Tximeletak bizkarrean
Tximeletak bizkarrean
2018, nobela
320 orrialde
978-84-17051-14-3
Azaleko irudia: Paul Klee, Angelus Novus
Ugaitz Agirre
1992, Usurbil
 
 

 

Hiru oroitzapen

 

 

— Uste duzu aita baten hileta aurreko gaua pasatzeko modua dela hau? —esan dio Xavik txinatarrean erosi eta lurrean barreiatuta dituzten garagardo latak seinalatuz.

              Klak!

              — Hau ez bada modua, zergatik zaude nirekin?

              Ilunabarra da. Faroletako argiak pizten hasi dira, pixkanaka argi artifiziala indartuz, eta egunaren simulazio kutrea iradokiz. Llobregat ibaiaren ertzean bada parke bat, gazteluaren eta alde zaharraren oinpean. Denboraren talaia menditik itsasora doan ur korrontearen ertzean. Argi elektrikoa ur azalean islatzen da, eta pegatina baten gisa itsasten da hidrogenozko eta oxigenozko konbinatu likatsuan, argia bera ere likatsu bihurtuz.

              — Ez zenien hori kontatuko, ezta?

              Errekari begira, garagardo lata zabaldu, eta trago bat eman dio Sarari erantzun aurretik.

              — Ez duzu uste jada zerbait esango zizutela hori kontatu izan banien?

              Isilik geratu da. Lata bankuaren gainean utzi, eta zigarro paketea atera du poltsatik. Xaviri eskaini dio bat, baina hark ezetz esan dio. Duela hamar urte utzi ziola erretzeari. Sarak zigarroa ezpainetan jarri, piztu, eta kea airera bota du. Inguru ilunera begiratu. Isiltasuna da nagusi; autoren baten zarata eta kaletik dabilen jende gutxiaren hotsa entzuten da noizbehinka: isiltasun magikoa profanatu, eta berriz ere isiltasuna nagusitzen da.

              — Zenbat aldatu den Gironella. Ez nuen horrela gogoratzen.

              Xavik tragoa eman dio garagardoari. Eskumuturrarekin sikatu behar izan du ezpain alboetatik eroritakoa.

              — Denbora pasatu den seinale. Aldatzen eta garaira egokitzen ez dena desagertzera kondenatuta dago. Gironellak ere garai berrietara egokitu behar izan du.

              — Arrazoi duzu —mekanikoki.

              Lehen aldiz, errekatik altxatu du begirada Xavik, eta Sarari so egin dio. Egurrezko bankuak bizkarra ezartzeko duen oholaren gainean dago eserita. Alkandora zuria eta jeans beltzak jantzita, eta kolore bereko oinetakoak. Ilea bilduta du. Desolazio aurpegia nabari zaio, edo hala interpretatu du Xavik. Esku bat oholaren gainean du oreka mantentzen laguntzeko, eta bestean garagardo lata eta zigarroa. Ostiral ilunabarretako plana izan ohi zen garagardoa edanez bakoitzaren penak eta zorionak kontatzea. Hori Sarak Dublinera alde egin baino lehenago. Ez dio kulparik botatzen horregatik, ordea; zergatik bota behar dio errurik, bada? Bera izan zen hori egitera bultzatu eta lagundu zuena. Haren ihesaren konplize bakarra da. Baina desolazio aurpegi hark ez luke egon beharko Sararen aurpegian. Dublinera alde egiteak aurretik gertatu zen guztia ahazteko forma izan behar zuen. Beharbada, aitagatik da. Logikoena, egia esan. Hori da pentsatu nahi duena.

              — Pertsona handia zen Kapitaina.

              Begiak zabaldu zaizkio Sarari. Burua ezkerretara biratu, eta lagunari begira geratu da. Irribarre txiki bat du, bizitzako momentu ederrak nostalgiaz gogoratzen direnean marrazten den irribarre horietako bat.

              — Zuk ere horrela deitzen al zenuen?

              — Ez zen ezizen hobeagorik berarentzat. Lan handia egin zuen herri honengatik. Ikusi duzu zenbat jende azaldu den beilatokira. Lagun asko izan zituen herrian eta inguruetan. Eta denek Kapitaina deitzen zioten.

              — Arrazoi duzu. Ez nuen espero horrenbeste jende azaltzea.

              Emoziorik gabekoak iruditzen zaizkio Sararen hitzak, zerbait ezkutatu nahi izango balute bezala. Logikoena betiko galdera existentzialak egitea izango litzateke, baina ez du horrelako jokoetan sartu nahi. Immune izan nahi duela dirudi, inguratzen duen guztia axola gabeko bihurtu nahiko balu bezala. «Zergatik?», pentsatzen du Xavik. Ezin dio begirik kendu.

              — Sara, galdera bat egin nahi dizut.

              Buruarekin “aurrera” egin dio, baina begietara begiratu gabe.

              — Zer da burutik pasatzen ari zaizuna?

              Sakon hartu du arnasa. Hamabost bat segundo pasatu dira hitzak sortzen hasi direnerako. Garagardoari trago bat eman dio lehenik, halere, eta zigarroaren azken kondarrak kontsumituta, lurrera bota du zigarrokina.

              — Pentsatzen ari nintzen zenbat aldatu zareten denak. Bakoitzak bere bidea hartu duzue, eta ilusioz eta zoriontsu zaudete. Faltan botatzen nituen denak, baita zu ere, Xavi. Orain Firenzetik bueltatu naizela, pentsatu dut, beharbada, hemen zoriontsu izan nintekeela. Damutzen ari naiz hemendik alde egin izanaz. Uste nuen kanpora joan behar nuela zoriontsu izateko, baina beharbada ez da ideia onena izan. Abandonatu zaituztedanaren sentsazioa dut, zuek denak, eta orain hemen nagoela, inori aurpegira begiratzeko gauza ere ez naiz. Anarekin izan dudan liskarra ikusi izan bazenu... Ez dakit ideia ona izan den itzultzearena. Eta gero zuek. Denak etorri zarete doluminak ematera, negarrez. Besarkatu nauzue, inoiz baino estuago, zuen babesa ematen. Zergatik horrenbeste erruki? Merezi al dut, bada? Zuen artean lekuz kanpo sentitzen naiz, mamu bat naizela sentitzen dut.

              — Inoiz ez zara lekuz kanpo egongo hemen, eta hori badakizu. Lekuz kanpo dagoen bati ez diozu negar egiten sorbaldaren gainean, ez duzu besarkatzen dituzun indar guztiekin, ez diozu sentitzen duzun mina hutsaren truk azaleratzen. Ez pentsatu horrelako gauzetan. Denek dakite zure ametsak betetzera joan zinela atzerrira, ez dituzu abandonatu! Ados?

              — Egia da, denak abandonatu nituen. Zuk beste inork baino hobeto dakizu. Inori ezer esan gabe joan nintzen, eta gainera zuri utzi nizun karga guztia. Zuk ezkutatu behar izan zenituen egun haiek.

              Azken bi hitzak entzutearekin batera bankutik altxatu da garagardo lata albo batean utzita, eta Sararen aurrean jarri da. Denbora guztian lurrera begira. Sarak ere bere oinei begiratzen die, erdi negarrez.

              — Sara...

              Xaviri begiratzeko burua altxatu...

              Zapla masailean!

              — Ez aipatu berriz ere “egun haiek”, entzun? Adostu genuen zuk hemendik alde egingo zenuela, eta pixkanaka gainditzen joango zinela. Nik nire partea bete dut, ez diot inori ezer esan, eta egia esatea nahi baduzu, ez da erraza izan. Orain ez etorri esanez Dublinen edo Florentzian edo egon zaren tokian ez duzula zoriontasunik topatu eta beharbada hemen topatuko zenuela. Horrek ez du balio! Ezin dugu atzera itzuli eta gertatutakoa aldatu. Gauzak ez dira beti guk nahi bezala ateratzen, eta zer? “Denak ilusioz eta zoriontsu zaudete”. Hori lortzea zen zure helburua, baina dirudienez, ez zara gai izan.

              — Ez da erraza! —eskua gorritutako masailaren gainean jarrita du oraindik. Xavik indartsu eman dio zaplaztekoa, amets sakon batetik esnatzeko intentzioa izango balu bezala. Baina zaplaztekoak baino min handiagoa eman dio hitz horiek entzuteak.

              — Badakit ez dela erraza, eta badakit zurea dela zatirik zailena... Ostia! Min ematen dit zu oraindik horrela ikusteak —Xavi bera ere negarrez hasi da—. Jakin nuenean zure aita hil zela, zurekin gogoratu nintzen. Seguruenik jada zoriontsu izango zinela eta horrelako kolpe bat jasotzea... Badakit beti oso lotuak egon zinetela. Beilatokian ikusi zaitudanean, ordea, gogoaren kontra gordetako tristura kumulu bat besterik ez dut ikusi. Tristura eta mina. Egun batean, horrek denak eztanda egingo du. Ez zaitez izan kamikaze bat. Zure benetako irribarrea ikusi nahiko nuke berriz ere, inolako maskararik gabe.

              Bankuan eseri da beste behin, eta trago batean edan du lurrean utzitako latan geratzen den garagardo guztia. Besoak eta hankak zabal-zabal ditu, eta eserita baino gehiago botata dagoela dirudi. Sara bere alboan dago burua belaun artean sartuta. Biek dituzte begiak bustita. Xavik esateko zuen guztia esan dio, eta zeruari begira geratu da. Ez da izarrik ikusten, zeru sabaiko argi puntu guztiak desagertu dira herriko argi artifizialaren eraginez. Haizearen ulua entzuten da, zakartzen ari dela ematen du. Hirugarren lata eskutan; zabaldu, eta aurrekoari bezain trago luzea eman dio.

              — Barkatu zaplaztekoagatik, baina merezi zenuen.

              — Badakit —negarrez.

              Bi minutuko isiltasunaren ostean, burua hanka artetik atera, eta malkoak sikatu ditu. Paketeari zigarro bat ostu eta piztu. Kearen kiribilak desagertu egin dira ahotik botatako ke masak kolpatu dituenean.

              — Badakizu, Xavi? Neska oso interesgarri bat ezagutu dut Firenzen. Giulia izena du, eta zutaz maiteminduta dago. Nirekin egiten du lan, bulegokideak gara. Oso alaia da, nik uste beragatik jarraitzen dudala oraindik zoriontasunean pentsatzen.

              Irribarrez esan du, zuzen-zuzenean Xaviren begiei begira. Berak ere irribarre egin du. «Badakit irribarre hori behartua izan dela, baina pozten nau oraindik irri egiteko gai zarela jakiteak», pentsatu du.

              — Baina arazo bat dago —aurpegia aldatu du hori esaterakoan—. Oso lagun ona eta beharrezkoa bihurtu da niretzat, eta ez dut nahi horrelako norbait galtzerik. Baina ez diot minik eman nahi zuri bezala, Xavi.

              — Ni bezalakoa baldin bada, nolabait jasango du etorriko den guztia.

              — Ez hasi zure buruari loreak botatzen. Serio nabil!

              — Noiztik zara hain sentimentalista eta kurtsia?

              Garagardo latari hainbat bira eman dizkio ezpainetara eraman aurretik. Sarak erantzun bat entzun nahi du, laguntza behar du, baina Xavik ez dio ezer esaten. Sarak erantzun lagungarri bat erregutu dio, baina Xavik ez daki zer esan. Ideiak ordenatzen pasatu du denbora isilik, ordea, ezer iradokitzekorik ez du. Beharbada, garai hartara egin du jauzi, garai ilun haietara. Ez dio inori desio berak pasatutakoa, ezta Giulia izeneko ezezagun hari ere. Halere, ez daki nola lagundu, eta ez daki Sarari zer esan.

              — Bera da Florentzian bizitzen jarraitzeko arrazoia? Lanaz aparte diot —galdetu dio azkenerako.

              Sarak baiezkoa egin du buruarekin. Errekari begira jarri da pentsakor. Sara pertsona ona da, hala pentsatzen du Xavik, baina aurrera jarraitzeko arrazoiak behar ditu.

              — Badaki zerbait horri buruz?

              — Hori ez diot inori esan. Norbaiti esatekotan, zu baino hurbilagokoa izan beharko du. Baina ez dut uste kutxa hori zabaltzeko gai izango naizenik beste pertsona baten aurrean. Oraingoz behintzat.

              — Ezin diozu alde egiten utzi. Horretarako bihotza zabaldu beharko diozu noizbait. Hotza bihurtu zara denborarekin, hotzegia; aurpegian, hitzetan nabari zaizu. Mundutik urruntzen bazara, agian, ez da inor zure bila joango. Gogoan izan ezazu.

              Azken zupada eman dio zigarroari lurrera bota aurretik. «Mundutik urruntzen banaiz, ez da inor nire bila joango? Ez dut nahi horrelakorik. Ez diot inori minik eman nahi, ordea. Zergatik da horren zaila? Munduak egin nau naizen bezalakoa, bera izan da guztiarengandik urrunarazi nauena, ez da nire kulpa!». Orain bera da izarrei begiratu nahi diena, baina ez da ezertxo ikusten sabai beltzean. Haize ufada zakar batek astindu du inguru guztia, eta bere ulua zuhaitz adarren eta hostoen artean gatibatu da auskalo ze lurraldetako negarrak abesten.

              — Berandu da, Sara. Etxera joan beharko genuke, bihar egun berezia izango da-eta. Hotelera laguntzerik nahi?

              Bankutik altxatu da, eta garagardo latak jaso ostean, zakarrontzi batean bota ditu.

              — Eskertzen dizut, Xavi, baina moldatuko naiz. Ez dut uste galduko naizenik. Zoaz zure bidetik, nik nirea hartuko dut.

              — Oso ondo. Eta ez zaitez ezer arraroa egiten saiatu.

              Bizkarra emanda urrundu da eskuin eskuarekin agurtuz eta ibilera baldarrean.

              — Eskerrik asko, Xavi —ahapeka.

 

 

Santa Eulalia elizara gerturatu da autoan. Anaren senarrak gidatzen du, Citroen gris bat. Atzean doa Sara, Anarekin batera, mutu, begi goibelekin eta ezpainak lehortuta. Leihatilatik begiratu duenean, jendez gainezka ikusi du eliz ataria, nahiz eta bertaratutakoek aspaldian ez duten Josep Balleten aurpegirik ikusi. Autotik atera da, eta ingurura begiratu du. Zaharragoa, dekadenteagoa iruditu zaio dena. Elizaren dorretik datozen hil kanpaien soinua entzuten da, eta oihartzun egiten dute bihotzean.

              Nuovo Cinema Paradiso gogoratu du. Salvatore Di Vita Alfredoren hiletan bezala sentitzen da: etxean eta etxetik kanpo. Iruditzen zaio loturarik ez izatea dela lur zati honekin lotzen duen bakarra. «Zenbat zahartu diren aitaren eta amaren lagun guztiak! Nola zahartu den Carles! Ez du ilerik eta kristoren tripa atera zaio! Eta gaztetan kirolaria zela pentsatzea ere... Hori Matilde da? Zer gertatu zaio horrela egoteko?». Eta denak burumakur, familia besarkatzera hurbildu dira batzuk. Sararengana hurreratu dira bere txikitako lagunak. Urteetan ikusi gabekoak denak. Gutxi batzuekin beilatokian egoteko aukera izan du. Besarkatu ditu, musukatu ditu eta lasai egoteko esan die. Denbora luzez gaizki zebilela, eta ez dela harritzekoa izan. Jada buruan bueltaka zuela aitaren heriotzaren aukera. Familia batuaren irudia eskaintzeko metodoa. Kanpoko solasaldi banalak aurrera doazen bitartean, hil-auto beltza eliz atariaren aurrean geratu da. Hilkutxa atera dute, eta aitaren hurbileko gizonezko batzuek aldarearen aurrera eraman dute sorbalda gainean. Haren atzetik sartu dira denak barrura. Eliza guztiz bete da, eta kanpoan ere jendea geratu da barrura sartzeko tokirik gabe.

              Aldarearen erdian, Joaquim apaiza. Momentu batez lehen ilarara hurbildu da, eta familiakoak agurtu eta besarkatu ditu. Hurbileko pertsona zen Joaquim, aitaren lagun handienetako bat. Sarari belarrira xuxurlatu dio: “Pozten naiz zu hemen ikusteaz”. Gero, aldarera igo da beste behin eta erritual kristauarekin hasi.

              — Josep Ballet, Kapitaina deituaren hileta elizkizunak elkartu gaitu gaur hemen —hasi da ahots sendo eta garbiz—. Bere arima zerura igoko da Jaungoikoaren albora. Berak agian ez zuen sinetsiko horretan, baina ni seguru nago. Gainera, hainbeste maitatu zuen Mercedes emaztearen albora itzuliko da eternitate guztirako.

              Azken hori entzuteak poz txiki bat sorrarazi dio Sarari. Dolores izebak, Anaren alboan dagoenak, muturra okertu du, ordea. Inoiz ez zuen onartu bere ahizpa txikia hil berri zen “horrekin” elkartzea eta ezkontzea. Mundu oso ezberdinetatik zetozen biak. Amaren familia 1940ko hamarkadan aberastu zen merkatu beltzaren kontura, eta gero, etxebizitzen negozioan jarraitu zuten dirua egiten. Horregatik ditu Doloresek hainbeste etxe Bartzelonan, denak familiak orduan eskuratuak. Familia oso kristaua zen amaren aldekoa. Frankismoari lotua. Dolores sekzio femeninoan ibili zen urte luzez. Espainiako trantsizioa iritsitakoan —“haur ipuin hori”, Sarak esango lukeen moduan—, Fragaren bueltan sortutako Alianza Popular eta ondorengo Alderdi Popularraren militante egin zen. Alderdiko sekziorik kontserbadoreena eta erreakzionarioena jarraitzen zuen, eta aspertu gabe errepikatzen zuen Francoren gidaritzapean hobeto bizi zela. Sara amarekin harro sentitu da bizitza osoan barre egin ziolako herentziarik gabe gelditu izanari.

              Aitaren familia guztiz bestelakoa zen. Aitona zena Kataluniako Fronte Nazionalean ibili zen 40ko hamarkadan. Sararen aita 1943an jaio zen, eta handik urtebetera eraman zuten espetxera haren aita. Ordutik ez zuten haren berri gehiagorik izan, eta etxean ez zen inoiz horri buruz hitz egin. Gaztetan, ideia komunistekin busti zen. Batez ere Leninen tesiekin. Kulturak zuen indarra eta boterea baliatu behar zela pentsatuta, Joaquim apaizarekin zineforumak antolatzen hasi ziren 1964tik aurrera. Orduko filmak proiektatzen zituzten herriko antzokian, eta udan kaleko zinema egiten zuten. Jende asko biltzen zen, eta behin baino gehiagotan Guardia Zibila gerturatu eta dena desegin zuen erregimenaren aurkako kontzentrazioa zela argudiatuta. Zenbait aldiz kalabozoan amaitu zuen, baina ez zen luzerako izaten, Joaquim apaizak, bere sotanak eskaintzen zion boterea baliatuta, hura erregimenaren balioak eta ideiak jendeari helarazteko forma ludikoa zela aipatzen baitzuen. Elkarren artean zuten konplizitatea seminario garaian sortu zen. Hamaika aldiz galdetu zion Sarak aitari zergatik sartu zen seminarioan, garai hartan komunista zela esaten bazuen. Aitak garbi erantzun zion: ikasten jarraitzeko modu bakarra zen dirurik ez zuenaren etxean. Baina inoiz ez zen apaiz sartu, Joaquim ez bezala. Halere, euren arteko adiskidetasunak eta sintoniak azken eguna arte jarraitu zuen. Herrian JotaJota ezizenarekin ezagutzen zitzaien.

              Hiletetan apaizak hildakoaren inguruan denek entzun nahi dituzten hitz politak esaten dituen momentua baliatu du JotaJotaren istorioak eta anekdotak kontatzeko. Momentu batez bada ere, badirudi non dagoen ahaztu duela eta, hilkutxaren alboan jarriz, hildakoarekin tabernako solasaldi bat izaten ari dela gazte denboran bezala.

              — Baina garai haiek bukatu hituen, e, compai! Ekaitzaren erdian filmak proiektatzea ez duk ideia ona izan inoiz. Gogoratzen haiz bestela nola busti zen Totò itsasoaren gainean Ulisse proiektatzen zuten bitartean? Gogoratzen Kirk Douglas, Ulises heroiaren azalean, Polifemo ziklopearen aurka? Hori gintuan gu, Itaka aurkitzen ez zuten bi gizajo nabigazio kartak irakurri eta ulertu nahian.

              70ean proiektatu zuten azken filma. Giroa gaiztotzen hasia zen. Frankismoak bere benetako aurpegia azaldu zuen berriz ere, aurreko hamarkadan pixka bat disimulatua zuena. Marisolen pelikuletan agertzen zen aitona jator eta maitagarriari analgesiko eta opiazeoen efektua amaitu zitzaion, eta Massielen La, la, la hark ere ez zuen jada inor alaitzen. Katalunia Askatzeko Frontea eta Kataluniako Herri Armada sortu ziren, Burgosko prozesua etorri zen, Carrero Blancok seroren komentu batean amaitu zuen. Pelikulak ikusteko ez zegoen inor. Sarak Joaquimen gogoeta horiek eskualdeko aldizkari batean irakurriak zituen duela urte asko.

              — Pelikularen parte ginen orduan! Aktoreak bizitza deitzen duten eszena honetan!

              “Ejem” batek memoria eta oroitzapenen trantzetik atera du Joaquim. Elizkizunarekin jarraitu du Bibliako pasarte bat irakurriz.

              Sara, pentsakor, aitarekin lotzen zuen zerbaiten bila hasi da. Zerbait intimoa, zerbait biena bakarrik dena. Joaquim hala ari da bitartean:

              — Jesukristoren Ebanjelioa San Joanen liburutik: Munduak gorrotatzen bazaituzte, jakizue zuek baino lehen gorrotatu nauela Ni...

              Uztailak 8, 1995. Josep Sararekin gerturatu zen Bartzelonara, Silvio Rodríguezek eskaini behar zuen kontzertua ikustera. Sara unibertsitatean hastekoa zen uda amaituta, eta ez zekien zenbatetan joango zen etxera kurtsoan zehar. Horregatik, aita animatu nahi zuen. Hilabete dezente pasatuak ziren jada urriaren 2 hartatik, baina aitak burumakur jarraitzen zuen. Momentu intimo bat pasatu nahi zuen aitarekin, eta egunkarian irakurri zuenean Silvio hirira zetorrela, berehala erosi zituen bi sarrera. Aita urrun azaldu zen hasiera batean, kontzertuko sarrerak eskuratu zituela jakin zuenean. Aitzakiak bilatzen ibili zen ez joateko. “Eta zer egingo dugu Anarekin? Etxean bakarrik utzi? Oraindik oso umea da!”, eta horrelakoak. Sarak berean tematuta jarraitzen zuen: Silvioren kontzertura joango zen aitarekin. Núriari deitu zion, eta Ana zaintzeko eskatu zion hiru mila pezetaren truke. Behin begiralea lortuta, aitak ez zuen aitzakiarik, eta gainera Núria zen. Oso ondo ezagutzen zuen, eta ezin zuen ezezkorik esan. Erabakiarekin ez oso konforme, baina azkenean Bartzelonara eraman zuen Sarak.

              Joan ziren. Silvio oholtzaren gainean ikusi zuten. Abestu zituen Ojalá eta Unicornio. Abestu zituen La canción del elegido eta La maza. Abestu zuen Óleo de una mujer con sombrero. Eta autoan bueltan, oraindik kantu haiekin nahikoa ez eta Días y flores kasetea jarrita, ahoa zabaldu zuen Josepek errepide ilunari begirik kendu gabe:

              — Eskerrik asko, Sara. Eskerrik asko bihotzez. Maite zaitut.

              Sara isilik geratu zen une batez. Aspaldian ez zuen aitaren maitasun keinurik ikusi. Guztiz hotza bihurtu zen bere izaera, eraisketagatik itxitako eraikina balitz bezala. Hitz horiek itxaropena eman zioten berriz lehengoa izango zela pentsatzeko. Irribarre batekin “ez da ezer izan, eta nik ere maite zaitut”, erantzun zion. Ondoren, Brechten hitzak errezitatu zituen Silviok.

              Joaquim elizkizunarekin amaitzen ari da. Jada bedeinkatu eta banatu ditu jaunaren gorputza eta odola. Aipatu du, elizkizuna bukatzean, hilerrian lurperatuko dutela. Behin elizaren barruan egin beharrekoa eginda, kanpora atera dira. Sarak hilkutxa hartu nahi izan du, eta sorbaldaren gainean jarrita pauso geldoan eraman du hil-autora beste hirurekin batera. Kanpora ateratzean, jendea pasillo bat egiten ari diren eskolako mahaien atzean jarri da. Sarak ez du ulertzen zertarako dauden mahai berde horiek hor jarrita. Pasatu dira lehenaren paretik, eta Gabriel igo da mahaiaren gainera hiruzpalau pertsonaren laguntzarekin. Bere aitaren lagun mina, alboko etxean bizi izan zen duela hogei urte arte. Eztarriak garbitu eta zerraldoari begira geratu da.

              — O, Kapitaina, nire Kapitaina!

              Hurrengo mahaia eskuinaldean dago. Jaume igo da haren gainera, lankidea izandakoa.

              — O, Kapitaina, nire Kapitaina!

              Xavi igo da hurrengoan eta berdin:

              — O, Kapitaina, nire Kapitaina!

              Aurrea hartuta dagoen Joaquim ere eskolako mahai baten gainera igo da.

              — O, Kapitaina, nire Kapitaina!

              Eta jende gehiago beste mahaietan. Aitaren lagunak, gertukoak, bidelagunak. Zerbait ez dagoenean jabetzen da jendea bere faltaz. Baina Sarak ez du horrelakorik sentitu, ez behintzat zerraldoa hil-autora daramanean. Alderantziz, hunkitu egin da, eta jatorrizko eszenarekin oroitu da.

Hogeita bi urte lehenago, ehun bat pertsona elkartu ziren Santa Eulalia eliza zaharrean, berriaren parean dagoenean. Goitik behera tela zuri bat bota, eta zinema kalera eraman zuten beste behin, hogei urte eta gero. Sara han zegoen orduan. Hamahiru urte zituen eta bere lagunekin elkartu zen. Horrelakoak gauez kalean ibiltzeko aitzakia aparta ziren. Dead Poets Society zen filma, urtebete lehenago zinema aretoetan estreinatu zena. Izen handiko akademia zahar eta elitista batean kokatzen zen pelikula, soilik mutilak zeudena. Irakasleak autoritate bakarra ziren, eta ez zegoen ikaslerik autoritate hori zalantzan jar zezakeenik. Halako batean, irakasle berri bat azaldu zen, John Keating, Robin Williamsek interpretatzen zuena. Irakasle hau ezberdina zen, ohitura eta izate antigoaleko eta tradizional haiek ez zituen gogoko ikasleak motibatzeko. Horregatik, eta ikasleak mugak gainditzera bultzatzen zituelako, akademiatik kanporatu zuten. Bere gauzen bila klasera sartu zenean, beste irakasle bat eskola ematen ari zitzaien bitartean, ikasleak mahaiaren gainean jarri eta errezitatu egin zuten Walt Whitman poetak Abraham Lincoln Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen ohorez idatzitako olerkiaren zati bat: “O Captain, my Captain!”. Eta orduan izan zen. Baten batek esan zuen Robin Williamsek Josepen antza zuela, eta albokoak baietz, eta zurrumurrua hedatzen den bezala zabaldu zen baieztapena. Josep publikoaren aurrean azaldu zenerako, bertaratzeagatik eskerrak ematera eta filmaren inguruko eztabaida txikia proposatzera, publikoak Kapitaina deitura jarria zion. Momentu hartan, gogoratzen du Sarak, aitak ez zekien non sartu. Denek oihukatzen zituzten pelikulako azken hitz haiek, eta inork gutxik egiten zion kasu.

              — Egia da, zure aitak aktore horren antz handia du! —aipatu zion Núriak.

              — Zera izango dute antza! —Sarak—. Nire aita ez da hain dibertigarria!

              «Itxuragatik ari ziren denak, eta nik pentsatzen nuen izaeragatik zela. Nolakoa nintzen nirearekin ateratzeagatik bakarrik».

              Zerraldoa autoaren barruan sartu, eta lur ematera joan dira hilerrira. Soilik gutxi batzuk. Gertukoenak, intimoenak. Hor eman diote azken agurra, amaren ondoan.

 

 

Núriak eskaera bat egin dio. Berarekin lasai hitz egin nahi du. Kafe bat hartuz hitz egiteko kontutxo bat omen da, ez dela luzea izango, baina berarekin bakarrik egon nahi duela. Azken urteetan buruari bueltak ematen ibili ostean, zerbait diola esateko. Sarak galdetu dio ea publikoan esan ezineko zerbait den. Núriak ezetz, barrez, baina gauza batzuk erakutsi nahi dizkiola eta momentuan ez dituela gainean. Sarak esan dio herrian dagoela hotel batean, eta nahi izanez gero, afaldu ostean gera daitezkeela. “Konforme”, esan dio azkenerako. Eta afalostean geratu dira hitz egiteko.

 

— Egun on, Sara. Zer moduz? —galdetu dio Xavik autoko atea zabaltzearekin batera.

              — Egun on. Ondo esan beharko. Zu?

              — Esan beharko?

              — Bai, esan beharko. Utz dezagun hor.

              — Bale, bale. Ez naiz hor sartuko orduan.

              Eta irratia piztu du. Kataluniako politikak hartu duen norabidea dute hizketagai ia albiste guztiek. Are gehiago Artur Mas The New York Timeseko erreportaje batean atera eta gero. Horrek suposatzen baitu prozesu katalanak dimentsio eta sona internazionala hartuko duela. Eta ez da gutxiagorako. Azken Diadan ikusitakoa ez da aspaldian ikusi. Noski, Masek independentziaren aldeko hautua egiteak harrabotsak sortu ditu Espainia osoan. Alicia Sánchez-Camacho PPCko kideak “ezgauza” kalifikatu du Kataluniako Gobernua. María Dolores de Cospedal ere ez dago isilik egoteko, eta Masek hartutako bideak irteerarik ez duela azpimarratu du. Felipe González bide beretik: inongo lurralderen independentziarik ez dela izango adierazi du. Denek dute zerbait esateko, baita Gerard Piqué Bartzelonako futbol jokalariak ere. Klasikoa gainean dela, aipatu du Barça-Real Madrid partidua Katalunia-Espainia bezalakoa dela. Horri lotuta esan du esatariak metroko grebak markatutako klasikoa izango dela. Desmarkatu direnak, aldiz, artzapezpiku katalanak izan dira euren hurko espainiarretatik.

              — Ez dakit non amaituko dugun honekin. Baina egia esan, badut fede pixka bat —ezkerreko argiari emanez kamioi bat aurreratzeko.

              — Espainiak duen independentzia berarekin jarduteko aukera lortzea ezin du inork ukatu. Beno bai, uka dezake, baina ulertzen duzu zer esan nahi dudan. Subiranotasunaren kontua oso aldagarria da. Oraintxe bertan bere gaitasunak baino ez du baldintzatzen herri bat independentzia aldarrikatu edo beste bat okupatzeko orduan.

              — Gironellak independentzia nahi badu, izan dezakeela esan nahi duzu?

              — Noski. Gai bada eta onurak ikusten baditu, egin dezake.

              — Eta zerk justifikatzen du independentzia hori? Kataluniak badu bere historia, bere kultura, bere hizkuntza propioa. Zuk jakin beharko zenuke Bartzelonako konderria independente izan zela, edo 1714 arte gure lege propioak genituela eta Espainiak kendu zizkigula.

              — Zuk esan duzu. Justifikatzeko moduak besterik ez dira. Estatu Batuak independizatu zirenean, zein sostengu historiko zuten atzetik? Inoiz izan ez zen estatu bat sortu zen. Egipto independente da faraoiek Egipto independente batean gobernatu zutelako... duela 5000 urte? Zuk nahi baduzu zure historia propioa asma dezakezu. Imajinatu Hadriano eta Trajanori espainiar enperadoreak deitzera iritsi direla batzuk. Noski, Erromatar Inperioan espainiartasun kontzientzia zegoen. Eta bisigodoak horien ondorengo izan ziren. Eta Covadongan borrokatu zirenak bisigodoen ondokoak, eta birkonkistan penintsula osoa konkistatzeko moldatu ziren aurretik eurena zelako eta moroek kendu zietelako. Eta hortik aurrera Espainia beti izan da Una, Grande y Libre. Eta zergatik ez ditu aldarrikatzen Latinoamerikako lurrak? Edo Grezia eta Italiakoak edo Belgika bera. Katalanok eska ditzagun Aragoiko koroak Mediterraneoan eskuratu zituen lur guztiak, gureak dira.

              — Bukatu duzu ironia guztiarekin?

              — Egia da, Xavi. Zergatik ez gara momentuan geratzen? Zer sentitzen dugu orain? Independente izan nahi dugula. Ados! Eta hor geratu. Zertarako bilatu historian guk orain nahi duguna justifikatuko duen zerbait? Jendea gai da Atapuercan topatutako giza arrasto zaharrenari espainiar nazionalitatea emateko espainiar guztien arbaso urruna izango balitz bezala. Lehen espainiarra, kristauek Adam lehen gizakia izan zela esaten duten bezala. Eta lehen espainiarra izateaz gain, beste espezie batekoa.

              — Konforme. Ez dut gaia gehiago aterako. Ulertu dut.

              Sarak errepideari begira jarraitzen du. Pare bat minutu isilik egin ondoren, bera hasi da hizketan.

              — Badakizu zertara goazen Bartzelonara, ezta?

              Xavik beheko ezpainari hozka egin dio, eta gero, burua okertu du.

              — Bai, badakit. Baina ez dakit ideia ona den. Gauean bueltaka ibili natzaio atzo esan zenidanari, eta ez dakit. Ez zait oso egokia iruditzen.

              — Egokia den ala ez denborak esango du.

              Hileta elizkizunak amaitu ostean, Sara Xavirekin geratu zen, eta aipatu zion ondorio batera iritsi zela: zoriontsu izan nahi bazuen, inguratzen zuen zorigaizto guztiari aurre egin beharko zion. Gainera, bere autobiografia idaztea erabaki zuen, eta bere pausoetara itzuli behar zuen horretarako, zorigaizto horren arkeologia egin, eta Bartzelona izango zen lehen geltokia.

              — Eta bakarrik egin behar duzu? Zergatik izan behar zara hain kamikazea?

              — Kamikaze bat naizelako. Balio dizu erantzun horrek?

              — Ez!

              — Lasai egon zaitez. Okerrena pasatzen bada, deituko dizut. Eguna libre duzu, ezta?

              — Goizean bulegotik pasatu behar dut, baina segituan libratuko naiz.

              — Lehenik eta behin unibertsitatean utz nazazu. Buelta bat eman nahi dut Bartzelonara joan aurretik. Orduko Sararen azalean sartu nahi dut.

              Hasperen egin du Xavik. Ez zaio inondik inora ideia normala iruditzen Sarak planteatzen duena, baina egoskor hutsa da. Horretan bai ez dela ezertxo ere aldatu.

              Iritsi dira Cerdanyola del Vallèsera. Autoa aparkatu, eta Sara bertan jaitsi da Xaviren kezkak atzetik dituela.

              — Zerbait gertatzen bada, huskeria bat izanda ere, deitu. Gainean eramango dut mugikorra.

              — Ez kezkatu, Xavi. Adeu —eta autoko atea ixtear dela—: A! Ahaztu zait esatea: afaria zure kontu.

              — Pentsatuko dut zerbait. Adeu, Sara. Eta zaindu. Ez egin erokeriarik, nahiz eta hau erokeria bat iruditzen zaidan.

 

 

Unibertsitate garaian, han bizi izan ziren. Paseo bat emango du, garai hartako melodiez bustitzeko. Bere lehenengo pisuaren aurretik pasatu da. Balkoian arropak zintzilikatuta daude, baita estelada bat ere. «Beste ikasle batzuk sartuko ziren etxean». Edo hori ondorioztatu du zintzilik dauden arropen estiloa ikusita. Edo igual familia atzerritar bat bizi da etxe hartan, eta independentismoaren aldekoak dira. Aurrera jarraitu du norabide zehatzik gabe. Eta ematen duen pauso bakoitzeko, sentsazio arraro batek inguratzen dio gorputza. Gauzak ilunago ikusten ditu, eta gainera, norbait segika duela iruditu zaio. Minutu batean, lau aldiz begiratu du atzera fantasia edo errealitatea den baieztatzeko. Baina bere itzalak bakarrik jarraitzen dio doan tokira. Antsietate sentsazioa, pultsua azkartzen doakio. Lasaitzeko beharra duenez, noizbehinka gosaldu ohi zuen kafetegira abiatu da. Pare bat kale aurrerago zegoen duela hamahiru urte bederen.

              Aldatua du itxura, izena ere bai. Seguruenik jabez aldatuko zuten. Eguraldia lagun, terrazan libre den mahai bat hartu du. Garagardo marka baten logoa plastikozko mahai gorriaren erdian. Eguzkia eta itzala elkartzen diren eremukoa aukeratu du, elkar ulertzerik ez duten yin eta yang hartan. Zerbitzaria gerturatu da; ez zaio ezaguna egiten.

              — Egun on, zer hartu nahi duzu?

              — Egun on. Ebaki bat faborez. Eta egunkaria ekartzerik bazenu...

              Zigarroa piztu, eta goizeko erosketak egiten dabiltzanei begira geratu da. Zentzu horretan, ez da batere aldatu. Nor edo nor oraindik bistaz ezagutzen du. Etorkin gehiago daudela iruditu zaio. Erosketak egitera atera den emakume magrebtarraren ibilerari erreparatuz, bere gogoetetan murgildu da Sara. Krisiak barkatzen ez duen garai hauetan, bueltako hegaldia garesti da, eta jendea harrapatuta geratzen da ametsak egiazko bihurtu nahi zituen herrialdeetan; aldi berean, geroz eta kontserbadoreago bihurtzen dira herrialdeok eta kontserbadore bilakatzearekin atzerritarren aurkako jarrerak sarriagoak dira. Baina krisiak berdin-berdin jo ditu hangoak eta hemengoak. Kaosean murgildu ditu denak, eta bakoitza bere gaitasunen arabera Monopoliko mahaiaren gainean jarri ditu bankuaren aurka jolasean. Eta bankuak beti irabazten du. Bestela Greziari begiratzea besterik ez dago. Erreskatea duela bi urte, gobernuaren aurrekontuetan murrizketak, enpresa publikoen pribatizazioa. Halere, ekonomia kapitalistaren zulo beltzetik ez da ateratzen. Jendeak ezin du gehiago jasan egoera katastrofikoa.

              Eta Grezia balitz herrialde bakarra. Italia eta Espainia bide beretik doaz. Dena amildegian behera doa eta inor ez da gai erorketa geratzeko politika humanoak utopia diren garai honetan.

              — Krisi ekonomiko honetan egonda, normala da Francorekin hobeto bizi zela esatea Doloresek —esan du Sarak zigarroari zupada bat eman diolarik—. Nola bere ideia berak konpartitzen zituen erregimenak eta hazkunde ekonomikoa tokatu zen eta euren dirua horren kontura egin zuten... Baina ikusi zen frankismoa bukatuta: denak hondoa jo zuen lastozko ekonomia bat sortu izanagatik. Eta gero dirua egiteko, berriz ere espekulazioa. Arrazoi puntu bat badu Max Weberrek ekonomia kapitalista sortzerakoan protestantismoak izan zuen eragina aipatzerakoan. Katolikoek bekatu bat egitean, nahikoa dute apaizaren barkamena eta penitentzia pixka batekin.

              — Barkatu, nirekin ari zinen?

              Sarak buelta eman du. Bere alboan zerbitzaria dago ebakia eta egunkaria eskuan.

              — Ez, ez. Nire buruarekin. Ez da lehen aldia.

              Txintik esan gabe, zerbitzariak kafea eta egunkaria mahaiaren gainean utzi dizkio, eta kafetegi barrura sartu da isilik. Sarak, ezer arraroa pasatu ez balitz bezala, egunkaria zabaldu eta azukrea bota dio kafeari. La Vanguardia ekarri dio. Seguruenik pilaren gainean hura egongo zelako.

              Hala esaten du titular nagusiak lehen orrialdean: “El PP retendrá Galicia y el PNV ganará en Euskadi”. Azpian, letra txikiagoan hiru esaldi ageri dira, bi titular handiarekin lotuta eta bestea artzapezpiku independentisten kontuarekin. CISek gehiengo absolutua ematen dio Feijooren alderdiari, eta Bildu bigarren izango da Euskadi autonomikoan. Euskal sozialistek erorketa librean jarraitzen omen dute eta ez dakite nola zabaldu paraxuta. Orriaren erdian, hiru argazki eta hotzikara sortzen duten titular horietako bat: “La pesadilla de un niño raptado y maltratado en Barcelona”. Azpi titularrean hala jarraitzen du: “El menor, liberado por los Mossos, pasó tres días a oscuras, sedado y atado”. Azalaren beheko aldean, ezin klasikoa aipatu gabe utzi. Xavi Hernández Bartzelonako jokalariaren argazkia ageri da, eta egunkariak ez dio muzin egiten politika aipatzeko aukerari. Jokalariak babesten omen du katalanen nahia adierazteko aukera. Eta hori da La Vanguardia egunkariaren azala. Gero, lehen begiratu azkar batean, orriak pasatu ditu titularrak bakarrik irakurtzen.

              Hamarrak hogei gutxiagotan, unibertsitate aldera abiatu da, txanpon batzuk kontuaren gainean utzita. Kafeak lasaitzeko balio izan dio, eta egunkariak bere mundu partikularrean murgildu du. Campusera bidean ez du inor atzetik jarraika sentitu, aurreko sentsazioa azken egunetako presioaren eta emozioen sintoma iheskor bat besterik ez zen izango. Halere, pauso arina eraman du fakultatera iritsi arte.

              Sarreraren alboko kioskoa zabalik dago. Larunbata izanik ere, zenbait ikasle ikusi ditu inguruan. Ikastera edo lanak aurreratzera edo auskalo zertara joan diren larunbat goizez unibertsitatera.

 

FACULTAT DE FILOSOFIA I LLETRES

FACULTAT DE PSICOLOGIA

 

              Fakultateko sarreran dauden letrei begira geratu da momentu batez. Denak lehen bezala jarraitzen du. Ez da ezertxo ere aldatu. Bertan sartu zen lehen eguna etorri zaio burura. Oso urduri zegoen, noraezean bezala. Ez zekien oso ondo nora joan behar zuen, non zen klaseko aurkezpena, non zeuden informazio orriak, non zegoen behar zuena. Klasekiderik ere ez zuen ezagutzen. Mundu berri baten aurrean sentitzen zen, gogotsu, oso gogotsu, baina segurtasunik gabe. Goizean goiz jaiki zen, eta Xavirekin gosaldu ostean, bakoitzak bere bidea hartu zuen. Atezaintzan galdetu zuen, eta bertan, ez oso umoretsu, oharren eta informazio orrien kortxoaren kokalekua argitu zion administrazioko langileak. Bere lana ahal zen erosoen egiteko, ahalik eta gutxien kezkatzen zen ikasleen eskariez. «Aurreko egun batean etorri izan banintz begiratzera eta informatzera...», errieta egin zion bere buruari. Eta klasea hasteko ordua gainean zuela, lasterka joan zen ordutegiak eta gelak azaltzen zituen kortxora. Ez zen bakarra, jendez gainezka zegoen kortxoaren aurrealdea. Aurkitu zuenean jakin nahi zuena, korrika, karpeta eta koadernoa besapean, “Egungo munduaren oinarriak” klasera abiatu zen ziztu bizian.

              Hamazazpi urte geroago, beste patxada batekin sartu da barrura. Handik dabiltzanen artean beste bat izanda, korridore eta txokoen kartografia ariketan murgildu da. Detaile txikienei erreparatuz, iragan urruneko mamuak uxatzen ibili da, eta bitartean, bihotza izotz geruza fin batez babesten du. Prebentzio neurri bat.

              Fakultateko kafetegian bazkaldu ostean, geltokira joan eta ferrokarrila hartu du; 35 minutu geroago, Plaça Catalunyan jaitsi da, eta bitan pentsatu gabe, Ravaleko pentsio bateko giltzak hartu ditu gaua pasatzeko. Seguruenik, Xavik bere etxean geratzeko esango dio, baina ez du halakorik nahi. Gaua berak bakarrik pasatzea nahiago du, inor konpromiso batean jarri gabe. Harekin elkartu aurretik dena ondo lotuta utziz gero, ez du bainarik entzun beharko.

              Iraganaren barrunbeetan eta katakonbetan murgiltzeko ordua iritsi da.

              Plaça Universitatera joan da, hango eserleku batean jesarri eta zigarro bat piztu du. Denbora soberan du. Egia esan, nahi duen denbora guztia du eskura. Kazadora bakeroa ondo jarri, eta jendeari begiratu dio. Haien garun barruan sartzeko ahalegina egin du. Gazteago zenean egin ohi zuen moduan, haien pentsamenduak irakurri nahi ditu, haien bizitzen nondik norakoak zein diren jakin, nondik datozen, nora doazen, mamiaren erresonantziak nola nabaritzen diren azalean, eta azalaren kamuflajeak nola usteltzen duen mamia. Bartzelona infernua iruditzen zaio, eta bertan dauden guztiak deabruak edo infernura kondenatuak. Beharbada, ahalegin edo saiakera txiki bat egin nahi du aurreiritzi horiek guztiak aldatzeko. Bartzelona munduko beste edozein toki bezalakoa dela pentsatu nahi du. Baina begietako filtroek zaildu egiten dute halako aldaketa psikikoa.

              Eskutik helduta dabiltzan bikote gazteak, orgasmo eta orgasmo arteko barealdi sexualean paseoan. Hiriko planoari begira erdi galdutako turistak, Gaudíren hirira oporretara etorriak, 92ko Olinpiar Jokoen osteko publizitateak erakarrita. Afaltzeko pizzak eta ardoa erosi dituzten unibertsitateko gazteak, etziko aurkezpenari garrantzi handirik ematen ez diotenak, irakasleak 0,5 balio duela esan baitzien ikasturteko lehen klasean. Tony Hawk izatearekin amesten duten patinatzaileen akrobaziak mespretxuz behatzen dituzten atso eta agureen elkarrizketa nardagarriak. Azken orduko itzuli-mitzulia ematen ari den agurea, gurpildun aulkiari emakume ekuadortar batek bultzatzen diola bere hiru seme-alabei ahora zerbait emateko. Polizia karteristen atzetik. Taberna ilun batera sartzen ari diren gazteak, seguruenik haxixa erostera gauean kolokoi gustagarri bat izateko. Trajedun gizonak Venezuela, Ukraina eta Thailandiako putekin bost izarreko burdeletan dirua xahutzen dutenak, proxeneta errusiarren mesederako. Langile baten hilabeteko soldata soineko batean gastatzen duten emakumeak makillaje eta botox artean kamuflatuta, eskola pribatu eta akademia elitistetan hezten dituzten seme-alabei afaltzeko zer nahi duten galdezka. Eta familia bat maletak alboan dituela, gurasoen etxera doaz malko artean, egunak berriz argitzea zerbait negatiboa dela pentsatzen dutela.

              Saiatu arren, enpeinua jarri arren, guztiari alde negatiboa besterik ez dio ikusten. Gizartearen alde iluna besterik ez da islatzen bere begietan. Zenbat amorratzen duen horrek. «Zergatik ezin dut ikusi mundu beltzaren isla arrosa?». Bere asmoen kontra egiten du inkontzienteki. Buruaren eta bihotzaren arteko loturak apurtuta ditu, emozioek eta ideiek ez dute bat egiten.

              Dena apuntatu du poltsikoko koaderno batean.

              Zigarroa lurraren aurka itzali du sentsazio madarikatu horrek barruak erretzen dizkiola. Hiriko kaleetan barneratu da, jendartean, beste bat gehiago balitz bezala. Mediterraneoko zuritasunak hiriko paisaia argitzen du, Salvador Dalíren koadro baten gisa, baina Sararen inguruan desagertzen da. Arima beltz batek inguratzen duela sentitzen du, shōnen generoko manga edo animeetan irudikatu ohi duten moduan. Arima beltzak barrutik kontsumitzen du, mamu beltzak zabaltzen dira hirian zehar, eta behe laino ilun eta lodi baten atzean desagertzen da Mediterraneoko argi zuria. Oinez jarraitzen duela, kaleak iraganaren parte bihurtzen ari direla sentitzen du, berriz ere unibertsitate garaiko Bartzelonara itzuli balitz bezala.

              Paisaia proiekzio zinematografiko bihurtzen ari dela dirudi, film zaharretako tonu beltz eta horituak bustitzen ditu etxebizitzak. Zeluloidezko hiri bat. Kaletik dabilen jendea anonimo bihurtzen da, begirik gabeko aurpegiak dira. Inor inoren artean. Bakoitza bere kaiola propioan bizi da bere hegoak astintzeko tokirik izan gabe. Baina ez daude seguru hegorik duten ala ez. Horregatik, ez dira kezkatzen hegoak astintzeaz. Zoriontsu bizi dira. Edo hori dirudi bederen, ez baitute bestelako zoriontasunik ezagutu haien bizitza monotonoetan. Arropa denda bateko erakusleiho aurrean geratu da, eta hamalau urteren zama kendu du gainetik. Bere burua ikusi du kristalaren gaineko islan. Aurpegi inozente bat, ilusioz betetako begiak, irribarre bat ezpainetan. Bizitza osoa aurretik duela pentsatzen duen Sara da, kezka urriak eta proiektuz gainezka du burua, eta horiek gauzatzeko indarra soberan. Eskua luzatu dio Sara gazteak, eta berak berea luzatu dio. Biak elkartu dira, biak lotu dira estu. Hogeita bat urte zituenean bezala sentitu da, hogeita bat urte zituen Sararen izpiritu berarekin begiratzen dio munduari, hogeita bat urte zituen Sara bihurtu da. Une berean, La Pedrera etxeko teilatuan Gaudíren mamuak esnatu dira loalditik, bizidunak torturatzeko asmoz. Zeruetatik jaitsi dira, amildegi hiritarretan behera, orroka, piztiarik piztienaren orroak eginez. Tolkienen nazgulak dirudite. Kolore gris-zuri ia garden batekoak dira, eta gainditzen duten espazioa moteldu egiten dela nabari da, heriotzaren auhen ahul bat balitz bezala. Aireak erre egiten du haien hurbiltasunean, presio anormal bat sentitzen da, zeruak gehiago pisatzen duela dirudi eta mundutarren gainera eroriko dela. Bitartean, mundutar anonimoek haien bizitza anonimoetan jarraitzen dute, espektro haien presentziaz jabetu gabe. Sarak beldurrez begiratzen die, buruaren gainean ditu, zirkulu ikusezin batean biraka, sorgin gurpil batean. Putreak dira harrapakin freskoaren esperoan. Eta Sara beldurrak jota dago. Pauso bat atzera eman du, nahikoa erakusleihoko kristalaren kontra jotzeko. Eskuak zabal-zabalik, dardarka ditu kristalaren gainean, izerdi hotza erortzen da hatz puntetatik. Bat-batean, sen inkontziente baten ondorioz edo, arineketan abiatu da kalean aurrera. Espektroek atzetik jarraitu dute, espaloiaren aurka jausten dira zeruetatik, eta lehergailu baten gisa eztanda egiten nebulosazko oinatzak utziz. Noraezean lasterka, jakin gabe nora joan, jakin gabe non bilatu babesa. Irrazionalaren eremuetan dagoela pentsatzen hasi da, amesgaizto bat besterik ez dela, bizi izandako tragedia guztiaren bigarren mailako efekturen bat. Surrealistegia da egia izateko, psikotikoegia, makabroegia, hitchcockegia edo kubrickegia. Naturaz gaindikoa. Dardarak zaildu egiten dio korri egitea, mugimenduak ausazko bihurtzen dira, nolabaiteko senari jarraitzen diote, irregularrak dira.

              Kale kantoi batean amaitu du, ihesbiderik gabe. Kolore gris-zuri gardeneko izakiak begien aurrean lehertu zaizkio beste behin, eta kale kantoitik irteteko bidea desagertu egin da laino beltz opako baten atzean. Amesgaiztoan harrapatuta dago inongo irtenbiderik gabe. Lurrera erori da, eskuekin buruari eutsi eta behin eta berriz errepikatzen du “hau amesgaizto bat besterik ez da! Esnatu, Sara! Esnatu!”. Horrela dagoela, orban gorri bat joan da zabaltzen lurrean. Odola ematen du. Begiradak odolaren arrastoa jarraitu du iturburuaren bila. Lehenik esku bat ikusi du. Zikina dago, odolez eta lurrez. Bigarren hatza puskatuta du. Azkazalak zartatuta eta pitzatuta. Aurrerago, aurpegi luzanga bat lurraren kontra. Dena beltz dago, detaile xume batzuk besterik ez dira nabarmentzen iluntasunean. Begi berdeak, marihuana kolorekoak. Sakonegiak hain txikiak izateko. Dirdira berezi bat darie, malkoen bustiak eragindakoa. Begien ertzean duen odolaren gorritasunarekin nahasten da. Sudurretik behera, ezpainak handituak, puztuak, lehertuak ditu. Eta kokotseko bizar ileekin endredatzen da gorritasun gehiago.

              Atzeraka erori da Sara. Izuak jota dago. Begiak zabal-zabalik ditu, arnasestuka, bihotza azeleratuta, gorputz guztiak nabari du taupaden erresonantzia. Atzeraka, arrastaka, handik ihes egiten saiatu da. Begi berde haien begirada itzalia ninietan iltzatu zaio, ezin ditu saihestu. Begiak indarrez ixten ditu irekitzean dena desagertuko denaren itxaropenarekin. Eta irekitzean, irudi berberak han jarraitzen du. Zutitzen saiatu da. Lurrera erori da. Berriz saiatu da. Berriz erori da lurrera. Hanketako dardarak ez dio zutitzen uzten, izu handiegia du. Azkenerako, hirugarrenean eta hormaren laguntzaz, zutitzea lortu du, eta kale kantoi hartatik alde egin du behe lainoa dirudien kezko teloi beltza besoen mugimenduekin uxatuz. Kanpoan, denak berdin jarraitzen du. Pertsona anonimoak beren zeluloidezko kaioletan. Anabasa hiritarrean bidea egiten joan da, begi haietatik ahal bezain urrun nahi du bere burua.

 

              — Joder, hi, pasa egin haiz! Ostia! Hemen harrapatzen bagaitiztek, gureak egin dik!

              — Lasaitu hadi. Gainera, merezia zian.

              — Joder! Ez zuan horrela jarri behar! Bizirik al dago oraindik?

              — Horrek ez dik inporta. Trago baten beharra zeukaat. Goazemak hemendik!

              Hiru pertsona korrika kale kantoi batetik. Bitartean, beste pertsona bat lurrean botata. Ez da mugitzen, ez du soinurik egiten.

 

              «Zer dira irudi hauek? Zergatik ari naiz horrelako gauzak imajinatzen?», pentsatu du Sarak begirada hari ihes egiten ari zaiola. Babesleku bat aurkitu nahi du, bakarrik egoteko toki bat nahi du, baina ez du ezertxo ere topatzen.

 

              — Sara! Mugi hadi!

              Begi berde haiek. Urrutian, sirena hotsak. Baten batek eskutik heldu dio eta handik eraman du tiraka.

              — Toki seguru bat aurkitu behar dinagu! Neska, mugi hadi, ostia!

              Garrasi besterik ez dio egiten, baina gorputza ahulegi sentitzen du agindu horiei aurka egiteko.

              — Kaka zaharra! Polizia agertu beharra ere! Puta! Eta hi, Sara, ostia! Mugitzeko! Ez al dakin bakarrik ibiltzen ala? Zer uste dun? Harrapatu egingo gaitizten hire kulpagatik!

              «Zergatik esaten dizkit horrelako gauzak? Nik ez dut ezer egin».

              — Zergatik esaten dizkidazu horrelako gauzak? Nik... nik...

              — Nik... Nik... Nik... Isildu hadi behingoz, alua!

              Ezkerretara biratu eta kale ilun batean sartu dira. Lurrera bota du Sara.

 

              — Hemendik ez dun sirena soinurik entzuten. Eskertu beharko didan. Niregatik ez bazen, Poliziak tipo haren ondoan harrapatuko hindukeen.

              Sara lurrean botata dago. Orkatilak eta besoak urratuta ditu eta sekulako beldurra sentitzen du. Begiak bustita ditu. Inoiz ez da horrela sentitu.

              — Ematen din bakarrik gaudela. Etor hadi! Beroaldi honekin bukatu behar dinagu!

              Kolpez altxarazi du lurretik eta paretaren aurka jarri. Mihiarekin lepo inguruak miazkatu dizkio, gero ahoan sartzeko asmoz. Esku bat bularren gainean du, eta bestearekin izterrak eta ipurdia ukitzen dizkio.

              — Ez... faborez... —ahots dardartiarekin.

              — Zer ari haiz esaten? Ihesaren adrenalina askatu beharra zeukanat, eta kalean egiteak bere morboa din.

              — Nikk... ffaboreezz...

              Zaplazteko bat eman dio, eta gero, masailak estutu bi hatzekin.

              — Sara-nik-maite-haut —lau hitz garunean, lau iltze bihotzean.

              Sararen eskua bere zakil dagoeneko tentetuan jarrarazi du.

              — Izan hadi neska zintzoa eta eman iezadan plazer hau —leunkiro esanda ere, agindu bat da, eta leuntasuna hain da subjektiboa posizioaren arabera—. Hik ez al naun ba maite? Horrela badun, ez esan ezetzik!

              Gorputz osoak dar-dar egiten dio. Ez da zutik mantentzeko gauza ere. Negar eta negar ari da. Hitzak artikulatzeko zailtasunak ditu.

              — Ez!

              Istant batez, barru-barrutik, sekulako energia atera zaio. Inoiz baino ozenago egin du garrasi, eta masturbatzen ari den zakila lehertu beharrean estutu du.

              Mutilak ikaragarrizko buila atera du. Pauso bat atzera eman eta Sara lurrera bota du beste zaplazteko batekin.

              — Puta nazkagarria! —ostiko bat eman dio sabelean—. Nik maite haudala esan eta gero, hau egiten didan? Orain jakingo dun zer den niri ezetz esatea!

              «Ez... ez... ez... Utzidazu joaten! Ez dut nahi! Ez dut nahi!»

 

Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi-Pi

 

Ingurura begira, larrituta eta orientazioa guztiz galduta. Ohatila baten gainean dago. Inguruan jendea hara eta hona bata jantzita.

              — Ospitalean nago?

              Erizain bat hurreratu zaio. Mutil gazte bat, hasiberria seguruenik. Ondo dagoen galdetu dio, izen-abizenak, adina, nondik datorren, zer egiten zebilen ospitalera eraman aurretik. Memoriaren funtzioak ondo dauden jakin nahi du.

              — Sara, Sara Ballet Tàpies. 35 urte —oraindik arnasaren erritmo normalera itzuli gabe.

              — Ondo da, Sara. Segituan etorriko da medikua. Bitartean egon lasai.

              — Baina non nago? Nola iritsi naiz hona?

              Erizainak, ordea, presa duela dirudi. Beste gaixo batengana hurbildu da, itxuraz, Sara baino okerrago dagoena ebaki handi batekin ezker belaunean. Medikua, erizainak esan bezala, segituan azaldu da, eta erizainak egindako galdera berak egin dizkio begi ninien erreakzioa, tentsioa, pultsua eta gorputzeko beste atalen mugimendu ahalmena aztertzen dizkiola. Dena ondo dagoela baieztatuta, Sararen galderak erantzuten hasi da bere adinekoa edo izango den emakumea.

              — Kalean botata aurkitu zaituzte eta anbulantzian iritsi zara hona. Hospital Clínic-en zaude. Orain arte konortea galduta egon zara. Ez duzu inolako kolpe garrantzitsurik, eta badirudi zure funtzio denak ondo daudela, baina pare bat orduz hemen eduki nahi zaitut badaezpada ere. Printzipioz gesala amaitu arte. Ez bada aldaketarik gertatzen, lasai joan zaitezke.

              — Eta zergatik gertatu zait?

              — Pentsatzen dut tentsio jaitsiera bat izan duzula. Izan daiteke gaur bero handia egiten duela. Nahikoa hidratatu zara?

              Buruarekin ezezkoa egin du.

              — Hori izango zen arrazoia seguruenik. Ez kezkatu. Ez da ezer larria izan.

              Sarak ondotxo daki arrazoia zein izan den, baina beste diagnostiko batek azaltzen badu gertatutakoa, hobeto. Galdera gutxiago erantzun beharko ditu. Halere, gorputzean ikara handia du. Gertatutakoa ez zen ilusio bat bakarrik, zerbait erreala izan da. Horrek ikaratzen du gehien.

              Bi ordu inguru pasatu ditu ospitalean. Behin handik aterata, ahul antzean, Xaviri deitu dio. Zigarro bat atera du paketetik, baina ez du gogorik erretzeko, eta paketean sartu du berriz ere.