Behea jo zuen amak, “Vda. de Estívariz” plaka jarrarazi zuen etxeko atean, brontzez. Bazkaritarako gure etxera ekartzen hasi ginen, ez zuen ganoraz jaten, gehiegi edaten zuen, “el agua pa’ los peces” erantzuten zigun kargu hartuz gero. Ardoa edaten zuen, albariñoa. Uraz ez zuen aditu ere egin nahi. Nik ez nuen mozkortuta ikusi sekula, alaiegi edo haserre bai, txolinduta lore-lore. Arazoak izan zituen diabetesarekin, oinetako gaitzak, odolekoak… Alkoholak sortuak zirela ageri zen analisietan. Zahartzean ahabi zukua hartzera ohitu zen, ardoa deitzen zion: “Traedme el vino”. Botikak hartzen zituen kontrolik gabe. Sukaldean tiradera bat zeukan botikaz betea. Frenadolak bata bestearen atzetik. Joanda bezala egoten zen. Andresek berrogeita hamahiru urte bete zituen egunean dendara etorri zen: “Gaur Andresen urtebetetzea, ezta?”. Baietz erantzun nion. “Gaztea irudituko zaizu gero?”. Baietz, nik. “Ba, zure aita adin horrekin hil zen”. Lantxoak agintzen hasi gintzaizkion entretenitzeko. Dendako eta etxerako enkarguak egiten hasi zitzaigun: bankura dirua eraman, haurrak ikastolatik jaso… Ondo konpontzen zen bankariekin. Goizero etortzen zen soinean zituela takoidun sandalia krema kolorekoak, gona eta jaka klein urdinak, alkandora zuri lepozabala, paparrorratz harriduna eta eguzkitako betaurreko gardenak. Oinetako atzazalak arrosa nakarkaraz pintatzen zituen eta ezpainak, atzazalekin bat, arrosa xare-xarez distiratu. Besapean eramaten zuen larruzko gerriko poltsa beltza, dendako txanpon-zorroa eta arrandegirako eta harategirako erosketa zerrenda barruan zituela. Puzka itzultzen zen: “Gainezka zegoen arrandegia!”. Ostegunetan masajea hartzen zuen eta ostiraletan ilea atontzen. El Corte Inglesera eta Donostiako portura eramaten genuen, suak ikustera. Haren gustuko gauza hanpatuak. Gorroto zuen arratsaldeetan umeekin Plaza Txikian egotea, merienda ematea eta hori dena. Barre egiten zien haurrei ogitartekoa ahora zatika ematen zieten amei.
Etxeko langilea, Bea, kontratatu genuen lehenengo haurra jaio eta hilabetera, haurra zaintzeko eta etxeko lanetarako. Ordurako lanean hasita nengoen. Handik hiru urtera jaio zen bigarrena. Andresek kalean gosaldu izan du beti; nik ematen nien haurrei armosatzen eta eskolara laguntzen nien. Lanera etortzen nintzen, Beak egiten zituen etxeko lanak: garbiketa eta bazkaria. Neuk esaten nion zer prestatu, erosketak bezero gutxi zebiltzan tarteetan egiten nituen dendaren aldameneko harategian, arrandegian, fruta dendan... Ogia erosten nuen etxerakoan. Amak ere laguntzen zigun: haurrak ikastolan jaso, etxera eraman… Elkarrekin bazkaltzen zuten amak, Beak eta haurrek. Bazkalostean, Beak alde egiten zuenean, haurrek marrazki bizidunak ikusi bitartean amak lisatu egiten zuen, Beari ez zitzaion lisatzea gustatzen. Nik, denda itxi ostean, korrika egiten nuen etxera baino lehen. Haurrak medikutara eraman behar baziren Andres arduratzen zen institutuan libre hartuta.
Sei-zazpi urtetik aurrera euren kasa ibiltzen ziren umeak kalean, bazeukaten nora jo, erreferentzia-puntua denda zen: hona etortzen ziren askariaren bila, tronboiaren bila, dantzako zapatilen bila… Gure semea, hiru urte zituenerako, kalearen beste ertzeko okindegira joaten zen oinez, “flauta” esaten zien eta ogi luzanga janez itzultzen. Haginlariarengana, ile-apaindegira edo okulistarenera joateko ere dendara etortzen ziren, laguntzen genien ateraino eta amaitzean atzera itzultzen ziren aho lokartua, kopeta-ile berria edo dioptria unitate eguneratua erakustera; min hartzen bazuten dendara etortzen ziren negarrez.
Ordu asko sartzen genituen, zortzi gutxienez, baina tximetatik gora genbiltzanean hamar edo hamaika ere bai. Laguntza behar izan dugu. Umeak gaixotzen zirenean etxez etxeko mediku bati deitzen genion, Jose Luisi. Ospitalean ere lan egiten zuen, eskura ordaintzen genion, batek daki legala ote zen; guri izugarrizko zerbitzua egiten zigun. Alabak asma krisiak izaten zituen sarri samar, hiru hilabetean behin espirometria egitera eramaten zuen Andresek ospitalera. Umeak gaixotzen zirenean gu ez ginen etxean egoten, zaintzailea gelditzen zen, eta arratsaldeetan senarrak: ezin genuen denda utzi.
Sukaldean ere, ordu gutxi guk.
Gabonetan, eta justukoa. Azkeneko urteetan paso egiten dugu Gabon gaueko afariaz, bazkaria egiten dugu, koinatuak prestatzen du soziedadean. Eguberri bezperan arratsaldez ere irekitzen dugu, soziedadean familiarekin bazkalduta itzultzen gara dendara. Iluntzean, bezero guztiak zerbitzatutakoan, bake santuan eta inongo konpromisorik gabe, poteatu egiten dugu, afaririk prestatu beharrik ez, zaintzeko gurasorik ez, seme-alabarik ez… Iaz gaueko hamar eta erdiak arte aritu ginen txikiteoan, azkeneko taberna itxi eta etxera bidali gintuzten arte; zuzenean ohera, leher eginda.
Zuk oso garbi zeneukan ez zinela tupper-ama izango.
Gure seme-alabak unibertsitatean hasi zirenean inguruko ama askok aste osorako jana prestatzen zieten, ez nuen ulertzen. Badakit emakume zenbaitentzat josteta modu bat dela sukaldea, gu ez gaitu inoiz erakarri izan, nahiago izan dugu mendia, taberna, kalea, lagunartea… Ibili haizekoak gara. Badaukagu lagun bat asteburu batean zortziehun kroketa egin zituena izozteko. Zortziehun!
Barre egin zenion eta gozoa jarri zen.
Gure familiako emakumeok harreman hotza eta motza izan dugu sukaldearekin.
Amari ez zitzaion sukaldea gustatzen, zartagina erabiltzen zuen, lapikoa apenas.
Niri gustatu, gustatzen zait, ez dut denborarik, ordea. Gaztetxotan gozogintza liburu bat erosi nuen, pastelak egiten nituen. Andresekin hasi nintzenean gozogile ona nintzela esan omen nion, adarra jotzen dit, ez omen nau ia inoiz ikusi labea erabiltzen. Sanblas opilak egiten nituen otsailean, Santiago tarta inoiz edo behin, bizkotxoren bat haurrentzat, kokozko pasteltxoak azukre hautsarekin.
Ni ez naiz sukaldean sartzen, Jose Inazio aritzen da. Eta amaren oroitzapenik ez dut janaria prestatzen; xerra jango genuen patatekin, arrautzak, porruak egingo zituen akaso, tortilla…
Potajea eta zopa ere egingo zizkigun. Berari jaki gelatinatsuak gustatzen zitzaizkion: tripakiak, zezen buztana, arkume hankak… Oilaskoa igandeetan jaten genuen, astez potajea edo berdura.
Bilobak bazkaltzera gonbidatzen zituenean King Kongetik enkargatzen zituen olagarroa eta enpanada, ez zen bera aritzen sukaldean.
Haurrak ginela natillak egiten zituen, galletarekin; arroz esnea erosi egiten zuen. Erosketetara etxepeko dendara jaisten zen, Justarenera, hilabete amaieran ordaintzen zion. Arraina gutxitan ekartzen zuen, garestiagoa zen.
Saltzailea kalez kale ibiltzen zen arrain garraio, noizbehinka hartzen zion.
Ondo konpontzen zen arraindunarekin.
Labanak zorrozten gogoratzen dut, sukaldean baino gehiago. Amak artez zorroztuta izaten zituen labana guztiak, bazeukan aizto galantez beteriko tiradera bat eta zorrozkailu bat asko erabiltzen zuena, aiztoak hartu eta harekin aritzen zen zis-zas-zis-zas… Athleticeko amantala soinean, aiztoak zorrozten.
Sandaliak jantzita nengoen, uztaila zen, 1988a, eguerdia. Santi koinatua etorri zen, denda itxi eta Urkiola tabernara joan ginen zerbait hartzera. Atarian geundela ikusi genuen ura kalean behera. Korrika joan ginen Mari Luz amaginarrebaren etxera, bigarren pisutik ikusi genuen nola zetorren ura kontrako noranzkoan ere, Maalatik King Kongerantz, aldapan gora ura! Kaia tabernaraino iristen zen, eta igotzen ari zen. Korrika presatu ginen dendara, parapetoren bat jartzera. Ikusmira beltza zen, beldur itzela ematen zuen urak San Frantzisko kalean gora. Santik ateari eusten zion bitartean, azpiko apaletako gauza guztiak ateratzen hasi nintzen ahalik eta azkarren. Jose Inaziok irtenarazi gintuen handik.
Ni oporretan nengoen Pirinioetan, gauean jakin genuen Elgoibarren berriro ere uholdeak izan zirela. Seme txikiak urtebete zeukan, ez ziren sei hilabete ureterretako ebakuntza egina ziotela. Herrira iristean itomena sentitu nuen. Zuk esaten zenidan: “Ez egin negarrik, ez da ezer gertatu”, baina bost urte lehenagoko guztia zetorkidan burura: aita, denda, haurdunaldia, lokatza.
Ura menditik etorri zen, herriaren bi aldeetatik, Sallobente errekatik eta Santa Klaratik, bi mazeletatik. Guri 83koak baino askoz kalte txikiagoak eragin zizkigun, ura ez zen bigarren apalategiraino ere iritsi, baina Elgoibarren bederatzi lagun hil ziren. Bi tokitan buxatu zen ura, Sallobente erreka Txarriduna parean eta Santa Klarakoa Melitongo errebueltan. Santa Klarako erreka lurpetik igarotzen da, lantegien azpitik; Melitongo bihurgunean tapoia egin zuen, gainezkatu eta Santa Klara kaleko autoak arrastan eraman zituen Txankakua zubitik plazaraino.
Txarridunan, 53. atarian, sabairaino iritsi zen. Txarriduna jatetxearen parean bi moja zeuden auto baten zain Malape tabernaren aldamenean. Tabernakoek goiko etxebizitzetara igotzeko presatu zituzten, itxura txarra zekarrela errekak, Malape tabernako Camelia eta Jesus ere tabernatik irtenarazi eta balkoietara igoarazi zituzten. “Ez, lasai, aurki etorriko zaizkigu bila”, erantzun zieten mojek, ez zuten igo nahi izan. Sallobentetik hiru umerekin paseatzen zetorren familia bat, goraldia ikustean iheska saiatu zen errekaren ibilbideari segika…, ama eta hiru umeak eraman zituen urak. Mojak ere bai. Ume bat aurkitzea asko kosta zitzaien, Getarian agertu zen handik egun batzuetara. Menditik zetorren erauntsia eta ibaikoa elkartu ziren, urak gora egin zuen indarrez, herria irentsi zuen bi aldeetatik.
Lehenengo uholdean larrutik ikasi genuen. Orduan jakin genuen, adibidez, bazela aseguru bat uretatik metro bat baino gutxiagora zeuden etxebizitza eta negozioentzat. 83an aseguruak oso gutxi ordaindu zigun. Zanpatuta sentitu nintzen. Ufaletan ere, etekinak batzuek. Kalteak neurtzera etortzen direnean metro karratuka egiten dute balorazioa: hainbeste metro karratu dendak osotara, metro karratu bakoitzean hainbeste gauza, halako kalteordaina. Ez zuten begiratzen zein balio zeukaten urak harrapaturiko gauzek. Horregatik, bigarren uholdean hondatu gabeko materiala gure garajera eramatea erabaki nuen: oihal guztiak eta liburuak. “Zoratuta zaude”, esaten zenidan. Peritutza egiterakoan kontuak gure alde ateratzeko egin nuen, dendan gelditzen zen guztiaren ehuneko handiagoa izan zedin urak kaltetutakoa. Gauzak zeudenean utzita bi pezeta jasoko genituela konturatu nintzenean, kaltetutako material guztia bistara atera eta kaltetu gabeko ondasunak garajean gorde nituen.
Ez zitzaidakeen inoiz bururatuko.
Lehenengo uholdean ez genuen ehuneko bost ere errekuperatu, bigarrengoan ia galdutakoa adina berreskuratu genuen.
Uda batean inbentarioa egitea bururatu zitzaizun. 89a zen. Jose Luisak lana utzi zuen eta Mariasun hartu genuen egun erdiz.
Nonbaiten irakurri nuen dendek inbentariatuta egon behar zutela. Uda hartan, zu, Izas, oporretan zeundela aprobetxatuta…
Jai zenuen, bestela.
Inbentarioa egitea erabaki nuen. Kontuak eramaten hastea neure erabakia izan zen. Tiradera honetan daude 89tik aurrerako koaderno guztiak, kontuekin. Ordura arte apenas apuntatzen genuen ezer.
Oso apuntatzailea zara.
Kuartilletan idazten nituen hilabeteko egun bakoitzeko diru sarrerak, eguneko kutxako kontaketa, lau familiatan sailkatuta: diskoak, liburuak, opariak, bisuteria. Salgai-familia bakoitzaren irabazi marjina zehazten nuen zutabe bakoitzean: musikak % 25, liburuek % 25, opariek % 40, bisuteriak % 40. Beste koaderno bat neukan gastuekin: errenta, argindarra, soldatak, papera, zeloa, garbikariak... Orain gauza bera egiten dut Excel batean. Etxean ere, goizero idazten dut erosketa-zerrenda paper mutur batean, Andresek enkarguak egiterako.
Nola zen oker idazten zenuena?
Legea. Hitzak gehiegi euskalduntzen ditut batzuetan, lejia edo lixiba idatzi beharrean legea idatzi nuen luzaroan.
Gramola txikiarentzat egin nuen afixa eder bat. Izan genuen salgai gramola koxkor bat erlaxaziorako musikarekin. Atarira ateratzen genuen. Botoiari saka eta aditzen zen itsasoaren soinua, txoriena, txirulak… Oso modernoa zen. Hamar disko zeuzkan eta konbinaketak egiten zituen. Azpian, halako arteka batean, disko guztiak ikusten ziren. Kanpora ateratzen genuenean hustu egiten genituen kutxak, inork lapurtu ez zitzan. Afixa bat egin nuen: “CDak utzik”. Eta han dator Andres: “Nork utzi behar dizkizue CDak zuei?”.
Zuzendu genuen.
Begira: hemen oporretan behar zenuen; hauek nire zenbakiak dira, ia ez dira ulertzen. 1990eko abuztua, bi hilabete falta zitzaizkidan erditzeko.
Eta beste hauek?
Hori Jose Inazioren idazkera da, egun horietan berari eskatuko nion kontuak egiteko. Ni gogaitu egiten nau.
Nik, aldiz, urte askoan buruz egin izan ditut kontuak plazer hutsagatik. Arratsaldero kontabilizatzen ditut kutxako sarrerak, ordaintzekoak, kitatutakoak, itzulketetatik geldituko den diferentzia, gastuen aurreikuspena… 1989ko udan esan nion Mariasuni: “Hustu ditzagun apalak”. Eskailera batera igo eta banaka-banaka kantatu zizkidan liburu guztien prezioak, nik, eskailerapean, denak apuntatzen nituen, gero batuketa egiteko. Halako batean, iritsi zara oporretatik eta harrapatu gaituzu bete-betean: “Zertan ari zarete? Pitzatuta, ala?”.
Iritsi nintzenerako gontzetatik aterata zeunden, hogei egun prezioak banaka-banaka apuntatzen eta batuketak egiten. Enbolia batek emateko zorian.
Horrela jakin genuen dendan zenbat liburu geneuzkan, zenbateko stocka.
Ordenagailua 1994an jarri genuen.
Ordura arte ez geneukan erregistrorik, memoriaz funtzionatzen genuen erabat. “Ba al daukazue liburu hau?”, buruz genekien denda. Orain ere bai, gutxi gorabehera, baina ordenagailuak lasaitasuna ematen du.
Diru kutxarekin tentuz ibiltzen ere orduan ikasi genuen.
Lehengo familia-negozioetan ohitura zen, edozertarako, dirua kutxatik ateratzea. Norbaitek kafea behar zuela, kutxatik; jertse bat behar zuela, kutxatik; etxerako pospoloak behar zirela, kutxatik. Denda askok hortxe izaten du zuloa.
Umetan beldurra ematen zidan pospoloak pizteak. Aitak azaldu zidan, aldamenean jarrita, gozo, nola isiotu behar ziren minik ez hartzeko eran: “Con decisión, Mari Jose”. Denbora asko egon ginen elkarrekin pospoloak bata bestearen atzetik pizten, beldurra galdu nion arte. Halako momenturik ez dut gogoratzen amarekin.
Ama oso agintzailea zen. Berea egin nahi izaten zuen.
Aita estutzen zuen.
Asko. Bai lanean eta bai bestela ere, ni ikusita nago aita negarrez amak errieta eginda.
Oso zen agintzailea. Onean, ondo, baina txarrean… Kontra egin nionetan, ez zuen sekula amore eman, ez inoiz ezergatik barkamenik eskatu. Ez zuen ametitzen inork aurre egiterik. Gustatzen ez zitzaizkidan hainbat gauza zeuzkan eta esan egiten nizkion, eta hori ez zuen barkatzen.
Ni isildu egiten nintzen.
Guri amak ez zigun mimorik egiten, bion artean moldatzen ginen, asko jolasten ginen, elkarrekin lo egiten genuen, orduak ematen genituen ohean elkarrekin jostatzen.
Ostera, etxera lagunak eramaten uzten ziguten, etxeko atea beti zegoen zabalik gure lagunentzat; horretan eskuzabalak ziren.
Amak etxeko ateak irekitzen zituen berak eman ezin ziguna beste batzuek eman ziezaguten.
Baliteke.
Niretzat harrigarria da amak bere gurasoekin egin zuena: geure kargu utzi zituen, ez zituen berak zaindu. Garai hartan ere ez zen ohikoa hamabi urterekin aitonaz arduratzea, ez gu arduratzen ginen neurrian. Klinikan gauak egiten genituen. Aitonak minbizia zeukan eta zuk, Izas, eskola utzi zenuen hura zaintzera joateko. Orain pentsatzen jartzen naiz, eta ez da normala. Aitona-amonak, biak, begietatik operatu zituztenean ere geu joaten ginen Tolosara haiei jaten ematera. Gurasoak beste zeregin batzuetan aritzen ziren. Nik ez nituen hamahiru urte aitonari minbizia diagnostikatu ziotenean; autobusa hartuta laguntzen genion onkologoarengana, geu joaten ginen, edo zu edo ni, amak ez zion laguntzen.
Amak esaten zuen aitaren laneko deiei erantzun behar ziela.
Gu erabiltzen gintuen desatsegina zitzaionari iskin egiteko. Eta amona Genara… Amona Genara utzi-utzita zegoen Tolosan. Elgoibarra ekarri genuenean dendaostean izaten genuen. Zergatik? Amak ezin ikusi zuelako. Eta amona ospitalean sartu zutenean eta gauak egin behar zirenean ere, nahiz eta gu lanean aritu, geuk egiten genituen gauak, batean nik eta hurrengoan zuk. Lanetik irten eta autobusez joaten ginen Donostiara, autorik ez geneukan.
Ez dakit zer gertatu zen hor.
Eta honezkero, ez dugu jakingo.
90eko hamarkadak ume txikiekin harrapatu gintuen. Haurrek hainbeste denbora hartzen dute, 90eko hamarkada burbuila batean sartuta igaro nuen. Gau askotan ezin iritsita nenbilela egiten nuen amets: etxeratzen nintzen eta haurrak aurkitzen nituen jantzi gabe, erdi biluzik; bazkaldu gabe goseak… Guk zortzi orduko jardunaldia geneukan gutxienez, ez genuen denbora librea galdu nahi… Zuk nola gogoratzen dituzu 90ak, Izas?
Mila saltsatan nenbilen: argazkigintza elkartean, mendikoan, emakumeen taldean… Argazkigintzakoan bost ginen, ni ez beste denak gizonak.
Bandako lehenengo emakumea ere zeu izan zinen.
Anekdotikoa da, urtebete bakarrik egin nuen. Bigarrena sartu zenak hogeita hamar urte daramatza bandan, horrek du garrantzia.
Baina aurrena izan zinen. Aldarrikatzeko sartu zinen.
Bonbardinoaren soinua gustatzen zitzaidan: po-po-po-po!
Muturra puztu-puztu eginda ekartzen zenuen. Txarangan emakumeak sar zitezen saiatu zinen.
Gure familian inportantea izan da txaranga. Gaztetxotan, Urtezahar gauerdian txaranga ateratzen zenean, normalean, familiak ez ziren kalera irteten, baina gu bai: aita, ama eta laurok King Kongen egoten ginen zain eta besotik helduta joaten ginen txarangaren atzetik, hamasei-hamazazpi urteko gu, itzulia egiten genuen osorik. Aitak parrandan gelditu nahi izaten zuen, amak eraman behar izaten zuen tiraka etxera, “gaua gazteentzat” esaten zion, gu kalean gelditzen ginen. Orain ere, txaranga doinuak entzun orduko korrika eta jauzika ateratzen gara dendaurrera, hunkitu egiten gara, aitaren akordua berritzen dugu, elkarri besotik heldu eta saltoka aritzen gara txaranga kalean behera desagertzen den arte. Jose Inazio eta gure semea txarangako kide izan dira, eta orain dela lau urtera arte ez da emakumerik sartu batzuek betoa jartzen zutelako. Semeari amorrua ematen dio gogorarazteak, ameto egin baitzuen neskak betatzearen kontra egon arren.
Kuadrilla etxean bildu eta entseguak egiten genituen pasilloan aitarekin, txarangako abestiak erakusten zizkigun eta jaietan berarekin irteten ginen erratza hartuta, musikaren erritmora astinduz. Kuadrillako kamisetak margotzen zizkigun.
Egia da, hartzen zuen horretarako astia!
Alaia zen. Atarietan ezkutatzen zen gustuko ez zuen jendea agurtu beharrik ez izateko, eta gero kontatu egiten zigun.
Ostera, auto-stop egitera jartzen zenean, berehala hartzen zuten, ezaguna zen, saltseroa.
Mendizale elkartean ere bazenbiltzan.
Lehendakari jartzeko eskatu zidaten, baina ez nengoen ados gauzak egiteko modu bertikalarekin, garai hartan komunaren ideiarekin, kolektiboaren garrantziarekin bueltaka genbiltzan, eta gestora sortu genuen. 89tik 94ra edo aritu ginen gestoran.
Ni, aldiz, asteburu guztietan Getariara joaten nintzen. Han giro klasikoan ibiltzen ginen, hango lagunak konbentzionalak ziren. Hizketagaiak, arropak… “Zergatik ez nauzu hemengo umeak bezala janzten?”, galdetzen zidan alabak. Soineko dotoreekin ibiltzen ziren kostako haurrak. Manoletinak nahi zituen alabak, hango neskenak bezalakoak. Getariako gure lagunek urrea erosten zuten etxean. Estatusa ematen zuen urrezko kateak eramateak, boladan zegoen. Bi hilean behin urre saltzailea joaten zitzaien etxera. Emakume guztiek zeuzkaten seme-alaben esnezko hortzak urretan krokatuak, azkenerako nik ere egin nuen zintzilikario bat alabaren ebakortzarekin. Eta mikrouhin labea!, iltzatuta daukat, ez zuten beste gairik! Astebururo mikrohuin labeaz hitz egiten zuten, mikrouhin labeak egiten zituen gauza guztiez…
Herriko merkatarien elkartea, Txankakua, 1992an sortu genuen sei dendariren artean.
Ordurako Gipuzkoan hasita zegoen merkataritza elkarteen mugimendua.
Aintzane Garate eta biok hilean behin joaten ginen batzar batera, gu ez beste denak gizonak ziren. Arreta ematen zidan merkataritzan gehienak emakumeak izanda merkatari elkartea erabat gizonez osatuta egoteak. Nire seme-alabek zortzi eta bost urte zeuzkaten, Aintzanerenek hamaika eta zortzi; denda itxi, autoa hartu eta bilerara joaten ginen. Horrek esan nahi du etxean bazela norbait umeen kargu egiteko prest. Dendarien elkarteak ordura arteko familia logika alboratu eta herri logikan antolatzea zekarren. Pentsa zapatategiko Milarengan, adibidez: dendan jaio zen, familiako negozioan bertan sortu zen mundura, eta han igaro du bizitza osoa. Haren ama Paulik hil artean egin zuen lan dendan. Aintzane Garate ere berdin: haren amona-aitonek ireki zuten jostundegia, sastreak ziren, Genaro Garate eta Antonia Goiartzun; gero aitak jarraitu zuen, Niceto Garatek; dena egiten zuten dendan, baita arrosarioa errezatu ere arratsaldeko 19:00etan, oso elizkoiak ziren. Haren bi alabek jarraitzen dute orain jostundegia jantzi denda bihurtuta, Aintzanek eta Miriamek. Familia negozioaren logikak indar handia izan du eta eraiki ditu bizibideak, portaerak, kateak.
Bilerak Arrasaten, Beasainen… egiten zenituzten.
Joaten ginen elkarte gastronomiko batera, jartzen zuten odolkia, txorizoa… lehenengo jan egiten genuen eta ostean egiten zen bilera. Bazen gizon bat Donostiako Tamayokoa, hura zen gerentea. Goizeko ordu bietan itzultzen ginen batzarretatik.
Herrian asanblada egiten dugu urtean behin. Erabakia hartu zen ardurak txandakatuko genituela. Paperak partitzeko ere kale bakoitzean arduradun bat izendatu genuen: bat San Bartolomen, bestea Errosarion, San Frantziskon… Egin genituen merkatarien arteko afari batzuk giro onean, denok elkartuta, jendeak ez zuen sinesten, “dendariak bat eginda?”. Gerora, ahalegindu ginen tabernariekin ere elkartzen, baina ez zuen funtzionatu.
Guk ere izan ditugu eztabaidak: beherapenak noiz jarri, beherapenak kalera atera ala ez, Black Friday eta Halloween ospatu ala ez…
Baina gehiago izan dira lorpenak: informatikako ikastaroak antolatu genituen, eskaparategintzakoak, Gabonetarako erabaki komunak hartu, iraileko azoka antolatu…
Ondo pentsatu behar da nola kudeatu kanpotik datorren guztia: outlet azokak, Black Friday, Halloween. AEBetatik datozen ohitura hiperkapitalista guztiak... Lotu nahi ez duzun sokara lotzen zaituzte. Hirietatik datozen joerak, merkataritza denda handiek ezarritakoak kudeatu behar ditugu denda txikiok. Larunbatetan ordu batean itxi beharrean ordu bietan ixtea probatu genuen. Saihestu egin nahi zen jendea erosketak egitera hiriburura joatea. Nola, ordea? Larunbat arratsaldeetan ireki eta astelehen goizetan ixtea proposatu zuten batzuek. Guk larunbat arratsaldeetan ez genuen ezer saltzen, lana aurreratzen genuen denda barruan, eta seme-alabak nerabeak zirenez eta parrandan kale honetan bertan ibiltzen zirenez, gertutik zaintzen genituen. Baina guk astelehen goizetan saltzen dugu ondo. Hiriburuko logikak ez du balio guretzat. Orain frankiziek ez dute ixten, ordutegi jarraitua dute. Merkataritza zentro handiek igandeetan ireki ez dezaten borroka gaitza egin dugu merkatari elkarteetatik. Lortu genuen El Corte Ingles eta halakoek igandeetan ez irekitzea, urtean lau igandetan bakarrik dute baimena, hori borrokaren ondorio izan zen.
90eko hamarkadaren hasieran Todo a cien dendak sortu ziren, gero merkataritza zentro erraldoiak, gero txinatar dendak… Kontzeptu desberdinak dira, baina pentsatu beharrekoak, logika diferentea baitute denda txikien aldean.
Nik ulertzen ez dudana da plana izatea merkataritza zentroetara joatea. Behin joan nintzen Urbilera eta lotsa sentitu nuen, lotsa bertan arratsalde pasa zegoen elgoibartar tropela ikusita.
Ez da gauza bera, baina Durangoko Azokako itxurakeriarekin ere haserretu izan gara… Zenbat jende han poz-pozik sekula herrian liburu bat edo disko bat erosi gabeak, fazati. Behin baino gehiagotan gertatu zaigu norbaitek Durangon zerbait erosi, eta gero hona aldatzera etortzea. Jakina, bezeroa bada guri ez zaigu ezer kostatzen, baina hemen sekula ezer erosi ez duena Durangora joan, han erosi eta gero guregana etortzea? Eta denda txikiak desagertzean non aldatuko dituzte erosketak? Bezero askok han bizpahiru gauza eskuratzen dituzte baina urte osoan jarraitzen dute hemen erosten, hori zoragarri iruditzen zait, baina ez dendara lan lardatsetarako bakarrik etortzea, guk ere bizi behar dugu.
MILA ZAPA
Dendan sortu nintzen. Denda zen etxea. Guk erosi aurretik taberna izana zen eta bazituen bi gela, sukaldea eta komuna. Ke-erauzgailua kendu gabe zegoen artean. Etxea eta denda, dena bat. Ez zen eguerdietan ixten, beti geunden bertan, jendearentzako. Maria Zabala jaisten zen, arrain saltzailea, gure auzoa, bazkalostean kafea hartzera. Nire lehengusina Txuskoneko Mila ere bizikleta dendan jaio zen, dendako alabak gara, bebarruetakoak, kaleari lotuak, negozioari emanak. Nire ama lanean aritu zen uzkurdurekin hasi arte. Zapata denda ireki aurretik neskei brodatzen irakasten aritzen zen, aita Txominek botak egiten zituen futbolarientzat. Vicente Vallerentzakoak aitak egin zituen.
Jaio orduko hasi nintzen gaixotzen; farmazeutikoak, Helena Yudegoren aitak, hiltzen uzteko esan omen zion amari, erremediorik ez neukala eta. Ez zegoen astirik niri kasu emateko. Beti egoten nintzen bakarrik. Ume-umetatik, egunero, zumezko saskia eskuan, arrautzatxoa barruan, izeko Mariarenera joaten nintzen afaritara. Bazkaldu, dendan bertan egiten genuen. Oso bakartia egin ninduen dendak. Gure etxean lehentasun absolutua izan da lana, zapatak. Bizien eta hilen gainetik. Hil zen amama eta ez genuen denda itxi. Denon biziak zapatategiko martxaren arabera antolatuak. “Haur bat eta kitto”, gure amaren hitzak. Berak halaxe izan ninduen, bakarra. Neu bigarren aldiz haurdun gelditu nintzenean komunera joan eta ponpatik tira egiten nuen ez nintzan gonbitoka aditu, ez zedin ohartu ostera umedun nengoela.
60ko hamarkadan ama Donostiara joaten eta Avenidako Ayestaran zapatagileei zapatak erosten hasi zen; orduan bilakatu zen tailerra izandakoa denda. Erosten zizkien astean hogeita hamar pare, hogei saltzen bazituen soberako hamarrak eramaten zituen bueltan, eta saldutakoengatik ehuneko hogeiko beherapena egiten zioten. Autoa berriz kargatu eta atzera etxera. Gero eta fabrika gehiagorekin hasi zen tratuan. Ama dendari aparta izan zen, ez zen hoberik herrian. Aitak zapatak egiten eta konpontzen jarraitu zuen, gelatxo bat zeukan barruan, erremintekin. Bezero askori etxera eramaten nizkien oinetakoak probatzera, zaharrak zirelako edo, besterik gabe, damak. Gizonik ez genuen ezagutzen, andreek eramaten zizkieten zapatak etxera. Arropak ere haiek prestatzen zizkieten goizero. “Gaur dutxatzea tokatzen zaizu” esaten zieten, alkandorak eta galtzak prest uzten ohe gainean. Gizonen higienea eta dotorezia emakumeen kontua ziren. Senarren zapaten neurria ezagutzen nuen senarrik ezagutu gabe.
Nire bizimodua erabat egon da zapatategiari lotua. Haurra nintzela, dendaren gainean bi gela erosi zituzten gurasoek, dendak etxeari lekua kendu eta kabitzen ez ginelako, zapataz bete zitzaigulako etxea goraino. Jolastu ere zapata-kaxekin egiten nuen: gurditxoak egiten nituen; panpinentzako sehaskak; Gabonetan, estalpeak… Zapata-kaxa hartuta joaten nintzen tabernara kafe-eske; halaxe ekartzen nituen katiluak dendaostera. Izan genuen bezero bat haur jaioberria zapata-kaxa batean bildu zuena, hain txikia zen. Kutxak, kutxak eta kutxak, ez ginen kabitzen. Lehenengo pisura igotzen ginen lotara, baina goian sukalderik ez, bi ohe triste eta konketa, gaua emateko. Askotan, ile-apaindegiko alabarekin lo egitera joaten nintzen, epeltasun bila. Goizean jaiki orduko dendara jaisten ginen gosaltzera. Dutxatu ere dendan egiten ginen. Gaixorik nengoenetan gurasoek ez zuten ni zaintzeko astirik, hiru hilabetez egon nintzen erreumarekin ohean, izeba Mariak zaindu ninduen, apopiloak izaten zituen etxean, eta ni, bat gehiago.
Gurasoekin harreman hotza nuen, beti elkarren aldamenean egon arren. Ni ere ez naiz bereziki amultsua, hori jaso ahala ematen da. Lehenengo zapatak izan dira, gero beste guztia.
Maalako kolegioan hasi nintzen mojetan, Santa Klarara bidali ninduten gero. Ama Nagusiak deitu zion aitari, denean hamarrekoak ateratzen nituela eta karrera bat ikas nezakeela esateko. Ezetz aitak, dendarakoa nintzela.
Idazten ikasi nuenean eguneroko bat hasi nuen, oraindik ere jarraitzen dut. Bertan apuntatu ditut berrogeita hamar urtez dendako salmentak, goizeko eguraldia eta arratsaldekoa, prezipitazioa eta tenperatura, eta amaieran beste ohar batzuk, nire sentimenduei buruzkoak: Gaur triste egon naiz, gaur Santi ikusi dut… Eguraldiarekin ardura handia izaten nuen: neguan ateri edo udan euritsu eginez gero, ez genuen zapatarik saltzen. Saldu ezta ere ordaindu egin behar ziren. Milioi asko erosten genuen oinetakotan, saldu egin behar ziren, ez zegoen zapatak itzultzerik dendan hamabost egun igaro ostean.
Santirekin hasi nintzenean gaitzetsi egin zuten gurasoek. Guardia zibil baten semea zen. Izan zen horregatik dendara etortzeari utzi zion jendea. Santik aukera zezakeen polizia izatea, ez zuen nahi ordea, ez du aditu ere egin nahi ezer Guardia Zibilaz, irakasle egin zen, euskara ikasi zuen. Hasi berritan kuartelera gonbidatzen ninduten bazkaritara, hura larritasuna, ezkutuan joaten nintzen, herriari itzulia emanda inork ikus ez nintzan. 1971. urtean ezkondu nintzen, hogeita hiru urterekin. Eta Santiren aita ez zen batere diskretua izan, uniformea jantzita agertzen zen dendara, hondoratu egiten nintzen. Eskerrak Santi gizon ona den. Bost urtean nire gurasoenean bizi izan ginen, hortxe, dendagainean, seme zaharrenarekin. Ez zuten gure autoritaterik onartzen. Zigortzen zuen Santik semea eta segidan kentzen zion zigorra nire aitak. Gure etxea erosi genuenean ama haserretu egin zen.
Denda ireki zutenean ezagutu nituen Izaskun eta Marijo, dozena bat urteko aldea dugu. Enkargu egin nion Izaskuni jos ziezadan komunean zintzilikatzeko oihalezko antolatzaile bat eskuilentzat, orrazientzat, ontzitxoentzat. Huraxe, elkarrekin hitz egin genuen lehen aldia. Harremana egin genuen, haiekin mendira joaten hasi nintzen, amak uzten zidan haiekin joaten, bestelako planik ez zidan ametitzen. Haize pixka bat hartzeko Pitxintxura ihes egiten nuen nik. Bi minutu igarotzerako atean izaten nuen ama: “Mila, dendara!”. Atsedenik ez. Behin elkarrizketa bat egin zidaten herriko aldizkarirako eta esan nuen lan eta lan besterik ez nuela egin bizitzan eta ez nekiela arrautza bat frijitzen. Ez zitzaion batere ongi iruditu, “zer pentsatuko dute zutaz?”. Oso autoritarioa zen. Berea nintzen. Dirua behar nuenean berari eskatu behar izaten nion, ez zidan ematen. Aitak, ostera, bai. Nik ez dut lan-saririk izan. Berrogeita hamar urtean aritu naiz lanean soldatarik gabe. Dendako dirutik ordaintzen genien gure etxeko langileari eta amarenekoari, erosketak egiteko dirua ematen zidan, enkarguak egiten nituen harenak eta neureak. Dendako dirutik ordaindu ahal izan nion alabari unibertsitateko karrera. Kotizatu dut behintzat, gutxieneko pentsioa badut orain. Amak eramaten zuen eguneroko diruen kontua, bereak ziren sosak, zahartutakoan ere bai. Nik ez jornalik ez aurrezkirik, Santiren dirutik moldatu izan naiz. Eta haurrekin ez nintzen egon, seme-alabak zaintzailearekin ibiltzen ziren beti. Domeketan ere ez nintzen haiekin ateratzen. Ez dut uste. Santi, akaso, bai, baina ni ohean gelditzen nintzen edo sofan etzanda. Nekatuta eta aspertuta. Orain nabaritzen diet seme-alabei familia-lotura horren falta.
Amaren azken urteetan tristura eman zidan haren egoerak, ez, ordea, samurtasun handirik, harreman urruna izan genuen. Bai aitak eta bai amak hil arte egin zuten lan, aulki batean eserita egoten ziren zapatei distira eragiten edo oinetakoak tindatzen, amantal beltza soinean. Pitxintxun eskutrapu ilunak enkargatzen zituen amak, larrua igurzteko.
Trukeak egiten genituen: beraiek altzariak uzten zizkiguten erakusleihorako, eta guk gerrikoak, poltsak eta bestelako larruak mozteko, zulatzeko, moldatzeko erremintak. Urtebetetzeetan Nordikas etxeko txapinak oparitzen nizkien. Zalantzarik banuen erakusleihoarekin, bezeroren batekin, erabakiren batekin… hona etortzen nintzen. Blankirekin hitz egiten nuen, gure bezeroa zen, aparteko emakumea, gauzak argi zeuzkan. Takoidun zapatak gustatzen zitzaizkion, kolore argikoak, 40 neurria. Eskuzabala zen ordaintzeko, ez zuen sekula prezioa galdetzen.
Pitxintxun gauza gutxi zeukaten hasieran, maindire zuri haiek erakusleihoan, gogoratzen naiz. Baina lehen egunetik izan zuen bizia. Eta jende gaztea. Eta beti inbidia eman izan didana: ahizpen arteko harreman estua. Beraiei esker irten ahal izan naiz apur bat neure mundutik, hartzen ez nekien erabakiak hartzen lagundu didate eta ikusi ditut oso mendi politak, bestela ez nukeen ezer ezagutuko neure mundua, neure zapata-kaxa besterik.
Auñamendi, Garmo Negro, Petretxema, Bisaurin, Taillon, Vignemale, Tubkal, Tuc de Molieres, Kilimanjaro, Canal Roya, Mulhacen, Gredos, Zermatt, Udalatx…
Emakumeen lehen mendi irteera 1986an antolatu genuen. Pitxintxun prestatu ditugu ibilaldi guztiak.
Normalean dozena bat emakume joaten gara, baina, guztira, hogeita hamabi emakumek hartu dugu parte txangootan, haietarik bi eibartarrak eta beste guztiok elgoibartarrak.
Niretzat garrantzitsua da mendia, eta mendiaren aitzakian emakumeekin harremantzea. Urtean behin irteera bat antolatzeak dakar urte osoan mendian ibiltzea, inguruko zidorretan, aldapetan andreak aritzea oinez. Hori inportantea da, gure inguruko lurra zapaltzea. Hasieratik jarri izan diogu helburu nagusi bat geure buruari, halako gailurra edo halako zirkularra, eta hori prestatzeko urtean zehar bestelako helburu txiki batzuk proposatzen hasi ginen: Lilatoia egitea, adibidez.
Lehenengo Lilatoian parte hartu genuen, 1990ean; urtero joaten ginen. Gero etorri ziren Behobiak, Santurtzi-Bilbo lasterketak, Zarauzko bikotekakoa… Bazter-orduetan entrenatu behar izaten genuen, goizean oso goiz edo eguerdietan. Dendako ordutegiarekin eta haurrekin uztartzea ez zen erraza. Eguerdiko ordu batean, pertsiana jaitsi, enkargu poltsekin dendatik irten, autoan sartu, Sallobentera joan, korrika egin, etxera itzuli eta berriz jaisten ginen dendara; astean bi edo hiru aldiz. Umeak izan aurretik mendira eta korrika egitera joaten nintzen, baina guraso bilakatzean utzi egin nuen. Lehenengo Lilatoian hasi nintzen ostera ere; haurrak Andresekin etortzen ziren lasterketa ikustera. Lilatoiek markatu ziguten 90eko hamarkada.
Emakume taldearen inguruan genbiltzan kirolzaleak elkartu ginen: Gloria, Victoria, Txillarre, Mari Tere, Mertxe, Arrate…
Saiakera egiten genuen erronka berriak pentsatzeko, askatasun zatiak irabazteko. Korrika egitera joaten ginenean elkarri kontuak esaten genizkion, harremana estutzen zen… Lagun bat, baserritarra, kalera jaisten zen nirekin atzera mendi aldera korrika egitera joateko. Makina Erremintako Institutuan elkartzen ginen eta Sallobente aldera abiatzen lasterka. Behin, inguruko gizon baserritar batek bidera atera eta esan zion: “Ezin dut entenditu baserrian bizita zelan jaisten zaren kalera, gero baserri inguruetan korrika ibiltzeko”. Ez zuten ulertzen zer ematen zigun, edo ez zitzaien gustatzen ematen ziguna. Senarrak ere kargu hartzen zion, “korrika egitera etxean dagoen lanarekin?”. Libertatea murrizten zion, nik hala ikusten nuen. “Zuk uste duzu besteek egin dezaketen guztia egin dezakezula”, esaten zion. Hura goizeko bostetan jaikitzen zen arropak lisatzera, zazpietan joaten zen tailerrera, errelebotan lan egiten zuen, bueltan baserriko lanak egiten…, arratsaldeko seietarako ohera sartzen zen akituta. Ume bat ere bazeukan. Nik uste geuretzako denbora librea aldarrikatzen aritu izan garela beti, eta kirola bazela horretarako modu bat.
Gu hasi ginenean oso emakume gutxi ikusten zen aire librean kirola egiten.
Esaten nuen: “Asteburuetan errepidean bizikletaz gizonak adina emakume ikusi arte ez dut sinetsiko berdintasuna iritsi denik”. Zenbat emakume ikusten dira jaiegunetan kirola egiten? Emakume gehienak ahal bezala moldatzen dira bazter-orduetan, ezaldian, kirola egiteko.
Jose Inaziok esaten dit: “Zuk ez didazu inoiz patata tortillarekin itxaron”. Mendira joaten garenean, mendateetan egoten dira andreak umeekin eta patata tortillarekin gizon kirolarien zain.
Guk ez dugu sekula halakorik onartu.
Senarrak, irakasleak zirenez, ez ziren 15:00ak arte bazkaltzera etortzen. Guk dendaostean galtza motzak jantzi, enkarguak autoan sartu eta itzulia egiten genuen lasterka. Eguneko minutu guztiak aprobetxatzen genituen. Jose Inaziok kirol asko egiten zuen, mendi zailak, eta haren erritmoa jarraitzeko egunero kirola egiten nuen nik, eta hala ere, ez naiz sekula kirolari sentitu.
Baina zu lehiakorra zinen! Igerian aritzen ginenean berotu egiten zinen, Behobian ere bai… Lehenengo Behobia egin nuenean nire ardura sentitzen zenuen; elkarrekin abiatu ginen, baina ni motelagoa izan eta bi edo hiru bider hartu zenidan aurrea. Gero errudun sentitu, eta atzera itzultzen zinen niregana, horrela egin zenuen lasterketa, atzera-aurrera, zakurkume urduriak nola, pikutara bidali zintudan arte. Eta hainbeste buelta eman zenituen, azkenean flakiak jo eta marka txarra egitera zindoazela ohartu zinenean, jo eta erretiratu egin zinen!
Marka eskasa egin baino nahiago izan nuen erretiratu. Ez nuen herriko aldizkariko zerrendan agertu nahi denbora eskas harekin!
Umil harroa!
Behobia-Donostian parte hartu genuen urte batean intsumisioaren aldeko manifestazio batekin topo egin genuen. Seme txikiak galdetu zidan: “Zer da hori?”. Azaldu nion soldaduska zer zen eta esan: “Zu zaude lasai, nik plaka jasota daukat: zuk ez duzu soldaduskarik egin beharko”. Giltzurrunetako ebakuntza egin ziotenean medikuak esan zidan: “Gorde hau ondo, plaka honek soldaduskatik libratuko du”. Ondo jasota daukat oraindik, badaezpada.
Orain amorrua ematen dit lehiaren kontuak: dortsalak, txipak… Igual izango da lehiatu ezin dudalako, baina uste dut norgehiagokak garrantzi handiegia hartu duela. Gehiago gustatzen zait nire kasa ibiltzea. Mendi itzuli guztiak lasterketa bihurtuta daude. Ni aise ibiltzen naiz mendian, baina jaitsieran nire denbora behar dut, hirurogeita hiru urte ditut, eta jende guztia zuri aurrea hartzen, albotik korrika pasatzen sentitzea ez da erosoa, ernegagarria da.
Asko aldatu da mendia zentzu horretan. Elgoibarko itzulia egiten hasi ginenean, 90eko hamarkadan, hamar orduan egiten genuen: gelditu, zerbait jan, hizketan egin… Arratsaldeko lauretan amaitzen genuen. Orain hamaiketarako iristen dira aurrenak, eta ordu bata eta ordu biak artean gehienak, hiru eta erdiak aldera beste hamarren bat… Baina lehengo erritmoan azkenputz gelditzen zara, deskolgatuta. Bazkaria antolatzen dute, sekulako giroa izaten da, eta zu iristerako mundu guztia bazkalduta badago… ez da martxa. Sentitzea denak korrika doazela, denek presa dutela eta aurrea hartzen dizutela, etsigarria da. Korrika egiten dutenei bost axola zaie zure erritmoa, zure adina, zure asmoa. Hogeita bost urtez egin dut Elgoibarko itzulia; azken bigarren aldian goizeko seietan atera ginen gainerako guztiekin batera; Karakoleko zubitik igotzen da Karakate aldera, eta zubian bertan, itzulia hasi eta bi minutura azkenak gelditu ginen eta ez genuen beste inor ikusi ibilbide guztian, bederatzi orduan arimarik ere ez. Orduan erabaki genuen seietan plazatik atera beharrean bostak eta laurdenean San Roketik abiatzea, guztiak joaten diren bidetik joan beharrean zidor bat hartzea, ez baita lasterketa bat, itzuli bat baizik! Abantaila hartuta abiatzen gara lehenengo gunera “lasterketa” buruekin batera iristeko, igarotzen ikusten ditugu, txalo jotzen diegu eta gure martxan jarraitzen dugu. Eta iritsi, azkenak iristen gara helmugara, bederatzi orduan egiten dugu itzulia, guretzat handia da! Bederatzi orduko buelta, gure adinean!, baina gaur egungo parametroetan horrek ez du muntarik.
Eugenio Aranburu Mallabik bere buruaz beste egin zuen 1997ko inauterietan.
Afaria geneukan Bodegoian, festan genbiltzan, mozorrotuta; Txillarre sartu zen eta esan zuen: “Urkatuta aurkitu dute”. Lur jota gelditu ginen.
Mallabi Herri Batasunako zinegotzia zen bere jaioterrian eta hurrengo egunerako zegoen deituta Auzitegi Gorenean deklaratzera.
Berrogeita bi urte zeuzkan. Gure laguna zen, harekin igo nintzen Beriainera, Castillo de Acherrera, Vignemalera… Denda abiatzeko dirua utzi ziguten lau lagunetako bat izan zen. Baserriko ganbaran aurkitu zuten zintzilik.
Asko kosta zitzaidan haurdun gelditzea erabakitzea, hogeita hamalau urtera iritsita adostu genuen baietz, segituan gelditu nintzen. Azkenean pentsatu nuen denbora bazihoala…, baina hala ere beti bazebilkidan zomorro hori, haurrak izan ala ez izan, marmar hori, zalantza hori, zenbat eztabaida amatasunaren inguruan. Ordurako, inguruko guztiek zeuzkaten umeak, ni kritikoa nintzen. Marijo, sei urte lehenago zure alaba jaio zenean ere ospitalera joan eta zorionak eman beharrean “gaixoa” esan nuen umeari begira. Muturra okertu zenidan.
Gogoratzen naiz.
Ez nintzen errukitu txiki-txikia zelako eta erabat horituta ikusi nuelako.
Mundu honetara umeak ekartzea arduragabea iruditzen zitzaizun.
Neska zelako esan nuen “gaixoa”.
A.
Ez zen ume kontua bakarrik: ez nintzen depilatzen, ez nuen bularretakorik erabiltzen, ez nituen azazkalak margotzen… halako gauzetan nahiko erradikala nintzen eta askotan ez nuen emakume artean enkajatzen. Simone de Beauvoir irakurtzeak asko markatu ninduen, haren ideia guztiek, ama izateak nola lotzen duen emakumea, nola mugatzen haren askatasuna… Banekien biologikoki ere gorputzarentzat gogorrak zirela bai haurdunaldia eta bai erditzea, baina azkenean, tira, baietz erabaki nuen. Zesareaz jaio zen semea, dendara etorri behar izan nuen puntuak kendu aurretik: zu mendian zenbiltzan eta laguntzaileak ez ziren moldatzen. Azaroaren 30ean jaio zen eta 6an jaitsi nintzen. Hemen egon nintzen, mozketa mahaiaren kontra, langileei argibideak ematen. Bularra emateko dendaostera ekartzen zidaten haurra, bapo jan eta lo gelditzen zen. Ondo zetorkigun ama eta amaginarreba hurbil bizitzea, batzuetan haiekin egoten zen, deitu egiten zidaten: “Zatoz, bularra nahi du”. Igotzen nintzen eta haurra lasaitzean berriz jaisten. Hori bai: garbi neukan bakarra izango nuela. Ez naiz sekula damutu bigarrena ekarri ez izanaz, eta askotan pentsatu izan dut zera, agian ideia autosufizienteegia da, akaso gehiegizkoa, baina sarri erabili dut gogoan neure burua prestatu nahi nukeela gertukoenen galera posiblerako. Hilko balitz Jose Inazio, edo are, hilko balitz gu bion semea, nire burua prestatu nahi nukeela egoera horretarako. Jendeak esango lidake, “nola pentsa dezakezu horrelako gauzetan?”.