Dendaostekoak
Dendaostekoak
2020, kronika
216 orrialde
978-84-17051-49-5
Azala: Xabier Gantzarain
Uxue Alberdi
1984, Elgoibar
 
2024, narrazioa
2019, saiakera
2017, nobela
2013, narrazioak
 

 

 

 

Zure egunik onenez ezer ez dakidala ohartu naiz

kolpez, Ni gabekoak direla Zure egunik beteenak

eta zuekin batera han egoteaz hasi naiz fantaseatzen

Iñigo Astiz, Baita hondakinak ere

 

 

 

 

Honi erliebezkoa esaten zaio, beste honi bainika, hauek ojeteroak dira, beste hauek bodokeak, azpikoak filigranak eta gainjarriak, barruko hau harexka. Honakoak filtire brodatuak dira, besteok kate-itxurakoak, segidakoak beauvis puntuzko brodatua, brodatu zuloduna, brodatu zuria eta fantasiazkoa…

 

 

Burgosko epaiketaren biharamunean josten ari nintzen leihoaren aurrean, ibaiari begira. Handik ikusi nituen guardia zibilak hamarnaka sartzen. Hamasei urte neuzkan.

      Beste manifestazio batekin akordatzen naiz ni: guardia zibilek San Frantzisko kalea itxi zuten alde bietatik. Jendetza sakabanatu egin zen, Arraterekin nengoen, haren ama Trini oihuka hasi zitzaigun balkoitik. Ezker-eskuin desagertu zen jendea, atarietara, zabalik egoten ziren. Ezkerretara jo genuen guk, zortea izan genuen, beste alderantz egin zutenei jazarri zitzaizkien poliziak; etxeetara sartu eta, ihesi, balkoietatik eta leihoetatik atzeko kalera salto egiten zuten. Isil-isilik egon ginen atari batean hamabost lagun.

      Ikurrina legeztatu zuten urtean izan zen.

      Denda ireki baino bat lehenago.

      Gure lagun Rosa Dina oso konprometitua zen. Kartzelan sartu zuten. Haren senarra ere bai. Jende asko egon zen kartzelan. Ordurako barru-barruan zebiltzan Ribero, Otegi..., bilerak egiten zituzten baserrietan. Ribero, gurasoek gelditu zuten. Zu aitak gelditu zintuen. Arnaldok ospa egin zuen beste aldera.

      Aitor atxilotu zuten: epelak eman zizkioten. Ez du hartaz txintik esaten.

      Jose Inazio ere eraman zuten, lagun minak ziren, elkarrekin bizi ziren Bilbon estudiante. Haien pisukide bati pistola atzeman zioten paskinen artean.

      Gogoan dut greba orokor bat: herria pertsiana guztiak jaitsita. Txiki eta Otaegirengatik ote zen? Bi protesta jendetsu dauzkat akorduan denda ireki aurreko urteetan: Xabier Etxeberria eraman zutenekoa, bata; goian sartu zuten, kuartelean, jendea kalera atera zen. Bestea, kale honetan bertan enboskada egin zigutenekoa; canalestarren bebarruan sartu nintzen eta ukalondoa ebaki nuen kristalezko atearekin. Lehenengo pisuan zaindu zidaten zauria, telefonoa eskatu nien gurasoei deitzeko, etxetik ehun metrora nengoen.

      Elizan eman genuen gau bat eztabaidan. Zer izango nituen, hamazazpi?, hemezortzi? EIAkoak, LAIAkoak... Han ziren troskoak ere: Mallabi, Arrizabalaga, Alkorta, Pello... Espainolistak esaten zieten. Kartsuak ziren. Gorriak. Mugituak. Orain pentsiodun borrokalariak dira batzuk, hilik daude besteak.

      Gu emakumeen elkartean genbiltzan. Nola izena zuen?

      Amas de casa.

      Tela.

      Abortatzeko eskubidearen alde borrokatzeko garaiak ziren, badaukagu argazki bat Donostiako manifestazioan. Herrian ere kalera atera ginen, paskinak egin genituen. Gogoan daukat emakume batzuen mespretxua gu saltsa hartan ikusita. Senarraren besotik helduta zihoan andre gazte bati galdetu nion abortuaren legeaz. “A mí no me hables de eso”, erantzun zidan.

      Joan Paulo II.a aita santuaren kontrako pankartak egin genituen. Elgoibartik igaro zen Loiolara bidean. Askok oihal horiak zintzilikatu zituzten balkoietan. Gu kontra egitera atera ginen Maalara.

      Hori geroago izan zen, 82an, ezkondu nintzen urtean.

      Jaietan emakumeentzako festa aldarrikatzeko protestak egin genituen. Ibaiertzeko etxe bateko fatxada margotu genuen alderik alde: barrote batzuen atzean neska bat lanbasarekin.

      Pintorearen alabak ginen!

      Ederrak eman zizkizun pintoreak. “¿A dónde vas?”, galdetzen zizun, eta zuk: “Adonde tú no vas”.

      Behin kalera etorri zitzaidan bila, hark kendu zizkidan hotzak. Beldurtuta zegoen... Politikan barruraino sartuta nengoela uste zuen; zu lasaiagoa zinen.

      “¿Con quién has estado?”, gozoa jarri zen.

      Plantirekin-eta nengoen... “¡Os van a meter en la cárcel!”, esan zidan. Baina horrek ez du dendarekin zerikusi zuzenik.

      Nondik begiratzen den.

      Denda zabaldu aurretik gurasoen etxean lan egiten genuen, ibai aldera ematen zuen gela txiki batean. Han geneuzkan bi makinak: jostekoa eta brodatzekoa. Gure amak pentsatzen zuen emakume batek ondo josten eta brodatzen jakin behar zuela, horixe zela garrantzitsuena.

      Zuk mojekin ikasi zenuen brodatzen.

      Ama Rosariok irakasten zigun eskolan eskuz brodatzen: gurutze-puntua, puntu artistikoa, eskapulario-puntua… harekin ikasi nituen. Hamabi urterekin Abdon Gabilondoren saltokian jaso nituen eskolak neska nagusiago batzuekin batera: hamar makina zeuzkaten dendatzean, goizetan neska gazteak joaten ginen aprendiz. Maindireak egiten genituen, bainikak… dotea josi nion ezkontzekoa zen lehengusina bati. Egur ilunezko gela bat zen, denda ere zurezkoa goitik behera, erakusleihoaren aldamenean zineko afixak. Lauzpabost urte egin nituen bertan, etxean brodatzen hasi arte. Graduatua amaitu orduko josten ikastera bidali gintuzten biok.

      Gauza arraroa da, ez genuen protestarik egin.

      Hamaika urteetarako, helduak ginen. Aitona-amonak zaintzen genituen. Aitona minbiziarekin hil zen 1974an eta, aurretik, tratamenduagatik makaltzen zenetan hilabeterako bidaltzen gintuzten Tolosara haiek zaintzera, hamahiru eta hamalau urterekin, neska koskorretan. Mirakruz gainera igotzen nintzen aitonarekin autobusez.

      Lagun asko institutura joan ziren, gutxi batzuk karrera egitera, mordoxka bat Señorita Anitarengana administrazioa ikastera. Gure lagunak, karrera egin zuten gutxiak salbu, lanean ari ziren hamasei urteetarako. Señorita Anitak denak kolokatzen zituen. Berak bideratzen zituen lanera. Señorita Anita instituzio bat zen. Azterketak Donostian egiten zituzten, harekin ikasten zuten guzti-guztiak berehala hasten ziren enpresetan lanean.

      Lanbide heziketa egiten zuen, lanbide heziketa existitzen ez zenean.

      Eta gu makinari eman eta eman, taka-taka-taka. Lagunak etortzen ziren etxera, josten genuen bitartean berriketan egitera: Iñaki, Zelaia... Anarko guztiak, kez betetzen zuten gela.

      Zure ideia izan zen denda jartzea. Ez geunden pozik kuarto ziztrin hartan, gurasoen itzalean. Nik ordurako hemeretzi, zuk hogei, ikasketarik ez. Andreak etortzen ziren, señorak, jantziak egiten zenizkien neurrira. Nik brodatu egiten nuen enkarguz: maindireak, musuzapiak, toallak. Gogorra zen. Zuri ez zitzaizun gustatzen.

      Zoko hura, ez.

      Esan zenidan: “Zergatik ez dugu denda bat irekitzen eta, brodatuez eta joste-lanez gain, liburuak eta diskoak saltzen?”.

      Munduko gauzarik normalena balitz bezala, krisi betean.

      Enpresen itxierarekin manifestazio jendetsuak izan ziren: Jarbe, Zubal... Lantegi inportanteak itxi zituzten herrian.

      Kalea saltegiz beteta zegoen: Alkorta, Oraiko, Azafata eta Truk tabernak, Landa harategia, Arozena okindegia, Artegi etxetresnak, Teodosiaren opari denda…

      Gabilondotarren drogeria, Agirre jantzitegia, Pilar arrandegia, Zelandi ardandegia…

      Txuskoren bizikleta denda, Bidasolo farmazia…

      Aranburu bitxitegia, Azpeleta elektrizitate denda, Suministros industriales, Kartutxo janari denda, Osoro zapata denda...

      Erotuta geundela esaten ziguten.

      Gazteak ginen.

 

 

Lokal bakarra ikusi genuen, etxetik gertu. Aurrez jolas-aretoa izana, bertan aritzen ginen neskatotan futbolinean, billarrean eta flipperrean. Zorua ordukoa da oraindik, lauzetako arrakalak jolas-makinek eginak dira. Ramonarekin itxi genuen tratua: 25.000 pezetako errenta, ondo garesti.

      Eibarrera joan ginen autobusez. Goro izeneko denda bat bazen etxetresnak eta binilozko diskoak saltzen zituena, ixtekotan zirela jakin genuen eta denak erosi genizkien: diskoak, kaseteak eta baita altzariak ere. Fardel galanta. Oihalak eta hariak jiratu genituen. Dendaostean kokatu genituen mozketa eta lisaketa mahaiak eta, leihatearen aurrean, josteko makinak: Alfa bat eta Sigma bat, ez dira sekula matxuratu.

      Lokalaren distribuzioa, zenbat eman biltegiari eta zenbat dendari, aitaren aholkuz erabaki genuen. Dendaostea handia da; berak esan zigun emateko tokia tailerrari eta almazenari: “Funtsezkoa ezkutuan egiten da”.

      Metalezko apalategi batzuk muntatu zizkigun materiala antolatzeko, guk ez genuen biltegiari buruz ezer pentsatu. “Zerekin bete behar duzue hau?”, galdetzen ziguten. Andresen eskritorioa ekarri genuen, haren amak oparitua seminarista garaian. Ez dugu ezer ere aldatu, denak funtzionatzen du, dena dago pipiak edo ugerrak janda.

      Airean bete genuen dendatzea oihalez eta liburuz. Artilea eta kakorratzak ere saltzen genituen, azpiko apalak matazaz eta harilez lepo zeuden. Kanpoan, berdintsu: sarrerako bi erakusleihoetan, ezker-eskuin, oihalak, liburuak eta diskoak. Atea zabaldu orduko mostradore txiki bat; alde batera LPak eta kaseteak, bestera, liburuak. Atzean, oraindik mantentzen dugun bitrinan, hariak: zeta itxurako sedalina finak, torzal gogorrak, albaintzekoak, brodatzekoak, kakorratz lanetarako hainbat lodieratako hariak… Crocheta fina eta garestia zen, erresistentea oso.

      Bartzelonako Fabra i Coats-i erosten genion artilea pisura. Aurretiaz ordaindu behar izaten zen eta, diru apurrik sobratuz gero, artiletan itzultzen ziguten: berrogei zentimo baziren jasotzekoak, gutunazal batean bidaltzen ziguten berrogei zentimo artile.

      Zure arreoa ere ekarri genuen, Izaskun! Hamalau urte bete zenituenean amak sekulako dotea oparitu zizun, ohitura zen alaba zaharrenarekin. Ikustekoa, nola amorratu zinen. “¿De qué vas?”, esan zenion.

      De lo que tú no vas.

      Paso egiten zenuen horretaz guztiaz.

      Denda ireki genuenean arreoko izara eta toalla jokoak hona ekarri eta saldu egin genituen, zuk brodatuta auskalo noren inizialekin.

      Ama saldu ez genuenean…

      Momentu zaila zen familian, gurasoak ez ziren etxea erosi zaharrak eta sosik gabe zeuden. Errentan bizi izan ginen umetatik, kaleratu egin gintuzten eta handira jo nahi izan zuen amak; non erosiko pisua eta herriko eraikinik garaieneko zortzigarren solairuan, King Kongen, goi-goian. Ni ez nengoen ados, demaseko lotsa ematen zidan. Eraikuntzak kritika gogorrak izan zituen erraldoia zelako, nabarmena, handikia. Bazituen igogailua, berokuntza zentrala, 110 metro karratu, bi komun, garbitegia eta garajea. Emakume bat kontratatu zuen astean behin etxea garbi ziezaion. Ontzi-garbigailua hantxe ikusi nuen lehenengoz: ez zuen sekula martxan jarri. Jende goranahiak, Elgoibarko enpresaburuek erosi zuten pisu bana bertan. Kontraesanak irentsi eta isildu egin nintzen. Ama pozik bizi izan zen bere museo partikularrean. King Kongekoa erosiz geroztik, “zakurraren txabola” deitzen zion ordura arte gure etxea izandakoari.

      Sarreran, aldaretxo batean, Kixotea zeukan bi liburukitan, ertz banatan marmolezko liburu-euskarri bana: On Kixote eta Santxo. Lurrean zuk Kenyatik ekarritako ebanozko jirafa emea eta haren kumea, metro betekoa bata, txikiagoa bestea.

      Gustuko oparia izan zuen, tamainak konbentzituko zuen. Ez zen beti horrela izaten: “Vaya mierda que me has traído”, esan ohi zidan eta, hala ere, bistan jartzen zituen denak.

      Txirrinak zeuzkan gela guztietan, aberatsen etxeetan neskameei ohetik mugitu gabe eta eztarria behartzeke deitzeko erabiltzen zen sistema. Gau-mahaien aldamenean botoi txiki bat etengailuen ondoan. Ama bakarrik bizi izan zen, ordea. 90eko hamarkadan gela bakoitza kolore banatan margoarazi zuen: korridorea izokin kolore biziz; aitaren errautsen gela goroldio margoz; bere logela xanpain horiz; gonbidatuen gela azul ilunez… Plafoiak eta igeltsuzko moldurak apaindu zituen. Hari musikala instalatu zuen habitazio guztietan, ezin jakin zertarako, gorra zen eta. Gonbidatuei esango zien: “Hara hor, hari musikala”. Aire-gozagarriak kokatu zituen entxufeetan, hogei ziren eta koloniaz betearazten zizkigun aldiro.

      Argi mordoa zituen: lanparak, aplikeak, fokuak, tutu halogenoak. Garaiko etengailurik modernoenak, ilunetan argi egiten zutenak. Hainbeste etengailu zituen, ezinezkoa baitzen bakoitzak zein argi pizten zuen asmatzea. Lurra halako graziaz bernizatua eta distiratua zeukan ze patinaje pista bihurtzen baitzen! Haurrek alfonbrak erretiratzen zituzten eta korridorearen ertz batetik bestera aritzen ziren irristaka. Logelako armairua miatzen zioten, bazituen hiru kutxa: ileordez betea bata, lepokoz gainezka bigarrena, era guztietako betaurrekoekin hirugarrena.

      Egongelan hanka kurbatudun egurrezko besaulki dotoreak zeuzkan, oin-aulki tapa bigungarridun bat non Lidl-eko limoizko gozokiak gordetzen zituen, sofa etzangarri bat zeinen beso altxagarriaren barnean gordetzen zituen makillajea, haurrei propina emateko txanpon zorroa, mukizapiak, telefono haririk gabea eta telebistako agintea. Ertz batean altzari dotore bat goiko apalean irratia eta disko jogailua zeuzkana eta azpian, giltzaz irekitzen zen atal batean, bonboiak. Ezkerretara, liburutegiaren azpian, kutxa gotorra. Eskuinetara, edari-altzaria, el mueble-bar.

      Familia pobrekoa izan arren Balentziagaren beroki bat zeukan, urrezko bitxiak, aitaren margoihalak marko doratuetan. Oheburuan, Altzolako dorrea olioaz margotua. Zapatekin eta poltsarekin ondo zetorren guardasola aukeratzen zuen kalerakoan. Hori bai: telefono deiak domekaz egiten zituen, merkeagoa zelako. Bainugela bakoitza kolore batekoa eginarazi zuen: “komun urdina” eta “komun arrosa” deitzen zien, eta kolorearen araberakoak jarri zituen hortzetako eskuilak, xaboiak, belakiak, xukaderak eta bainu-gatzak potoetan. Komuneko papera ere ez zen libratzen: komun arrosan komuneko paper arrosarekin garbitzen genuen ipurdia. “Cagar en rosa” eta “cagar en azul” esaten genuen.

      Estutu egiten zuen aita, haren talentua zukutu beharrez. Bete ezineko zakua zen amarena.

      Aitak bere trebeziari esker utzi zuen Sigmako lana, pintatzetik bizitzeko. Autodidakta zen, pinturari buruzko liburu mordoa zeukan: munduko museoak, heraldikari buruzkoak, era guztietako entziklopediak, letra tipoei buruzkoak, pintore ezagun guztien lanak… Autonomo egin zen. Inguruotako errotulatzaile bakarra bera, ez zegoen lan hura egiten zuen beste inor. Errotuluak egiten zituen, muralak, olio-margolanak enkarguz: baserriak, bodegoiak, koadro kostunbristak. Autobusez ibiltzen zen batetik bestera, Eibarrera-eta, Azkoitira-eta. Edozein ordu-modutan ateratzen zen, deitzen ziotenean. Pintura poto txikiak, egunkari papera, margoketarako ziria eta zinta isolatzaile horia eramaten zituen. Txitean-pitean gelditzen zuten kalean, umoretsua zen, kantaria. Etxerakoan, gauez ere margotzen aritzen zen, sukaldean izaten zuen astoa.

      Pankarta bat egin behar bazuen luzetara eskegitzen zuen korridorean.

      Alfonbrak ere ehuntzen zituen, eta eskaparatista lana egiten hainbat dendarentzat. Neskatilatan, abenduan, Jauregi inprentako erakusleihoa jartzera joaten ginen laurok: aitak eta amak eskaparatea atontzen zuten eta gu begira egoten ginen, hura festa!, girlandak, zintzilikarioak, apaingarriak… eta han atzean eskolarako kaierak, gutunazalak, paper usain gozo hura…

      Ama aitaren telefonista zen: mandatu guztiak jasotzen zizkion, agenda antolatzen, fakturak prestatzen, kobrantzen ardura eramaten: “Estívariz, ¿dígame?”. Etxera iristerako esaten zion: “Bihar halako tokira joan behar duzu; etzi, halakora”. Amak aginteran hitz egiten zuen ia beti, ahots ozenez, erdi gorra zen. Diru pixka bat egin zuten lana majo eginda; etxea erosten xahutu zuten, ordea.

      Ez zeukaten guri uzteko sosik.

      Mailegu bat eskatu genuen Aurrezki Kutxa Probintzialean: milioi eta erdi pezeta. Orduko nire mutil-lagunaren osabak kirol denda zeukan eta aholku eske joan nintzaion. Galdetu zidan: “Ba al duzue dirurik?”. Nik, baietz. Zer nintzen lañoa! “Denda batean abiatzeko inportanteena dirua izatea da”, hark. Baietz, nik.

      Eskerrak lagunei. Haietako batzuk lanean ari ziren ordurako, eta dirua maneiatzen zuten. Denda ireki orduko konturatu ginen ez ginela hilabete amaierara iristen. Altzariak erosi genizkion morroiak frak-dun kobratzailearekin egin zigun mehatxu, eta baita konplitu ere, nolabait: hilero beltzez jantzitako gizon bat etortzen zen dendara, hitzartutakoa eskuz kobratzera. Hura ere izango zen norbait! Izerditan jartzen ginen. Ez geneukan ez sosik ez paperik, izutu egiten gintuen. Koldok dirua utzi zigun, baita Txanbok, Mallabik eta Andresek ere.

      Ezagutu orduko ostu zenion kartilla.

      Denda apirilean ireki, Andresekin ekainean hasi, eta uztailean dirua eskatu behar izan nion: hirurogeita bost mila pezeta! Hilabeteko jornala orduan. Ikastolako zuzendaria zen. Lotsa galanta pasatu nuen, baina utzi zidan eta... hogeita hamar egunetarako arnasa!

      Gu bost urtez aritu ginen lanean sosik kobratu gabe. Ez zen erraza dirua biltzea. Asteazken goiz batean hamazazpi pezeta saldu genituen: hari beltzezko karrete bat.

      Gogorra zen. Lehenengo gurasoen menpe eta gero nobioen kontura. Guk ez genuen dirurik egiten, ezer ez, gastuak ordaintzeko ere nekez. 1983an hasi ginen astean bosna mila pezeta kobratzen, hogeina mila hilean. Bost edo sei urte, soldata ziztrin bat izaterako. Besteren lepotik bizi nintzela sentitzen nuen, ez zitzaidan gustatzen, ez naiz inoren morraletik jatekoa. Baina liburuek goserik berdintzen ez.

      Rosa Luxemburg, Marxen Kapitala... Bazka politikoz josita geneukan ezker pareta. Troskoek, Jose Inaziok eta Andresek baino ez zizkiguten erosten!

      Pentsa nolako konbinazioa sortu genuen: Marx eta mertzeria.

      Eta kapitala... nobioen kontura. Andresekin hasi aurretik beste mutil batekin nenbilen ni; hark jarri zigun zirkuitu elektrikoa musu-truk. Materiala baino ez zigun kobratu. Nobio bat utzi nuen, elektrizista, eta beste bat hartu, maisua, eta biei sosak atera. Harrapazak Kapitala, Marx!

 

 

Hainbat puntu mota daude: atzera puntada, puntu aurreratua, kordoizko puntua, erremate puntua, kate puntua, puntu artistikoa, euli puntua, galburu puntua, ezkutuko puntua… Atzera puntadak gibelera egiten du aurrera egiteko; eskuinetik ezkerrera josten da, orratza oihalean sartzen da eta bospasei hari aurrerago ateratzen, ostera sartzen eta atzerantz egiten bospasei hari eta, berriz ere aurrera, beste hainbeste. Kordoizko puntua mugimendu bakarrean egiten da: orratza oihalean sartzen da eta horizontalki ateratzen aurreko puntadaren amaieran, zast. Puntu aurreratua ezkerretik eskuinera trazatzen da, zeharretara sartzen da orratza, goitik behera, puntadek erdian bat egin dezaten. Ezkutuko puntua tolesak egiteko erabiltzen da: kanpotik ez da ikusten. Hamasei urterekin hasi nintzen kate-puntuz bi metro eta erdiko luzerako eta metro eta erdiko zabalerako mahai-zapi bat eskuz brodatzen, neure ezkonsarirako. Sekulako lana, poliki-poliki osatu nituen hizkiak eta apaindurak: hostoak eta loreak bodokeekin eta apaindurazko lerroak kate-puntuarekin. Lau urte eman nituen zamaua brodatzen. Dozena bat ahozapi zeuzkan jokoak, zazpigarrenean nekatu nintzen. Haize klasikoak jo eta erromantizatuta brodatu nituen orduko mutil-lagunaren, elektrizistaren abizenaren iniziala, K, eta neurearena, E, dafaila eder haren erdi-erdian. Ai, baina, bizitzaren jira-bueltak, elkarrekin ibiltzeari utzi genion, eta pentsatu nuen: “Halako lana hartuta…”. K hura goitik itxi eta A bihurtu nuen, Andresen abizenagatik, eta E-a bere horretan utzi. Handik pixka batera, maindire berrietan alderantziz brodatzen hasi nintzen: aurrena E, neurea, eta gero A, Andresena. Hori puntu aurreratua izan zen.

 

 

Orain gurea da inguruotako liburu denda bakarra. Ireki genuenean baziren bost herrian: Glaza izenekoa; Jauregi, liburu denda izateaz gain inprenta ere bazena; Gorostiza, zeinetan liburuak, aldizkariak, jostailuak eta eskola-materiala saltzen zituzten, eta Aitor izeneko txiki bat. Pablo Iruretak beste denda koxkor bat izan zuen Maalan, urte gutxian. Gorostizarenean, liburu salmentaz gain, errekadista zerbitzua eskaintzen zuten, Donostiarakoa eta Bilborakoa, bi lagun aritzen ziren horretan. Inork behar bazuen hari bat, pieza bat, zerbitzu bat herrian ez zegoena, errekadistari ordaindu eta hark ekartzen zion kapitaletik.

 

 

Joera ezkertiar handia neukan eta filosofia gustatzen zitzaidan. Nire orduko lagunek, Iñakik eta Maguregik, Antxustegik, Karmelok, Ulaziak eta Txanbok horrelako gauzei buruz hitz egiten zidaten, inportanteak ziren niretzat: kulturetak.

      Normatik kanpokoak denak.

      Normatik kanpokoak zeharo! Beharginak ziren, edo langabeak. Herrian gelditu zirenak. Antzerki bat egin genuen: El hombre verde. Antxustegi zen gizon berdea, arraroa, beste guztiok inguruan genbilzkion plantaka, zirika. Teatro politikoa zen, engranajetik atera nahi genuen, sistemari kontra egin. Anarkoak ginen. Utopikoak. Luzeren luze, arrastoan sartu ginen gehienok; besteek, gaizki amaitu zuten. Txanbo hil egin zen, Iñaki ere bai. Lagun maiteak biak. Bazen aldizkari bat Utopia, eta beste bat El viejo topo, anarkista, denak erosten genituen. Hippyak, underground amerikar guztia, Woodstock..., giro hori iristen zitzaigun. Niri Led Zeppelin gustatzen zitzaidan. Dendan baino lehen etxean egoten ziren lagunak, Iñakirekin akordatzen naiz: joskintzako gelan aulki batean eserita, luzaro, ordutan, erretzen eta egonean, isilik. Erlaxatu egingo zuen makinaren marmarrak, keak. Telebista ikusten zuen amarekin. Haien etxean ez zen telebistarik eta gurera etortzen zen anaiekin futbola eta tenisa ikustera. Amaren aldamenean esertzen ziren sofan, sultana eta hiru morroi, gure ama lodi-lodia eta mutil txankamehe ziria bezain iharrak, ni josten ari nintzen bitartean.

      Baina Jose Inaziorekin hasi zinen.

      Lagun anarkoak maite nituen, baina sumatzen nuen ez zela nire bidea, ez erabat. Liluratu egiten ninduten, sobera apurtzaileak ziren ordea, out zeuden guztiz. Jose Inazio beste ezpal batekoa zen, etxera itzultzea modukoa zen harekin egotea. Lasaiagoa zen, musika klasikoa entzuten zuen, mendizalea zen… Ez hain “hombre verde”a. Askatasuna eta patxada ematen zizkidan. Ez gurasoek, ez lagunek, Jose Inaziok sosegatu ninduen. Gehiegikerietan ariko nintzen bestela, zartatuko zitzaizkidan joskurak. Hala ere, sarri egoten nintzen beste lagunekin tabernetan, poteoan, hizketan, erretzen. Jose Inaziorekin baino gehiagotan. Haien bizitza zurrunbiloa zen. Izugarri bizkorrak ziren, inbidia itzela ematen zidan haien gaitasun intelektualak. Maite nuen haiekin hitz egitea. Ez dakit esaten zer ikasi nien zehazki, agian ezer ez, baina estimulagarria eta inspiratzailea zen. Ordea, lurrera jaitsiko ninduen norbait behar nuen.

      Kontrapisua.

      Txanbo droga gogorrekin kakotu zen, Iñaki mundu utopikoan geratu zen kanutoekin… Baina haien eraginagatik izan ez balitz, ez nuen liburu denda irekiko. Musika, filosofia eta politika gehitu nahi nizkien brodatuei eta joskintzari.

      Dendaostera etortzen ziren lagunak arratsaldero, barrura sartzen ziren zuzenean. Ostiraletan denda itxi eta parranda egiten genuen.

      Iñaki Athletic-ek fitxatu nahi izan zuen, atezain bikaina zen. Toma egin zien hark; inork ez zuen ulertzen. Berak argi zeukan, zine-kluba jarri nahi zuen martxan.

      Ni giro tradizionalagoan nenbilen. Nire nobio elektrizista mutil klasikoa zen. Feminismora gerturatzen hasi ahala, urrundu egin nintzen harengandik. Behin, zinematik bueltan txorizoa jatera gindoazela, tabernara iritsi eta “zu ez sartu” esan zidan. Gainerako neskak atzetik zetozen eta, kasualitatez, hiru mutilekin batera ailegatu nintzen tabernara. Ez omen zuen ondo ematen emakume bakarrak gizon artean. Kuadrilla osoa iritsi zenean “sartu orain, Mari Jose”, eskatu zidan. “Ahora que entre tu madre” erantzun nion.

      Hamalau urte zeneuzkanetik zenbiltzan berarekin, aitak eta amak asko maite zuten.

      Garai hartan “nobioak” ostegunetan irteten ziren, eta ostiraletan bakoitza bere kuadrillarekin. Lagun borrokekin ateratzen nintzen ni: Koldo, Zelaia... Dena manifestazio, batzar, protesta, txikiteo. Ondo pasatzen genuen.

      Borrokak eta maisuak juntatzen ziren. Zuk maisuak zenituen nahiago.

      Arrate, Ana, zu, ni… maisuekin ezkondu ginen. Irekiagoak ziren. Ostegun batean nobioak eskatu zidan handik aurrera ostiraletan etxean gelditzeko, lagunek esplikatu zioten ez zela gisakoa ni hainbeste mutilekin irtetea. Emakumeen mugimenduan nenbilelako ere errezeloak zeuzkan. Aurre egin nion. Harremana utziko nuela esan nionean aldatu zuen jarrera: lasai egoteko, irteteko nahi nuenarekin, bera ere hasiko zela bilera politikoetara etortzen... Ezin, ordea, arrantzura larrera joan.

      Euskarako maisuarekin maitemindu zinen.

      Halako moduz enamoratu nintzen, bi urte igaro bainituen beste ezertaz konturatzeke, lurretik arra betera, ez nekien non nengoen ere; egia esan, modu zoroan enamoratu nintzen. Benetan uste nuen Andres mundu honetan zegoen pertsonarik perfektuena zela. Urteak igaro ziren besteok adina inperfekzio zeuzkala jabetzerako.

      Diferenteak gara horretan ere: niri ez zait sekula horrelakorik gertatu.

 

 

Brodatzeko txantiloiak ateratzen ditut; kutxa honetan dauzkat gordeta. Urtero behar izaten ditudan hitzak eta letrak dauzkat zeta paperean. Baita hainbat izen propio ere, eskola amantaletarako brodatu izan ditudanak. Asko aldatu dira pertsona-izenak, orain laburrak daude boladan: June, Jule, Unax, Nur, Kai… Askotariko tipografiak daude, umeen amantaletarako hauxe egokiena, badira beste batzuk borobilagoak, baina ez dira argi irakurtzen. Hizki handiagoak eta txikiagoak daude, normalean txikiak erabiltzen dira amantaletarako. Realce izeneko koaderno bat daukat hainbat letra tiporekin. Izarak brodatzen zirenean tipo ponpoxo hauek zeuden modan inizialetarako, orain ez ditu inork nahi. Beste hau euskal grafia da, aitari gustatzen zitzaion. Hainbat lodieratako orratzak erabiltzen dira: hirurogeita hamarrekoa lan finetarako, laurogeikoa brodatu arruntetarako, laurogeita hamarrekoa txapeletarako. Tentuz zaindu behar da haria, baita txirrika ere. Josteko makinek bi hari lotuz funtzionatzen dute: goiko ardatzetik datorrena, kasu honetan horia, eta, bestea, behekotik datorrena, zuria. Oreka mantendu behar da oinen eta eskuen artean, nik oinak ahaztu egiten ditut, bakarrik doaz. Eskuak orratzetik gertu eduki behar dira, eskuak ere ahazten ditut, marrazkiari begiratzen diot. Argia oso garrantzitsua da. Txapelak, beltzak direnez, ezin dira bestela markatu, hariz inguratzen ditut, hizkien ingerada brodatuz. Gainerakoan, kalko-papera erabiltzen dut. Oinarekin balantza eragiten diot pedalari, aurrera eta atzera, gelditu gabe. Oinen eta eskuen mugimendua koordinatu behar da. Osorik markatzen dut txapela: horrela. Gero zeta-papera kentzen dut, tarratatu, hizkien silueta bakarrik geldi dadin. Txapelak brodatzeko indarra behar da eskuetan. Ohartu gabe nengoen zenbat zahartu zaizkidan. Tamaina egokiko euskarria hautatu behar da, brodatu beharreko zatia tenkatu. Hari gidari batekin errepasatzen da ingerada; segidan hizkiak betetzen. Bi geruzatan betetzen dira hizkiak; azpikoa bertikalean egiten dut eta gainekoa horizontalean, aldez alde. Brodatu on batek ongi betea behar du, hutsunerik gabea. Hariekin margotzea da, marratik atera gabe, trazu txukunarekin, zuriunerik utzi gabe. Ongi definituta ertzak eta ongi betea barrena. Ene, atso eskuak ditut! Brodaketa ona lortzeko marrazki ona behar da. Hori da aitak erakutsi zidana. “Las sombras, Mari Jose, las sombras”, esaten zidan. Lehenengo bandera egin nuenean berak egin zidan marrazkia, itzalak atera zizkion armarriari, era askotako hari koloreak erabiliz sakontasuna eta benetakotasuna eman niezaion. Letrak brodatzean ez dut itzalik erabiltzen, banderetako armarrietan, bai. Marrazkia nolakoa, brodatua halakoa. Aitak utzi zigun jakintza bat oinordetzan, erakutsi zigun nola aplikatu pinturako eta errotulazioko teknikak brodaketari eta joskintzari: tipografiak, proportzioak, kolore konbinaketak… Azaldu zigun marrazki bati itzalak nola atera. Edozein irudi ikusita, erraz ateratzen dizkiot itzalak. Koadro batzuk brodatu izan ditut, Gernikako arbolaren bat, adibidez; zokoren batean egongo da gordeta. Normalean udaberrian brodatzen dut, argitasun handiagoa dagoelako eta dendan behar gutxiago. Neguan, bekoki-linterna erabiltzen dut. Bost euro kobratzen dugu brodaketa ordua, eta bada zapi edo txapel brodatuak garestiak direlako kexatu zaigunik. Gonbidatuko nituzke dendaostera. Denboraldia amaitzean, banderak entregatu, eta koipeztatu egiten dut makina.

 

 

Pinturas Javier y Marcelino, Lau, Ipintza, Norberto Zabala… pintura- eta oihal-dendak ziren. Gizonak, etxeko aitak edo senarrak, pintoreak ziren, hara-hona ibiltzen zirenak. Emazteek eramaten zuten dendako martxa. Pinturez gain, saltzen zituzten errezelak, kuxinak eta alfonbrak.

      Azpeleta elektrizitate denda, saltoki izan aurretik, tailerra zen. Han ere, aita zen elektrizista; gerora hasi zen alaba dendari. Bonbillak, lanparak, pareta-argiak… saltzen zituen eta tailerreko kontabilitatea eramaten.

      Artegi etxetresna dendan halatsu: gizonak etxez etxeko konponketan eta etxetresnen garraioan aritzen ziren; andreak, jendeari kasu egiten.

      Lasa inprimategia ez zen denda, lantegia zen. Ateaz bestaldera sumatzen genituen makinak; zarata handia egiten zuten, kan-kan, kan-kan. Txabusina urdinak soinean gogoratzen ditut langileak.

      Juanito Arrietak ere txabusina erabiltzen zuen, grisa. Janari denda zeukan. Mostradorera joanda eskatu behar izaten zen, eskatu ahala ateratzen zituen jakiak. Berdurak eskura izaten zituen.

      Dendari gehienek erabiltzen zuten txabusina. Tailerretan buzoak eta dendetan batak. Langileen arropa zen, lanerakoa. Urdinak edo grisak izaten ziren. Okindegian, koadroduna. Farmazietan, zuria. Zapatagileek beltza janzten zuten. Paulik, Osoro zapatategikoak, txabusina beltza soineratzen zuen oinetakoak lantzeko; gerora, amantaltxoa, beltza hura ere, tinduekin aritzen zen eta. Jendeari kasu egiteko erantzi egiten zuen beti.

      Polvera deitzen genien txabusina haiei. Duela urte batzuk, modan jarri ziren kalerako. Zaharrek esaten ziguten: “Nora zoaz polbera soinean!”.

      Bidasolo farmaziara ezkaratzetik sartzen zen. Bebarru dotorea zen, harria bistan, ate zabala kalera.

      Arrieta altzari dendara ere ataritik sartzen zen, ez zeukan kalerako aterik. Ezta Vilarchao zapatagileak ere.

      Aldamenean zegoen Echave burdindegia. Txukuna zen herriko gainerakoen aldean: ezkerretara mostradorea, atzealdean salgaiak ondo antolatuta. Gizona pilotari ezaguna izandakoa zen, Etxabe X.a.

      Bazterrak ikusitako jendea; hori nabaritu egiten zen. Maritxuren drogerian bezala: gizona futbolari profesionala izan zen eta atzerrian ibili ziren. Herrira bueltan jarri zuten drogeria, kanpoko haizeak zeuzkan. Denda txikia, lurrin potoz josia.

      Hantxe zegoen Alkorta taberna ere. Barra luze-luzea zeukan; lurra, pikardatua, zikin-estalia; mahai asko, barrualdean beharginei jaten ematekoak eta sarreran muserakoak. Garai hartan Alkorta tabernaren gainean bizi zen bezero batek kontatu zigun gauero bidaltzen zuela senarra zaborra ateratzera, eta gero ez zela itzultzen. Zortzi eta erdietan atera behar izaten zen zakarra atarira, eta pajaroak etxera beharrean tabernara egiten, jokora. Hura etxeratzerako, gauerdia bai.

      Andrea pijamak josten egoten zitzaion zain.

      Zelandi ardandegia zegoen handik gertu; handia, zabala eta altua, lehenengo pisua ere hartzen zuen. Barriketan izaten zuten ardoa; egundoko ardo hatsa egoten zen, edan gabe mozkortzekoa. Barrikatzar batetik txanbiletara isurita eramaten zuen ardoa jendeak.

      Kartutxo ikaztegian erosten zen ekonomikarako erregaia. Ikaztegia ixtean, bi zatitan banatu zuten: janari denda txikia eta taberna. Kartutxo izenarekin biak. Taberna itxi zen; gazte-lokala da orain.

      Janari dendaren atzeko partean gizonei ilea mozten zien aitak erdi ezkutuka. Estraperloko ile-apaintzailea zen.

      Gertuan zegoen Arozena okindegia; inguruko bezeroek kontu bana izaten zuten euren izenean. Jose Inazio lantegira sartzen zen zuzenean, handik jiratzen zituen ogiak. Mostradore ederra zeukan dendak: ogi tontorrak bertan, bi edo hiru klasetakoak; beste zenbait ogi-barra zumezko otarretan. Tontorrak txikitu ahala ekartzen zituzten beste hainbeste barra dendaostetik, besakadaka, zakukadaka. Dendatzea begiztatzen genuen: lauza zuriko hormak eta lurra. Bitxia zen dendariak dirua itzultzeko zeukan manera, kantatuz egiten zuen. Ogiak hamabost pezeta eta erdi balio bazuen eta zuk hogeita bosteko txanpona ematen, kantaxkatzen zuen: “Quinse con sincuenta. Sincuenta y sinco, sesenta, sesenta y sinco, setenta, setenta y sinco: diesiséis. Diesisiete, diesiocho, diesinueve: veinte; veintiuno, veintidós, veintitrés, veinticuatro, eta horrela, veintisinco”. Banaka-banaka uzten zituen txanponak eta eseak mostradorearen gainean.

      Arriola harategia Arozenaren tankerakoa zen: salmahai zabala jendaurrean, eta atzean, lauza zuriko lantegian, haragia lantzeko mahaiak eta tresneria. Barruan laurdenkatzen zituzten piezak, egiten zituzten odolkiak eta txorizoak…

      Agirre jantzitegia zegoen apur bat gorago. Egurrezkoak ateak, hormak, mostradorea; pare bat mahai galant erdi-erdian. Hantxe aritzen zen gizona, sastrea, oihalak mozten. Guraize eskergak erabiltzen zituen oihal lodiak ebakitzeko, kra-kra-kra egiten zuten. Eta plantxak entxufatuta, fuzzzzz, bi edo hiru lisaburdina lurrin jario. Zurezko apaletan alkandorak. Eskaparate handi bat kalera. Dendako atea zarratuta egoten zen askotan, izan ere, aurreneko solairuan bizi ziren senar-emazteak eta alaba, eta emaztea gora eta behera ibiltzen zen: bazkaria prestatu eta behera, alkandora bat saldu eta gora, etxea garbitu eta behera, enkargu bat hartu eta gora… Txirrina jota jaisten zen.

      Eta hemen aldamenean Oraiko. Ez ginen bertatik irteten! Nerabetan behean egoten ginen, kaletik solairu bat jaitsita, ibaiaren mailan, zuloan. Goian txikiteoa egiten genuen hamasei-hamazazpi urtetik aurrera, kuadrillan. Sakonean, komunen ondoan, eskailera kiribil bat zegoen, metalezkoa eta beltzez margotua, solairu batetik bestera. Behean diskoteka.

      Azafata eta Oraiko izan ziren lehenengo antroak. Azafata tabernak bikoteentzako txokoa jarri zuen: “el reservao”. Eta Oraikok neonezko argiak.

      Eta ez ahaztu Truk!

      Hura bai izan zela transgresorea! Ia bi solairu egin behar zen lurpera. Ilun-gaiztoa zen taberna; egunsentiarentzat zirrikiturik ez. Eskaileretan behera, ezkerreko horman, akuarioak zeuden, eta haietan pirañak neonez argiztatuta.

      Gutxi asko, 1970aren hondarrean horixe zen San Frantzisko kalea Maalatik Loritora. Txabusinetatik neonezko pirañetara. Salda horretan jarri genuen denda.

      King Kong aurrean, Ego-Toki soziedadeko balkoian bazen loro bat oso hiztuna. Berrogeita hamar urte egin zituen lehenengo pisuan zintzilik. Gineatik ekarri zuen Sigmara beharrera etorritako gizon batek. Duela urte batzuk aurkitu zuten hilda, disekatu egin zuten. Loritoneko aldapa izena du orain King Kongen aurreko kantoiak. Hasieran isilik egoten zen, baina laster hasi zen hizketan eta txistuka. Entzuten zuena ikasi zuen: ez zekien euskaraz. “¡Borracho!”, esaten zuen, “¿ya has pagao?, aupa Elgoibar, maricón”.

 

 

Pitxintxu 1978ko apirilaren 22an ireki genuen. Biharamunean, liburuaren egunean, kalera atera ginen aitak etxeko pasilloan margotu zigun pankarta batekin: “Nazioarteko liburu eguna” jartzen zuen.

      Libururik gehienak kolpe bakarrean ekarriak ziren, hondoa jotako liburu denda gorri batetik. Lagunek ere ekarri zizkiguten liburuak etxetik, saltzeko. Karmelok dio bonuak egiten genizkiola bere aleen truke.

      Baina segituan hasi ginen banatzaile batzuekin tratuan: Erro, Unbe, Bitarte... Zabaltzenekin ere bai. Naparra etortzen zitzaigun, eta Angel Mari Peñagarikano bertsolaria.

      Euskarazko liburu gutxi geneuzkan hasieran.

      Etxean topatu ditut batzuk dendako zigilu zaharra dutenak: Manuel Lekuonaren Eusko etnografia eta R.M. Azkueren Euskalerriaren yakintza, Etxepareren Olerkiak, Txillardegiren Elsa Scheelen, Saizarbitoriaren Egunero hasten delako, Mogelen Peru Abarka, Kriseiluk ateratako Gabriel Arestiren Obra guztiak... 1980aren bueltan patrikako liburuek 200 pezeta balio zuten eta arruntek, batez beste, 580 pezeta.

      Berehala konturatu ginen liburuak saltzetik bizitzea negozio gaitza izango zela.

      Errege bezpera batean ikusi genuen argi pixka bat. Ogitarako poltsak egiten genituen. Euskara ikasten ari ginen eta jabetu nintzen toki askotan saltzen zituztela “Pan” eta “Pinzas” eta halakoak brodatuta zeuzkaten poltsak, baina inon ez euskaraz. Dendaostera sartu eta poltsak brodatzen hasi nintzen: “Ogia” batzuetan, “Kakoak”, besteetan. Eskaparatean jarri genituen... eta Errege bezperan gainezka egin zigun lanak! Denda leporaino, poltsak brodatu behar eta jendeari kasu egiteko inor ez. Aitari abisu eman zioten kalean guri laguntzera etortzeko, ezin iritsita genbiltzala. Aita eta ama jarri ziren saltzen, eta gu atzealdean taka-taka-taka-taka, poltsak ahalik eta bizkorren brodatzen, bezeroek eraman zitzaten oparitarako. Ogitarako zorroak brodatzen hastean pentsatu genuen: “Hemendik, agian hemendik…”.

 

 

A-19 BEZEROA

 

      In illo tempore! Gu kolgatu kuadrilla bat ginen, oso kulturzaleak, baina ez geneukan sosik. Hona etorrita aurkitzen genituen nobedade editorialak, musika… Ondo hartzen gintuzten. Hara!, sartu da Iñaki, hartu du disko bat, jarri du disko-jogailuan. Iñaki da discjockey ofiziala. Denetik entzuten dugu: Errobi, Koska, Gorka Knörr… Maguregi da jazzean espezialista. Azaldu da eta eman du berediktoa: “John Coltrane entzun behar da”. Koadratu egin gara besteok…

      Hemen elkartzen nintzen Txanborekin, Perezekin, Iñakirekin, Antxustegirekin… eta parrandara ateratzen ginen. Denda zen topo egiteko tokia. Bergaran lan egiten nuen, 18:00etan ateratzen nintzen beharretik eta 18:30erako dendan nengoen. 19:30erako aitzurtuta. Amak esaten zidan: “Zure lagun pare horrekin… kontuz, e!”.

      Emakumeak askoz aurreratuago zeuden sexualki. Guk irakurri, parranda egin… eta sekulako matraka ematen genuen, neskak aspertu bai! LAIAkoak oso irekiak ziren, ospe hori zuten. Gu ignorante hutsak ginen, haragikeriaren kontrako injekzioak! Ez genuen batere larrurik jotzen, dutxatu ere gutxi… hegala altxatuz gero handik ez zen Potemkina ere pasatuko!

      Garai hartan denetik eta asko kontsumitzen genuen. Heroina izan ezik denetik kontsumitu nuen nik. Beldurra ematen zidan ziztatzeak. Orain Santu Guztien Egunean hilerrira joaten naiz lagunak bisitatzera. Garai beroa zen, kalean bazen beti liskarren bat, kuartelekoek bizkarrak berotzen zizkiguten, hemengoak ez ziren kikiltzen… Erretinan daukat oraindik: etorri dira bi guardia zibil, nafarra eta bestea, Goragora esaten ziotena, beti zebilelako “A ver, dígame ahora Gora Euzkadi, Gora Euzkadi!”, sartu dira Oraiko tabernara eta esan diote whiski bat edaten ari den Gabiri, “aquí los niños beben leche”, eta basokada esne atera. Sartu dute Perez atari batean eta kendu dizkiote bizkarreko hautsak…

       Euria bota ahala egiten zuen, non egonik ez guk, hezetasuna hezurretaraino sartzen zitzaigun, bizitza kalean egiten genuen: tabernetan, bebarruetan, udaletxeko eta Plaza Txikiko arkupeetan. Igandeak jasanezinak ziren, ni literaturak salbatu ninduen.

      1978an gutako batzuek liburuak ekarri genituen etxetik, hemen, dendan, salgai jartzeko. Akordua dut ekarri nituela Textos situacionistas, Samir Amin-en ekonomiari buruzkoak, Marxenak, Leninenak, Che Guevararenak… Bageneukan kode bat: ni A-19a nintzen. Nik ekarritako libururen bat saltzen bazen, txartel bat ematen zidaten trukean nahi nuen liburua hartzeko. Elkarri laguntzeko modu bat zen. Lanean hasi gabe nengoenean, patrikak hutsik, modu horretara eskuratzen nituen liburuak. Parrandetatik sobratzen zitzaidan diru xehea poto batean gordetzen nuen eta potoa betetakoan hona etortzen nintzen: “350 pezeta ditut” esaten nien, liburuak eramaten nituen. Cortazar eta Bukowski gustatzen zitzaizkidan, Bertolt Brecht, Joseph Conrad… Allen Ginsbergen Ulua eraman nuen, polizia-nobela ere gustatzen zitzaidan eta Chandler, Dashiell Hammett, Jack London eskuratu nituen; Patricia Highsmithek larrimina eragiten zidan. Timothy Leary-ren LSDari buruzko liburuak eta sendabelarrei buruzkoak ere modan zeuden.

      Iñaki oso zinefiloa, oso bakartia eta oso erretzailea zen, zinekluba jarri zuen martxan. Donostiako Zinemaldiaren arrimuan hasi zen pelikulak ekartzen. Elgoibarrek zineklub ezin hobea izan du Iñakiri esker. Ez zuen inoiz ofiziorik izan, baina oso pelikula onak ikusi genituen haren eskutik. Zineklubean ikusi genituen La balada de Narayama eta beste pelikula gorri hura, japoniarra, denbora guztian larrua jotzen ari zirena eta amaieran zakila mozten ziona… El imperio de los sentidos. Izugarrizko efektua egin zidan, usaina hartu nion pelikulari! Tiempos modernos eta El acorazado Potemkin ere han ikusi genituen. Izaskunek Iñakiren oroimenezko bideoan esaten zuen bezala, edertasunaren bila aritu zen bizitza guztian. Mendira joan eta paisaiari beha egon, film ederrak ikusi… hori zen haren bizitza. Athletic-ek deitu zionean ere “aukeran, nahiago ez” esan zuen hark, Bartleby eskribatzaileak nola. Baina dirurik ez zeukanez, eskean ibili behar izaten zuen. Kalean ardi galdua bezala ikusten genuenean atarietan ezkutatzen ginen, dirua eskatzen zigun eta! Etxera etortzen zenean ere, liburutegira hurbiltzen zen eta pentsatzen zenuen, “adio, liburuak!”.

      Txanbo, ostera, melomanoa zen: Led Zeppelin, Neil Young… Elkarrekin ikasi genuen Bilbon. Ikasten ari zenean boligrafoa korapilatzen zuen kopeta-ilean, hizketan ere hala egiten zuen, hatzekin flekilloari eragin eta eragin, soildu arte. Zer zen bizkorra! Nik ezagutu dudan pertsonarik inteligenteena. Ez zion bizirik irauteko balio izan, tamalez. Gibeleko transplantea egin zioten eta Brasilera joan zen bizitzera. Irakaskuntza utzi zuen, Lekeition zeukan etxea saldu eta Brasilera egin zuen ospa. Han maitemindu egin zen. Bi hilabete igaro nituen Brasilen berarekin. Nondik bizi zen? Saltzen zituen gemak, bitxiak… Txerpolari hutsa zen, goian bego. Hil eta gero ere taberna batean ahaztu zitzaigun.

      Hil-hurren, erre genezala eskatu zigun. Ospitalera egin nion bisitan esan zidan: “Fumantxu baino horiago nagok, oraingoan ez nauk libratuko”. Eskatu zidan gorpua erretzeko eta errautsak San Migelen, Lekeition eta Brasilen zabaltzeko. “Ez duk berraragitzean sinetsiko, horratik?”, adarra jo nion. Hil zenean, legatzetarako bapore bat zeukan lagun batekin itsasora atera ginen Lekeition, han haizatu genuen errautsen parte bat. Gero lagun batzuek izugarrizko festa antolatu zuten taberna batean, eta bueltan, errautsen beste parte bat zabaltzera San Migelerantz gindoazela, han non hasten den oihuka Txanboren emaztea: “Non hago?!”. Errautsak taberna hartan ahaztu genituen!

      Pitxintxun beti bazen saltsa. Tabernan baino gehiago. Iñaki eta Txanbo dendaren parte ziren. Negar eta barre asko egin genuen. Gaur egun, nik dirua uzten dut deposituan, liburutarako. Berrogeita hamar euro ekartzen ditut eta handik joaten naiz gastatzen. Hamar euro gelditzen zaizkidanean beste billete bat ematen diet eta horrela, ez dadin haria eten.

 

 

Ez, ama ez zen hemen ibiltzen denda ireki genuenean. Alargunduz geroztik bai, baina hasieran ez dut gogoratzen ama dendan. Bere palazioan bakartuta egoten zen, aski lan bazuen etxe berria atontzen, hautsa kentzen eta aitarentzako idazkari-lanak egiten.

      Gurekin ez zen gozoa.

      Aitari agintzen zion guri gogor egiteko.

      Ama aitaren bitartez komunikatzen zen gurekin.

      Amaren territorioa bere etxea zen, huraxe zuen jauregia, museoa, gaztelua. Hemen apenas sartzen zen. Amona, aldiz, bai.

      Amona Genara dendaostean egoten zen. Hortxe erori zen, saskiarekin estropezu eginda. Zuk lortu zenuen, Mari Jose, hura Elgoibarrera ekartzea, amak ez zuen nahi.

      Tolosan bizi zen, egoera txarrean, abandonuaren mugan. Auzokoak laguntzen zion arren, ez zen bizi. Gaizki ikusten nuen eta gurasoei planteatu nien etxera ekarri beharko genukeela bizitzera, baina amak ezetz. Ezetz eta ezetz. Ez zuen esaten zergatik. Erronka jo nien: “Etxera ez badator, Andresekin ezkonduko naiz eta gurera ekarriko dugu”.

      Nik ez nukeen sekula halakorik egingo.

      Orduan esan zuen aitak: “La abuela Genara viene aquí”. Eta ekarri egin genuen, amaren iritziaren kontra. Ordutik hil arte, lau urtez, gurekin bizi izan zen. Hanka moztua zioten, oso ezaugarri kliniko konplikatuak zituen, diabetikoa zen. Bi bider ebaki zioten zangoa, lehenengo ebakuntzan enpeineraino eta bigarrengoan izter erdiraino. Derrigorra zen ebakitako atalak lurperatzea, Polloeko hilerritik kobratzen zuten. Hileta txiki bat egiteko aukera eman ziguten. Enpeine baten aldeko meza! Urte askoan amestu dut amona Genararen zango ebakiarekin. Hankamotz gelditu zenean guk zaintzen genuen. Aitak jana ematen zion isil-gordeka, galletak, amonak gosea pasatzen zuen-eta diabetesarengatik. Ama uzkurragoa zen. Gure amak diabetesa jaso zuen oinordetzan, ez zion inori aipatzen horrek eragiten zion sufrimendurik, baina amak ikusi egin zuen bere amaren haragia usteltzen.

      Hementxe egoten zen, dendaostean eserita. Lantxoren bat jarriko genion. Oso xelebrea zen. Igual ikusten zuen zerbait lurrean eta oihuka hasten zen: “Bitxi bat! Bitxi bat!”, urrea ikusten zuen bazter guztietan.

      Telebistari hitz egiten zion: “Mari Jose, atera egiozu kafe bat señorita honi”, esaten zidan albistegia hastean. Gure amak ez zuen bere ama maite; zergatik, ez zigun inoiz kontatu.

 

 

Maindire oihala saltzen genuen. Neurrira moztu, josi eta inizialak eta edergarriak brodatzen genituen. Emakumeek egiten zizkiguten enkarguak, bai etxerako bai oparitzeko, ezkontzetarako-eta. Ezkongabeek ere eskatzen zituzten, Ignacita ezkongabea zen, bere inizialekin agindu zituen maindireak. Normalean, senar-emazteen inizial bana izaten zuten maindire eta toalla-joko brodatuek; Ignacitarenak bereak zituen biak.

      Emakume ezkongaien arreoetan baziren beti maindire, mahai-zapi eta toalla brodatuak.

      Hornitzaileei bestelako ehunak eta hariak eskatzen hasi ginen: gurutze-puntua egiteko panama oihalak, gantxilloa egiteko hariak, makramerakoak. Laboreak egiteko aldizkariak saltzen genituen. Etxeko errezel guztiak gantxilloz egin nituen, kuxinak gurutze-puntuz apaindu… Zuk, Izas, gure alabarentzako soineko guztiak egiten zenituen.

      Oso gazterik hasi nintzen joskintza ikasten eta enkarguz jantziak egiten. Amari gonak josten nizkion, neuretzat ere bai. Baina enkarguz jantziak egitea ez zen erosoa niretzat. Ez nintzen trebea gauza finak josten, beti izan naiz troteroa. Normalean, aparteko gauzak nahi dituen jendea joan izan da joskinengana. Apartekoak, bereziak izateagatik: adibidez, Xabier Arakistain Arakisek Mari Luz amaginarrebari enkargatzen zizkion jantziak, neuk mozten nizkion, ez zuen dendetan gustukorik topatzen. Apartekoak, klaseagatik: dirudunek jende xehearengandik bereizteko arropak nahi zituztelako. Edo apartekoak, gorpuzkeragatik: neurriko arroparik topatzen ez zuten jendearentzakoak zirelako. Gure amak, adibidez, ez zuen tamainako jantzirik topatzen Elgoibarko dendetan, emakume garaia eta mardula zen. Sasoi hartan joskileek lan asko egiten zuten normatik kanpoko gorputzekin: lodi-lodiak, txiki-txikiak, bereziki garaiak, hankamotzak, konkordunak, bulartsuak, ipurtandiak... Jostun batekin ikasi nuen ofizioa; harengana joaten ziren emakumeek jakak, berokiak, soinekoak nahi zituzten, erremate onekoak. Niri gaitza egiten zitzaidan. Hiru edo lau aldiz probatu behar zituzten jantziak, konponketak egin handik eta hemendik, ez dator bat nire izaerarekin. Gorputza estilizatuko zieten jantziak egiteko eskatzen zidaten. Egin nuen lehenengo soinekoa deskalabru hutsa izan zen, emakume batek eskatu zidan, oihal dotore bat ekarrita. Aski gorputz zaila zeukan, titi mandoak, aldaka mamitsu desorekatuak… Josi nion soinekoa eta edozer gauza ematen zuen, “berriro egingo dizut”, esan nion, askatu, zurikarrez markatu, atzera josi eta bigarren aproban eraman zuen. Kalean ikusten nuenean lotsa-lotsa eginda igarotzen nintzaion aldamenetik, ez zidan kasurik egiten, ez zidan beste jantzirik enkargatu. Ni baldresa naiz, zikinbrillo samarra, azkarra, sosegua falta, ti-takoa.

      Ezagutzen dudan jostunik kiriotsuena.

      Eman dezala itxura, bete dezala funtzioa, kito. Eta joskin-lana guztiz da kontrakoa: perfekzionista, glamourra eta elegantzia bilatzen dituena, zehatza. Urrun nago ni hortik, nahiz eta gustatzen zaidan modeloen paseak ikustea, apaindura askoko soineko sofistikatuak, mozketa bereziak… Izan, gehiago naiz batailakoa: irudikatu, fabrikatu, erabili. Eta hori inauterietako jantzietan topatu nuen.

      80ko hamarkadan hasi zen Elgoibarren inauteriak ospatzeko ohitura indartzen. 70eko hamarkadan kanpotik etorritakoak bakarrik irteten ziren, eta asteartez baino ez.

      Galiziako eta Extremadurako emakumeak.

      Haiek bazuten ohitura, grazia handia egiten ziguten, andre zaharrak ateratzen ziren etxeko piltzarrekin mozorrotuta, zapiekin eta ruloekin, elkarri besotik helduta, barrez, iji eta aja, parrandara. Haiek sortu zuten hemen inaute motza, astearte inauteria, Tolosan ez beste toki guztietan debekatuta zegoena. Haiei segika hasi ginen gu asteartez irteten. Taldean mozorrotu ginen lehenengo urtean, puta, alkatea, moja eta apaiza izan ginen. Denda ireki aurretik. PCko emakumeekin atera ginen. Larunbatean ez zen ezer egoten.

      Larunbatetakoa 80koan hasi zen, sagutxo pinpirin mozorrotu zinen!

      Sekula ez naiz hain erridikulu sentitu. Alabarekin atera nintzen, biok sagutxo pinpirinez jantzita, lotsa gorria pasatu nuen. Mozorroek asko esaten dute norberaren nortasunaz. Gau hartan, haurra etxera eraman, Andresekin utzi, eta esan nion, “banoa atzera kalera”. Ganbarara igo, pailazo jantzia soineratu, aulki bat besapean hartu eta kalera atera nintzen Charlie Rivel jantzita, orduan bai, orduan gozatu nuen ederki.

      Jendea galdezka etortzen zen dendara: “Badaukazue sukaldari txapelik? Pirata partxerik? Pailazo pajaritarik?”. “Ez, baina nahi baduzu egingo dizut”, esaten genien. Horrela hasi ginen mozorroak josten.

      Orduan ez ziren inon saltzen. San Frantzisko kaleko jostun batek, ixtera zihoala eta, telak eskaini zizkigun: stock guztia erosi genion, fardel haiek denak, ehun biribilki igual, oraindik badira biltegian haietako oihal batzuk.

      Gaur egun lauzpabost apalategi dauzkagu oihalez beteta, baina hartu izan dituzte sei eta zortzi ere.

      Hirurehun jantzi egiten genituen inauterietarako, epe laburrean.

      Ehun edo ehun eta berrogeita hamar mozorro mozten nituen dendan bertan jostekoak, eta beste hainbeste bezeroek etxean jos zitzaten. Moztuta ematen nizkien, paperezko paketetan. Moztea da zailena, ondo moztuta dagoena ondo josteak ez du misteriorik. Pipi Kaltzaluze, adibidez: ba, ematen nizkien txabusina, amantala, koloretako patrikak eta petatxuak. Batzuek makinaz, gehienek eskuz eta zenbaitek grapaz josten zituzten. Normalean, amamek. Hori bukatu da. Amama haiek hil ziren eta akabo. Orain dena erosten da. Edo beste mozorro bat, Minnie-rena, urtero ateratzen dena; orain belarriak saldu egiten dira, orduan ez, neuk egiten nituen, gonak baino askoz ere lan handiagoa zeukaten, erdia kobratzen ziren. Zapatak eta botak ere egiten genituen feltroz. Bezeroak etortzen ziren, oihalak hautatzen zituzten, esaterako, ninja edo sorgin edo dortoka mozorro batentzat, eta nik momentuan imajinatzen nuen nola egin nezakeen eskatzen zuten hura, ze teknikarekin, ze formatan… Paper batean marrazten nien figurina. Erabili beharreko oihal zatiak apartatzen nituen, paperean biltzen eta multzoan uzten nituen gero patroiaren arabera mozteko. Izugarrizko fardel-tontorra izaten nuen moztu beharreko oihalekin. Goizean goiz etortzen nintzen, bazkalorduan, gauez afalostean… Jantziak ondo mozteko kontzentrazioa behar da eta denda itxita zegoen orduetan etortzen nintzen. Lagunak pasatzen ziren kuxkuxean, mozorro-tontorra nola zihoan ikustera. Gero nik moztutako mozorro gehienak Mari Luzek josten zituen, amaginarrebak, hemen ez baikeneukan astirik. Bera zen jostun nagusia. Dendatik metro gutxira bizi zenez oso ondo zetorkidan, moztutakoak eramaten nizkion eta berak josten zizkidan.

      Haurrak izan genituen garaia izan zen lantsuena dendan ere. Eibarko jendea etortzen zen mozorroak hemen egitera, Soraluzekoa, Mendarokoa, Debakoa…, kuadrilla osoak sartzen ziren, sekulako buila dendan, telak erakutsi behar zitzaizkien, banan-banan neurriak hartu: bateko jostun erregela, besteko oihal-biribilki handiak han-hemen, guraizeak, neurketa-zinta, buru-orratzak… Dendaostea kutxaz, pertxaz eta txatalez beteta: desorden koloretsu bat. Tela guztiak kanpoan txukuntzeko, mozteko, paketeetan biltzeko, izenak jartzeko… Eromena zen, hogei bat urte izan ziren aski zoroak.

      Gauean etortzen ginen, hamarrak edo hamar eta erdiak aldera, behin haurrak lokartuta. Etxean esaten genuen: “Zinera goaz!”. Baikortasunez hartzen genuen. Izan baikenituen geure liskarrak. Hasieran denda itxi berritan gelditzen ginen jostera, eta bederatzi eta erdietan edo hamarretan etxeratzen, ordurako haurrak bainatuta, afalduta, igual lo, eta senarrak esan zidan, “ezin dugu horrela jarraitu”. Horregatik hasi ginen denda itxi, etxera joan, umeei afaria eman eta lokartu ostean berriz jaisten, edo, bestela, goizean oso goiz, denda ireki aurretik.

      Eztabaidak izaten genituen nik egindako jantzien prezioa zela eta. Esaten zidaten, “pirata-sonbreiru bat nahi dut”, edo “pamela bat halako eta halako lore eta apaindurekin”. eta nik asmatu egiten nuen, pentsatu eta fabrikatu. “Zenbat kobratuko dugu hau?”, galdetzen zenidan, eta nik, “berrogeita hamar pezeta?”. Gozoa jartzen zinen: “Lan hori gehiago kobratu behar duzu!”. Nik prezio bat esaten banizun, zuk hura halako bi kobratzen zenien.

      Inauteriak amaitutakoan brodatze-lanak hartzen hasten ginen: banderak, zapiak, txapelak... Irailean, eskolako amantalak brodatzeari ekin genion. Halako batean brodatzaile laguntzaile bat ere kontratatu genuen, asko arindu izan diguna lana. Oraintxe erretiratuko da, pena latza daukagu, ezingo baitugu brodatze lanarekin jarraitu bera gabe.

      Hirurogeita hamar urte ditu, ez dago beste brodatzailerik herrian.

      Txapel bat brodatzeko, batez beste, sei ordu behar dira. Dendako martxarekin, niri ez dit astean txapel bat baino gehiago brodatzeko astirik ematen.

      Bitxia da: oraingo makinak segituan hondatzen dira. Lehengo josteko makinak badabiltza oraindik; eskuak falta dira.