Aurkibidea
Aurkibidea
My first thanksgiving
Santa Barbarako kai muturrean haize-arrosa bat dago. Kaia luzea da, zurezkoa, eta hondoan jositako taket sendo piloak eusten dio. Etorbidean hasten da, hondartza erdibituz, alde bakoitzaren mugetan palmondo ilarak, eta pelikano beltzak ur-bazterretan atsedentzen. Txoriok, ontziak bueltatzen direnero, harrabotsean inguratzen dira kaira.
Ontziralekuaren erdigunean bada etxe moltso bat, leiho guztiak zuri. Urrunetik ikusita, arrantzale auzo idilikoa ematen du, baina izatez jatetxeak, izozkitegiak, bisuteria dendak eta Channel Islands naturparkera joateko txangoak saltzen dituzten agentziak dira. Argazkiek balea grisak eta xibartak ikustera joateko gogoa pizten dute.
Kaiaren puntaren puntan dago haize-arrosa, zoruko oholetan zizelkaturik. Birritan jarri naiz ikur horren erdian, hirian egondako aldi bietan, puntu kardinalak adierazten dituzten inizialez inguraturik, zutunik eguzkipean, begiak itxita eta bekokia gora, tenplu baten gurutzaduran bezala goi-goiko argiaren zain.
Batzuoi arrain bera behin baino gehiagotan jan beharra tokatzen zaigu bizitzan. Ez dakit hala jazotzen zaigun gosea ase nahian ur berdintsuetara botatzen dugulako sarea edo mareak ez digulako ematen guretzat propio gordeta daukana baizik.
Iris Ferrettik afaltzeko gonbita egin zidan, estilo kolonialeko txalet atxikien urbanizazio batean. Ez zitzaidakeen inporta izango hotelean geratzea nire boligrafoarekin eta jet lagarekin, baina berak ezegokia iritzi zion ni bakarrik uzteari Esker Emate Egunean.
Bezperatik nengoen bertan, kongresu batean parte hartzeko. Hori esateak, beharbada, glamour tanta bat emango dit, baina zintzoa izanda, baditut zalantzak horrelako jardueren benetako helmenaz eta, horrenbestez, lanbide honek berarekin dauzkan elorrioen pagamendu gisa hartzen ditut.
Zazpietan azaldu nintzen anfitrioiarentzako gazazko zapi bat eta ardo botila bi erosita, bata beltza eta bestea zuria, ez nuen jakin-eta zein aukeratu. Saloian zeuden ordurako haren hiru lankide: Margaret, kritikako irakaslea; Dave, hizkuntza gutxituetan aditua; eta Ainhoa, euskal kultura irakasten zuen neska bat, ezagun egin zitzaidana, ez nekien zertatik.
— Ez zenuen indioilar betea prestatuko —esan nion txantxetan Irisi musu parea emanda.
— Ezin izan dut. Medikuarenera eraman behar izan dut semea. Ondoezik dago, izozki gehiegi… Zu zer moduz?
— Pozarren hemen.
— Zortea izan duzu sasoi honetan etorrita. Gaur egun berezia da. Eseri nahi duzun tokian.
— Beti ospatzen duzue hogeita bostean?
— Ez, azaroko laugarren ostegunean —hasi zen Margaret azaltzen—. Badakizu jai honek Ingalaterrako ohitura batean duela sustraia. Tira, frantsesek ere egiten zuten Kanadan aroaren amaierako festa. Bada pintura bat, Jennie Brownscomberena, The First Thanksgiving at Plymouth, ikusgarria. Kolonoak agertzen dira mahai inguruan jan-edana indioekin partekatzen…
Davek moztu egin zion Margareti:
— Edo alderantziz. Ezagutzen dut pintura hori: landa-bazkari idealizatua, iruzur hutsa. Hasieran kolonoek ez zeukaten zer jan, eta natiboei esker biziraun zuten, haiek haziak emanda eta arrantzan irakatsita.
Margaretek ezentzunarena egin zuen:
— Indioak pinturaren eskuinaldean ageri dira, belartzan eserita, komunitateari so. Zuriak otoitzean, mahaia bedeinkatzen. Bizpahiru jefe ere badira tartean, koroa lumadun eta guzti.
— Barkatu —sartu nintzen bat-batean—. Kanape hauek primerakoak dira. Zer da, atuna?
— Ainhoak ekarri ditu.
— Santa Barbara torradak: atun koxkorrak izkira, ahuakate, olagarro eta tipula nahaskiaren gainean. Eginda saltzen dituzte pasealekuko The Fish House-n.
Davek bereari heldu zion berriro:
— Badakigu nola bukatu zen bizikidetza. Lurra entregatzeko presioak hasi ziren, liderren buruak zikaietan josi zituzten, eta haien seme-alabak esklabo saldu.
Margaretek bafa egin zuen.
— Guk ere badaukagu atunarekin egiten den plater bat —segitu nuen, hitz beste eginez irakasle bien arteko tenka igarrita—. Patata, tipula, piperra eta tomatea erregosiz egiten da, marmitakoa.
Davek ahoa okertu zuen, edo Margaretekin gaitzituta, edo berriz ere solasaren haria eten niolako.
— Marmitakoaren izena “marmita” hitzetik dator, arrantzaleek barkuan kozinatzeko erabiltzen zuten lapikoaren izenetik. Eginerraza da, ezta, Ainhoa?
— Ideiarik ere ez.
— Baten batek sukaldea utziz gero prest naukazue egiteko.
— Neure lantxan joan gintezke atunetan —esan zuen Davek bat-batean ernatuta.
— Ezin hobeto.
Hara: lagunarte atseginean nagoen guztian —are gehiago otordu baten giroan— konfidentziak egitera jotzen dut. Bizitza pribatua komunikatzeak badu, besteak beste, solaskideak gogaide bihurtzeko grazia.
— Hona lehen aldiz etorri nintzenean iruditu zitzaidan hemen etxebakoak ere zoriontsuak zirela State Street-eko jarlekuetan lotan, izarren azpian.
— Klimak laguntzen du drama arintzen, arrazoi duzu.
— Dena topatu dut berdin, edo ia berdin. Badakizue zer egin nuen atzo, heldu eta batera? Kai-muturrera joan, haize-arrosa ikustera.
— Haize-arrosa bat al dago han?
— Ez da bereizten apenas. Zarpailduta dago… Denborak ez du gupidarik.
— Ez inorekin, ez ezerekin.
— Kontua da orduan etorri nintzenean aldi eskasa pasatzen ari nintzela, amodio biren artean…
Irisek barre-algara bota eta kopa luzatu zidan topa egiteko:
— Ongi etorri klubera!
— Eta orain, urteak geroago, antzera nago.
— Antzera baina ez atzera, ezta? Ez zara ibiliko protagonista berberekin, diot nik —esan zuen Margaretek begiak bixi-bixi.
— Ez, mesedez…
— Eta iruditzen zaizu Santa Barbarako haize-arrosa galdezka duzula ea zer norabide hartuko duzun.
Ironia zerion Daveren tonuari. Hala ere, Ainhoaren ahots meharra izan zen harritu ninduena.
— Inoiz ez duzu jakin aukeratzen.
Afalkideen jakinmina hauteman nuen, lau dardo dianari apuntatzen.
— Ez zenuen jakin lanpostu hartarako elkarrizketa egin zenidanean. Nobatoa nintzen, ikasketak orduantxe amaituta, baina arnasa baino beharrezkoagoa nuen lana. Belauniko jarri ez nintzenean…
Sorpresa. Noiz edo noiz pentsatu izan dut ogibidearen kausaz nik kaltetutako guztiak zonbi aldra baten moduan esnatuko balira nire memoriaren izurretatik, grausk irentsiko nindukeela lotsariak. Alabaina, neure alde esan beharko dut ez zela pagotxa hautagaiak apartatzea, datu objektiboez gain (ortografia-akatsak, erdarakadak, edukien azalkeria) inpresioak ere sartzen zirelako jokoan (sasijakintsua, trebatugabea, kokoloa).
— Ez dakit ba zergatik utzi zintudan albora, ez naiz gogoratzen. Kontsolagarria bazaizu-edo, bulego hura ez zen paradisua.
Irisek ogi-birrinak batzeari ekin zion. Margaretek eztultxoa egin zuen. Davek tabakoa atera zuen alkandoraren poltsikotik.
— Hala entzun dut. Dena den, orain ez du axola. Askoz hobeto ibili naiz beste bide batetik, bistan da.
Dave patiora atera zen erretzera. Zigarretaren txingarra bugainbilearen ondoan. Bero-ufada batek hartu zuen saloia. Ile-orratza soltatu eta ilea astindu nuen estura disimulatzeko.
— Pozten naiz, Ainhoa.
Atuna kordoka zebilen. Portutik irtetean, Daveren lantxaren mantenuaz arduratzen zen mexikarrak irakatsi zidan amuan maluta jartzen. Bera leman zihoan. Popatik bota genituen kanaberak kostatik urrundu ahala, eta milia batzuk egin genituenerako tenkada sentitu nuen. Indar egin nuen kanabera hanken artean neukala. Davek abiadura moteldu zuen.
— Eutsi —esan zidan Orlandok—. Eutsi, baina kontuz tiratu arrainari ezpaina apurtu barik, ihes egingo luke bestela eta.
Atunak amore eman zuen azkenean. Gorantz altxatu nuen eta Orlandok kakoa inkatu zion zakatzetan, kareletik sartzeko. Tarte luze batez egon zen lurrean takada sorrak jo eta jo. Orlandok kolpe batez moztu zion burua aihotzarekin, eta ondoren, bihurrikatu eta harekin batera erauzi zizkion tripak, haragi-dandar potoloa. Odola euri mamia legez jausi zen ontzi-bizkarrean jarritako olanara.
Goizaren hondarra kontu-kontari eman genuen. Ohar batzuk ere idatzi nituen koadernoan: on egiten dit aire zabalean pentsatzeak. Davek kabinako aginte-taula erakutsi eta esan zidan, keinu eginda:
— Ea zer diotsun konpas honek…
Gustura hartu nuen konplizitate seinale hori.
Anacaparen ondotik pasatu ginen. Sumendia izaniko uhartea da, hiru harkaitzen multzo bipila, zuhaitzik bat ere ez duena. Labar malkartsuak zut barneratzen dira itsasoan, granitozko aiztoak. Han-hemenka distira horixkak, koreopsiak. Davek azaldu zidan irlaren izena chumash hizkuntzatik datorrela, eta “mirari uhartea edo uharte lilurazkoa” esan nahi duela.
— Ehunka kobazulo daude hormetan. Hala ere, uharri-lekuak ezagutu ezean hobe ez hurbildu. Kosta hau traidorea da.
— Ezin daiteke uhartea oinez ikusi?
— Bidezidorra dago mutur batetik bestera, baina itsas txoriei ez zaie gustatzen arrotzik eurenean.
Prismatikoak hartu nituen ea petrelen bat ikusten nuen.
Pristi-prasta ozena aditu genuen orduan. Balea bat eta kumea azaleratu ziren gugandik hurbil. Gorputzar haien igurtzia uraren kontra, sinfonia natural euforikoena iruditu zitzaidan. Eskerrak eman nituen isilka.
— Noiz arte geratuko zara?
— Beste lau egun. Asmoa daukat misioen ibilbidea egiteko, parte bat.
— Eta hori?
— Umetan eduki nuelako liburu bat, Ezpata eta gurutzea...
— Misiolariak, tunikadun hiltzaileak inperioaren zerbitzura.
— Hori ez da asko esatea?
— Misioak estrategia bat izan ziren lurraldea menderatu eta hiriak nahiz portuak fundatzeko. Kontzentrazio-eremuak bihurtu ziren indigena askorentzat, arimak salbatzeko tokiak zirelakoan. Polita engainua… Derrigor jaurti behar suzko geziak.
— Orduan ez dizut esango Santa Barbararen fundatzailea frantziskotar euskaldun bat izan zenik. Turismo-gidan irakurri dut.
Ilunabarrean itsasargiaren sirena entzun genuen Orlandoren aihotzak atuna trontzatan zatitzean eginiko klaskadekin nahastean.
Hoteleko wifiak audio-mezua sartu zidan telefonora. Ahots alaia zeukan igorleak:
— Zeu zinen! Momentuan konturatu naiz. Olatuetan nenbilen eta ondora etorri zait itsas txori bat, mokogorria. Zeure ezpainen koloreko mokoa zeukan, iguala. Denbora guztian eduki dut alboz begira, eskuin begiarekin, zeuk legez, berdin-berdin. Paraje honetan ez da ibiltzen horrelakorik. Zauden tokitik etorri da. Zeuk bidali didazu zurekin ez ahazteko.
Neure arterako egin nuen sarritan hainbat hobeto egongo ginatekeela isilik.
Daveren estudioan bildu ginen. Jolasean ziharduten umeen algarak iristen zitzaizkigun pasealekutik. Bikoteak zebiltzan bizikletan, artistak trepetak aldean eta eskaleak fardeltzarrak atoian. Bohemio bizarluze bat hareazko eskultura bat egiten ari zen hondartzan, gure terrazaren azpi-azpian.
Margaretek eta Irisek saltsa koloretsuz beteriko katiluak ipini zituzten mahaian Ainhoak landareak ureztatu bitartean. Bazirudien ezabaturik zuela niganako herra. Orlando ere bertan zen, gitarrarekin kantatzen eskudelean bermatuta. Davek mojitoa zerbitzatu zuenean buztinezko kazolatxoetan atera nuen marmitakoa, guakamaioen marrazkiak zeuzkan zamau baten gainean.
— Lekeitioko errezeta.
Koilarak saldan. Dranga barrura.
Eta Margaret arrapaladan joan zen komunera eta Irisek aurpegia hondoratu zuen lorontzi batean. Orlandok izotza sartu zuen ahoan eta Davek biraoa bota zuen. Neure koilarakada irentsi eta garretan sentitu nuen hestegorria.
Ainhoa begira-begira neukan. Segidan, sandalien takoiekin kli-kla eginez alde egin zuen, Dave atzetik zuela, zangoka. Autoaren motorra garajetik irteten.
Bet-betan haizea altxatu zen eta balantzaka jarri zigun eguzkitakoa. Hondar-bolada batek mahaia hartu zuen osorik. Ospa egiteko aitzakiak murduskatzen hasi ginen.
— Astelehenean 9. gelan —agurtu ninduen Irisek.
— Neska hori pittin bat zoratuta dago —esan zidan Margaretek belarrira—. Norabait eramatea nahi, Orlando?
Bakarrik geratu nintzenean, komunzulotik bota nuen marmitakoa. Saltsak hozkailuan sartu eta terrazara atera nintzen poltsaren bila, alde egiteko. Giltza atean.
Ez zen inor geratzen behean, denak galernak uxatuta. Hondartzan hareazko eskultura hura besterik ez, haizeak desitxuratua, iparrorratz moldegabetu bat. Dave atzetik hurbildu zitzaidan eta besoa jarri zidan sorbaldan, irudia zeharo desegin zen arte.