9:15 pm
Hotel bateko gela anonimoan daude Ana eta Sara. Biak bakarrik. Ordulariak 8:00 pm markatzen du.
Egun baterako bakarrik joan da Ana Firenzera, Sarak eskatuta. Asko kostatu zitzaion ahizpa konbentzitzea, Anak ez baitzuen nahi bidaiatu Silvia etxean utzita. Oraindik zazpi hilabete eskas besterik ez ditu. Edo agian Sararekin ez elkartzeko aitzakia zen. Baina Sarak faborez, mesedez eta era guztietan eskatu dio. Garrantzitsua dela. Berarekin hitz egin behar duela. Azkenerako, hiru egun hartu ditu Anak: bi bidaiatzeko eta bestea Sararekin hitz egiteko.
— Sentitzen dut hiria ezin erakustea. Kasualitatea behar du zu etorri eta horrelako ekaitza lehertzeak.
Ana isil-isilik dago ohearen gainean. Egun guztia hara eta hona eman dute, eta ahizpa zaharrak ez dio esan ez dakien ezertxo ere. Amorratu egiten du horrek. Halako bidaia egin, bere alaba jaioberria etxean utzi eta Sarak oraindik ez dio ezer esan. Eta ez litzateke harrituko Firenzetik esan beharreko hori jakin gabe alde egingo balu ere.
Sirena hotsak entzuten dira kalean. Istripuren bat edo borrokaren bat edo beste zerbait gertatuko zen. Larunbat gaua izanda, edozer gauza izan daiteke.
— Ez naiz turismoa egitera etorri. Hori egin nahiko banu, beste animo batekin azalduko nintzateke, eta seguruenik Andreu eta Silvia hemen egongo lirateke. Baina ni bakarrik etorri naiz zuk zerbait esan behar zenidalako.
— Bai. Horregatik eskatu nizun etortzeko —Sarak leihoaren ertzetik.
— Eta noiz esango didazu zerbait? Ez atzo iluntzean, ez gaur goizean, ez gaur arratsaldean, ez didazu ezer esan. Bihar goizean noa. Ez pentsa edozein momentutan hona azaltzeko aukerarik dudanik. Familia bat dut, negozio bat dut.
— Ni ere familia horren parte izango naiz, ezta?
— Zer nahi duzu esatea? —ia mespretxura iristen den tonuarekin—. Aitaren hiletan ibili zinen bezala ikusita. Ez dakit. Gauza asko aldatu dira. Zu mundutik bueltaka ibili zaren bitartean, zure esperoan egongo ginela pentsatzen zenuen? Halere, badakizu zerk ematen didan minik handiena? Urte luzeetan aita zaintzen egonda ere, aitak beti zu izan zaituela alaba kuttuna.
— Hori ez da horrela.
— Eta zuk zer dakizu? —bortizki—. Zuk uste duzu dena dakizula! Zuk uste duzu dena kritikatzeko eskubidea duzula! Baina benetan uste duzu horrela dela? Zuk ez dakizu Dublinera joan eta gero gertatu zen guztia.
— Kontatu didate —ia entzunezin.
— Kontatu dizute? Bai? Eta? Nik ere kontatu nizun kafetegian, baina zer egin zenuen? Errua niri bota! Izeba Doloresek lagundu ninduelako, ni kritikatu. Aita psikiatriko batean sartu genuelako, ni errudun bihurtu. Eta bitartean, zu, Dublinen. Oso eroso egongo zinen, ezta?
— Badakizu liburu berri bat idazten ari naizela?
— Eta zer? Zertara dator orain zure liburuaren kontua. Zure urtebetetzean opari bat bidali nizun, eta oraindik ez dut eskerrik jaso. Eskerrak, ez beste ezer. Bi hitz dira: eskerrik asko. Baina ezta hori ere. Hori esateko ere ez zara gai?
— Ez da hori.
— Eta zer da ba? —Ana geroz eta haserreago dago.
Sara leihotik begira. “Sara, egin behar duzu. Zuregatik etorri da. Ematen duenez, gainera, azken aukera izango da gauzak konpontzeko”, aitak albotik. Alkandorako botoiak askatzen hasi da.
— Zertan ari zara? —galdetu du Anak.
Alkandora lurrera bota du Anari bizkarra ematen. Bitartean, hizketan hasi da:
— Nire autobiografia idatzi nahi dut. Konbentzituta nago horrela nire trauma eta arazo denak edo gehienak konponduko ditudala. Edo behintzat aurre egingo diet. Ikusten dituzu zazpi tximeleta hauek? Ezagutzen duzu Silvioren Mariposas kantua? Aipatzen du Mexikoko kultura batean, gerlariak hiltzen zirenean, tximeleta bihurtzen zirela. Beraz, Ana, entzun nire nobela berriaren nondik norakoak.
Sara Ballet Tàpies. 1977ko urtarrilaren 18an jaio zen Gironellan, Katalunian. Ama: Mercedes Tàpies. Aita: Josep Ballet. Ama frankismoari lotutako familia batetik zetorren. Aita gerra zibilean errepublikarren bandoan borrokatutako familia komunista batetik. Era batera edo bestera, elkarrekin amaitu zuten. Akaso aita maiteminduta zegoelako, eta amari ez zitzaiolako axola ideologien eta politikaren kontua. Inoiz ez zen galdetzera ausartu, nahiz eta kuriositateak barrutik jaten zuen. Eta Sarak sei urte zituenean, ahizpa bat: Ana Ballet Tàpies. Sarak gorrotatzen zuena. Bere espazioa kentzera etorri zela uste zuen. Familiakoek geroz eta kasu gutxiago egiten zioten Sarari. Ahizpa txikiak atentzio handiagoa behar zuen. Hori ez zuen Sarak ulertzen, edo ez zuen ulertu nahi. Enpatia falta agian? Horrek ingurua beste era batera ikustera eraman zuen. Laguntzarik ez bazuen, bere kabuz egingo zuen dena. Guztiari bere alde positiboa ikusiko zion, gainditu beharreko erronka izango zen dena. Eta Ana txikia handitzen zihoala, halako miresmen bat edo sortu zitzaion ahizpa zaharrarekiko. Bere atzetik ibiltzen zen denbora guztian, eta Sara horretaz jabetu zen. Baina ez zitzaion gustatzen. Ez zuen nahi horrelakorik. Ez zuen nahi bere ahizpa txikiak bere pausoak jarrai zitzan. Horregatik, beti liskarrean amaitzen zuten. Horrela pasatuko zuten bizitza guztia.
Lagun on bi zituen: Xavi eta Núria. Txiki-txikitatik. Lagun minak. Beti elkarrekin. Amaierara arte. Unibertsitatera arte, alegia. Bitartean, lagunik onenak ziren eta ezerk ez zituen bananduko. Sekretu guztiak salbu ziren haien artean. Gertatzen zitzaien guztia kontatzen zioten elkarri. Talde sekretu bat izan zitekeen hartan esan zuen Sarak 14 urterekin etorri zitzaiola lehen aldiz hilekoa. Núriak 13 urterekin izan zuela lehen esperientzia masturbazioarekin. Eta Xavik unibertsitatea hasterako komentatu zien mutilak gustatzen zitzaizkiola. Eta lehen musua. Eta lehen sexu harremanak. Eta zer sentitzen zen, ea minik ematen zuen. Eta lehen kontaktuak drogekin. Garajetik lapurtutako likoreak probatzea. Lehen zigarroak. Lehen kanutoak. Beti elkarrekin egongo ziren, nahiz eta Sarak Historia aukeratu, Núriak Arte Ederrak eta Xavik Zuzenbidea. Elkarrekin biziko ziren Bartzelonan.
Baina Bartzelonara joan aurretik, zorigaitza. Urriak 2, 1994. Ama hil zen. Aitak eraman zuen klasetik bueltan etxera. Han, negar zotinka ikusi zuen Ana.
— Ikusten tximeleta hau? Hori ama da —eskuin ipurmasailaren gainaldea erakutsiz.
Bartzelona paradisu izatetik infernu izatera pasatu zen putaseme bat eta txolin bat tarteko. Núriak Parisera egin zuen alde, eta ordutik bere pista galduta egon da beste zorigaizto batek elkartu zituen arte.
— Uste dut Bartzelonakoa badakizula. Zure eskutitzean agertzen zen Xavirekin hitz egin zenuela, baina nik neuk ere kontatu nahi dizut bigarren tximeleta honek esan nahi duena —bizkarraren azpialdea erakutsiz.
Eta Bartzelonan unibertsitate garaian gertatutakoa azaldu dio azken ñabardura bera ere hitz garbi eta gordinez deskribatuz.
Horregatik alde egin zuen handik urrun. Ezin zuen jasan Bartzelonak eta inguru hark esan nahi zutena. Hori izan zen Dublinera joateko arrazoia. Halere, Irlandan bertan ere ez pentsa gauzak errazak izan zirenik. Núria eta Xavi, betirako lagunak izan behar zirenak, atzean geratu ziren. Bakardadeak inguratu zuen, eta bere buruari galdetzen zion ea zer demontre egiten zuen han. Ezagunik ez inguruan, dena arrotz zitzaion, eta bera arrotz bat zen besteen begietan. Bi hilabetez edo, etxetik klasera eta klasetik etxera ibili zen. Garai batean zuen pentsamendu positibo guztia lausoturik zen Eireko behe lainoaren pean. Eta hori gutxi balitz, Bartzelonako mamuek oraindik jarraitzen zuten.
— Hirugarren tximeleta.
Baina zorionerako, lagun bat egin zuen: Olivia McDonald. Ile gorria, beti bilduta eramaten zuena. Begi grisak zituen, eta pekak aurpegi guztian zehar. Sarak baino bost urte gehiago zituen eta Belfasten jaio zen. Bortizkeriaz inguratutako haurtzaroa bizi izan zuen, Ipar Irlandako gatazkaren une gorenenak ziren. Horregatik, historia ikastea hautatu zuen, hainbeste bortizkeriaren atzean zer zegoen jakin nahi zuen, ulertu nahi zuen zergatik zen bortizkeria batzuentzako irtenbide bakarra.
Sarari kontatu zion 1994. urtean, ikasketak amaitzear zela, Parkinson gaitza diagnostikatu ziotela. Kolpe benetan handia izan zen berarentzat. Esku artean zuen dena albo batera utzi, eta noraezean ibili zen handik eta hemendik, gaixotasun hark bere bizitzako proiektuak izorratu zizkiola burutik ezin kenduta. Bere gaztaroa eta bizitza zapuztu behar baldin bazizkion, nahiago zuen berak bere gorputza suntsitu. Carpe diem. Eta gozamena gehiegikeria eta utzikeria bihurtu zen berarentzat. Lau urteko ibili eroaren ostean, ordea, horrela ezin zuela segi, ezinezkoa zela horrela jarraitzea erabaki zuen, eta ikasketen bideari heldu zion berriro. Orduan elkartu ziren Sara Ballet eta Olivia McDonald.
Hasiera batean, Sara ikasle egoitza batean egon zen, baina Oliviak bere etxera gonbidatu zuen. Eta masterrak iraun artean, Oliviak bere ahizpa txikia izango balitz bezala zaindu zuen Sara. Hasieratik izan baitzen Olivia ezer ez ezkutatzekoa. Gertatu zitzaiona kontatu zion Sarari, eta ez zuen nahi beste inork halakorik egitea.
Minak egindako harremana zen. Lotura guztien funtsa mina zen. Baina lotura haiek ez zuten inolako minik ematen, ez zuten saminik transmititzen. Sara zoriontsu zen Dublingo pisu hartan.
Ikasteak ez zuen Olivia garai batean bezala asebetetzen. Aspalditik buruan bueltaka zuen dantza ikuskizuna antzokietan erakustea zen bere ametsa. Bai, Oliviak dantzan bizi nahi zuen. Txikitan ballet eskola batean sartzen saiatu bazen ere, ez zuen lortu. Halere, horrek ez zuen burumakurtu. Talde amateur batean hasi zen, dantza korronte berriak bereganatu eta koreografia propioetan txertatzen geroago. Halakoa zen bere egunerokoa: ikasi eta dantzatu.
Dantzaren munduan ezagutu zuen Anna O'Flannagan, gaitza diagnostikatu baino lehen. Oliviak eta Annak elkar ezagutu zutenerako folk talde sonatu bateko biolinista zen. Dublingo campus alboko taberna batean ezagutu ziren Hobbita liburuaren harira. Mahai batean zegoen Olivia hura irakurtzen eta kuriositatez hurbildu omen zitzaion Anna. Tolkienen zenbait olerkiri musika jartzen saiatzen ari zela kontatu zion.
— Albo batera utzi nituen ikasketak, baina dantza baztertzea okerragoa izan zen. Momentua gozatzen ari nintzenez, nire gorputzaren gaineko kontrola nuela uste nuen. Ez zen horrela izan. Gaitza azkarrago okertu zen. Dantza gorputzak sentitzen zuena espresatzeko erabil nezakeela sentitzen nuen, eta egin nuen bakarra nire gorputza gaitzaren espresio bilakatzea izan zen.
— Laburbilduz: ergel baten moduan ibili zela —Annak, gauzak argitze aldera, hiru garagardo pinta eramanez mahaira.
— Eskerrik asko zalantzak uxatzeagatik. Kontua da nire bila hasi zela Irlanda guztitik. Eta aurkitu ninduenean ez zuen agurtzeko beste modurik izan ukabilkada batekin baino.
— Dardara kentzeko forma egokia iruditu zitzaidan.
— Annaren umore beltza. Kontua da dardarak ez duela inoiz alde egingo nire gorputzetik, eta horrekin bizitzen ikasi behar dudala, nire bizitzaren parte bihurtu. Ez dut dorpeziaren keinua izaterik nahi, baizik eta dantzatzen dudanean nire espresioen artean beste bat izatea.
— Baina dorpezia izaten jarraituko du. Ez al da zure burua engainatzea?
— Ai, Sara. Ez duzu oraindik ulertu, ezta? Denok ditugu dorpeziak. Batzuk errazago ezkutatuko dituzu, beste batzuk ez horrenbeste. Baina horiek gabe zu izango zinatekeela uste duzu? Hobe da berandu baino lehen onartzea eta haiekin bizitzen ikastea.
— Eta hori infernutik itzuli den batek esaten dizu.
Itzulera horregatik zegoen energiaz beteta. Munduaren gainean dantzatu nahi zuen, eta aspalditik buruan bueltaka zuen ikuskizuna sortzen hasi zen Annarekin batera. Orduak eta orduak entseatzen eta entseatzen. Sara behin baino gehiagotan joan zen haiek ikustera. Dardararen aurkako eta aldeko barne borroka. Entsegu batean erori egin zen hankak huts egin ostean, baina ez zuen altxatzeko laguntzarik onartu eta “Berriro hasieratik, Anna!” oihukatu zuen.
Denbora behar izan zuen Sarak Bartzelonan gertatutakoa Oliviari kontatzeko. Bai behintzat bere osotasunean. Bigarren urtean izan zen hori, 2001eko arratsalde eguzkitsu batean. Oliviak espezialistaren bat bisitatzeko aholkatu zion, berak ez zekiela horrelako zerbaiti nola aurre egin. Baina Sarak ez zuen nahi. Psikiatra edo psikologo batengana joateak erotuta zegoela justifikatzen zuen, bere ustez. Olivia bere alboan zen bitartean, nahikoa zuen horrekin.
Ikuskizun hark sona handia eskuratu zuen Dublinen, hasieran, eta Irlandako hiri nagusienetan ondoren. Londrestik deitu zituzten orduan. Bitartean, Sarak doktorego tesia egiteko beka eskuratu zuen.
Hilabete batzuetan ez zuten elkar ikusiko, baina bitartea entretenigarriagoa egiteko, Oliviak Silvioren disko bat oparitu zion: Mariposas.
— Bigarren abestiak Olivia izena du.
Elkar besarkatu zuten “hurren arte” batekin. Eta hurrengo bat izan zen, baina azkena. Sekulako arrakasta izan omen zuen, eta Londresko dantza konpainia batean sartu zen handik gutxira. Islaz aldatu zen halako aukerari ezin baitzion muzin egin.
Asteartea zen, edo osteguna. Jada ez du oroitu nahi, baina ez du beste erremediorik bere biografia hasieratik bukaerara kontatu gura badu. Eguna elkarrekin pasatu zuten Sarak eta Oliviak Dublingo bizipenak gogoratzeko asmoz. Aurreko despedidaren ondorengo bakardadeak iraungitze data zuen; oraingoa, ordea, kontserbagarri artifizialez gainezka zegoen. Oliviak zerbait gogoangarriarekin agurtu nahi zuen hurrengo batera arte. Halere, ez zen antolatu zuen bezala atera egun pasa.
Hiru hilabete lehenago, Olivia etxeko atetik maletei tiraka ikusi zuenean, zurrunbilo moduko bat sentitu zuen Sarak bularraldean. Neska irlandarrak baretu zizkion frustrazio eta amesgaiztoak esnatzen joan ziren, berriz. Oliviak abandonatu zuela pentsatzen hasi zen astebetera, eta agurtzera itzuli zenean, halako pantomimarekin, burla gisa hartu zuen. «Orain zein dela uste du nire dorpeziekin bizitzen ikasi dudan galdetzeko?», maleta egiten laguntzen zion bitartean.
— Annak ezin izan du etorri, baina esan dit hau zuri emateko. Opari bat da.
Hobbita zen. Bost segundo eskas begiratzeko eta paretaren kontra jaurti zuen.
— Zer ari zara egiten? —Sararen erreakzioak jokoz kanpo utzi zuen.
Egun osoan zehar kremailera bat eraman baldin bazuen ezpainak ez zabaltzeko, momentu hartan mozala kendu berri zioten piztia zirudien. Bota zizkion, damutzeko denborarik gabe, bota nahi zizkionak eta barruan hobeto zeudenak: goragalea. Oliviak esker beltzekoa deitu zion Sarak esan zezakeen edozer onartu gabe. Klasean bakarrik ikusi zuenetik, ahizpa txiki baten gisa tratatu zuen, bere pisuan bizi zen, denean laguntzen zion. Eta orain, halako jarrerarekin eskertuko zion. Tenperamentu handikoa zen Olivia, eta arnasa sakon hartu ondoren, bera egon ez zen tartean zer gertatu zitzaion galdetzea erabaki zuen.
Han bakarrik utzi zuela. Egoista zela hori egiterakoan. Bazekiela bera gaizki zegoela, eta halere, handik alde egin zuela.
— Eta zatoz liburu hau oparitzera? Euren etxea berreskuratu nahi duten batzuen istorioa? Nola orain ospetsu izango zaren, hemendik bidali nahi nauzu? Zer uste duzu, betirako izango zarela dantzako star bat? Asko jota urteren bat, eta inor ez da gogoratuko zurekin. Snob bat bihurtu zara, eta ez duzu bizitza dekadenteagorik izango parkinsonak akabatzen zaituen arte.
Momentu horretan Oliviak eman zion ukabilkada ez du inoiz ahaztu. Eta muturra ez zion apurtu mirariz. Irlandarrak etxetik bidali zuen, eta berdin zitzaion Sara kalean geratuta gaixotzen bazen, depresioak jota amaitzen bazuen edo beste edozein zorigaizto. Auskalo gerora Olivia damutu zen egindakoaz edo ez, baina Sara errudun sentitzen zen Oliviari esandakoengatik. Etxean hartu eta familiaren parte bezala zaindu zuen. Behar zuen edozertako han zegoen beti. Kulpak sorrarazten zion minagatik hasi zen bizkarra tatuatzen. Agur penagarri hura Oliviarekin bizitako une zoriontsuekin estaltzeko, tatuajea tximeleta formarekin.
— Laugarren tximeletak, bizkarraren erdian hegan dagoen horrek, Olivia izena du. Aurreko hirurekin batera tatuatu nuen, azkena izango zela pentsatuz. Baina ikusten duzunez, ez zen azkena izan.
Olivia Edinburgoko antzoki bateko oholtzara ateratzeko prestatzen zen bitartean, Sara New Yorkera iritsi berria zen. Bere doktorego tesia egiten zebilen, eta Columbiako Unibertsitatean onartu zuten urtebeteko mugikortasun-programa batean. Joan aurretik, Oliviari behin egindako zina oroitu zuen: zoriontsu izango zela, zoriontasuna bilatuko zuela, eta etsita ibili zen zaborrontzietan zoriontasuna bilatzen. Gogoz kontra maitemindu zen, baina alferrik. Mutilak ohetik bidaltzen zituen larrutan egin eta gero. Neskekin ere ez zuen lortu intimitaterik sortzea. Ezin zuen jasan norbaiten alboan lo egitea. Maitasun iheskorraren keinuak ezin zituen ulertu. Eta beste behin etsita, Harlemgo kaleetan galtzen zen tesia burutzeak zoriontasuna ekarriko ziola konbentzituta. New York frustrazioa izan zen Sararentzat, Lorcarentzat izan zen bezala.
— New York, edo frustrazioaren tximeleta —bizkarrean geroz eta gorago erakutsiz.
New York Atlantikoaren beste aldean utzi zuen tesia Irlanda goibelean aurkezteko. Atzean utzi gabekoak ordura arteko iluntasunaren zamak izan ziren. Eta Firenzen amaitu zuen azkenik 2005ean. Sotto il sole della Toscana. Doktorego ondorengo programa baten emaitza izan zen Firenze, baina Mediterraneoko argiari halako fobia bat zion oraindik Sarak. Orduan, Dianaren kontsultan sartu zen lehenengo aldiz. Laguntza behar zuen, eta inguruan ez zegoen lagunik. Eta lagunak zeuden tokira ez zuen itzuli nahi. Zulo beltz baten barruan zegoen, itolarria sentitzen zuen, baina ez zekien nola irten ur beltz haietatik. Antidepresiboak hartzen hasi zen, eta terapia bezala egunerokoa idazten. Zortzi urte igaro dira jada egun hartatik.
— Etsipen berri horren tximeleta ezker omoplatoaren gainean dago.
Idaztea gustatzen zitzaionez, egunerokoaz gain beste zerbait idaztea gomendatu zion. Eleberriren bat edo ipuin bilduma bat, eta argitaratzen saiatzeko. Bere bizitzari zentzua emateko zerbait izango zuen. Horrela hasi zen Heroiaren kaiera idazten, erronka pertsonal bat bezala.
Bere Bartzelonako irakasle izandako Pablo Azconak idatziriko artikulu batetik abiatu zen: iheslari baten kroniketatik. Enpatia sentitzen zuen Serge Cabot izeneko iheslariarekiko. Baina bere aipamenak 1916an amaitzen ziren.
Orduan ezagutu zuen bere bulegokidea izango zena: Giulia Marchetto. Sara baino gazteagoa zen, bi urte gazteagoa. Atzerrian ikastetik zetorren, Errusiako Astrakhan hiritik. Errusiako gerra zibila ikertu zuen han, eta unibertsitatean beste inor ezagutzen ez zuenez, Sarari pasatu zion bere lanaren kopia bat ea zer moduz ikusten zuen jakiteko. Hala hasi zen Sararen eta Giuliaren arteko adiskidetasuna, Astrakhaneko gutunak. Errusiako gerra zibileko korrespondentzia, 1918-1921 izeneko lanarekin. Sararen ustekaberako, Serge Caboten arrastoa zegoen lan hartan. Antza, liburu bat idatzi zuen, Esna amesteko gida, eta Naroch lakuko batailan hil zen iheslaria, Igor Vasiliev izeneko baten arabera “Gora iraultza sozialista!”, oihukatuz. Eta errusiarrak Caboten hilotzaren ondoan zegoen liburua hartu zuen.
Liburuaren izenburuak Margot Canu izeneko emakume paristarrarengana eraman zuen. Nonbait, bere aitona zenak, Walter Le Rouge Bretonek, Bigarren Mundu Gerran eskuratu zuen liburua Munichetik gertu. Margot Canuk bere etxean gordetzen zuen liburu hura Sararen eskuetara iritsi zen azkenean.
2007ko azaroan argitaratu zioten Heroiaren kaiera liburua. Ordutik sei urte laster.
Eta erronka handi hura gainditu ostean, pentsatzen zuen edozer egiteko gauza izan zitekeela. Berriz ere zoriontsu izateko bidean zela, haizea aldeko zuela. Iraganeko zorigaizto guztiarekin ahal zuela pentsatzen zuen, behingoagatik ahaztuko zuela hori dena. Zoriontasun euforia horretan Flavio ezagutu zuen. Sienatar bat. Maitemintzera iritsi zela pentsatu zuen. Berarekin zoriontsu izango zela. Elkarrekin biziko zirela. Elkarrekin ezkonduko zirela. Elkarrekin seme-alabak izango zituztela. Elkarrekin biziko zirela heriotzak banatu arte. Bai, bizitza tipiko batekin egiten zuen amets. Baina fantasiak besterik ez ziren. Beharbada, bihotza norbaiti lotu nahi zion behingoz, eta horrekin amesten zuen momentu guztietan. Beno, ez zen momentu guztietan izan. Beste emakume batekin larrutan topatu zuenean, ez zuen halakorik pentsatu. Atea kolpe batez itxi ostean, kalera irten eta katu beltz bat erosi zuen. Azkeneko aldiz Flavio ikusi zuenean, bere gauzak etxetik hartzeko izan zen. Itzultzeko erregutu zion berriro, sexu eszenaren ostean eskaileretatik erregutu zion bezala. Ez zion hitzik egin, eta gainera, katu beltzari ez zitzaion tipoa gustatu. Masailean harramazkak eraman zituen. Eta Sarak Capisci izena jarri zion katu beltzari, konbentzituta baitzegoen katu hark Sarak tipoarekiko sentitzen zuena ulertu zuela.
Ordutik bere zitadela propioan giltzapetu zen. Unibertsitateko lana eta bigarren eleberri bat idazteko erronka besterik ez zituen buruan. Maitasun edo afektu espresio guztietatik urrundu zen. Ez zuen beste ezertan pentsatu nahi, pentsatzeak gauzak gogorarazten baitzizkion.
Baina urriaren 2ko Anaren deiak dena hankaz gora jarri zuen berriz. Gero etorri zenak are gehiago.
— Eta sorbaldan dudan zazpigarren tximeleta hau aitarena da.
Eta aitaren atzetik etorri ziren depresioak eta buruaz beste egiteko eta puzzlea behingoz amaitzeko saiakera guztiak. Zoriontasuna arbuiatzera iritsitako momentuak. Eta inguruko guztiak betirako galtzeko motiboak. Bakardadeak bere aurpegirik maltzur eta makurrenarekin barre egiten dizun momentua.
Sarak alkandora jantzi du bere kontakizuna amaitutzat jo duenean. Ana begiak zabalik, zer esan ez dakiela geratu da. Ordulariak 9:15 pm markatzen du orain. Ordubete pasatxo egon da Sara entzuten eta bizkarrean tatuatuta dituen zazpi tximeletei begira.
Sarak bira eman du.
— Barkatu, Ana. Arrazoi duzu. Ez nuen eskubiderik Gironellan esan nizkizunak esateko. Inoiz ez dut izan etxean gertatutakoa kritikatzeko eskubiderik. Berekoi hutsa izan naiz denbora guztian. Uste dut nire ihesean, etxea zen bezala gogoratu nahi nuela. Horrela, beti egongo zen zerbait Gironellarekin, familiarekin, lagunekin lotuko ninduena. Baina gauzak beti doaz aldatzen, eta tuntuna izan naiz nire etxea, nire familia, nire lagunak ezin zirela aldatu pentsatu badut. Sentitzen dut, Ana. Barkaidazu, mesedez.
Anak besarkada bat eman dio. Bere indar guztiekin. Horrela, bere gorputzak kontakizun guztian sentitu duen hotzikara disimulatzen du. Dardara handiegia da, ordea, eta indar denak ere ez dira gai uxatzeko. Belarrira hitz egin dio “Barkatzen dizut”, esanez.
Luze egon dira hizketan gero. Ia hamaikak jo dituzte elkar agurtu dutenerako, baina hizketaldi alaia izan dute, azken hogei urteetan izan ez duten hizketaldia.
— Badakizu izeba Dolores iruzur fiskalagatik eta kapital ihesagatik inputatu dutela? Duela aste batzuetako kontua da, baina agian jakingo zenuen.
— Benetan? —irribarre bat ahoan—. Merezi zuen. Seguru gauza okerragoetan sartuta dagoela, eta gure aita psikiatrikoan sartzearena bere kontua izan zela.
— Arrazoi zenuen —Anak firmeki.
— Arrazoi zertan? —Sarak harrituta.
— Aitarenean. Psikiatrikoko zuzendariarekin traturen bat edo egin zuen aita gainetik kentzeko. Inoiz ez zitzaion gustatu ama gure aitarekin ezkontzea. Hori nik ere banekien. Baina jakin zuenean istripua izan zuela eta hori dena, bere harreman guztiak mugitu zituen. Psikiatrikotik deitu ninduten. Zuzendaria izandakoa Doloresen laguna zen, negozioren bat omen zuten. Eta negozioa diodanean ez naiz zerbait legezkoari buruz ari. Eta horregatik, nik eskatu behar dizut barkamena zuri. Kasu egin izan banizu.
— Faborez, Ana, zaude isilik! —Anak esandakoa txorakeriatzat hartuta—. Nik izeba barru-barrutik gorrotatzen nuen eta gorrotatzen jarraitzen dut. Fatxa bat delako gorrotatzen dut, eta aita mespretxatzen zuelako. Iruditzen zitzaidan Doloresen laguntza onartzea deabruarekin paktu bat egitea bezalakoa zela, baina ulertzen dut ez zenuela beste aukerarik izan. Ez dago ezer barkatzeko. Entzun?
Biharamunean elkarrekin gosaldu dute Sararen pisuan. Oparitutako liburua mahaiaren gainean ikusi du post-itekin. Ea hasieratik amaierara aztertu duen galdetu dio ahizpak, baina erantzun beharrean liburua hartu du. “Diotenez, Machiavellik patuari buruzko honako ideia zuen: Fortunak bizitzaren erdia baino gehiago menperatzen zuen, eta gainerakoa virtù deitzen zuena zen. Fortuna umore aldaketa bortitzak zituen jainkosa kapritxoso batek egindako lerroak ziren. [...] Irakurleari handitasun partikularra eragiten dio Fortuna kontzeptuak. Baita virtù berak ere, ezin dena definitu hogei hitz edo gehiagoren laguntzarik gabe —kuraia, bertute morala, talentua, gaitasuna, adorea, iraunkortasuna, kemena...—, [...] patuari aurre egiteko modu bakarra da virtù di necessita, egoera aldrebesetan kuraia azaltzea”. Azken esaldia hamaika aldiz azpimarratuta dago.
— Zer diozu?
Chibik liburuko bikotearentzat esan nahi zuena azaldu dio, nahiz eta jakin ahizpak irakurria duela: bat-batean haien bizitzan agertu den felidoa, eta gertukoa bihurtuta ere bisitari bat izaten jarraitzen duena. “Horregatik al daukazu koadro hori?”. Zigarroa piztearekin, bisitari izatearen gabeziez hasi zaio hizketan. Kontatu dio tailerrera joan zenekoa. Harrituta begiratu dio Anak, baina ez dio kontakizuna eten inongo momentutan. Antza, Bergara gerturatu zen Cristinaren kafetegian eztabaidatu ondoren.
— Ana Ballet esan duzu? Bai, hemen egiten du lan. Baina gaur ez da etorriko. Bart bere aita hil omen da.
— Benetan ari zara?
Ez daki zertara joan den hara, inprobisatzen aritu da denbora guztian ahizparen nagusiarekin. Bertan zer egiten duten galdetu dio txikitako lagun baten maskara jantzita, zer nolako langilea den Ana, zein diren bere lanak. Ezeren susmorik gabe zura lantzen jarraitu du nagusiak.
— Eta ispilu hau?
Jabeak burua jaso eta berean jarraitu du. Anak egina omen da esan zionaren arabera, istorio batean oinarrituta. Gertuagotik ikusteko hurbildu eta orduan jabetu da istorio hori Heroiaren kaiera dela. Anak Sararen ideia “hezur-haragizkotu” zuen: Partisanian ispilu bat zegoen. Ispilua inguratzen zuen egurrezko markoaren goialdean, Kafkaren Prozesua eleberrian irakurri zuen pasarte batetik ateratako irudia zegoen: Justiziaren eta Garaipenaren irudia. Ispiluaren alboetara erramu hostoak zituen, Zesarraren koroa irudikatuz. Eta behean, erdi ezkutuan, untxi bat. Partisaniako ispilu horretan begiratzen zen edonor desitxuratuta islatzen zen. Anak gorpuztutako ispilua begiratzerakoan, beldurra sentitu du, baina segituan atera du jabeak bere pentsamenduetatik.
— Atsegin duzu?
— Oraindik salgai al dago?
Altzari suediarren aurka lehiatzea zaila dela esan dio ahizpak. Italiara bidal dezakeen galdetu dio orduan.
— Erosi nahi al duzu?
— Ispilu horrek niretzat zer esan nahi duen jakin beharko nuke berandu baino lehen.
Agurtu dira azkenean. Sarak esan dio azalduko dela egunen batean bere iloba ezagutzera. Udan edo. Baina oraindik gauzak dituela egiteko eta konpontzeko, eta pazientzia pixka bat izan dezala.
— Puzzlea amaitzen dudanean, azalduko naiz.
— Baina zazpi tximeletarekin, ez ditut gehiago ikusi nahi. Ulertu duzu?
Beste besarkada batekin agurtu dute elkar. Eta han doa Ana maleta txikiari tiraka aireportuko hesteetan barrena. Sarak, bitartean, airean astintzen du eskua.
Kotxean sartu da. Giltza biratu eta martxan jarri. Irratia bera ere automatikoki piztu da. Bederatzietako albistegiak ematen hasi dira.
“Egun on. Bart gauean Giulia Marchetto atxilotu dute, Toskanako narkotrafikatzaile talde garrantzitsuenaren burua. Droga Triesteko portutik sartzen zuten herrialdera eta gero iparraldeko lurraldeetara zabaltzen zuten”.
— Zer? —eta bolumena igo du.
Irratiak dio kontaktuak zituela atzerriko droga trafikoko beste taldeekin, eta unibertsitateko irakasle izatearena estalki bat zela Trieste eta Toscana lotzeko. Sarak ezin du sinetsi entzuten duena. Segituan deitu dio Francescari. Gero Gian Carlori. Haiek ere zur eta lur omen daude. Fionak deitu dio ondoren, Gian Carlorekin hitz egiten bukatu eta gero. Ea egia den galdetu dio. Sarak erantzun dio notizia entzun berri duela, eta sinetsi ezinean dabilela. Sekulako iskanbila sortu da bat-batean. Eta bost minutu baino gehiago egin dituenez aireportu atarian autoa mugitu gabe, carabinieri bat gerturatu zaio handik joan behar duela esateko.
«Astelehenean kaos bat izango da unibertsitatea».
— Nahi duzuna Sara, baina denak logika du. Bestela, pentsatu. Zergatik ez zegoen ezer bere etxean? Zergatik pentsatu zenuen etxe hura hotza zela? Nola ordainduko zituen bestela zuri bidalitako bitxi guztiak? Zergatik esan zizun bere negozioen inguruan ez galdetzeko? Eta oraindik gehiago pentsatuta... Seguru ez ziola ezer egin Timothy Flynn izeneko mutil hari? Froga faltengatik itxi zuten kasua, gogoratzen?
— Aita, isildu zaitez, mesedez.
— Seguru zurekin burua galdu zuela, eta huts egiteren bat egin horregatik. Emozioek galbidera eraman dezakete negozio bat, eta are gehiago hain delikatua bada.
— Isiltzeko, ostia! Ez dut horren inguruan hitz egin nahi. Ahaztu! —isilik geratu da errepideari begira—. Joder! Oraintxe bertan Anarekin gauzak konponduta nintzen, eta bat-batean, bun! Horrelako zerbait gertatzen da. Ez da normala!
— Normala ez dena da 60ko tarte batean 90ean joatea! Mantsotu!
— Lasaitu zaitez, aita. Zuri ez zaizu ezer gertatuko.
— Niri ez, baina zuri bai. A! Bihar Game of Thrones-en kapitulu berria.
— Egia! Bi kapitulu geratzen dira hirugarren denboraldia amaitzeko. Ea zein hiltzen den. Ea Joffrey behingoagatik hiltzen den. Baina seguru bizirik aterako dela eta Jon Snow edo horrelakoren bat hilko dela, Ned Stark bezala.
Igandea nekagarria izan da. Giuliaren berriak ezagun guztiak aztoratu ditu. Inork ez zuen horrelakorik pentsatuko inoiz, surrealistegia izan da. Pentsatzeko surrealistegia zen eta gertatzeko oraindik surrealistagoa.
Zerbait bazkaldu eta gero telebista piztu du. Albistegiak. Giuliarena agertu da, eta erabaki du ez duela horrelako ezer ikusi nahi. Kanalez aldatu du. Marrazki bizidunak.
— Nahiago marrazki bizidunak ikusi bestea baino. Kafea prestatuko dut.
Eta kafea prestatzen ari den bitartean, musika hasi da, abesti ezagun bat. Begiak zabal-zabal ditu. Eguna surrealista doa, baina oraindik eta surrealistagoa bihurtuko dela dirudi. Harridura euforiarekin nahastuta, kantuan hasi da mundu guztiak entzuteko moduan:
“Volant, volant sempre amunt! Sempre amunt! Na, na, na, tu amb mi tots dos junts lluitarem”.
Dragoi Bola Z. Dra-goi-bo-la-ze-ta. Inoiz ez du italieraz ikusi bere txikitako marrazki bizidunik onena. Gokuk Vegetaren aurka borrokatzen duen kapitulua da, gainera. Kafea sutik kendu, eta zigarro bat piztu du. Kapitulua bukatzean hartuko du kafea, baina bitartean ez dezala molestatu.
— Aizu, Sara, gauza bat dut zuri esateko.
— Garrantzitsua izan dadila aita, kontzentratuta nago.
— Nik Dragoi Bola Zren hasierako kanta Kataluniako independentziaren ereserki egingo nuke.
— (...)
Ordenagailua piztu du. Skype zabaldu eta Xaviri deitu dio sarean dagoela ikusita.
— Aupa, Xavi! Zer moduz?
— Sara, orain ezin naiz biluztu, lanean nago.
Sarak “zu tontoa zara?” dioen aurpegiarekin begiratu du.
— Aupa, Sara! Zurekin ezin dira bromak ere egin. Ondo nago. Zu ere?
— Egun zeharo surrealistak izaten ari naiz. Gogoratzen Giulia? Capo bat zen! Droga trafikoaren capo bat! Larunbatean atxilotu zuten!
— Itxaron. Errepikatu berriz?
— Ba Giulia berez capo bat dela!
— Garagardoa edaten ari ginen bitartean hitz egin genuen Giulia berberaz ari gara?
— Bai, zein bestela?
Xaviren aurpegia poema bat da.
— Eta Dragoi Bola italieraz ikusi dut.
— Hori aurrekoa baino notizia handiagoa da, Sara —ironikoki—. Eta zerbait badakizu berari buruz?
— Ez dakit ezer, eta egia jakin nahi baduzu, ez dut uste ezer jakin nahi dudanik —eta hor eman du amaitutzat Giuliaren gaia—. Anarekin hitz egin dut. Egun batzuetarako etorri da hona. Dena kontatu diot.
— Aipatu zidan joan aurretik. Sentitzen dut Bartzelonakoa kontatzeagatik, baina ez nuen beste erremediorik. Bai ala bai kontatu behar nion.
— Ez da ezer gertatzen. Ondo egin zenuen. Akatsa nirea izan da lehenago ez kontatzeagatik, baina jada kontatu diot eta listo.
— Eta hobeto sentitzen zara?
— Bai, baina oraindik ez dut puzzlea bukatu.
— Puzzlea bukatu? Zertaz ari zara?
— Puzzlea metafora bat da, Xavi. Ez zara ezertaz enteratzen. Baina puzzlea amaitu nahi badut, gauza bera egin behar dut zurekin —eserlekua hartu eta atzerago eraman du—. Hemendik ondo ikusten zait?
— Bai, zergatik? —eta kamiseta erantzi du Sarak—. Zer ari zara egiten? Esan dizut lanean nagoela eta ezin dudala arropa kendu. Zer dira tatuaje horiek?
— Isilik egoten bazara kontatuko dizut. Nire autobiografia dira tximeleta hauek, beraz arretaz entzun, zuk ez baitakizu istorioaren erdia ere.
Eta kontakizunean murgildu da. Beste behin. Amaitu duenean, Xavi mutu geratu da, Ana bezala. Ez ditu erruki hitzak entzun nahi, ordea. Aurpegian nabari zaio hori Sarari, eta Xavik ondotxo ulertu du. Beraz, beste zerbaitekin berrartu du solasaldia.
— Zure gomendioari jarraituz, Tornatoreren Nuovo Cinema Paradiso ikusi nuen. Ez dakit zergatik, baina zure bizitzarekin lotu dut. Pelikulan bi aldiz gogoratu nintzen zurekin. Batetik, Totòk bere amarekin duen solasaldian. Badakizu, Totòk itzultzeko beldurra zuela esaten dion momentua, eta amak jaioterrian iraganeko mamuak besterik ez daudela aipatzen diona. Eta bigarrena... Gogoratzen duzu printzesaren istorioa?
— Gutxi gorabehera.
Gauean bertan ikusi du Giuseppe Tornatoreren pelikula. Eszena horretan, Alfredo, nekatuta, atari baten aurrean esertzen da Totò alboan duela, eta printzesaren eta soldaduaren istorioa kontatzen dio. Dioenez, errege batek antolatutako festa batean, soldadu batek haren alaba ikusi zuen, erresumako printzesarik ederrena. Egun batez, bere maitasuna azaldu zion printzesari, eta honek zera esan zion: “Ehun egun eta ehun gau pasatzen badituzu nire balkoi azpian, zurea izango naiz!”. Han eman zituen egunak eta gauak printzesa begira zuela, eta laurogeita hemeretzigarren gauean, soldadua altxatu eta joan egin zen.
— Zergatik ez duzu gauza bera egiten? —galdetu dio Xavik—. Zergatik ez zara zoriontasunaren leiho azpian esertzen, eta bukaera arte bere esperoan egoten? Zoriontasunak ezin du zina eten. Zoriontasunak ehungarren gauaren ostean zuregana jaitsi behar du.
— Serio, Xavi? Zoriontasunarekin zin egitea da zure gomendioa? Ehun egunez ilusio batean bizitzea? Eta zergatik diozu hain serio eta hain konbentzituta zoriontasunak ezin duela zina eten? Uste duzu zoriontasunak ez dakiela promesa faltsuak egiten?
— Zuk egiten duzu zure zoriontasuna. Gogoratzen duzu ospitaletik bueltan ikusi genuen grafitti hura?
Irudia etorri zaio burura:
HAPPINESS IS INSIDE YOU,
NOT WITH ANOTHER PERSON.
J. LENNON
(botatako pertsiana magenta baten gainean esprai zuriz idatzita)