Tximeletak bizkarrean
Tximeletak bizkarrean
2018, nobela
320 orrialde
978-84-17051-14-3
Azaleko irudia: Paul Klee, Angelus Novus
Ugaitz Agirre
1992, Usurbil
 
 

 

 

Mugaldetik, eskerrak eta oharrak

 

              Irakurle: iritsi zara mugalde honetara, istorioaren azken puntua eta liburua albo batera uztearen artean zabaltzen dena. Bost urteko nabigazio bidaiaren hasieran imajinatzen ez ziren eremuak esploratzearen eta konkistatzearen emaitza. “Lurra begi bistan!”, oihukatzen zen batzuetan; besteetan, hamaika metroko olatuek irentsi eta naufrago bihurtuko ginenaren izua zabaltzen zen tripulazioan. Tira, honaino iritsirik, ez da hain bidaia txarra izan. Tripulazio onarekin nabigatu dugulako izan da ezbairik gabe.

              Aguantatzeagatik, ama, aita eta Aitor eskertu nahi ditut. Irakurle eta kritiko izateagatik, Sara, Mari Luz, Miren, Araitz, Jurgi, Joana, Bakartxo, Zuriñe, Lander, Luken, Txomin, Xuban, Nerea, Kepa eta seguru baten bat ahaztu zaidala. Asko izan gara. Mea culpa tripulazio kideen izenak ez apuntatzeagatik.

              Bestetik, oharrak: erreferentzia anitzeko istorioa izan da, eta ahal zen denetan, jatorria jartzen saiatu naiz. Bada bat, ordea, ez dena hala izan. Horregatik, errespetuz bere egileei, Aurora Beltranen esanak eta Vulpesen ingurukoak Rock Radical Vasco: La gran martxa de los 80 dokumentaletik hartuta daude. Eta bestetik, Boloniako TPOko norbaitek irakurtzen badu, han girotutako erasoen pasartea Maite Asensio Lozanoren Argazkien atzean zegoena artikuluan oinarrituta idatzi nuen. Walter Benjaminen testua Sans Soleil argitaletxearen Denbora, historia eta artearen inguruko testuak liburutik hartua dago eta Mikel Babiano López de Sabandok itzuli zuen.