Dendaostekoak
Dendaostekoak
2020, kronika
216 orrialde
978-84-17051-49-5
Azala: Xabier Gantzarain
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2024, narrazioa
2019, saiakera
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

 

Aurkezpeneko testua

 

Uxue Alberdi

2020-09-15

 

      Denda bat Elgoibarko San Frantzisko kalean. Sarreran korridore labur bat eta bi erakusleiho alde banatara: batean maindire eta eskuoihal brodatuak, bestean liburu politikoak eta diskoak. 1978a da eta etxe zokoan enkarguz josten eta brodatzen aritzen diren bi ahizpak denda bat irekitzea erabaki dute tailerrez, tabernaz eta saltokiz beteriko kalean, krisi betean, ibaiaren hegian. Hogei eta hogeita bat urte dituzte eta askatasuna praktikatzen hasi nahi dute.

      Errentan hartu dute lokal bat, jiratu dituzte oihalak eta hariak; ekarri dituzte liburuak hondoa jotako liburu denda gorri batetik, kokatu dituzte dendaostean mozketa eta lixaketa mahaiak eta, leihatearen aurrean, ibaiari begira, makinak: Alfa bat eta Sigma bat, sekula matxuratu ez direnak. Dendaosteraino sartzen dira manifestazioak, beharginen barreak, lagun anarkoak, troskoak eta feministak. Ez dute zorrak ordaintzeko dirurik.

      Bi ahotsek osatzen dute, nagusiki, liburu hau. Ahots bat Izaskunena da, eta bere josteko makinak trrrrrrrrrrr egiten du, elektrikoa baita; bigarren ahotsa Mari Joserena da eta brodatzeko makinak klik-klak-klik-klak egiten dio, pedalarekin funtzionatzen du. Bataren orratza apurtzeko zorian dagoenean edo haria trabatzen zaionean “hor trabatu zaizu zerbait” esaten dio ahizpak. Ondo baino hobeto ezagutzen dute elkarren makinen hotsa, elkarren ahotsen matizak bezainbat. Ez dira alferrik bizitza osoan elkarri eutsi dioten bi ahizpa. Ez dituzte alferrik konpartitu ohea, denda eta dendaostea. Bi ahizparen arteko maitasun eta konplizitate istorio bat ere bada liburu hau.

      Horretaz gain, jendez betetako liburu bat da Dendaostekoak. Atea beti dago irekita eta sartu-irtenean dabiltza dendariak, lagunak, bezeroak, komertzialak, garraiolariak, auzoak, senideak: senarrak, seme-alabak, aita pintorea eta etxea museo bilakatu duen ama.

      Gauzaz betetako liburu bat da: liburuak, diskoak, sedal, torzal, panama eta crochet hariak, pankartak eta paskinak, kinkaila eta zilarra, albaintzeko hariak eta kakorratz lanetarakoak, haurdunaldi frogak, feltrozko, satinezko eta ilezko oihalak, zapata kaxak, distiradun oihalak, kotoizkoak, mateak, tulak, falta den heriotza ziurtagiri bat, crepezko, popelinazko eta belusezko oihalak, maletategian ahaztutako cabrales gazta bat, txapelak, lumak, banderak, oilo-hanka, kaxmir eta tweed estanpatuak, oinordetzan jasotako margolanak eta zeramikak, ogitarako poltsak, oihal loratuak, marradunak, tantodunak, kantinplorak, tela doratuak eta parpailak, gorrotoa sortzen duten panpinak, zakuzko eta gamuzazko oihalak.

      Kale bati buruzko liburu bat da.

      Merkataritza txikiari buruzko liburu bat da, familia negozioen logikatik logika herritarrera bidea marrazten duena, herriko logika haustear den aroan.

      Gintzei buruzko liburu bat da. Eskaparategintzari buruzkoa: zer eta nola erakutsi eta zer eta nola gorde izan den kontatzen duena. Joskintzari eta brodatugintzari buruzkoa; eskotez, papar-hegalez, zirrituz, eskumuturrez, kanezuz, sisaz betea. Puntadaz puntada josia, orain puntu aurreratuarekin, erremate puntuarekin gero, kate puntua baduena puntu artistikoa adina, euli puntua bezain xehea eta jolastia, galburu puntua bezain xumea, ezkutuko puntua agerian uzten duena… Esplikatuko zaigu ikurrina bat pausoz pauso nola albaindu eta josi, eskailera bat igotzeko edo ordulariari giltza emateko instrukzioak bezain zehatz. “Liburuak ere josi egiten dira” argitzen du Izaskunek, eta josteaz gain liburuak egiten dira erosi, saldu, gomendatu, usaindu, erregistratu, markatu, antolatu, lapurtu, mugitu, mailegatu, paketatu, itzuli… eta irakurri, irakurri ere egiten dira, batzuetan, liburuak.

      Neuk ere hala josi ditut narrazio honen txatalak, zatarretarako utzitako piltzarrak albainduz; ikasketarik gabeko (esango lukete) bi emakume euskaldunberriren diskurtsoa, hinki-hanka baina bizi-bizirik jalgi dena harilkatuz. Historiaren dendaostean, hizkuntzaren dendaostean, familia baten, jende baten, garai baten dendaostean aztarrika. Gauzak nondik kontatu, zein berbarekin kontatu, ahotsa nori eman: zeri deitu zikina eta zeri garbia, zeri deitu literatura. Hori ere bada auzia. Hemen ez dago minimalismorik, ez erudiziorik, ez dotoreziarik. Hitz txikiekin idatzitako liburu bat da.

      2019ko urritik 2020ko martxora asteazkenero bildu ginen Elgoibarko Pitxintxu dendako dendaostean eta bizpahiru orduz aritu ginen ni galdezka eta Izaskun eta Mari Jose Estibaritz erantzuten, dendako martxari kasu ematen zioten bitartean, eta pertsonen arteko igurtziari buruzko liburu bat atera da, bizitzeko arteari buruzkoa. Gauzak perfektu egiteak baino, egin egiteak duen inportantziari buruzkoa. Elkarrizketa luze bat bezala irakur daiteke: izan, ordu askotako elkarrizketa askoren eta haien lanketaren eta muntaketaren emaitza da (informazioaren bila bezala egin dut lan tonu diferenteen bila, paisaia, argiztatze, pertsonaia, testura eta erritmo diferenteen bila).

      Inoiz idatzi dudan libururik umoretsuena atera dela esango nuke, eta meritua ez dela nirea. Karnabal bat da, disparate eder bat, festa bat. Ez dago espaziorik malenkoniarentzat, mugimenduari eutsi behar zaio, jendeari kasu egin, kutxetatik atera behar dira salgaiak, baita memoria, zauriak eta asmoak ere. Prezioa jarri behar zaio denari, almazena hustu, eskaparatea aldatu, ingurukoak zaindu, denbora librea aprobetxatu, soberakinak paketatu eta itzuli, ahal bada, eta, bestela, mehe saldu, lasta arindu, akorduak berritu, bizitzen jarraitu.

      Dendatik eta dendara luzatzen diren hariek herri baten paisaia estetikoari eta paisaia humanoari begiratzen diote. Ibaiari, etxaurrei, inguruko negozioei, eskaparateei, fabrikei, lehortzera jarritako arropari, emakumeen bizimoduari, diruari, hizkuntzari, zaborrari, sexuari, politikari, ardoari, mendiari, eta minari bezala pozari.

      2020an gaude eta aldatu da kalea, aldatu da ibaia, aldatu dira ahizpak. Hirurogeita lau eta hirurogeita bi urte dituzte orain. Dendak Elgoibarko San Frantzisko kalean jarraitzen du. Alde batera kalea; bestera, ibaia. Lau hamarkada doaz turrustan ibaian eta kalean behera. Hau ez da dike bat, hau da oinak ur arreetan sartzea eta ibai kutsatuko ahateekin eta plastiko zatiekin jostatzea. Kronika literario bat idaztea izan da nire asmoa. Taupada bat harrapatzea. Mundutxo bat jostea. Kronikagarria ez dirudien hori kronikatzea.

      “Zer da liburu hau?”, galdetu izan diet editoreari, zuzentzaileari, zirriborroa irakurri duten adiskideei. Eta akaso Xabier Gantzarainek eman dio erantzunik azertatuena azalean. Ornitorrinko bat da. Hibrido sailkaezin bat. Desagertzeko arriskuan dagoen espezie batentzako paperezko etxe bat bere irudira egina. Ornitorrinkoak ez du nostalgiaren putzuan erortzeko astirik: bi ahizpek agindu bakarra eman izan diete dendan izan dituzten langile guztiei: “hemen, geldirik ez”.