S08E22
Asteazkena da. 2013ko apirilaren 3a.
Sara bere bulegoan dago, eskuetan paper zati bat duela. Urte hasieran iristen hasi zitzaizkion harribitxien bidaltzaileak igorritakoa da. Aurreko egunean iritsi zen eskutitza, astero bitxiren bat jaso eta gero. Denetara sei belarritako pare eta sei lepoko. Paper zatian hala jartzen du:
«Ciao Sara maitea,
»Gustatu al zaizkizu bidali dizkizudan bitxiak? Zure tximeleten inguruan pentsatzen egon naiz, eta Silviok bere kantuan ematen zien azalpenaz. Badakit materialista samarrak izan daitezkeela harribitxiak, azalekoegiak tximeleten sakontasunarekin alderatuz. Ondorioztatu dut tximeleta bakoitzak zure bizitzako pasarte txar eta gaizto bat islatzen duela, eta horiek gainditzeko tatuatu dituzula. Nik ere lagundu nahi zaitut zure bizitzako atsekabe guztiak gainditzen. Utz iezadazu zure bidelagun izaten. Utz iezadazu zure tximeletak harribitxien dirdirarekin apaintzen. Ezin dut zure berririk gabe bizi. Ezin dut zu gabe bizi. Behar zaitut. Eta badakit zuk ere behar nauzula. Norbait behar duzu zure alboan, bestela erotu egingo zara. Denbora eman dizut, uste dut nahikoa izan dela ideiak argitzeko. Zure berri izan nahi dut. Faborez jarri nirekin harremanetan lehenbailehen».
Eta aurreko egunean burua erotu beharrean bueltaka eta bueltaka izan ondoren, telefonoa hartu eta deia egin du. Segituan erantzun du bestaldean. Apirilaren 14an geratu dira dena argitzeko. Sarak lehenago nahi du, baina ezinezkoa izan da. Ia bi aste pasatuko ditu pakete haien guztien esanahiari buruzko espekulazioak egiten. Bai eta hainbeste bitxi oparitzeko bidaltzaileak dirua nondik atera duen galdezka ere. Surrealista da. Ez du zipitzik ulertzen.
Bost minutuko atzerapenarekin joan da klasera. Atea zabaldu, eta gehienak han daude. Beno, azken klaseetan gertatu bezala, Enzo Fusai falta da. Gainontzekoak beti bezala daude, liburu, koaderno, grabagailu eta boligrafoz inguratuta. Sarak ordenagailua piztu bitartean, azken klasean aipatutakoaren errepasoa egin du. Pentsatuta baitu poliedroaren beste aurpegi batetik begiratzea historiari, nahiz eta inprobisazioak gain hartuko diola ondotxo jakin.
Azken klasean 80ko hamarkadaren inguruan aritu ziren hizketan. Gerra Hotzaren kronologia klasikoari jarraituz, azken fasea izan zuten mintzagai, 1979-1991 arteko etapa, hain zuzen.
— Baina gogoratu a posteriori egindako periodizazioak direla horiek. 1979ko urtarrilaren 1a iritsi zenean, inork ez zuen pentsatu beste fase batean sartu zenik. Horiek historia ikertzen ibiltzen garenok egiten ditugun bereizketak dira, gure lana errazago egiteko.
Gertakari nagusienak izendatzeaz gain, horiek eta haien aurretik eta ondoren etorritakoek utzi dituzten arrastoak aipatu dituzte denen artean. Ideiek irauten baitute. Emozioek irauten baitute. Gorroto edo poz sentsazioak, batzuk belaunaldiz belaunaldi.
— Horregatik pentsa dezakegu, definizio moduan, historia ez dela iragana ulertzeko ariketa bat, edo ez behintzat historia garaikidea. Hain zuzen, orainaldia ulertzeko ikertzen da iragana historia garaikidean. Historialariok iraganeko betaurrekoak jartzen ditugu, baina begiek orainaldikoak izaten jarraitzen dute. Horregatik da hurbilketa bat. Orainalditik abiatutako paseo bat.
— Baina orainalditik abiatzen bagara —aipatzen hasi da Ugo—, orainaldiko motxila gurekin eramango dugu, ezta? Orduan ikerketa ez da objektiboa izango.
— Noski ikerketa ez dela objektiboa izango. Subjektuak garen heinean, norberaren zama subjektibo guztia egongo da ikerketan. Adibidez, ni ikasle nintzenean eta ikerketa lan bat egiteko eskatu zidatenean, kasu hartan XX. mende hasieraren bueltan, landa munduko emakumeen inguruan egin nuen. Nire amona Kataluniako landa gunean bizi izan zen, eta nola ezagutzeko aukerarik ez nuen izan, ba lan hori baliatu nuen bere bizimoduaren berri izateko. Lan ahalik eta objektiboena egiten saiatuko zara, baina gaira hurbiltzeko beti egongo da interes pertsonal hori. Gomendatuko nizueke, ikerketa lan bat egiten ari zaretenean, zuen eta gaiaren arteko loturan pentsatzea. Egin zuen autobiografia propioa, eta horrela, beste gogo edo interes batekin lan egingo duzue.
Hori esaten ari den bitartean, Daniellak eta Fionak elkarri begiratu diote, eta Boloniako gertaera etorri zaie burura. Halako begirada konplize bat, irakaslea jabetu baino lehen mututu dutena.
Baina Sararen gaurko asmoa ez da historiako ikerketak nola egiten diren azaltzea. Aurreko klase batean izan zuten horretarako tartea. Bere helburuekin hasi nahi duenean, ordea, Ugok moztu du beste behin:
— Agian erokeria bat esango dut —hitz pausatuak ahoskatuz, buruan bueltaka duen ideia a priori absurdoa ahalik eta ondoen azaltzeko—, baina planteatu al daiteke metodo bezala? Alegia, historia ezagutzen dugun bezalakoa da prozesuan hartu diren eta ez diren erabaki jakinengatik. Testuinguru guztia bere osotasunean ulertzeko han egotea litzateke onena, baina denboraren makinarik sortu ez dutenez, egin beharko genuke, metaforikoki edo, garai horretan infiltratu. Espia historikoak izan eta informazio guztia oraingo gu ikertzaileari pasa. Ez dakit ondo esplikatu naizen.
Sarak begiak itxi, eta hatzarekin masaje bat ematen hasi da belarri ondoan. Domenicok zera esan dio Ugori albotik: “Hi, drogak utz itzak!”.
— Ondo ulertu badut, Ugo, esan nahi duzu bitan zatitu behar garela. Alde batetik, ni garaikidea eta, bestetik, ni historikoa, edo espia historikoa deitu duzuna. Lehenak kudeaketa lana egingo luke, zentralitakoa, bigarrenak pasatzen dion informazio guztiarekin. Hori da esan nahi zenuena?
— Uste dut baietz.
— Eta zein helbururekin? Alegia, ariketa hori beti egiten dugu. Testuingurua bere osotasunean aztertzen saiatzen gara ondorengo ikerketan agertu daitezkeen anomaliak hobeto ulertzeko.
— Esan duzunagatik, egungo aurreiritziak eta influentziak abandonatzeko. Azkenean, guk badakigu zein den amaiera. Badakigu 1989an Berlingo harresia erori zela, baina 1988an hori ez zekiten. Espia historikoak emango lukeen informazioa litzateke etorkizunari begiratzeko perspektiba bat, hau da, atzotik gaurrerako begirada bat pronostiko eta ilusiozkoa izango dena, eta ni garaikideak gaurtik atzorako begirada eskainiko du gertatutakoa azaltzen duena. Horrela, bi begiradak elkar gurutzatzean, begirada osoago bat izango dugu. Zeinek imajinatuko zuen bestela Ser Davos...
— Ixo! Ixo! Oraindik ez dut eta kapitulua ikusi! Ez espoileatu!
Sarak baieztapen keinu bat egin du buruarekin; “interesgarria” hitza ahoskatu du, ostean.
— Baina ez pentsa subjektibotasuna ezabatuko duzunik horrela. Gainera, ez pentsatu subjektibotasuna zerbait txarra denik. Bestela, denok berdin pentsatuko bagenu, zeinen aspergarria litzatekeen mundua eta bizitza. Halere, Game of Thrones aipatzea interesgarria iruditzen zait, gaurko klasea fikzioaren inguruan izango baita. Literaturan, filmetan, telesailetan historia nola erabili den aztertzea edo eztabaidatzea da nire asmoa.
Klasea inprobisazio ariketa kaotiko bat izatetik gertu egon da. Pelikula interesgarriak, gutxi batzuek soilik ezagutzen dituzten telesailak eta modako bihurtu direnak. Batzuetan ahaztu egiten zaie klasean daudela ere.
— Fikzioa errealitatearen berreraiketa bat da. Hori ezin duzu zalantzan jarri —esan dio Domenicok Ugori—. Star Wars bera ere errealitatean oinarrituta dago.
— Baina nik ez dut hori esan. Esaten dudana da historia bera ere berreraiketa bat dela. Historialariek era batera egiten dute eta fikzioan lan egiten dutenek beste era batera. Baina iraganaren berreraiketa bat izaten jarraitzen du.
Sarak eztabaidan sartu nahi izan du buruz dakien Walter Benjaminen zita batekin. Berreraiketak aurretiazko suntsiketa bat eskatzen du, eta berak bere ibilian gauza asko suntsitu dituela sentitzen du. “Bada Kleeren koadro bat, Angelus Novus izenekoa. Bertan aingeru bat ageri da, aurrez aurre ikusten duen zerbaitetik urruntzear dagoela dirudiena. Adi-adi ditu begiak, irekita ahoa, zabalik hegoak. Itxura hori izan behar du historiaren aingeruak. Iraganaren aldeari eskaintzen dio aurpegia. Guk gertakari katea ikusten dugun lekuan, katastrofe bakarra baino ez dago harentzat, etengabe aurriak aurrien gainean pilatu eta bere oinetara botatzen dituena. Aingeruak geratu egin nahi luke; hildakoak esnatu eta suntsitutakoa konpondu. Baina paradisuan piztu den ekaitza bere hegoekin ere nahaspilatu da. Hain da ekaitza bortitza, ezen aingeruak ezin baititu hegoak itxi. Ekaitz horrek bizkarretara duen etorkizunerantz bultzatzen du ezinbestean, haren aurrean aurriz osaturiko mendiak zeruraino hazten jarraitzen duen bitartean. Garapen izendatu duguna da ekaitz hori”.
— Eta gure iraganari begiratu nahi badiogu, Historiaren aingerua handik igaro aurreko paisaia ikusi nahi badugu, hondakinen berreraiketa egin beste erremediorik ez dugu —ondorioztatu du Sarak, samin pertsonal baten lurrinak lotsati azaleratzen direla.
Jada ordua gainean, hurrengo astean ez dela klaserik izango komentatu die ikasleei. Hitzaldi ziklo batean parte hartu behar duela Berlinen, “eta hori, ez dela klaserik egongo”.
— Etorri nahi duzu trago bat hartzera, Sara? —galdetu dio Fionak irakasleari klasetik atera denean.
— Itxaroten badidazue hauek bulegora eraman bitartean...
— Noski!
Arratsalde osoa eman du ikasleekin hizketan ardo kopen bueltan. Klaseko bera hizketagai, baina aisialdiak eskaintzen duen patxadarekin. Fikzioa gora eta fikzioa behera, bakoitzaren film eta telesail gogokoenen iruzkinak egiten egon dira unibertsitatetik hurbil dagoen terraza batean. Sarak behin eta berriz esan du House MD telesaila gustuko duela, baina ikasle batek berak ere ez dio jaramonik egin. Inori ez omen dio interesik piztu medikuei eta gaitzei buruzko dramak. Zonbiak, Sartaldeko hilketak, detektibeak edota kimikako praktikak garajeetan egiten dituzten pertsonaiak agertzen diren telesail ospetsuak ahotik ahora dabiltzan bitartean, pentsatzen jarri da ea zergatik erakartzen duen hainbeste mediku misantropoak.
Liburu pila baten azpian, Anak oparitutakoa ikusi du. Kuriositate handiz hurbildu da apalategira eta, gainontzekoak alboratu ondoren, esku artean hartu du. Azaleko katuaren begietan ditu bereak. Kontrazalean dauden kritikak irakurri ditu ostean, banan-banan, eta konturatzerako, Hiraideren eleberrian murgilduta dago. Tokion bizi den bikote baten eta Chibi katuaren arteko harremana du ardatz.
Capisci etxetik barrena paseoan imajinatu du, bere hanken inguruan bueltaka gero. Konturatu da Chibik txikia esan nahi duela, eta Capisciren izenaren zergatia etorri zaio burura. Derrepentean, beste irudi batek hartu du bere gogoa. Katuak begi berdeak omen ditu. Aspaldian bueltaka izan du amildegiko ametsa, nahiz eta badiren hilabeteak ordutik.
— Eta untxia beharrean katua bazen? Chibi zuria da orban gris eta marroiekin. Ametsak ez dira inoiz ondo gogoratzen.
Baina jabetu da ametsen interpretazioen kontuak ez zaizkiola batere axola. Eta arkatza hartu du interesgarri zaizkion esaldiak azpimarratzeko: Chibiri eta Machiavelliri buruzko informazioa.
Bi mundu bereizi zituen harresi graffitidunaren inguruan paseatzen dabil. Begiratzen duen bakoitzean, jendea imajinatzen du haren gainean. Argazkiak eta bideoak irudimenean ditu. Oztopoak oztopo izateari utzi zionekoak. Berak inoiz ez du antzekorik ezagutu bere gorputzean eta ezinezkoa egiten zaio horrelakorik sentitzea. Mugimendua mugatuko liokeen muga bat izatea, muga fisiko bat. Absurdoa iruditzen zaio XXI. mendean horrelako zerbait existitzearen ideia bera. Lotsaren harresiak, alajaina. Baina oraindik badira muga fisikoak sortzen dituztenak, Mendebaldearen purutasuna kutsatuko omen duten horiekin lepradun batekin bezala erlazionatu nahi dutenak. Eta Ceutan eta Melillan pentsatu du, gero Israel eta Palestinan, baita Mexiko eta Estatu Batuetan ere.
Eserleku bat ikusi du eta bertan jesartzea otu zaio. Zigarro bat piztu, eta harresiari begira geratu da, artearen euskarri bihurtutako harri eta hormigoi puska haren aurrean turistek beren oroimenerako argazkiak ateratzen dituzten bitartean.
— Eta nola izango zen Scarrek Simba garaitu izan balu?
Sarak burua biratu du. Mutil gazte bat dago eserita bere alboan. Ez da konturatu ere egin.
— Baduzu surik?
Sarak metxeroa atera eta ahotik zintzilik duen zigarroa piztu dio.
— Thanks —eta hasierako galdera bera egin dio. Sara harri eta zur dago.
— Nola zer izango zen Scarrek Simba garaitu izan balu? Ez dizut ulertzen. Zer esan nahi duzu horrekin?
— Zergatik zen Simba errege legitimoa? Scarrek legitimitate bera zuen, nire ustez. Estatu kolpe bat ematea ilegitimoa al da? Zer da legitimitatea? Zer da legitimoa?
Sarak zer esan jakin gabe jarraitzen du. Hogeita hamar urtetara ez da iristen. Ile luzea, beltza. Hiru eguneko bizarra aho matrailaren ertzean. Begia goitik behera gurutzatzen dion marka. Alkandora beltz bat darama, jeans urdin ilunak eta larruzko zapata gastatuak. Zupada lasaiak, pausatuak ematen dizkio zigarroari.
— Barkatuko didazu, baina ez dakit zer erantzun.
— Nik uste Scarrek Simba garaitu izan balu, denak hobera egingo zuela. Meditatua zen, bazekien zer egiten zuen. Simba bihotza besterik ez zen. Eta bihotzarekin gaur egunean ezin da ezer egin. Burua behar da. Burua arrazoimena da, arrazoimen purua. Eta bihotza gauza nahasi bat da, pasioaren eta arrazoimenaren arteko mix bat. Guk, mendebaldekook, pentsatzen dugu bihotza pasioa bakarrik dela, baina oker gaude. Pasioa beherago kokatzen da, sabelaren eta genitalen artean. Eta bihotza hortik eta burutik elikatzen da. Kaosa da, ez du hautatu oraindik noren alde eta noren kontra dagoen. Ez daki buruarekin edo sabelarekin joatea den hauturik egokiena. Eta Simba hori zen. Buruak eta sabelak esaten zioten ondo zegoela zegoen tokian, Timon eta Pumbaarekin bizitzea zela egin zezakeen gauzarik onena. Baina Nala azaldu zen, eta buruak eta sabelak zuten paktua suntsitu zuen. Maitasuna hain da bihozgabea. Horregatik kokatzen da bihotzean. Nala existituko ez balitz, Simbaren bihotza ez litzateke kaos bihurtuko. Eta kaos hori izan zen Scar garaitu zuena. Baina esadazu, nola da posible kaosak ordena ipintzea? Hori absurdoa da.
Sarak absurdo ikusten duena bere azalpena da, bere presentzia. Ingurutik pasatzen ari den jendeak ez du oso modu onean begiratzen. Sara oso deseroso dago. «Zergatik tokatu zait horrelako ero baten diskurtsoa entzutea? Akaso hobe hemendik alde egiten badut». Eta altxatzeko keinua egin du pentsatze hutsarekin. Baina tipoa lehenago zutitu da.
— Eskerrik asko entzuten egoteagatik —eta bi muxu eman dizkio—. Nire izena Jeremy da, baina Scar dei nazakezu. Edo biak batera: Jeremy Scar.
Eta hori esanda alde egin du.
Sarak ez daki zer egin, ez zer esan, ez ezer. Eta hasieran garrantzi handirik eman ez badio ere, ezker begian goitik behera duen ebaki markak arreta deitu dio. Intriga sortu zaio. Eta oraindik intriga gehiago sortu diote begiek. Begi berdeak, marihuana kolorekoak. Sakonegiak hain txikiak izateko. Bere hitz arraroak gogoratu ditu. Maitasun bihozgabearena. Arrazoi du. Edo arrazoia ematen dio bederen, egia ez izanda ere.
Eserlekutik altxatu eta hotelera joan da. Berez, hitzaldia errepasatu behar du, baina ez dauka gogorik, eta arratsaldean zer egin dezakeen galdetu dio harreran bera baino gazteagoa den emakumeari.
— Pelikularen bat ikusi nahiko nuke.
— Pelikulak... Pelikulak... —ordenagailuko pantailari begiratzen dion bitartean—. Ba ikusten ditudan gehienak alemanez dira. Ez dakit hori nahiko zenukeen. Nahi baduzu, ingelesez zerbait dagoen begiratuko dizut.
— Eskertuko nizuke.
— Ea, ea... Zer dago... zer dago... Begira. Zerbait topatu dut. Umeentzako da, baina Disneyko pelikulen ziklo bat egiten ari dira Aufbau Haus kultur etxean. Hurrengoa The Lion King da. Bost eta erdietan.
— The Lion King esan duzu? —harrituta. Halako kointzidentziak posible ote dira?
— Bai. Zerbait gertatzen da?
— Ez, ez. Ezer ez. Eta non dago kultur etxe hori?
Hiriko plano bat atera du, eta nondik joan behar duen adierazi dio.
— Ordu erdiko paseo bat. Ez dago urruti, baina nahi baduzu, autobusa ere har dezakezu.
— Oinez moldatuko naiz. Danke sehr!
Eta kalera atera da, kointzidentziak medio, The Lion King ikustera.
Kultur etxera bidean, buruari bueltaka eta bueltaka ibili da. Jeremy izeneko tipo hori, bere buruari Scar deitzen dion tipo hori, nor ote da? Eta zergatik azaldu da bere bizitzan hain modu arraroan? «Agian garrantzi handiegia ematen ari naiz. Zerbait kuriosoa bezala hartu, eta aurrera segi, hori da egin behar dudana. Kasualitatea eta intriga bizitzaren parte dira».
Haur eta gurasoz betea dago kultur etxeko ataria. Eta begiraturen bat sumatu du.
«Nor ote da neska hori?».
«Zer egiten du bakarrik?».
Horrelako gauzak pentsatuko dituzte han dauden gurasoek. Baina Sararen alemana ez da oso ona, eta soinu solte bezala hartu ditu, ibai ertzetako igelek egiten dituzten kroak sinkronizatuak balira bezala.
Barrura sartu, leihatilan sarrera erosi eta proiekzio aretoaren erdian eseri da. Zortea izan duenaren seinale. Eta hasieran lasai bazegoen ere, minutura areto guztia bete eta sekulako zarata sortu da. Haur berlindarren algarak, amek eta aitek isiltzeko eta ongi portatzeko oihukatzen dietelarik.
Konturatzerako, argiak itzali dituzte. Eta eguzkia sabanako horizontetik altxatzen hasi da afrikar musikarekin batera.
Bi momentu izan ditu filmak, betiere Sararen perspektibatik. Lehena, Be prepared abestia kantatuz Scarrek estatu kolpea prestatzen duen momentua. Pentsatzen egon da Sara: «Nola demontre ikusten dute alemaniarrek filmeko momentu hau? Scar Hitler izan daiteke inongo arazorik gabe. Eta hienek egiten duten desfile militar ordenatu hori? Ez dago zalantzarik hori desfile nazi bat dela. Pentsamenduak irakurtzeko gaitasuna izan nahiko nuke». Bigarrena Can you feel the love tonight: «Nalaren begiradak ez dira normalak. Marrazki bizidunen partez gizakiek interpretatuko balute eszena hau, edonor kitzikatuko litzateke. Sexua eskatzen duten begiradak dira. Edozein helduk ikusten du hori. Aiii... Zein inuzenteak ginen umetan.»
Filma bukatzean hotelera joan da berriz, eta zerbait afaldu ostean, hurrengo eguneko hitzaldiari azken ukituak ematen hasi da.
— Zer gertatuko ote zen Scarrek Simba garaitu izan balu?
Eta masturbatzen hasi da kitzikadura arraro hari soluzio bat eman nahirik.
Unibertsitateko areto nagusian dago. Jende andana dabil, batzuk obligazioz, beste batzuk kuriositatez. Bere alboan Ludger Schafer doktorea, hitzaldi ziklora gonbidatu duena, hain zuzen. Sararen aurkezpena eginez hasi du solasa. Honek eskerrak eman ostean, ur botilari trago bat eman, eta isilik geratu da publikoari begira segundo batzuez.
Proiekziora begiratu du entzuleen azterketa psikologikoa egin ostean. Hitzaldiari eman dion izenburua irakurri du bere baitarako.
Definizio lanarekin hasi nahi du. Oso gomendagarria iruditzen zaio ariketa hori, batez ere, egun pisu ideologiko eta politiko handia duten kontzeptuak baitira esplikatu nahi dituenak. Lehenik oroimena zer den azaldu nahi izan du:
1. Ikusi, entzun, ikasi, sentitu direnak gogoan gordetzeko eta gogoratzeko ahalmena; gogoa, iraganeko oroitzapenen gordelekutzat hartua.
2. Oroipena, oroitzapena.
Gaineratu du:
— Baina kontutan izan behar dugu, zerbait gogoratzeko ahalmena den neurrian, ahazteko ahalmena ere badela.
Parisen Núriarekin oroitu zen unea gogoratu du. Tartea izan du txikitako lagun minak proposatu zion proiektuari buruz hotzean pentsatzeko, baina behin eta berriz ekidin duen oroitzapena izan da Gironellako hura. Berez proiektu erakargarria zen Núriarena: eleberria komiki formatura egokitzea. Baina jaioterriko solasaldi hartan gutxi hitz egin zuten komikiari buruz. Hitz egiteko gera zintezkeen berriz; errazagoa da, ordea, zubiak eraistea eraikitzea baino. Orduantxe etorri zaio lehen eleberriaren irudi nagusia: heroiek euren bizitzan behin zeharkatu behar zuten zubia.
Eguzkia zen egun hartan, nahiz eta eguraldia gutxien axola zuena izan. Bepperekin azken zuzenketak adostu ostean, nobela zuzentzaileari bidaltzea erabaki zuten. 2007ko azaro hartan, Sarak lehen liburua argitaratuko zuen. Irribarre handi batekin sartu zen Dianaren kontsultan. Istorioaren inguruan hitz egiteko eskatu zion psikologoak, kuriositatez. Sara Partisania izeneko lurralde bati buruz hitz egiten hasi zen.
— Partisania?
— Heroien gotorleku eta hilerria —irribarrea alboratu gabe.
Antza, heroiak Partisania izeneko lurralde batean bizi ziren, eta euren garaia iristen zenean, Partisaniako sarrerako zubia zeharkatu behar zuten egun batez heroi izateko. Eta hura gainditu berritan dinamitatu egiten zuten, ez zedin itzuli. Eskolan ikasitako epikotasun guztia ekintza hark suntsitzen zuen, eta heroi izatearen gordintasun kiratsarekin abiatzen zen frontera.
— Gotorlekuarena uler dezaket, baina zergatik hilerria?
Sarak azaldu zion heroiak inoiz ez zirela itzultzen Partisaniara. Alde egitea hiltzearen parekoa zen.
— Zu zara Partisania, Sara! Gotorlekua zara! Ez duzu ulertzen?
— Zer ari zara esaten, Núria?
— Hasieran pentsatzen nuen Cabot heroi protagonista zinela, baina ez. Heroia izango bazina, ez itzultzera kondenatuta zinateke. Kapritxo hori kendu nahi diozu patuari, ordea. Inoiz alde egin ez duzula uste duzu, ezta? Itzultzeko ustezko tokia zu zarela pentsatzen duzu benetan? Uste dut ez zarela konturatzen, Sara. Unibertsitate garaitik ihesean zabiltza alde batetik bestera eta orain ez dakizu nora itzul zaitezkeen. Eta orain aita hil zaizula, Gironella itzul-toki egokia ote den zalantza egiten dut.
— Zuk alde egin zenuen, duela hamabost urtetik ez duzu nire berri izan, eta orain uste duzu niri buruz dena dakizula?
«Ditxosozko oroimen selektiboa!». Núriak arrazoi ez duela pentsatu nahi du, baina egunetik egunera Machiavelliren jarraitzaileago izanik, ebidentziei kasu gehiago egin beharko lieke eta Núriari arrazoi eman. Arazoa da ea hori egin nahi duen. Ez da bere buruaz gogoetan ibiltzeko parada, ordea.
Oroimen kolektiboaren eraikuntzaren inguruan jardun du Sarak. Eta Karl Marxek bere obra nagusienaren sarreran erabili zuen termino bat aipatu du: le mort saisit le vif. Hildakoak betirako hiltzen direnaren axiomak ez du zentzurik. Orainaldia hildakoek erregulatzen dutela salatu du, iraganaren gaineko interpretazio batetik abiatuta, orainaldian egin daitekeena eta egin ezin dena mugatzen ari direla.
— Zenbat denbora gehiago egin behar ote du Israelek Holokaustoan hildako juduak erabiltzen bere izatea legitimatzeko?
Beharbada, tabu izan daiteke gizakiaren aurpegirik basatiena eta maltzurrena erakutsi duen ekintza aurrera eraman duen herrialdean halako baieztapenak eta galderak egitea, baina gainontzeko herrialdeetan normalago ikusten du. Espainiako politikara salto egin du jarraian kontu harekin ez jarraitzeko. Zenbait aurpegi harrituk salatu diote ez dela aurrera jarraitzeko bide egokiena.
— Esan behar dut, oroimen historikoan funtsatzen dela gaur egun estatu baten, edo erregimen baten, edo jarrera politiko baten legitimazioa. Duela mende bat historia nazional heroikoetan egiten bazen, alegia, nazioaren loriak goraipatzen baziren, orain saminarekin jolasten da. Lehen heroiak gurtzen ziren, orain hildakoak. Horregatik nioen lehenago orainaldian hildakoek baldintzatzen dizkigutela pauso guztiak. Zergatik ez du ETArekin amaitu nahi Alderdi Popularrak? Biolentzia hori delako aurrera eramaten dituen politikak legitimatzeko forma.
Eta mundu akademikoarentzat hitz egiten duen bitartean, bere burua imajinatzen du Núriak irudikatu bezala: beragana iristeko zubi guztiak dinamitatuta dituen zitadela. Eta bortizkeria guztien oroigarriak bizkarrean. Zer gogoratzen duen, eta zer ahaztu duen. Buruari bueltak eta bueltak ematen dizkio, eta esaten badu, “Noiz utziko dio Israelek Holokaustoko biktima juduak erabiltzeari?”, bere barnerako pentsatzen du: «Ez da momentua, oraindik ez da momentua nire bizitzako etapa horri azken puntua jartzeko».
Eta hotelean dela, Berlingo Unibertsitateko zenbait irakaslerekin bazkaldu ostean, aitarekin hizketan pasatu du denbora. Bitartean, hoteletako geletan uzten dituzten orri horietako batean, hitzak idazten hasi da, datorren hitza aurrekaria baino bortitzago idatziz: “Hurrena zurekin elkartzen naizenean, o! Memoria, zure absentziak profitatutako momentuak kontatu gabe joan zaitez. Ez kontatu hemen edo han egin zenituen parrandetako anekdotak, orgasmoraino iristen lagundu zizuten zakil edo dildoen izenak, mihiaz dastatu zenituen alu eta barrabilen aromak. Ezta sexu profanotik harago dauden begiraden esentziak, edalontzi erdi hustuetan izotz urtuarekin nahastutako penak, estasiak, dantzak, marihuana kanuto baten osteko goseak, barrikadetan oihukatu zenituen gora osteko hitzak. Malkoak sorrarazi zizkizun abestiaren doinua, italierako azterketara joan aurretik erre zenuen zigarro kopurua, hil zitzaizun amonarekin zenuen senidetasuna, zure nartzisismoarekiko begirunea, House-ren azken kapitulua. Hurrena zurekin elkartzen naizenean o! Memoria, zure absentzia eternoa izan dela sinetsita jarraitu nahi dut”.
— Izenburu bat behar duzu. Oroitzapenak desagertu behar direla iradokitzen duena, probokatzailea, transgresorea, izugarria! Errailetatik atera den abiadura handiko trena bezalakoa!
Freccia azkar doa Firenzetik Boloniara bidean. Aurrez aurre du Fiona Frida Kahlori buruzko biografia bat irakurtzen. Ikasleak esan dio noizbait Latinoamerika deskubritu nahi duela, Ciudad Juarezetik Ushuaiara. Bitartean, Sarak malenkonia begirada batekin begiratzen dio mugimenduari. Fionak hitz baten esanahiaz galdetu dio, ez baitute italierara itzuli.
— Llorona-k negarti esan nahi du.
Eta azalpen gehiago eman gabe, leihatilatik bestaldera joan zaio burua, enegarren oroitzapenean Margoten etxera iritsiz. Chavelak kantatzen du bozgorailuetatik, urrunean balitz bezala, baina uste baino gehiago gerturatzen da bihotzera.
— Nire amak deitu ohi zidan horrela. Ahaztuta nuen hona etorri arte. Esan dizut lehenago, nire ama zarela pentsatzen dut.
Oroitzapenen isletan zehar saltoka ibili eta gero, esku hutsik aurkitzen dela konturatu da. Amorruz gainezka, iragana nola suntsi daitekeen galdetu dio aitari. Bere buruaren gainean bonba nuklear bat botako duela erantzun dio.
— Nola pentsa dezakezu hori?
— Nola pentsa dezakedan? Oraindik ez al zara konturatu, Sara? Ni zure garunaren produktu bat besterik ez naiz. Nik diodan guztia zuk pentsatzen duzu. Zure pentsamendua naiz. Amber Gregory Housentzat bezala. Nik Gregory House sindromea deitu diot. Edo bestela Amber sindromea. Cutthroat Bitch sindromea ere gustatzen zait. Gantxoa duen izena jarri behar diot.
— Beraz, orain artean esan duzun guztia nik pentsatu dut?
— Hori da.
Isilik geratu da une luze batez, aitak aipatutakoa onartu nahian. Gero, bere iragana nola suntsi dezakeen galdetu dio berriro.
— Bakeak egin behar dituzu zure iraganarekin. Horixe da suntsitzeko formarik onena.
— Zeinen erraza den hori esatea, baina tximeletek betirako jarraituko dute nire bizkarrean.
Iritsi da dena argitzeko eguna. Apirilaren 14a. Giuliaren etxean jarri dute hitzordua. Sarak berarekin daramatza sei belarritako pareak eta sei lepokoak. Atea jo eta Giuliak irribarre batekin zabaldu dio. Espero zuen eguna iritsi da, Sara berriz ikustekoa. Baina Sara ez dago irribarre askotarako. Ez dago umore onez. Bitxi haiek astero sortu dioten ezinegonak ia akabatu du.
Ez dira atetik mugitu ere egin elkarrizketa guztian. Giulia atearen barrualdean, Sara barrura sar dadin atea zabal-zabalik duela. Sara, aldiz, atearen kanpoaldean barrura sartzeko asmorik gabe.
— Zergatik? —izan da Sararen lehen hitza eta lehen galdera nolabaiteko agurraren aurretik.
— Zerbait txarra egin nizulakoan egon naiz. Ez dut zure berririk izan aspaldian, ez dut jakin nola egon zaren egun hartatik. Pentsatzen nuen niregandik urrundu nahi zenuela, eta niregandik urrundu nahi bazenuen, zerbait txarra egin nizulako izan behar zuen. Ez zegoen beste azalpen logikorik.
— Nire zerbait izan zitekeen, ez duzu uste?
— Zure zerbait bazen, zergatik ez zenidan kontatuko?
— Ez zelako momentua —argi utzi nahi izan du Sarak.
— Eta orain momentua da? —kuriositate handiarekin eta erantzuna baiezkoa izateko itxaropenarekin.
Sarak ez du hitzik egin ordulariko bost tik-takek iraun duten artean.
— Sentitzen dut, Giulia, baina oraindik ez da momentua. Nire bizitzako gauza asko ordenatu behar ditut eta horrek denbora eskatzen du.
Erantzun hori jasota, zabal-zabalik dagoen atea pixka bat itxi du, eta aurpegi irribarretsua aurpegi goibel, eta jarraian, aurpegi erretxindu bihurtu da.
— Eta orduan, zertara elkartu nahi zenuen nirekin? Zergatik etorri zara? —tonu bortitzean.
— Hau itzultzera —Sarak belarritakoak eta lepokoak dituen paketea eman dio eskura—. Ez ditut nahi! Ez dut ulertzen zergatik bidali dizkidazun ere. Soziopata baten paketeak zirela pentsatu izan dut. Ez nuen inondik inora esperoko zu izatea bidaltzailea.
Giuliak paketea hartu eta atea itxi du indarrez Sararen mutur aurrean. Hau harrituta geratu da Giuliaren urruntasunagatik. Bera urruntzea bale, baina Giulia? Ez du inoiz bulegokide ohiaren aurpegi hori ezagutu. Txirrina jo eta jo ibili da gero. Atea eskuarekin astindu du, kolpeka.
— Giulia! Zabaldu, mesedez! Azken galdera bat dut zuri egiteko. Zabaldu! Giulia! Zabalduko didazu, mesedez? E! Beno, berdin dio. Agur, Giulia, lasaitzen zarenean galdetuko dizut.
Eta eskaileretan behera abiatu da. Atea guztiz zabaldu da orduan. Giulia atearen erdian dago, Sara goitik behera aztertzen. Sarak harrituta begiratzen du bere laguna. Baina bere begirada ikusita, jada ez daki laguna denik ere.
— Zer jakin nahi duzu? —mespretxuzko ahotsarekin.
— Nondik atera dituzu bitxi horiek?
Mespretxuzko ahotsa lehenik, mespretxuzko begirada orain.
— Ez galdetu nire negozioen inguruan.
Eta atea itxi du denbora moteldu balitz bezala. Sara izoztuta geratu da.