VHS
VHS
2020, nobela
336 orrialde
978-84-17051-48-8
Azala: Idoia Beratarbide Arrieta
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2013, poesia
2009, poesia
 

 

Ilehoriaren
bost oroitzapen
atzekoz aurrera

 

 

LEHEN OROITZAPENA

 

“Victor hilda dago”. Sandro Peleak zuzen egin dit so begietara. Betaurrekoak irristatzen utzi ditu sudurrean behera, kristala esan berri duena ulertzeko interferentzia izango balitz bezala. Mantsoago errepikatu dizkit hitzak, “Vic-tor-hil-da-da-go”, baina ez ditut ulertzen. Segundo batzuk lehenago zabaldua dut nik galdera airean, oraindik ere oxigenoa erdibitzen duten hitzak: “Zer moduz daude Victor eta besteak? Badakizu zerbait haietaz?”.

      Urdinaren pintura erakusketaren inaugurazioan gaude. Gazte gara, gazte. Urdinak beka bat jaso du mundu osoko pintoreekin batera hamabost egunez lanean jarduteko, eta ondoren Hondarribian inauguratu dute emaitza. Egonaldian sortu dituen koadroen artean dago Udalak erosi dion bat, harrezkeroztik bertako bulegoetako horma nagusian habia hartu duena: haur baten aurpegiaren lehen planoa, hondo gorri batetik ikusleari beha. Bere begirada galdera ezeroso baten moduan iltzatzen da ikuslearen begietan. Harrapatu egiten zaitu. Bigarren maila batean, airea zeharkatzen duten arrainak. Figurazioa eta abstrakzioa elkar zartatuz, eztanda eginez ikuslearen begietan.

      Sandro Pelea pintorea beti azaltzen da gutxien espero dudan lekuan gutxien espero dudan unean. Halaxe ezagutu genuen Merlinek eta biok: gau batez plaza batean mozkortzen ari ginelarik, gure diru urria tabernetan xahutu ezinik, lagun arteko mozkor cromlecha apurtu zuen zirtolari. Ustez gazte batzuk asaldatu nahian zebilen, bizitzari buruzko lelo profetikoekin. Gogoko zuen horrelako agerpen teatralak egitea ezezagunen aurrean. Sandro bohemio hark espero ez zuena zen kalimotxozko cromlech hura sasipoeta fanzinezale bat izatea, bere neurriko eromena transmititzeko kapaz zena neurri eta doinu librean. Lagun minak egin ginen, ezinbestean, baina telefono zenbakia sekula trukatuko ez genuela zin egin genion elkarri. Kasualitateetan oinarrituko zen gure harremana, elkar topatzen genuen aldiro solastatuko ginen bizitzaz eta arteaz, baina sekula ez modu antolatuan. Behin bakarrik hautsi genuen paktua. Baina ez gaur. Gaur kasualitateak elkartu gaitu beste behin. “Victor hilda dago”. Ezin sinetsirik nabil, baina era berean ezin dut burura arrapaladan datozkidan topiko guztien artean bakar bat aukeratu.

      “Baina, nola...?”, nik.

      “Duela urtebete izan zen”, berak.

      “Urtebete...!?”, berriz nik.

      “Oso gauza arraroa izan zen. Madrilen hil zen auto istripuz. Badakizu azken urteetan han bizi zela, ezta?”.

      “Bai”.

      “Oso jende gutxi azaldu zen entierrora. Bere heriotza hodei ilun batek estali balu bezala izan zen”. Esaldia faltsua, artifiziala, teatrala iruditu zait Sandroren ahotan. Baina oraingo honetan serio ari da.

      Urdina inguratu zaigu, baina ez naiz kapaza izan berehalakoan ezer kontatzeko. Berak ez du Victor ezagutu, aurreko bizitza bateko kontuak dira haiek denak. Sandro begira dut oraindik, adi. Koadro kontzeptual bat pintatzen duenak bere buruari baimentzen dion pasioaz hitz egin ohi du normalean, besoa luze astinduz euli ehizan, kaosa sormenaren parte dela onartuz, bere borondatearen eta airearen arteko talkak mihise zurian izan duen eragina kuriositatez aztertuz. Une honetan brotxakada bat naiz ni.

      “Baina nolatan ez dut urtebetean ezer jakin?”.

      Isilik so egin dit. “Baduzu besteen telefonoa?”.

      “Ez”, aspaldian galdua dut Victor eta La Marabunta antzerki taldeko lagunen arrastoa.

      Gauean Urdinaren etxean egin dut lo. Victorren berri eman diot: nire ibilbide profesionala antzerkiari eta literaturari emateko hautuan erabakigarria izan zen pertsona, sormen kontuen politikan beti bi pauso aurretik sentitzen nuen laguna, bidaidea, bizitzaren ideologian iparra. Hotzikara sentitu dut, Urdinaren begirada isilak lasaitzen nauen arren.

      “Merlineri deitu behar diot”, esan diot urgentziaz.

 

 

BIGARREN OROITZAPENA

 

Victor ikusi dudan azken aldia da. Dagoeneko ezin dut bera jasan. Uste dut ez diodala puska luze batean deituko. Harritu egiten nau bere harrokeriak, bere herrak, behinola adiskidetasunaren izenean saretutako antzerkilari amarauna bere mesedetan erabiltzeko moduak. Militanteki antolatu dizkiot emanaldiak Euskal Herrian; alajaina, ez da erraza Sevillako talde bati bertako gaztetxe eta herriko tabernetan boloak lortzea, are gutxiago bere emanaldietako umore kitsch bezain probokatzailearekin. Eta, hala ere, bira lotu eta gero, gutxien espero nuenean diruaz kexu mintzo zait. Non dago behinola ezagutu nuen Victor transgresore eta solidario hura? Madrilek jan ote dizkio, berari ere, behinolako ametsak eta idealak? Beti bezain aktore ona izaten jarraitzen du madarikatuak, hori bai.

      Afaria prestatu dugu azken emanaldiaren ostean, aspaldiko lagunak elkartzeko. Poesiatik antzerkirako bidea egin genuen guk behinola, paperezko fanzineetatik tabernetako emanaldietara, errezitaldietatik performanceetara, atriletatik gorputz adierazpenera. Trantsizio horretan inspirazio iturri izan ziren guretzat La Marabunta taldeko lagunak, haien pasioa eta umore bortitza, haien bizitza kudeatzeko modua. Guztien buru zen Victor, jendetasuna une oro borborka zuen aktorea; berak lotzen zituen haien ingurukoen birak, emanaldiak, berak lortzen zuen lagunen lagun egitea eta mugarik ezagutzen ez zuen zirkuitu undergroundean sareak ehuntzea. Barre egiten zuen, penintsularen hegoalde hartan ohi duten moduan, maisuki baliatzen zituen andaluziarren umoreari buruzko topikoak, “ez zaitez engaina, umore hau maskara bat da; ahalegin handia egin beharko duzu andaluziar baten benetako izaera ezagutzeko”. Horixe esan zidan ezagutu genuen egunean, elkarrekin Sevillan hartu genuen lehen garagardoarekin batera.

      Victor ezagutu gabe jarraitzen dudala sentitzen dut. Gaur egun agian inoiz baino gutxiago.

 

 

HIRUGARREN OROITZAPENA

 

Merline eta biok Sevillako etxe batean gaude, Sierpes kaleko ganbara batean. Astebete daramagu bertan, biharamunean bueltan goaz etxera. Irteeraren bezperan despedida dugu sortu ditugun adiskide berriekin, eta sorpresa bat prestatu digute. Gaua da. Bost lagun gaude ganbaran, edo agian sei. Victor oroitzen dut unearen gidari. Berak ematen zituen instrukzioak, berak esaten zigun nola jarri kameraren aurrean. Haren alboan Chuso, ia seguru. Eta Victorren bikotekidea akaso, Rocio.

      “Prest?”. Oroitzen dut bideo kamera, oroitzen dut tripodea. Aste horretan ohiko bilakatu zitzaigun sofan eseri gara Merline eta biok. Rec. Galderak egiten hasi dira. Victorren irudia daukat sartuta buruan, guri so, arretaz. Eskuan paper bat duela esango nuke, galderekin. Zenbat iraungo zuen grabaketak, hamabost minutu? Hogei? Merline eta biok trebeak ginen hitz egiten, bizitzari buruz genuen ikuspegia azaltzen. Adinak zuritzen zuen oraindik gure egoa. Nahiz eta berak hogeita hiru urte izan eta nik hogeita bi, guztia bizitakoak sentitzen ginen.

      Victorren galderak antzerkiari buruzkoak dira denak, memoria pixka bat behartuz gero, akaso kultur politikari, kudeaketari, artea bizitzeko moduei buruzkoak. Baina ez dut lortzen gogoratzea bakar bat ere. Kuriosoa da. Victor akordura ekartzen dudanean, normalean barrez lehertzen oroitzen dut. Egun hartan ordea serio, serioegi, egiten ari den horretan guztiz sinesten duenak xehetasunetan jarri ohi duen arretaz egiten galderak.

      Astebete eman genuen haiekin. Ez dakit zehazki noiz egin ziguten proposamena. Proiektu bat zuten esku artean Victorrek eta beste batzuek: antzerkian, edo oro har kulturan, lanean zebilen jendeari elkarrizketak egin, hamar urte pasatuta berriro elkarrizketatu jende bera, eta ikusi haiekin zer gertatu den. Elkarrizketa bera errepikatu hamar urteren ostean. Non geratu diren kulturari emanak bizi ziren lagun haien ametsak, aldarriak, desioak eta proiektuak. Bideoan grabatutako denboraren kapsula bat. VHSan gordetako etorkizunerako mezua. Eta guk baietza eman genion gogotsu bertan sartzeari.

      Eta behin eta berriz saiatuta ere, burua estutzen dudan arren, ez dut galdera bakar bat ere gogoratzen. Une hartako sentsazioa, ordea, bai. Ez dut oso argi zer den oroitzapena, zer imajinazioak osatutakoa, baina egongelan argi gutxi dagoela esango nuke. Akaso beraiek jarri zuten ilunetan, argi bereziren bat grabaziorako, baina nik horrela oroitzen dut: gaua. Merline eta biok eseri ginen sofa hartan, kamerari begira ginela, ni ezkerrean eta bera eskubian. Nire alboan, sofarekin mugan, liburuz betetako altzari txiki bat, mesanotxe baten antzekoa.

      Irudimena behartuko dut: “Zer proiektu duzue esku artean? Zer da zuentzat antzerkia? Nola ikusten duzue zuen burua hamar urte barru? Honetatik bizi nahi zenukete? Antzerkia ondo ikusia dago gizartean? Zer da zuretzat artea? Nor miresten duzu? Aipatuko zenuke erreferentziarik? Zertan oinarrituko da zuen hurrengo proiektua? Nola sortu zen zuen taldea? Zeri buruz hitz egin nahi zenukete zuen lanetan? Zergatik? Zer kutsatu nahi zenukete? Zuen ustez zertarako balio du arteak? Zertarako balio du antzerkiak?”. Edo horrelako zerbait.

      Eta guk guztiak erantzun. Oroitzen dut gure hitzei zerien segurtasuna. Orain harrigarria egiten zait segurtasun hori. Gazteak ginelako ote zen, besterik gabe? Edo bazen beste zerbait ere? Zerk sentiarazten gintuen hain seguru egiten ari ginenaz, zergatik uste genuen ginela hain heldu, edo zahar? Bizitzak dagoeneko eman behar ziguna eman izan baligu bezala. Damu izateko beranduegi, eta bizitzaren inguruko kontzientziara iristeko goizegi. Liburu gehiegi irakurri genuen? Ala benetan asko bizitakoak ginen geneukan adinerako? Ez dut sekula oso argi izan.

 

 

LAUGARREN OROITZAPENA

 

Sandrorekin hitzordua jarri dugun aldi bakarra da. Bere etxera eraman gaitu, estudio gisa erabiltzen duen gelara. Mundu berri bat zabaldu zaigu begien aurrean, bizitza pinturaren begietatik ikusteko aukera bat, orainaren zirriborroa. Luze jardun zaigu bere bizitzaz, iraganaz, orain arteko hautuez. Gazterik etorri zen Andaluziatik Euskal Herrira, etxe okupa batean bizi izan zen Trintxerpen hamarkada batez. Bere lanek oihartzuna dute galerietan; saldu egiten ditu obrak, egun gezurra badirudi ere. Baina era berean ez da ezaguna, edo ez du izan nahi. Barre egiten dio artearen ingurumariari, intelektualtasunari, bere buruari. Bizimodua du obra gorena. Une honetan bi ildo jorratzen ari da: batetik, erotismoari loturiko marrazki minimalistak; bestetik, kafe hondakinekin egindako lan abstraktuak. Serie osoa erakutsi digu: arrasto marroixkei bidea emanez sortu ditu koadroak, kafea edan osteko hondakinak eta azkeneko kafeina tantak paperaren gainean dantzaraziz, lurra gogora ekartzen duten testurak sortuz. Mundu osoko kafeekin probatzen ari da, testura ezberdinak dituzte Kolonbiakoek zein Euskal Herrikoek. Liluraturik entzuten ditugu bere lanari buruzkoak, fikziozkoa dirudien pertsonaia honi kateaturik, gure gaztetasuneko erreferentzia gose horretan betaurrekodun bufoi konkorgabe hau segundoero miretsirik.

      Agur esan diogu ordu batzuetara, hitzorduak zuen hastapeneko helburua beteta: “Hau Victorren telefonoa da”, esan digu, “La Marabunta antzerki taldekoa. Handik pasatzen bazarete esan Sandrok bidaltzen zaituztela. Jende hau mundiala da, ondo ulertuko duzue elkar”.

 

 

BOSGARREN OROITZAPENA

 

Bidaiaren bezpera, Irungo Amaia antzokia. Ez dakit nola amaitu dugun Merlinek eta biok Mikel Laboaren kontzertuan. Egitekotan garen bidaiaren hitzaurrea da, barrenak astindu dizkigun inspirazio unea. Gogoan ditut Laboaren kantak, alboan zituen musikari apartak, kantariaren apeta mikroa eskuan dantza moduko bat eginez saltoka aritzerakoan, “Lizardi, Rimbaud etorri duk hitaz galdezka...”. Eta gogoan dut, batez ere, jendearen hunkidura. Ordutik sarritan egiten dut, ikusle edo entzule noanean emanaldi batera une bat hartzen dut ingurura begiratzeko, publikoaren aurpegiei so egiteko. Zur eta lur erreparatzen nien Irungo hartan bisaiei, ahotsei, barne begirada antzaldatuei. Sorkuntzari dagokionez gaztelania eta euskararen artean nenbilen ni garai hartan, zalantza existentzialekin. Nire inguruko jende gehiena erdalduna zen, lagun poeta egin berriek gazteleraz idazten zuten oro har, gazteleraz irakurri, gazteleraz musika entzun, gazteleraz komunikatu. Gure tabernetako hitzordu, solasaldi eta errezitaldietan haiek liluratu nahi nituelako jotzen nuen nik ere gaztelerara, euskara literarioki herdoiltzeraino.

      Behekokale kultur espazioan hartua genuen habia ordurako, urte luzez diziplina artistiko ezberdineko artisten erreferentzia bilakatuko zen taberna modukoan. Bertako arduradunengana jo genuen gure fanzinea tabernan salgai utzi nahian, eta haien erantzuna ezustekoa izan zen: “Bai, baldin eta errezitaldi bat eskaintzen baduzue”. Onartu egin genuen erronka, hura izan genuen lehena, espero gabe eszenatokira bizitza osorako kateatuko gintuen pausoa. Bertako nagusiak, Ernestok, esana zidan berriki, ron botila baten laguntzaz solasean ematen genituen gaupasa ugarietako batean: “Ez duzu pentsatu euskaraz soilik idaztea?”. Galderak barrenak inarrosi zizkidan eta ez nion berehalakoan erantzun, baina luzaz eduki nuen haren harra tripetan sarturik. Lagunak maite nituen, haien miresmena nahi nuen, baina euskararekiko banuen halako zor emozional bat, nahi bat, gogo bat. Militantziak markatzen zituen 90eko hamarkadan gure aukerak; nola ekidin, bada, galdera hura? “Zergatik ez duzu euskaraz soilik idazten?”. Zergatik bai? Zergatik ez?

      Merline mesfidatia zen euskal munduarekiko, euskara ez jakiteagatik baztertua, gutxietsia sentitzen zen gazte belaunaldi batekoa. Ikastolak mundu urrun bat ziren harentzat, diru pribatuarekin kudeatutako ghettoak, kalean jazartzen zuen halako burrunba ideologizatua. Eta, hala ere, bere barrenean hori sentituta ere, jakin bazekien gure inguruan euskara militantziaz bizi zutenen eskutik etortzen zirela sarri kultur arloko proposamenik interesgarrienak, arriskatuenak, funtsean erakargarrienak. Min ematen zion horrek, onartu nahi ez zuen ardura bat jartzen zuelako bere gain: euskaraz ikastea. Merlinek bezala, zinismoan hartzen zuten babes gauza bera sentitzen zuten gehienek. Euskarazko erreferentzia gutxi onartzen zuten kultur munduko erdaldunek haien kuttunen artean, eta Mikel Laboa zen haietako bat. Nekez ulertzen zuten haren kantutegiak tradizioarekin zuen harremana, baina bai poesiarekiko lotura, eta, batez ere, esperimentazioa. Agian horregatik joan ginen kontzertu hartara gure bidaiaren bezperatan, nahiz eta ez dudan ondo oroitzen nola amaitu genuen han.

      Kontzertuaren uneren batean publikoari begiratu izana dut akorduan, eta nolabaiteko errebelazio, desio edo erronka sentitu izana: “Nik jende honentzat idatzi nahi dut. Mikel Laboaren kontzertu honetan hunkitu den belaunaldi ezberdinetako jende hau da nik etorkizunean solaskide nahi dudana”.