Tximeletak bizkarrean
Tximeletak bizkarrean
2018, nobela
320 orrialde
978-84-17051-14-3
Azaleko irudia: Paul Klee, Angelus Novus
Ugaitz Agirre
1992, Usurbil
 
 

 

Hamar erantzun?

 

 

Obsesioa korrosiboa denean...

              Ekainaren 2an izan zen ezkontza gorria. Sarak biharamunean ikusi zuen. Bi aste joan dira, eta halere, oraindik entzuten da Castamereko euriaren oihartzuna, eta ez da soilik Robb Stark eta Catelyn Tullygatik. Giuliarena pentsamendu guztien epizentroa bilakatu da eta ideiarik kamikazeena ere horrekin lotzen du. Frey eta Bolton etxeek traizio egin diete starktarrei, Lannister etxearen partez goraintziak eman eta gero. Nor da, baina, traidore eta nor biktima bizitza biziraute ariketa denean. Eta behin pentsatutakoa oroitu du: ez al da dena krimen norbera mafia bihurtzen denean.

              1945-2001 urte tartea sartzen da ahozko ebaluazioan. Memoria, urduritasuna, denbora, estresa, gizartearen presioak familiaren ilusio bihurtuta, mugak, datu uholdea... Azterketa gorrian nork nori traizio egin dion gutxienekoa da, ordea, notaren tinta orrian isurtzen delarik. Ikasleak bizkarrean eraman behar duen zama da, subespeziearen existentzia bermatzeko kondena.

              Fionaren erantzun bat apuntatu du erosketa-zerrenda egiteko erabili duen orrian, ez ahazteko: “Gizartea hezur-haragizko gorputz bat balitz, itxita eta zabalik dauden zauri eta orbanen paisaia amorfo bat litzateke”.

              Denek gainditu dute azterketa, eta justu antzera egin duenari ere gainditu dio. Ez du uztailean berriz itzuli nahi, hori da arrazoia. Hasieratik jakin du denek gaindituko dutela.

              Kurtsoa amaitutzat eman du azken ikasleak bere bulegoa utzi duenean. Etxerako bidea hartu du, eta bere ikasleak terraza baten bueltan ikusi ditu azterketaren emaitza ospatzen. Urrutitik agurtu ditu, eta nahiz eta gerturatzeko eskatu, ezetz esan die, euren momentua dela eta ospa dezatela irakaslerik gabe.

              Bidean, ohiko bezeroa den dendara sartu da. Mugikorra atera behar izan du poltsatik.

              — Ez ahaztu baratxuria. Zapore berezia ematen dio.

              — Badakit. Gorgonzola duten hauek hartuko ditut.

              — Hara! Orain ulertzen dut zergatik dagoen tomate saltsa hain lotuta Italiarekin! Tomatea, piperra eta tipula. Beno, tipula erregosita ez da zuria eta saltsa azkenean gorria da, baina funtsean ideia ulertzen da, ezta? Bide batez, ardorik ez da etxean.

              — Prosseco botila bat ere bai, Maria. Horixe bera.

              — Oso ondo. Aizu, Sara, atxilotu zuten irakasle hura ezagutzen al zenuen? Entzun dut, gainera, ikasleak erabiltzen zituela droga unibertsitatean saltzeko, egia al da? Eta bere bulegoa miatzean armak eta dirua eta gauza gehiago aurkitu zituztela. Ze beldurra harekin lan egitea! Gaztea zen, ezta? Ze familia klase izan ote du horrela bukatzeko...

              — (...)

              — Albaka-sorta hau opari.

              Eta jarraitzen du Giuliaz entzun dituen zurrumurru eta asmakizun guztiak galdera forman ahoskatzen. Baina Sarak ez du horretaz hitz egiteko gogorik. Adeitasuna baztertu gabe, presa duela esan eta beste batean lasaiago hitz egingo dutela zin egin dio. Gogoetan hasten den bakoitzean, poliziaren galdeketak, akusazioak eta konfiantza ezaren sentsazioa gorpuzten zaizkio.

              — Erre egingo zaizu!

              Amorru arrastoak nabari dira piper berdea, tipula eta baratxuria nahasteko mugimenduan. Ardo zuria zartaginera isuri ostean, kopatxo bat zerbitzatzea ere pentsatu du, baina iturritik bete du edalontzia.

              — Tomatea zenbat denbora uzten duzu sutan? Eta piper beltz pixka bat? Bizitasuna emateko. Badirudi ez duzula hitz egiteko gogo gehiegi.

              Traizio bat izan al da? Nork urratu du noren leialtasuna? Baina leialtasuna ez al da jada modaz pasatakoa behar lukeen balio bat, Machiavelliren garaikoa edo?

              — Azkenaldian gorriarekin obsesionatzen ari zarela pentsatzen hasita nago —gorgonzolaz betetako pasta freskoa tomate saltsarekin jaten ari dela. Putz egiten dio—. Bero dago!

              Kafea egiten jarri eta gero, apalategiaren aurrean dago, oso ondo jakin gabe zauriak edo orbanak aztertzen dituen. Objektu horien artean, nabigazio-egunkaria. Egunerokoa baino metaforikoagoa dela iritzi baitu. Azken erregistroaren arabera, 2012ko urrian hasi zuen bidaia amaitutzat ematen da 2013ko ekainaren 19an. Informazioa metamorfoseatzeko garaia omen da, eta etorkizuneko nobela Kafkaren labezomorro edo Silvioren tximeleta bilakatuko dute Fortunak eta Sararen virtù delakoak.

              — Nahi duzuna esango duzu, baina jainkosa kapritxosoaren kontua hartzen dituzun erabakien kargu ez egiteko erabiltzen duzu.

              Kafea zerbitzatu eta zigarroa piztu. Eseri eta idazteari ekin dio:

 

            Soinu bat: ura hodietatik behera. Komuneko atea zabaldu eta emakume bat azaldu da. Ilea bildu eta apalategira hurbildu. Liburu bat hartu du han eta, azal gorriari begiratuz, leihora gerturatu da”.

 

              — Ikusten!

              — Errealitatea den bezala plasmatu nahi dut, ez da nire errua katilu hau gorria izatea.

              Sarak behin eta berriz irakurtzen ditu idatzi berri dituen lerroak, enegarren aldiz, gaur, traizioaren eta leialtasunaren sorgin-gurpilean. «Autobiografiak errealitateari ala niri zor dio fideltasuna?». Idatzitakoa hautatu eta ezabatu du erantzun posibleek gorrotoa sorrarazten diotela.

              Gelara joan da eta Anari erositako ispiluaren aurrean geratu da bere islari begira. Hitzezko autoerretratua egin du ahots goran. Aitak ohetik entzuten dio, eta konturatu da ispilu aurrean biluztu zen hartan ez bezala, tximeletei garrantzia kentzen diela. Apaingarritzat hartzen dituela. Hitzen tonua salatari.

              — Oker zaude, Sara. Benetan uste duzu iraganarekin bakea horrela egingo duzula? Ukatuta?

              — Teoria hoberik baldin baduzu, bota. Bestela ez nago txorakeria gehiago entzuteko.

              Josep ohetik altxatu eta borobilean paseoan jarri da. Azterketa bat proposatu dio, hamar galderako azterketa bat. Sarak islari begira jarraitzen du barreari eutsiz. Ideia zoroa izateaz gain —azterketari nota jarriko diola aipatu du aitak, esate baterako—, denbora galtze hutsa iruditzen zaio. Psikologo lanetarako Dianarengana joan daitekeela gogorarazi dio.

              — Azken bisita eta gero, ez dizu sartzen utziko. Kontua da beldurra diozula zure buruari aurre egiteari, beldur diozu biluzteari.

              Xaxatuz jarraitu du zenbait minutuz, Sararen baiezkoa lortu duen arte. Baldintza bat jarri du alabak, ordea: hamargarren erantzuna entzutearekin desagertu egin beharko du. Hasieran lagungarri izango zelakoan, karga bilakatu da aitaren presentzia. Konforme azaldu da.

              — Lehenengo galdera: zergatik duzu ispiluekiko halako obsesioa?

              Kristalaren hoztasunean pausatu du eskua eta hatz-marken arrastoa inprimatuta geratu da. Aspaldiko kontua da ispiluena, mitoaren forma hartua duena jada. Zer egin ez dakienean, ispiluan sartu eta dakienarekin itzuli. Dena den, hura obsesioa denik ez du onartzen. «Metodo bat baino ez da! Joga edo meditazioa egitea bezala!». Kexu da, aitak nondik eraman nahi duen imajinatuta. Orojakilearen tronutik hitz egingo diola pentsatzen du. Aditu nahi duen erantzunaren arabera, halako edo besteko galderak egingo dizkio, galdetegia bere nahierara bideratuz. Nolanahi ere, jolasetik irteteko keinua egin duenean, isla desitxuratu dela iruditu zaio. Lausotuta ikusi da. Baina irudipena behar du izan. Halere, ez da fio, eta justiziaren figurari so geratu da.

              — Margolariaren eta Josef K.ren arteko elkarrizketan, Kafkak dio justiziaren eta garaipenaren jainkosa bateratzea ez dela lotura ona. Justiziak atsedena behar duela, bestela balantzak mugitzen direla eta horrela ezin direla epai zuzenak eman. Justiziak eta garaipenak ez dute errimatzen eta! Garaipena mugimenduan den bitartean, justizia geldirik dago legea betetzen dela bermatzen. Horregatik desitxuratzen zuen dena Cabot begiratu zen ispiluak, heroiaren justizia nahiak eta heroi izateko garaipen beharrak ez zirelako bat. Eta hori idatzi zenuenerako ez zenuen ez batean ez bestean sinesten, heroiak imajinazioaren produktu besterik ez ziren, ingurukoengatik borrokatzeak eta sufritzeak ez zuen merezi eta ispiluaren bestaldean zegoena ez zen gehiago zure identikoa.

              Filosofikoegia ari zaio egiten hau guztia. Ispilurantz begiratu du berriz, oraingoan zerbaiten bila bezala. Orduan oihartzun bat iritsi da bere erresonantziarekin errepikatuz eta nahasiz: “Nor da Alizia ispiluaren bestaldean?”.

              — Ezinezkoa da barrura sartzea. Ametsetan ari naiz? Ametsetan ari naiz!

              Aitak ispilura zuzendu du hatz luzeena, alabak ondo begira dezan zer dagoen beste aldean. Sara ageri da, bakarrik, eta gainera distortsionatuta.

              — Ispiluaren barruan al nago?

              — Bigarren galdera: non zara bertako?

              Aztoratu da. Bigarren galdera egin badio, lehena erantzun duelako izan behar du. Ametsetan dagoela errepikatzen du eta aitak “non zara bertako?” galdetzen dio, behin eta berriz. Ordulariaren orratz gorria denboraren abangoardia igaro da eta segundoak zerbait garrantzitsuago dira itzultzean. Leihoa zabaldu du eta Firenze dago han aurrean. Eseri da lorategi partikularrean, zigarroa ezpainetan, “hemengo, hango, inongo” hitzen jarraipena historiaurreko xamanen konjurua bailitzan.

              — Nomadek eurekin eramaten al dute lurraldetasuna?

              — Hori ezinezkoa da, begira diaspora bestela —aitak apalategiko liburu bat gainbegiratuz—. Gainera, lurraldearekin trafikatzea legez kanpokoa da.

              Begiratu bat bota du beheko kalera. Han dira berriz ere begi gabekoak. Inor inoren artean. Bera turista ere izan daitekeela pentsatu du. Edo bisitaria. Eta erantzun posiblearen bilaketan konturatu da nonbaitekoa izan behar duela, izateko. Gironella, Bartzelona, Dublin, New York, Firenze. Beti nonbait, beti lur ezezagunak zapaltzen. Halako batean, erromeroaren hostoak nola laztantzen dituen aztertzen ari dela:

              — Nire baitan!

              — Hirugarren galdera: zergatik ez duzu bete Xaviri egindako zina?

              — Ez didazu azalpen metafisikorik eskatuko?

              Hirugarrenaren errepikapena izan da erantzuna. Kontzentratzen saiatu da, lehenago egindako kafea mikrouhin labean berotzen duen bitartean. «Zenbat promesa egin ote dizkiot Xaviri? Ipuin musikatu bateko protagonista izango zela ere zin egin nion».

              — Ez esan bai eta gero ez egin. Pailazo jantziarekin lagunduko zenidala esan zenidan orain dela bi hilabete eta ni bakarrik nabil egiten. Txapuza bat, badakit, baina...

              — Bihar geratuko gara! Benetan!

              — Gauza gehiegitan zaude. Ez zin egin bete ezin duzuna.

              — Ez zizun horrelakorik esan, Sara —aitak oroitzapenak zuzenduz—. Ez zenbiltzan gauza gehiegitan, gauza bakarrean itsututa zinen. Joan haren atzetik txolin baten pare.

              Begiratu zakarra bota dio aitari. Ez du kontu horretan murgildu nahi. Kafeari putz egiten dio gehiegi berotu duelako. Isilik geratu da ustez denbora luzez. Beste oihartzun bat: “Nola aurkituko duzu itzulerako bidea?”.

              Aita irakurtzen ari den liburua Sara Ahmedena da. «Erantzuna eskuetan eduki du orain arte. Ondotxo zekien, eta halere, jolas putakume honetan mantendu nau».

              — Eta ez dizut alde egiten utziko erantzunek asebetetzen nauten arte.

              — Ados, ados —jolasaren logika ulertuta eta aldi berean jolasaz nazkatuta—. Zoriontsu izango nintzela esan nion, baina ez dut lortu. Mea kulpa. Gaurdanik ez dut beteko ez dudan promesik egingo. Gustura zaude horrela?

              — Laugarren galdera: lau hitzek hain itzal luzea izan al dezakete?

              — Ez, hori ja ez! Amaitu honekin!

              — Lau hitz besterik ez dira: bokatiboa, subjektua eta aditza. Bakoitza bere kasa denean ondo; baina elkartzen direnean, ea... deskribatzeko metafora on bat behar dut... Bai! Elkartzen direnean, infernuko ateak zabaltzen dira zure oinpean. Eta sugarrak handiak badira, itzalak ere halakoak izan behar dute. Badakizu zein hil zen sugarretan? Scar! Tira, oso metafora ona ez da, baina balio dit. Ni zu banintz, itzalak laburtzen saiatuko nintzateke. Jakin beharko zenuke itzalak mamuak eta munstroak hazteko habia aproposak direla.

              Taupaden oihartzun bortitzak nabari ditu bularraldean. Nahikoa dela garrasi egiten dio. Aitak berean jarraitzen du:

              — Zure hiztegietan aspalditik ez du zoriontasunak maitasunarekin errimatzen. Haserretu egin direla dirudi.

              Hurrengo galdera egiteko erregutzen dio. Bat-batean, Silvio: “Hay hombres que luchan un día y son buenos. Hay otros que luchan un año y son mejores. Hay quienes luchan muchos años y son muy buenos. Pero hay los que luchan toda la vida, esos son los imprescindibles. Bertolt Brecht”.

              Josep eta Sara R5 grisean Gironellara bidean. Argi-fokuek argitzen dutena bakarrik ikus daiteke, baina Sarak urte luzez inongo ispilutan ikusi ez duen poztasunaren arrastoa nabari du kopilotu doan 18 urteko Sara horretan. Oso difuminatua, baina keinu bat memoriaren zokorik abandonatuenean, agian itxaropena egon daitekeela iradokitzeko.

              — Giuliak puzzle bat zinela esan zizun, baina inoiz ez zuen jakin buruhaustea konpontzen. Ez zuen inoiz konpontzeko aukerarik izan, ez zeniolako eman, ez zenuelako nahi. Barne-barnean bakarrik egotea desiratzen duzu, ez duzu afekturik txikiena ere onartzen. Horregatik dituzu opariak guda-orban gisa apalategian. Paolak emandako lepokoa, Anak oparitutako liburua edo Dublindik ekarritako Silvioren diskoa eta Tolkienen Hobbita. Heroiaren kaiera bera ere bertan duzu. Baina arrazoi batengatik inoiz ez zenituen Giuliaren opariak bertan jarri.

              — Ez sartu Giulia horretan! —oso haserreturik—. Ez zuen hor egon beharrik eta ezin zuen egon. Ez nekien nork bidaltzen zituen lepoko eta belarritakoak, ez zuten karga emozionalik niretzat eta limurtzeko ziren halakorik nahi ez nuenean! Gutxi iruditzen zaizu!

              Aitak hitz egiten jarraitu du denaren jakitun: “Kale kantoi hartan izaki higuingarri batean gorpuztutako hitzak ahoskatu zituen...”.

              — Nahikoa da! Bai, Giuliak maite ninduela esan zidan, Joanek egin zuen bezala! Badakit! Horregatik egin nuen alde bere etxetik, ezin ditudalako hitz horiek jasan! Kale kantoi hartan “Sara, nik maite haut” esan eta gero bortxatu ninduenetik, nola nahi duzu maitasuna irudikatzea? Ezin ditut hitz horiek entzun, nazka ematen didate. Horregatik iritsi naiz ni neu gorrotatzera.

              — Bosgarren galdera: nor da nakama?

              Margoten egongela etorri zaio burura. Kanji japoniar haiek. Eta momentuko emozioen aitortza bat.

              Llorona izaten utziko dizut, baina gaur bakarrik! —Margoti inoiz ikusi gabeko energiarekin—. Bihar esnatu eta munduari nahikoa dela esango diozu! Bere aurrean jarri eta bera baino gehiago zarela erakutsiko diozu!

              — Margot, munduari ezin zaio bakarrik aurre egin.

              — Noski ezetz! Hori suizidioa litzateke! Ez, borroka horretarako lagunak behar dituzu alboan, nakama-k.

              Aitak tekila trago bat zerbitzatu dio eta, bozgorailuetan, Chavela Vargasek negar egiten du. Alkoholak penak kitatzeko balio duela eta, bertan ito nahi ditu munstroak. Beren burutzarrak hartu eta oxigeno gabe utzi. Momentu egokia ote den galdetzen du bere baitarako.

              Aliatu hitzaren zentzu militarregiak bultzatu du bestelako hitzak erabiltzera Margotek aipatu zion borroka hartako bidaideak izendatzeko. Nakama-ren exotismoa medio, ahoskatze samurra tarteko, soilik geratzen da hitzaren zakuan nor sartu erabakitzea. Tekila edan eta nabigaziora irtengo diren nakama posibleen izenak marraztu ditu orri zuri batean.

              — Kapitaina bat bakarra da eta jakin beharko zenuke hori nire postua dela.

              Giuliaren izena tatxatu. Núria? Seguruenik ez du Sararen berri izan nahiko. Xavi milaka kilometrotara laguntzeko prest. Anak tripulazioan behar du. Zenbat urte Olivia eta Anna ikusi gabe? Auskalo munduko zein geografiatan dauden. Fionarengan zerbait ikusten duela garbi dago, nahiz eta oraindik ez duen ulertu zer izan daitekeen. Dianak lagunduko ote dio kontsultatik kanpo? Margot rue La Fayetten egongo da edozertarako, baldin eta la llorona izateari utzi badio. Aitak ezin du zerrendan egon hamargarren erantzunarekin desagertuko baita. «Eta beste tipo hori?».

              Otu zaio Capisci beharko lukeela itsasontziko bodegetan gordeta egon ohi diren saguak ehizatzeko.

              — Seigarren galdera: katuak etxekoak ala bisitariak dira?

              Ezin du kasualitatea izan aita beti pauso bat aurrerago egoteak, azpi-jokoren batek egon behar du tarteko. “Capisciri ala Chibiri buruz ari zara?”. Erantzunik eman gabe, Hiraideren liburua hartu eta paretako atzapar arrastoen ondoan eseri da. Ausazko kapitulua irakurtzen hasi zaio: 17.a. Chibiren heriotzari buruzkoa, auto batek harrapatuta, nahiz eta ez zuen harrapaketaren zauririk. Berarekin lotzeko protagonistek erabili zuten mekanismo psikologikoa ere kontatzen du, hain baitzen handia katu bisitariak utzitako hutsunea.

              Sarak gelaren bazter batetik begiratzen du aitaren irudia. Zerbait esan nahi diola pentsatzen du, galderaren zentzugabetasuna sakonera handiko amildegi baten ertza izango balitz bezala. Hormako arrastoak, Capiscirenak. Bere heriotza bat-batekoak hutsune handiegia utzi zuen, eta hura betetzeak beste hutsune bat sorrarazi behar zuen nahitaez. Horregatik dago Chat noir arrasto haien gainean, zuloa estaltzen duen tapaki moduan.

              — Auto istripu bati lotutakoa eta bat-batekoa. Bi heriotza. Bi katu. Bata bisitaria eta bestea etxeko. Beraz, zure galderari erantzunez, bietakoak izan daitezke. Baina ez dut uste halako erantzun sinplerik onartuko duzunik. Zer nahi duzu, etxeko baten eta bisitari baten arteko ezberdintasunak azaltzea? Capiscik zer esan nahi zuen niretzat? Esadazu, aita! Zentzua duen galdera al da? Harpa jotzen zabiltza... Joder! Erantzun iezadazu zerbait, ostia!

              Eta oihartzuna entzuten da berriz: “Ez galdu burua, Sara. Kapelagilea bezala amaitu nahian zabiltza? Oraindik bidean jarraitu behar duzu”. Ezaguna egiten bazaio ere, ez daki noren ahotsa den. Sabaira begiratzen du, baina han ez dago ezer. Aitari kexu da, suminduta; honek irakurtzen darrai, baina. Erantzunik jaso ezean, beste ezerk ez duela axola dirudi, eta bitartean, alaba eskura duen edozeri kolpeka hasi zaio burua ez galtzearen aholkuari jaramon egin gabe. Aulkia lurrera bota, loreontzia apurtu, liburuak jaurti... Halako batean, esku bat pausatu zaio ezker sorbaldaren gainean.

              — Ez galdu burua, Sara. Ez amaitu Kapelagileak bezala.

 

 

Sarak txikitan ohitura bat zuen lo egin aurretik. Amak ipuina irakurtzen zion. Beti zen ipuin bera. Alizia protagonista zuen Lewis Carroll britainiarraren lehena, hain zuzen. Amaitzen zuenean, berriz hasteko eskatzen zion. Sinesten zuen lo hartzerakoan Aliziaren mundura joango zela horrela. Urteak pasatu zituen itxaropena zalantzan jarri gabe, eta ohiturari eusten zion irakurle eta entzulearen rolak aldatu bazituzten ere. Amak sorbaldatik inguratu eta adi-adi entzuten zuen, beti lehen irakurraldia izango balitz bezala harrituz. Lotarako ordua iristen zenean, bekokian muxu eman eta argia itzaltzen zion Aliziari goraintziak emateko esanez. Hurrengo egunean, egun onarekin batera neskaren berririk ba ote zuen galdetzea zen amak egiten zuena. Sarak lurrera begiratzen zuen eta amak berriz saiatuko zirela agintzen zion.

              Baina bada goiz bat berezia suertatu zena. Aita irratiarekin liskarrean zen. Anak bost urte inguru zituen orduan, eta zerealek esne pean igeri egiteko zuten gaitasuna ikertzen ari zen. Sara burumakur sartu zen sukaldera, ez zuen gehiago saiatu nahi. Aliziaren herrialdea fantasiazkoa zen eta inoiz ez zuen lortuko hara iristea. Amak zerbait esan aurretik, korrika irten zen kanpora.

              — Zatoz hona nire llorona —sorbalda inguratuz—. Sekretu bat kontatuko dizut, ez esan inori. Alizia Erregina Bihotzak harrapatu du. Horregatik ezin dizu zabaldu bere lurraldera sartzeko atea. Baina Alizia salbatzeko aukera bat badago oraindik: ez ahaztea.

              — Ahazten ez badut, erreginak ez dio burua moztuko? Seguru zaude horrela salba dezakedala? Ez al da hobe dagoen tokira joan eta handik ateratzea?

              — Hori bada egin nahi duzuna, pista bat emango dizut: nor da Alizia ispiluaren bestaldean?

 

 

— Katuak aitzakia besterik ez ziren beraz nor den etxeko eta nor bisitari jakiteko.

              — Zazpigarren galdera: zergatik ahaztu nauzu?

              Galdetzailearen ahotsa ez da aitarena. Aspaldian sentitu ez duen goxotasuna eta epeltasuna nabari du sorbaldan.

              — Zergatik ez nauzu begiratzen? Beldurtuta zaude? Sara, badakit entzuten didazula.

              — Hiru galdera dira horiek, azken bat falta da.

              — Denak galdera bera dira. Gainera, ni ez naiz zure aita. Berarekin egindako tratuek ez dute balio.

              Bira egin du. Aurrez aurre du ama. Lotsatuta begiratzen dio alabak orain artean ahaztuta izan duelako. Kolpean etorri zaizkio urriaren 2ko irudiak eta aurrekariak. Ahaztutako denak. Hutsunearen tapakia hegaka hasi da eta amaren esku gainean geratu.

              Listua irentsi du Sarak:

              — Ez zaitut ahaztu.

              — Hainbeste urte ikusi gabe eta esaten didazun lehenengoa gezurra da. Ez dut uste hala hezi zintudanik —alabak lurrera begira jarraitzen du—. Sara, nor zaren ahaztu duzu, beraz nitaz ahaztu zara. Zure baitan aurkitu behar zara. Uste duzuna baino gehiago baitzara. Gogoratu nor zaren, nire alaba zara.

              — Horiek Mufasaren hitzak dira.

              Bat-batean, Berlingo zinema-aretoa. Rafiki zaharra lezio garrantzitsua ari zaio erakusten Simbari: iraganak min egin dezake, baina bi aukera daude: ihes egin ala ikasi. Haurrentzako istorioetan sartu ohi dituzten bizitzari buruzko gogoeta sakon horietakoa. Bat-batekoegia egin zitzaion amaren heriotza irakaspen bat lortzeko. Horregatik hartu zuen ihesaren bidea, ez baitzen gai ikusten parean zuenari aurre egiteko.

Bat-batean, gogora etorri zitzaion ahaztua izan behar zuen dena: Pirinioetako mendiak igotzen zituen ama; zinema aretotik ateratzean istorioen nondik norakoak eztabaidatzera bultzatzen zuen ama; berearekin ateratzen ez zenean, nire llorona deitzen zion ama; Aliziaren abenturak irakurtzen zizkion ama; munduari aurre egiten erakutsi zion ama.

              Ahaztuak zituela uste zuen, baina norbaitek sakabanatutako pelikula-zinta berriz lotu izan balu bezala, ihesera eraman zuen lehen pausoaren bila hasi da.

              Ospitalean hil zen, aurreko egunean molestia bategatik medikuarengana joan eta gero. Zuzendariak klasetik atera zuen ditxosozko urriaren 2 hartan. Aita eta Ana lur jota zeuden eta Sarak ez zuen inor llorona deituko zionik. Amaren oroimena eta errespetua mantentzeko hautua egin zezakeen, eta nahi zuen. Baina ama gogoratzen zuen aldiro, sufrimendua zen, beti irteten zen galtzaile barne-gerra hartatik. Eta Lehoi Erregea ikustera joateko adorez bete ostean, Simbak lortu zuen garaipena fikzioan geratzen zela pentsatu zuen, hobe zuela alferrikako sufrimendutik urrun egotea, ama ahaztea. Txikiegia sentitzen zen munstro ikaragarri haien aldean.

              — Urte gehiegi izan dira ihesean, Sara. Esan behar dut atsegin dudala zitadela ibiltari honetan bizitzea; etxera itzultzeko ordua heldu da, ordea. Ez duzu uste?

              Sarak ez daki zer esan. Ez daki etxerik ba ote duen itzultzeko, eta baldin badu, non dagoen. Zalantzaren erdian, amak besarkatu egin du. Etxeak erortzen badira, berriak eraiki daitezkeela ohartarazi dio. Nor den baldin badaki, zapaltzen den lurraren kokalekua gutxienekoa dela. Baina zera galdetu dio ondoren, aita okupatuegi baitago Hiraideren liburuarekin:

              — Zortzigarren galdera: Scarrek...

 

 

— ...Simba garaitu izan balu?

              — Orain ere galdera hori?

              — Berlinen ez zenidan erantzun eta esan diezadakezunak intrigatzen nau.

              Larunbata. Zigarroa piztu zuenean, gaua gainean zen. Zurrut txiki bat gintonikari. Kargatu samarra zegoen. Eta hegoaldeko haize epelak gaugiro paregabea eskaintzen zuelarik, tabernako atea ireki eta itxi zebilen.

              Sarak burua jaso zuen ahotsaren norabide berean. Mutil gazte bat zen, ezker begia marka batek zeharkatzen zion goitik behera. Eta begi berdeak, marihuana kolorekoak.

              — Gauza garrantzitsuagoetan pentsatu ohi dut —gero pausa bat egin zuen—. Ez zara niri segika ibiliko, ezta?

              — Zerk eraman zaitu hori pentsatzera?

              — Zu berriz hemen ikustea ez zaizu nahiko ebidentzia iruditzen?

              Galtzen poltsikotik zimurtutako zigarro paketea atera zuen. Eta ahoan ipinitako zigarroa ere paketea bezain zimurtua zegoen.

              — Eta ez duzu une batez pentsatu agian zu zarela niri segika dabilena? Zu berriz hemen ikustea ez zaizu nahiko ebidentzia iruditzen?

              — Utz dezagun nor nori segika ibili den, ez dut uste eta inora iritsiko garenik —gintonik kargatuari zurruta—. Eta zer egiten duzu hemen?

              — Alemanian diote italiarrak errazak direla ligatzeko. Hori konfirmatzera etorri gara.

              — Alegia, turismo sexuala egitera etorri zaretela zu eta zure lagunak.

              — Bakarrik etorri naiz —libre zegoen eserlekuan jesartzen zelarik—. Metxeroa hartuko dizut.

              — Bakarrik? Eta hemen ingurutik edo Italiatik mugitzen zabiltza?

              — Florentzia inguruan. Boloniara ere joan naiz, baina gehienbat hemendik.

              — Eta zorterik izan al duzu neska italiarrekin?

              — Aurrean agertzen zaizkizun aukerak aprobetxatu behar dira. Uste ez duzunean zas!, norbaitek zure mugikor zenbakia eskatzen dizu edota zure izena galdetzen dizu edota garagardo batera gonbidatzen zaituzte edota ezagutzen ez dituzun pertsonen argazkiak paretetan zintzilik dituen gela bateko ohean agertzen zara arroparik gabe edota kale kantoi batean zakila miazkatuko dizutela esaten dizute.

              Azkeneko posibilitate hura ez zitzaion batere gustatu. Ez zion sentsazio onik transmititzen. Halere, albo batera utzi zuen bere gorputzak sentitzen zuena, eta entzun ez balu bezala jokatzeko erabakia hartu zuen elkarrizketarekin zerikusia izan zezakeen galdera botaz:

              — Casanova bat zarelakoan? —beste zurrut bat gintonik kargatuari.

              — Inondik ere ez.

              Eta “trago bat eta etxera” pentsatuz irten bazen ere, konpainia hark gaueko ordu txikiak arte luzatu zion kaleko egonaldia. Beste hainbat trago suposatzen zituen horrek. Alkohol usaina ezpainetan sedimentatuta azkenerako.

              — Sekretu bat kontatzea nahi?

              Jeremy Scarrek beste zigarro zimurtu bat piztu zuen.

              — Ezagutu ginen eguneko gauean zurekin pentsatuz masturbatu nintzen.

              Ez zuen harridura keinu txikienik ere egin. Ezer gertatu ez balitz bezala, denborak bere uniformetasunean aurrera jarraitzen duen moduan, garagardoz erdiraino beteta zegoen edalontzi luzanga hartu eta eztarritik behera bidali zuen edaria.

              — Ez al zaitu harritzen?

              — Zerk? Emakume bat masturbatu izanak?

              — Ez! Zu-taz pentsatzen egin izanak!

              — A —inongo entusiasmorik erakutsi gabe—. Egia esan, ez.

              — Zu ez zara normala!

              — Seguru nago nire ezagunen batek edota behin kaletik ikusi nauenak gauza bera egingo zuela noizbait. Nik gauza bera egiten dut. Erakargarria iruditzen zaidan norbait ikusten badut, berarekin pentsatuz masturbatzen naiz, inoiz gertatuko ez den fantasia porno-erotiko bat imajinatuz. Eta imajinazioak laguntzen ez duenean, beti ere hor daude ikus-entzunezkoak.

              — Baina kontua da nik aitortu egin dizudala zutaz pentsatuz masturbatu nintzela.

              Mutilak ez zuen keinu bat bera ere egin. Eta Sara haserretzen hasi zen. Kolpez altxatu zen eta alkoholaren efektua forma berean igo zen. Eskutik heldu zuen Jeremy Scar.

              — Gaur nirekin egingo duzu larrutan, nire fantasia egia bihurtuko dugu.

              — Ez —alkoholarengatik erdi itxita zeuden begiei begira.

              — Nola ez? Inongo konpromisorik gabe dagoen mutil gazte batek inoiz ez dio ezetz esaten larrutan egiteko aukerari. Zu ez zaude sano!

              — Bi arrazoi ditut ezetz esateko. Bat: zu ez zarela italiarra. Eta bi: fantasia egia bihurtzen baduzu, ez da gehiago fantasia izango.

              — Eta nik esaten dizut bi arrazoiak absurdoak direla sexuaz hitz egiten ari garenean.

              Gogoz kontra eta arrastaka eraman zuen bere pisuraino. Zigarroa ahotik zintzilik, ezer pasatzen ari ez zela adierazten zuen aurpegiarekin, sexua ez zen beste edozer gauza anbiguo egitera zihoala zirudien.

              Ohean bota zuen txaketa bat botatzen den forma berean. Arropa eranzten hasi zitzaion, kolpeka, estresatuta.

              — Esan dizut ez dudala zurekin larrutan egiteko intentziorik.

              — Zaude isilik! Seguru inoiz izan gabeko gogoak dituzula honetarako —botoiak banan-banan askatzen, baina binaka askatzen zituela zirudien.

              — Ba ez. Egia esango dizut: zutaz dena gustatzen zait zu izan ezik.

              Sarak ezpata bihotzean bezala hartu zituen hitzok. Kolpez gelditu zen eginean. Eta Jeremy Scarren alboan eseri zen, inoiz emandako berri txarrena balitz bezala. Berak atsekabe formaren bat nabaritu zuen Sararen aurpegian.

              — Ez nauzu nire ikuspuntutik mugituko, baina irtenbide bat aurkitu dudalakoan nago. Zure fantasiak fantasia izaten jarraituko du eta nik ez dut larrutan egingo zurekin.

              Ohearen parean zegoen besaulkian eseri zen.

              — Masturba zaitez.

              Sarak silueta bat bakarrik ikusten zuen iluntasunean. Silueta bereizgarri bat, han norbait zegoela iradokitzen zuena inor egon gabe. Eta noizbehinka hitz solte batzuk entzuten zituen agindu eran agindu izan gabe. Halako sentsualitatea zuen egoerak. Halako mistika erotikoa. Eskua bakarrik mugitzen hasi zitzaion. Bular artetik. Sabela zeharkatu. Eta jeansek stop. Bizkarra ohean etzan eta botoia askatu zuen. Ondoren kremailera. Dena oso astiro. Erosotasuna bilatuz, galtzak jaitsi zituen, pixka bat bakarrik. Belaunak estalirik zituen oraino. Eta kuleroen gainean ipini zuen eskua. Laztantzen. Eta begirada bat siluetari. Zigarro piztuaren gorritasuna. Eta kea irensterakoan aurpegia argitzen zen. Marihuana koloreko begi berdeak azaltzen ziren Sararen begien aurrean. Hain sakonak ziruditen, oihana, beren txikitasunean.

              — Igo eskua bularretaraino eta beheratu plazeraren bila.

              Eskuak azalarekiko kontaktua mantentzen zuen denbora guztian, eta berriz ere gorantz. Zilborraren gainetik gorago. Eta bularretara iritsi zen. Titipuntak nabaritu zituen. Tente zeuden eta ukitzea atsegin zuten. Eta beste behin, beheraka bidean jarri zen.

              — Laztandu zaitez bi eskuekin norabide kontrajarrietan.

              Eskua kuleroen gainean jarri eta goraka abiatu zen. Bi eskuak sabelean elkartu ziren. Behin baino gehiagotan. Eta zikloa berriz hasten zela sinestera iritsi ziren elkartzen ziren bakoitzean. Eskuek elkar laztantzen zuten. Lepoa. Belarriak. Ezpainak. Sudurra. Ilea. Sorbaldak. Besoak. Sabela. Ipurdia. Titiak. Ohean bueltaka eta bueltaka, eskuen laztanez gain maindireek ere laztan zezaten. Eta azkenerako, kulero haien pean sartu nahi zuen, baina ezin zuen, ez zen ausartzen han sartzera, debekatuta balu bezala.

              Denbora minutuetan banatzen zen eta minutuak eternoak ziren plazera eternoa zen moduan.

              — Kuleroen muga gaindi dezakezu orain.

              Eta derrepentean, kuleroetara gerturatu ziren bi eskuak, batera. Eta barrura sartu. Alua igurzten hasi ziren, lehen aldiz deskubritu izan balute bezala.

              Pentsamendu guztia irudi inkoherenteen aurkezpen bat zen. Kontrolatuta sentitzen zen, eta ezin zuen ezer egin siluetaren ahotsak agintzen ez bazion.

              — Bularrek ere plazera merezi dute. Ez duzu uste? Abandonatuta dituzu.

              Inkontzienteki mugitu zen ezker eskua bularrak igurztera.

              — Eta ezpainek. Eta belarriek. Eta ile adatsek. Horiek ere plazera nahi dute.

              Eskuak gorputz osotik mugitzen jarri zituen. Beste behin. Eta dena egiten zitzaion berria, dena zegoen deskubritzeke.

              — Izterretatik ileetaraino dago mugitzeko espazioa. Bilatu eremu horretan plazera.

              Eskuak mugimenduan. Plazeraren bila. Eta intziriak ziren testigu.

              — Igerian jakin behar da ozeanoetan ibiltzeko.

              Sararen intziriak entzuten ziren soilik. Gerturatzen zebilen, nora gerturatzen ari zen jakin gabe.

              — Beranduegi izan daiteke nabigatzera irteteko, baina inoiz ez dakigu hori nabigatzera irten arte. Zoaz nabigatzera.

              Ordutik aurrera libre izan zituen eskuak. Hipnositik esnatu balitz bezala, biluzik zegoen ohearen gainean. Hasierako esaldi hura etorri zitzaion burura: zutaz dena gustatzen zait zu izan ezik. Pentsatzen, begiak zabaldu zituen ohearen gainean, oraindik bere gorputz biluzia laztantzen ari zela. Eta Jeremy Scar bere gainean zegoen segurtasun eremua gaindituz. Begietara begiratzen zuen mutilak.

              — Ez zara ezertaz konturatzen, tuntuna —eta bi hatzekin kolpetxo bat eman zion Sarari kopetan.

              — Zer ari zara egiten? —aurpegian jo zion. Mutila lurrera erori zen kolpearen eraginez. Odoletan zegoen. Eta eskuak lurrez zikinduta.

              Sara larritu egin zen. “Itxaron! Komunean izango dut zerbait zauri hori garbitzeko!”, esan zion komunera korrika zihoala. Baina gelara itzuli zenean, Jeremy Scar ez zegoen han.

 

 

— Zergatik galdetzen duzu hori, ama?

              — Filma amaitzean geratu zitzaidan zalantza.

              Amak inoiz ez zuen filma ikusi, ordea. Astero pelikula bat ikusten zuen zineman Sararekin batera. Lehoi Erregearen estreinaldia iritsi zain egon zen 1994ko irailean. Telebistan trailerra ikusi zuenean, emozio berezi batek hartu zuen. Azaroaren 8a gorriz borobilduta zegoen sukaldeko egutegian. Baina Sara bakarrik joan zen Disney etxearen lan berria ikustera. Ez zen ideia ona izan, eta pixkanaka Scarren bidean murgildu zen Simbarena albo batera utzita. Edo Simbarena hartu zuen, baina ez zen arantza basotik inoiz atera. Edota heroiaren eta antiheroiaren arteko nahasketa bat asmatu zuen, zitadela ihesaren eta ahanzturaren politikekin gobernatuz.

              — Mutil horrek ez dizu ezer onik ekarriko, Sara.

              Alabak irri egin dio. Horrelakorik inoiz esan ez zionez, orain esateko beharra sentitu du akaso. Babesteko nahia dela pentsatu du alabak, eta estu heldu du ama. Inori ez dio utzi bere babesle izaten hemezortzi urtetan, postu horrek amarena izan behar zuela eta. Sarak kezka haren jatorriagatik galdetu dio, galdera aitzakia bat izanik amarekin hizketan jarraitzeko. Sarak ez dionez kasurik egingo, beste galdera bat egiteko baimena eskatu dio amak.

              — Bederatzigarren galdera: dorpeziekin bizitzen ikasi al duzu orduan?

              Harrituta geratu da. Dorpeziekin bizitzen ikasi zuenaren baieztapena dirudi, ergo dorpezien inguruan hitz egiten egon da lehenago. Orain arteko galdera guztiek dorpezia pertsonalen bat ezkutatzen dutenaren susmoa du, eta bueltak eta bueltak eman eta gero, ez du behar bezalako erantzunik topatu. Eta ispiluaren bestaldean pasatako denborari buruz gogoetatzen duen artean, Irlandako oroitzapen bat agertu zaio amaren hitzetan: Anna eta Olivia izen arraroak azaltzen Sarari. Dragoi baten aurka borrokatzen ziren ipotxei buruz ari ziren.

              — Euren etxea zen Erebor mendia eskuratu behar zuten Smaug dragoia menderatuz. Eta lortu zuten, baina orkoak eta otsoak guda-zelaian azaldu ziren, eta orduan Bost armaden guda jazo zen.

              — Nola gogora zaitezke horrelako gauzez? Inoiz ez naiz gai izan liburu osoa irakurtzeko.

              Apalategitik hartu du Hobbita. Gogoan ditu bi irlandarren eztabaidak, eta Sara bitartean ipotxen borrokarako gaitasuna zalantzan jartzen. Bere ustez ipotxak ezin ziren gainontzeko izakiak bezain onak izan gerran. Baina orduan Annak erratuta zegoela esaten zion eta Oliviak informazio gehiago gehitzen zuen argudiaketara. Tolkienen munduari buruz eurekin eztabaidatzea ezinezkoa zen. Ulergaitza zitzaion halako pasioarekin bizitzea fantasia besterik ez zen zerbait. Fantasian bizitzea, errealitatetik urrunduta, dorpezia bat iruditzen zitzaion, zerbait ezkutatzeko forma. Horrela pentsatzen du Aliziarekin topatzeko ahaleginek fruiturik ez zutelako eman.

              — Ez dizut ulertzen, ama. Ez dut uste Oliviaren lezioek praktikan balio izan didatenik. Zein dorpeziarekin ikasi dut bizitzen bada?

              — Munstroa esnatu behar duzu, Mercedes, bestela ez da konturatuko —aitak periferiatik.

              Amak beharrezkoa ote den galdetu du eta Sarak ez du ezertxo ere ulertzen. Elkarren artean eztabaidatzen hasi dira metodologiaren inguruan, eta baietzaren eta ezetzaren gainetik gailendu dena arpegioen jokoa besterik ez da izan.

              Hoy viene a ser como la cuarta vez que espero desde que sé que no vendrás más nunca...”.

              Tximeletek hegan hasi nahi dute, behingoagatik libre ibili zeruaren eta lurraren arteko espazioan. Hala, bizkarreko zauriak irekitzen dira eta min jasanezina garrasi metamorfoseatzen. Zer esan nahi duten oroitarazteko forma kuriosoa tximeletena. Amak besarkatu eta lau hitzak xuxurlatu dizkio belarrira. Sarak ezin du jasan, ordea, atmosfera berriaren presioa, eta lasterka abiatu da ispilutik ateratzera. Ispiluaren bestaldean amesgaiztoa esnatzen ari da:

              Sara lurrean botata dago, ilunpetan. Egunkari bat dago mahaiaren gainean. Igandea, 2013ko otsailaren 24a. Eta mahaiaren inguruan bi silueta, lurrean botata dagoen Sarak sumatzen ez dituenak.

              — Uste duzu altxatuko dela?

              — Bizirik dagoela uste duzu?

              Bietako batek eskua jarri dio ahoaren aurrean. Oraindik hatsa botatzen duela baieztatu du.

              — Nirekin elkartu nahi duela esaten du.

              — Ni aspalditik nago bere bizitzan, baina oraindik ez daki nor naizen. Zigarro bat nahi?

              — Bat hartuko dizut.

              Zigarroak ahoan jarri, eta metxeroarekin piztu. Aurpegiak argitu dira. Edo maskarak. Suak iraun duen artean ikusi ahal izan baitira. Bat gaztea da. Ile luzea, beltza. Eta bizarra matrailaren ertza marratzen. Begia goitik behera zeharkatzen dion orbain bat. Eta begi txikiak, berdeak, marihuana kolorekoak. Bestea gizon heldu bat da. Sudur luzea du. Begi urdinak eta zahartzaroak berarekin dakartzan zimurrak aurpegian. Robin Williamsen antza du.

              — Esnatzen bada, lagunduko diogu puzzlea bukatzen? —galdetu du gazteak.

              — Eta ez bada esnatzen?

              — Eta ez bada esnatzen? —galdera berarekin erantzun dio zigarroaren kea arnastuz.

              — Puzzlea bukatzen duela simula dezakegu.

              — Aukera bat da. Baina nik itxaron egingo nuke oraingoz. Ez ditzagun gertakariak aurreratu. Utz diezaiogun etorkizunaren ziurgabetasunari bere karta jokoan.

 

 

— Nola? —Sarak ezin du sinetsi ikusten duena—. Zer da hau? Beste ilusio bat?

              — Edo errealitatea bera izan daiteke. Ez duzu uste?

              — Esan nahi didazu ilusio batean bizi izan naizela? Dena nire buruak imajinatu duela? Egunez egun? Detaile txikienekin imajinatu dudala dena? Ez dut onartzen! Ez! Inoiz ez nuke nire bizitzarekin halakorik egingo. Ados! Zortea tentatu izan dut batzuetan, heriotzaren begiak ikustera iritsi naiz. Onartzen dut! Baina hau ez! Hau ez dut onartzen! Ez nintzen hil otsailaren 24an, oraindik bizirik nago!

              — Seguru zaude? Nork esaten dizu zu ez zarela ilusio bat eta lurrean botata arnasa justu-justu hartzen duen Sara hori ez dela erreala? Zergatik ez da ilusio bat zure zoriontasunaren giltza? Bizitza errealean ez duzu zoriontasunik ezagutu. Zu zeu mespretxatzera iritsi zara. Eta dena zergatik? Lau hitzengatik? Lau hitz horiei ihesi eman duzu bizitza osoa, baina nola lortuko zenuen ba zoriontasuna lau hitz horiek zure hiztegitik ezabatzen bazenituen? Ez al da absurdoa?

              — Zergatik bihurtu duzu zurekiko maitasunari diozun higuina zure dorpeziarik handiena? —galdegin dio amak—. Hain handia zoriontsu bizitzeak zu higuintzea bera esan nahiko lukeela.

              Sara hormaren kontra makurtuta dago. Burua hanken artean sartuta du, eta bi eskuekin babesten du. Antsietatea sentitzen du. Bihotzaren erresonantziak gorputz osoan nabaritzen dira, ur tanta baten uhinak balira bezala. Erritmoa azkartzen doa. Eta bitartean, aitak goitik “Onartu ezazu Sara, hau da zure errealitatea”, esaten dio, egoerak beste erremediorik izango ez balu bezala. Baina Sarak berean jarraitzen du.

              — Ez dut onartzen! Hau zuek muntatu duzuen pantomima bat besterik ez da! Gerta daitekeen okerrenaren simulazio bat! Berez, laguntzeko behar zenuten hemen, baina hasieran baino okerrago nago. Atera nazazue hemendik!

              Jainkosa kapritxosoak Sararen garrasiak entzun dituela dirudi. Handik irteteko eskariari kasu eginez, lurra bitan zatitu du, eta Sarak erorketa librean madarikatzen ditu, traizio egiteaz leporatuta, geroz eta gorago ikusten dituen ama eta aita.

              — Eta hamargarren galdera: nork egin dio traizio nori?

              Irri egin dute biek. Agur esateko modu egokia iruditu zaie.

              Hormari eusteko ahaleginetan hasi da, konturatu baita amildegiaren hondoa joz gero ezingo duela lurrazalera, eta hala ispiluaren bestaldera, itzuli, ez behintzat denboraldi luze batean. Lehen ahaleginetan, hatzak urratu eta odoldu ditu, baina lortu du azkenerako hormari eustea. Amildegia eskalatzeari ekin dio, dorpe, geroz eta gehiago kostatzen zaio goraka egitea. Amildegiaren ertzean mutil gazte bat ikusi du zeruari so. Sarak laguntza eskatzen dio ahalik eta ozenen garrasi eginez, baina haizearen uluak ezerezean uzten ditu bere esfortzu guztiak. Eskua luzatzen saiatu da, ea horrela ikusten duen behintzat. Kasualitatez edo, begirada zerutik urrundu du eta elkarri begira geratu dira. Begi berdeak, marihuana kolorekoak. Sakonegiak hain txikiak izateko. Astiro makurtu da, eta istant batez heldu dizkio bi eskuak.

              — Itxaron! Honekin amets egin nuen! Zurekin amets egin nuen! Baina non dago untxi zuria?

              — Ez zara ezertaz konturatzen, tuntuna.

              — Jeremy? Jeremy Scar zara! Baina nola? Berdin dio! Lagundu nazazu, Scar!

              Erantzun bera, baina Sara ez dago logika ezkutuetarako. Amildegiaren hondoa deitzen ari zaio, baina berak ez dio deiari erantzun nahi. Azterketaren absurdoak muga denak zeharkatzen ditu, eta Sara begi berdeko tipoaren esku dago, hutsunera erortzeko zorian. Orduan, hamargarren galdera egin dio berriro.

              — Zuk ni!

              — Nik zu? Pixa egin nahi nuen, ez beste ezer.

              Harrituta geratu da. Irudi ahaztuak eta gogoan dituenak elkar lotzeari ekin dio, momentuko adrenalinak anfetaminen efektu bera sorraraziz. “Nor zara zu?”, begietara begiratu dio ikaraz beteta. Eta sekretu bat esatera bezala hurbildu zaio:

              — Jeremy Scar, zure fobiarik handienaren itzaletan bizi den munstroa. Zutaz dena gustatzen zaiona zu izan ezik. Betirako ahaztua pentsatzen zenuena, baina egunero zure inguruan izan dena. Bizi luzea Sarari!

              Eta askatu du amildegiaren sakonera kondenatuz, kristal apurtuak besterik ikusten ez diren paisaia horretara.