuko zubirantz jo du. Ikusi egin nahi du.

      Ur artean dagoen lur zati higatuari azken begiratua ematen ari dela, identifikatzea zaila egin zaion hegazti bat antzeman du zerua gurutzatzen. “Hau behintzat ikusi ahalko dun” pentsatu eta autoa martxan jarri du atzera ere.

      Etxera heldu denerako gauerdia pasa da. 1.600 kilometro egin ditu hogei ordutan eta, horrek berak, espazio-denboran egindako mugimendu bortitz horrek, jet lag emozional bat uzten dio beti. Baldar antzera dabil pasilloan zehar, hankak apur bat arrastaka. Giltzak mahai gainera bota eta tuperrak harraskan utzi ditu, bihar garbituko ditu lanetik bueltan. Kosta egingo zaio jaikitzea, hori ere badaki. Dutxatu beharko luke baina, nekearen nekez, pixa egiten duen artean hortzak hala moduz garbitzearekin konformatu da.

      Dena ondo atera da, eta ez daki zergatik, dena gaizki atera zitekeen sentsazioa erantzi nahi du lokartu aurretik. Txamarra potoloa besaulkian utzi du eta, ohatzean eserita, galtza zabalak kentzen hasi da. NANa lurrera erori zaiola ikusi du, baina orain ez dio axola, bihar edo jasoko du. Kamiseta estua lotarako erosoa dela pentsatu du eta bidaiako arropekin erdi jantzita izara artera arrastatu da.