Tximeletak bizkarrean
Tximeletak bizkarrean
2018, nobela
320 orrialde
978-84-17051-14-3
Azaleko irudia: Paul Klee, Angelus Novus
Ugaitz Agirre
1992, Usurbil
 
 

 

Bost egun Parisen

 

 

Charles de Gaulle aireportura iritsi da hainbat urtez Frantziako hiriburua zapaldu gabe egon eta gero. Aspaldian, gaztaroaren bueltan, erakarpen berezia izan zuen Parisek Sararengan. Bohemiako artistek eta kabaretek eraikitako mundu fantastiko eta batzuetan makabroak bere lehen istorio serioak idazteko inspirazio izan ziren. Pentsatzen zuen, agian, egunen batean Parisera joango zela artistaren bizitza bizitzera, eta kafetegi eta antzoki txikietan emanaldiak egingo zituela. Ez zen horrelakorik pasa, ordea, eta argiaren hiriak zuen dirdira berezi eta bakar hori itzaltzen joan zen pixkanaka. Orain beste begi batzuekin begiratzen dio.

              Hain zuzen, abenduko egun hotz hauetan lagun berezi bati bisita egitera joan da. Duela urte batzuk, liburu baten pistaren atzetik, Parisen amaitu zuen Margot Canu izeneko emakume bat elkarrizketatzeko asmoarekin. Oso intentsoa izan zen. Partisanoak eta 68ko errebeldeak izan ziren solasaldiko gai nagusiak, baina bere aitona Walter Le Rouge Bretonen biografia zegoen denaren gainetik. Hizketaldi hartan eman zion kasik behin betikoa izango zen forma Heroiaren kaiera eleberriari. Oraingoan ere elkarrizketa bat egiteko asmo bera du, baina ez elkarrizketatuari buruz, baizik eta elkarrizketatzaileari buruz. Sarak antzinako oinatzen gainean jarri nahi ditu oraingo oinetakoak bere autobiografia idazteko. Eta horretarako, azken urteetan eragin dioten pertsonak elkarrizketatzea pentsatu du, berari buruz hitz egin dezaten. Deitu zionean, Margotek ideia arraroa zela esan zion, eta ez zekiela gai izango zen berak nahi zuena egiteko. Baina Sara konbentzituta zegoen bera pertsona oso aproposa zela horretarako. Azken batean, denek dute zerbait esateko, gaiaren inguruan gutxi jakinda ere, eta batzuetan gutxi horrek, detaile ia ikusezin horrek, urrea balio du ordu luzeetako elkarrizketekin konparatuta.

              Bost egun pasako ditu Parisen Gabonetako oporrak aprobetxatuz. Bost egun tartean Eguberri bezpera eta Eguberri eguna izango dituena. Familian pasatzeko egunak direla dio gizarteak, baina Sarak bakardadean pasako ditu lau izarreko hotel bateko gela anonimo batean, ezagutzen ez dituen sukaldariek prestatutako afaria janez, berriz ikusiko ez dituen pertsonekin topa eginez. Konbentzio sozialaren erritualetan kamuflatuko da eta gizarteak bere parametroen barruan egoteko egin beharreko guztia eginda, kanpokoen begien aurrean ez da hain anormalki agertuko.

              Bost egun ditu aurretik, eta azkeneko eguna arte ez da Margotekin elkartuko. Goiza ohean botata pasatu du, hoteleko sabaiari begira, eta noizbehinka leihoaren bestaldean zer dagoen jakin nahian, elur artean aurrera eta atzera dabiltzan oinezko eta autoei begira geratu da. Gogoratu du zer nolako gorrotoa hartu dion bere eleberriari, baita bere etxean duen kopia leihotik bota zuenekoa ere. Baina momentu honetan, nostalgia kutsu batekin oroitzen ditu idazten pasatu zituen egunak. Parisen hasten zen istorioa: Serge Cabot izeneko batek bere jaioterria atzean utzi behar izan zuen orduko ministro baten alabaren hiltzailea izateagatik. Edo hori esaten zuen ikerketa polizialak. XX. mende hasiera aztoratu batean, oraindik munstro handienak esnatzeke, betirako utzi zuen atzean modernizatzen zebilen Paris. Lehen motordun autoak zaldiekin lehian, eta oinezkoak makadam labainkorraren gainean, lokatzez ez zitezen zikindu. Eta abangoardia artistiko guztia garaiko puritanismoarekin nahastuta kaos frenetiko batean. Orduko hartan, azken mendearen irakurketa bat egin nahi izan zuen, fikzioaren bidez. Hobsbawmen gisako liburu bat egin beharrean, literaturaren bitartez azaldu nahi zuen XX. mendeari buruzko bere ikuspegia. Historia publiko zabaletik urruntzen ari zenaren sentipena zuen, jada inor ez zela historiaz kezkatzen. Horregatik, bera horrelako zerbait egiteko pertsona aproposa izan zitekeela pentsatu zuen. “Zergatik ez?”, esaten zuen. Baina ez zuen nobela historiko hutsa egin nahi, beste zerbait egin nahi zuen, eta horren emaitza izan zen Heroiaren kaiera: historia beste zerbait kontatzeko ibilgailu izan beharrean, historia bera fikzio bihurtu zuen, errealitatetik fantasiara eta alderantziz.

              Turistak hain ohikoak ez diren txoko batera joateko asmoa zuen kalera irtendakoan. Orain, metroak eta kilometroak toki berean bueltaka pasatu ondoren, multinazional baten aurrean aurkitu du bere burua. Azken finean, bera ere turista bat da. Oporrak etxetik kanpora pasatzera joan den milioi horietako bat, eta nahi edo ez, ez da besteengandik oso ezberdina. Eta horrelako gauzak pentsatzen, hanburgesa bat jan du patata frijituekin. Edateko freskagarri bat, nahiz eta kanpoko giroak gehiago tentatzen duen txokolate beroa txurroekin hartzera.

              Kafe bohemio haietako bat izan nahi duen, baina antigoaleko eklektizismoa garaiko moda mainstreamarekin ordezkatu duen kafetegi batean pasatu du arratsaldea. Kanpoan elurra hasi da, eta jendeak argazkiak ateratzen dizkio bere zilborrari. Eta bikoteari musuak eman ezpainetan eta gida turistikoek izendatzen dituzten txokoen aurrean irribarretsu flash!, gero sare sozialetara igo eta ezagun eta ezezagunei erakusteko zeinen ondo ibili diren oporretan. Horrela funtzionatzen baitu egungo gizarteak: irudiekin. Momentua erakusten duten irudiekin, eta ez badira momifikatzen, inoiz han egon ez izanaren parekoa izango litzateke. Espektakuluaren erdian, espektakuluaren gizartea, eta Broadwayn esan eta Freddy Mercuryk abestu moduan: the show must go on. Eta gogoratu du halako egoera batean hasi zela eleberri hura idazten. Gizartearen kontrako apologia gordina eta, batzuetan, krudelegia egiten. Baina merezi zuen, eta oraindik merezi ditu halako hitzak.

              Eta kafe berezi bat hartzen ari dela, urrunean, kafetegiko bozgorailu ezkutatuetatik jendearen zurrumurrua gaindituta, The Beatles taldearen All you need is love abestiaren bertsio bat iritsi da Sararen belarrietara.

              «Benetan? All you need is love? Maitasunak dena senda balezake bezala. Maitasunak oztopo eta muga guztiak gaindi balitzake bezala. Zergatik maitasuna?», hasi zaio bere buruari galdezka. Bere iritzia dagoeneko egina du gaiaren inguruan. Hippyen mugimendu hark ez zuen besterik predikatzen: bakea eta maitasuna. Baina beste profeta batzuk besterik ez ziren. Kolorezko arropa jantzi, loreak fusilen kanoietan sartu, maitasun librea praktikatu eta cannabisa eta LSD bezalako droga haluzinogenoak hartzean besterik ez zuten pentsatzen. Kontrakulturaren sloganak egurrezko oholetan idatzi eta Rousseauren teoriak XX. mendera egokitu besterik ez zituzten egin. Zer egin zuten bestela? Euren Volkswagenetan The Grateful Dead taldearen kontzertuen atzetik ibili 1969ko Woodstock mitikoa errepikatzeko. Bob Dylanen haize putz hartan hegazkinak lez planeatu zuten Grace Slicken untxi zuria harrapatzeko. Azken udan irakurri zuen Sara Ahmeden The Promise of Happiness liburua, eta zoriontasuna bera ere bizitzaren helburu izan behar ote den galdetzen hasi da ordutik. Izenburuak dioen bezala, promesa bat besterik ez bada zoriontasuna?

              Bizitzak jipoi asko eman dizkio, eta bi erantzun daude jipoiaren ostean: lurrean geratu edo lurretik altxatu. Baina lau hanketan ibiltzea beste erantzun posible bat izango balitz? Lau hanketan ibiltzea animaliak bezala? Orduan ez ginateke gizakiak gehiago izango, gure alderdi humanoa bizitza miserable baten truke aldatuko genuke. «Baina gutxienean bizitzen jarraituko genuke», pentsatzen du. Hippyen apoteosiaren garai hartan esan zuen Ernesto Che Guevarak “nahiago dut zutik hil belaunikatuta bizi baino”. «Bai! Eta Bertolt Brechtek “Bizitza da handiena” esan zuen 1925ean!».

              Guevararen eta Brechten artean hautua egitea, halere, Sarari dagokio. Agian batzuetan argentinarraren alde egingo du eta besteetan alemaniarrari kasu egitea egokituko zaio. Baina Sararen bizitza Sarak bizi du, ez Ernestok edo Bertoltek. Eta musikari erreparatu dionerako, abesti kanalla bat: Jacques Brel eta Dans le port d'Amsterdam. Badirudi 1969ko abendutik hona konposatutako abestiak debekatuta daudela.

              Mugikorra esku artean hartu, eta zeraren bila hasi da interneten kafetegiko wifia aprobetxatuz. Topatu du; edo hobekiago esanda, topatu ditu. Liburu denda baten atzetik dabil, eta Paris erdialdea liburu dendaz beteta dagoela konturatu da. Berokia ondo jantzi, artilezko txanoa buruan belarriak ondo estaliz, bufanda lepoaren inguruan, eskularruak, eta kalera irten da 1960ko hamarkada atzean utzita.

 

 

“Pentsatzen nuen Stalin eta Truman bi zaldun zirela, eta duelu batean elkar borrokatzea egokitu zitzaiela Korea izeneko lurralde batean”. Hori apuntatu zuen duela zenbait urte Margotekin izan zuen elkarrizketan, eta orduko hartan erabili zuen koadernoa berarekin ekarri du bidaia honetan ere. Eguberri bezperako gauean, hoteleko jatetxean hainbat gonbidaturekin afaldu eta gero, bere logelara igo da.

              Nostalgia kutsu batekin irakurri ditu koaderno hartan bildu zituen hitzak. Antropologoek erabiltzen duten teknika baliatuz, idazten zebilen egunerokoa baliatu zuen lehen eleberria sortzen joateko. Hala, burutik pasatzen zitzaizkion ideiak, pentsamenduak, anekdotak, elkarrizketen galderak, sentsazioak, keinuak, esaldi solteak eta bestelako edozein burutazio apuntatzen zituen. Altxor bat da Sararentzat, eta nahiz eta orriak zein tapa gastatuta eta erdi apurtuta egon, estimu handia dio objektuari. Ohean etzanda, lerro batzuk irakurri ditu:

 

              «2006-II-22, asteazkena.

              »Firenzen egokitu nahian nabil, baina ez da erraza. Unibertsitatea errutinaren beste eremu bat bilakatu da. Bulegoan edo artxiboan pasatzen dut denborarik gehiena. Jendearekin ez dut askorik hitz egiten. Batzuetan bakarrik sentitzen naiz, baina ez zait axola. Bakarrik egon nahi dut.

              »Bihar Dianarekin hitzordua dut. Auskalo zer esango didan, baina ez dakit terapiak askorik balio duen. Behintzat norbaitekin hitz egiten dut.»

 

              — Hasieratik nintzen horrelakoa? —galdetu dio bere buruari—. Zergatik pentsatzen nuen horrela? Zer espero nuen?

              Orriak aurrera pasatu ditu, baina ez du lortu 2006ko otsailaren 22ko sentsazio horien arkeologian oso atzera joaterik. Koadernoko lehen zita 2005eko azaroaren 15ekoa da:

 

              «2005-XI-15, asteartea.

              »Eguneroko bat idazten hasteko eskatu dit Dianak. Bertan, sentitzen dudana, pentsatzen dudana, ikusten dudana, jaten dudana, entzuten dudana, egiten dudana edo bestelako edozer gauza idazteko eskatu dit. Idazteko tarte bat hartu behar dut egunero. Honek lagunduko nauela dio. Ni ez naiz hain positiboa, baina egingo dut.

              »23:25 dira eta ohera noa.»

 

              Minaren genealogia hor hasten da, 2005eko azaroaren 15ean. Baina hori paperaren gainean dokumentatuta dagoena da. Dokumentu idatzietatik harago bada beste hamaika informazio iturri.

              Ohetik altxatu da, eta liburuxka pertsonala maletan jaso ostean, hoteleko tabernara jaitsi da alkoholetan intoxikatzera. Vodka limoiarekin. Eta izotza oparitzeko beste. Leihoaren alboko mahaian eseri da bere edabearekin, eta zurrut txikiak emanez ez dio begirik kendu leihoari. Kanpoko jendea alde batetik bestera ikusi arren opari eta ospakizun artean, ez dio inoren pausoari jarraitu. Iltzatuta bezala ditu begiak beste begi batzuetan. Berarenetan.

 

 

Abenduak 25. Mundu guztia pozik egoten da. Hori esan dute eguerdiko informatiboetan. Gero, urteko azken egunetan hain ohikoak bilakatu diren errepasoak egiten hasi dira. Frantziako alderdi sozialistak François Hollande buru V. Errepublikako presidentzia eskuratu du hamazazpi urte eta gero Nicolas Sarkozy bigarren itzulian garaituta. Barack Obama Etxe Zurian geratuko da bigarren aldiz hautatua izan ondoren. Hugo Chavezek Nicolas Maduro aukeratu du bere ondorengo. Espainiako ekonomia erreskatatu behar izan dute Europar Batasunak eta Nazioarteko Diru Funtsak. Vladimir Putin Errusiako presidente izango da bigarren aldiz. FBIk Megaupload itxi du. Ekuadorrek asilo diplomatikoa eman dio Wikileaksen sortzaile den Julian Assangeri. Higgsen bosoia aurkitu dute. Curiosity astromobila Martera iritsi da. WhatsApp izeneko mugikorreko aplikazio bat sortu dute. Game of Thrones izan da urteko telesailik pirateatuena. Enfrentamenduek eta biolentziak gora egin dute Sirian.

              Bazkaldu bezain pronto, rue d'Orsel-era abiatu da metroan. Goizean egunerokoa irakurtzen ari zela, pasarte interesgarri batekin egin du topo:

 

              «2007-IV-28, larunbata.

              »Margot Canu izeneko emakume batekin pasatu dut eguna. Elkarrizketa bat egin nahi nion bere aitona zenaren inguruan, eta interes eta ilusio handiz hartu nau bere etxean. Harrigarria! S. Caboten liburua eman dit! Berak eduki du urte hauetan guztietan, eta orain niri oparitu dit! Bihotzez eskertzen diot.

              »1968ko maiatzaren inguruan jardun da asko. Sekulako intentsitatearekin kontatu dit bere esperientzia adokinen gainean. Emozioz beteta. Eta bere aitonaren taberna ere aipatu dit. Elkarrizketa bukatutakoan joan naiz hara: rue d'Orsel, 52.

              »[...]»

 

              Barbès-Rochechouart geltokian atera da berriz ere lurrazalera. Elurra mara-mara ari du. Artilezko txapel gorria ondo jantzi, bufandarekin lepoa ondo inguratu eta berokia lotu du. Masarekin batera atera da kanpora, eta zuzenean abiatu da taberna zaharra zegoen tokira metro geltokiaren izen bereko boulevardean aurrera. Eskuinera hartu, eta boulevard handien zabaltasunetik kale estu eta kaotikoetara pasatu da. Adokin irristakorrak eta merkatu aldakorrak. Souvenir eta objektu galkorren paradisua, Eiffel dorrearen edota Notre Damen plastikozko maketak, Monet edota Gauguinen koadroen plagio garestiak.

              Badirudi jende askori otu zaiola Gabonak Parisen ospatzea, jendez gainezka dago rue d'Orsel. Kalean aurrera eta aurrera egin du, 52. zenbakia aurkitu nahi du, han egon baitzen Walterren taberna: Vin et Roses. Kilometro erdi bat egin du ia kale osoa zeharkatzeraino. Ez zuen hain urrun oroitzen, beharbada momentu hartan zuen ilusioak eta hara iritsitakoan sortutako emozioek pertzepzioa bera eraldatu zutelako. Azkenerako, baina, iritsi da eta denboran atzera egin du konturatu gabe.

              2007ko apirilaren 28an rue d'Orseleko 52. zenbakira iritsi zenean, ez zuen Vin et Roses izena ipintzen zuen kartelik ikusi. Beste taberna bat zegoen, cocktailetan espezializatutako modako taberna bat. Pertsiana jaitsita zuen, eta arratsaldeko zazpiak arte ez omen zuten zabaltzen. Egia esan, gogo handirik ere ez zuen horrelako taberna batean sartzeko. Nostalgia arraro bat sentitu zuen, ezagutzen zuen zerbait galdu izan balu bezala, nahiz eta jakin berak ez zuela han inolako zeresanik. Bera ez zen historia haren parte, eta gainera, nahikoa zuen bere bizitzarekin, baina bazen zerbait historia hartara erakartzen zuena.

              Berandu iritsi izanaren sentsazioak hartu zuen. Eta 2012ko abenduaren 25ean berandu iristearen sentsazio berak hartu du. Hantxe imajinatzen zuen Cosette, Loubet presidentearen gobernukide baten alaba, lurrean hila hamahiru labankada sabelean sartu eta odolustu ondoren. Eta elur zuria, hain purua, hain inozentea, odolaren gorritasunez bustitzen zen. Beroa hozten. Eta bere gainean Serge Cabot, Paris-Sorbonako Literatura irakaslea, 19 urteko neskaren odolez zikinduta berokia eta eskuak. “Zer gertatu da hemen?”, galdetu du jendarme batek argizari suaz ingurua argituz. Ikusitakoa ikusita, garrasika hurbildu da polizia, eta irakasleak korrika ihes egin du kalean gora egoeraren berotasunean. Turista japoniarrak datoz kalean behera, eta Serge Caboten espektroa ihesaldian galdu da.

              Cosetteren adina baino gutxiago izango duen bikote bat dago 52. eta 54. zenbakien artean. Munduan bakarrik daudela uste dute, edo hori da bederen Sarak pentsatu duena haiei begira. Elkarri musuka ari dira, ezpainak ezpainen aurka, mihiak korapilatuz eta askatuz berriz korapilatzeko eta berriz askatzeko. Gorputz estatikoak dirudite, soilik buruak mugitzen dira, eta buruarekin batera mihiak.

              Goitik behera datozen japoniarretako bat argazkiak ateratzen hasi zaie. Baliteke performance bat dela pentsatu izana, nerabezaroko maitasun adierazpen bat edo zerbait sexualagoa agian. Flashak hamar aldiz argitu ditu gutxienez, baina bi nerabeek ez dute zirkinik ere egin. Sarak bira eman du barreari ezin eutsirik, eszenaren surrealismoak gaindituta, eta orduan, neska bat pasatu da bere paretik. Ile luzea, estetika abangoardista baten azpian gotortua. Karpeta erraldoi bat darama besapean, gorri kolorekoa, forma psikodelikoz apaindua. Núriaren antza du.

 

 

— Zein uste duzu zarela niri gomendioak emateko? —oihukatu dio.

              — Zure lagunei kasu gehiago egiten ikasi beharko zenuke! Berekoi hutsa zara, Sara! Bakarrik moldatzeko gai zarela uste duzu? Zure arazo guztiak bakarrik konpon ditzakezula uste duzu? Jendeari gehiago entzun beharko zenioke!

              — Zu beti ibili zara zure kabuz! Zuk egin ez duzuna besteei eginarazi nahi al diezu?

              Hitz egiteko geratu ziren. Hitz egiteko, besterik ez.

              Adostu bezala elkartu dira. Biak iritsi dira puntual hitzordura. Aspaldiko lagunak izanda ere, distantzia bat mantentzen dutela nabari da, eta lehen hitza hain bihurtu da deseroso, hitzordua adostu izanaz damutu direla biak.

              Tabernako zerbitzaria izan da salbatzailea. Zer nahi duten galdetu, eta unisonoan erantzuna: “Garagardo bat!” Eta unisonoaren ostean, aspaldiko déjà vù bat, irribarre naturalago bihurtu dena.

              — Gogoratzen...

              — Ez dut inoiz ahaztu.

              Gaztaroko oroitzapen bat da, beharbada ez daude uste bezain urrun elkarrengandik.

              Deserosotasuna uxatzeko formak planteatzea absurdoa dela konturatu dira, naturaltasuna baino gauza naturalagorik ez dela.

              — Nahiz eta ez iruditu, pozten naiz beste behin zurekin bakarrik elkartzeaz.

              — Hamabost bat urte... Joder! Ez nuen esperoko hain zaila izango zenik gure artean elkarrizketa bat hastea.

              — Gogoratzen txikitan betirako lagunik onenak izango ginela zin egin genuela?

              — Eta ez ginela inoiz maiteminduko.

              Aurpegia aldatu zaio Sarari. Eskua aurpegiko azalaren kontra irristatu du. Haizeari errua bota eta begian zerbait sartu zaiola argudiatu du. Núriak ez dio garrantzi handirik eman keinuari, nahiz eta jakin zerbait potoloa dagoela keinu horren atzean. Tik moduko bat da, aspaldidanik duena.

              — Bai —xuxurlatu du.

              Isiltasuna nagusitu da.

              — Ume idealisten txorakeriak —bota du Núriak—. Munduaren handitasunaren jabe ez diren umeen txorakeria inozenteak. Bikiak ditut, bi neska, eta haiek ere gauza berak esaten dituzte.

              Sara deseroso sentitzen hasi da gai horrekin, oso deseroso, eta gaia beste norabait eraman nahi du. Badaki Núriak bere ontasun guztiarekin egin duela, iraganean zuten harremanari buruz hitz eginda, hasierako iceberg puska urtzen joango zelako itxaropenarekin. Baina ez du atsegin bide hori, Danteren infernuetara murgiltzea bezalakoa da, aipatu ezin diren tabuen mix bat.

              Garagardoak ekarri bezain pronto trago handi bat eman dio, egarriaren eta antsietatearen nahasketaren emaitza. Mahai gainean utzi kristalezko edalontzia, eta itzulinguru gehiagorik gabe hasi da hizketan:

              — Eta zer da esan behar zenidana, Núria?

              Larruzko poltsa beltzetik karpeta potolo bat atera du. Mahaian utzi eta zabaltzean, testuz eta marrazkiz betetako orri kontaezinen bilduma bat agertu da. Proiektu bati buruz hasi zaio hizketan. Hamaika aldiz pentsatu eta birpentsatu duen proiektua da, lagunaren lehen eleberrian oinarritutakoa. Sarak arretaz jarraitu du esaten ari zaiona.

              Hitz egiteko geratu dira. Hitz egiteko, besterik ez.

              Núria Parisera bizitzera joan zenetik ez dute kasik elkarren berririk izan. Institutuan klase ezberdinetan zeuden. Sarak letren bidea hartu zuen, Núriak, aldiz, artistikoa. Baina ez zen aitzakia elkarrekin ez egoteko. Unibertsitateak dena aldatu zuen. Lehen urtean batera bizi izan ziren, baina bigarren urtean klasekideekin joan zen bizitzera, eta lizentziatura Parisen amaitzeko aukera izan zuen. Geroztik, Parisen edota hara eta hona bidaiatzen ibili zen. Akaso horregatik, Sarak halako frustrazio edo haserre bat darama barru-barruan. Behar izan zuenean ez zelako bere ondoan egon. Inkontzienteki gorrotoa sentitzen du, Núriarekiko gorrotoa eta ezinikusia. Eta elkarrizketak aurrera egiten duen bezalaxe, inkontzientea geroz eta kontzienteago bilakatuz joan da, mamia azal bihurtzeraino.

              — Zuk alde egin zenuen, duela hamabost urtetik ez duzu nire berri izan, eta orain uste duzu niri buruz dena dakizula?

              Hitzak garrasi bihurtu dira, bizitza osoan biei damutuko zaien eszena lotsagarri bat.

              — Ez zaitez hasi umetako kontuekin, Sara! Edo oraindik umeek bezala pentsatzen jarraitzen duzu?

              — Zergatik itzuli zara orduan?

              — Berez, ez dut inolako arrazoirik behar nire etxera itzultzeko! Eta zu zergatik itzuli zara?

              — Nire aita hil da! Ez zaizu nahikoa arrazoi iruditzen?

              — Zuk badakizu gai zarela zauden tokian geratzeko horrelako zerbait gertatuta ere.

              — Nola ausartzen zara horrelako zerbait esatera? Alua!

              — Alua ni? Eta zu? Esker txarrekoa!

              — Eskertzeko zerbait izango banizu bezala! Damutzen ari naiz zurekin elkartu izanaz!

              — Hobe ez banizu ezer esan!

              Ordutik aurrera ez dute elkarrekin hitz egingo, ez dute elkarren berri gehiago izango, baldin eta ez bada egunkariren batean edo agertuko direlako. Halere, bizitza osoan oroituko dute 2012ko asteazken hau inoiz gertatu behar ez zuen gertakari bat bezala. Tximeletak bizkarrean pausatzen diren gisara.

              Hitz egiteko geratu ziren. Hitz egiteko, besterik ez.

 

 

Vin et Roses taberna zenaren parean kafetegi bat dago. Eta kafetegi barruan dago Sara txokolate bero bat hartzen. Putz egiten dio. Txokolate lodia, koilararekin jan beharrekoa ia. Pareko pertsianan enfokatu du begirada, oso sarkor. «Kontzentratu. Kontzentratu. Kontzentratu», esaten dio bere buruari. Denboran atzera egin nahi du, eta 1968an nola zen imajinatu. «Kontzentratu. Kontzentratu. Kontzentratu».

              Pertsiana igotzen hasi da. Atea zabaldu eta 22 urteko neska gazte bat sartu da tabernara. Eskailera batzuk daude hasieran. Eta barruan 59 urteko gizonezkoa, agure itxurarekin, barraren atzetik ozen irakurtzen:

 

              «Mendebaldea beti ibili da zoriontasunaren bila. Iragan urruneko amets gozoen atzetik atsedenik hartu gabe. Lurralde mitologiko bat du helburu, noizbait existitu zen garai batekin amesten du, loriaz beteriko garai batekin. Mendebaldearen sehaska aroa du amets, jaio zeneko istant hura. Augusto berriaren etorreraren zain dago, berriz ere mendebaldea loriara eramango duena. Imperator berria.

              »Jaioberria perfektua da. Purua. Momentu labur bateko purutasun eternoa da. Perfekzio absolutua. Miron batek zizelkaturikoa. Alabaina, bi munduren arteko trantsizioan dago. Perfekziotik inperfekziora kondenatua dago jaioberria, baina, une labur batez bada ere, inperfekzioaren atzaparretan perfektua da. Apoteosian topatzen da hasieran, eta pixkanaka, makurtzen doa kondenagaitz den kondena batera.

              »Eta kondena horretan makurtzen goaz. Ez borondate propioz. Behartuak gaude makurtzera existitzen jarraitzearen truke. Xantaia bat ezarri digute: gure existentzia, makurtzearen truke. Ez bagina makurtuko, gure existentziaren akabera izango litzateke.»

 

              — Zergatik ixten duzu giltzaz atea? Horrela ez da inor sartuko hemen. Eta are gutxiago sartu eta zu bezalako agure bat horrelako gauzak esaten ikusten badute.

              — O, Margot, nire biloba kuttuna! Zertara etorri zara?

              — Amak bidali nau zure bila. Berandu da. Goazen etxera!

              — Itxoin, itxoin... utzi whiski hau bukatzen lehendabizi.

              — Orain ere whiskiarekin? Zer esan dizu medikuak? Ez dela ona zure osasunarentzat.

              — Erantzuna baldin badakizu, zergatik galdetzen duzu? —eta whiskiari trago bat eman dio—. Zer jakingo dute medikuek niri buruz? Utz nazatela bakean bizitzen!

              Eta edalontzia altxatzearekin batera, oreka galdu eta lurrera erori da. Sekulako danbatekoa entzun da, eta Margot korrika joan da barraren atzera aitona ondo dagoen ikustera. Mozkor dago, whiski kiratsa darie bere garrasiei. Aitona esertzen saiatu da, baina egundoko mina sentitzen du gerrian. Tabernan ez dagoenez telefono linearik, kanpora atera da eta bizilagunari garrasika hots egin dio anbulantzia bati deitzeko.

              Egun horretan aldaka hautsi zuen Walter Le Rouge Bretonek. 1968ko urtarrilaren amaiera zen, eta telebistan Teteko ofentsibaren irudiak ematen ari ziren.

              Margot unibertsitatera joan da martxoaren 22an. Zerbait ari da gertatzen, eta nahiz eta han geratu nahi duen, aitona zaintzea tokatzen zaio. Amari arratsaldeko ordutegia luzatu diote eta aita komisarian dago.

              Hurrengo egunean jakin du ikasle batzuk Nanterren giltzapetu direla unibertsitateko normen aurka. Etxerako bidean, Guy Deborden La société du spectacle erosi du liburu denda batean. Txinoekin zerikusirik duen galdetu dio aitak. Margotek ezezkoa erantzun dio.

              Hilabetera protestatzera azaldu da Nanterrera, atxilo hartu dituzten zortzi ikasleei bere babesa emateko. Enpresa estatubatuarren aurka eraso egitea egozten zaie. Aitonak Vin et Roseseko giltzak eman dizkio ezkutuan. Ama eta aita ez dira konturatu ere egin. Tik-tak-tik-tak-tik-tak erritmoari kostata eusten dio ordulariak. Maiatzaren 2an terroristen bandora pasatu da eta maiatzaren 3an Sorbonan dago. Polizia tiroka hasi da. Aitonaren taberna gotorleku bat da. Lau egunera beste manifestazio bat eta beste karga polizial bat. Victor Hugoren miserableak loaldi luzetik esnatu dira. Aitak Poliziaren autotik ikusi du Margot.

              Maiatzak 10: Eddy Merckxek Alpeak eta Parisko ikasleek kaosa eskalatzen dute. Auzo Latinoak ez du etenik. Garrasiak, tiroak, slogan inprobisatuak eta eztandak. Besterik ez dago han. Zuhaitzek sua hartuko dutela dirudi akordeoiek azken notak jotzen dituztela. Lantegietako tximiniak ere itxi dira. Burdin usaindun kerik ez da, soilik pneumatikoei dariena kale itxietako barrikadetan. Adokinen azpian hondartza; sous les pavès, la plage. Hori diote, jakinda ere Paris azpian inoiz ez dela hondartzarik izan. Baina absurdoak erakartzen du. Debekatzea bera debekatzeraino. Poeten, atiko zaharretan marihuana eta ardoz mozkortzen diren poeta horien bertsoen koherentzia falta, abangoardien abangoardia hain da iheskorra, hain da desager erraza... kanuto bat bezala. Eta Poliziari aurre egitean, Espartako direla pentsatzen dute dialektika marxista goraipatzearekin batera: “Gu gara mundu dekadente honen biktima bakarrak! Buruzagiek, gurasoek haiek bezalakoak izan gaitezen nahi dute, baina guk ezetz esaten diegu! Gurasoen mundu aldrebes hau ez dugu onartzen, diruaren morroi izaten erakutsi digute soilik!”. Estetika inposatuetatik surrealismo absurdoeneraino, Sisifo pozik imajinatzeraino.

              Eta ihesaldiaren erdian, zinema batean ezkutatu erromatarren film bat proiektatzen duten bitartean. Neronek sua eman dio Erromari. Adrenalina amodioarekin nahasiz emandako muxuak. Despedidakoak bezala, poliziak harrapatu aurretik edo harrapatuak izatearen beldurrez.

              Jazz melodiak The Beatles eta The Rolling Stonesekin batera. Paristik harago, Ho Chi Mihn Vietnamen Johnsonen soldaduei aurre egiten. Eta Mexikon liskarrak Olinpiar Jokoen bezperetan. Mundua aldatzen ari dela diote profetek. Batzuek onera. Azkenean, jainko paganoen paradisu komunista badatorrela. Besteek txarrera. Bandaloen etorrera anuntziatzen dute. Atilarena. Abd al Rahmanena. Xerxesena. Salbatzaile titulua, Augusto berriarena, norena izango da? Johnsonek ez du haren itxurarik, ez da gai ezta bere etxean saguak geldirik mantentzeko ere. Martin Luther King eta Malcolm X nahikoak esklaboen ondorengoen hankak mugiarazteko haien eskubideen alde. Prentsa kontserbadoreenak horrorea besterik ez du azaltzen bere titularretako hitz bakoitzean.

              Champaigneko ardoz mozkortzea bezalakorik ez dago. Erregelak apurtu, kosmos unibertsala hankaz gora jarri, etiketazko trajeak kixkali, liburuak erre, intelligentsia ofizialarekin amaitu, burgesia ordezka dezakeen edozer suntsitu eta langileen uniformeen azpian sartu. Besapean, Marx eta Engelsen Alderdi Komunistaren Manifestua eta Maoren Liburu Gorria. Komunismo abangoardistaren oinarriak. Mundu berri baten ateak zabaldu. Mundu berri batez erditu.

 

 

Besarkada estu eta indartsu batez agurtu dute elkar Margot Canuk eta Sarak. Rue La Fayetten bizi da X. arrondizamenduan, estilo klasiko hain paristarreko etxebizitza bateko azken pisuan. Parisko egun guztiak egun honen zain pasatu ditu Sarak, eta orain, Margot besarkatu ondoren, etxean bezala sentitu da. Lau egun argien hirian, lau egun ilunpetan. Baina orain, hiriarekin lotzen duen hari bakarraren ondoan, itxaronaldiko egunek merezi izan dutela uste du. Egongelara lagundu dio. Urrunean, emakume baten ahots urratu bezain indartsua entzuten da kantuan; eta ezaguna egiten zaio haur ipuinak hasteko erabiltzen den formularen itxuran: inork gogoratzen ez duen garai batean, urrutiko lurralde batean.

              — Seguruenik gogoratuko zara non zegoen, baina adeitsu izan nahi dut zurekin.

              — Ez da horrenbesterako Margot, eskertzen dizut.

              — Kafetxo bat? Edo infusio bat?

              — Igual gehitxo eskatzea izango da, baina ba al duzu hemen izan nintzenean atera zenuen te beltz eta banillazko infusioa?

              Irri egin du Margotek. “Noski badudala”, erantzun dio. “Oraintxe prestatuko dut”. “Lagunduko dizut Mar... zera, Canu andrea”. “Deitu Margot lasai asko, konfiantzan gaude eta. Eta eseri zaitez, nik egingo dut, zu nire gonbidatua zara”.

              Margotek edaria prestatzen duen bitartean, sofan eseri da, azken aldian bezala, eta koadernoa, boligrafoa eta grabagailua atera ditu poltsatik. Paretan zintzilik japoniar letrak pergaminoaren gainean. Ondo gogoratzen bada, nakama ahoskatzen da, eta laguna esan nahi omen du. Kamarada hitza baino gehiago gustatzen zitzaiolako jarri zuen hormatik zintzilik. Eta bere senarra eta semea zirenen argazkiak. Auto istripu batean hil ziren. Eta piano zaharrak han jarraitzen du tokitik mugitu gabe. Eta dekorazio gehiago. Argazki gehiago. Koadroak. Liburuak. Loreak, orkideak hain justu. Buda bat. Egongelan dagoen denak du istorio partikular eta berezia. Margoten bizitzaren laburpen bat da kasik. Bat-batean, Giuliaren egongela etorri zaio burura. Hura hotza zen, anonimoa, ezer kontatzen ez zuena ia. Eta berea imajinatzen hasi da ondoren. Margotenarekin alderatuta, Sararena ere hotza da, ez Giuliarena bezainbeste, baina hotza.

              Bost minuturen buruan azaldu da egongelan te-pastekin. Ondotik ekarri ditu bi katilu infusio beroarekin.

              — Esne pixka bat botatzea da sekretua —portzelanazko ontzi batean esnea erakutsiz. Sarak gomendioari kasu egin, eta pixka bat bota dio.

              Ondoren, besaulkian eseri da Margot. Nekatuta bezala. Baina ezin zaio irribarrea ahotik lapurtu.

              — Deitu ninduzunean, sekulako ilusioa egin zidan. Zuregatik ez bazen izan, honezkero aitonaren kontu guztiak eta liburuarena ahaztuta izango nituen. Sekulako oparia egin zenidan.

              — Plazera nirea izan zen hain ondo tratatzeagatik eta alde guztietatik erraztasunak emateagatik. Eta gainera liburua oparitu zenidan, zure aitonarena eta ondoren zurea zena. Hori ezin dizut inolaz ere ordaindu. Ez hartu hau ordaintze asmo bat bezala, baina argitaratutako liburua oparitu nahi dizut. Zerbait idatzi dizut gainera.

              Eta aurreko egunean liburu dendan erositako oparia eman dio. Heroiaren kaiera liburuaren edizio frantsesa. Aho zein begiak zabalik, bihotzez eskertu dio.

              — Ekarzu musu bat. Frantsesera itzuli zutela jakin nuenean erosi nuen, baina zuk halako detailea izanda, mila aldiz nahiago dut hau.

              Pausa bat egin du liburua eskuartean hartuta. Orriak pasatu ditu, geldo, jada ezagutzen duen istorio bat errepasatzen ariko balitz bezala. Atzetik aurrera. Geografia ezagunetako bidaia bat. Baina kartografia marjinaletan pausatu da luzaroan, Sarak bere letrarekin idatzitako hitzei erreparatuz. Hiruzpalau aldiz edo gehiagotan irakurri ditu, edo sentsazio hori du Sarak, isilik, eszenatik kanpo arretaz behatzen duenak. Isiltasuna luzatzen ari dela ikusita, beste behin azaldu nahi dio zein den bere asmoa. Bere autobiografia idatzi nahi duela, eta horretarako bere bizitzan zehar inflexio puntu bat eragin duten pertsonekin elkartu nahi duela, tartean Margotekin berarekin. Grabagailua martxan jar dezakeen galdetu dio, eta andreak, inongo trabarik gabe, horretarako askatasuna eman dio.

              — Lehenik eta behin eskatu nahi nizuke zure datuak aipatzea. Badakizu, izena, jaioterria, ofizioa, adina...

              — Adina ere? —eta barre egin du—. Tira. Margot Canu naiz. 1945eko irailaren 8an jaio nintzen. Parisen bertan, oraingo XVIII. arrondizamenduan. Nire amaren familia Bretainiatik etorri zen hiriburura eta aitarena Normandiatik. Beraz, familian bakarra naiz paristar kontsidera daitekeena. Alaba bakarra naiz. Nire aita polizia zen, eta ama arropa denda bateko jostuna. Nik kazetari izaten amaitu dut. Beno, jada jubilatuta nago, baina uste dut kazetaritzarena azal azpian geratzen dela, inoiz desagertzen ez den tumore bat bezala. Ezin informazioari alde egin, eta noizbehinka kolaborazioak egiteko ere eskatzen didate handik eta hemendik. Halere, Filosofia ikasi nuen. Bai. Nik neuk ere ez dakit nola lotu ziren biak. Baina lotu ziren, eta oso pozik eta gustura jardun dut egin ditudan lan guztietan. Gehienbat Libération egunkarian egin dut lan. Hortik aparte, bidaiatzea asko gustatzen zait. Ez dakit mundu osoa ez ote dudan zeharkatu, baina ez da urrun ibiliko munduari itzulia. Noski, Phileas Foggek baino denbora gehiago hartu dut itzuli hori egiteko. Itxaron. Ekarriko dizut argazki albuma eta horrela ikusiko duzu non ibili naizen.

              Hiru album ekarri ditu bata bestearen gainean pilatuta. Eta “Ikus dezagun” batekin hasi du bere bizitzaren kontakizuna. Sarak berari buruz duen inpresioa ezagutu nahi zuen gehiago, baina beno, elkarrizketatuaren berri izatea ere ez da bide okerretik joatea.

              Txikitako argazkiak lehenik. Gerraosteko urteak Parisen, nazien okupazioaren ostean. Aitona zenak, Walter Le Rouge Breton deituak alegia, okupazioaren aurka borrokatu zuen erresistentzian. Beti esan ohi zuen berarentzat gerra Margot jaio zenean amaitu zela.

              — Badakizu nire izena nondik datorren? —galdetu dio betaurrekoak kenduz.

              Sarak ideiarik ere ez du. Baina zerbait esaten hasterako, jada Margot hizketan hasia da. Antza, Walterrek istorioren bat irakurri zuen gerra garaian, Alexandre Dumasen bat ustez, eta bertan Margarita Valois-en istorioa kontatzen da, Margot Erregina ezizenez ere ezaguna zena. Bere bizitzarekin liluratuta, mundu guztiarekin gaizki moldatzen zela ikusita, eta Walterren arabera txundigarriena zena, bere senar ohia zen Enrike Nafarroakoari, ondorengo Enrike IV.a Frantziakoari gerra deklaratzera iritsi zela, ba pentsatu zuen bere bilobari Margot izena jarri behar zitzaiola. Nire amari gustatu zitzaion, baina ez zekien atzetik zuen istorio guztia. Eta aitari berdin zitzaion, egia esan. Badakizu gainera pelikula bat egin zutela bere inguruan? Ez duzu ikusi? Berdin du. Baina entzun behar duzu pelikula horretako abesti bat. Gaur egungo teknologiekin ea moldatzen naizen. Ditxosozko mugikor moderno hauek! Hemen dago. Entzun. Goran Bregovic musikariak egina da: Lullaby. Egunean behin bederen entzuten dut, ez naiz nazkatzen abesti honekin. Badakizu Bregovic hori nongoa den? Jugoslaviarra dela esaten du. Bere ama kroaziarra dela uste dut eta aita berriz serbiarra. Eta berak bere burua jugoslaviartzat du, nahiz eta Jugoslavia historiaren parte besterik ez den. Baina Lullaby hau nire kantua da.

              Nahikoa da Margoti arrain hezur bat ematea bere bizitzako edozein anekdota gogoratzeko, eta haren atzetik beste hainbeste anekdota lotuko ditu. Sarak, gaia berriz errepide nagusira ekartzeko saiakeran, argazki bat seinalatu du. Bere aitona zenarekin ageri da bertan, edo hori uste du. Lehen aldia da bere aitonaren irudia ikusten duela. Biak taberna batean daude. Vin et Roses famatu hura. Argazkiari tiraka, Margotek aitonarekin izaten zituen elkarrizketa horietako bat gogoratu du.

              Jada ez zen inor azaltzen tabernara. Jada ez zen garai bateko arnasarik sumatzen kosmos hartan. Garai berriek ate berriak zabaltzen omen dituzte, baina ahaztu egiten zaigu esatea ate zaharrak ixten dituztela.

              Whiski kopetan kitatu nahi izaten zituen penak. Barran esertzen zen, edalontzi bat eta botila bat alboan. Barra atzeko ispiluari begira egoten zen. Nola zahartu zen kontenplatzea besterik ez zitzaion geratzen. Nola urdindu zitzaion ilea. Nola zimurtu aurpegia. Hirurogei urteak ia gainean, musika klasikoa entzuten pasatzen zituen egunak. Egunkariei begirada azkar bat ematea gustuko zuen. Titularrak gainetik irakurtzea. Gero hutsaren hurrengoa iruditzen zitzaion esaten zen guztia. Susmoa zuen jada munduak ez ziola axola handirik. Eta munduari ere berekiko zuen interesa gutxitu zitzaiola. Hobe izango zuela hilerri batera deserriratzea. Lurrera itzultzea.

              Bi gerra handi bizi izan zituen, bata bestearen atzetik, gazte zela. Lehena etxean. Aita frontetik noiz etorriko zain. Hamar urte ere ez zituen garai hartan. Amak arma fabrika batean egiten zuen lan, eta arreba zaharrenak zaintzen zuen. Baina Versaillesko Itunak sinatu ostean ere, aita ez zen etxera itzuli. Milioika hildako horietako bat zen. Gerora, agintari frantsesek urtero oroitarazten dituzten horietako bat. Konmemorazioetako aurpegi serio horiek ez zuten inoiz ezagutu eta ezagutuko bere aita. Protokoloek nazka ematen zioten. Kontzientzia zuenetik, ez zen horrelako ekitaldi batera ere joan. Eta bizirik jarraitzen zuen bitartean, ez zen bat bakarrera ere joango.

              Beste trago bat eman zion whiskiari.

              Ilunpetan argia egin zen bere biloba tabernara sartu zenean. Gizonak irri egin zion. Margotek serio, baina aldi berean penatuta begiratzen zion. Nola zen posible egun osoa han ilunpetan pasatzea? Baina aitonak hala jarraitzen zuen.

              — Garai batean, argia zegoen taberna honetan. Bihotzak argitzen zituen argia. Ez lanparen argi artifizial hori. Eguzkiaren indarra zuen argia zen ordukoa. Baina orain dena dago ilunpetan. Garai batean, jendea sartu eta atera egiten zen zu sartu zaren ate horretatik. Beti zegoen zabalik. Eta ardoa zerbitzatzen genuen. Ardoa ezpainak bustitzeko. Baina orain, ardo botilak itxita daude. Inork ez du ardorik eskatzen, inor ez datorrelako. Jada inori ez zaio interesatzen alaitasuna. Orduan genuenarekin, genuen gutxiarekin ere alai ginen. Genuena preziatzen genuen, eta ez zigun axolarik ez genuenak, baldin eta behar-beharrezkoa ez bazen. Orain, jendeak ez daki duena baloratzen. Ez duena interesatzen zaio. Usteltzen diren ametsak besterik ez dituzte. Iraungitze datadun ametsak. Hutsalak. Galkorrak. Ametsak ez dira lehen genituenak bezalakoak —edalontziari begiratu zion hasperen egiten zuen bitartean—. Baina ez da zuen errua. Hori ikasi duzue munduari begira. Eta gu itsututa egon gara gure garaiak goraipatzen. Gure garaiak onenak zirela. Gu izan garela sufrimendu eta pena guztien semeak, eta horiek hezi gaituztela behar den bezala. Iraganean itxi gara, eta ez dugu jakin izan etorkizunari begiratzen. Etorkizunari baino orainari. Sinetsita bizi izan gara gure ideal arkaikoez mundu modernoa agindu dezakegula. Eta garai bateko aurrerakoienak eta iraultzaileenak erreakzionario marmarti huts bilakatu dira. Pentsatzen dute oraindik 1939an bizi garela, Hitler berriz garaitu behar dugula. De Gaulle alu hori.

              Bilobak sorbaldatik inguratu zuen bere besoekin.

              — Oraindik gauza berarekin jarraitzen al duzu aitona? Zuek zuen papera bete zenuten historian. Guk geurea beteko dugu. Amets baliogabeak edukitzearena bada gure patua, horretan jardungo gara. Ezin dugu pentsatu ez garena garela. Eta akaso, zuek ematen diguzuen eskarmentua guk emango dizuegu egunen batean.

              Aitonak begietara begiratu zion. Biloba irribarretsu zegoen.

              — Ea horrela den. Hori behar du gure belaunaldiak. Mendi tontorretik jaistea, eta behetik gora datozenei tokia uztea. Eta ez badizuegu tokirik uzten, bidal gaitzazue indarrez bederen. Bastoiarekin ezin ibilirik gabiltzan agure batzuk besterik ez gara. Zuek baduzue sasoia gu gauden tokitik botatzeko.

              — Paseo bat ematera joango al gara? Aspaldian ez dut zurekin paseorik ematen. Ezetz esaten badidazu, hanketatik tiraka indarrez eramango zaitut.

              Aitona barre algaraka hasi zen. Eskarmentua. Hori zen behar zutena bere belaunaldi kideek.

              Besotik hartuta atera zuen aitona kalera. Sena ibaiaren ertzetik paseo luze bat eman zuten elkarrekin. Gero, bohemioen auzoa den Montmartretik pasatu ziren. Aspaldi ez zela handik ibili aitona. Kafetegi bateko terrazan eseri ziren biak. Bi kafe eskatu zituzten itzalpean. Bat hutsa eta bestea capuccinoa. Eta kafeari laguntzeko bilobak zigarro paketea jarri zuen mahai gainean. Eta aitona ez zen gutxiago eta petaka bat atera zuen bere bular gaineko poltsikotik. Ezkutuan bezala, ttantta bat bota zion kafeari eta berriz gorde zuen.

              — Ez zara inoiz aldatuko, aitona. Bazeneukan ttanttarekin eskatzea...

              — Ai, Margot, Margot. Inork ez dauka kafea goxatu lezakeen whiskirik. Botila bat hartuko du zerbitzariak bere apalategitik eta kafeari botako dio inporta gabe zein whiski hartu duen. Edaterakoan ere kontzientzia behar da. Ona dena ona da eta ezin da aldatu. Eta horrela da.

              Margotek barre egin zuen. Gero zigarroa piztu, eta capuccinoari lehen tragoa eman zion. Aparrezko bibotea ezpainen gainean. Momentu batez, aitonari so geratu zen, goitik behera, behetik gora.

              — Beti esan nahi izan dizut gauza bat.

              — Bai? Eta zer da ba esan nahi didazun hori? —galdetu zion betaurrekoak ongi jartzen zituelarik, harrituta.

              — Zera... Zenbat zahartu zaren! Hori bai, zahar itxura horrek eta moztu gabeko txima eta bizarrak guru edo zoro tankera ematen dizute. Eta kurioso geratzen zaizu eskuin begia goitik behera zeharkatzen dizun gerra marka hori.

              Barreari eman zion aitonak.

              Hizketan jardun zuten denbora luzez, eta sekretuak eta bataila zaharrak kontatzen zituzten bitartean, kafe katiluek hutsik jarraitzen zuten mahaiaren gainean. Eta hautsontzia zigarrokinez betetzen zen. Joateko ordua iritsi zen arte.

              Taberna zaharrerako bidea hartu zuten berriz ere. Aitonak atea zabaldu zuen, eta Margot bere eserleku gustukoenean jarri zen. Zerbait nahi zuen galdegin zion, baina bilobak joan behar zuela aipatu zion presaz. Liburu bat hartu behar omen zuen liburutegian bere unibertsitateko lan bat egiteko.

              — Utopien inguruko lan bat egin behar dut. Baina ez dakit nola planteatu. Étienne Cabet-en Voyage en Icarie hartzea pentsatu dut. Ea ideiaren bat ematen didan irakurri ostean.

              Aitona pentsakor jarri zen. «Utopiak. Utopiak. Utopiak... Akaso?», eta tabernan bertan zuen liburutegi partikularrera abiatu zen. Liburuak banaka-banaka aztertu zituen. Bazirudien zerbaiten bila zebilela.

              — Non demontre utzi nuen azkeneko aldiz?

              «Hau ez, hau ere ez, hau ez, hau ez, hau ez, ez, ez, ez...», esaten zuen bitartean, Margot berari so zegoen.

              Azkenik, liburu bat hartu zuen bi eskuekin eta beha egon zen une luzez. Margoti begiratu zion eta barre egin zuen, barre txiki bat. Eta pauso laburrez, bere bilobarengana hurbildu zen.

              — Honek Cabetek baino gehiago lagunduko dizu.

              — Zein liburu da hau? S. Cabot? Ez dut ezagutzen. Eta adarra jotzen zabiltzala dirudi: Cabet-Cabot? Pailazo bikote bat ematen du.

              — Gerran nintzela topatu nuen liburu bat da. Nik neuk ere ez dakit zein den egilea, baina oso liburu interesgarria da. Irakur ezazu, eta esango didazu.

              Margot liburuari begira geratu zen luzaroan. Oso liburu zaharra zen. Tapa oso gastatua zuen eta eskuz idatzia zegoen. Zenbait ilustrazio ere bazituen.

              Esna amesteko gida?

              — Irakurtzen duzunean, esango didazu ea lagungarria izan zaizun.

              Margotek muxu bi eman zizkion aitonari, eta agur esanez korrika atera zen tabernatik. Aitona bere taburetean eseri zen eta ispiluari begira geratu zen, beste behin, ilunpetan. Ordu luzez isilik egon ondoren, taberna zaharreko atea itxi, eta bere etxera abiatu zen. Farolak piztuta zeuden dagoeneko.

 

 

— Sekretu edo egia bat kontatzea nahi duzu, Sara? —besaulkiaren kontra jarrita, ia besaulkiak irensteraino.

              — Noski. Baina sekretua bada, kontatu eta gero ez da sekretu bat izango gehiago.

              — Irakurri nuenean nire aitonaren pasartea, badakizu, justu hil zenekoarena, eta orokorrean 68 ahaztezin hari buruzkoa, ez duzu uste idealismo puntu bat zuela? Ez dakit, erromantikoegia iruditu zitzaidan. Ebokatiboegia akaso. Agian nire kulpa da. Aitonak esan zidan bezala, guri ere mendi tontorretik botatzeko garaia heldu zaigu. Iraultzaile izatetik marmarti izatera pasatu gara, ez duzu uste? Eta haiek bezala, gure memorian, gure iraganean itxi gara. Igual ez zara gogoratuko, eta irakurri egingo dizut. Ez kezkatu, buruz dakit zein orrialdetan hasten den.

              Eta Margot Sararen liburua irakurtzen hasi da. Inoiz ez zuen pentsatuko irakurle batek bere eleberria irakurriko ziola noizbait. Surrealista samarra iruditzen zaio. Baina aldi berean, badu bere xarma ere.

 

              “Goazen tabernara. Konta iezadazu barrikaden berri”.

              Eta besotik helduta eraman zuen Margotek Vin et Roses tabernara aitona Walter. Giltza txaketaren patrikatik atera, eta atea zabaldu zuen. Bere taburetean eseri aurretik, diskoen txokora joan zen. Pentsatuta zuen zer jarri, eta lehenengoan hartu zuen Antonin Dvoraken Bederatzigarren Sinfonia. Tokadiskoan ipini, orratza biniloaren gainean jarri, eta musika hasi zen. Tronpeta eta biolinen armonia gozo bezain probokatzailea.

              “Ba al dakizu zer den hau, Margot?”, galdetu zion esertzen ari zela.

              “Egia esatea nahi baduzu aitona, ez daukat ideia txikiena ere”.

              Eskuak barraren gainean jarri zituen, eta ispiluari begira geratu zen.

              “Antonin Dvoraken Bederatzigarren sinfonia, Mundu Berriko sinfonia izena ipini zion mende honen hasieran, Amerikako Estatu Batuetara egindako bidaia oinarri hartuta. Barrikadak izango ote dira mundu berrirako ate?”.

              Margotek edalontzi bat izotzez bete, eta eskoziar whiskia zerbitzatu zion.

              “Baliteke. Nik uste dut baietz. Paris osoa altxatu da De Gaulleren aurka. Irabaziko dugu, ez egin zalantzarik”.

              “Argi ibili, De Gaulle zakur zaharra da. Hitlerren aurka ibili den batentzat, hau ez da ezer. Gerra bizi izan ez duzuenok ezin diozue estrategia berarekin irabazi halako guda batean ibilitako bati. Ondo jakin behar duzue non ematen duzuen pausoa. Iraultzak esponentzialak dira, bai goraka eta bai beheraka. Olatuak dira: sortzen dira, handitzen dira, baina bere baitan lehertzen dira hondartzaren aurrean. Imajinazioa, sormena duzuela diozue... Asmatu, sortu formaren bat honekin amaitzeko hau ez bada zuek nahi duzuena. Baina jakizu: iraultzaile den oro bere iraultza gauzatu ostean, kontserbadore bihurtzen da”.

              “Ez al dira ba iraultzaileak iraultzaile eta kontserbadoreak kontserbadore bizitza osorako?”.

              “Inoiz ez!”, oihukatu zuen: “Gerran, erresistentzian ibili ziren askok, gerra amaitu ostean, faxismoa garaitu ostean, beteta ikusi zituzten beren helburuak. Eta Marx eta Lenin eta horrelakoak bihotzean izatetik liburuen apalean egotera pasatu ziren”.

              “Eta zu horietako bat al zara, aitona?”, galdetu zion irribarretsu begietara begira.

              Walterrek whiskiari trago bat eman zion.

              “Ni inoiz ez naiz izan ideologo handien jarraitzaile. Gustuko izan ditut beren ideia batzuk, baina beren jarraitzaile izatetik beren fanatiko izatera pauso bat dago. Ez dut nahi, eta inoiz ez dut nahi izan nire pentsamendua hitz batean laburtzerik”.

              Isiltasun labur baten ostean, Walterrek berriz hartu zuen hitza.

              “Entzun zein ederra den sinfonia hau. Begiak itxi, eta isiltasunean entzun behar da. Musika sentitu egin behar da. Sentsazio kontua da musikarena. Pasa iezadazu zigarro bat, Margot”.

              “Baina medikuak...”.

              “Ez jarri aurpegi hori. Zigarro bat erretzeak ez dit kalterik egingo. Eta lasai, ez diet esango zure gurasoei zigarroren bat eman didazula”.

              Poltsatik zigarro paketea atera zuen, eta aitonari luzatu. Honek ahoan jarri eta Margotek sua eman zion.

              “Hitz bat bera ere ez”, berak beste bat piztu aurretik.

              Walterrek aspaldian ez zuen erre, baina zupada bakoitza gozatuko balu bezala erretzen zuen zigarro hura.

              “Gaur oso ahul sentitzen naiz”.

              “Ez esan horrelakorik. Zu zarenarekin ahultasuna hiztegietatik kanpo egon beharko zen”.

              Beste zurrut bat eman zion whiskiari. Eta utopien harira eman zion liburuari buruz hasi zen hizketan.

              “Nukleoa zein den ulertu duzu?”.

              “Oso erraz irakurtzen zen. Baina nukleoa zein den ulertzea ez al da konplikatuegia?”.

              “Gizakia ez da konplikatua. Gizakia zuhaitz bat bezalakoa da. Kapak bata bestearen gainean jartzen dira, eta urteak pasatu ahala, handitzen doa. Halere, bere baitan beti izango da hasierako, lurrazpiko zuhaitz txiki hura. Gizakia berdin-berdin. Handitzen goaz eta ideia berriak eransten dizkiogu gure buruari. Baina funtsean, nukleoan beti izango gara izan ginen haur txiki hura, inozentzia besterik ez ginen haur txiki hura. Hori da nukleoa. Eta denak du nukleo hori. Norbait edo zerbait suntsitu nahi baduzu, suntsi ezazu nukleo hori. Zuhaitzari adarrak moztuta ere handitzen jarraituko du. Pertsona bati bere ideiak kenduta ere existitzen jarraituko du. Suntsitu nukleoa, eta dena suntsituko duzu”.

              “Hori zen beraz”, irribarrea ahoan.

              “Hori nire ondorioa izan zen”, izotza urtzen zihoan mantso-mantso. “Entzun hau. Sinfoniaren laugarren mugimendua hastera doa. Eman iezadazu beste zigarro bat”.

              Eta bigarren zigarroa piztearekin, kolpe bat iradokitzen zuen soinua. Eta biolinak joan eta etorri. Geroz eta azkarrago. Eta apokalipsiaren musika ondoren, heroia batailara doan momentu horretako doinua dena suntsitzen ari den bitartean. Eta Walter orkestra ikusezin bat gidatzen zigarroa erabiliz.

              “Hau marabilla bat da”, azken zurruta eman zion: “Joan aurreko summumean nagoela iruditzen zait”.

              “Baina zer txorakeria esaten ari zara?”, arraro begiratzen zion Margotek.

              “Tronpetak deika ditut”.

              “Brometan ari bazara, honek ez du inongo graziarik!”, haserretzen hasita.

              “Zatoz Margot, hurbildu zaitez nigana”.

              Barraren beste aldetik hurbildu zitzaion Margot aitonaren esana betez. Dvorakek han jarraitzen zuen. Haizea eta soka nahasten melodia ia perfektu batean. Muxu bat kopeta erdian. Margot atzeratu egin zen harrituta. Eta beldurrez aldi berean. Aitona irribarretsu zegoen malko bat erortzen zitzaiola masail zimurtuetatik behera. Bat-batean, barraren aurka jo, eta segidan, lurrera erori zen. Margot korrika joan zen beragana.

              “Aitona! Aitona! Esnatu! Aitona!”, garrasika, berotasun iheskor eta galkorrera kondenatutako gorpua bere gorputzaren aurka zuela.

              Eta sinfonia bere akabera anuntziatzen.

 

              — Esan. Ez al zaizu epikoegia iruditzen? Sentsazio horrekin geratu nintzen, nahiz eta orriaren gainean horrelako oroitzapen bat izateak izugarri poztu ninduen. Imajinatu. Garai hori gogoratu nahi badut, argazki eta bestelako objektuez gain liburu batean idatzita ere badut.

              — Agian elkarrizketak sortutako euforiaren emaitza izango zen, edo pasarte hori sekulako pasioarekin idatzi nuela, edo beste edozer gauza.

              — Bai, badakit hizketan hasten naizenean pasionatu samarra naizela. Hori onartzen dut. Baina ez dakit, gainontzeko guztia hain “objektiboa” da, edo irudipen hori dut behintzat.

              — Zerbait pasioarekin kontatzen bada, zuk zure istorioa bezala, zergatik ez horretan oinarritzen den istorio batean pasio bera azaldu? Badakit pasarte hori amaitu nuenean oso gustura geratu nintzela, zerbait bikaina sortu izan banu bezala.

              Margotek lasaitasun apur bat hartu du isiltasunean, eta infusioari azken trago bat eman dio.

              — Pentsatzen jarrita, hori da nahi duzuna, ezta? Nik liburu honetan bila dezakedana aurkitu nahi duzu. Eskaner oso bat egin nahi diozu zure bizitzari, ezta? Ez dut uste oso urruti nabilenik. Hala da, ezta? Bai, antzematen zaizu. Chakrak nahastuta dituzu, energia negatiboa sumatzen zaizu.

              — Badakizu eszeptikoa naizela Margot, edo zinikoa. Berdin dit kristautasunak, islamak, hinduismoak, budismoak, taoismoak ala animismoak.

              — Baina zein da zure helburua? Zure bizitzaren nondik norakoak ikustea, ulertzea? Interpretazio objektibo bat egitea? Kritikatzea? Iraganeko ekintzetatik ikastea? Zure bizitza ukatzea?

              — Ez dakit —dio etsitu samarrik—. Ideia ona delakoan nago, baina auskalo. Horregatik egin nahi dut, instintuak esaten dit hau dela orain egin behar dudana. Zertarako? Ez dakit. Nora eramango nauen? Ez dakit. Abentura bat da, azken emaitza zein den ez dakidan abentura bat. Agian ni naizena ulertu nahi dut, zergatik naizen horrelakoa, zergatik sentitzen dudan sentitzen dudan bezala, zergatik egiten dudan hau eta ez hori eta alderantziz —isilik geratu da bere pentsamenduen labirintotik nola atera ez dakiela, eta Margotek isiltasunean begiratzen dio nondik irtengo den jakin nahirik—. Badakizu, Margot. Nahiz eta bigarren aldia den zurekin elkartzen naizela, sentitzen dut dena dudala zuri kontatzea. Ez dakit, nire ama bazina bezala.

              — Orduan dena ez zenidake kontatuko.

              — Bai, dena kontatuko nizuke. Kontatzen ez dizudana ez da existitzen —eta infusioa amaitu du.

              — Orduan esango dizut ez naizela zure ama, baizik eta lagun bat. Eta kuriositate guztiarekin zera galdetuko dizut: zer da ama bati kontatuko ez diozuna eta beraz existitzen ez dena.

              Isiltasun tarte handi bat utzi du, Chavela Vargasen La llorona kantuak soilik urratzen duena. Bitartean, zigarro paketea atera du poltsatik eta keinu baten bidez ea bertan erretzerik duen galdetu du. Margotek baiezkoa egin dio buruarekin. Zigarroa ezpainen artean jarri du. Eskuin eskuan metxeroa, erruletari bira eman dio indarrez barruko harriak txinparta sortu eta gasarekin kontaktuan sua piztu dadin. Zigarroaren muturrera hurbildu sua. Barrurantz putz egin tabako hosto xehatuak erretzen has daitezen. Kea irentsi. Kea bota. Eta egongelan barna zabaldu da espazioa okupatuz.

              — Margot. Bakarrik sentitzen naiz. Haserre sentitzen naiz. Minduta sentitzen naiz.