Aurkibidea
Aurkibidea
Gratis et amore
Paseatzera atera naiz informatika-gela Bogdanek eta Darak hartu dutelako beren nobelaren itzulpena zuzentzeko. Protagonista artista bat da, Bulgariako espresionismoaren ardatza izan zena eta larrutik ordaindu zuena gai sozialak jorratu izana. Gobernuak isunez zamatu zuen eta obra konfiskatu zion. Poliziak bahituta desagertu zen 1925ean, hogeita hamar urte zituela. Geo Mileven argazkia erakutsi didatenean, Lauaxetaren airea hartu diot antiojo biribil, alkandora almidoitu eta ile gantzutuan.
Bogdanek ez du ia inorekin hitz egiten, baina datu bat aipatzeko bulkada sentitu du —niretzat interesgarria delakoan—, eta Darari eskatu dio azaltzeko Mileven gorpua hirurogeiko hamarkadan aurkitu zutela hobi arrunt batean Sofiatik hurbil eta bere kristalezko begiari esker identifikatu ahal izan zutela.
Horixe da nitaz dakitena, egoitza honetan egoteko motiboa eman didan liburuaren izenburua. Berba diplomatiko bat esanez alde egin dut. Airea hartu beharra daukat geroxeago lanari erasotzeko.
Makatzen artetik errepideraino jotzen duen hartxintxarrezko bidexkatik jaitsi eta basora sartu naiz bihurgune batean. Hosto franko dago lurrean, belarra tantokatuz. Aurrerago aintzira bat ageri da, azal berdatutik kanpora enbor maskalduak irteten zaizkiola hezur hautsien antzera. Pikorta granatedun lezken artean zerbait dabil, birigarroa azterka.
Artega nago. Egunotan ez dut ganorazko ezer idatzi. Z.k esan dit balitekeela etxearen azpian edo bertatik hurbil ur batuak egotea eta horrek eragina izatea neure barnera biltzeko. Gainera, gauero izan ditut amesgaiztoak, sukaldariak afaria apailatzeko erabiltzen dituen ongailuen erruz. Atzo esan nion:
— Sukaldari bikaina zara, Rita, baina gau osoa ematen dut gizonezkoekin ametsetan.
Raulek, kazetari txiletarrak, errezetak pasatzeko eskatu zion Ritari, barre-zantzoka.
Z.k gaizki darama nire falta, hala dio. Noizean behin geratzen gara gure plan horietakoren bat egiteko: klaustro erromanikoak zein Nerbioi aldeko paisaia endekatua aztertu, edota, eskutik helduta, auto barruan munduari buruz eztabaidatzeko. Inoiz edo behin elizaren batera sartu eta jarrita egoten gara. Irudipena daukat berak otoitz egiten duela berarekin maitemindu nadin gure artekoaz nekatu orduko. Nik neure buruarekin hitz egiten dut.
Ez dut jakin nahi zelan moldatu den arrosa sorta hori honaino helarazteko. Debekatu egin diot opariak egitea: bere berba-parrasta finola da gura dudana. Bere erretorika eta lirismoa hain dira beste garai batekoak, dibertitu egiten naute. Oasi bat omen naiz bere bizimodua orain arte izan den basamortuan. Ai, Z., neure trobadore zintzoa zara, baina ez ote duzu alferrik jo nire dorreko atea.
Z.k dio ez naizela zaintzen, horrexegatik agertu behar izan zuela emanaldi hartan. Gutxi eskatzen dit, nire denboraren hondakinak, eta apal onartzen ditu nire umore-aldaketak nahiz aldizkako zakarkeriak bere grinari txiri egin nahi diodanean.
Aitortu zidan aurreko bizitza batean ezagutu ninduela, eta hain luzaroan egon dela nirekin berriz elkartzeko zain, zotinka hasi eta ez nuen bera lasaitzeko modurik aurkitu. Hirurogeita hamar urte beteko ditu laster.
Nire idazkaria izan nahi luke, txoferra, mandataria, konpontzailea, erizaina, konfesorea. Gratis et amore. Ameskeria horrek samurtu egiten nau eskandalizatu adina. Buruaren irakinak ez dio uzten ulertzen nire antsiak beste estilo batekoak direla.
Ez zaizkit ardura bere lepoko girgiloak ezta mokorreko protesiaren orbaina ere. Ez dut ernegatzen bere ibilkera mantsoarekin ezta jatetxe guztietan zer edo zergatik kexatzeko duen maniarekin ere. Ez nau nardatzen bere hatsak, uneka garratza denak. Ez naiz lotsatzen bere janzkerarekin.
Iloba eta neu zaintzea du gurari nagusia. Utzi egiten diot. Zilegi da inork jagoten gaituela sentitzeko eskubidea.
Zeruak franela bustia ematen du. Beherenean, lurra arnasa malbakara askatzen ari da adar biluzien artera. Ez da zaratarik, auto banakena izan ezik, urrun samar. Isiltasuna hain da trinkoa, eskuko telefonoaren klikadek, argazkiak egitean, aizto-sastadak dirudite.
Basahate aldra bat agertu da eskuinetik. Beronen karrankak beste soinu batzuk bizitu ditu, mikaren uhuria, okilaren kras-krasa. Aitzinago gustuko nituen ahateak; orain amorrua diet.
Parkean bazen eskudela erromantizista batekin apainduriko urmael bat. Behinola hango ahate kuadrilla ezin aztoratuago zebilen beste ahate baten inguruan buelta eta buelta, nahiz eta beste hori baldar egon flotean, burua uretan hondoratuta. Ahate bururdinak gainean paratzen zitzaizkion txandaka. Gero aldendu eta berriz arrimatzen zitzaizkion, katuak arrandegietako zaborrontzietara legez, zer jan topatu nahiz topatu ez.
— Zer gertatzen zaio bazterrean geldi dagoen ahateari? —galdetu nion begira zegoen gizonezko bati. Lurrean sakabanatutako zigarro-mutxikinak kontuan hartuz gero, aspalditik behar zuen han.
— Emea da —erantzun zidan—. Eman dioten pasadarekin ito egin dute. Ar piloa dago, horiek guztiak, eta emeak pare bat baino ez… Ez dakit non sartuko zen bestea, akojonatuta egongo da.
Arrek, kopulatzeko, mokoarekin eusten diote emeari burutik edo lepotik. Setiatzaile andanak koittaduari asalto bakoitzetik suspertzeko su-etenik eman ez, eta ito egin zuten. Egundoko nazka eragin zidaten koitoa zertu ezinik geratutako ahateen adikune lerdotuak eta ekinaldi zaputzek.
Krakada bat entzun dut atzean. Jiratu eta ez dut ezer ikusi. Supituki iruditu zait baso osoa arrakalatzen hasi dela, eta asaldatu egin nau ni neu balizko ehizakia izatearen probabilitateak. Telefonoa atera dut. Estaldurarik ez.
Txanoa belarrietaraino sartu eta itzulerako bidea hartu dut. Orbelak surmur egiten du haizearen menera. Marranta bat heldu zait. Ozen esan dut, lasai itxuran:
— Good afternoon.
Ikaratu egin naiz neure ahotsaren durundiarekin eta beldurra neure baitan katigatzen nabaritu dut akainak ile-larruan bezala. Badakit izua neure burmuinean dagoela, neu sortzen ari naizela, baina antzinatiko barne-ahots bat larderiaz galdetzen ari zait ea oraindik ikasi ez ote dudan geure kabuz ibiltzeak baduela preziorik. Ezer ez da debalde.
Egoitzaren argiek, muinoan, beste mundu batekoak dirudite. Trostan hasi naiz eta segituan gelditu, zoztor eginda. Harkaitz batera igo eta gainean makurtu naiz, lauhankatan. Iluntasuna leiho itsua da, ez dit uzten barruan zer dagoen ikusten. Jaitsi eta zuhaitz baten kontra estutu naiz gero. Ez dakit norantz egin, galdu egin naiz.
Orain bai, linternak, zaunkak, ahotsak. Besoak altxatu ditut, esku-ahurrak bistan, badaezpada.
Hiru gizon datoz. Batek dakar txakurra, uhaletik. Altua da, eta lotuta dauka kokospeko arto-bizarra. Besteak, mendiko botak dituenak, begitxikerra bera, badu txerri kutsuko zer edo zer. Hirugarrena, zapaztoa, bekokia xukatzen ari da cowboy zapi batekin.
Belarretan natza, ahuspez. Txakurraren marmarra sentitzen dut belarrian. Zapia sartu didate ahoan, uhalarekin amarratu dizkidate eskumuturrak, bota bat daukat lepondoa zapaltzen. Txandaka egingo dute.
Altuak eten dit begitazioa, ea galdu ote naizen galdezka.
— No problem, thanks —erantzun dut doi-doi.
— Okey, lady.
Badoaz.
Ilgora atera da, porlan koloreko argia zabalduz.
Oinez ekin diot. Ozta-ozta luza dezaket pausoa: prakak izterretara pegatuta dauzkat txizak ihes egin didalako. Eskularru bat galdu dut eta adar batek urrakada egin dit aurpegian. Izerdi-patsetan iritsi naiz basoak eta hartxintxarrezko bidexkak bat egiten duten tokira. Zerbaiten erlantza sumatu dut altzifreen ondoan.
Lurretik metro erdira altxatuta landaretzak jan ez ditzan, marmolezko lauza bi daude. Hilobiak. Abizen bera, emakumea eta gizonezkoa, Mary eta Samuel. Etxearen arestiko jabeak hurrean, edo egoitzaren sortzaileak. Itzal batek alderik alde zeharkatu du aurreko zabaldia eta ilunpean galdu da, orkatza.
Beste ehun pauso. Atea ireki dut eta Gwen tximinia aurreko kulunkaulkian dago. Tira egin ahala, artile-matazak punpa egiten du alfonbra gainean.
— Hello, Miren!
Trikotatzea du baretzeko modua egun osoan bere saiakera-testuekin borrokan aritu eta gero. Atzo pozarren azaldu zidan iloba jaioberriarentzako manta izatekoa zen prenda hori maitale berriarentzako tapauka bihurtzen ari dela. Xede-aldaketa, horra hor sormenaren metamorfosien adibide bat.
— See you later —esan diot, salan sartu gabe, eta neure gelan giltzapetu naiz.
Harea hezean eginiko marrazki bat bezain garbi ikusi dut Z.ri esan beharrekoa. Eta andrakila kutuna inori ematen dion neskatxoaren tristeziarekin bidali diot mezua. Mezu laburra, hilobietan irakurritako esaldia, lauza batean hasi eta bestean osatzen zena: “The Lord gave…” “…and the Lord hath taken away”.
Ohean etzan, telefonoa amatatu eta negar egin dut egunsentira arte.
Sabaitik zintzilikaturiko mugikariaren tintinak iratzarri nau goizean. Besoa luzatu eta kuxinak ukitu ditut. Banan-banan erretiratu nituen lotarakoan eta aldamenean paratu, almohadatik oinetaraino, amorante konformaerraz baten gisa.
Terrazara irten naiz. Hosto iharrez beterik dago, haritzak inguruan. Egoitzako lorezaina orbela batzen dabil sardearekin. Errepidetik datorren trafikoaren zaratak harmonika desafinatua ematen du.
Bat-batean astrapala zalua sentitu dut: urtxintxa bat dago argindarraren kablean. Nahi izatera, ukitu egingo nuke. Zerbait dauka eskuetan, ezkurra edo.
Urtxintxak olgetariak dira. Akaso esaten ari zait ez hartzeko ezer serio.
Eta gordezaleak ere badira, beti enborretan pilatzen altxorrak. Agian zera esan nahi dit, etorkizunean beharko dudanaz pentsatzen hasteko.
Baina ezkurra jausi egin zaio. Ala askatu egin du? Zer ulertu orduan, zamak askatzeko? Ez metatzeko ez ideiarik, ez asmorik. Izan ere, batzuetan, urtxintxek bildutakoa beraiek ez baizik eta beste animalia batzuek aprobetxatzen dute.
Gwen agertu da aharrausika bere leihoan. Katagorriak ospa egin du adarrez adar.
— Ez zara hotz? —diost, eta xal bat jaurti dit terrazara. Airean harrapatu dut, besoa luzatuta.
Behean, lorezaina erretura prestatzen ari da.
— Begira zenbat adar ipini dituen —diotsat Gweni—. Hezurren antza daukate. Halaxe iruditzen zait niri ere nabilela, hezur mordo bat batetik bestera eramaten, eta ez gorputzekoak bakarrik.
— Bizitza hezur mordo astuna da, darling —zirikatu nau—. Ez duzu ugatzik ikusi egunotan? Ugatzak ere hezur garraioan ibiltzen dira. Oso gora igo, eta goitik askatzen dituzte, harkaitzak jota hautsi daitezen… Baina ez dute hori egiten muina atera eta jateko, hezurrak eurak jaten dituzte, handi-handiak batzuetan.
— Mokoa eta eztarria behar dira horretarako, ez edozelakoak.
— Ba zuk ez irentsi, erre baino, lorezain horren moduan… Irentsi, gosaria bakarrik. Tira, goazen behera. Zer duzu nahiago papekin, saltxitxak ala hirugiharra?