XI
Baliteke hau azken bisita izatea, eta bere buruari horretan esperantza jartzea debekatzen badio ere, denek diote epaiketa ondo joango dela, Frantziak beste jarrera bat duela garai berriotan. Lagunak ere hala esan zion azkenekoan: “Beste jarrera bat, eta beste marroi bat. Herenegun arte, epaile antiterroristek gu bezalako lau zitiztenan jo-puntuan, eta hor esplaiatzen zitunan. Orain beste marroi bat zaukaten, beraien marroi propioa. Arabiar jatorriko izenez bete zaizkien bulegoetako txostenak. Gu ez gaitun problema, eta gu ez gaitun errentagarri jada. Onerako eta txarrerako”. Sinistu egin nahi zion.
Porte d’Orleanseko markesinan zain jarri da eta berehala iritsi da kartzelara eramango duen 187 autobusa. Nahiago du 187a lehen Fleuryra joateko hartu behar zuen 109a baino. Honetan, sikiera, kartzelara ez doazen hiritarrekin konpartitzen du bidaia, espetxekoaz gain, beste hamarnaka geldialdi ere egiten baititu. 109a, ordea, deprimentea zen. Autobus haren ibilbide bakarra Paris – Fleury-Mérogis Maison d’Arrêt des Femmes zen, eta nabaritu egiten zen bertako isiltasunagatik eta bisitatuarentzako arropa eta abarrez beteriko Carrefourreko poltsa berrerabilgarriengatik.
Laguna kartzelaz aldatu zutenean, izenez ezaguna egiten bazitzaion ere, ezer gutxi zekien Fresnesi buruz. Gerora jakingo zuen espetxeaz zerbait gehiago, batez ere, Agustinak behin igorri zion artikulu bat zela eta. Bertan irakurriko zuen lehenengo aldiz zer suposatu duen Fresnesek Frantziako ez ezik, Europako espetxe eta bestelako egitura zigortzaileentzat. Hala jartzen zuen: “1889an inauguratua, egungo kartzela modernoen aita da. François Henri Poussin arkitektoak garaian nagusi zen zelatatze eta behatze egitura radiala hautsi, eta ‘arrain arantza’ edo ‘orrazi’ sistema egituratu zuen, ondorengo espetxe, ospitale psikiatriko eta diziplina esparruek eredu izango zutena”. Atzetik egungo egoerari erreferentzia egiten zion paragrafoa irakurri zuen: “Fresnes kartzela gogorra da, arau eta diziplina zorrotzek, zein bertan egiten diren esperimentu mediko nahiz sozialek eman baitiote duen fama. Baina, batez ere, bereziki gogorra egiten du kartzeletako funtzionarioen hastapen gunea izateak. Hor ikasten dute ofizioa, eta buru-belarri saiatzen dira ordena mantentzen”.
Lagunari entzundakoen arabera, ezagun egin zitzaion bertan irakurritakoa. Bazuen biluzte, arakatze eta zigorren berri, baita horien osteko planto eta protestena ere. Behin lagunak hala kontatu zion: “Araua arauaren atzetik zaukaten hemen eta, batzuetan, zaila izaten dun zentzua hartzea ere. Esaterako, ezin dinagu kamisetarik kendu patioan eguzkia hartzeko, janzteko eta tapatzeko agintzen ziguten behin eta berriz, eta, aldiz, musulmanek ezin diten burua estali erlijioak hala eskatuz gero, eta zapiak kentzeko eta kentzeko esaten ibiltzen ditun. Protesta egitekotan gauden haiekin batera, burua estalita eta titi bistan, zoratuko ditun zer jarri eta zer kendu erabakitzen!”.
Agustinari asko gustatu zitzaion protesta hura irudikatzea. Beti eskatzen zion Fresneseko kontuak kontatzeko, baina harekin asko gogoratzen bada ere, ezin du ekidin gaizki sentitzea. Denbora gehiegi pasatu da azkenekoz hitz egin zutenetik. Lotsa moduko batek jaten du, esaterako, baten bati mezu bat idaztea pentsatzen duen bakoitzean.
Bere buruari beti esango dio harremana Parisera eguneko joan-etorriak egiten hasi zenean hoztu zela. Arrazoi du akaso, baina zerbait gehiago ere gertatu zen. Egun batean, bostek elkarbanatzen zuten WhatsApp taldean, Agustinak arrazakeriaren aurkako artikulu bat bidali zuen. Ohikoa zen elkarren artean testuak partekatzea, baina estekaren izenburuan “Zuri aliatu fake-a” irakurri zuenean aldatu egin zitzaion gorputza eta erabat deseroso sentitu zen. Azkura sortu zion, bai, baina batez ere lekuz kanpo sentiarazi zuen. Artikulua irakurriz, bere burua ikusi zuen haien bizitzetan klase eta arraza turismoa egiten. Mundu exotiko haietan egun batzuez murgiltzen, eta gero bere etxera anekdota eta istorio mamitsuekin bueltatzen, eta jasangaitza egin zitzaion. Intseguritatea luzatzen joan eta imajinatu egin zituen berari buruz barrez, bere pribilegioen zerrendak egiten, egun batetik bestera etsai bilakatzen. Eta haiek sekula halakorik aurpegiratu ez bazioten ere, berak ezin izan zion bueltarik eman.
Sare sozialei esker hala ere, bazekien gutxi gorabehera nolako bizitza zeramaten lagun txiletarrek. Jakin zuen, esaterako, Mateo Txilera itzulia zela. Ikusi zuen Marce egun Marcela izendatzen zela (bere Instagrameko ezizenaren arabera behintzat) eta Berlinen bizi zela. Agustin Toulousera joan zen iaz eta gustura zebilela zirudien kamisetak serigrafiatzen. Eta, hala, berak zekiela, Agustina zen Parisen geratzen zitzaion lagun bakarra.
Autobuseko paneltxoan “Prochain arrêt: FRESNES” irakurri bezain pronto zutitu da eta, atearen aurrean zain dagoela, Agustinari idatziko diola erabaki du irmo. Geltokian jaitsi, errepidea gurutzatu eta argazki bat atera dio kartzelako sarrerari. Atzetik, “Agustina” bilatu du WhatsApp elkarrizketen artean, argazkia txertatu eta bidali egin dio. Mezu labur bat gehitu dio buelta gehiegirik eman gabe: “Baliteke azkena izatea. Zer moduz zu?”.
Leihatilako funtzionarioak itxaroteko esan dio NANa eskatu ondoren. Hamar bat minutu tardatuko dute atea zabaldu aurretik eta, denbora egiteko, zigarro bat erretzera atera da. Horretan ari dela, mugikorrak dar-dar egin dio. Mezua ireki eta argazki bat ikusi du: maleta batzuk ageri dira, eta atzean, hegaldi bat iragartzen duen pantailan, “Santiago de Chile” irakur daiteke. Hitz batzuk idatzi dizkio argazkiaren azpian: “Zer diren gauzak, lagun. Zure azken bisita kartzelara, eta nire azken orduak kartzela bilakatu zaidan Parisen. Ongi izan, ahizpa”. Mezua irakurri bezala, atea zabaldu da eta funtzionarioaren presentziak denak korrika takillan gauzak uztera eraman ditu.