Hezurren erretura
Hezurren erretura
2019, narrazioak
240 orrialde
978-84-17051-30-3
Azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2013, nobela
2010, poesia
2000, poesia
 

 

Tenebrae factae sunt

 

 

Azaroa Wroclawn pasatzea erabaki nuen, baina nahi baino lehenago eman behar izan nion amaiera egonaldiari. Hiria ezagun nuen, aspaldian bertan bizi izan nintzelako zati batean: mutil-lagunak hornigai elektronikoen enpresa batean egiten zuen behar, eta txandaka bidaltzen zituzten hemengo langileak hangoen hasierako urratsak gidatzera. Urteak geroago, Odraren bazterrez eta bihotzean hartutako tokiez berriz gozatzeko apetak bultzatu ninduen. Oraingoan, baina, Colette izango nuen konpainia bakarra, neure katua.

      Apartamentu bera alokatu nuen Czysta II bizitegian, Gatzaren Plazatik hur. Polonian lauretarako gautzen du udazkenean, eta banekien nostalgia mota askok erasotuko nindutela. Hala ere, banuen proba egiteko kemenik.

      Desilusioa hartu nuen taxiak sarreran utzi ninduenean. Arkupeetako ile-apaindegia eta inmobiliaria itxita zeuden. Mikak bazebiltzan berdegunean, baina zabor artean aztarrika. Aurrekoan baten batek esan zidan hainbeste erroi eta antzeko zegoela lur hori beti izan delako gerra-lurra. Lozakuak, mantak eta plastikoak ageri ziren han-hemen. Urbanizazioan ez zegoen guardarik jada.

      Atarian sartzerakoan neska batekin gurutzatu nintzen. Ez zion ateari eutsi ni pasatzeko, maleta neraman arren eta, nahi gabe, katuaren kaiolarekin jo nuen. Berba zantar bat bota zuen. Ederpuska zen, ilea arrasean moztuta eta kalabera baten tatuajea lepoan. Igogailurantz egin nuen. Gernu-usaina zegoen.

      Gora heldutakoan Colette kaiolatik atera eta, hirurak pasatxo zirenez, merkataritza-zentrora joan nintzen zer beharrezkoak erostera. Gero Martini deitu nion. Zorte ona, zenbaki bera zeukan oraindik. Betiko pizzerian batzen jarraitzen zuten asteazkenero. Apaindu nintzen, eta kalera.

 

 

Martinek eta besteek —zerbitzu eta informatika enpresetan lan egiten zuen gazte-jendeak— azaldu zidaten beste auzategi batzuetara aldatuak zirela. Rosa eta Fermin, Gasteizko bikote bat, Czystan bizi ziren oraindik, baina urrunago.

      — Zeharo aldatu da giroa. Palazetea okupatu zutenetik iskanbilak egoten dira sarri.

      Aurrekoan maiz geratu izan nintzen beirate modernista apartak zeuzkan jauregiari beha.

      — Ostiralean Independentzia Eguna da. Iaz odola izan zen kaleetan.

      — Ni aurten etxean, badaezpada. Hauteskundeak gainean daude eta eskumak irabaziko du, alde handiarekin.

      Kaleak hautagaien argazkiz papereztatuta zeuden, egia. Afalondoan, Martin apartamenturaino laguntzeko prest agertu zen.

      — Zer asmo duzu biharko?

      — Eguerdira arte lan egin, eta gero hiria berriz korritu. Ezaguna ezagunago egin.

      — Garagardo bat hartzeko gogorik bazenu, deitu.

      — Ederto… Zer dago operan? Ez duzu jakingo.

      — Abesbatza ziklo bat, hogeigarren mendeko musika. Mereziko du.

      Fio nintzen Martinen gustuaz. Nekienagatik, iaioa zen abentura-bidaiak eta kultur planak parekatzen.

      — Eta garagardoa baino lehen joaten bagara? —proposatu nion.

 

 

Colette altzariz altzari zebilen, toki arrotzean arteak hartu ezinik.

      — Ezin zintudan etxean utzi hilabete osoan, txo. Ez duzu nahi nirekin egon ala? Laster ohituko zara hemen ere.

      Terrazako atea zabaldu nion: ezin dut jasan ezerk nire lanaldia eteterik. Usnaka ibili zitzaien loreontzi hutsei eta gero poliesterrezko mahaian etzan zen, eguzkitan. Behin baino gehiagotan erre zait lapikoa neure paperetan buru-belarri sartzeagatik. Hori horrela, ez nintzen konturatu falta zenik bazkalordura arte.

      Terrazatik deitu nion. Ezer ez. Urdaiazpiko xerra bat jaurti nuen lorategira, baina agure bat ez beste inor ez zen agertu. Urdaiazpikoari lurra kendu eta mausta-mausta irentsi zuen gustuaren gustuz begiek ńika egiten ziotela. Hondar-kaxa atera nuen eskailburura, ea katuak bere lurrinen deiari erantzuten zion. Ezta ere. Belargunera jaitsi nintzen, bada. Kakazaharra, kontserba-lata bat zapaldu eta prakak koipe-zipriztinez bete zitzaizkidan. Estu nengoen. Otu zitzaidanean agian katua betiko galdua zela eta azken irudia neu izan nintekeela berari kanpora sakaka, larridura egin zitzaidan. Deika jarraitu nuen. Azkenean aiuma bat aditu nuen bizikletak gordetzeko etxolan.

      Pneumatiko batean jarrita, bezperako neska kaskamotza zegoen, Coletterekin norgehiagokan, biak kable bati tiraka. Besoetan hartu nuen katua, ni neu ere harritzeko moduko amorruarekin, normalean nire aldartea lagunkoia izaten baita. Neskak irri-mirri egin eta txistua bota zuen lurrera.

 

 

Abesbatzak Poulencen gai bat interpretatu zuen lehenik, Paul Eluarden Liberté poeman oinarritua, hitz hori idazteko moduko tokien zerrenda oparoa. Irakurritako orri guztietan, orri zuri guztietan, harri odol paper edo errauts idazten dut zure izena. Inpresioa egin zidan, halaber, MacMillanen Tenebrae factae sunt piezak. Ipuin baterako izenburua izan zitekeela pentsatu nuen.

      Elaren liburu-dendara joan ginen gero. Krakovian zegoen hura. Errekadua utzi nuen azalduko nintzela hurrengo batean eta edari bana atera genuen erakusleihoen aldeko plazatxora. Ikasle andana ari zen desfilatzen unibertsitate zaharretik hirigunerantz. Pareko sahatsaren hostoek fara-fara ukitzen zituzten gazteen buruak pasoan. Colette berriro bakarrik uzteak sortzen zidan damua gorabehera, Martinen etxean eman nuen gaua.

      Biharamunean txokolatea gosaldu genuen, eta Santa Isabelen egin nuen sartu-irtena. Poloniako elizak gure kutxazain automatikoen antzekoak dira: jendea edozein ordutan ibiltzen da. Xista batean barne-gestioak egin, eta kanpora.

      Hiria bezala sentitzen nintzen, bare eta dotore, Angelus Silesiusen jaioterrian, bere enigmarekin bat eginda: “Arrosak ez du zergatirik: loratzen da loratzen delako”.

      Colettek ongi-etorri amultsua egin zidan eta ez zen ia egun osoan neure ondotxotik mugitu.

 

 

Ostiral arratsaldean telefonoak jo zuen.

      — Podwaleko estatuan ordu erdi barru?

      Ezagutu nuenean, Elak kontatu zidan gaztetan Europan zehar ibilia zela eta ez zeukala ahazteko antzarak lepotik dindilizka ipintzen zituzten kostako herri batean botatako parranda. Horregatik neramakion arrantzale-zapi koadroduna.

      Trafikoa moztuta zegoen. Ernegua eragin zidan jauretxearen beirateetan svastikak ikusteak, pintatu berri. Jendaldea zetorren aldarrika etorbidean, kokoteko zainak lehertzear, ukabila gora.

      — Zer esaten ari dira?

      — Jainkoa, ohorea, askatasuna.

      — Goazen hemendik.

      — Afaldu nahi? Zuri asko gustatzen zitzaizun txerri-besaburua, ezta?

      Gure gloriak eta penak batak besteari kontatu ahala, diagnostikoa ere egin zidan Elak:

      — Sastada baten premian zaude zu, idazteko.

      Gutxi izan ditudalakoan.

      Handik gero, etxera bidean, txist egin zidan norbaitek atzetik. Neska burusoila eta eskuan bandera bat zekarren morroi totolo bat. Neure parera heldu ziren. Zer intentzio ote zuten. Tenk egingo zidaten poltsatik, agian. Semaforo batean poliziaren auto bat ikusi nuelarik, helbide bat galdetu nien, non dabilen ez dakienarena eginez. Beste biek aurrera segitu zuten.

 

 

Astuna egin zitzaidan bidea base militarreraino. Lainoagatik-edo, herrixkek pobre ematen zuten. Paisaia beti bera zen, aldaki gutxi. Atzeko jarlekuan, Rosa eta Fermin erdi lotan zetozen. Damutzen hasita nengoen txangorako baiezkoa eman izanagatik.

      Geldialdia egin genuen enborrak pilatuta zeuden bazterbide batean, termoan eramandako kafea hartzeko. Ikaragarria zen hezetasuna. Land Rover bat pasatu zen orduan, bozina jo eta jo. Martini galdetu nion ea asko falta zen iristeko. Ez geunden base militarretik urrun.

      Eremu bi bereizten ziren. Alde batean, eraikin militarrak, hesitzar baten barruan, debeku-kartel anakronikoz josita. Buelta bat eman genuen autotik jaitsi barik, eta gero beste zonara jo genuen, herria izandakora. Baso neurrigabeak inguratzen zuen multzo osoa, porlan, aluminio eta adreiluzko mausoleo hura inongo lekutan. Poliki-poliki, lanbroa aienatu egin zen eta eguzkiak bristadak atera zizkien lizarrei.

      — Nahitaez edan behar vodka hemen —esan zuen Rosak.

      Lau solairuko blokeak ziren denak, denak berdinak, balkoi bana eta horma horiak. Balkoi batean, eslaviar loreak pintatuta. Neure artean pentsatu nuen emakumeren batek egingo zituela pintura haiek inoizko batean, bizileku homogeneo eta egoteko txar hura bere sorterriko apaindurekin berotu nahiko zuen emazteren batek, seme-alabak exiliozko planeta moduko hartan hazten ikusi zituen ama batek.

      Argazki bat egin nion espaloian zegoen ohe bati. Ugerra zerion eta zuhaixka bat hazita zeukan koltxoian, axolagabekeriaren irudirik bortitzena.

      Etxebizitzek ez zeukaten aterik eta txintxorrez beterik zeuden. Zartatuak eta lizun-orbanak hormetan. Azkura hasi zitzaidan gorputzean. Korronteak paper batzuk zerabiltzan hara-hona, egunkari bat, zirilikoz, berrogeita hamar urte atzeragokoa.

      Goitik behera ibili genuen herria: kantina, erizaindegia, tailerrak. Eskolako patioan basurde bat zegoen hilda, larruazalak kontrastea egiten zuela kantxarekin. Eta gimnasioaren fatxadan grafiti bat, fetu bat, alienigena kukutua lakoxea. Sabai ezin altuagoak zeuzkan pabilioiak. Land Roverra hantxe aparkatuta zegoen.

      — Ez gaude bakarrik.

      Isilka sartu eta zelatan jarri ginen zutabe baten atzetik. Zortzi ziren, sei mutil eta neska bi. Istantean ezagutu nuen betikoa. Lurrean edari-latak eta litxarrerien bildukiak zeuden. Punteria probatzen ari ziren ehiza-aiztoak maniki bati jaurtiz. Noizean behin tantoak apuntatzen zituzten horman.

      Martinek keinu bat egin zigun hanka egiteko. Baina autoan sartu ginenerako, zarata fofoa egin eta ez zen mugitu. Lau gurpilak zeuden arrailduta. Kuadrilla ikusi genuen gimnasiotik irteten. Lasterka hasi ginen zuhaiztirantz.

      Rosa eta Fermin goroldioz estalitako bunker batean sartzen ikusi nituen. Ni, zaharrena, arnasestuka nindoan. Martinek eskutik oratu zidan eta korrika segitu genuen zubi baten gainetik pasatzen zen trenbide zahar bateraino. Ibaiak, behean, kortxo grisa ematen zuen.

      — Bertigoa daukat.

      — Ez gelditu! Begiratu aurrera!

      Sastropo artean ezkutatu ginen lagunen ahotsak entzun arte. Errepideraino oinez joatea erabaki zuten, pasatuko zen autobusen bat noiz edo noiz.

      Martin eta biok basean geratu ginen, aseguruak bidalitako garabi-autoari itxaroten. Kontatu nion neska hura ezagutzen nuela, heldu nintzenean tupust egin genuela berarekin, ostegunean Colette bahitu zuela, ostiral gauean kalean jarraika izan nuela. Errudun sentitzen nintzen.

      — Neuk ordainduko dizkizut gurpil berriak —esan nion.

      Ez zidan ezer erantzun. Aurikularrak ipini zituen, aditzera emanez zerbait ihes egiten ari zela gure artetik. Berandu itzuli ginen Wroclawera. Nirekin geratzeko eskatu nion Martini. Ezetz.

 

 

Ez nintzen berehalakoan ohartu tinbrea zenik. Bezperakoa eta gero, turdiduta nengoen. Ortozik atera nintzen logelatik. Tinbrea berriz. Zalantza egin nuen atea ireki ala ez. Beharbada agentziako arduraduna izango zen, astelehenean pasatzekotan baitzen. Inor ez.

      Jantzi egin nintzen mediatekara joateko. On egingo zidan eguzki pixka batek, tenperaturak zakarki behera egin bazuen ere. Bideoren bat hartu eta segituan itzuliko nintzen. Hala ere, oina atera bezain pronto, labain egin eta eskaileretan behera jausi nintzen. Tenebrae factae sunt.

      Coletteren mingainak iratzarri ninduen geroago, aurpegian miazkaka, lixa leiala. Eskailera-tarte guztian olioa edo ez dakit zer mierda zegoen zabalduta. Odoletan nengoen burutik.

      Telebista eta musika-aparatua, nire parka eta botak, telefonoa, dena falta zen. Ordenagailua ere bai. Nola azaldu zer den hori.

      Buruko zauriari txanoarekin ondo xamar eutsita, Martinen bulegora joan nintzen, arrabetera, merkataritza-zentroaren azken solairuan. Jendeak begiratu egin zidan kalean, katu-kaiola garraiatzeko egiten ari nintzen esfortzuagatik.

      Martinek larrialdi-zerbitzura eraman ninduen eta hegaldiaren erreserba egin zidan. Gero apartamentura joan ginen nire puskak batzera.

      — Apuntatu zure zenbakia —eskatu nion—. Deituko dizut heltzen naizenean.

      — Ez, utzi —erantzun zidan.

      Burmuina luzaz eduki nuen urtu beharrean, ezin uztartuz episodio haren ondorioak. Beste behin ere hutsetik hasi behar. Nik, neure arrosaren zergatiaren bila orrialde berriak zirriborratzera urrutira joandako honek, bidaia antzua egin nuen. Tira, ez, hori ez dago zuzen esanda: ezein bidaia ez da izaten antzua, nahiz eta aurreraka egin ez.