Turista klasea
Turista klasea
2020, nobela
120 orrialde
978-84-17051-57-0
Azala: Maddi Zumalabe Irastorza
Kattalin Miner
1988, Hernani
 
Turista klasea
2020, nobela
120 orrialde
978-84-17051-57-0
aurkibidea
 

 

 

 

Ekhiri, bidaia eta bide berriak zabaltzeagatik.

Bide horietan ibili zareten guztioi.

 

 

 

 

I

 

 

Iratzargailuak jo aurretik begi-zabalik darama ordu erdi inguru. Halako egunetan, inoiz gutxitan lortzen du sakon lo egitea. Azkenean, mugikorraren kantua 04:45ean hasi da eta salto batez jaiki da ohetik. Ez dio garrantzi handirik eman giharretan nabari duen nekeari, “halako gauetan inork gutxik deskantsatzen du ondo” batekin arindu du betazaletako pisua. Egun luzea du aurretik eta, oraindik gaua dela adierazten dion iluntasunari leihotik begira, sinesgaitza egiten zaio eguna bukatzen denerako, 1.600 kilometro egin ostean, berriro izara artean egongo dela pentsatzea.

      Eraman beharrekoak errepasatzeari ekin dio kafea egiten ari den bitartean: motxila, liburuak, musika, NANa, eta arropak daramatzan poltsa. Dena duela frogatzen du, bezperan sei aldiz egin badu ere.

      Sukaldera berriro inguratu denerako kafea prest du. Frigorifikoaren txanda da orain. Tuper batean entsalada, bestean pikatzeko zerbait; eta azken momentuan atun tortilla egingo du, biderako. Lagunarentzat urdaiazpiko pixka bat eta txokolate apur bat hartuko ditu, baina beste poltsatxo batean.

      Gelara itzuli eta armairuari begira geratu da. Bidaia luzerako zerbait erosoa jantzi nahi luke, baina aldi berean ondo geratuko zaiona, hala ikustea nahi baitu, “ondo”. Normalean ez da hain presumitua, baina egoera hauetan esplizitatu egiten da bestearentzat “guapa” jarri zarela, nahita jarri ere, eta inportantea dela, batarentzat zein bestearentzat. Eguraldia begiratu du mugikorrean, Parisen ere fresko egingo du, urteko garaiak eskatzen duen bezala. Nahiago du uda partean joan, argia ederragoa da, eta arropa gutxirekin bidaiatzea erosoagoa. Gaur, ordea, bakero zabalak eta kamiseta estua. Gainetik koadrodun alkandora, ohitura den bezala. Orain arte horrela egin baitute, alkandora bertan utzi, barruan luzi dezan, eta hurrengo bisitan bueltan hartu. Ez daki noiz hasi zuten jolasa, baina urte pare bat daramate jada alkandora trukean eta, gorputz erabat desberdina izanagatik ere, izugarri ondo ematen die biei ala biei.

      Gainetik txamarra lodia hartu du. Agian ez du hainbesteko hotzik egingo, baina trenean almohada gisa balioko dio, eta eskertu egiten du, batez ere itzuleran. Joatean, oso goiz izanda ere, ez du inola lorik egitea lortzen.

      Duda egin du etxeko atean, hiru segundoz errepasatu du dena: motxila, paketea eta NANa (berriro). Harrigarria egiten zaio egoera honek bere buruarengan sortzen dion segurtasun falta. Baita lau urteren ostean ere. Baita hau ziurrenik azken bidaia badu ere. “Azken bidaia” pentsatu duen unean, burua astinduz ideia uxatzen saiatu da. Ez du gafatu nahi. Ezin da inoiz konfiatu, hobe txarrena espero izatea; gainontzekoa, ospatzeko motibo. Edo halako zerbait.

      Danba jo du atea eta, soilik oporretara doanean egiten duen moduan, giltzaz itxi du atzetik. Gaur gauean hemen egongo bada ere, egingo duen distantziak kanpoan pasatuko duen denbora luzatuko balu bezala. Txamarra potoloa eta daraman karga dela eta, izerditan iritsi da autora. Kaleak hutsik daude, 05:20. Urteko garai honetan, lanera doanean ere, artean ilun izaten da, baina oraingoa ez da neguko iluna, goizaldeko orduen iluna da. Triste jartzen du horrek, ezinegon bat sortzen dio, beldur arraro bat, bertatik ziztu bizian alde egin nahi balu bezala, korrika ihes egiteak eguna lehenago argitzea ekarriko balu bezala.

      Bidea mila alditan egin badu ere, Google Maps jarri du Hendaiara iristeko. Ezin du ezertan despistatu. Erlojua zehatza da, eta ez barkabera. Are gutxiago halako bidaietan, ondo ikasi du urte hauetan denetan edozein akats garesti ordaintzen dela.

      Irunera sartu denean, eta denboraz ondo doanez, Ficoba ondoko gasolindegiko aparkaleku modukoan autoa uzteko tentaldia eduki du. Lehen hala egiten zuen, eta ondoren zubia oinez igaro gareraino. Baina bide hori, metro gutxikoa izanda ere, izugarri luzea egiten zitzaion. Mugak oinez eta trasteak gainean igarotzeak halako estualdi bat eragiten zion. Edozein muga igarotzeak egun eragiten dion estualdi hori. Ez du inoiz ondo jakin zergatik. Gerora ikasiko zuen ibaia autoz gurutzatzen, ikasiko zuen garearen alboan dagoen etxe-arte batean aparkatzen, eta muga gurutzatzearen hori azkar batean, gehiegi pentsatu gabe egiten.

      Gaurkoan ere, Bidasoa ibaia zubitik gurutzatu ostean, absurdoa den lasaitu bat sentitu du. Sentimendu benetan inozoa muga hori pasatzeko inongo arazorik ez duen hiritarra izaki, baina arnasari eusten dio beti, noranzkoa dena delakoa izanda ere, France edo España ikusten duen arte. Mugek halako zirrara bat sortzen diote: une berean inon ez egon, bi aldeetan egon, edota alde bakarrean egon ahal izatearen zirrara. Horregatik akaso, ikusi ez arren, irudikatu egiten du eskuinetara geratzen zaion Faisaien uhartea, urte hauetan, muga gurutzatu behar duen bakoitzean, ezin baitu burutik kendu leku horren berezi eta absurdoa. “Munduko kondominio txikiena” irakurriko zuen behin; Frantziak eta Espainiak, eskuz esku eta inongo arazorik gabe, sei hilabetean behin trukatzen duten lur zatia.

      Zortea izan du, etxe txuri-gorrien artean utzi du autoa. Hiru aldiz frogatu du ea ondo aparkatu duen, eta erabat seguru egon gabe jo du trenerantz. “Orain berdin dio, inportanteena heltzea da” mantra errepikatu dio bere buruari. Itzuleran multa badago, ordainduko du. Kotxea eraman badute, konponduko du. Bidaia hauek aspalditik erlatibizatzen dituzte lehentasunak.

      Tren bakarra abiatzen da 06:38an, berea, eta hortxe dago panelean. Orain 06:04ak dira. Goizegi da eguneko lehen zigarroa erretzeko, bueno, goizegi da ezertarako, baina hau ez da egun bat, hau bata bestearen atzetik datozen ordu eta minutuen kontaketa milimetriko bat da, denak koadratu arte lasaiturik hartzen ez den horietakoa. Beraz, atearen alboan dagoen mahaitxo batean eseri da poltsan arakatuz.

      Dena garaiz doa, eta hala ere, ez daki zergatik, badu dena gaizki atera daitekeen sentsazio ezagun bat. Dena garaiz doa eta, hala ere, ezin NANa hor duela konprobatzeari utzi. Dena garaiz doala dirudi, guztia berandu datorrela sentitzen badu ere.