VHS
VHS
2020, nobela
336 orrialde
978-84-17051-48-8
Azala: Idoia Beratarbide Arrieta
Oier Guillan
1975, Donostia
 
2013, poesia
2009, poesia
 

 

Angelica Negroren
liburuko pasarteak
Victorrek azpimarratuak

 

 

Angelica Negro, El olvido necesario

(Editorial Sevilla Noche, 1996)

 

 

 

11. orrialdean lerro hau dator azpimarratua, Angelica Negrok bere senideei egindako eskaintzan:

 

Ez naiz aire hau arnastu duen lehena.

 

1. atalean, 22. orrialdean, osorik markatutako pasartea eta azpimarratutako esaldi bat:

 

“Ahanztura batzuen kontra borrokatu beharra dago, noski. Memoria historikoa deiturikoaz ari naiz. Gertakizun batzuk oroitzeak, izen batzuk berreskuratzeak, historia zabalago baten parte bilakatzen ditu istorioak. Istorio batzuk. Eta ondo dago. Ezinbestekoa da. Justizia istorioentzat, ikasbideak desjabetu historia ofizialari, ados. Istorio batzuk berreskuratzen ditugu, aldarrikatzen ditugu, justizia sentsazioa gailendu dadin. Nahiz eta gezurra izan, nahiz eta txikiegia izan justizia sentsazio horrek eskaintzen duen kontsolamendua. Baina horri esker, historia zabalago baten isla diren istorioei esker, begira dezake jendarte batek aurrera. Eta abar.

      Baina zer gertatuko litzateke istorio batzuk ahaztea ezinbestekoa balitz? Zer gertatuko litzateke iraultzak, justiziak, ahanztura ere ezinbestekoa balu? Posiblea ote da benetan kameren aurreko iraultza?”.

 

1. atalean, 35-36. orrialdeetan, osorik markatutako pasartea, eta hitz bat azpimarratua:

 

“Mina. Pentsatzen dut mundu hobeago bat lortzearren borrokatu den jende guztiaren ahalegin ezdeusean. Orain politikaz ari naiz. Ideologiaz. XX. mendea izan denaz. Imajina ditzaket haietako asko, gehienak, zelda ilun batean odoleztaturik, gorputza akiturik, urrun edo gertuko geografietan. Imajina dezaket ahaleginaren tamaina, sakrifizioaren samina. Imajina dezaket galdera hotz bat, ezpain ertzetik odol tanta bakarti baten modura amiltzen: zertarako? Eta agian esango dit inork, zer dakizu zuk? Edo are, zer egin duzu zuk zure bizitzan, inoren sakrifizioaren gainean iritzi bat eduki dezakezula sentitzeko? Arrazoi osoz esango dit, gainera. Baina, hala ere, ezin dut ekidin, barruan dudalako, nire parte delako, ezinbesteko galdera hori”.

 

Eta aurrerago:

 

“Burura datorkit XX. mendea amaitzen ari den honetan ezagutu dudan jende guztia. Haien aurpegiak inboka nitzake banan-banan, mugimenduen paisaia anitz batean murgilduak: intsumisioak, homosexualitateak, feminismoak, internazionalismoak, kulturak. Izen-abizenak, aurpegi zehatzak dituzte haiek guztiek nire memorian. Eta denek badute zeozer komunean: jende dira, pertsona errealak dira. Haiek dira akorduan dudan ideologia, enpatia, elkartasuna. Eta guztiak oroitzen ditut ments dudan segurtasun batekin berbetan, inbidia diodan energia garaiezin batekin. Nahiz eta garaituak izan, behin eta berriz. Burura datozkit, XX. mendearen aurretik ere, jendarte bat hobetzearren egon diren ehunka, milaka, milioika pertsonaren porrotak. Haiek ez dute aurpegi zehatzik, baina seguru nago hor daudela, existitu direla. Haietako askoren hezurrak neuk zapaltzen dudan, zapaldu dudan, zapalduko dudan lurrean bertan dira oraindik. Sorginak, errebeldeak, langileak. Bortxatuak, ikusezinak, erailak. XX. mendeko diktadura guztietako bahituak, desagerraraziak, torturatuak. Haien minak, haien barne bakarrizketak irudika ditzaket, nahiz eta ez jakin nola. Eta imajinatzen ditut haien artean bizitza hobe baten alde borrokatu zirenak, akaso haien ahaleginaren emaitza beste batzuek biziko zutelako kontziente, egunaren ertzean leihotik begira ezagutuko ez duten etorkizuna hausnartzen: Merezi izan du tamainako sakrifizioak? Merezi zuen bizitza ematea kausa baten alde? Eta galdera horrentzako erantzun posible bakarra da maitasuna. Maitasunak dakarren irrazionaltasun guztiarekin. Baina nora doa inork jasoko ez duen maitasuna? Zer gertatzen da gela ilunetan torturapean itotako maitasunarekin? Gomutan ditut ezagutu ez ditudan injustiziaren kontrako borrokalari guztiak, mundu osoan, historiaren zokondo anitzetan. Nola sentitu diren uneren batean guztiak, haien ahaleginaren amildegi otzanean: Guztiz damuturik, zalantza izpi batekin, edo batere zalantzarik gabe? Harro eta garaiturik, ezagutuko ez duten bizitza hobeago horren peskizan?”.

 

35-36. orrialdeen artean, Victorrek eskuz idatzitako esaldi bat:

 

Gutun bat idatziko nioke isiltasunari nitaz ahantz dadin.

 

3. ataletik, 45. orrialde osoa:

 

“Bestetik, zenbatu ditut gatazka honetako heroiak, eta ase naiz. Batzuek ez dute errurik, ez dute halako definiziorik aukeratu, eman egin zaie, idolo dira. Norbait idolo bilakatzen denean, idoloa izendatzen duen horren desioekin estaltzen da benetan idoloaren azpian dagoena. Baina ai definizioan murgildu direnak, ideologien hautazko gida espiritualak. Agian heroiak heroi ez direnen proiekzio bat besterik ez dira, norberaren ametsak eta erronkak besteei esleitzean sortzen da heroia. Norberak egiteko astirik, edo kemenik, edo indarrik ez duena egiteko kreditu emozionala ematen zaie heroiei, heroiak milaka pertsonaren proiekzio bat besterik ez dira. Heroiek, kasu askotan, haien zerbitzura idazkari onak dituzten pertsonak dira, edo kazetariak, edo kronistak, soldata on batekin, segur aski inoiz haiek ere heroi izango diren itxaropenarekin. Eta jakin behar luketen zerbait da hori, heroiek bezala idoloek: milaka pertsonaren asperduraren, itxaropenaren, ezintasunaren emaitza direla. Eta bai, badira heroi izateari uzteko, oharkabean pasatzeko, ahaleginak egiten dituzten heroiak. Edo eman zaizkien mikrofonoak kausa baten alde baliatzeko eginahal zintzoa egiten dutenak. Horregatik harritzen nau sarriegi heroi batzuen umiltasun faltak, jende miretsiaren egoak. Guztia zor diote beren publikoari eta ez dute onartzen. Besteen frustrazioaren maizterrak dira eta ez dute aitortu nahi. Beren publikoari zor diote dena, baina meritu guztia haiena balitz bezala jokatzen dute. Heroiek besteen zoriontasunerako ezinarekin zeozer egiteko ardura dute, edo ezer ez. Benetan miresgarria den jendeak miresten du sarri jende ofizialki miretsia, baina hori heroien promotoreek eta mezenasek agertu nahi ez duten egia bat da. Beste edozein egia bezain faltsua eta, humanoa den neurrian, ederra.

 

[...]

 

Eta gogoan ditut asanblada batean ironiaz mintzatzea lortu duten bisaiak, larritasunetik haratago, barrutik eta modu aitorrezinean, haiekin bat egitea eragin didatenak. Alaitasuna arma boteretsua da, itxaropena sortzen duelako, eta itxaropena duen pertsona beti dago borroka egiteko prest.

 

[...]

 

Suma dezaket potro-armada ororen plazera: soldaduari gozamena ez dio garaipenak ekartzen. Garaipenaren truke jasoko duen soldatak bai, noski, baina batez ere garaituaren begietan itxaropena desagertzen dela ikusteak ematen dio plazera. Botereak. Hori da benetako triunfoa, soldataren potroak biktimaren begietan igurztea. Kapitalismoaren beso armatu guztiak dira antzekoak, berdin dio bortxatzailea, torturatzailea edo toreroa den, kapitalismoaren beso armatua beti da sadiko hutsa. Eta baita kapitalismoaren kontrako beso armatu asko ere, ezinbestekoak izateari utzi eta ekidinezinak izaten hasten direnean, dinamika armatuak hasierako helburuen etika iraultzailetik urruntzen dituenean. Haren kontra egin nahian, kapitalismoaren logika berean ari direlako”.

 

5. ataletik, 75. orrialdean:

 

“Guraso izatea erabaki nuen behinola. Bizitzan sormenari eskainiko nion forma hori izango zela erabaki nuen, hori zela desio nuen utopia. Ez nintzen guraso bilakatu naturaren dei bati erantzunez: zehatz argudiatutako gogoeta iraultzaile baten ondorioz erabaki nuen izatea guraso. Idealizatu egin nuen nire jarrera: iraultza egin eguneroko bizitzan, praktikaren bitartez eta zarata mediatikotik urrun, kontzienteki egindako hautua, baina gaizki kalkulatu nuen. Ez nuen espero egunerokotasunak hainbeste irauterik, hain epikarik gabekoa izaterik. Idealizatua nuen bizitza, baina orain argi eta ozen esan dezaket: urteen joanean naturak eskaini didan segurtasun bakarra, errebelazio bakarra, kaosa izan da, anarkia ez ideologiko bat. Minbizia, istripuak, erailketak. Bihotzekoak, pobrezia, gerrak eta erbesteak. Natura frankotiratzaile bat da eta ez du soldatarik behar. Bost axola zaio dena, eta luzerako munizioa dauka. Gerra ostean gerra amaitu dela onartu nahi ez duen militar profesionalak bezala, mendi kasko batean gotortua, azken erasotik sobratutako hamarkadetarako munizioarekin.

      Uste nuen gurasotasuna zela itxaropena fabrikatzeko nire modua. Eta bai, luzaz hala izan da, benetan. Horrekin ez dut esan nahi, noski, mundu guztiarentzat horrela izan behar denik. Hau zen niretzat edertasuna eta kito, ez diot halabeharrez inori opa. Hipokrita litzateke hori egingo banu, eta nekatuegi nago hipokrita izateko. Baina orain jada ez naiz guraso lehen bezala. Nire haurrak jada ez dira nireak, jada ez dira neure burua definitzeko koartada bat. Eta orain zer? Orain artea botatzen dut faltan, edo politika, edo gaua luzaz bizitzeko gaitasuna.

 

[...]

 

Soilik benetan indartsua denak egin diezaioke uko famatua, miretsia, txalotua izateari, isilik eta arrangurarik gabe. Arrangura eta inbidia ahuldadea adierazteko modu poetikoak dira. Eta egoa, besteen ametsen ezinarekin zordun direla aitortu nahi ez duten heroien ezintasuna, gabezia bat besteari kateatuz bezala”.

 

6. ataletik, 99. orrialdean:

 

“Feminismoaren lorpen bakoitzaren atzean, denbora bezala zabaltzen den itsaso bat dago: milaka milioika gau ezin lo eginik, mehatxupean, kontaezinak diren aitortzak adiskide eta konplizeen artean, bortxaz hildako milioika istorio ahantzien kostalde ikusezina, haien burkideek bileretan isilarazitako ehunka milaka emakumezko ezkertiar, jendarteen inkontzientean hedatzen den itsas korronteen amaraun bat bezala. Martxoaren 8 batean auzoko manifestaziora jaisteko erabakia hartu duen gazte horretaraino, historian luzatzen den pertsona zenbatezinen itsaso eder eta mingarria. Ikus dezakezu ura bere zabalean, eta miretsi bere barea edo haserrea, irentsi ditzakezu ortzimugei buruzko kantu zatarrak bizitzako azken bazka balira bezala, eta hala ere jakin badakizu inork ikusi ezin duen paisaia harrigarri bat ezkutatzen dela itsasoaren hondoan, badakizu hor dagoela eta ezin duzula atzeman, eta hori bera ere bada itsasoa: nahiz eta hor dagoela jakin, ikusi ezin duzun guztia. Baina iritsiko da itsasoak kostaldea olatu kolpez higatuko, leunduko, eta are, suntsituko duen eguna”.

 

Pasarte horren ertzean, azken esaldiaren alboan eskuz idatzia:

 

Munduko mapa guztiek batera ere ezin dute ulertu itsasoaren sakontasuna.

 

Azken ataleko 115. orrialdean:

 

“Zeresan handia ematen ari da azken garaietan Balkanetako gerra. Mugimendu sozialetan gabiltzan asko saiatu gara leku hartzen, baina kosta egiten da benetan hor hondoan dagoena ulertzea. Gauza bakarra atzeman daiteke argi: gerraren mekanismoak gaurkotasun betea dauka, baita Europan ere. Bosnian GKE batekin egondako lagun batek esan berri dit badela kroaziar jatorriko idazle feminista bat, Slavenka Drakulic, bere lehen liburuan ardatz bitxia hartu duena: antza denez, emaile ezezagun batek giltzurrun bat eman zion gehien behar zuenean. Ba omen da horrelako gauzak egiten dituenik, modu desinteresatuan, eta badira horretarako sareak ere. Egileak esan izan duenez, pertsonen naturaren oso irudi negatiboa dugu. Hori, neurri handi batean, bada komunikabideek jendeak egiten dituen ekintza txarren berri ematen dutelako soilik, oso gutxi idazten delako oro har jendeak besteengatik egiten dituen gauza onei buruz. Pertsonek gauzatzen dituzten ekintza txar horien artean dago, noski, gerra, pertsonaz gain familia, etxea eta ingurua sakonki nahasten dituena. Baina liburu horretan berak muturreko ontasuna esperimentatu duela dio, emaile batek bera ezagutu gabe giltzurruna eman zionean. Ideia horrekin obsesionatua, horrelako ekintzak egin dituzten pertsonei eginiko elkarrizketekin osatu zuen liburua, eta, harrigarria bada ere, porrot erabatekoa izan zen, ez zuen salmentarik apenas izan. Berari giltzurruna eman zion pertsona ere elkarrizketatu zuen, zergatik egin duzu herabe bat, eta hark, erizaina bera, zera esan zion: “Norbaitek egin behar zuelako”.

      Azkenaldian ideia horrek obsesionatzen nau. Agian ezkerrak boterean horregatik egin du hainbestetan porrot, behin boterea eskuratuta ideia kontserbadoreen arabera eraikitako sisteman eta patroietan saiatu izan delako gauzak eraldatzen. Segur aski hori ere beharrezkoa da, hau da, bizi garen munduan bizi gara, kapitalismoak erabakitako sistemak egituratuz, zilegituz eta berrasmatuz guk ere, eta lubaki hori ere jorratu beharrekoa da, lehenago edo beranduago burokrazia kapitalistak ito arren. Baina bide horrekin soilik ezin da konformatu, gehituko nuke nik. Progresismoek, elkartasunean oinarritutako ideiek eta ekintzek, militarismotik haratago asmatu beharko lituzkete botere egiturekiko paraleloki erabili beharreko teknika eta modu berriak, kapitalismoak definituriko antolakuntza moduek desgastatu eta erre gabe kutsa daitezkeenak. Irudimena behar da horretarako. Horregatik, agian, zigortzen du hainbeste kultur arloa kapitalismoak, horregatik uzten du enpresen esku kultura kapitalismoak, irudimena ez dadin izan balio bat, berezko jarrera bat, aldaketa politikoak, bizitza hobe baterako nahiak, errebeldiak, irudimenean hasten direlako, kreazioaren autogestioan.

 

[...]

 

Agian anarkismo berri bat da imajinatu behar dena, hau da, botere harremanak, hierarkiak, gizatasunak dakartzan alde ilunak oro ekiditeko moduko elkartasunezko kaos antolatu bat. Aktibismo berri bat, boterea erdiestea behar ez duen egituratze anonimo eta iragankorra; elkartasuna gupidagabe, amorru betean kutsatzeko nahian inspiratua, eta ez duena suntsitzeko nahian indarra jarrita. Dagoen sistema berez amilduko da, haren alternatiba bere ideia propioen arabera ahalduntzen bada. Kapitalismoaren eraldatzea albo kaltea litzateke, eta ez xedea. Elkartasuna praktikan jartzeko metodo erradikalak. Beste batzuei mesedeak egitearen alde saretzea, ezezagunak zaintzeko ekintza indiskriminatuak, zailtasunak dituzten pertsonak laguntzeko aktibismo anonimoa. Ekintzak egin orduko desegingo diren taldeak, manifestu sekretu komun bat, antolatzeari uko egiten dioten saretzeko modu antolatuak. Elkartasunean oinarritutako internazional anonimoa. Etekinik jaso nahi ez duen besteen aldeko ekintza oro delako antikapitalista. Eta guztia militarizazioari uko eginez, nahi baduzue. Edo militarizazioa autodefentsara irmo kateatuz, ahalko balitz. Kontra dituzun horiek bakean utziz, alde zaudenen alde lan eginez, sektore hori indartu eta nagusitu dadin.

      Bai, badakit, berriz ere utopia baten erdian nagoela esango didazue. Erraza dela horrela, paperean, orokorkeriak esatea. Baina itxaropenen bat, konspiraziorako gaitasunen bat geratu beharko zaio kale itsu batean edo etxe zoko batean bortxatua izateko arriskuan denari, txalupa batean Mediterraneoa zeharkatzen duenari, komisaria batean torturatua izateko zorian denari. Dei iezadazue idealista, nahi baduzue. Ez dakit kapaz izango ote nintzatekeen giltzurrun bat oparitzeko. Baina irudimenean hasten da etorkizuna. Irudimenaren indarrean sinesteko beharra daukat.

      Garrantzitsua da amesten jarraitzea, baina, agian, bada garaia modu errealista batean amesteko. Elkartasuna praktikatu gupidagabe, amorruz; bortxatzaileek jakin dezatela ez daudela salbu, agintariek eta legelariek jakin dezatela garesti ordainduko dutela eraikitako muga, torturatzaileek jakin dezatela itzal bat izango dutela beti gainean”.

 

135. orrialdeko paragrafo honen alboan harridura ikur bat arkatzez:

 

“Eta, gai honi umore apur batez erantzutearren, gogora ekar ditzagun Julio Cortazarren Libro de Manuel liburuko pertsonaiek jatetxeetan egunerokotasuna asaldatzeko egiten zituzten mikroagitazioak, tantaz tanta absurdoaren bitartez iraultza soziala egingo zuten itxaropenez. Zutik paratu jatetxe batean mahaian bazkaltzera, zainzuriak platerean. Inguruko guztiak urduri jarri arte, asaldatu arte. Egin normen presentzia azaleratzen duten ekintza ustez txiki eta absurdoak, normaren barruko egunerokotasun oro haserretzeraino. Eutsi bazkari oso batean mahaiaren alboan zutik bazkaltzeari. Ingurukoak sutan jarri arte. Adibidez”.

 

Eta ondoren esaldi hau, Victorrek eskuz idatzita:

 

Bilatu erreferentzia.

 

Epilogotik, azken paragrafoa osorik markatua, eta barruan lerro batzuen azpimarra:

 

“Horregatik guztiagatik, justiziari loturiko memoria berreskuratuarekin batera, batzuetan ahanztura ere defendatu nahi nuke. Ezinbestekoa den memoria bat dagoen bezala, bada ezinbestekoa den ahanztura bat. Heroi izateari uko egiten diotenen jarrera heroiko bat. Mundu hobeago baten aldeko porrot guztien isiltasuna islatzen duena. Ahalegin isil orok, modu batera edo bestera, inoiz eragin bat izango duela uste izatea, jakitea. Beren maitasunarekin bizitzera, hanka sartzera, ezinezkoan saiatzera bultzatu nauten guztien lorpen isilak oroitu nahi nituzke, aurpegirik gabe bada ere, haien izenak ezagutu gabe bada ere. Posible dudan neurrian haien parte izango naiz, bihar gu ez garen norbaitek liburu bat idatz dezan, gu existitu garenik jakin gabe, baina guri esker. Hori baita historiarik gabeko biografia guztien puntu komuna: beren bizitzetan guztia eman eta porrot egin zutenen garaipena”.