Denda batzuek marka uzten dute herrian, memorian. Bada andre bat aldirietan ireki zuena saltokia, Artetxen, herriko langile auzo batean. Bezero gehienek epeka ordaintzen zioten. Gero erdigunera etorri zen eta mundua ekarri zuen. Ez sinestekoa da zenbat material daukan, denda bete arropa, maindireak ere bai, urte osoan merkealdietan. Beti “Saldos”, “Rebajas” edo “Promoción” kartela zintzilik. Bi solairu bete arropaz goraino. Amaginarrebarentzako galtzak erostera joan nintzaion behin, neurria esan eta hainbat koloretako galtzak atera zizkidan, kolore bakoitzeko hamabost modelo bai. Arropa onak dauzka: gaueko soinekoak, antzinako piezak, trajeak… eta dendan saldu ez eta antigoaleko bilakatzen zaizkion beste hainbat. Ardoa salduko balu ondo onduta leukake honezkero. Euroa sartu eta urteetara pezetatan zeuzkan oraindik arropen prezioak. Outlet-en bolada hasi zenean urtero joaten zen Donostiara, kamioikadak eramaten zituen. Stock azoka guztietara joaten da. Ixtekotan egon zen duela bost urte, harrezkero dauka afixa fluoreszentea atean: “Jubilazioagatik beherapenetan”. Ez da erretiratzen baina.
Astigarraga ere espeziala zen, hiru arreba-anaiaren artean zabaldu zuten. Loradenda eta kirol denda biak batean, eta kinielak ere saltzen zituzten, leihatila bat zeukan propio horretarakoxe.
Petuniarena gogoratzen? Elgoibarko emakume bat zen Petunia, gizon eibartar batekin ezkondua. Herriko lehenengo bitxi denda galosoa ireki zuen; luxuzko kremak eta lozioak saldu zituen gero. Sasoi hartan ez zegoen lurrindegi dotorerik herrian; oinarrizko higiene-produktuak saltzen zituzten dendak bai, baina ez lurrin eta krema-flasko garestidunik.
Drogeriak baziren, lurrindegirik ez.
Eskaparate berezia zeukan Petuniarenak, gainjarritako triangelu moduko batzuekin osatua. Denda txiki-txikia zen; mostradorea, altua. Amak han erosten zuen Chanel 5a. Bazuen finezia bitxi bat garai hartarako. Boutique errotulua jarri zion, harrituta begiratzen genion. Gure amari asko gustatzen zitzaion hitz hura esatea: boutique, boutique, boutique.
Ortueta zapata dendako larru eta tindu usaina gogoratzen dut, mostradore luzea bueltan-bueltan. Zapatagileak ziren, barruan zeukaten tailerra. Osoron ere zapatak egiten zituen Txominek, Milaren aitak, eta bazen beste zapatagile bat El gordo deitzen geniona, galiziarra. Txibatoa zela zabaldu zen eta bezerorik gabe gelditu zen.
Eta lentzeria dendak! Oso gutxik jartzen zuten azpiko arropa erakusgai, gordean izaten zuten. Karkizanon, esaterako, eskaparatean pijamak, kamisoiak, eskutrapuak… jartzen zituzten, eta barruan eskatu behar izaten ziren jantzi arinak. Dendariak ahotsa apaltzen zuen bularretakoak erakusteko. Arrieta jantzi dendan denetariko arropa saltzen zuten, baita azpikoa ere, eta dendariak arazoak izan zituen erdi-jantziez suelto mintzatzeagatik, bezeroei pudorea ematen zien. Susmagarria zen gizonek lentzeriaz hitz egitea. Azpiko arropak erakustean azalpenak ematen zituen, “bularretako honek balconette kopa dauka, ondo emango lizuke”, edo “kulero parpailadunak ere baditugu”, ondo ezagutzen zuen bere produktua. Azkenean barruko arropa saltzeari utzi behar izan zion.
90eko hamarkadan Skandalo izeneko lentzeria denda ireki zuten bi neska gaztek San Bartolome kalean, neonezko errotulu gorri eta guzti, eta han bai, hasieratik erakutsi zituzten pantiak, galtzerdi gardenak eta saredunak, puntuzkoak eta parpailadunak, galtzariak, kulero beltzak eta gorriak, tangak, gerruntzeak, bodyak…
Gu haurrak ginenean Espainiatik etorritako neskatoek bakarrik janzten zuten koloretako azpiko arropa, hemengook zuria beti. Eskolan, zenbait neskato elkarri gonak altxatzera jostatzen ziren eta barre egiten zieten kulero urdinak, arrosak edo loratuak zeramatzatenei, faja modukoak janzten zituztenei, sekulako estrabagantzia iruditzen zitzaigun.
Orain bada denda bitxi bat, badakizu zein; sartzen zara eta dena dauka kutxetatik atera gabe, pertxetan ere bularretakoak eta kuleroak plastikoen barruan dingiliz, argirik ez. Eskatzen diozuna eskatzen diozula, laster aterako dizu. Lentzeria fina dauka. Pasea du erretiroko adina, hantxe jarraitzen du. Dendariaren semeak ingeleseko eskola partikularrak ematen ditu dendaostean. Lagun batek kontatu zigun bularretako bat erostera joan eta probadorean zegoela ahotsak aditu zituela: bi errezelen artean zegoela kargutu zen, alde batera denda eta bestera ikasleak mintzapraktiketan… eta laguna erdian, bularretakoa probatzen!
Kale hauek dendaz beteta ezagutu izan ditugu beti; dendaz eta tabernaz borborka.
Elkarren aldamenean egon dira tabernak eta dendak, elkarri konpainia egiten. Txikiteoa honaino iristen zen lehen, plazatik behera Oraikoraino jaisten ziren kuadrillak. Pitxintxu parean ematen zuten buelta eta kalean gora abiatzen ziren ostera. Gero aldatu egin zen joera, martxa handiagoa dago beheko partean. Orain terrazen inguruan biltzen da jendea, ez hainbeste kalean gora eta behera, aldatu egin da espazioa okupatzeko modua. Gu denean ibiltzen ginen, hasi Alkortatik, itzulia Errosario kalean barrena, jaitsi plazatik San Bartolome kalean behera eta San Frantzisko kaletik Maalaraino.
San Frantzisko kalea oso-osorik egoten zen, goitik behera, zintzilikaturiko arropaz josita.
Tailerretako beharginen buzoak haizetara balkoi eta leiho guztietan, azulak eta grisak. Orain, ahal duenak, ezkutatu egiten du gobada, gutxiago zabaltzen da kanpo aldera.
Barne balkoietan hedatzen du jendeak lixiba. Badirudi itsusi deritzogula arropak etxaurreetan denen bistan zintzilikatzeari.
Niri gustatzen zitzaidan.
Guk hala ezagutu dugu herria: arropak errekaldera zintzilik, oihal zuriak etxaurre ilunduetan.
Gogoan dut pasadizo bat dendan bi emakumeri entzuna. Konpresarik eta tanpoirik ez zen garaian, andreek trapuak baliatzen zituzten hilekoa biltzeko, garbitu eta berrerabili egiten zituzten. Ni baino hamabost urte zaharragoak ziren bi andreok ibaiaren hegi banatara bizi ziren. Kalean topo eginda, ahapeka, “esperoan al zaude?”, galdetu dio batak besteari, eta hark izututa: “Nolatan dakizu?, ez diot eta inori esan!”. Leihoa seinalatu dio lagunak: “Trapurik ez…”.
Sekreturik ez.
Etxe zaharretan hala egiten da oraindik, etxe berriek barne hedalekuak dituzte. King Kongen ere hala zen, amak patiora esekitzen zuen.
Pintzak koloreka ordenatzeko ohitura zeukan. Berak erakutsi zigun jantziak ondo astintzen eta matxardak joskuretan jartzen markarik ez uzteko eran, hurrenkera egokian esekitzen arropa garbitu berria: maindireak kanpo aldera, barrurago toallak, galtzak eta alkandorak, eta leiho-kontra, babesean, arropa txikia, intimoa.
Hori denok egiten dugu, hedakera erakutsi egiten ziguten.
Susmagarria zen bularretakoak lehen lerroan zabaltzen zituen andrea.
Zikinaren eta garbiaren ulerkera asko aldatu da.
Tailerretako ur zikinak ere zuzenean ibaira isurtzen ziren, disimulurik gabe. Gero berritu egin zen estolderia, hondakin urentzako hodiak egin ziren, araztegia jarri, ez dakit gutxiago zikintzen dugun, lohia gutxiago ikusten da. Orain estolderiak Internetez kontrolatzen dituzte lejia usaineko bulegoetatik.
Lehen dena zihoan zuzenean ibaira: zuk komunean kaka egiten zenuen eta, arin ibiliz gero, ikus zenezakeen mokordoa, plof, ibaira erortzen. Ez ur beltzik, ez grisik, ez ezer: dena putzura.
Oraingo enpresek ez dute lantegi itxurarik, lehengo galdategi haiek… Industria oso zen zikina, gaur egun asko zaintzen dituzte etxaurreak eta kanpo irudia. Alkorta enpresa zena, alemaniarrek erosi zutena, orbangabea da orain. Han gabia martxan dago oraindik, kolpeka; gauez, haizeak nondik jotzen duen, oraindik aditzen da etxetik mailu erraldoia. Gabia ez da sekula gelditzen, baina enpresa horrek, kanpotik begiratuta, ez du lehengoaren inolako antzik, inork ez luke galdategia denik igarriko. Orain zikinak min egiten du begira. Ezkutatu egiten da.
Probagelarekin ere gertatu zitzaigun. Bi aldiz aldatu dugu lekuz. Hasieran dendaostean geneukan, komunean bertan, ez zitzaigun burutik pasatu aparte jartzea. Ispilu handi bat hormari lotu eta akabo: komunera bidaltzen genituen bezeroak arropa probatzera. Baina, behin, izugarrizko kakalarria sartu zitzaidan. Demaseko kiratsa utzi nuen. Ni irten berritan sarrarazi zenuen zuk emakume bat jantziren bat probatzera. Lotsa-lotsa eginda esan zenidan: “Hau ez da modua, Izaskun!”. Orduan erabaki genuen tokiz aldatzea.
Medikutara eraman zuen lehen haurdunaldi-proba ez zen gurea izan. Gertuko baten analisiak entregatu behar genituen Mª Antonia San Sebastian analistarenean eta Andresi eskatu nion joateko, ni dendan nengoen eta. Orduan hasi berriak gu nobiotan. Zorionak eman zizkion medikuak: “Haurdun zaudete”. “Ez da nirea!”, Andresek, izututa. Ez zekien eraman ziona haurdunaldi proba zenik. Gure kuadrillako hiruk abortatu zuten, eta emakume taldera ere hainbat neska etortzen zen laguntza eske.
Dirua lortu behar zen, Londreserako bidaia lotu…
Baina hori baino lehen, amona Genarari entzunda ezagutu genuen guk abortuarena. Dendan sexualitateari buruzko liburuak saltzen genituen, eta, halako batean, erakutsi diogu amonari azalean zakil baten argazkia duen bat, “begira nolako gauzak saltzen ditugun”. “A ze nazka!”, esan zuen. Sexua harentzat zerbait oso gogaikarria izan zela antzematen zitzaion; guk kontatzeko xaxatzen genuen: “Aitonak nahi zuenean… urrutitik igartzen nion. Nik argi neukan ez nuela ume gehiago nahi. Bi izan nituen, baina pozarren geldituko nintzen bakarrarekin. Chimbo xaboia egostera jartzen nuen, hiru ordu lehenago izaten nuen prest funtzioa amaitu orduko irrigazioak egiteko likidoa. Hori lagun guztiok egiten genuen ohekoa amaitu ostean. Erre egiten zuen! Aitona lasai asko gelditzen zen ohean zurrungaka”. Behin eta berriz esaten zuen amonak “a ze nazka!”. “Metodo horrek funtzionatzen ez bazuen”, jarraitzen zuen, “lagunen batek haurdun egon zitekeela susmatuz gero, Donostiarako autobusa hartzen genuen Tolosan, hogeita hamasei geltoki zituen, eta atzeko partean jartzen ginen zutik, mugimenduarekin zera askatu zedin”. Gure amak sekula ez zigun sexuaz hitzik egin, baina amonak bai. Andresekin ezkondu nintzenean, Italiara autoz joatekoak ginen eztei-bidaian, eta Andresi aparte hartu eta esan zion: “Zu gizon azkarra zara eta ulertuko didazu: Frantziara iristean, fijatu farmazietan”.
Ginekologo bat aurkitu genuen Bilbon antisorgailuak errezetatzen zituena, eta denok pasatu ginen handik, kuadrilla osoa. Ezkutuan joaten ginen autobusa hartuta.
Hileroko irregularra orekatzeko antisorgailuak errezetatu zizkidan niri, primeran zetozkidan, bi txori tiro bakarrean, baina joan naiz Bilboko ginekologoak egindako errezetarekin Elgoibarko medikuarengana, Cresporengana, eta, zer-eta ez dizkidala emango! Zikloa erregulatzeko behar nituela azaldu nion. “Ados”, esan zidan, “etorri zure amarekin eta konponduko gara”. Pilularik gabe gelditu nintzen, noski. Hogei urte neuzkan.
Arrate, gure laguna, Donostian ari zen ikasten, ikasleen mundua aurrerakoiagoa zen, gu herrian gelditu ginen. Asteburuetan etortzen zenean kontatzen zizkigun hangoak: hitz egiten zigun emakumeen mugimenduaz, ikasleen mugimenduaz, langileenaz… Donostiatik bueltakoan dendara sartu zen batean Zelaia aurkitu zuen dendaostean, kapitaleko aurrerabideekin hasi zen Arrate, askatasuna gora, askatasuna behera… Eta Zelaiak: “Begira, Arrate, emakumeok ez zarete askatuko haurrak makinekin egiten hasten ez diren arte”. Haserretu egin ziren. Arrate amatiarra zen, garbi zuen haurrak izan nahi zituela. Nik esan nion, horretan, akaso, arrazoi izango zuela Zelaiak.
1982ko martxoan epaitu zituzten abortatzeaz akusaturiko Basauriko emakumeak. Ordurako bero zegoen giroa.
Zinta isolatzailearekin egin nuen pankarta dendaostean: “Abortoaren legalizapena. Mujeres solidaridad” jartzen zuen.
Gautxoria nintzen, baina Jose Inazio soldaduskan zegoela parranda alboratu eta mendizaletzen hasi nintzen. Erretzeari utzi nion, kirolari ekin. Garrantzitsua bilakatu zen mendia niretzat. Lagun nagusiagoekin joaten nintzen, haiek bazeukaten autoa, Pirinioetara eramaten ninduten. Bata Luki zen, bestea Andoni Arrizabalaga Itziarren semea, Eugenio Aranburu Mallabi… Denak hilda daude orain. Haiekin aritzen nintzen ahuntzarena egiten. Mendian galdu nituen ebakortzak. Taillonetik behera gentozela, elurtegi batean labain eginda amildu ginen lagun bat eta biok eta magaleko harrien kontra danba jo nuen ahoarekin. Erreflexuz, atzera beren lekuan sartu nituen ebakortzak istantean, oraindik oroitzen dut nolako soinua egin zuten, kra. Zazpi urtez iraun zidaten keinu erreflexu hari esker, gero erauzi eta ordezkoak jarri zizkidaten. Huraxe izan zen helikopteroan ibili nintzen lehen aldia, Errolanen arroilan barrena. Julio lagunak bost kilometro egin behar izan zituen oinez salbamendukoei deitzeko eta beste adiskide batek bakar-bakarrik jaitsi behar izan zuen mendian behera, beldurrez. Gure bila etorri ziren ospitalera… Endredo ederrean sartu genituen. Trukean, eskertzeko, zekenak zer ginen, kantinplora bana oparitu genien.
Aldizkariak saldu genituen denboraldi batean, kioskoko atala izan genuen. Garai hartan hasi ziren errebisten azaletan emakumeen biluziak publikatzen, erotikoak eta pornografikoak. Ordura arte ez zen halakorik hemen. Gainerako aldizkarien artean tankera horretakoak ere bidaltzen zizkiguten eta apalategiaren atze-atzean jartzen genituen.
Ezkutatu egiten genituen.
Saltzaile batekin nengoen batean, hartu zerriak errebista haietako bat eta erakutsi zidan hanka zabalik azaltzen zen neska baten argazkia. Gizonak izango zituen berrogeita hamar edo hirurogei urte, zaharra iruditu zitzaidan behintzat. “Begira, begira nola daukan alua puztuta, ba al dakizu zergatik den hori?”, esan zidan. Probokazio hutsa, nik ez nekien non sartu ere, hogei urte neuzkan. Ez dakit nola moztu nion, baina han bukatu zen, saltzaile hura ez zen gehiago dendan sartu eta halako aldizkaririk ez genuen berriz ekarri.
Bestela ere, kioskoko atalak ez zuen luzaz iraun: izugarrizko lana ematen zuen eta marjina txikia.
Ez zitzaigun gustatzen eta, zuk, Izas, ez zenuen batere ongi eramaten. Semana, Pronto... txorakeriak iruditzen zitzaizkigun. National Geographic gustatzen zitzaigun, baina ez zuen inork erosten. Gerora, ekarri izan ditugu aldizkariak beste banatzaile batzuen bidez. National Geographic bera, Argia, Ipurbeltz, Kili-kili, Habeko Mik...
Kioskoaren funtzionamendua oso azkarra da: asteartero jasotzen genuen materiala eta itzulketak hurrengo asterako paketatu behar ziren. Esandako egunean itzuli ezean dirua galtzen zen, erreta nengoen.
Coca-Colaren logotipoa zeukan produkturik ez saltzea ere erabaki genuen.
Modan egon zen urte batzuetan, denetik atera zuten: txapak, motxilak, poltsak, toallak... Komertzialek ziurtatzen ziguten dendaratu ahala salduko genituela; ezetz esan genien, yankiak ezetz.
Gurutzeei ere betoa jarri genien. Orain malguagoak gara gurutzeekin, lepoko txiki batzuk ekartzen ditugu, hegoamerikarrei asko gustatzen zaizkie eta bezero onak dira. Baina garai hartan ez Coca-Colarik, ez gurutzerik.
Liburuetan ere ez ditugu denak hartzen. Logista banatzailekoek Madriletik bidaltzen dizkigute liburuak eta gertatu izan zaigu Espainiako erregeari edo infantari buruzko publikazioak jasotzea, politikari eskuindarren memoriak... Zuk deitu zenien esanez, “hemen ez dugu horrelakorik saltzen, mesedez, ez bidali gehiago”.
Baina lantzean behin sartzen da deskuiduan bat edo beste; orain dela gutxi Cayetanaren liburua bidali dute...
Hortxe dago biltegian.
Orain dela bi urte, eskaera bat egin behar izan genuen Afede etxera eta gutxiengo gastua osatzeko materiala falta zitzaigunez Ertzaintzaren jostailuzko autoak eta helikopteroak erosi genituen. Gure dendan oso ondo saltzen dira kamioiak, motoak, hegazkinak, hondeamakinak… Sarreran dauzkagu, eskura. Haurrekin datozen aitona-amonek erosten dituzte. Suhia dendan sartu eta Ertzaintzaren materiala ikusi zuenean begiak irten zitzaizkion.
Kargu hartu zigun. “Ni horiek atxilotu ninduten…”.
Baina ez zen beste inor kexatu.
Ez!, ondo saldu ziren. Batez ere, baserritarren artean izan zuten arrakasta. Helikopteroak eta furgoiak eta motoak eraman zituzten.
Lehenengo ikurrina 1977an josi genuen, denda ireki baino urtebete lehenago. Caja Laboralean lan egiten zuen gizon bat etorri zen etxera, Angelito, Zarauzko Arraun Elkarteko lehendakariaren laguna zena. Penatuta kontatu omen zion zarauztarrak: “Estropadetarako bandera bat enkargatu diagu eta itsusi amorratua egin zigutek, lehoiek zakurrak ziruditek!”. Angelitok esan zion Elgoibarren bazirela bi neska josten eta brodatzen trebeak. Etxera etorri zitzaizkigun Arraun Elkarteko arduradun hura eta orduko Zarauzko alkatea: Imanol Murua. Erakutsi genien zer zen egiten genuena eta enkargua egin ziguten, Zarauzko II. estropadetarako ikurrina josi eta brodatzekoa.
Ardura handia zen, guk ez genuen sekula halakorik egin; baietz esan genien, dena den. “Non sartu gara?”, esaten genion elkarri, baina aitak haizea eman zigun, ondo egingo genuela ziurtatu. Berrogeita bat bandera egin ditugu harrezkero.
Urte batzuk geroago emakumezkoen estropadetarako ikurrina ere egiteko eskatu ziguten. Arduradunak esan zigun “gizonezkoen berdin-berdina” egiteko. Itxura denez, txikiagoa enkargatzeko proposatu zioten; hark onartu ez, ordea. Hala ere, bi ikurrinak bereizteko neskenean “emakumezkoen estropada” jartzeko eskatu zigun. Hasierako hiru edo lau urteetan hala egin genituen, alabak ohartarazi zigun arte: “Zergatik emakumezkoen estropada, gizonezkoena gizonezkoen estropada ez bada? Ez al da nahikoa zenbakiekin? Bata XXXV.a eta bestea IV.a; argi dago zein den zeinena”. Gutun bat prestatu zigun, bidali genien zarauztarrei eta onartu egin ziguten. Ordutik, ez da sexurik bereizten gure ikurrinetan.
Kontxan oraindik “gizonezkoena” eta “emakumezkoena”, “masculino” eta “femenino” jartzen jarraitzen dute, ele bitan. Gainera akordatzen naiz, Marijo, zuk esaten zenuela: “E-m-a-k-u-m-e-z-k-o-e-n! Hamabi letra gehiago dira brodatzeko! Garestiago egin behar nieke!”.
Gehiago kobratzen genien.
Zure alabaren bikotekideak deitu zuen behin, ahotsa aldatuta. Gaztelaniaz eta Andaluzia aldeko azentuarekin, “¿Izaskun Estívariz?”. Ez nuen ezagutu.
“¿Es usted Izaskun Estívariz?”.
“Sí”.
“Le llamo de la casa-cuartel de la Guardia Civil de Zarauz. ¿Ustedes cosen banderas?”.
“Sí, ¿qué necesita?”.
“Una bandera de España, grande”.
“¿De qué medidas la quiere?”.
“…Ummm… no sé… ¿2x2?”.
“¿2x2? Las banderas suelen ser rectangulares, pero si usted la quiere cuadrada, yo se la hago cuadrada; eso sí, tendrá que esperar, andamos con mucho trabajo”.
Barrez lehertu zen, ez zuen uste enkargu hura onartuko nuenik; orduan konturatu nintzen nor zen.
“¿De verdad que cosería una bandera española?”, galdetu zidan oraindik guardia zibil ahotsarekin.
“No sería la primera vez: hace tiempo hicimos una… pero la quemaron”.
1983ko uztailaren 9an hil zen aita. Ezkontza batetik bueltan gentozen, festa luzatu nahi izan zuen eta Orioko Katxiña jatetxera gonbidatu gintuen afaltzera, dantzan eta kantuan aritu zen. Bihotzekoak jo zion, Katxiñako belardian hil zen. Azkenaldian, itxita egon da jatetxea, barruan, jantokian, gure aitak egindako murala zegoen.
Bihotzekoak jo zionean zuk kordea galdu zenuen, ospitalera eraman zintuzten. Amari ondoezak eman zion. Ni bakarrik sartu nintzen anbulantzian aitarekin. Ordurako hila zen, nik banekien hila zela, baina anbulantziako medikuak esan zigun ofizialki bizirik eramango zuela gorpua Elgoibarreraino, guri anbulantzia gastuak aurrezte aldera. Etxera ekarri genuen, heriotza ziurtagiririk gabe. Etorri ziren ehorztetxekoak, prestatu zuten dena, handik pare bat ordura iritsi zinen zu ospitaletik. Garajera jaitsi nintzela gogoratzen dut. Etxera igo nintzenerako gaueko hamabiak ziren. Ehorztetxekoek gurutze erraldoi bat jarri zuten, argimutil altu batzuk… beldurgarriak. Amak eskatu zien hura guzti hura erretiratzeko. Arrapataka egin behar izan genuen hileta. Uztailaren 9ko arratsean hil zen, bero sapa egin zuen, ehorztetxekoek esan ziguten gorpua nahi baino lehen has zitekeela usteltzen, egiteko hileta lehenbailehen. Igandez ehortzi genuen: hiru orduko beila egin genion goizean eta eguerdian bertan lur eman. Hurrengo egunean, astelehenean, aita lurpean, guk heriotza ziurtagiririk gabe jarraitzen genuen. Guardiako medikuarengana joan nintzen agiria eskatzera; ordea, esan zidan ezin zidala halakorik eman gorpurik ikusi gabe. Erizainak konbentzitu zuen, dendatik ezagutzen ninduen.
Hain sastakoan izan zen dena ze jende askok ez zuen hil zenik jakin. Hurrengo hilabeteetan telefonoz deika jarraitu zuten aitarentzako enkarguekin.
Ama lur jota gelditu zen, orduan piztu zitzaion diabetesa. Jose Inazio eta zu Perura joan zineten, bidaia hartuta zeneukaten. Nik ez daukat abuztuan gaizki pasatu izanaren oroitzapenik, haurdun nengoela jakin nuen, bizimodu normala egiten nuela uste dut, lanera etortzen nintzen. Zu, Izas, abuztuaren 23an itzuli zinen Perutik eta, denda sanbartolomeengatik itxita geneukala aprobetxatuz, zuek Picosetara eta gu Soriako La Laguna Negra kanpinera joan ginen. Toki trauskila, telefonorik ere ez zeukan. Aldameneko partzelan down sindromedun kuadrilla bat geneukala dut akorduan, irudi hori etorri izan zait behin eta berriro gogora, ez dakit zergatik. Eta hasi zen euria zarra-zarra. Andresek irratia jartzeko ohitura du, eta esnatu nintzenean ura gora eta gora zetorrela entzun nuen, Elgoibar aditu nuen… Autoa hartu eta hurbileneko herrira joan ginen, sei kilometrora, amari deitzera. Baina amak hartzen ez. Beste norbaiti deitu nion eta esan zidan ibaiak oso itxura txarra zekarrela. Kanpin denda jaso, autoa hartu eta bueltan etorri ginen. Durango igarota autopistan ez aurrera ez atzera gelditu ginen, itzulera operazioa zen, jende pila bat zetorren bueltan Marokotik, ura gora eta gora, hamabi orduan egon ginen geldirik, urak nola hazten ziren begira. Nik izugarrizko txizalarria neukan baina, hain nengoen urduri, ezin tantarik ere egin. Esaten nion Andresi: “Guk behintzat ezagutzen dugu tokia, badakigu gorantz mendia daukagula, autoa bertan utzi eta mendian gora joango gara ura irteten hasten bada”. Gaueko hamaikak aldera iritsi ginen Elgoibarrera. Hirigunean argirik ez. San Roke aldera hartu genuen, festak ziren, Otzaken dantzan ari zen jendea, Txiki Eguneko gaua zen, bazirudien ez zela ezer gertatzen. Hurrengo goizean dendara jaitsi ginenerako urak hartuta zegoen dena.
Gu Picosetan geunden, mundutik aparte. Bueltan gentozela bide ertzeko taberna batean gelditu eta han ikusi genuen telebistan: “Elgoibar, uholdeak”. Ni ere oso urduri jarri nintzen. Errepideak moztuta zeuden eta ezin izan ginen itsasaldeko bidetik etorri. Burgoseraino jaitsi behar izan genuen. Lanak izan genituen iristeko. Autoa garajean sartu orduko dendara jaitsi ginen. Cabralesen erositako gazta bat geneukan maletategian baina hain gentozen larri, hantxe utzi genuen. Sandaliak soinean jaitsi ginen dendara. Desastre hutsa: dena lokatzez beteta, ia metro eta erdi hartu zuen urak. Lanean hasi ginen berehala, denda husten. Gauza asko Mari Luzen etxera igo genituen: diskoak eta liburuak. Berriz etxera iristerako igaro ziren bi egun, ez dakit lorik egin genuen. Itzuli ginenean, autora sartu eta hura kiratsa!, bi edo hiru hilabete kosta zitzaigun Cabralesaren hatsa kentzea. Iltzatuta gelditu zait usain hori memorian. Askotan akordatzen naiz. Eta harrezkero zenbat amets uholdeekin, ura leporaino genuela, sabaiaren kontra ihes egiteko moduren baten bila. Igual bost urtez eduki genuen izua barruan inkatuta.
Ni abuztuaren 26an jaitsi nintzen Andresekin; zu iristerako joan ziren bi egun. Ezin zintugun lokalizatu, ama nerbioetatik jota zegoen, aitaren heriotzagatik hautsita, ezin aurkitu zintuelako urduri… Dendakoa ikaragarria zen. Dena zegoen heze eta zikin, ura metro eta hogeira iritsi zen. Ura xukatzen ibili ginen, zulo bat egin genuen zokaloaren azpian ibai aldera. Liburuak, diskoak, hariak, puntillak… bat eta hogeiren azpitik zegoen guztia hondatu zen. Ahal zen guztia garbitu eta lehortu genuen. LPek izugarrizko lana eman ziguten, lokaztuta zeuden denak. LPak paperean bilduta egoten ziren eta itsatsi aurretik atera eta garbitu genituen. Mari Luzen etxera eraman, banan-banan paperetik askatu, bainera ur-xaboiarekin bete eta hantxe sartu genituen; Mistolekin igurtzi, lehortzera jarri manten gainean edo platerentzako xukaderan. Sukaldean tantaka James Taylor, Donovan, Weather Report, Oskorri, Benito Lertxundi, Dire Straits… Gero plastikozko zorroak erosi genituen, taldearen izena paperean idatzi eta merke-merke jarri salgai. Taldearen logotipoaren antzeko zerbait marrazten genuen, Queenena adibidez, eta aurrera. Ia denak saldu genituen. Eta liburuekin gauza bera, urak hartu zituenak berreskuratzerik ez zegoen, baina goiko apaletakoak ere umelak hartuta zeuden, orriak elkarri itsatsita, orriak bereizi eta sikatu egin genituen ile lehorgailuarekin. Batzuk hutsaren truke saldu, beste batzuk oparitu… Eta kakorratz lanak! Zortzi edo hamar lagun etorri ziren zenbait arratsaldetan, lurrean eseri eta hortxe aritu ziren hariak banaka-banaka garbitzen, matazak hartu eta lokaztutako metroak kentzen, hogeita bost metro igual, barrukoa aprobetxatzeko. Lagunak behearen gainean: batzuk gantxilloekin, besteak galtzorratzekin, hariekin…
Eta puntillekin. Puntilla pila bat saltzen genuen, errezeletarako. Getariako balkoia, Andresen gurasoen etxekoa, lehortzera jarritako puntillaz beteta gogoratzen dut, zuri-zuri eguzkitan, festa bateko girlandak balira bezala. Andresen amak garbitu zizkidan. Amak, zuloan baitzegoen, etxetik ez irtetea erabaki zuen. Ez zen dendara ezertarako etorri, ez zuen ikusi hemengo panorama, ez zigun galdetu. Min hartu nuen. Hori gogorra izan zen, niretzat behintzat bai, amak ahaleginik ez egitea guri laguntzera jaisteko. Dolutan zegoen, ez zen jaitsi. Mari Luz eta Mari Paz, amaren lagun mina zena, buru-belarri aritu ziren garbitzen, eta gure lagun mordoa ere bai. Jende asko etorri zen, salgai guztiak kalera atera genituen, lapurretak izan ziren, izan zen egoera aprobetxatu zuenik… Optikakoek moketa bat atera zuten kalera garbitzera, ohar batekin: “Berrerabili egingo dugu; mesedez, ez hartu”. Guk dena atera behar izan genuen, baita altzariak ere.
Hilabete eta erdi kosta zitzaigun denda berriro zabaltzea.
Ibaitik sartzen zaigu argia. Zortzi-bederatzi ordu ematen ditugu egunero denda barruan, ibaiak dakartza dendatzera espazioa eta argia. Dendaostean gure baitara biltzen gara, brodatzera edo jostera, materiala antolatzera, babesera. Ibaiak begirada irekitzen digu. Gogorra litzateke leihorik gabeko denda batean lan egitea. Brodatzen aritzean burua altxatu eta begirada luzatu ahal izatea gustatzen zait. Lehen ez zegoen ahaterik, paittarik, guk paitta esaten diegu ahateei, orain bai; lehen ez zegoen ibaiertzean landarerik eta zuhaitzik, orain irlak sortzen dira urak urri datozenean. Tomateak ikusi izan ditugu hango bazterrean. Arbola hau oso gaztea da, lizarra. Aspaldi, ortuak zeuden han, bestaldean.
Gu umeak ginela ibaia askoz garbiagoa zen. Bi etxetan bizi izan gara eta biek zeuzkaten leihoak ibai aldera, umetako sukaldea uraren gain-gainean zegoen, halatsu denda. Jendeak ibaira botatzen zuen zaborra. Poltsen soinua aditzen genuen erortzean. Beste batzuek organikoa botatzen zuten, arrain-hezurrak plateretik zuzenean, klax-klax-klax entzuten zen.
Gure lehen etxearen parean ibaia bitan banatzen zen, emari nagusiari adar bat egiten zitzaion, pasaleku bat eta zubitxo bat zeuden aldez alde. Urak handitzen zirenean, urtean behin edo birritan, bat egiten zuten bi adarrek, zubitxoa gainezkatzen zuen urak, orduan hasten ginen kezkatzen. Batzuetan urdin jaisten zen ibaia, besteetan gorrixka, Bergarako oihal-fabriketako isuriengatik zela esaten zen. Biharamunean aingirak agertzen ziren hilda.
Sarri-sarri jaisten ginen ibaira, sukaldeko trapua edo eskegitako maindireren bat erortzen zen bakoitzean. “Mantarra!”, oihukatzen zuen amak.
Oso kutsatuta egon da urte askoan, orain garbiago dator, urarre, hala ere. Dendapeko pasagunearen azpian daude ur zikinentzako hodiak, zuzenean araztegira doazenak. Baina arrainik ez dago.
Zer edo zerk egon behar du! Ubarroiak, koartzak eta kaioak hor aritzen dira zokomiran… Itsaso txarra dagoenetan dendaostetik kaioak ikusten ditugu, Maltzagaraino iristen dira. Oinez joan nintzen lehengo batean hiru koartza eta bi ubarroi ikusi nituen ur bilduen gainean; arreta eman zidaten. Hiru presa daude ibaian, arrainek ez dute urruti behar, beti egoten da, barren, hegaztiren bat atezuan.
Urtaroekin itxuraldatu egiten da ibaia, meheago jaisten da udan. Udazkenean urrituta etortzen da eta lur zati asko egoten dira bistan. Euri asko egiten duenean dena da ura. Orain paittak eta uhartetxoak ikusten dira, gero emaria bakarrik. Urak handitzean pasalekua estaltzen du, han aurreko hormako bigarren marra hartaraino igotzen da aise, belarrak hasten diren mailaraino; hortik gora, kakalarriak jotzen gaitu. Hor azpiko zolan ikusiko duzu uholdeen ostean egin genuen zuloa; kutxatila jarri genion, arketa, arratoien beldurrez. Maiatzean ahateak kumatzen dira. Hori pikondoa da, uda amaieran heltzen dira pikuak; hura akazia, apirilean loratzen da. Udazkenean arbola gehienak biluztu egiten dira, eta uhaldi bakoitzaren ostean plastikozko poltsak agertzen dira, orain gutxiago, baina duela urte batzuk arbolek gabon-pinuen antza hartzen zuten, zaborra adar guztietatik zintzilik. Haizetan farfara, musika egiten zuten ia.
Gaztetxekoek urtean behin garbitzen dute ibaia, San Bartolome bezperetan, kiloka ateratzen dute zarama.
Asko sufritu dugu ibaiarekin, sekula ez diogu amorrurik izan, ordea. Dendari bati entzun nion, “estal dezatela eta egin ditzatela aparkalekuak!”. Haserre zegoen ibaiarekin. Izugarria iruditzen zait: ibaia lurperatu?, arnasa ematen dio eta herriari. Eibarrek ere badu bere ibaia, Ego, estali egin zuten, eta ahaztu.
Begira han, ahatekumeak jolasean.
Belarritakoak, zintzilikarioak… beltzean erosten genizkien txerpolariei, saltzaile ibiltariei. Etorri ziren hippy batzuk, kinkila saltzaileak, eta erosi genizkien girgileriak: 14.000 pezetako gastua. Iruzur egin ziguten taloiarekin, ezkerretara bateko bat gehitu eta 114.000 pezeta kobratu zizkiguten. Laboralera joan nintzen kexatzera, Donostian harrapatu zuten bikotea, 1988a izango zen. Handik urtebetera epaiketara deitu gintuzten, nik joan behar izan nuen, denda nire izenean dago eta. Itzuleran, zain zeunden. Burumakur esan nizun: “Mari Jose, 100.000 pezeta galdu berri ditugu”, dendaostera ezkutatu nintzen. Errieta egin zenidan. “Zuk ez dituzu ikusi”, erantzun nizun. Kakotuta zeuden, ezpala baino argalago, goian zerua eta behean lurra, gasta-gasta eginda, erreguka… Salaketa erretiratzeko eskatu nuen.
Zilarrezko bitxiak lapurtu zizkigun auzoko mutil batek erakusleihoko kristala zart hautsita, ukabilez jo zuen, odolez orbanduta gelditu zen eskaparatea. Heroinazalea zen, gaztea oso, hil zen. Berehala harrapatu zuten udaltzainek; “kontuz odola garbitzean”, esan ziguten, “hiesa dauka”. Orduan hasi ginen hitz hori entzuten.
Udaltzainek atxilotu zutenez, salaketa jarri zuten mutilaren aurka. Ama dendara etortzen zitzaigun arrenka: “Mesedez, ez ezazue nire semea kartzelan sartu”.
Epaitegira joan behar izan zenuen, egoera azaltzera eta salaketa kendu nahi genuela eskatzera.
“Ulertzen dizut”, esan zidan epaileak; bitxiak itzuli zizkidan eta salaketa erretiratu.
Ama haren nahigabea, haren sufrimendua… Ondo konpontzen zen gure amarekin. Andre hura, Belinda, garbitzailea zen; Osoroko bebarrua garbitu ohi zuen, eta lanbasa eskuan hitz egiten zuen gure amarekin hura markesa baino apainago enkargutara irteten zenean.
Guk bagenekien gure kaleko tabernetan heroina saltzen zela, baina aparte genbiltzan giro hartatik, urruti gelditzen zitzaigun.
Hementxe bertan zen.
Ezagutzen genituen ama haiek, seme-alaba heroinazaleak zituztenak: Vazquez, Camelia, Victoria, Mari Jose… Amaren etxea garbitzen zuen andrearen alaba ere kakotuta zegoen… jende asko.
Luciaren semea ere hil zen: Josetxo.
“Kontuz odola garbitzean”. Neuk garbitu nuen, kontuz, badaezpada.
Azoketara joaten hasi ginen oparitarako materiala ekartzen hastea bururatu zitzaizunean. Oihalezko panpinak erosi genituen. Aurrerago, zeramika batzuk eta zumezko otarrak. Bartzelonan edo Madrilen hornitzen ginen.
Uholdeen urtean zu gabe joan nintzen; dendan gelditu zinen lehortzen, margotzen, gauzak bere lekuan jartzen. Aldi hartan Andresek lagundu zidan Bartzelonara.
Dirurik ez geneukanez, lagunek eramaten gintuzten. Amaiak bazuen autoa, hark eraman gintuen behin Madrilera. Bageneukan beste adiskide bat hirian ahizpa bat zeukana prostituzioan zebilena. Hori ez zigun lagunak esan. Lagunak esan zigun: “Zoazte nire ahizparen etxera, nik deituko diot”. Oso toki arraroa egin zitzaigun, makurra, baina ondo atera zen. Beste batean, lagun baten nebaren untxi-zuloan gelditu ginen Bartzelonara bidean. Lleidan bizi zen etxe okupatu batean, estudiante zebilen, musika ikasten zuen. Joan gara haren arrebaren autoan Kataluniara, iritsi gara goizeko ordu bietan Lleidako herrixka batera eta lagunak: “Izarak ekarri ditut, ez naiz nebarekin fio”. Elkartu gara elizpe batean mutilarekin eta eraman gaitu etxera. Atea falta. Igo gara gora eta komunean hilabeteetako kraka, sukaldea sekula ikusi dudan zikinena. Mutilak seinalatzen digu lurrean dagoen lastaira bat: “Zuek, hemen”. Gure adiskidea lotsa-lotsa eginda. Egin dio kristoren errieta anaiari, nolatan bizi litekeen horrela, instrumentua ezin duela tamainako zerritokian eduki, hondatu egingo zaiola…, eta nebak: “Lasai, tronpeta ateak dauzkan lagun baten etxean daukat”. Bandako tronpetistarik onena izan zen. Lastaira orbandu hartan etzan ginen biok, izara batekin estalita; halako barre-kolpeak eman zigun, gau osoa igaro genuen algaraka.
Zu umedun zeunden urtean trenez joan ginen. Hots egin dut hostalera gaueko hamarretan iritsiko garela esateko, eta tipoak zer-eta berandu deitu dugunez erreserba bertan behera utzi digutela. Nik, larri: “Ahizparekin nago, zortzi hilabeteko haurdun, nola geldituko gara kalean?”, eta berak lasai asko: “Panorama txarra duzue, Bartzelona jasangaitz dago. Halako helbidetan zerbait aurkitzen ez baduzue, ahaztu”. Eman digu helbide bat, joan gara, ilunduta ordurako, topatu dugu kale-kantoi batean: zulo bat, drogazaleen katakunba, ba omen daukatela gela bat. Etzan gara biok estu-estu ohean iturri zantar baten ondoan, komunik ez… Gau osoan hasperenak eta oihuak entzuten egon ginen, denak txortan.
Niri ez zitzaidan gustatzen beti toki berera joatea, bazterrak ikusi nahi nituen.
Madrilera joan ginenean ere, goizeko seietan iritsi eta hamarretan erakustazoka zabaldu arte kafea hartzen gelditzea denbora galtzea zen guretzat. Zentrora joan behar genuela. Proposatzen dizut taxia hartzeko eta zuk, “taxia? Ezta Rothschildarrak bagina ere! Goazen oinez”, eta bagoaz goizeko sei eta erdietan oinez, maleta garraio. Igaro da kotxe bat barruan bost mutilekin, “bortxatu egingo zaituztegu!” oihuka, eta nik zuri, “idiota! Taxia hartu behar genuen!”. Eman dugu egun guztia lanean, iritsi gara gauez hostalera neka-neka eginda, akituta, eta zuk, “goazen zerbait hartzera, Mari Jose!”. Jaitsi gara, bada, eta ireki dugu taska bateko atea: sekulako anbientea, jende gaztea, urdaiazpikoak zintzilik… “Kamarero! Atera guri botila bana ardo!”. “Buruko bat?” hark, harrituta. Eta guk: “Bi erdibana, orduan”.
Lausotuta daukat memorian Arreserena. 1980a zen, hogeita hiru urte neuzkan, zuk, Marijo, bat gutxiago. Garai hartan ETAtik gertu sentitzen ginen ideologikoki, babestu egiten genuen nolabait, baina zibilak hiltzen hasi zirenean zalantza handiak izan genituen. Gero ja, mina. Arrese UCDko alkate ohia zen, eskuindarra. Ordura arte polizien eta guardia zibilen kontra egin zuen ETAk, hori errazago liseritzen zen, Francoren diktaduratik gentozen, gerra bat zen: militarrak militarren aurka. Errepresio izugarria zegoen hemen, ezin genuen jasan. Baina Elgoibarren min sorra egin zuen Arreseren hilketak, semeak ezagunak ziren, Andresek eskolak ematen zizkien, haien euskarako irakaslea zen.
Bi semeak izan zituen ikasle, zaharrena ikastolan eta gaztea institutuan. Bazkalondoan hil zuten, urrian, Andresek ez daki nork jakinarazi zion semeari, baina bai institutuan eman ziotela notizia. Arreserekin berarekin tratua izan zuen Andresek, hura alkate zen garaian ikastolako zuzendaria zen, tirabira batzuk izan zituzten. 1976an ikastola berria eraiki zenean Jaime Arresek Espainiako Juan Carlos erregegaia gonbidatu nahi izan zuen eraikuntza inauguratzera. Irakasleek protesta egin zuten, aurrez aurrekoa izan zuten hori zela eta. Harreman instituzionala izan zuten baina baita irakasle-guraso artekoa ere. Inpaktu handia eragin zion hilketak.
Eztabaida sutsuak izan genituen lagunen artean. LKI utzi eta HBra pasatu zen bat-batean Mallabi, lagun troskoek ez zuten ulertu. Andres eta Jose Inazio Euskadiko Ezkerrara gerturatu ziren… Nik politikan sinesteari utzi nion.
Gu, dendari modura, ez ginen erabat lerratu, beti saiatu gara gure iritzia ematen, baina uste dut gehienok hartu genuen jarrera anbibalentea izan zela: “Ea nola doazen gauzak…”.
Gero Yoyesena gertatu zen. Jose Inazio Ormaiztegin ari zen matematikako eskolak ematen eta Ordizian izan zen Yoyes hil zuten egunean.
Iriondo tabernan tirokatu zuten Jaime Arrese, kale honen amaieran. Kafea hartzen ari zen. Uste dut gauza asko ezabatu ditudala memoriatik. Guk, dendatik, harreman hurbila geneukan familiarekin, egunero ikusten genituen aurpegiak ziren.
Sebastian Aizpiri eta Kakatza tirokatu zituztenean hogeita hamar eta hogeita hamaika urte geneuzkan. 88an hil zuten Patxi Zabaleta Kakatza, Loritoneko aldapan, dendatik hogei metrora. Gaur egun, oraindik, loreak jartzen dizkiote bertan. Garai hartan demaseko arazoak zeuden drogarekin. Guk bagenekien Poliziak hemen droga sartzen zuela gazteak otzantzeko, hori ikusi egiten genuen. Aizpiri eta Kakatza Guass diskotekaren jabeak ziren, sozioak, Aizpiri hamabi egun lehenago hil zuten. Kakatza gertukoa genuen. Guk ez genuen trafikantea zenik sinetsi, ezagutzen genuen… Baina Euskal Herrian mugimendu handia sortu zen kamelloen kontra. Herrian gazte asko hil ziren, beste asko burutik nahastu. Elgoibarko enpresaburu bat zerga iraultzailea ez ordaintzeagatik bahituta eduki zuten Itziarren. Kakatzak eta Aizpirik ere uko egin zioten zerga ordaintzeari. Hortxe bertan garbitu zuten. Txikiteatzen ari zen lagunekin, azkena hartzera zihoazen. Segituan zabaldu zen berria. Familiakoek eta lagunek drogaren akusazioa gezurtatzeko paperak atera zituzten, ETAren jarduna gaitzetsi zuten. Firma bilketak izan ziren hilketa salatzeko. Handik aurrera, lagunek boikota egin zieten zenbait tabernari. Herria zatitu egin zen. Zenbait jendek, adibidez, Orbea tabernara joateari utzi zion ezker abertzalearen aldekoa zelako; guk lagunak izan ditugu Orbeako Antton eta Marian, egoera bortitza zen. Kakatzaren emazteak Mapfren lan egiten zuen, Pitxintxuren pare-parean, egunero ikusten genuen elkar, gertuko harremana geneukan. Eta halakoetan… susmoak dituzu, sumatu egiten duzu nork eman ahal izan dion isilpeko informazioa ETAri… Bazekiten noiz eta nondik igaroko zen, hil zuena ez zen hemengoa, norbaitek pasatu zion informazioa, gu hemen bizi ginen, gauzak ikusten genituen, isildu egin ginen. Zelatatuta zegoen, bazekiten zer ohitura zituen, non izan zitekeen tokirik egokiena tiro jo eta ihes egiteko… Kakatza beste bi lagunekin zihoan, hil zuenak bazekien hiruretan betaurrekoduna zela itua.
Patxi Kakatzarekin harreman zuzena geneukan: dendako asegurua berak egin zigun. 83ko uholdeen ostean paperekin lagundu zigun, aholku eman. Familia ezagunekoa zen, senide askorekin geneukan harremana… Min handia egin zigun.
Mari Tere lagunak kontatu zidan Kakatzaren hileta-egunean Idotorbera joan zela bi alabekin. Alabak mendira eraman zituen hileta ikus ez zezaten, hain gogorra zitzaion. Plazatik igarotzean herrikide batek kargu hartu zion: “Nora zoaz? Hemen egon behar duzu! Hemen!”. Kargu hartu zion emakumeak heroinaren erruz galdu zuen semea eta, hala ere, hiletan zegoen hilketa salatzen. Hark ere ez zuen sinetsi Aizpiri eta Kakatza kamelloak zirenik.
Ni hilketaren kontrako manifestazioan egon nintzen: herriari buelta osoa eman genion errepide nagusitik. Gogorra izan zen, ukitu egiten zen jendearen arteko distantzia, tentsioa, epaia: “Gaur hemen zaude, baina non zeunden orain arte?”. Victoria lagunarekin topo egin nuen arkupeetan, ero moduan ari zen oihuka “kabroiak!”. Ez nengoen lasai, gauza asko sentitzen nituen aldi berean, gauza asko gertatu ziren garai hartan, min eman zigun hilketak, ez geunden bide harekin ados, baina gorrotorik ere ez zitzaigun irteten. “Horiek denak hil egin behar dira!”, aditzen nuen aldamenetik. Horrek ere min egiten zidan… Alaba kozkortu zenean aditzen nion lagunak aritzen zirela goraetaka, uzkurtu egiten nintzen, oihuak hemendik eta oihuak handik.
90eko hamarkadan Andres koinatua eta biok afixa batzuetan atera ginen euskal presoen dispertsioa salatzeko. Kartelak egin zituzten hainbat herritarren argazkiekin eta hormetan paratu. Han agertu ginenetik kalean gu agurtzeari utzi zion zenbait jende ezagunek, tartean Kakatzaren arrebak… Gure dendara etortzeari eta pasaeran kasu egiteari utzi zion. Patxiren emaztearekin eta seme-alabekin, ostera, beti izan dugu harreman ona.
Dendaria zarenean ezin zara pertsonengandik sobera aldendu. Dendak ez du hormarik, zabalik du atea, jendearen aurpegiak ikusten dituzu, jendearen eskuak. Dena bizi duzu bertatik bertara, eguneroko pozak eta miseriak. Badakizu nork edaten duen, nor dagoen dolutan, nori eta nondik egiten dion ihes diruak, nor ari den aberasten. Oso gogorra izan zen: ingurukoen mina, amorrua, isiltasuna… Hilketa haien ondoren jarraitu egiten zuten mobilizazioek, ETAren aldekoek eta aurkakoek. Gure semeak “gora, behera, izarra!” abesten zuen manifestariak imitatuz. Greba orokorrak zeudenean erabakiak hartu behar ziren, denda itxi ala ez itxi, guk bagenekien itxiz gero nork hartuko zuen min, itxi ezean nor haserretuko zen, zer eginez gero nola sailkatuko gintuzten… Mila Zapa gurera etortzen zen zer asmo geneukan galdezka. Azkenean, errazena egiten genuen, gehiengoaren aldera lerratu. Geure burua babestu gehiengoaren epelean.
Eguzkia nora, zapiak hara.
Uste dut askok egin genuela hori.
“Mari Jose, aitaren heriotzak utzi zaitu zu umedun”, esan zidan izeba Gertrudisek. Arazoak nituen haurduntzeko, tenperatura basala neurtzen nuen egun ugalkorrak zein nituen jakiteko. Aitaren heriotzaren biharamunean egokitu zen momentu aproposena, egoera kafkiarra zen, baina hala gelditu nintzen haurdun, aita hil eta hogeita lau ordura. “Ez diot inori ezer kontatuko”, esan nion Andresi. Handik hilabetera eraman ziguten denda uholdeek. Aurrerago, Pilarica bezperan, Getarian lagun batzuekin zerbait hartzen ari ginela, komunera joan eta odola ikusi nuen izterretatik behera zetorkidala, odol asko. Fantasma baten itxurarekin jaitsi omen nintzen. “Goazen etxera! Goazen etxera!” esaten nion Andresi. Etorri ginen, deitu genion medikuari eta geldi-geldi egoteko agindu zidan, ohean etzateko eta ez zirkinik egiteko, eta joateko hurrengo egunean ospitalera. Hiru egunez eduki ninduten ingresatuta. Ekografia egin zidatenean karena ondo zegoela ikusi zuten, baina pitzadura bat omen neukan poltsan, handik ari nintzen odola galtzen: haurra bizirik jaiotzeko ehuneko berrogeita hamarreko aukera zegoela esan zidaten. Bost hilabetez egon nintzen ohean. Amaren etxera aldatu ginen atseden erabatekoa egitera, komunerako baino ez nintzen jaikitzen. Inolako pisurik ez hartzeko agindu zidaten: “Ezta frutaontzia ere”. Jose Luisa laguna hasi zen dendan nire ordez. Gogoratzen naiz nola esaten zuen aitak hartaz: “Ha venido Julián el fontanero de Logroño y se ha traído a una mujer de campeonato, ¡guapísima!”. Andresi ere behin bakarrik aditu diot norbaiti tía buena esaten. Harixe.
JOSE LUISA
Emakume taldean ezagutu nituen. Marijorekin gau eskolan ere elkartzen nintzen, berak hamabost urte zituela eta nik hogeita hiru. Andres genuen irakasle. Nik ez neukan lagunik herrian, haiek lehenengoak. Denda ireki aurreko urteetan kafe-tertuliak egiten genituen bataren edo bestearen etxean, Andres gonbidatzen genuen mintzapraktikarako, zukutu egiten genuen. 1974an etorri nintzen Logroñotik eta garbi neukan euskaraz ikasiko nuela, senarrak ez zuen fede handirik nigan; ohean irakurtzen ari nintzela esaten zidan “uztazu, ez duzu ikasiko”.
Elgoibarrera iritsi nintzenean ez zitzaidan gustatu, terriblea iruditu zitzaidan: kalean emakumeak eta gizonak bereiz, elkarri ihesi. Umedun beste bikote batzuekin batera egoten ohituta nengoen Logroñon, familian irteten beste familia batzuekin; hemen ez, hemen gizonak gizonekin ibiltzen ziren eta emakumeak umeekin. Senarra aldatu didate, pentsatzen nuen, Logroñon ez zen halakoa! Niri zinea izugarri gustatzen zait eta Logroñon filmen estreinaldi guztietara joaten ginen. Jakin izan banu Logroñon ezkondu nintzenean Elgoibarren nolako bizimodua izango nuen... Egunero borrokatu behar izan nuen nire askatasunaren alde. Kalean haurrekin nindoala senarra lagunekin poteoan ikusi eta alabek aita-aitaka kasu egiten bazioten haren kuadrillakoek behako iluna egiten zidaten, senarra kontrolatzen ari nintzelakoan.
Ubitarten elkartzen ginen emakume taldekoak. Bilbon ikasten ari zen kide batek apunteak ekartzen zituen, elkarrekin irakurtzen eta eztabaidatzen genituen. Londresera abortatzera joan behar zuen neska bati laguntzeko diru bilketa egin genuen. Herrian ez zegoen emaginik, bat ekarrarazi genuen. Ibaira egiten ziren isurketei buruzko ikerketa bat ere eskatu genuen emakume taldetik, oso kutsatuta zetorren eta kezkatuta geunden. Azterketaren emaitzak iritsi zirenean taldean irakurri genituen boz gora. Debara joaten ginen, han bai baitzen antisorgailuen inguruan aholku ematen zuen emakume bat. Hemen ez zuten metodo bakar bat ere errazten. Nire ahizpa Sitgesen bizi zen eta uda guztietan joaten nintzaion bisitan. Andorratik igaro bakoitzean kutxaz kargatzen nuen autoa. Antisorgailuen ardura erabat hartzen genuen emakumeok. Gizonek konfiantza faltatzat hartzen zuten kondoia jartzeko eskatzea. Dibortzioaz hitz egiten genuen. Kritikatu egiten gintuzten, kontu eske etortzen zitzaizkigun emakume batzuk. Lehenengo jardunaldi feministetan izan ginen, eta baita 1984an Elgoibarko Pilar ikastetxean egin zirenetan ere; Marijo jardunaldietara bidean hasi zen erdiminetan, buelta hartu eta ospitalera egin zuen alabaz erditzera.
Zera hitz egingo genuen sexuaz! Tabua zen. Nik masturbazioarena berandu ikasi nuen, berrogeita hamar urteak beteta. Gaztetan ez genuen hitz egiten emakumeen plazeraz. Irratian entzuten nuen sexuari buruz hizketan, irratiz izan nuen bola txinatarren berri. Lagunartean ez genuen sexua aipatzen. Senarrarekin ere hitzik ez, gehiago mintzatzen gara orain gaztetan baino. Gaztetan sexuaren gaia atera izan banio erotu nintzela pentsatuko zuen; telebistan sexu eszenaren bat agertzen bazen katea aldatzen zuen, atera kontuak!
Gizon askorentzat gu maripurtzil batzuk ginen, “feminista bat zara”, esaten zidaten iraindu nahian. Nire amaginarrebak ere, gizonengatik kexu entzuten baninduen, oker zegoena neu nintzela ziurtatzen zidan: “Denek egiten dute berdin”, esaten zidan gizonei buruz, eta begiak irekitzen zituen asko. Ontzat ematen zuen gizon bat poteatzen aritzea eta, egun batean bai eta hurrengoan ere bai, etxera bete-bete eginda iristea. Ezin nuen amaginarrebarekin nire kezkez eta interesez hitz egin. Aitaginarrebarekin aritzen nintzen zineaz eta literaturaz, guztiek alkoholikotzat jo eta barre egiten zioten arren. Ni ondo konpontzen nintzen harekin, beti gustatu izan zaizkit okerrak.
Denda ireki osteko garaian, alabak ikastolan utzi eta, etxera artez etorri beharrean, dendaostera joaten nintzen tertulian aritzera: pitxintarrekin, Antonekin, Juliorekin, Mallabirekin… Egunero egiten nuen sartu-irtena. Zertaz ez genuen hitz egiten han! Denda boom bat izan zen, ez zegoen halakorik inguruan, zurrunbiloa. Ez zeukan zerikusirik herriko beste saltokiekin, nobedadeak iristen ziren sarri-sarri, josteko makinak martxan ari ziren, dendatzean lagunak literaturaz eta filosofiaz bal-bal… Sarreran, mostradorearen aldamenean bi disko-jogailu zeuden, aurikular eta guzti. Han ibiltzen zen Maguregi bezeroei musikari buruzko aholkuak ematen. Liburu bat irakurtzen amaitu orduko dendara joaten nintzen lagunekin komentatzera. Dendaostean zineaz eztabaidatzen zen, musikaz… Iñakirekin ondo konpontzen nintzen. Oso lotsatia zen, zineaz baino ez zuen hitz egin nahi izaten. Zineklubera sartzen ikusten ninduen bakoitzean piztu egiten zen, hurrena, kalean, filmez galdetzen zidan. Txanborekin bidaiez eta urrutiko kulturez fantaseatzen nuen. Pentsatzen genuenari buruz mintzatzeko toki bat zen.
1983an hasi nintzen Pitxintxun lanean, orduka, garai hartan ez zegoen bi soldata ateratzeko modurik; ordu solteak egiten nituen, larunbaten bat… Sei urtez aritu nintzen. Izas eta Marijo saltzaile onak ziren, feniziarrak ziruditen. Ni ez naiz sekula edan zalea izan, baina dendako lana utzi eta gero ere askotan joaten nintzen denda itxi osteko ahizpen poteora, elkarrizketarengatik, haiekin hitz egiten nituenak ezin nituelako beste inorekin hitz egin. “Har ezazu zerbait, neska!”, esaten zidaten, nik ez neukan edateko gogorik, oxigeno premia neukan.
Euren artean diferenteak dira bi ahizpak. Izaskun oso da sentibera, ez dirudi baina. Eta anarkoa. Mari Jose ez da kontserbadorea, baina arrazionalagoa da, Izaskun anarko erabatekoa. Behin bakarrik eman zuen bozka: NATO bai ala NATO ez. Berak NATO ez bozkatu zuen, NATO ez bozkatu zuen gehiengoak hemen, baina zer egin zuten? NATO bai. Orduan, esan zuen: “Nirekin ez dute gehiago jolastuko”. Geroztik, ez du bozkatu. Zuk zuri badiozu, hark beltz, telefono hau laukia dela esaten badiozu “ba, akaso borobila da, e?”, esango dizu, “ondo begiratu beharko diozu”. Ikusten nauen bakoitzean esaten dit, “aizu, noiz isildu behar duzu?”, erretolika daukat eta. Beti izan da halakoa, apurtzailea; mutil guztien artean bonbardinoa jotzen ikusi nuenean esan nuen: “Zu bai zu”. Gaztetan ere bereizten zen, janzteko modutik beretik. Bazuen bere eskuz jositako gona luze bat, jertse nasai bat janzten zuen gainetik, adats orraztu gabea aske eta lastozko txapela fuksia bat; askotan irteten zen horrela. Ebakortz bat zeukan beltza. Belarritako biak diferenteak, amona Genararena bat. Amak kargu hartzen zion itxurarengatik. Ez zen gainerako neskak bezala atontzen. Sonbreiruak gustatzen zitzaizkion. Desberdina zen janzten eta iritzietan. Nerabezaroan gaizki pasatu zuen, ez zen moldatzen lagunekin, negarrez ikusi nuen nik Izaskun. Bihozbera da. Eta artista bat, sekulako irudimena du, ikusi egin behar da josten.
Eta haien ama Blanki: hura bai apartekoa. Izugarri pertxenta zen, gustatu egiten zitzaidan nola oparitzen zizkion masajeak bere buruari, nola joaten zen astero ile-apaindegira bere pauso xelebrearekin, oinak hamarrak eta hamarrean, estetizistarengana azken modako tratamendua egitera… Ez zen edozein! “Quitadme los pelos del bigote y de las cejas y dejadme en paz”, uxatzen zituen alabak ingurutik zahartu zenean. Eta haren etxearen glamourra! Izugarrizko grazia egiten zidan jangela dotore ukiezin hark, bere gerezizko mahai, margoihal eta zeramikekin: ez zuen inoiz erabili. Baxera bitrinan, estreinatu gabe. Dena erakusteko prest. Gogoan dut egongelarako altzari hura erosi zuen eguna: kamioiak ekarri zuen denok begira geundela; neurrira eginarazi zuen egur onarekin. Eta dendako errekaduak egitera jaisten zenean, hura espektakulua! Kanpo Arazoetarako ministroa ematen zuen, dendako txanpon txikien kartera besapean.