Hezurren erretura
Hezurren erretura
2019, narrazioak
240 orrialde
978-84-17051-30-3
Azala: Oihana Leunda
Miren Agur Meabe
1962, Lekeitio
 
2020, poesia
2013, nobela
2010, poesia
2000, poesia
 

 

Domeketako sagarrak

 

 

Nahi nuke umeari hitz egiten utzi, atzeraka egin tartean sartu barik,

baina horren ordez, bera esplotatzen ari naiz, poltsikoak husten…

Stanislaw Lem

 

 

Ondo gogoratzen ditut gure atariko orri biko burdin hesia, harlauzak eta zurezko balaustrada. Aitita-amumei handiki batzuek alokairuan utzitako antzinako pisu batean bizi ginen eta horrexegatik genuen bainuontziaren pribilegioa, nahiz eta laster, hirurogeita hamarreko diru-goraldiarekin, familia askok gurea baino komun dotoreagoak luzitu ahal izan zituzten.

      Amari gustatu egiten zitzaion xehetasun hori aipatzea.

      — Txikitan lagunak ekartzen nituen bainuontzia erakusteko —esaten zuen, antigoaleko etxearen kategoria nabarmentzearren.

      Hala ere, ez genuen apenas erabiltzen. Ni neu latorrizko terreina batean bainatzen ninduten ezkaratzean zapatuero, ura txapan berotuta. Osabak abiatu zuen bainuontzia baliatzeko ohitura. Hasieran, portzelanazko heldulekuek kirrinka egin zuten, eta kanilak penaz isuri zuen ur-hari oker bat, baina aliketarekin hainbat ukitu egindakoan, erabilgarri geratu zen. Terreinarako haziegia egin nintzenean neuk ere gozabidea izan nuen azuleju nakaratuz eta marrazki geometrikoz apaindutako baldosa hidraulikodun bainugela.

      — Bizkor ibili, butanoagatik —estutzen ninduen amak.

      — Bits asko egiteko xaboia erosi behar didazu, Sissiren pelikuletan lez bainatzeko.

      — Zuk ez daukazu zikinik baina.

 

 

Sasoi hartan arrasteko ontzietan zebilen aita, mekanikari, hogeitaka eguneko kanpainetan Gran Sol aldean. Lehorreratzen zen bakoitzean, otordurik gogokoena atontzen zion amak, eta ileapaindegira joaten zen astegun buruzuria izan arren. Ile mehea zeukan, segituan koipeztekoa —neuk ere halakoxea herentzian—, eta aitak zirikatu egiten zuen ile-lumatxak zirela eta. Amak ere izango zuen baleko arrazoirik aita gaitzesteko, baina oro har, nire gurasoek oso gustuko zuten batak bestea.

      Zerbait gertatu zen, ordea, aitaren mesfidantza kinatu zuena. Gertaera hartan, tamalez, izan nuen zerikusirik. Baliteke orduan ikasitakoak gerora zuhurxeagoa izateko balio izana.

      Domeka batean amak eta biok sagar salmentan ziharduen gizonezko bat begiztatu genuen plazako platanoen gerizpetan. Amak soineko berde bat zeukan jantzita, tita zuriz pikardatua, polito ematen ziona udan, beltzarandutakoan.

      — Andretxua, sagarrik nahi?

      Sagar-saltzailea zaharra begitandu zitzaidan, ileurdindurik zegoelako.

      — Etxera ere eroaten ditut, kaxa osoa enkargatuz gero.

      Amak galdetu zidan:

      — Hartuko ditugu aititarentzat? Sagarra ona da diabetikoentzat azukre gutxi daukalako.

      Baietz nik: neska txikiek ez dute zalantzarik egiten amak ba ote duen behar besteko zuztarrik martxan jartzen dituen negozioen luze-zabala neurtzeko.

      Halandaze, gizona —demagun Luzio zuela izena— sagarrak ekartzen hasi zitzaigun domekero. Arratsaldeko laurak aldean jotzen zuen aldaba. Amak tresnak harraskan utzi, amantala kendu, pasilloko ispiluan bere buruari soada azkarra egin eta atea zabaltzen zuen.

      Luziok kuarto ilunean sagarrak utzi eta segituan alde egiten zuen, amak billete batekin ordaindu eta gero.

 

 

Gurean ez zen falta izaten konpota, tarta edota konfiturarik. Estimazioa genien Luzioren sagarrei, haien azalaren koloreari, mamiaren guriari.

      Halako igandeetako batean, amak kafea eskaini zion Luziori, euri-truxua ari zuenez etxez etxeko banaketan geraldia egin zezan. Salan izan genuen gizon tantaia, kontu-kontari aitita eta amumarekin baserriko lanez eta halakoez.

      Amak atera lagundu zionean, ordea, gizonak esan zion belarri ondora:

      — Pena da, ba, zu lako andre batek senarra itsasoan izatea.

      Ama seriotu egin zen bat-batean eta agur esan barik zarratu zion atea.

      Arratsalde hartan estreinatu zuen berak bainuontzia.

      Ni zinera joana nintzen, baina pelikula amaitu baino lehen etxeratu nintzen atzeko ilarako mutiko batek txiklea inkatu zidalako koletan, eta txoria eta gantxoak eta dena txaplata eginda neuzkalako.

      Komuneko atea ireki nuenean, ama ikusi nuen bainuontzian, patioko leihotik zetorren argiak aurpegia gorrixkatzen ziola. Begiak itxita zegoen, eta sagar mordoa zeukan inguruan flotean, brontzezko ukabilen antzera. Zer edo zer esaten ari zen ahapeka, ulertu ez nuena: neska txikientzat ezina da berba batzuen zentzua antzematea, ezin hurbilago entzunda ere.

 

 

Kikarek dar-dar egin zuten aitak arasari ostikada jo zionean. Nahiago nuke ahaztu. Alabaina, orduko suminaldia ez zen izan arinkeria batengatik.

      Sagar erreak goraipatzen ari zen, ahoan urtzekoak zirela eta.

      — Sagar apartak benetan.

      Nik esan nuen orduan:

      — Bai gero, pasa den domekan amatxu sagar artean bainatu zen eta.

      Aitaren begiak karramarroak bihurtu ziren. Arasari zartakoa jo eta kalera atera zen madarikazioka. Gauean ohean nengoela sentitu nuen giltza sarrailan eta ama mainaka, barka eske, nik uste.

      Ikusirik nire komentarioaren eragina larritu egin nintzen, baina nago maleziarik gabe egin nuela salaketa hura. Edo agian ez, agian zelanbait kanporatu behar nuen gizon sagardunak nire gogamenera sartutako harra.

      Biharamunean aita betiko legean jaiki zen itsasorako. Ama goibel zegoen, baina bakeak eginda-edo zeuden, aitak, burugoi agertu arren, musu arina ematen utzi baitzion.

      Ondoren, amak bainuontzia bete zuen ur hotzez ertzeraino, belaunikatzeko agindu eta ileetatik tira egin zidan, burua osorik murgildu arte. Indarrez sakatu zidan puska eder batean.