Tximeletak bizkarrean
Tximeletak bizkarrean
2018, nobela
320 orrialde
978-84-17051-14-3
Azaleko irudia: Paul Klee, Angelus Novus
Ugaitz Agirre
1992, Usurbil
 
 

 

Preludio (luze) bat

 

 

Soinu bat: ura hodietatik behera. Komuneko atea zabaldu eta emakume bat azaldu da. Ilea bildu eta apalategira hurbildu. Liburu bat hartu du han eta, azalari begiratuz, leihora gerturatu da. Zabaldu, eta indarrez eta amorruz jaurti du liburua. “Cazzo fai?”, entzun da, harriduraz eta haserrez nahastutakoa. Emakumeak leihoa itxi du kaletarrek diotenari erreparorik jarri gabe, eta aulkian eseri da pantailari eta orri zuriari begira. Minutu erdia besterik ez, eta mugikorra jo eta jo. Sakelatik atera du, eta erantzun.

              — Pronto.

              — Sara! Egun on! Giuseppe naiz. Zenbat denbora...

              — Egun on, egun on... Zer nahi duzu?

              — Ezker hankarekin jaiki al gara gaur, Sara? Normalean ez zara hain zakarra telefonoz hitz egiten duzunean.

              — Ez nago denbora galtzeko, Beppe. Zer nahi duzu?

              — Ba ez dizut denbora galaraziko. Jakin nahi nuen ea nola zoazen eleberriarekin. Badakit denbora hartu nahi duzula, baina gutxienean zertaz hitz egingo duzun jakin nahi dugu argitaletxean.

              — Oraindik ez dakit zeri buruz idatzi, eta ez dut nahi inork molesta nazan. Berriz zure dei bat jasotzen badut, Firenzetik alde egingo dut eta ez nauzu gehiago aurkituko.

              — Ez jarri horrela, Sara. Ohiturak dira. Ez dizut presio egin nahi, baina jakin nahi dut ea aurtengo nobedadeen artean zurea egongo den bai edo ez.

              — Ba ezezkoan pentsatzen joan zaitez, beste urte batean beharko du nire eleberriak.

              Elkarrizketak luzaroan jarraitu du horrela, baten jakin nahia guztiz ase gabe eta bestearen urduritasun eta haserrea areagotuz.

              — Gomendio bat egiten utz nazazu bederen. Takashi Hiraide izeneko idazle baten lana da. Murakami zalea zarenez... Oraintxe ez dut izenburua gogoratzen, baina pasatuko dizut e-mailez.

              — Ciao, Beppe.

              Eta deia moztu du.

              Beste behin ere, eserlekuan. Beste behin ere, emaitza berbera. Ez da gauza izan hatzak ordenagailuaren teklen gainean mugitzeko. Presioak alde guztietatik. Editorearen deiak sarriagoak bihurtu dira hilabetetik hilabetera. Eta irakurleen mezuak ugariagoak dira blogean, hurrengo eleberriaren nondik norakoak jakin nahian. Eskema labirintiko bat ere egina dauka gelako horma batean. Testu solteak, argazki inprimatuak, egunkarietako berriak eta post-it koloretsuak. Dena bata bestearekin lotuta harien bidez. Sherlock Holmes-en gisa Game of Shadows filmean. Baina Sarak ez du detektibeak bezainbesteko imajinazioa lotura horietatik guztietatik James Moriarty irakaslearen argazkira iristeko. Eta Sarak bere Moriarty akabatu gabe jarraitzen du azpi-joko edo estrategia perfektu bat bururatzen ez zaion artean. Bigarren eleberri madarikatu horren ardatza, bigarren eleberria osatuko duten hitzen atzean ezkutatzen den hari mehe eta ia ikusezin hori otu arte, Moriarty bere kapritxora ibiliko da kaosa ereiten bere posizio pribilegiatutik.

              Eta Sarak biderik gabeko bidegurutzearekin amaitu nahi du behingoz. Urteak pasa dira bere lehen eleberria argitaratu zuenetik, eta izandako arrakasta medio, bigarren bat idazteko adorea biltzen hasi zen. Hasiera batean, ilusioz beteta, euforiaren aparretan, dena posible zela pentsatzen zuen. Egunak pasatzen joan dira, ordea, ordutik. Egutegiak biluziago zeuden hilabetetik hilabetera. Zenbat urte pasa ote dira eleberri hark argia ikusi zuenetik?

              Etxeko txirrinak jo du halako batean. Azpiko bizilaguna da, duela bost urte alargundutako agurea. Eguzkitako betaurreko graduatuak ditu jantzita, eta txapela kendu du emakumeak atea zabaltzearekin batera. Elegante jantzita, txaketa eta gorbata eta guzti, akaso meza nagusitik etorriko da. Adeitasunez agurtu du etxekoa, eta duela ia ordubete leihotik jaurtitako liburua luzatu dio dardara txiki batekin. Boomerang efektua izan behar du bai ala bai. Sarak “bihotzez” eskertu dio keinua. Gero, atea itxi du eta begirada hiltzaile bat bota dio liburu madarikatuari, baina liburuak ez ditu gizakiaren erregistroak ulertzen, eta berean jarraitu du: liburu huts bat, tindatutako orrien bilduma koadernatu bat izaten.

              Gero logelara abiatu da, liburua eskuetatik askatu gabe. Ispiluaren aurrean geratu da bere islari so. Ez du oroitzen noiz hasi zuen minutu luzez ispiluaren aurrean egoteko ohitura. Hipnosi ariketa bat dirudi: ispiluan sartzen da eta itzultzen denean aurretik ez zekien egia batekin datorrela uste du.

              — Liburu putakume hori...

              Pixka bat lasaitu denean, zabaldu eta lehen lerroak irakurtzeari ekin dio.

 

              Alkitran koloreko gaua zen. Ilargiaren argia bera ere hodei lodien atzean ezkutatzen zen, lotsatuta baino gehiago beldurtuta. Eta berrogeitaka urteko gizonezkoa aztoratuta zebilen bere atikoan, pentsamendu kamikazeen kaosak argi eta garbi pentsatzen uzten ez ziola. Dena atzean uztera behartu zuen patuak, eta patuari aurre egiteko adorerik ez zuen sakeletan. Enegarren zigarroa itzali zuen, eta apalategitik ausazko zenbait liburu larruzko zorroan sartzerakoan, batzuk lurrera erori ziren eta erori bezalaxe geratuko ziren eternitate guztirako. Txaketa beltza, bufanda eta txapela modu traketsean jantzi eta bizkar eman zion gela hari, betirako seguruenik. Begirada malenkoniatsu eta nostalgiko bat. Agur esateko modu egokia zela iruditu zitzaion”.

 

              Garrasi egin du, haserre, eta kolpez altxatu da lurretik.

              — Nola da posible horrelako hasiera batekin izandako arrakasta izatea?

              Eta liburuaren balizko erantzun bat jaso aurretik logelako hormaren aurka jaurti du indar guztiekin. Arnasestuka makurtu da, haserre kapritxosoa kontrolatzeko ariketa bat dirudi. Eskuin eskua sorbaldaren gainean pausatu du. Bitartean, isilpean lapur baten pare, bisitari bat sartu da logelara. Atzapar iletsuekin hanka igurtzi dio bizpahiru aldiz eta, jarraian, hanken artean bueltaka hasi da, ilearen sentsazio goxoa.

              — Zer duzu, Capisci?

              Tripa zorriak orroka hasi zaizkio.

              — Bazkaltzeko ordua dela dirudi. Hori al zen nahi zenuena?

              Miau, erantzuna. Sukaldean moldatzen den horietakoa da Sara. Etxetik kanpo hainbat urtez bizitzen egon eta gero, bere teknikak eta maniak ditu zerbait kozinatu nahi duenean. Ardo zuriak edo pipermin beltzak ematen duten ukitu berezi hori atsegin du, eta leihoaren ondoan lorategi txiki bat eraikita du hainbat belarrekin. Perrexila edo oreganoa edo menda edo bestelako zaporeren bat nahi badu, hor ditu fresko-freskoak. Batzuetan, gauza sinpleenari berezitasun txiki bat jartzea nahikoa da sinpletasun hori desagerrarazteko.

 

 

Giulia Marchettok ilea solte darama Firenzeko kaleetan aurrera doala. Gauaren sabela bezain ilunak diren ile-adatsak haizeak mugitzen ditu, eta begien paretik kentzen saiatzen da, hatzekin belarri atzera eramanez. Arratsaldeko eguzki izpiek azala jo eta gorriztatzen dute; hala, bere begien eta ilearen belztasunarekin nahasturik, iraultza garaiko bandera bat iradokitzen da momentu zenbatezin batez bada ere.

              Bi musurekin agurtu du Sara, plaza txiki bateko terrazan esperoan egon baita, zigarro bat eskuan. Zenbait hitz Giuliaren soinekoaren inguruan. Urdin iluna da, lore estanpatuekin. Turkesa koloreko lepoko bat ere badarama, merketik deus ez duten horietakoa. Sarak esku hatzekin hartu du arreta gehiagorekin ikusteko. Arratsaldeko eguzkiak dirdira berezi bat ematen dio harribitxiari. Nondik datorren jakin nahi du Sarak, jatorriarekin zer nolako harremana duen Giuliak, zerk elkartu ote dituen, dena jakin nahi du Giuliari eta turkesa koloreko harribitxiari buruz. Giulia ohituta dago halako polizia galdeketetara, eta ez da batere urduritzen. Batzuetan obsesiboa izatera iristen baita Sararen jakin-mina, izate ororen logika ezkutua argitara azaldu nahi duenarena. Giuliak desiratzen dituen erantzunak eman dizkio banan-banan, Sararen asmoen atzean inolako intentzio makabrorik topatu gabe. Zazpi urte bete zituenean, gurasoek halako lepokoa oparitu zioten. Egunero janzten zuen zorte onaren talismana bailitzan. Baina behinola, mahaiaren gainean utzi zuen betirako, enbarazu egiten zionaren aitzakian. Agian, lagunen komentario gaizto batek bultzatuta. Oso garbi ere ez du zein izan zen motiboa. Egun batez, Firenzeko kaleetan barrena zebilela, gurasoek oparitutako lepokoaren antzekoa ikusi zuen bitxitegi bateko erakusleihoan. Ez zuen bitan pentsatzeko astirik hartu, eta konturatzerako lepoan jarrita zuen. Halako nostalgia punttu batekin, denborak bere oniritziz lapurtutako zerbait berreskuratu izan balu bezala. Auskalo. Horrek ez zion axola Giuliari.

              — Ardo zuri kopa bat, mesedez —eskatu dio terrazara gerturatu den zerbitzari gazteari.

              Eta isiltasun labur baten ostean, zerbitzariak eskaria hartu eta alde egin arte iraun duena, Giuliak pasatu berri den udako zenbait anekdota aipatu dizkio lagunari. Gurasoen etxean egin ditu aste batzuk, bere jaioterrian. Triesten. Italiako azken hiria, garai bateko Jugoslaviarekin mugan, Winston Churchillek altzairuzko oihalaren amaieratzat jo zuena. Baina egun Eslovenia txiki batekin egiten du muga, eta inork ez du gogoratu nahi Welcome to Sarajevo graffitia. Enperadore erromatarren garaiez arduratzen diren historialariek Giuliaren jaioterrian nonbait kokatzen dute Teodosio enperadorea kristautuko zuen garaipena herri barbaro baten aurka. Garibaldik ere Triestetik harago joan nahi izan zuen Italiako erresuma modernoa sortzen hasi zenean, baina ez zen Venetotik pasatu, eta patuaren zortera utzi behar izan zuen Italiak bere mugak Adriatikoaren beste ertzean kokatzeko asmoa. Historiaren anekdotek ez dute inolako antzik, ordea, Giuliak kontatu dituenekin.

              Ez anaia ez ahizparik ez du izan, eta beraz, bere gain izan du familiaren etorkizunaren pisu guztia. Langile klaseko familia batean jaio zen, baina ontzioletan hainbat urtez lan egin eta gero, gurasoak sindikatuz aldatu eta goi kargua eman zieten. Dirua egiten hasi ziren, bestelako jendearekin egoten... Giuliak ikasketa onak izatea nahi zuten, atzera egingo ez zutela bermatzeko. Txikitatik bere gaitasunei ahalik eta zukurik gehien ateratzen saiatu ziren, Giulia euren aurka agertu zen arte. Akademietara apuntatzen zuten bederatziak hamar eta hamarrak ohorezko matrikula bihurtzeko. Esajeratua hiperbolatzen zuten. Bigarren hezkuntza bukatzerako, ama hizkuntzaz gain beste lau hizkuntza ulertzeko gai zen: alemana, ingelesa, frantsesa eta kroaziera. Ama Udineko probintziakoa zen berez, eta friulera ere ulertzen zuen hala moduz, nahiz eta ez zen hitz egiteko gauza. Amak ez zion erakutsi nahi izan, pentsatuz ez zuela ezertarako balioko, eta hobe zela atzerriko hizkuntzak ikastea, etorkizunean mundu zabalera irten beharko baitzuen seguruenik. Bestelako akademietan ere apuntatu zuten: matematikak, fisika, biologia... Gurasoek mediku bihur zedin nahi zuten, alegia, ondo ordaindua zegoen lanbide bat.

              Giuliak ez zuen denbora askorik behar izan testuingurua ulertzeko. Gurasoen aurka ager zitekeen, esan ez zela gehiago klase partikularretara joango, ez zuela beste hizkuntza bat ikasi nahi, ez zuela gurasoek agindutakoa gehiago egingo. Baina ez. Gainontzeko lagunak futbolean edo jolasean edo lehen alkohol tantak probatzen zebiltzala, gurasoek markatutako bidean jarraitu zuen Giuliak. Bazekien hark denborarekin balioko ziola, etorkizunean momentuko frustrazio guztiak desagertuko zirela. Ikastetxe pribatuko nota onenak lortzera iritsi zen, eta beka bat lortu zuen unibertsitateko ikasketak atzerrian egiteko. Gurasoak pozarren zeuden. Pentsatu zuten medikuntzako ikasketak egingo zituela Estatu Batuetan edo Europako hiri garrantzitsuren batean. Erratuta zebiltzan, ordea. Giulia atzerrira joan zen, bai. Baina Londresko King´s College-n sartu zen, eta Medikuntzaren ordez, Historiako ikasketak hautatu zituen bere ibilbide akademikoan aurrera jarraitzeko. Tony Judt edota Eric Hobsbawm historialariek han ikasi zutela eta, aukerak izanik, han bertan ikastea erabaki zuen. Etxean ez zuten oso begi onez ikusi alabaren erabakia. Giulia horren jakitun zen, bazekien medikuntza ez bezala etorkizunik gabeko ikasketa bat hautatzen bazuen, etxean sekulako asaldura sortuko zela. Baina bere mendekua zen, meditatua, urteetan isil-isilik aurrera eramandakoa.

              Haserrealdi beroa izan zuten Ingalaterra aldera joan aurreko astean. Giuliak burges batzuk zirela aurpegiratu zien gurasoei. Ondotxo zekien non kolpatu behar zituen. Burges deitzea blasfemia hutsa zen haientzat, euren kontraesanak agerian uzten zituelako. Kasik etxetik bidali zuen aitak hori entzundakoan. Amak lasaitzeko erregutzen zion, pentsatu gabeko zerbait zela Giuliak esandakoa, nerabezaroko tontakeriak eta ero haizeak. Berriz ere oker. Giuliak tinko eta sendo jarraitzen zuen berean, eta beste behin errepikatu zuen.

              Azkenean amak bidali zuen etxetik. Giuliak maletak eta eraman beharreko guztia prest zituen, eta ahal bezain azkar alde egin zuen, gurasoek iritziz aldatu aurretik. Lagun batekin hitz eginda zegoen, eta astea non pasatu bazuen. Plan makiavelikoa zirudien hark, tentuz tentu, erreakzioz erreakzio planifikatua. Momentua gogoratzen duen aldiro, sentsazio hori du bederen. “Agian etxeko alaba kuttuna eta bakarra izateak horrela pentsatzera eraman ninduen”, aipatu ohi du Giuliak.

              Jendea bere asmo eta nahien arabera manipulatzeko aukera izan zuen bakoitzean, ez zuen zalantzarik izan bere abileziak bere onerako erabiltzeko. Baina denborarekin manipulazioaren kontua zerbait kontrolagaitz bilakatzen joan zen. Edo hobeto esanda, naturaltasunez hartzen joan zen jolas bihurtu zen.

              Timothy izena zuen mutil hark, Timothy Flynn. Manchesterreko eskualdetik metropolira hurbildutako hogeita bat urteko mutil lotsatia. Analisi historikoaren klasean elkartu zen lehen aldiz Giuliarekin, eta ikusi orduko begiak zabaldu zitzaizkion mutilari. Ez zen atzerritar bakarra, baina agian exotikoena egin zitzaiona izan zen Giulia. Indiarrekin eta Ekialde Hurbilekoekin ohituta akaso, italiar baten gainean jarri zituen bere begi urdin goibelak. Zer zuen bada galtzeko? Baina mutila ez zen ausartzen kaixo esatera. Denbora guztian neska italiarrari begira. Irakasleak zerrenda pasatzen zuelako, bestela ez zuen bere izena ere jakingo, ezta Italiatik joana zela ere. Giuliak bira ematen zuen aldiro, disimulatu nahian zabalduta zuen liburuko hitzen artean gatibatzen zen. Giuliak ez zuen denbora askorik behar izan gertatzen zenaz jabetzeko, hain zen behatzailea ezen detaile ñimiñoenari ere ez ziola muzin egiten. Ez zuen inondik inora erakartzen, ordea. Lasto artean, beste lasto bat. Jolasak, baina, erakartzen zuen. Notatxo batekin eman zion hasiera. Maitasun itsua zein absurdoa den frogatu nahi zuen, jendea zer egitera irits zitekeen, alienazioaren hari muturrari tira nahi zion ea zein puntutan apurtzen zen, apurtzen baldin bazen. Hitzordu baterako gonbita: arratsaldeko bostetan bere etxe azpian. “Ez jo txirrina, ni jaitsiko naiz”. Baina bere etxeko helbidea idatzi beharrean, kalearen bestaldeko atearena idatzi zuen, bere gelako leihotik ikus zitekeena. Gaueko hirurak arte egon zen itxaroten gizajoa. Bitartean leihotik ezkutuan, Giulia zelatan alkohol merkea eskuetan.

              Erronkek aurrera jarraitzen zuten. Neska zintzoarena maskara-joko baten icebergaren punta besterik ez zen eta Timothyk Giuliaren atzetik jarraitzen zuen itsu-itsuan, etorkizuneko ondorioei erreparorik jarri gabe. Erronka bat gainditu eta beste bat zetorren atzetik, aurrekoa baino gogorragoa. Horretara mugatzen zen bien arteko harremana Giuliaren jolasean, erronketara, eta Timothy itzalpetako esklabo bat soilik zen neskarentzat. Klase orduetan edota unibertsitateko korridoreetan ez zion begiratu bat ere eskaintzen. Notatxo berri bat irakurtzen zuen une oro, baina, itxaropena berragertzen zen Timothyren sabelaren eta bihotzaren artean.

              Bi hilabeteren ostean, erronken kontuarekin nazkatu zen Giulia, eta azken nota batean, sinpleki, dena bere kapritxo bat izan zela azaldu zion. Aspertuta zegoela, eta denbora-pasa egokia izan zitekeelakoan hasi zela notatxo haiek idazten. Timothyk hura irakurriko zuenean, Giuliaren aburuz, ezer larririk ez zen pasako. Uste horren aurka, Timothyren konfiantza faltak eta txotxongilo baten gisa erabili izanak suizidioaren eta mendekuaren arteko hari mehearen gaineko funanbulista bihurtu zuen. Auskalo zer izan zen azken erabakia hartzera eraman zuena, baina goitik behera aldatu zen mutila, halako mozketa bat iraganaren eta etorkizunaren artean.

              Ordu txikietan deiak jasotzen zituen Giuliak, hitz koherenteen absentzia zuten deiak. Batzuetan soinu arraroetara besterik ez ziren mugatzen. Kaleetan norbait jarraika zuela nabari zuen zenbaitetan, bere itzalaren jarraipen bat. Giuliaren hasierako konforta bat-batean desagertu zen, kontrolak eskuetatik alde egin zion eta babesgabe sentitu zen lehenagotik ezagutzen ez zuen egoera hartan. Poliziarengana hurbildu zen, hori izan zen burutik pasatu zitzaion lehen gauza, eta gizonezko bat jazartzen ari zitzaiola argudiatu zion polizia-etxeko harreran zegoenari. Timothy Flynn izena zuela, eta salaketa jarri nahi zuela egiten ari zitzaionarengatik. Poliziak, bere uniformeak eskaintzen zion babesetik, frogarik ezean ezer ezin zezaketela egin aipatu zion. Aztoratuta irten zen komisariatik, eta ahal bezain jende gehien zebilen tokietatik itzuli zen etxera. Bertan, egoerari nola buelta eman pentsatzen ibili zen gaueko ordu txikiek jo arte. Orduantxe, telefonoaren txirrina. Zalantza izpirik ez zuen Timothy zela, baina oraindik ez zuen oso garbi nola konpondu zezakeen arazoa, eta telefonoa hartzeak ez zion konfiantza handirik ematen. Azala gogortzen ari zitzaion pixkanaka. Jo eta jo jarraitzen zuen, eta bizilagunak esnatzeko ez zen askorik faltako. Erabaki bat hartu behar zuen lehenbailehen. Arnasa sakon hartu eta isiltasunari tarte bat eskaini. Eskua telefonoaren gainean jarri, eta hiru... bi... bat...

 

 

— Pronto ... Bai? ... Bai ... Orain? Ezin du itxaron? ... Berez bai, baina nahiago nuke gerorako utzi ... Konforme, ez badago beste modurik ... Bai, oraintxe naiz bertan, emazkidazu hogei bat minutu ... Bai, hori da ... Ciao, ciao.

              Mugikorra poltsan sartu du. Arnasa hartu eta barkamena eskatzen hasi zaio Sarari. Besotik heldu dio. Eskuak elkartu ditu ezpainen aurrean. Sarak lasai egoteko esan dio, joateko joan behar duen tokira. Giuliak barkamena eskatzen jarraitu du, beharraren deiak bere atseden momentua zapuztu baitu. Sara bere aulkitik altxatu da, eta bi musu emanda joateko esan dio, ia bidaltzeko tonuan. Eskuarekin agurtuz, atzeraka alde egin du Giuliak Via Toscanellan aurrera, eta Sara bere bakardadearekin geratu da Firenzeko plaza exotiko horretan. Piazza della Passera. Turismoak irentsitako hiriaren apendizea izan daiteke agian, gutxi batzuek bakarrik ulertzen duten tokia.

               Caffè degli Artigiani izena du kafetegiak. Bost mahai borobil ditu kanpoan, egurrezko eserlekuz inguratuta. Bi mahai hutsik daude eta beste bietan bikote bana. Azken mahaian Sara dago libreta bat zabalik duela. Lehen bikotea gaztea da, hogeita gutxi urte izango dituzte. Mutilak izozki kukurutxoa du eskuan; neskak hiru izozki-bola ditu terrina batean, marrubizkoak, gainetik txokolate zatitxoak dituena. Plastikozko koilaratxo batekin zatitxo txikiak kentzen dizkio esfera bakoitzari, eta mutilaren dastatzeko eskariari erantzunez, bikotearen ahora eraman du koilaratxoa. Beste mahaian, adineko bi gizon daude ardo kopa banarekin. Batek egunkaria du eskuetan, eta albiste guztiak milimetroraino aztertu ondoren pasatzen du orrialdea. Ez dute hitz bat ere gurutzatu azken bost minutuetan. Zer kontaturik ez dute, jada nahikoa esan diote elkarri, eta hitzek ez dute garai batean zuten balioa. Nahikoa da begirada bat edo keinu bat esan nahi dutena adierazteko. Batzuek bizitza osoa dute aurretik, oraindik zer deskubrituko duten ere ez dakite, mundua irensteko gogoz daude. Besteek, aldiz, azkeneko geltokian itxaroten diote trenari, eta itxaronaldi luzearen ostean hitzak berak ere agortuta daude, herdoilduta, akabatuta eta esanahiz itota. Keinuak geratzen dira soilik, keinu nekatuak eta geldoak. Gaueko espresa etortzen denean, akaso azken irribarre batekin agurtuko dute elkar.

              Eta batzuen algarek eta sorpresak eta besteen isiltasunak zerbait iradoki dezaketelakoan, libreta zabaldu du beste zigarro bat piztu aurretik. Bolalumaren tinta beltz orbanak daude orrialdean, zirriborroak, harizko bola abstraktuak. Kea irentsi eta bolalumaren punta orriaren gainean utzi du. Zer idatzi ez dakiela, paperak tinta xurgatu du zirkulu bat eratuz. Tatuajea.

              Pertsona garrantzitsu batek eman zion gomendioa gogoratu du: bere esperientziari buruz idaztea, bere bizipenei buruzko istorio bat asmatzea. Akaso gomendioa ona zen, baina ez zuen halakorik egin. Ez zuen orduan bere burua biluztu nahi. Edo nahi baldin bazuen ere, ez zen gai bere burua biluzteko. Agian orain da horretarako momentua, baina ez daki nondik abiatu ere. Letrak marrazteari ekin dio. “Bizi esperientzia. Autobiografia” idatzi du. Gero zigarroa ezpainetara eraman, eta zorrotz begiratu dio idatzitakoari. Kea bota du tintaren gainean. Hitzak desagertu eta berriro agertuko dira behe laino atzetik bezala. Bat-batean halako argitasun jainkozko bat azalduko balitz ideia onena begien aurrean argitzeko... Baina horrelakorik ez da gertatu, ez eta gertatuko ere. Zigarro osoa erre du hitz horiei begira, idatzitako hitzei buruz hausnartzen eta hausnarketen abstrakzioan naufragatzen.

              Bere baitan asmatu berriak diren ideiak baztertzen dituela, ahozko historiari buruz egin zen hitzaldi bat etorri zaio burura. Irlandan izan zen, 2001. urtean. Ipar Irlandako gatazkaren inguruko ziklo batean. Ikertzaile gazte batek elkarrizketak egin zizkien berrogeita hamar hiritarri, Lurgan udalerrian gatazka nola bizi izan zuten ezagutzeko. Agian, pentsatu du, ahozko historiaren teknika erabil dezake bere istorioa harilkatzeko. Azken ideia hori apuntatzeari ekin dio zigarroa hautsontziaren aurka suntsitu eta gero. Buruan bueltaka dituen pentsamendu guztiak libretan idatzi ditu ahaztu baino lehen, eta bere gertakari garrantzitsuenak ordenatu ditu kronologikoki.

 

 

Goizeko sei eta erdietan jaiki da. Aurpegia ispiluaren aurrean ipini, eta...

              — Gaur egun berri bat da!

              Kantatzeari ekin dio, Cyndi Lauperren Girls Just Want to Have Fun. Kamiseta tiranteduna eta kuleroak erantzi, eta dutxan sartu da. Laranja usaineko xanpuz ilea garbitu, xaboiarekin azala igurtzi. Ura azalean behera irristatzen zaio, eta lurruna komun guztian zabaldu da. Kanila itxi du. Bi toalla hartu ditu: bat buruan jartzeko eta bestea gorputza estaltzeko. Sukaldera joan eta kafea egiten ipini du. Bi ogi xerra txigortzen jarri, eta katilu bat mahaiaren gainean utzi du beste armairutik azukrea ateratzen duelarik.

              — Esnea!

              Energiarekin zabaldu du hozkailuko atea, esnea hartu eta katiluaren ondoan ipini du. Gaingabetua bitamina eta kaltzioarekin. Hozkailura joan da berriz ere, marmelada potearen bila. Ogiek txigorgailutik jauzi egin dute. Plater batean ipini, eta mahaiaren gainean utzi ditu. Tabako paketea ere katiluaren alboan jarri du. Kafearen aroma arabikoak sukalde osoa inbaditu duenerako, dena prest du gosaltzeko. Irratia piztu du. Zazpietako berriak bata bestearen atzetik. Ez dira askorik aldatu aurreko egunetik, baina egunero kontatu behar da zerbait, seguruenik egunero argitzen duelako, eta beste egun bati hasiera eman behar zaiolako. Ogi txigortuen gainean marmelada jarri, eta gosaltzeari ekin dio hankak gurutzaturik.

              Oraindik kafearen zaporea ezpainetan duela, zigarro bat ostu dio paketeari. Leihoaren ondoan jarri da, landareen berdetasunaz inguratuta, gaueko orban ilunak apurtzen dituen zeruari begira; zigarroa patxadaz erre du. Capisci ere bere loalditik esnatu da. Aho zabalka hurbildu zaio Sarari, eta honek burutik buztaneraino laztandu du egun onak emanez. Lata bat zabaldu, eta plastiko gorriko plater batean jarri dio katu jana. Pixkanaka jan du, hark ere ez du presarik.

              Denboraren orratzak aurrera doaz, eta tximeleta bat pausatu da hosto berde baten gainean, goizeko ur tanta baten ondoan. Handiagoa dirudi tantak sortzen duen distortsio optikoa medio. Baina hegal zuriko tximeleta hori ez da handiagoa egingo, nahiz eta agian distortsioak azaltzen duen bezain handia izan nahi duen. Nola alda daitezkeen gauzak distortsio batengatik. Behar zaionari arreta gutxiago eskaini, eta gainontzekoari behar duena eta are gehiago. Norberaren usteen kontra askotan, momentuak erabakitzen du zer den garrantzitsua, eta erabaki okerrak etorkizunean epaitzen dira. Seguruena gaurko klasean ere halako zerbait egingo du, historiako gertakari bat etorkizuneko ikuspuntutik epaitu. Horixe da bere ofizioa. Zenbat buruhauste. Momentu batez garai zaharretara itzuliko litzatekeela pentsatu du tabakoari darion kea irentsiz. Kezkarik eta ardurarik ez zen garai haietara bueltatzeko txartelak garesti dira baina, eta soilik memoriaren irudi distortsionatuek eraikitzen dute simulazio bat Sararen neurona artean. Aitarekin baratzean aritzen zen garaia. Amaren atzetik mendiak igotzen eta zeharkatzen zituen garaia. Ahizparekin jolasean aritzen zen garaia. Lagunekin arratsaldea ibaiaren ertzean pasatzen zuen garaia. Poza. Irribarreak. Zoriontasuna. Noiz bukatu ote zen hori dena?

              Eta bat-batean, Capiscik jauzi egin du tximeleta zuria harrapatu nahian. Orduan itzuli da Sara bere gogoetetatik. Zigarroaren errautsak filtroraino iristen dira, eta konturatzerako zazpiak eta hogeita bost pasata dira. «O, Dio! Berandu iritsiko naiz», pentsatu du zigarroa hautsontzian itzaltzen duela. Gelara korrika joan, eta janzten hasi da. Kulero beltzak, bularretakoa ere, zetazko alkandora beltz bat? Bai, eta jeans urdinak, bere hanka luzeei itsatsita. Komunera joan da. Ondo orraztu, edo ahal duen bezala; azkenerako ilea bildu du. Kolore pixka bat jarri, begi ertzak beltzez pintatu, belarritakoak jantzi, perfumatu. Hortzak garbitu. Txaketaren bila gelara joan eta Heroiaren kaiera lurrean ikusi du.

              — Zer egiten du hemen?

              Apalategira eraman eta dagokion tokian utzi du: arrastoak utzi dizkioten objektuen apalean.

              Takoi txikiko zapata beltzak jantzi sarrerako atetik metro batera, eta poltsa hartu. Dena duela uste du, eta “Ciao, Capisci” esanez, giltzaz itxi du etxeko atea. Bizikleta portaletik hartu duenean, ordulariari begiratu dio: zortziak laurden gutxi. Justu antzera, baina garaiz iritsiko da. Helmuga: Via San Gallo, 10.

              Heldu bezain pronto, lehenik eta behin, bulegotik pasatu da. Zenbait mezu elektroniko hari eta honi bidali, telefono deiren bat egin, klaserako beharrezko ikusten duena hartu. Zehazki, aurreko egunean gainbegiratu zituen liburuak. Eric Hobsbawm, Tony Judt, Gerda Lerner eta Giuliano Procacciren liburu bana. Pare bat poltsan sartu ditu, besteak eskuetan, klasera abiatu da ahal bezain azkar iristeko. Lehen klasera berandu iristea ez du batere gustuko, jendearen denbora alferrik gastatzea errespetu falta handia iruditzen zaio. Arnasestuka zabaldu du atea, eta borobilean jarrita dauden hamahiru ikaslerekin egin du topo. Koadernoak zabalik, grabagailuren bat martxan jartzeko prest... Apunteak hartzeko zain daudela dirudi. Gogo eta indar berezi bat eman dio Sarari horrelako eszena ikusteak. Zerrenda bere baitarako irakurri du izenak aurpegiekin lotzeko.

              Mirella Lombardi. Brescia, 19 urte. «Anaren begirada bera du zerbait ondo ez dagoenean». Vincenzo Fusai. 19 urte, Arezzo. «Ile motz horrekin Xaviren antza duela esango nuke». Tamara Mancini. Erroma, 20 urte. «Uste dut bera dela Joan Scotten liburuarekin ikusi nuena aurreko astean». Alice Conti. 18 urte, Firenze. «Untxi bat du tatuatuta besoan?». Mario Bianchi. Varsi, 18 urte. «Seguru nago honi bohemioen garaia gustatzen zaiola». Fiona Giani. Siena, 18 urte. «Zergatik sienatar bat?». Daniella Neri. Bolonia, 18 urte. «Galderak egin eta egin ibiliko den baten aurpegia du». Ugo Fabbri. Bolonia, 18 urte. «Zerrendan agertzen delako, bestela gelaz nahastu dela dirudi». Davide Gori. Erroma, 18 urte. «Musikari pinta du. Zarataren apologista bat». Domenico Spadafora. Cosenza, 18 urte. «Núria bezalako bat!». Ivan Bacci. Milan, 18 urte. «Zein koloretakoak dira? Distantzia honetatik ezin da nabaritu begien kolorea». Elena Martini. Pistoia, 18 urte. «Ez nuen uste oraingo gazteei txotxongiloak interesatzen zitzaizkienik». Alessandra De Luca. Palermo, 22 urte. «Hegoaldea... egunen batean hartu beharko nuke hara doan bidea».

              Aurreneko klase eguna da. Sarari egokitu zaio unibertsitate munduan sartzera doazen hamahiru ikasle horiei inpresio ona ematearen zama. Lehen aldiz. Beste urteetan gai zehatzagoak eman beharra izan du, bere tesiarekin zerikusi handiagoa dutenak, edo bederen, hain orokorrak ez direnak. Kontua da aurtengoan aldaketak egon direla, eta ondorioz, hasiberriak motibatzeko lana berari tokatu zaio.

              Menderik odoltsuena, krudelena, basatiena begi inozente horien aurrean erakutsi. Jean-François Lyotard-en metaerrelatoak saturatu ziren mendea. Ortodoxia alternatiben aurka eta viceversa, dena edo ezer ez. Matxino modernoak mundu zaharreko agureen kontra. Partisano eta errebeldeak. Eta beren besaulkietatik zeruetako bunkerretan historiaren norabidea tentuz jarraitzen dutenak. Baina konturatzerako munduak beste begirada bat du, gizarte ortopediko hutsetik cyborg izatearekin amets egitera pasatu da, eta mundua ez ezik —zergatik ez?—, unibertsoa bera ere konkistatu nahi du etorkizuna iritsi baino lehenago. Informazioa urrea da, eta tankeak eta bonba nuklearra baino kotizatuago daude espioiak. Agian, pentsatu du Hobsbawmen liburua eskuetan, ez ote zen XIX. mendea suntsipenaren preludio luze bat besterik izan?

              Liburua mahaiaren gainean utzi du. Besteen gainean, behetik gora handienetik txikienera. Ordenaren obsesio zoro bat edo. Ondoren, mahaiari buelta eman, eta ipurdia haren gainean jarri du hankak gurutzatuta. Eskuin eskuarekin belaunari heldurik, klasearekin hasi da.

              — Ongi etorri denoi. Ni Sara Ballet naiz eta zuen irakaslea izango naiz ikasgai honetan. Lehen klasea da, ezta? Esan nahi dut, aurretik ez duzue klaserik izan, ezta? Ondo. Beraz, edozein galdera baduzue, zerbait ez baduzue ondo ulertu edo beste edozer gauza, lasai galdetu. Dakidan bitartean erantzungo dizuet —pausa bat egin du. Badaki inork ez diola ezer galdetuko, baina esandakoaren erakustaldi bat egin nahi du. Berriz hartu du hitza—. Dakizuen moduan, gaurkoa aurkezpen klasea da, ez gara materian sartuko, orduan lasai egon zaitezkete. Esplikatuko dizuet lauhileko honetan zer tratatzeko asmoa dudan eta nola egingo dudan azken ebaluazioa. Orduan... Hau izango da eskema.

              Eta orri sorta bat banatu dio ikasle bakoitzari. Batzuk soberan geratu dira, eta karpetan sartu ditu egunen batean ikasle berriren bat azalduz gero, hari emateko. Materia guztia XX. mendean kokatzen da, nahiz eta XXI. mendeko hainbat kontu azaltzen diren hamargarren puntuan. Bere asmoa Gerra Handiaren bezperetan hastea da. Gerratearen sustraiak azaletik tratatu eta gerraren ondorioak zein izan ziren azpimarratu. Estrategia eta taktika militarrak albo batera uzten ditu, edozein dela ere gatazka. Horrelakoen inguruan idazten edo filmatzen duen pertsona andana dago munduan. Ivanek horren inguruan galdetu dio, zergatik ez duen sakondu nahi gerraren dinamika eta noranzkoetan.

              — Gomendatuko nizuke Erich Maria Remarqueren Berririk ez frontean. Edo Hobsbawm beraren XX. mendearen historia liburuaren hitzaurrea. Axola dute lubakien artean egindako sarraskiek? Gallipoliko guduak? Errusiako frontean edo Alpeetan egondako gorabeherek? Badakizu oraindik txangozaleak Alpeetan barrena ibiltzen direnean orduko hildakoen gorpu izoztuak aurkitzen dituztela? Agian norbaiti interesatuko zaio operazio militarren inguruko klaseak ematea, baina niri ez. Ulertu behar den bakarra da XX. mendean gerra hiltzeko makina bat izan zela, hiltegi bat. Eta nik ez dut nahi historiaren ardatza hilotzen kronika bat izatea. Zertarako jaio ginen? Hiltzeko ala bizitzeko?

              Galdera egin dion ikaslea eta gainerako guztiak mutu geratu dira. Horrelako erantzun bat jaso eta gero, galdera gehiago ez egiteko hitzarmen isila adostu dute begirada konplizeen bidez. Ez baita izan erantzun lau bat, pasioz betetakoa baizik, bihotzetik ateratzen diren horietakoa. Isiltasun kasik deseroso baten ostean, Sarak, beste behin ere, hitzaren testigua hartu du aurkezpenarekin jarraitzeko. Agian bere emozioak erakutsi izanak hasierako ikasle-irakasle harremana konfiantzaz hustera eraman du, eta eskuen atzean gorde beharko lituzkeen kartak biluzik utzi ditu denen bistan. Bere amesgaiztorik handiena da biluztasuna: ispiluaren aurrean ezer gabe ikustea, soilik bere isla, margo eta maskara guztiak argitan.

              Ur botila ezpainetara eraman eta trago bat eman. Arnasa sakon hartu ostean, ingurua aztertu du. Oxigenoak eta urak itsaso harroa baretuko dutelakoan edo, momentu aproposenaren esperoan geratu da klasearekin jarraitzeko. Hamahiru ikasleak arretaz begiratu, baina haiek konturatu gabe, tentuz eta diskrezioz. Isiltasuna gehiegi luzatzen ez ote den ari galdezka dirudite batzuen aurpegiek. Denbora gehiago galdu gabe, aurkezpenarekin jarraitzea erabaki du.

 

 

Ez da oso sentsazio onarekin atera klasetik. Kafetegira joatea erabaki du, kafe bat hartzera. Gian Carlo eta Francescarekin gurutzatu da, haiek ere klase osteko kafearen beharrean direla dio bigarrenak. Sarak umorez hartu du hasiera txarra izan duen bakarra ez izatea.

              — Bi kafe huts eta kafesne bat, mesedez —esan dio Francescak zerbitzariari.

              Eta eguneko bizitzaz zein eguraldiaz zenbait hitz gurutzatzerako, kafeak prest daude barraren gainean. Sarak bere katilua hartu du, baina tximista batek jo balu bezala, katilua askatu eta lurrera erori da. Mila zati txikitan apurtu da, kafe beltzezko putzu batez inguraturik.

              — Barkatu! —oihukatu du errealitateaz jabetu den neurrian, eta eskuekin katilu puskak jasotzen hasi da.

              “Utz ezazu”, dio zerbitzariak trapu baten bila abiatzen den bitartean. Sarak ez dio kasurik egin. Francesca makurtu da laguntzeko asmoz, baina Sararen aurpegia ikusi duenean, larritu egin da.

              — Zer gertatzen zaizu? Zergatik zaude horren zurbil?

              Sarak katiluaren puskak jasotzen jarraitzen du. Ez dio kasurik egiten lankideari. Eta ez dirudi kasu egingo dionik ere. Francescak eskuak heldu dizkio, gera dadin bederen. Eskuak izotzaren pare ditu. Gehiago larritu da. Sorbaldatik heldu, eta bere bulegora doazela esan dio Gian Carlori. Kafetegitik bulegorako bidean ez du hitzik egin. Francesca saiatu da zer gertatu zaion argitzen, baina ez du ezertxo ere lortu. Bulegoko atea zabaldu, eta Giulia dago bertan, Sararen bulegokidea. Ikusi duenean, bere lekutik altxatu eta laguntzera joan da. Francescak gertatutakoa azaldu dio, baina ez dakiela zergatik dagoen horrela. Halako batean, Sara betiko egoerara itzuli da, trantzetik atera balitz bezala.

              — Ongi al zaude? —galdetu dio Giuliak.

              — Noski ongi nagoela. Zergatik egon behar nuke ba gaizki?

              Harriturik dago. Zergatik begiratzen ote dute horren arraro bere bi lankideek? Zer gertatu ote zaio bada?

              — Zer gertatu zait?

              Francescak dena azaldu dio. Nola Gian Carlo eta berarekin gurutzatu den, kafetegira joan diren eta kafea hartzeko unean katilua erori, eta trantzean bezala sartu den.

              — Egia —esan du Sarak eskuak burura eramanik—. Katilua beroegia zegoen eta erori egin zait. Besterik ez. Edonori gerta dakioke horrelako zerbait, ezta?

              — Ezagutzen zaitut —esan dio Giuliak begietara begira—. Zer edo zer gertatu zaizu, eta ez didazu ezkutatuko!

              — Benetan, Giulia. Ez da ezer. Soilik erre egin naizela. Ez kezkatu niregatik, ongi nago. Benetan. Joan zaitezkete joan behar duzuen lekura, eta lasai geratu niregatik.

              Bere benetako irribarrearekin ikusi dutenean, lasaitu egin dira, pixka bat bada ere. Francesca kafetegira joan da dena ongi dagoela ikusitakoan, mesfidati halere, ez du inoiz Sara horrela ikusi eta. Giuliak bere gauzak hartu ditu, eta klasera abiatu da behin eta berriz ongi dagoen galdetu ostean. Sarak behin eta berriz baietz. Irribarretsu, “gero arte”, esan dio, eta atea itxi du.

              Sara bakarrik gelditu da une batez. Ongi daki zer gertatu zaion, baina ez daki zein den zergatia. Berak hori jakin nahi du, ordea. Inoiz ez da izan superstiziosoa, baina zerbait txarra gertatu dela pentsatzen du. Ezin du burutik kendu ideia hori.

              Mahaiaren gainean duen egutegiari begiratu dio. Urriak 2. Orduan gogoratu du: hemezortzi urte ama hil zela. Orduan 17 urte zituen, eta institutuko azken urtea hasi berritan zen. Bat-bateko zerbait izan zen. Zuzendaria klasera joan eta Sarari gelatik ateratzeko eskatu zion aurpegi serioarekin. Zerbait txarra egin zuela pentsatu zuen hasieran, baina ez. Zuzendariaren bulegoan, gela gris eta monotonoan, bere aita zegoen lur jota. Zuzendaria kanpoan geratu zen Sara gela barrura bultzatzen zuela. Bazen zerbait, baina, gelatik kanpora tiratzen zuena. Ez zuen oso ondo ulertzen sentsazio hura. Auskalo zergatik, beharbada aita okre koloreko tapizatua zuen eserlekuan lur jota ikusteagatik, edo agian bulegoaren gristasun burokratikoagatik. Azkenerako indarrez sartu zen barrura, eta libre zegoen aulkian eseri zen aitaren aurrean. Ez zuen ezer esaten eta Sara beldurtzen hasi zen, aitagatik batik bat. Desolazio sentsazio bat zabaltzen zen bere poroetatik, kutsakorra oso. Elkar besarkatu zuten. Negar zotinka, belarri ertzean baldar eta umel amaren heriotzaren berri eman zion alabari.

              Shock bat. Elektrizitate hotzaren dardara gorputzean barrena, belarritik behatz puntetara. “Ama hil da”. Hitz bakoitza biderkatu egiten zen segundoak pasatu ahala. Oihartzunak isiltzeko joera du, baina hitz horien erresonantziak indar gehiagorekin eragiten zuen zelula bakoitzean. Mila zatitan apurtu zuen berriak. Begiak zabalik, begiak zuri eta gero pixkanaka gorritzen, emozio guztiak uholdearen gisa irten ziren malkoen forma hartuta.

              Gero autoan sartu ziren, R-5 grisean. Etxerako bidean ez zuten hitz erdi bat ere egin, eta ondorenean ere ez zuten adorerik izan gaiaren inguruan jarduteko. Sara ahazten saiatu zen amaren gaia. Aitak, ordea, ez zuen bururik altxatu ordutik. 1994ko urriaren 2an beste aro bat hasi zen, aurrekoarekin zerikusirik izango ez zuena. Hemezortzi urteren ondoren, Sarak ia ahaztuta zuen egun hura, eta momentu batez, bere burua gorrotatu zuen orduan hartutako erabakiagatik.