VHS
VHS
2020, nobela
336 orrialde
978-84-17051-48-8
Azala: Idoia Beratarbide Arrieta
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2013, poesia
2009, poesia
 

 

 

Aitziberri

 

 

 

 

 

Ilehoria I

 

 

Nire gorputza denboraren makina bat da. Begiak itxi eta haragi honetan murgildu naiz. Batzuetan inpresioa dut gorputz honek nik ez dakizkidan gauzak dakizkiela. Edo beste modu batean esanda, nik ahaztu ditudan gauzak oroitzen dituela.

      Solasean hasi naiz, gihar hauekin. Aulki batean nago eserita. Saiatu naiz bizkarra zuzen jartzen. Sorbaldak atzera mugitu ditut, bizkarrezurra tentetzearren. Eskuak luzatu ditut airean, eta geldirik utzi. Zenbat denboraz egon ninteke honela? Zenbat denboraz egon ninteke besoak aurreraka zabalik, oinak aurrean pausaturik, aldakak geldi, zama guztia aulkian bermaturik? Zenbat denboraz aguantatuko dute nire giharrek posizio honetan? Are gehiago, zenbat denboraz aguantatuko dut nik neure buruari zertan ari naizen galdetu gabe? Neure burua epaitu gabe?

      Besoak zabalik aurreraka, luze. Nire eskuei erreparatu diet, lehenik eta behin. Burutik pasatu zaidan lehenengo gauza: dardara. Dar-dar egiten didate eskuek? Ez. Tira, bai, apur bat bai, bizirik nagoelako, arnasa egiten dudalako. Baina hor daude, hemen nago. Zabalik. Luze. Eskuei begira. Hatzak aurreraka baina tentsiorik gabe. Egoera interesgarria da. Fisikoki geldirik egotea, baina jarrera nekagarrian. Gelditasunaren abentura. Abentura handi bat abiatzea bezala, baina alderantziz. Bidaia ezinezkoa, inora ez doan bidaia. Erronka handi bat, baina absurdoa. Ez al ziren bidaiazale handien asmoak beti norbaitentzat ulergaitzak, ezinezkoak, eroen kontuak? Scott, Peary, Cook. Ipar poloa, hego poloa, inork egiten duen arte existitzen ez den hamaika bidaia. Amundsen, Shackleton, Decathlon, zer dakit nik. Badoakit burua. Pentsamendua kontrolatzea ote da abenturazale extremoen erronkarik nagusiena.

      Eta geldirik nago. Esploratzaile handiak gogoan. Arnasari eusten diot, eskuen dardara ahalik eta txikiena izan dadin. Agian horretan datza gakoa. Mantso arnastean. Arnasaz kontziente izatean. Yoga. Baina tentsioan. Besoak nekatu arte. Zenbat denbora izango naiz hemen egoteko gai, besoak airean? Esploratzaile handiak. Haien emazteak datozkit gogora. Etxean geratzen ziren emazteak, jada ez da harrigarria haiek gogora ekartzea. Baina esploratzaileen emazteak. Geldirik geratzen ote ziren, horrela, haien etxeetan, besoak luze, edo zabalik. Denborari airean eusten bezala. Zain, edo aske. Itzaleko konspiratzaileak. Agian itzaleko emakume haiek zoriontsuak ziren haien senarrek bakean uzten zituztenean, urrunera joaten zirenean. Eta emakume haiek itzalean masturbatzen ziren. Elkar masturbatzen zuten. Ederra litzateke irudia errepresioagatik ez balitz. Utikan intelektual ezkertiarren argudio atzerakoiak. Esploratzaileen emazteek, besoak luze zabalik airean, negar egiteraino aguantatzen zuten, denbora sostengatuz bezala.

      Baina ni ez naiz emakumea. Ez naiz esploratzailea. Ez naiz gizona. Akaso, pixkanaka handitzen doan besoen tentsioaren aurrean, ez pentsatzean datza gakoa, aguantatzeko. Ahalik eta denbora gehien. Kronometroa jartzea ahaztu dut. Tira, benetan ez dio axola. Nire helburua ez da errekor bat gainditzea, ez bideo bat Youtubera igotzeko aitzakia bat edukitzea, ez denbora kuantifikatzea, ez denbora erregistratuz minutuen jabe sentitzea, ez performance bat egitea. Zertarako balio du inork ikusiko ez duen performanceak, zertarako balio du inork haren berri izango ez duen ekintza sinbolikoak. Nire helburua ez da helburu bat edukitzea. Ez dakit zein den nire helburua. Ez dut helbururik. Akaba nazazue. Bidal nazazue sutara. Ez dut helbururik. Edo bai. Agian bai. Asma nezake helburu bat. Ez dakit, metafora bat. Adibidez. Denbora gelditu nahian nago hemen, besoak aurreraka zabalik, geldi. Neure buruari aguanta dezakedala frogatu nahian. Aurrera egiteko gai naizela frogatu nahian. Bizitzaren zentzugabetasunari aurre egiteko nago hemen. Besoak luze airean, nekatzen hasita. Ederra litzateke horietako edozein helburu.

      Nekeak aurrera egin ahala ukondoen kontzientzia hazi zait. Nola da posible. Ukondoen kontzientzia. Mundu osoa mugitzen da hankartera begira, ipurdira begira, titiei begira, abdominalei begira. Baina ukondoa. Nori axola dio ukondoak. Ukondoen erotika. Minbizia daukat ukondoan. Ukondoen transplantea. Ukondoa geratu zaio, zast, bat-batean. Taupaka aritzeari utzi dio ukondoak. Munduko ezker distopikoaren sinboloa, altxa ezkerreko ukondoa. Ukondoetan pentsatzea ez zait lagungarri egiten. Nekea bisualizatzen dudalako. Ilean pentsatu agian. Eskumuturretik besazpira doazen ileei begira jarri naiz. Ileak. Ileak. Ileak. Ezinezkoa da pertsona bakar baten ile guztiak kontatzea. Pertsona ororen gorputza da mundua bezalakoa. Ezinezkoa da munduan orain eta hemen dagoen jende guztia zehatz-mehatz zenbatzea. Numero zehatza milisegundoero aldatzen da. Orain pentsatzen ari naizen esaldi hau amaitu baino lehen milaka izango dira jaio eta hil diren pertsonak. Orain beste esaldi bat hasi naiz eraikitzen eta idazten bukatzerako, komak zabaldu eta tartean hitz batzuk jartzerako, esaldia jarraitu eta amaitzerako, beste milaka batzuk dira jaio eta hil direnak. Eta bakoitzagatik poz-negarrak, tristezia-negarrak, edo ezer ez.

      Biluzik nago gerritik gora. Besoak tente, galtzarbeen kontzientzia. Ez dut galtzarbeetan pentsatu nahi. Aguantatu nahi dut. Gehiago. Gehiago. Gehiago. Nire titiburu erraldoiek so egiten didate bularraldetik, esanez bezala: zurekin gaude. Kontaktu bisual osoa nahi dut nire gorputzarekin. Hau abentura bat da. Hau espedizio bat da. Werner Herzog izotzaren gainean oinez, Encounters at the End of the World dokumentala egin baino hogeita hamahiru urte lehenago. Fitzcarraldoren istorioa, Klaus Kinski aktore dela, 1982an zuzendutako pelikulan, zenbat hunkitu ninduen film hark. Hau antzeko zeozer da. Die Eroberung des Nutzlosen. Ezertarako balio ez duenaren konkista. Kulturan lan egiten duen orok inoiz sentitu duen zerbait. Agian horregatik egiten zait horren erakargarria film hura. Eta filmari buruz Herzogek idatzitako egunerokoa. L’Alakran konpainiako kideek antzezlan bat egin berri dute titulu horrekin, La Conquête de l’Inutile, metateatroa, zeinean gogoeta egiten duten bizitza osoa kulturari eskaintzeak suposatzen duen ahalegin ezinezkoaz, inutilaz.

      Aguantatu. Kontaktu osoa nahi dut nire gorputzarekin, bidaia hau egiteko. Arnasak estutzen nau. Arnasaren kontzientziak. Sorbalden inguruko giharrak tenk.

      Eta era berean ez naiz nire. “Nire gorputza” diot, diogu, beti. Baina ez da nire, ez dira gure, gorputzak. Gorputzak mundua bezalakoak dira. “Gu munduan bizi gara, mundua gugan bizi da aldi batez, hesitu gabeko euria, giltzatu gabeko jendea, gu mundu gara baina mundua ez da gurea”. Jose Luis Otamendi. Alokairuzko etxe batean biziko bagina bezala etengabe. Inoiz ez dago guztiz zure esku erabakitzea noiz hasi edo amaituko diren etxeko obrak, misterio bat dira portaleko bizilagunen bilerak, bertara jabeak joaten direlako soilik. Eta zu maizterra besterik ez zara. Zuk mundu hori habitatzen duzun arren, garesti ordaintzen duzun arren, zurea balitz bezala. Mundu horretan gauzatzen dituzu zure bizi proiektuak, nola ez da ba izango zure etxea, bertan bizi izan badituzu zure esperientziarik, pentsamendurik, oroitzapenik harrigarrienak. Bertan biluztu bazara gauean, bertan biluztu bazaituzte gauero. Eta ez da, izan. Espero ez duzun unean amaituko da, okupa bat zara zure denboran. Gorputza ere halaxe. Etxe hau nirea den ilusioa, baina zenbatetan aukeratu dut nik gaixotzea, noiz erabaki dut nik gorputz atal honetan ileak ugaritzea, beste honetan ilea betirako desagertzea. Nork erabaki du titi azpiko galtzarbeko hankarteko bulto hau, noiz, nola eta zergatik. Nola da posible nire gorputzak bere kabuz erabakiak hartzea, kontrolatzen ez dudan natura bat bezala, nirekin bat ez datorren animalia bat balitz legez. Belarra espaloietako zirrikituen artean hazten, edo zuhaitzen sustraiak porlanetako parkeetan galtzada harriak zartatzen, zer naiz ni ez bada bere kabuz samina sentitzea aukeratu duen gorputz bat, bere kabuz nirekin kontatu gabe, nirekin portalean etxearen fatxadari buruz erabakiak hartzeko bilerarik egin gabe.

      Eta eutsi egiten diot, gogor. Hatzei tiratzen diet aurreraka, besoak tente mantentzen lagun diezadaten. Gero eta gehiago naiz borondatearen araberako postura, gero eta gutxiago berezko indarra. Antzerkiko beroketak datozkit gogora. Arnasketa ariketak. Sabelaldean jarri dut atentzio osoa. Nire enborreko indar guztia aldaketara, aulki gainera, zilborrera eraman dut irudimenaren bitartez. Sentitu tentsioa enbor guztira banatzen, eta ez besoetara soilik. Une batez arindua sentitu dut. Kapaza naiz beste puska batez mantentzeko.

      Zenbat denbora pasatu ote da. Zenbat denbora ote daramat jarrera honetan. Zenbat denboraz eutsiko diot. Hil arte aguanta nezake? Egon ninteke aulki honetan eserita oinak lurrean, besoak zuzen aurreraka airean geldi, bizkarrezurra bere zabalera osoan pausatuta, hala erabaki dudalako soilik, beste edozein motiborik gabe, akiturik hil arte?

      Denboraren jabe banintz, ez nintzateke hasiko harekin zer egin pentsatzeko galdera metafisiko antzuetan. Denboraren jabe banintz hura geratzea izango litzateke nire hautua. Geratu, stop, parentesia. Atseden hartzeko aukera eman neure buruari. Atzerako kontaketarik gabe. Tarteka bai izan dut sentsazio hori, noski, baina ia beti oharkabean. Topikoak betetzen dira gai honetan ere. Zenbat une xume, zenbat une eder, hondartza batean, kafe bat hartzen, liburu bat irakurtzen neguan, bakarkako zein lagundutako orgasmoetan, zeinetan denbora geratzen den. Edo hobeto esanda, zeinetan denbora geratu den sentsazioa duzun. Baina beti gertatzen da oharkabean, ondoren konturatzen zara denbora, berez, zuk geratu duzula. Unean bertan nahita gelditu, ordea, inoiz ez. Edo nik ez dakit. Baina nire gorputza denboraren makina bat da. Makina bat aldiz esan diot neure buruari, dagoeneko.

      Ezin dut gehiago.

      Akabo. Lurrean etzan naiz, luze. Mina sentitzen dut gerritik gora, gorputz osoan. Minari aurre egiteko estrategia ona da mina: min batek bestea estal dezake.

      Denboraren jabe izan. Denbora geratu. Oraintxe bertan konformatuko nintzateke une bakar bat behin eta berriz bizi ahal izatearekin, bere xehetasun guztiekin. Nik aukeratutako une bat, lehen aldia balitz bezala, baina kontziente. Orain eta hemen. Begiak itxi. Arnasa lasaitu. Besoetan ahaleginaren oihartzun samina, oraindik. Utzi minari bidea egiten. Utzi minari gorputz osoa zeharkatzen. Galtzak kendu ditut. Barruko arropa jaurti dut albo batera. Biluzik etzanda lurrean, mina azal osoan lerratuz. Murgildu haragi honetan eta galdetu, barruko ahotsez, barruko kobazuloetan oihuka: Nor nintzen atzo. Nor naiz herenegun. Gorputz hau ote da ordukoa.

      Itxi begiak. Sartu barrura. Hogeita hiru urte egin ditut atzera nire gorputzean. Bertan nago, gazte, baina nik neuk ez dakit. Neure bizitzaren lekukoa naiz, orduko ni honek ez dakiela, erraietatik mintzo. Zabaldu ditut begiak. Etzanda nago nire orduko ohean. Ez naiz hain ezberdina. Han behean oinetako hatz lodiak ikus ditzaket, ile lainoa haien gainean, atzazal erraldoi garbia. Ondoan hatz grekoa, nik orduan (orain, baina hogeita hiru urte atzerago) existitzen zenik ere ez nekiena. Grekoek omen zioten oinetako bigarren behatza lodia baino luzeagoa zutenak artistak izango zirela. Oinetan bilorik ez. Ez dut sekula ulertu zergatik ez dudan bilorik oinetan, gainontzekoan ia gorputz osoan dudanean. Baina oinbularrean ez. Sarritan geratu izan naiz nire oinei begira, ezin ulerturik. Zergatik hor ez, eta beste lekuetan bai? Hori izan da neure ingurukoak gizondu ahala gehien harritu izan nauen biloa, orkatila eta behatzen arteko lautadan ateratzen dena.

      Begiak ixten baditut ez naiz hain ezberdina. Ni izaten jarraitzen dut. Hura naiz. Ez gara hain ezberdinak. Edo agian bai? Batzuetan arrotz batekin sentitzen naiz bizitzen gorputz berean. Oroitzapenak konpartitzen ni ez naizen batekin. Une berean, leku berean bizi izan bagina bezala ni eta beste bat. Gauza berak sentituz bi momentu ezberdinetan batera, bi denbora ezberdinetan batera, bi urte ezberdinetan batera. Bera 1997an eta ni hemen, 2020an. Edo alderantziz. Agian ni naiz oraindik han dagoena.

      Egin dezaket hogeita hiru urte atzera nire gorputzean. Une batzuetara, ez guztietara. Begiak itxi, eta guztia dago hor. Askotan saiatu naiz momentu haietara bueltatzen, bizitakoa ulertu nahian. Zein neurritan behartu, asmatu, eraldatu ditut denbora pasatu ahala, oroitzapen haietara bueltatu ahala? Nire gorputza denboraren makina bat da. Guztia dago hemen, memoria guztia. Ez dut Funes etsigarri bat izan nahi, baina momentuka bai. Kapaz izan nahi nuke oroitzapen bat hartu eta berriro bizitzeko. Ez, agian ez da hori ideia zehatza: oroitzapen bat aukeratu nahi nuke eta segundoz segundo errepasatzeko gai izan. Ezta ere. Oroitzapen bat hartu nahiko nuke, eta segundoz segundo sentitutakoak sentitu lehen aldia balitz bezala, baina gertatzen ari dena oroitzapen bat dela jakinik. Zein oroitzapen aukeratuko nuke, berriro bizi ahal izango banu? Begiak itxi. Orgasmo bat da datorkidan lehenengo ideia, baina badakit topikoek erasandako inpultso elektrikoa dela hori, pentsamendu zaborra. Jakin badakit: benetan baretu, benetan burua hustu eta etorri egingo da bat.

      Isilik. Eta badator.

      Merline eta biok Sevillako etxe batean gaude, Sierpes kaleko ganbara batean. Astebete daramagu bertan eta biharamunean bueltan gatoz etxera. Irteeraren bezperan despedida dugu aste osoan zehar sortu ditugun adiskidetasun berriekin, eta sorpresa bat prestatu digute. Gaua da. Saiatzen naiz etxe hura xehetasun guztiekin bisualizatzen. Ezinezkoa da. Agian laguntza beharko dut. Agian oroimena lagunduta da soilik posible. Agian memoria beti da ariketa kolektiboa.