VHS
VHS
2020, nobela
336 orrialde
978-84-17051-48-8
Azala: Idoia Beratarbide Arrieta
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2013, poesia
2009, poesia
 

 

Ilehoria II

 

 

Rec. Ez dakit oso ondo zer esango dudan. Oso bitxia izaten ari da hau guzti hau niretzat. Ez nuen espero detektibe bat kontratatzeak horrelako lana emango zidanik. Ez dut pentsatu ere egin nahi galdeketak eta hemen esango dudan dena delako hau transkribatzeak ekarriko didan lana. Baina igual da. Bidaia izaera ukaezina da. Agian ez du ezertarako balio izango, agian sekula ez dut jakingo zerk hil zuen Victor, nork edo nola. Ez dut argi ere zergatik saiatzen ari naizen duela hogei urte gertatutako heriotza bat argitzen, dagoeneko inork gutxik aipatzen duenean, hildakoen zerrenda infinituan ahaztutako izen bat gehiago, Saramagoren izen guztiak ez daude hemen, eta nire ahalegin hau akaso zentzurik gabeko utopia bat da. Pailazo bat errepidearen bazterrean, sudur gorria jantzita, hilik. Irudi horrek jazarri egin izan nau beti. Baina konturatzen hasia naiz, zurekin hitz egin ahala, Aitziber, orduko lekukoei galdeketak egin ahala, agian beste zeozer geratu zela errepide horretan autoaren azpian: neure burua ulertzeko giltza izan zitekeen VHS zinta hura berreskuratzeko modu bakarra, neure burua besteen ispiluan oroitzeko azken aukera.

      Eta banator esku artean dudan liburuak utzi didan arrastora. Merlinek Chusori utzi zion Benedettiren hura ez genuen sekula berreskuratu. Eta une berean, egun berean Victorrek niri utzi zidana ez zuten haiek bueltan izan. Hemen daukat, Angelica Negroren El olvido necesario. Beste hainbat erreferentzia bezala Victorrek nire errepertoriora ekarri zuena, auskalo noizko auskalo zein egoeratako elkarrizketa sakon eta ezdeus eta ezinbesteko horietako batean aurretik aipatua. Oraindik ere senti dezaket haren pasioa liburu honetaz hitz egitean. Victorrek inoiz entzun zuen egilea hitzaldiren batean zuzenean, eta berak ere sinatuko luke hark zioena: “Ezkerrak porrot egin du mundu osoan, iraultzek indarra galdu dute, zapatistenak bizirik dirau, Euskal Herrikoak kontraesanak sortzen dizkigu”. XX. mendearen amaiera zen, eta bere buruari galdetzen zion Victorrek zer datorren zinismoaren ostean, eta urgentzia zuen jakiteko noiz eta nola. Urgentzia, amorrua eta ezinegona. Urgentzia, bizitza akitzera joango balitz bezala. Baina akaso nik imajinatzen dut bera horrela, beste behin ere, eta ez zen horrela izan.

      Arraroa egiten zait pentsatzea ni orain ukitzen ari naizen liburu hau bere eskuetan egon zenik. Are arraroago berak azpimarratutako lerroak topatzean. Esaldi horiek irakurrita, bere ahotsa entzun uste dut, Victor, orroka.

      Isildu naiz une batez. Begiak itxi. Saiatzen naiz sentitzen Angelica Negroren liburura bueltatzeak gorputzean utzi didan arrastoa.

      Berrogeita bost urte ditut. Horrek ez du ezer esan nahi. Jende batek baino gehiago bizi izan dudala soilik, eta beste batek baino gutxiago. Zorte pixka batekin nire bizitzaren erdia bizi izan dut honezkero, segur aski gehiago. Batzuetan belarriko zuloan ile solteren bat topatzen dut, lehen ez bezala. Hori da berrogeita bost urte izatea.

      Nire ingurura begiratzen dut, belaunaldikide ditudanei batez ere. Haiek nire ispilua direlako. Harritu egiten nau bizitzak. Ezin ditut ulertu lagunen zimurrak, edo agian pixka bat bai, batzuei jarraipena egiten diedalako egunen joan-etorrian. Arreta handiz behatzen dut maite ditudan pertsonen gorputzen gainbehera. Baten batek esango dit negatiboegia naizela, bizitza besterik ez dela. Eta nik ere hori esaten diot neure buruari, umore onez altxatzen naizen egunetan. Baina besteetan ez. Harritu egiten naute batez ere aurpegiotako zimurrek. Batzuetan gezurrezkoak direla iruditzen zait, nik badakidalako nolakoa den ingurukoek barruan duten gaztea. Nik benetan diren bezalakoak oroitzen ditut, bizitzearen alde guztia emateko prest, sexua izatearen truke gauaren ertzeraino drogatzeko prest, eta abar eta abar, baina zeinen maitagarriak denak, zeinen patetikoak eta benetakoak. Nik badakit nolakoa den nire lagunek oroitu ezin duten gaztea.

      Bat, borrokalariak. Bi, ironikoak. Hiru, garaituak. Jende mota ezberdinak dira, ala pertsona beraren bizitzako etapak? Neure buruari galdetzen diot noiz hil zitzaion urliari begirada. Noiz ekin zion berendiak garaitua izateari, bere bizitzaren zein unetan konturatu ziren hau dela dena, ez dagoela ezer gehiago, ez dagoela mediokritatea ez den beste errealitate baterako itxaropenik. Eta batzuetan pentsatzen dut, nire ezintasunei aurre eginez, artea dela horretarako antidotoa, biziraupenerako pizgarria. Arteak itxaropena sortzen duela, edertasuna sentiarazte hutsarekin. Arteak, edo akaso, kreatibitateak berak, artistikoak ez diren euskarrietan ere. Eta orduan Victor datorkit gogora, edo Merline bere bizitzaren etapa batzuetan, eta haien ahotsa entzun nezake kasik, burlaizez, edertasuna erlatiboa eta subjektiboa dela esanez, pertsonaren arabera edertasunaren kanona aldatu edo ņabartu egiten dela aipatuz. Eta bai, hala da, baina emaitza, nolanahi ere, modu batera edo bestera, beti da itxaropena. Idealista izaten jarraitzen dut agian? Baina orain, adinean gora egiten dudan heinean, Victor ulertzen hasi naizela iruditzen zait. Berandu agian, bere garaiari aurre hartu zion post-idealista bat izan zelako, edo are, post-idealismoaren ostean zer datorren pentsatzen hasia zen post-ziniko bat. XXI. mendea zuen zain, informazioa falta zitzaion. Orain haren gerizpean diot nik, esan dezaket jada, zinikoak garela idealistarik erradikalenak.

      Batzuetan iruditzen zait munduaren gainbeheraz kontzienteegi naizela. Nahiko nukeena baino argiago dakusat gizarte egituraketa krudelkeriak gidatzen duela, eta ez elkartasunak, eta ez maitasunak. Horregatik, alaitasuna tresna politikoa iruditu izan zait beti. Horregatik jantzi izan dut poeta maskara gaztetan. Bestela atzemanezina zaidalako alaitasun politiko hori. Angelica Negrok iradokitzen zuen bezala, alaitasun une oro krudelkeria estrukturalaren kontrako intsumisio ekintza bat da. Sarritan, munduko eta naturako errepresio egiturazkoaren aurka pertsona bati geratzen zaion bakarra. Horregatik, agian, sistemak desprestigiatu egiten du umorea. Umorezko literaturak ez du sekula literatur sari nazionalik jasoko, ezin delako sari nazional bat jaso sariaren beraren inguruko txisterik egin gabe. Ironia arma boteretsuegia da, hobe da lehenetsi drama, ironiak publikoarengan enpatiarik sor ez dezan. Izan dadila umorea asko jota iseka, besteen kontura egindako trufa, baina behin ere ez ironia enpatikoa, gerta dadila zinismoa asko jota. Baina, kasu, zinikoak gara porrot egitea desiratzen ari garen ideologo bakarrak.

      Hatzak sudurrera gerturatu ditut eta tabako usaina dute. Inguruko askok erretzeari utzi diotenean ere, nik eutsi egin diot eta harro nago, erretzea modaz pasatuta egon arren. Zigarro bat erretzea desafio bat da, heriotza etengabe gogora ekartzen dizun paketeetako larritasunerako dei komertzial horren aurreko erresistentzia keinu bat. Bizitzeak hil egiten du, hori da benetan esaten dutena kartoietan, photoshop sinesgaitzeko iragarkietan. Eta ekin egiten diot, zupa eta zupa, minbiziarekiko beldurrez, bai, gazterik hil zaizkidan lagun ez erretzaile guztien izenak ahoskatuz, bizitzarekiko desafioz. Topa dezake inork plazera heriotzaren mehatxuan? Nik bai. Esango nuke hori bera dela geratzen zaidan guztia, edo gauza bakarra, edo geratzen zaizkidan gauzen artean garrantzitsuena: inoiz inork asmatutako erruleta errusiar tetrikoenean jokalari izatea erabaki dut. Pipatzean plazera topa dezakedalako nago oraindik bizirik. Heriotzaren presentzia egunerokora ekartzeko erretzen dut tabakoa, une xumeen gozamenaz bizitzarekiko zama desafiatzeko kapaz naizelako oraindik. Edo hori da, pozik eta ase, neure buruari oparitzen diodan gezurrik ederrena.

      Gaur bizitzak harritu egin nau, beste behin. Egunerokotasuna tematu egiten da ni bizitzatik aldentzen, ekidinezina zaidan ilunaz blaitzen, baina gaur harridurak poztu nau, beste behin. Nire gorputzeko zirrikituak arakatzen ari nintzen intimitatean, ohartu gabe. Badakizu, Aitziber, eguneroko show publikotik at uzten ditugun une horiek, errepertorio zehatza daukat nik: hatza sartzen dut belarrian, gustukoa dut belarriak barrutik gehiegi ez garbitzea, plazera ematen dit azazkal luzeegia belarriko zuloan sartu, eta pala baten gisan ezkoa erauzi ahal izateak. Ore minimo hori sentitu atzazalaren eta hatzeko haragiaren arteko tartean, eta ondoren astindu, katapultatu, gelako edozein zokora. Horren ostean plazerak batetik bestera eramaten nau, eta sudurrera jo ohi dut lehenik: sudur handia daukat nik, beti izan dut, eta sentsazioa dut bertako kobazuloetan mukiek leku gehiegi dutela kanpora atera gabe pilatzeko. Akaso horregatik sortu ohi zait muki salda baino gehiago, kostra harrigarria. Ez da erraza izaten plaka tektoniko hori erauztea, eta gustukoa izaten dut pieza bakar batean egitea lortzea. Nazka ematen dit. Ezin izaten diot eutsi, labur bada ere, bistadizoa botatzeari, batez ere ileren bat harrapatua geratu den jakin nahian. Edozein modutan, kasu honetan berehala ekiten diot meteorizatu eta ikusi nahi ez dudan lekuren batera jaurtitzeari, erratza pasatu baino lehen etxeko zapatilen joan-etorrien poderioz desegingo den itxaropenez. Izarren hautsa, egun batean. Eta ondoren ekiten diot pentsatzeari, bigarren zuloko plaka tektonikoaren bila, akaso kostra dela gizateriaren forma naturala. La kostra nostra. Agian gorputza bera dela arimaren kostra bat. Arima diot, hitz hoberik okurritzen ez zaidalako. Arima diot asmo katolizistarik gabe, ez nau balizko beste bizitzak kezkatzen, baina argi dagoena da gorputzetan une batean bizitza dagoela, eta gero ez. Agian arima beharrean bizitza esan behar nuke, Merlinerekin Granadan edukitako solasaldi hura betiere gogoan. Tira. Agian gorputza bera da norberaren bizitzaren kostra bat, mina eta alaitasuna estaltzen dituen erauzi beharreko kostra bat, kostra erraldoi forma aniztuna, ileak harrapatuak dituen kostra bat. Eta hor, bat-batean, poema bat ikusten dut, eta Victorrekin akordatzen naiz berriro, eta Rociorekin, eta Chusorekin, eta pentsatzen dut, hemen bada poema bat, kostra garen sentsazio hau transmititzen asmatuko banu, kostra hitza, arima hitza, bizitza hitza erabili gabe, orduan bai, poema bat legoke hemen. Baina pasatzen utzi dut, azken urteetan hainbestetan egin dudan bezala, poemarako bulkada. Eta horrek boteretsu sentiarazten nau, eta zoritxarrekoa era berean, baina edonola ere, beti harritzen nau poema baterako bulkada topatzeak egunerokotasun zauritu honen bazterretan.

      Eta zu, Victor? Zergatik nire tematze hau, zergatik itzaletik erauzi isiltasuna?

      Behin jarioari grabagailuaren aurrean eutsita, ilun ari naizen sentsazioa daukat, ezkor. Akaso horrek badu zerikusirik zurekin, Victor? Batzuetan iruditzen zait idazketa dela, edo sormena, edo antzerkia egiteko unea, benetako jainko bakarra, ahalguztiduna, guztia ikusten duena, zu zeu ere agerian uzten zaituena fikzioaren bitartez ezkutatzen saiatzen zarenean. Pentsamendu horiek datozkit behin eta berriz, bihotzerre baten modura: pertsona bezala, jendarte bezala, galduta gaude, baina miretsi egiten dut askok ahanzturari aurre egiteko duen kemena. Eta esango nizuke, Victor, dagoeneko zure erantzuna jakingo ez banu, onartzeko prest bazina, ezinezkoa atzemateko ahalegin bat gehiago izan zela zurea: justizia nahi zenukeen. Poetikoa, baina justizia. Historia liburuen bazterreko ahanztura infinitu horretatik norbait, pertsona bakar bat, erreskatatu ahal izatea pertsonaia baten bitartez. Justizia nahi zenuelako tematzen zinen hamaika izen itzaletik argira ateratzen, justizia nahi zenuelako astintzen zenuen zure emanaldietan ezinbesteko ahanzturaren zuhaitza, oraindik usteldu gabeko sagarren bat eror zitekeelakoan. Baina garaipen txiki bat lortu beharrean, zure ahaleginak oraindik kontzienteago egiten zintuen besteon ezinbesteko ahanzturaren neurriaz.

      Zer nolako oreka zekarkizun pertsonen memoria historiko ez historikoak azaleratzeak? Gaiztoa izango naiz, garai batean, Seat Ibizaren barruan zigarroak erretzen, Merlinek eta biok egiten genuen bezala: bizirik sentiarazten zintuen bulkada bat zen. Eta pisutsuegia zitzaizun utopiaren zama, atzemanezinegiak ezintasunaren ondorioak. Baina hori zure arazoa zen, ez nirea, ez gurea, ez besteona. Ez gizartearena, esan nahi dut. Argi eta garbi esango nizuke gaur ere, tabernetan zuk antzerkia egin ostean luze solastatzen ginenean bezala: bada ezinbestekoa den ahanztura bat, pertsonek egiten jarraitzen duten gauza miresgarri bakoitzaren atzean beti dago ahaztutako milaka pertsonaren arrasto isila, eguneroko bizitzan egiten duzun hautu ustez miragarri oro da milaka urteko hautu ikusezinen segida. Arrasto isil hori gabe ezinezkoa litzateke artea, adibidez, edo feminismoa, edo apikultura, edo akupuntura. Zuk nahi ala ez. Argi dakusat egunerokoan: uraren txorrota ireki, begetarianoa izan, pelikula europarrak deskargatu dohainik, larrua jo berogailua jarrita, Emmy Hennings-i buruzko artikulu bat irakurri Berrian, Berria bera irakurri, kazetaritza, eguzki lore bat lapurtu mendian zure etxeko atarian jartzeko. Guztia da milaka erabaki txikiren, milaka humano frikiren nahien, desioen, bete gabeko ametsen emaitza. Arrasto isil hori gabe ez gara ezer. Ez zara, ez naiz, ez gara batere originalak. Eta hala ere miragarria iruditzen zait aldiro edonork beste edonor biluztean duen jakinduria berezkoa, edo abilezia falta, edo grina, edo beharra. Arropa erantzi besteari arropa hori Zaran erosia izan arren, edo bertako produktuen artisautza azoka batean, arropa erantzi eta larrua jo, larrua jo ostean pentsatu hori dela denbora gelditzeko modu bakarra, izerdia, hori eta beste ezer ez, Samuel Becketten bularrean labana, ezerk ez du zentzurik, eta denbora gelditzen duzu baina hori ere badoa, edozein egunetan edozein hiriburuko ospitaletan datza milaka larru jotzeen osteko azken hondarra, ametsak gaur egun in vitro ernaltzen dira. Eta bere kabuz lorpen bat egin duela uste duena pobre dabil: une honetan egitea lortu duzuna, garaipen txiki eta zure ustez gizadiarentzako edo herriarentzako edo kulturarentzako edo arte eszenikoentzako ezinbestekoa den lorpen honek, artikulu honek, jasotako txalo besamotz honek, zure koadro baten aurrean jasotako plastikozko lore sorta honek, milaka pertsonak egin, sentitu, hartutako erabakien segida bat du ezkutuan atzean, zuk ez jakin nola. Eta akaso, Victor, hori bera zara zu niretzat: ezinbesteko ahanztura horretatik memoria historikora, justizia poetikora eraman nahi dudan ahots bat. Stop.