Seigarren geltokia
Paristik buelta egin zuenetik egunak pasatu dira. Urtarrilean azterketak egitea besterik ez du buruan. Lanaren eginbeharrak. Ikasleak euren jakinduria momentu batean erakusten, gaiaren inguruan zer ikasi duten, nola moldatzen diren presioaren aurrean. Egunerokoa idazten hasi zenetik, guztiz monotonoa iruditu zaio idazten duena, inolako graziarik edo saltsarik izango ez balu bezala. Baina fikziozko lan batean akzioa eskertzen den bezala, batzuetan bizitzan zehar atseden momentuak ere eskertzen dira; eta dilemaren erdian, egunak errutinaren monotonian pasatzen ditu: berririk ez frontean.
Edo hori da sinetsi nahi duena.
Urtarrilaren 15ean zita bat izan du Dianarekin. Bere psikologoa. Aspaldidanik bere kontsultatik pasatu beharrean zen, hainbat zita atzeratu ditu azken hilabeteetan, baina Paristik egindako bueltak hara eraman du berriz ere. Sartu denean, eta aurpegira begiratu dionean, iraganeko hitzordu bat etorri zaio burura psikologoari. 2005eko azaroaren 15ekoa. Orduko hartan, lehen zita izan zuten. Irlandatik zetorren. Aurpegi oso zurbila zuen, zuri-zuria. Ia hezurretan. Bi hilabete zeramatzan Firenzen, eta azterketa medikua egin ostean, psikiatra batengana bidali zuten. Hark antidepresiboak eman zizkion, baina era berean terapia egin behar zuela esan zion. Eta horrela iritsi zen Dianaren kontsultara.
Lehen kontaktua egin eta gero, traumak bata bestearen atzetik kateatuta zituela konturatu zen psikologoa, eta sorgin-gurpil ero hura suntsitu beharrean ikusi zuen bere burua. Baina Sara oskolaren barruan giltzapetuta zen. Ez zuen hitz bat bera ere egiten bere arazoen inguruan. Are, ez zuen arazorik ikusten, ez zegoen arazorik Sararentzat. Horregatik eskatu zion eguneroko bat idazteko, burutik pasatzen zitzaion edozer gauza idatz zezala bertan. Agian, eta hori zen Dianaren asmoa, bere kabuz konturatzen bazen arazo bat zuela, errazago zabalduko zen bere aurrean. Urtarrilaren 15eko zitan, duela zazpi urteko aurpegi berbera ikusi dio.
Baina errutinak izan du beste etenik. Urteberri egunetik, astero, astelehenero, pakete bat iristen zaio etxera. Lehena 7an iritsi zen, hurrena 14an. Pakete normal bat kanpotik, kartoi koloreko paperarekin bildutakoa. Eta barruan, bitxiak. Bitxitegietako bitxirik garestienak. Lehenengo paketean belarritako batzuk ziren, urrezkoak diamante distiratsuekin. Bigarren paketean lepoko bat, erdian esmeralda zati batekin. Oso arraroa iruditu zitzaion lehenengo paketea, baina seguruenik nahastu egingo ziren posta zerbitzuan, eta galdetzera joan zen. Ez ba. Berarentzat omen zen paketea. Bigarrengoa susmagarriagoa egin zitzaion. Orain astelehenaren zain dago, ea beste paketerik iristen ote den.
Enzo izan da azkena bere bulegoan sartzen azterketa egiteko. Ordu erdira kanpoan da, nota altuarekin. Sara etxera abiatu da. Astebetez ez du bulegotik pasatu behar.
Urtarrilak 18, ostirala. Goizeko lehen ordutik atea joka. Esnatu berriaren aurpegiarekin joan da atea zabaltzera. Beste aldean postaria, mutil gazte bat, deseroso sentitu dena bezeroa erdi biluzik ikustean, baina zer arraio!, hori da bere lana. Eskuetan pakete bat dakar. Sarari eskutara eman eta orri batean sinatzeko eskatu dio. Sara umore txarreko da, goizero da umore txarreko. «Gaur ez da astelehena. Agian orain astean bitan iritsiko zaizkit paketeak? Hau ez zait batere gustatzen». Aho zabalka sukaldera joan, paketea mahaiaren gainean utzi, eta kafea egiten jarri du. Capisciri gosaria jarri dio bere platerean, latako katu jana, baina katuak lo jarraitzen du. Kafea prest dago. Moldeko ogiaren gainean marmelada pixka bat igurtzi eta besterik gabe jan du kafea katilura isurtzen duen bitartean. Pentsamendua zuri, paretari begira gosaldu du. Koska egiten dio ogiari, marrubizko marmeladaren zapore gozoa ahoan barreiatzen da, ezpainen ertzean arrasto gorriak utziz. Eta gozotasunari aurre egiteko, kafearen mikaztasuna barrura. Paretari begiratzeaz aspertuta, mahaiari begira jartzea bururatu zaio. Paketea ikusi duenean, begiak zabaldu zaizkio. Seko ahaztu zaio. Ezker eskuarekin heldu dio, pisua kalkulatzen hasi da. Belarri albora eraman, maraken antzera mugitu ea zer nolako soinua egiten duen aztertzeko... Soinurik ez. Bi eskuekin helduta, malgutasuna probatu nahi du. Erraz okertzen dela dirudi.
— Liburu bat?
Isilik geratu da. Ez du libururik eskatu, edo hori uste du behintzat. Zabaltzea izango da hoberena zer demontre den eta nork bidali duen jakiteko.
— Ba bai, liburu bat —eta hasperen baten ostean—. Beste liburu bat.
Katu buru bat azalean duen liburua. Titulua: Katu bisitaria. Egilea: Takashi Hiraide.
— Aizu, Capisci, ez al zen hau Beppek gomendatutako liburua? —airean erakusten dio—. Aizu! Esnatu zaitez, bada esnatzeko garaia!
Paketearen barruan kartazal bat dago. Berarentzat dela jartzen du. Zabaldu eta orri bat atera du barrutik. Esku artean hartu, eta oraindik erdi lo denez, beste kafe bat zerbitzatu du. Goizeko lehen zigarroa piztu, eta irakurtzen hasi da.
«Kaixo Sara eta ZORIONAK!
»Espero dut zure urtebetetze egunean iristea paketea, bestela bere xarma guztia galduko du. 36 urte dagoeneko. Badakit ez diozula garrantzi handirik ematen, baina denbora aurrera doala».
— Benetan ari zara, Ana? Eskutitz bat bidali didazu urtebetetzerako? Ditugun teknologia guztiekin? Itxoin! Nire urtebetetze eguna da?
Egutegi baten bila hasi da. Eta bai, bere urtebetetze eguna da. Irakurtzen jarraitu du kafe zurrut bat edan ostean.
«Aspaldian ez dudala eskutitz bat idazten, eta uste dut ahaztu egin zaidala nola egiten den. Barkatuko didazu horregatik. Liburua opari bat da. Liburu denda batean aurkitu nuen, eta kuriosoa egin zitzaidan izenburua, zurekin gogoratu nintzen. Gero oroitu nuen esan zenidala katu bat zenuela etxean eta aproposa iruditu zait zuri oparitzeko. Bidali aurretik irakurri dut, ez dizut detailerik emango. Kuriosoa dela, hori bakarrik.
»Silvia jaio da. Urriaren 26an. Amaren antza hartzen diot. Bere sudurra du. Ea noizbait bere izeba ezagutzeko aukera duen. Bai, Sara, orain izeba zara.
»Florentzian ondo egongo zarela pentsatzen dut. Klaseekin eta. Ez dakit orain nola egongo zaren, azterketak hilabete honetan izaten dira, ezta? Ikasleak zu baino estresatuago egongo dira seguruenik. Baina zu ere estresatzen ez zara zaila, eta bururatuko zitzaizun denbora pasatzeko zer edo zer. Espero dut zera horrek buruko min handiegirik ez sortzea.
»Eta idazten hasi naizenez, gauza asko etortzen zaizkit burura galdetu nahi nizkizunak. Aitarena eta gero ez dut zure berririk izan. Gogoratzen naiz nirekin hitz egin nahi zenuela, baina oraindik ez zela momentua. Ez da inondik inora zuri presio gehiago jartzea. Hori ez da nire asmoa. Baina nik ere gauza asko kontatu nahi dizkizut. Uste dut momentua ez zela egokia izan, eta horrek gauza asko baldintzatu zituela gure artean. Sentitzen dut orain ama naizela, familia bat osatu dudala, familia baino ezer garrantzitsuagorik ez dagoela. Sentsazio hori indartu egin zait, eta berriz ibili nahi dut zurekin umeak ginenean bezala. Gabonetan elkartu, urtebetetze batean, oporretan... Distantzia fisikoa baino harresi handiagoa da distantzia emozionala.
»Ez dut luzatu nahi. Azken gauza esan nahi dizudana hau da: aireportuan oso arraro ikusi zintudan. Akaso Bartzelonara egin zenuen egunpasa horretan zerbait gertatu zitzaizula pentsatuta, Xavirekin hitz egin nuen. Kontatu zidan ospitalean egon zinela eta iraganeko mamuei aurre egiten ibili behar izan zenuela. Horren inguruan galdetu nion eta unibertsitateko azken urtearen inguruan hitz egin zidan. Berez zuri ezer ez esateko eskatu zidan, baina sekulako astindua sentitu nuen gorputzean hura entzutean. Zergatik ez zenidan inoiz ezertxo ere esan? [...]»
Begiak zabaldu zaizkio bi izarren pare. Eskutitza bitan zatitu du, eta lautan, eta zortzitan, eta hamaseitan, eta hogeita hamabitan, eta hirurogeita lautan, eta ehun eta hogeita zortzitan. Puska guzti horiek bildu eta kaxoi batean giltzapetu ditu. Eta liburua... liburua beste liburuen azpian sartu du. Jada liburu hark karga emozional konkretu bat du berarekin, ez da neutroa, ez da lasai irakurriko duen zerbait. Beragan pentsatuta aukeratu du Anak, lur jota egon zen Sara batengan pentsatuta.
Bere urtebetetze eguna izan arren, bizitza normala irudikatu nahi du. Ez du festarik nahi, ez du ezohiko ezer nahi. Dutxatu eta kalera joan da, zuzenean Piazza della Passerara. Bi kafe hartu ditu, eta zigarro pakete erdia erre du goizean bertan. Egunkaria birritan irakurri du, goitik behera, baina ez du ezer ulertu. Hitz solteak irakurtzen pasatu du denbora, esaldiak ez dira existitzen, hitzak haien bakardadean bakarrik hartzen ditu aintzat. Dada esperimentu bat balitz bezala. Kosmosak ezarritako konexio guztiekin apurtu nahi du, ez du ezer jakin nahi munduarekin.
Bakarrik egon nahi du. Bakarrik sentitu nahi du.
Baina horrelakorik egitea ez da lan erraza. Jendea begiratzen du. Jendeak begiratzen du. Eta anonimatoa. Zer da anonimatoa? Turistez betetako hiri honetan inor ez da inoren ezagun, denak dira denborak edo bizitzak edo predestinazioak momentu eta toki berean elkartu dituen piezak.
Hamaikagarren zigarroa piztu du.
Madarikatu ditu jainkoak, lagunak, familia... Madarikatu du mundua bere sorreratik bere amaierara arte, eta madarikatu du bizitza geografia tenporalen ertz guztietatik.
Bazkaltzeko ordua izango da. Baina ez da etxean azaldu. Tren geltokira joan da. Eramateko kafe bat hartu eta pizza pusketa bati zenbait mokadu emanik zaborretara bota du. Trenak nola joan eta nola datozen begira egon da. Geltokiko nasetan dabilen mugimendua, jendea atzera eta aurrera, trenera igo eta trenetik jaitsi.
Azkenekoz, Paristik bueltan izan zen han, baina denbora luzea da geltokian egoteagatik bakarrik egoten ez zela. Hiru ordu eman ditu banku batean eserita bidaiarien gorabeherak aztertzen, munduko hiritarren bizitzak asmatzen. Erromatik datozenak, Boloniara doazenak, Milanetik datozenak, Sienara doazenak. Maleta handiekin, txikiekin edo gabe. Negozio munduko pertsonak edota Erasmus programa egiten ari diren ikasle atzerritarrak.
Bikote gazte bati erreparatu dio. Trago bat kafeari. «Hori krudelkeria. Bizitzak elkartu ditu etorkizunean bereizteko».
Neskak hogeita gutxi urte izango ditu. Kotoizko galtza more zabalak ditu, artilezko jertse lodi eta beltz bat. Ile luzea, hau ere gaua bezain beltza eta ezkerreko begiaren ondoan ikatz orban bat. Eskutik helduta du mutila. Belarritako bana belarrietan, ezpainen azpian ile batzuk. Galtza bakero urdin ilunak eta mendiko jertse berdea lepoa ere inguratzen diona. Irribarretsu dirudite. Mutilak gerritik heldu eta neskaren ezpain haragitsu haietan muxu eman dio. Eszena ezaguna egin zaio Sarari, nonbait ikusi du hori lehenago.
Jende artean galdu dira gero. «Nora joango ote dira?», pentsatzen jarri da. «Seguru eskapada bat egitera etorri direla Firenzera. Pizzeria batean Margherita pizza bat jan ostean, taberna alternatibo batera joango dira garagardo batzuk edatera. Sentimentalismo erromantikoaren eta kitzikadura sexualaren arteko oreka aproposa denean, larrutan egitera joango dira maletak utzi dituzten pentsiora. Eta bihar katedrala ikusi eta argazkiak atera ostean, beste tren bat hartuko dute beste norabait joateko. Agian Boloniara». Mutil bat jaitsi da Milanetik iritsi berria den trenetik. Sararen arreta deitu du, begirada haren begietara joan da inkontzienteki. Begi berdeak, marihuana kolorekoak. Sakonegiak hain txikiak izateko. Momentu batez ezaguna egin zaio. Konturatzerako, begi berdeko mutilaren pista galdu du.
Etxerako bidean, gozoarekiko ahultasunak edo urtebetetze egunetako sentipen positiboak gainditu dute okindegi baten aurrean. Txokolatezko muffin bat erosi du, pentsatuz afaldu ostean eta bere burua zorionduz jango duela. Poltsan sartzera doala, Bariccoren liburua ikusi du. Duela bi asterako entregatu behar zuen. Ordua begiratu du mugikorrean. Oraindik denbora du liburutegira joan eta liburua itzultzeko. Presa sartuz bezala eman dio bosteko billetea dendariari, eta gainerakoak eskuaren ahurrean uztearekin batera, erdi korrika atera da okindegitik.
— Atzerapen txiki batekin itzultzen dut, barkatu eragozpenik sortu badu horrek —arnasestuka utzi du liburua harrerako mahaian.
— Lasai, ez zara bakarra —liburuzainak ez dio aurpegira begiratu ere egin. Okupatuegia dirudi bere gauzetan. Gainera, ixteko gutxi falta da eta egin behar dituenak ahal bezain azkar amaitu nahi dituenaren jarrera du.
Sarak ingurura begiratu du. Jende gutxi dabil, ikasleren bat motxila bizkarrean etxerako bidean. Ordenagailuen aurrean adineko gizon bat. Lana bilatzeko eta ligatzeko web orriak ditu zabalik aldi berean. Paola handik ibiliko ote da? Buelta bat eman du, baina ez du ikusi, eta liburuzainari galdetzea erabaki du.
— Paola? Emakume ttiki eta ilegorri bat? Denbora guztian hizketan dabilena?
Sarak buruarekin baieztatu du bere aurpegia imajinatzearekin batera.
— Zer iruditzen zaizu nik Bariccorena eta zuk Balletena hartzen baduzu?
Elkarrizketa absurdoa amaitzeko forma bakarra da hori galdetzea. Baina Sarak hori galdetu baino lehen gauza gehiago gertatu dira. Kontua da estilo aldetik esperimentatu nahi duela. Bere autobiografiari kutsu berri bat eman nahi dio, eta horretarako beste idazleek zer eta nola idazten duten jakin nahi du. Horregatik joan da liburutegira, zerbait berria, zerbait kuriosoa aurkitzera.
Beraz, liburutegira sartu, eta lehenik eta behin, nobedadeen artean begiratu du. Ez du ezerk erakarri, ordea. Klasikoak begiratzen egin du denbora. Abangoardietatik hasi eta noizbait esperimental jo ziren liburuetara. Baina hor ere ezer ez. Nobedadeen txokora hurbildu da beste behin, eta emakume ttiki bat ikusi du bertan. Baina arreta deitu diona ez da emakumea izan, baizik eta eskuetan dituen liburuek. Esku batean, iaz argitaratutako Alessandro Bariccoren liburu bat du: Mr. Gwyn. Beste eskuan, Heroiaren kaiera.
Zer sentitu behar ote du sortzaileak bere sorkuntza besteen eskuetan ikustean? Nahasketa bat izan beharko du seguruenik, ilusioa eta presioaren artekoa, edo poztasuna eta urduritasunaren artekoa. Bi muturren arteko talka bat: bun!
Emozioen guda zibil horretan, Sara adineko emakumearengana hurbildu da. Bere alboan jarri eta eskuetan dituen liburuen inguruan hitz egiteari ekin dio. Bariccorenak harrera ona izan omen du, baina Balletenak handiagoa.
— Hori ulertzekoa da. Bariccorenak urtebete besterik ez du liburu dendetan —azaldu dio serioski emakumeak—. Baina badirudi Balleten liburuaren apologia egin nahi didazula.
Sarak inprobisatu behar du, eta bere irakurle fan horietako baten azalean sartu. Bere asmo azalekoen barru-barruan nahi du emakumeak bere liburuarekin egitea etxerako bidea. Bere istorioa gordetzen duen liburua eskuetan hartu, eta orriak bata bestearen atzetik pasatu ditu, soilik letra eta hitz solteei begiratu azkar bat ematen.
— Historiari buruzko nobela da, baina nobela historikoa izan gabe. 60ko hamarkadan eta Belle Čpoque garaian kokatutako istorio bat da. Heroia izateak suposatzen duen zamaren eta iheslari bihurtu nahi dutenen inguruko gogoetak ditu. XX. mendeak eskaintzen dituen denbora arteko konexioak eta pertsonaien arteko harremanak, fantasia eta ezinezko lurraldeak... Batzuetan, Carrollen eragina asko nabaritzen da.
Muturra okertu du andreak. Eleberri historikoen zalea ez dela, eta ez dakiela oso gustuko izango duen.
— Begira neskato —andreak gauzak argi utzi nahian—, badakit zergatik nahi duzun nik Bariccoren liburua ez aukeratzea.
— A, bai? —bera nor den ezkutatzeko saiakera batean—. Eta zein da arrazoi hori ba?
— Zuk Bariccorena eraman nahi duzula. Baina kontua da, entzun dudanez, Bariccoren liburu honetan biluziak eta erotismo puntu originalak daudela, eta horrelako gauzek izugarri erakartzen naute. Sexuarekin eta sexuaren kontzeptuarekin esperimentatu behar da. Literaturan eta literaturatik kanpo ere.
— Hori al zen? Baina Balleten liburuan ere sexu eszenak nahi adina daude.
— Nahi adina? —beste behin ere muturra okertuta—. Horrela bada, idazle honek sexuan bakarrik pentsatzen duela ematen du.
Sara urduritzen hasi da. Amorrazio puntu bat bere barnean dabil manifestazioan: «Sexuan bakarrik pentsatzen dudala? Hori ez da egia! Baina nola demontre esango diot hori? Ez dut nahi inolaz ere ni nor naizen jakiterik. A ze lotsa bestela!».
— Sexu eszenak ditu, baina ez da nobela erotiko edo pornografiko bat.
— A, ez? —penaturik bezala—. Lastima. Idazleen imajinazioa ikaragarria da. Ez denena, noski. Batzuek sekulako gaitasuna dute uste ez duzunean zerbait izugarria asmatzeko. Gainera, eszena erotikoak ez dira idazteko batere errazak, entzun dudanez. Gustura irakurriko nizkioke nire senar tentelari horrelako kontuak. Garai batean, martxa gehiago zuenean, gauzak ez zituen behar bezala egiten. Eta orain pastillak hartzen dituenean, okerrago moldatzen da —barre egiten du eskua ahoan jarririk.
Urduri egotetik deseroso egotera igaro da Sara. Hasieran zituen asmoak gauzatzeko, ahal bezain zuzenen izan behar du. Ekintza zuzena, alegia.
— Zer iruditzen zaizu nik Bariccorena eta zuk Balletena hartzen badugu?
— Konforme —bota du pentsatzeko denborarik hartu gabe—. Baina baldintza batekin.
— Zein da baldintza hori?
— Kafe bat edo beste edozer gauza hartzera etorriko zarela nirekin hemendik aterata.
Sarak pixka bat pentsatu du, askorik ez, bai baitaki asko pentsatuta ezezkoa esango diola, eta gero zergatik galdetuko diola eta... ez, ez, ez. Ez du horrelakorik nahi.
Liburuak hartu, eta hurbilen dagoen terrazatxoan eseri dira. Zazpiak laster joko dituzte duomoko kanpaiek, eta ardo txuri bana eskatu dute.
— Eta esadazu: pozik sentitzen al da idazlea irakurleari bere liburua gomendatu ostean?
Momentu batez inon dago. Andre hark oso ondo daki poltsa barruan duen liburuaren egilea, momentu honetan, ardo txuri bat hartzen ari dela berarekin.
— Harrapatu nauzulakoan nago —ardoari trago eman dio gero, deserosotasuna ezabatzeko—. Eta noiz jabetu zara ni nintzela egilea?
— Hasieratik —halako segurtasun batekin eta adineko jendeak duen harrotasun puntuarekin—. Liburua bera zertaz doan jakin aurretik, kuriositate gehiago izaten dut egileagan, eta bere argazkiari begirada bat emateko ohitura daukat. Gero, zu agertu zara, eta jolaserako intentzioarekin ikusi zaitudanez, jolas beraren parte izaten saiatu naiz.
— Beraz, sexuarena eta hori... jolasaren parte zen, ezta?
— Ez guztiz. Jolasaren parte zen jolasean bertan esan dudalako, baina jolasetik kanpo ere gauza bera esango nuke.
Berriz ere sentsazio deserosoa.
— Guk ere martxarako eskubide bera dugu!
— Arrazoi guztia daukazu —gaia amaitutzat emateko. Uste zuen horrelako gauzak fikziozkoak besterik ez zirela, baina ez.
— Nire izena Paola da —aurkeztu da—. Ezagutzen dudan lehen idazlea zara.
— Urte askotarako.
Hasiera batean, liburuei eta literaturari buruz jardun dute luzaroan. Paola irakurle amorratua da, eta irakurri dituen liburu guztien zerrenda egingo balu, orduak eta orduak pasako lituzkete bertan. Idazleek, ez denek baina, mundua deskribatzeko edo munduak asmatzeko duten gaitasunak harritzen du gehien. Galderaren bat edo beste egin dio Sarari bere eleberriaren inguruan, baina galdera egin eta berehala: “Utzi, ez kontatu. Nahiago dut nire kontura deskubritu zer idatzi duzun”. Beraz, isilik egon behar. Beste bi kopa ere eskatu dituzte.
Baina Sara lepokoak erakartzen du. Paolaren lepokoak. Tximeleta formagatik izan daiteke, edo lapislazuli urdinaren erakarpen gaitasunagatik, edo berak ere horrelako bitxi bat nahi duelako. Arrazoiek gutxi inporta diote. Eta kuriositatez, non erosi edo lortu duen galdetu dio.
— Ba uste dut Siziliara egindako bidaiaren batean erosi nuela. Baina ez nago oso seguru.
— Oso ederra da.
— Tximeleta formakoa zelako erosi nuen. Baziren forma gehiagoko bitxiak ere, baina beti erakarri izan naute tximeletek. Hain airosoak iruditzen zaizkit. Aurreko batean, telebistan zapping egiten ari nintzela, Afrikari buruzko dokumental bat ikusten amaitu nuen. Badakizu, Mozambikera joateko gogoa sortu zitzaidan.
— Eta hori?
— Ba Mozambiken bada Mabu izeneko mendi bat, eta mendi haren azpiko oihanean, ehunka tximeleta espezie omen daude. Urtean behin edo, ez naiz ondo gogoratzen, mendi tontorrera igotzen dira tximeleta guztiak, ugaltzera. Irudi zoragarriak ziren.
Sara etxera joan denean, Mabu mendiaren inguruan informatu da Interneten. Paolak aipatu dion dokumentala BBC kateak egindakoa da, eta gau horretan bertan ikusi du.
— Oraindik sasoian zaude Afrika aldera bidaiatzeko. Ez duzu ezer galtzeko. Gainera, Mozambikeko egoera asko hobetu da. Minen arazoa oraindik hor dago, baina zergatik ez?
— Eskertzen dizut, Sara, baina ez nago horrelako bidaia baterako. Gainera, nire senarra ez zenuke Firenzetik mugitu ere egingo. “Zertarako mugitu behar dugu? Hemen denetik dago, eta gainera ez gaude abenturetarako”, eta antzeko gauzak esango lituzke.
— Hainbeste tximeleta ikusteak zoragarria izan behar du.
— Zuri ere gustatzen al zaizkizu ba?
Euforia kontrolatzen saiatu da. Tximeletekin duen harremana berezi samarra dela jakinda, eta gainera bere tximeleten karga emozionala handiegia izanik, ez du gaian asko sakondu nahi. Horregatik, gauza azalekoenak kontatzera mugatu da: tatuajeak eta Silvio Rodríguezen abestia. Ez da gehiago luzatu.
Paolak gogotsu eta arreta guztia jarriz entzun dio. Amaitu duenean, bizkarra eserlekuaren aurka ipini, eta begiak itxita isilik geratu da segundo batzuetan. Sarak, isiltasuna aprobetxatuz, kopa hartu eta tragoa eman dio. Paolaren gorputza berriz ere mahaira hurbildu denean, eskuak lepo atzera eraman ditu. Lepokoa askatu, begirada sakon bat bota bitxiari, eta Sararen eskuetan jarri du bere eskuekin estutuz idazlearenak.
— Ez esan ezer. Hau zuretzat.
— Baina... Zer... Zergatik?... Hau...
— Esan dizut ezer ez esateko. Zuretzat. Hartu Paolaren opari bat bezala. Zorte ona ekarriko dizu.
— Baina ezin dut onartu —galduta eta nahasita sentitzen da. Bat-batean, arratsalde hartan ezagutu duen andre batek bere lepokoa oparitu dio—. Gainera, ez al duzu esan oso preziatua dela?
— Bai, eta oso preziatua delako ematen dizut zuri, Sara.
Zutitu eta bi muxu ematera hurbildu da. Berandu dela, eta etxera joan beharra duela. Eskerrak eman dizkio hain arratsalde ederra berarekin pasatzeagatik.
— Bukatzen dudanean —liburua poltsatik aterata—, nire iritzia emango dizut.
Sarak telefono zenbakia luzatu dio, baina honek ukatu egin du.
— Inprobisatuan xarma gehiago du. Hurrena elkartzen garenean.
Beste bi muxu, eta bakoitzak bere bidea hartu du. Batek irribarre handi bat du ahoan eta liburu bat eskuan. Besteak inoiz eskuetan izatea espero ez zuen bitxi zoragarri bat. «Ea berriz elkartzeko aukera dugun», pentsatu du Sarak. Biratu da telefono zenbakia emateko, berdin dio ezetz esaten badio ere, zenbakia eman nahi dio; baina ordurako, ez da Paolaren arrastorik.
— Aurreko batean etorri zen bere semea etxean zuen liburua itzultzera. Haize txar batek eraman omen zuen.
Harrituta begiratu dio liburuzainari. Berria entzutean, liburuzainak aipatutako haize txar horrek kolpatu duela dirudi. Hezurretaraino iristen den hotzikara moduko bat. Buelta erdia eman du.
Logelan, ohearen alboan dago lapislazuli urdineko tximeleta. Hegan egiten ahaztu zaiola dirudi. Ez du hegan egiteko gogorik. Jaio zen kapulura itzuli da, iluntasunera, eguzkiaren printzek argitzen ez dituzten erreinu elurtu eta urrunetara.
Muffinaren gainean, kandela. Eta kandelaren gainean, su garra. Etxeko argi bakarra. Urtutako argizaria muffinaren gainera erori aurretik, hautsontzian utzi du, itzali gabe. Hozkada bat. Berriz hartutako tokira itzuli du, mahai gainera.
— Zorionak, Sara.
Isiltasuna.
— Zorionak Sara?
Zutitu da. Aurrera begira geratu da hiru segundoz. Bat-batean,
DANBA!
Mahaia kolpatu du bi besoekin. Kristalezko edalontzia mahaitik jausi da kolpearen ondorioz. Lurrean, mila zatitan apurtu da, eta bere solidotasunean gordetzen zuen ur likidoa zoruan barrena zabaldu da. Garrasika hasi da, aulkia oinarekin astintzen du, eskuekin hartu eta lurrera bota aurretik. Capisci, jada erdi lo zena, beldurtuta joan da handik.
— Carpe diem zertarako? Denek berdin-berdin bukatzen dugu eta?
Hormari kolpeka. Kolpeka eta kolpeka. Bere burua mindu nahi duela ematen du. Edo irudipenetatik harago, bere burua mindu nahi du.
— Inork ez daki niri buruz ezer! Inork! Joder! Ukitzen dudan guztia zikintzen dut!
Zerbait orroka sentitzen du bular azpian. Basapiztiaren bat orroka, garrasika, aske izatea eskatzen. Bizkar osoan berotasuna sumatzen du, tinta beltzak erre egiten dio. Lurrera bota da, belaunikatuta, norbera bere buruaren etsai bihurtzen deneko borrokan errendituta.
— Alferrik da. Alferrik ari naiz borrokan. Inoiz ez naiz gai izango munduari aurre egiteko.
Eta iraganeko mamuak beste behin buruaren gainean bueltaka eta bueltaka. Amesgaiztoen amaraunean kateatuta, ziega ilunenetan eskuburdinak jarrita. Ubelduak eta ubeldu gehiago, irainak, isekak. Bihotz azeleratu baten erritmo azkarregian, dardarez, pozoia zabaltzen da gorputzean zehar.
— Zorionak, Sara —eta barrezka hasi da. Barrezka ero baten pare. Seriotasuna marjinatu eta bere buruari galdetu dio: zergatik hain serio? Eta lasaigarri bat irentsi du.
Gorputza kaiola da.
Pertsianak jaitsita daude. Objektuen formak antzeman daitezke ilunpetan. Garagardo lata bat zimurtuta, zapalduta, deseraikita lurrean, oraindik zintzilik du azken tanta. Hiru pauso harago beste bat dago. Kristalezko botila baten gainean islatu da, lapur baten antzera, barrura sartzera ausartu den argi printza. Hiru segundoz. Desagertu aurretik. Hiru segundo horietan “gin” irakurtzeko aukera izan da. Eta tabako errearen usaina. Kiratsa. Atmosfera kargatu eta kezkoa. Zigarrokinak han eta hemen. Beste lata bat mahaiaren oinaren ondoan. Kristal zatiak odolez zikinduta. Lehen ispilu bat zegoen tokian ez dago ispilurik. Argi gorri bat iluntasuna ilunen den tokian. Semaforo bat stop seinalea egiten edo itsasargia marearen kapritxora kondenatutako naufragoen isekari.
Iturritik tantak erortzen dira hemeretzi segundoro. Tantaka-tantaka eternoa. Tan (hemeretzi segundo) Tan (hemeretzi segundo) Tan (hemeretzi segundo) Tan. Eta tanta lehertzen den aldiro, oihartzuna, tantaren eztandak baino gehiago urduritzen duena. Ozentasuna lausotzen doalako soinu ia entzungaitz bihurtu aurretik, desagertu baino lehen. Baina desagertzen den momentuan, beste tanta bat lehertzen da aurrekoaren hilotzaren gainean.
Eta etxetresna elektrikoen zarata monotonoa. Onomatopeia monotono bezain histerikoa. Lehertu beharrean direla dirudi, berotzen doazela gehiago eta gehiago eta gehiago eta gehiago ezin da lehertu ezean. Eta une batez, dena isiltzen da; eta isiltasunera ohitzerako, martxan jartzen dira lehertu beharrean, berriz ere. Monotonia, zaratarena. Zarataren M-ak.
Mmmmmmmmmmmmmmmmmmmmmmmmmmmmmmmmmmmmmm
Mak. makinak. Kaiola honetako sinfonia.
Gorputza kaiola da.
Autoak aditzen dira kanpoan. Bozina zaratak, konbustio soinu narritagarria. Belarriak nekatzen dira. Ke kutsagarria botaka egiten du ihes-hodiak. Abiadura, estresa, presa, korrika, denborarik ez, aurrera orain, atzera, stop! Jendeak hitz egiten du, ez du entzuten. Jendeak entzuten du, ez du hitz egiten. Murmurioak (“biharko haizea”), esanahi gabeko hitzak (“atisantania”), ideien maskarak (“ni naiz”), miau, eta denborak aurrera egingo du (tik-tak-tik-tak-tik-tak). Baina denbora geldirik dago lau hormen alde honetan. Garagardo lata bat lurrera. Pastilla bat ahora eta irentsi. Lau hanka arrastaka. Kanpoan sirenak kantuan, tragediaren preludio. Sirenak lasterka, soinua, energia, abiadura, Doppler efektua. Azkenerako, ez da inor entzuten pertsianaren bestaldean.
Miau.
Begiak zabaldu ditu. Hamabi kanpai hotsen erresonantzia. «Mundu honetan egiarik baldin bada, bat bakarra dago: denok hiltzen gara. Arrazoi zuen mediku hark. Puzzle bat erosi beharko nuke. Nirea ez da inoiz bukatuko, ez naiz gai izan nire puzzlea bukatzeko. Zer geratzen zait orain? A, bai! Ardoa eta zigarroak». Ardoa eztarritik behera erori da, bai eta ezpainen ertzetatik ere. Edariaren epeltasuna sumatzen da azalaren gainean. «Zer egin behar da ezin denean amaitu?». Sabai ilunari so dago. Miau. Baina iluna egonik ez daki sabaiari edo beste zerbaiti begiratzen dion. Ate soinuak. Norbait kolpeka ari dela dirudi. «Ezin baduzu puzzlea amaitu, ezin duzu amaitu. Horrek ez dauka beste azalpenik. Beraz? Gauzak erdizka eta amaitu gabe uzten baditut beste zerbaitekin hasi aurretik, damutu egingo naiz aurrerago. Hori ez baita nire estiloa. Bukatu behar dut. Baina nola? Nola bukatu bukatu ezin denarekin behingoagatik buka dadin? Bukatu. Bukatu. Bu-ka-tu-ka-tu-ka-tu-ka-tu». Zigarro bat atera du iluntasunetik. Begiak itxi ditu.
Euri tantek zakarki kolpatzen dute pertsiana. Tiroka ari direla dirudi. «Ze ordu da?». Haizeak sekulako iskanbila egiten du bestaldean. Uluka. Hezetasun usaina. Tantak bustiaren gainean nola erortzen diren entzuten da, eta bustiaren gainean busti gehiago, tantaren gainean beste tanta bat, eta beste bat, eta beste. Tatnatnatnatnatnatnatnatnatnan. Begiak zabaldu ditu. Haizea ikusten ez diren zirrikituetan, konspiratzen. Argi gorritan 5:39 jartzen du gelaren beste ertzean. Beste garagardo lata bat joan da lurrera. Ras-ras-ras-ras-ras amaigabe bat.
Gorputza kaiola da.
Eguzkiak auskalo zenbatetan esan duen “agur” eta beste zenbatetan “egun on”.
Miau soinu agoniazkoek esnatu dute. Atzapar soinua paretaren aurka ras-ras-ras. Baina ez da gai soinu haren esanahia identifikatzeko. «Nondik dator soinu hori? Imajinatzen ari naiz?». Pastilla bat eztarritik behera. Kanpai zarata TAN TAN TAN TAN TAN TAN TAN, eta hegaztiak aireratu dira hegaldaka. Lau hankatan mugitu da komuneko ateraino iritsi arte. Arrastaka. Ahul. Lurretik barreiatuta dagoen zaborra alboratzen du bere bidetik. Eta komuneko atearen markoaren laguntzaz altxatu da, nahiz eta hankak ez diren gai zutik mantentzeko. Hormari helduta, hormak helduta, harraskaren aurrean jarri da. Ispiluari begiratu dio, eta ez du ezagutzen beste aldean dagoena.
Amildegi bat eskalatzen ari da. Ez zaio ezer geratzen gora iristeko. Bat-batean, mutil bat hurreratu da lur zatiaren ertzera eta zeruari begiratu dio. Untxi zuri bat du besoetan. Sarak laguntza eskatzen dio garrasika, baina haizearen ulua bortitzegia da mutilak begirada beherantz zuzentzeko. Harriei indar guztiz helduta, eskua luzatu du horrela ikusiko duelakoan. Grabitateak eraginda, mutilaren begirada amildegiaren zilborrera erori da. Harrituta begiratu dio Sarak. Ezaguna egiten zaio. Begi berdeak, marihuana kolorekoak. Sakonegiak hain txikiak izateko. Hasiera batean hoztasunetik begiratzen du, segurtasunak eskaintzen dion botere posiziotik. Sarak geroz eta gehiago luzatzen du eskua, garrasika laguntza eskatzen. Azkenerako mutilak eskua luzatu dio. Irribarre konplizeak hatzak hurbiltzen ari direla. Halako batean, untxi zuriak Saragana egin du jauzi. Eskua harritik askatu da, eta Sara eta untxia amildegian behera doaz.
“AAAAAAAAAAAAAAAAAAA!”. Zarata bat paretaren aurka, ezohiko eztanda bat.
Gorputza kaiola da.
Ukabilarekin apurtu du ispilua. My body is a cage Esku guztia odoleztatu zaio, baina ez du indarrik mina adierazteko. that keeps me from dancing with the one I love Odol gorriz markatutako lerro zatitzaile eta geometrikoak irteten dira ispiluaren erdigunetik. Eta Sarak bere aurpegia zatitua ikusten du ispilua bezala but my mind holds the key. Beste pastilla bat atera du patrikatik. Mihiaren gainean jarri eta barrura. Ubelduak ditu begien ertzean. Alkohol botila bati tragoa eman dio. I'm standing on a stage of fear and self doubt Ezpainak zartatuta ditu. Eskua ezpainetara eraman du lehortasuna ukitzeko eta gorriz margotu ditu. Marmolezko harraskan behera, lerro gorriak epizentrora iristen dira it's a hollow play but they'll clap anyway. Lurrean ere, orban gorriak eta kristal apurtu zatiak. Pentsatzeko ahulegi dago, begiak nekatuta ditu, ilea nahasia, azalean erredura arrastoak You're standing next to me, my mind keeps the key. Beste pastilla bat atera du poltsikotik. Eskua ahora eraman, eta enegarren pastilla eztarritik behera joan da. Iturria zabaldu eta ur litroak edan ditu. Gorputza tempo inprobisatuaren erritmoa jarraitzen ari denez, odola izter barruetatik behera doa. I'm living in an age that calls darkness light Aurrera begiratu du berriz ere, ispiluan ikusi nahi du bere burua, baina apurtuta dago. Lurrera begiratu du though my language is dead still the shapes fill my head. Han, lurrean dauden ispilu zatietan islatzen da bere aurpegi zurbila, irentsia, zuria I'm living in an age whose name I don't know hamaika aldiz errepikatuta. Buelta erdia eman, eta hormari eusten irten da komunetik, bere ibiliaren arrastoak lurrean utziz. Momentu batez, nekatuta, hormaren aurka geratu da bere gelaren parean. Distira urdin bat though the fear keeps me moving still my heart beats so slow. Gorputza lehertzeko zorian du lapislazulizko tximeleta haren aurrean. My body is a cage Gorputza kaiola da. Lurrera erori da begiak itxita.
Ez du gehiagotan miau soinurik entzun. Ez du ezer entzuten, bere bizitza puntu suspentsiboetatik zintzilik dago.
Norbaiten ahotsa entzun du urrunean, oso urrunean. Neska batena iruditu zaio. Kezkati, urduri dagoela ematen du, baina suposizioak besterik ez dira. Siluetak besterik ez dira nabari, «nire irudimena al da?». Begiak zabaltzea izugarri kostatzen zaio. Silueta lausoak besterik ez dira, euren lausotasunean ezabatzen direnak. Begiak itxi ditu berriz.
Begiak zabaldu dituenean, gela zuri batean dago. Ez da ohartzen, ordea, non dagoen. Dena arrotz egiten zaio: soinuak, zaratak, usainak... Baina oso ahul dago guztiari azalpen bat emateko. Begiak itxi ditu.
Berriz begiak zabaldu dituenean, mediku bat du aurrez aurre. Ofizioko diskurtsoak ematen. Sarak ez dio arreta gehiegirik jartzen. Burdina baxu duela. Hori bakarrik ulertu du diagnostikotik, eta gero, inoiz entzun ez duen gaixotasun baten izen arraroa esan dio. Edo gaixotasun baten izena dela pentsatu du. Tratamenduan dagoela eta bizitza eredua aldatu behar duela, hori garbi ulertu du. Dieta berezi bat betetzera behartu du. Maindire zuria buruaren gainetik bota eta loak hartu du berriz ere.
Bost egun igaro ditu horrela. Bost egun memoriak gorde ez dituenak. Eta medikua, bosgarren egunean, bere egoeraren berri ematera azaldu da. Burdinarena errepikatu dio. Baina konturatu da burdinarena gutxienekoa dela. Oraingoan, arreta gehiago jarri du. Ia gaindosi bat izan duela azaldu dio. Behar baino paroxetina gehiago hartzeagatik. Bere metabolismo guztia asaldatu diola aipatu dio oso aurpegi serioarekin. Gainera, eta anbulantziakoen testigantzak tarteko, alkohol arrasto asko zeuden bere etxean. Bere buruaz beste egin nahi bazuen, esan dio medikuak, oso gutxi geratzen zitzaiola horretarako. Sarak, arrakastarik izan ez zuelako lotsatuta, bere bizia salbatzera nola iritsi ziren galdetu dio. Bizilagun baten deiari esker izan zela. “Kanpoan zinelakoan zegoen, baina soinu arraroak eguneko edozein ordutan entzuten hasi zenean, kezkatzen hasi zen”. «Chiara izango zen orduan». Eta alde egin aurretik zergatik bukatu zuen horrela galdetu dio medikuak. Sarak ez daki zer erantzun, gauza asko dira, eta gauza bakarra aldi berean.
— Eta ez esan idazleen froga metafisiko horietako bat zela, existentziari buruzko erantzuna topatzeko mundutik ihes egin behar dela esanez.
Arrazionalismo praktikoaren eta positibistaren jarraitzaile.
Gauean, lo egitea kostatu zaio. Leihotik begira eman ditu orduak, luzaro. Euri tantak kristalean irristatzen dira lerro kurioso bezain irudi abstraktuak iradokiz. Noizbehinka tximisten argiak gela zuritzen du trumoi eztandaren preludio gisara. Insomnioa gelako zelatari, Capisciri agur gutuna idatzi dio urtarrilak 28ko data duen orrialdean.
Etxera iritsi baino lehen, denda baten aurrean geratzeko eskatu dio taxi gidariari. Momentu bat izango dela eta bertan itxaroteko mesedez. Pakete handi batekin atera da bost minuturen buruan. Etxerako bidean ahalik eta gutxien pentsatzeko hautua egin du. Kopilotuaren eserlekutik Firenzeko kaleak begiratzen pasatu ditu taximetroak kontatzen dituen metroak. Hitzik esan gabe. Gidariari begiratu bat ere oparitu gabe.
Iristerakoan, “zenbat da?”, ordaindu eta etxeko atariari begira geratu da. Memento batez, agian bi mementoz, beldurra sentitu du parean duen atea bultzatzeko eta barrura pasatzeko. Eta eskaileretan gora, zama gehiago sentitzen du sorbalden gainean. Geroz eta gehiago kostatzen zaio beste eskailera bat igotzea, eta hotzikara txiki eta esporadikoak zerbaiten abisu direla interpretatzeko parada hartu gabe, parez pare aurkitu du bere burua pisuko atearen aurrean,. Paketea paretaren aurka utzi. Giltzak poltsatik atera eta sarrailan sartu. «Hainbeste kostatzen al zitzaidan lehen giltzari buelta ematea?». Atea zabaldu du, azkenik, eta mundua eta errealitatea, iragana eta oraina, gainera erori zaizkio kristal apurtu, garagardo lata zimeldu, odol tanta lehor, hormako atzamarka aztarna, zigarrokin arrasto eta likore botila hutsen forman.
Zenbat kostatzen zaion etxe barrua oinetakoen zoruarekin zapaltzea.
Eta lehen pausoa ematera doanean azaldu da Chiara bere atzean. Zer moduz dagoen galdetu dio, urduri, kezkatuta. Oraindik bere begietan iltzatuta du duela astebete ikusitako irudia. Eta Sarari begiratzen dion aldiro, lurrean botata ikusi zuen aurpegi berbera etortzen zaio gogora. Sarak lasaitu behar izan du. Berez, norbaitek beragatik halako kezka azaltzea eskatzen dio barruak, baina berezkoa du edo berezkoa bihurtu zaio enpatia erakusten duen edonor urruntzea. Medikuek esandakoaren inguruan ere galdetu dio. Sarak garrantzia kendu nahi izan dio denari. Eta galdera guztien ostean, ezustekoa. Bi pakete luzatu dizkio Chiarak. Bi pakete txiki kartoi koloreko paperarekin bilduak.
— Badakizu noiz iritsi ziren? —galdegin dio egonezin batekin.
— Ummm... Utzi pentsatzen. Hau, uste dut, aurreko astelehenean edo asteartean iritsi zela. Ez nago oso seguru. Hau bai, hau atzo iritsi zen. Zergatik? Atzeratu egin dira bidalketarekin?
— Ez da ezer, lasai, nire kontuak.
— Beno, Sara, joan beharra daukat. Farmazia zabaldu behar dut eta berandu nabil. Edozer behar baduzu, huskeria bat izanda ere, deitu, abisatu, jo atea. Berdin zait. Faborez. Ez zaitut berriz horrela ikusi nahi.
Eta eskailerak jaisten ari dela, hirunaka eta saltoka, Sarak bere izena esan du zarataka ia. Capisciren inguruan galdetu dio.
— Ez dakit. Igual zaborretara botako zuten. Ezin dizut esan, zurekin joan nintzen ospitalera eta hemen gertatutakoaz ez dakit ezer. Dakidan bakarra da hormaren kontra zegoela, odoletan, zerbaitek harrapatu izan balu bezala. Sentitzen dut —isiltasun deserosoa—. Ciao Sara, joan behar dut.
Begiak lurrari iltzatuta, lotsatuta, gertatutakoaren diagnosi bat egiten saiatu da lurrean dauden objektuei begira. Alkohola eta tabakoa nonahi. Harramazkak horman, lerro zuzenak bata bestearen gainean pintura pitzatuz. Odola toki guztietan, ispilu zati txikietan, lurrean, paretan leherketa bat. Oroitu nahi du, baina flash moduan etortzen zaizkio oroitzapenak gogora ospitaleko gauean bezala. Oroitu nahi du. Oroitu, bai, baina oroitzeko oroitzapenak behar dira eta Sarak ez daki buruan bueltaka dituen oroitzapen horiek egiazkoak ala ilusioak diren.
Eta hiru paketeak sarrerako atearen alboan utzita, egun horietan ustez esertzen zen tokian eseri da. Zigarro bat piztu du eta azken tragoa eman dio oraindik amaitu gabeko kafe deskafeinatuari, jada hotza. Ezerezari begira geratu da ariketa psikologiko bat bailitzan pantomima guztia.
Asteaz geratzen dena bere bizitza ordenatzeko erabili du. Lehenik eta behin etxea garbitu. Paranoiaren astearen arrasto guztiak ezabatu nahi ditu. Ospitaletik bueltan erosi zuena horma batean ipini du: Theophile Alexandre Steinlen margolariaren Chat noir. Loreak berriz ureztatu ditu, eta seguruenik denborarekin lehengo freskotasuna eta berdetasuna berreskuratuko dute. Astelehenero jasotzen dituen paketeak zabaldu ditu. Lepoko bat eta beste belarritako pare bat. Aurreko belarritakoak eta lepokoa bezala, etxeko kaxoi ezkutuenean gorde ditu. Ez du ezer jakin nahi bitxi horietaz. Eta bere bizitza eguneratzeko ariketa horretan, ahaztuta zituen hiru objektu aurkitu ditu: Giuliak behin emandako belladona, Serge Caboten liburua eta bere gaztaroko gitarra.
Otsaila azterketen garaia izaten da. Baina zortez, oso gutxi izan ditu. Gehienek aurreko azterketan gainditu zuten bere ikasgaia. Pare bat egunetan azaldu da bulegora, gainontzekoetan ez joateko aukera izan du Enricoren baimenarekin. Giuliaren inguruan galdetu dio. Triesten omen dago eta ez da astebete barru arte Firenzera itzuliko. Zorionez, bere hitza bete du eta ez du egun hartatik berriz ikusi. Bere buruarekin, lehenik, eta ondoren gainontzeko denekin bakeak egin nahi baditu ere, nostalgia eta malenkonia egunak izan dira otsailekoak.
Serge Caboten liburuko testuak irakurtzen igaro ditu egunak. Testu solteak dira, bere ihesaldian idatzi zituenak eguneroko baten gisa. Beste begi batzuekin irakurtzen ari dela konturatzen da, beste animo batekin, beste sentsazio batekin. Orduko hartan Cabotek pentsatzen zuena eta egiten zuena memoriaz ikasi nahi zuen, ia bere azalean sartu nahi zuen, bera Serge zela imajinatu. Bere istorioko protagonista izango zenak irentsi zezala nahi zuen. Baina orain distantziatik irakurtzen ditu lerroak. Kontuz dioten hesien beste aldetik.
Gitarra zaharra garbitu eta hormatik zintzilik jarri du.
— Zergatik utzi nion musika egiteari? —isilik geratu da—. Egia. Horregatik izan zen.
Eta iraganari kontuak eskatzeagatik agian, hormatik hartu eta esku artean jarri du. Akorde batzuk jotzen hasi da. Inprobisazioa eta nola jotzen zen gogoratzeko saiakera elkar nahastuta.
— Bazen behin printzesa bat urruneko lurralde batean... denbora existitzen ez zen lurralde batean. Bizi zen luxuaren eta erosotasunaren besaulkian eserita. Eta herensugeak etxera ekartzen zizkion harrapakin guztiez gozatzen zuen, harribitxirik zoragarrienak, zetazko oihalik delikatuenak, ahogozagarri sibaritenak. Baina printzesak bere edertasunarekin ordaindu behar zion herensugeari.
Antipodetan kokatzen diren bizi-esperientzien arteko lotura inkoherenteak nabari zaizkio aurpegiko keinuetan. Printzesa arrosa, printze urdina eta munstroa izeneko ipuina da errezitatu duena. Unibertsitatea hasi berritan, Bartzelonako taberna eta antzoki txikietan behin baino gehiagotan errezitatu zuen gitarraren laguntzaz. Abesti batzuk egin zituen, baina berak egindako musikarekin ipuinak errezitatzea atsegin zuen gehien. Eta ipuin hori lehen ipuin borobila izan zen. «Oraindik gogoratzen naiz nola hasten zen», eta barre egiten du. Horren aurretik musika talde bat izan zuen Gironellan bere belaunaldiko neskekin osatutakoa. Uda bateko ametsa izan zen. Entseguak egin eta egin eta egin, eta publizitatea egin eta egin eta egin, eta halere ezer ez. Pare bat kontzertu jo lau katu eta gurasoen aurrean eta kito. Inprobisatu samarra izan zen taldea sortzearena. Batek gitarra jotzen zuela, besteak biolina, besteak bateria, besteak teklatua, besteak flauta, besteak ondo kantatzen zuela, talde bat sortu zuten. Eta orduak sartu zituzten Núriaren garajean entseguak egiten, letrak idazten, kaseteak entzunez kantak ateratzen. Denak frustratuta geratu ziren azkenerako.
Eta frustrazioaren oroitzapena bueltaka, idazteko txokoan utzi zuen belladona paketeari begiratu dio. Giuliak eman zion iazko iraila aldera. «Edo urria zen? Ez, aita hil aurretik izan zen, iraila behar du izan». Istorioarekin blokeatuta geratuz gero, agian lagungarri izango zuelakoan eman zion. Ez zion galdetu ez nondik lortu zuen ez ezer. Oparia eskertu eta inoiz ez erabili behar izatearekin pentsatu zuen.
— Baina orain, igual, lagunduko dit.
«Sara! Zer ari zara pentsatzen? Oraintxe atera zara paroxetina gaindosi batetik eta ez zara gertatutakoaz gogoratu ere egiten, eta belladonaren efektu pean egon nahi duzu? Erotuta al zaude?».
— Hori ere egia da. Edozer haluzina nezake eta okerrago geratu.
«Horixe bera. Imajinatu bere izena aipatu ezin duzun horrekin haluzinatzen duzula Bartzelonan bezala. Hori ez duzu nahi. Edo imajinatu galduta duzun zerbait irudikatzen duzula, aita edo ama kasu, eta gero konturatzen zarela zure fantasiak besterik ez direla eta ezin zarela haiekin bizi, haiekin bizitzeko denbora guztian drogatuta egon behar duzulako».
— Aita ikusi nahiko nuke eta berarekin hitz egin.
«Baina ez zenuke aitarekin hitz egingo, baizik eta zure buruarekin aitaren forma hartuta».
— Aita ikusi nahi dut! Aitarekin egon nahi dut! Galdetu nahi diot zer esan nahi zidan hil aurretik!
«Sara, badakizu hori ez dela posible. Belladonak fantasiako mundu batera eramango zaitu. Ez dizu aita bueltan ekarriko».
— Aitarekin elkartuko naiz bai ala bai!
«Beno... zer nahi duzu, nire onespena? Ni zu naiz. Zuk nahi baduzu, nik ere nahi dut, eta nik nahi badut, zuk nahi duzu. Erabakita. Belladona hartuko duzu aitarekin elkartzeko».
Hotza eta eguraldi txarra tarteko, arratsaldea etxean eman du Chihiroren bidaia ikusten. Aspaldidanik ikusi gabe du, eta Miyazakiren maisulana berrikusteko gogoa sartu zaio bazkalosteko kafearen ondotik.
Ordulariak 19:59 markatzen du. Merkurioak bi gradu markatzen ditu justu-justu. Albistegiek elurra iragartzen dute gauerako. Beste behin, euria hasi du leunkiro iparraldeko haizeak lagunduta. Kaleko zuhaitz adarretan geratzen diren hosto bakanak airean joan dira.
Lepoa inguratzen dion artilezko jertse urdin argia jantzi du eta aurreko egunean sobratutako lekak berotzen jarri ostean, belladonari begira geratu da. Duela egun batzuetako segurtasun hura lurrundu dela ematen du. Beldurrez begiratzen dio. Ez daki zer pasako zaion efektu pean izango denean. Ikara handia dio kontrolatzen ez duenari. Errespetu handia dio ezagutzen ez duenari. Haize leuna urakan bortitz bihur daiteke naturaren barianteak aldeko izanda.
Orduan, Sergeren liburuko pasarte batekin gogoratu da: Hurricane Suite. Liburua hartu eta pasarte hura bilatzeari ekin dio orriak bortizki pasaz. Hogeita hamahirugarrenean dago. Tinta difuminatuta ageri da batzuetan, tanta potolo eta biribilek hitzak ezkutatzen dituzte besteetan. Presaka idatzi zuela ematen du.
Tolestutako orri zati bat dago hogeita hamabigarren eta hogeita hamahirugarren orrialdeen artean. Hartu, eta emeki zabaldu du haustearen beldurrez. Honela dio:
«Erotu dela dirudi, zerbait tragikoa gertatu zaiola, egunerokotik aldendu duena. Eta eromen pertsonal hori urakan gupidagabe batekin alderatzen baten modukoa irudikatzen du. Zibilizazioaren apokalipsia dirudi: elementuen gerra, infinitua, su-etenik gabea, atomikoa».
Margoten hitzak dira. Kaligrafia hura bere etxean ikusi zuen.
Begiak izenburuan jarri ditu. Hurricane Suite. Eta irakurtzeko prest da.
Kazuela estaltzen duen tapa dantzan hasi da metal hots errepikatuz. Lurruna kolpez irten da tapa kentzean. Aurpegiaren kontra lehertu da berotasun sentsazioa, kokotsetik kopeta gaineko ileetara. Sua itzali eta platerean zerbitzatu ditu lekak. Iturria zabaldu, edalontzia urez bete eta tragoan edan du. Berriz bete eta mahai gainean utzi du. Gauza bera egin du platerarekin ondoren.
Lehen mokadua ahora. Beroegia dago eta ezin izan du irentsi. Madarikazioaren ostean, putz egin die sardexkan harrapatuta dauden lekei.
Eta ezkerreko eskuarekin liburuari eusten dio. Ozenki irakurri du afaldu bitartean.
— Naturaren gerra zibila orekaren izenean...
Oreka. Oreka. Oreka. Balantza bat irudikatu du bere buruan. Balantza bat alde batera edo bestera erortzen dena. Belladonari begiratu dio. Lehengo begirada aldatu zaio. Urakanean murgiltzera doa.
Sua piztu eta ura berotzen jarri du.
Katilu gorria atera eta mahaiaren gainean utzi du. Zigarro bat piztu. Lehen zupada eman eta hautsontzian jarri du. Eskuak ahoaren parean gurutzatu ditu eta begi biak itxi. Begirada ez den beste zentzumenak probatu nahian dabil. Capisci bueltaka sentitu du bere irudimenean. Suaren soinua. Zakartzen dabilen ekaitzaren zarata, euri tantak kristalaren aurka jo eta irristatuz doaz. Eta noizbehinka elur bustia. Kaleko autoen iskanbila mekanikoa. Etxetresna elektrikoena. Hainbat soinu eta zarata aldi berean. Zigarroari darion kea eta bere kiratsa. Begirik zabaldu gabe eraman du ahora.
Afaria girotzeko jarritako musikak oraindik jarraitzen du. Joe Hisashi musikari japoniarra aukeratu du, Miyazakiren pelikula guztien soinu-banden egilea. Musikan kontzentratu da. Sentsazioak esnatu nahi ditu, bere barnera joan. Eta hein batean, auskalo zergatik, musika hura lagungarri du.
Ura irakiten ari dela sentitu da.
Begiak zabaldu eta ur beroaren bila joan da. Belladona uretan infusionatzeko kapsula baten barruan sartu du, eta hau katiluaren barruan jarri eta gero bota du ur beroa. Bost minutuz infusionatzen utzi du First love kantua entzuten dela.
Zigarroa itzalita, belladonazko infusio haren lurruna da atmosferarekin nahasten den kea. Bi eskuekin hartu du katilua eta ezpainetan ipinirik, oraindik oso bero dagoen edariari trago txiki bat eman dio putz egin ostean. Begiak itxita.
Ingurura begiratu du. Beste trago txiki bat eman dio. Segundoak mantsotzen ari direla sentitu du, ilusio batean sartzen bezala. Denbora pausatuagoko errealitatean. Narratiba poesia bihurtzen ariko balitz bezala.
Berriz ere ezpainetara eraman du infusio beroa
ilusioak sortu aurretik.
Subkontzientziaren fruitu diren ilusioak,
errealitatearen mugak zeharkatuz,
olatuek beste dimentsio bat duten errepublikan.
Kandinskyk
notak pintzelkada
bihurtzen ditu
Debussyren Clair de lune entzuten.
Aire partikulak
kolore partikularrak
iradokitzen hasi dira,
emakume eder bat: Bella donna.
Baina ilusioak besterik ez dira,
imajinaziozko irudi ketuak, errazegi difuminagarriak.
Betierekotasuna kristalezko amets bat da.
Infusioari beste trago bat
ilusioekin berriz elkartu aurretik.
Baina ilusioek
ilusio izaten
jarraitzen dute. Ilusioek ez dute beste errealitaterik ezagutzen. Soilik ilusioena. Horregatik dira ilusio eta ez dira erreal, egiazko, zentzumen distortsionatu gabekoen presa.
Eta Sarak ez du nahi zuena topatu errealitate distortsionatu horretan, bila eta bila ibili arren. Soilik, agian, noizbait ezagututako emakume bat ikusi du berarekin mahaian. Atsegina da, alaia eta ederra. Begi urdin busti haiei begira eta begira pasatu ditu orduak. Bere subkontzientziaren produktu ilusiozko hura, agian, bere bihotzerako atea izan daiteke.
Baina atea zabaltzerakoan desagertu egin da irribarre batekin. Erdi haserretuta, oherako bidea hartu du.
Lo hartu aurretik begiak itxi ditu. Berriz ere bakarrik. Burkoaren aurka masaila, argi-ilunpetan beste ezeren presentzia sumatu gabe. Eta begiak itxita, elurra leihoaren bestaldean. Joan-etorrian dabilen negu hotzaren itzulera inori baimenik eskatu gabe, inongo paper ofizialetan bere sinadura sinatu gabe. Stark familiak ohartarazi zuen, baina hainbestetan esana dute, inork gutxik kasu egin diela. Maindirez inguratuta, maindireen azpian biluzik. Elurra bezala. Duomoaren kanpaiek hamaika hots. Lo hartu aurretik begiak itxi ditu...
...lo hartu ondoren berriz zabaltzeko. Haizeak kolpez ireki du leihoa. Hotza sartzen da gela barrura. Ohetik altxatu eta maindire zuriz estalita, leihoa ixtera joan da. Arabiar musika entzuten da behean. Begirada bat bota, baina inor ez dago han. Ez dago inortxo ere, eta bat-batean, haur bat musika kutxa bati biraka. Argitzen denean agertu, eta ilunpetan desagertzen dena.
Eta haurra bezala, Firenze ere argitan agertu eta ilunpetan desagertzen da. Basamortu batek nola irensten duen ikusten da. Eremu osoa bere azpian izan arte. Eta haizeak dunak mugitzen ditu albo batetik bestera, norabide zuzenik erakutsi gabe, ausaren arabera, ausaren menpe. Izar urdinek zerua estaltzen dute, harearen kontra erortzen dira negarra bezala.
Arabiar musika isildu da, eta leiho pean dagoen haurra eremuko dunen atzetik dabil zulo urdin guztiak miatu ezinik eta euri zitalari esker bizi da.
Kuriositateak deituta, eskaileretan behera joan da, kalera ateratzeko intentzioarekin. Mutiko hura ezagutu nahi du. Sentsazio berezia da. Indar ezezagun bat gorputzean, magnetismo bat misteriorantz erakartzen duena.
Haurrak eremuko dunen atzetik jarraitzen du...
Sara dunen artean galdu da. Labirinto batean sentitzen da. Korrika.
... zulo urdin guztiak miatu ezinik. Soilik euri zitalari esker biziraun baitezake.
Begien aurrean du mutikoa. Makurtuta. Zeren bila dabil? Zer bilatu ote daiteke harea artean harea ez dena? Absurdoa da. Bai bederen Sararentzat. Baina absurdo horren misterioak erakartzen du. Guztia ulertu arte ezin du begirik itxi.
Izkina batean, gurpil sutsuak ikusi ditu, Apoloren gurdiarenak. Zerua Icaroren gainetik zeharkatzeko asmotan, arranotu egin dira. Hastera doa hegaldia, baina haurra ez dago konforme. Inork ez du izarren artean ibiltzeko baimenik, are gutxiago arrano forma hartu duen gurdi sakratuak. Hegoak ebaki behar zaizkio, amora dadin bere handikeriagatik. Moztu dizkio zeruarekiko lotura guztiak eta bazter batean aurkitzen da, hasieran bezala.
Nor da mutiko hau? Nor da Sara haren atzetik abiarazi duen mutikoa? Gerturatu nahi du, ezagutu nahi du. Ikusten ez den hori ikusi nahi du. Erakarpenaren funtsa, logika, arrazoia, nukleoa. Gainerako guztia atrezzo hutsa besterik ez da Sararentzat.
Baina une batez galduta ikusi du, tokiz kanpo geratu aurreko une horretan, desafinatzeke bezala. Erotzen dabilela iruditu zaio Sarari. Bi eskuak burura eraman ditu, zeruari garrasika hasi da belaunikatuta. Orroka. Lehoi bilakaturik maldiziozko garrasiz hegan irten da. Hegaldi eroan zerua harrapatu nahi du bere atzaparrekin. Eta bere apoteosian gauaren pareta espraiatu du. Zirriborro tankerako esaldi bat. Inork ulertzen ez duen prophezia baten gisara. Zirriborro bat, prophezia bat.
Lehoi itxura abandonatu eta dunen artean erori da, Sararen aurrean.
— Ezekiel.
— Zer esan duzu? —galdetu dio Sarak ahots urduriarekin, bere gorputza inguratzen duen oihala haurraren zauriak estaltzeko erabiltzen duela.
— Eternitate oso bat egon zara nor naizen galdezka. Hor duzu erantzuna: Ezekiel. Izena, horren atzean dagoen dena batu eta identifikatzeko hitz sinple bat da. Gure izate guztiaren sintesia. Eta nire sintesia Ezekiel da. Hamazazpi urteko mutiko bat, hamazazpi urteko zuritasuna, mingotsaren merkromina. Ibar labur bat, bere bidea oraino bete ez duena. Hari xingle bat.
Sarak harri eta zur begiratzen dio. Ez du tutik ere ulertzen.
— Barka iezadazu, baina ez dizut ezertxo ere ulertu. Errepika iezadazu berriz.
Ezekielek burua okertu du. Akaso halako emakume batek ezertxo ere ez ulertzea absurdoa dela pentsatuko du. Baina gero irri egin du.
— Ados. Itxi itzazu begiak. Belarrira esango dizut eta diodana ulertzean bakarrik irekiko dituzu. Zin egin iezadazu.
— Konforme. Zin egiten dizut.
Eta Sarak begiak itxi ditu. Ezekielen ezpainak bere belarrira nola hurbiltzen diren sumatu du.
— Hari xingle bat naiz...
Sara isilik dago. Bere gomutan. Pentsatzen. «Hari xingle bat. Hari xingle bat. Hari xingle bat. Hari bat. Hari huts bat. Hari bat. Haria. Hariak zertarako balio du? Lotzeko. Bai, lotzeko. Bi gauza. Gehiago ere bai. Hari xingle bat zara, hari xingle bat zara...».
— ...betiko.
«Hari xingle bat naiz betiko? Nola betiko? Zer esan nahi du betiko horrek? Galdetu behar diot. Ez! Nik ulertu behar dut. Gai naiz. Hari xingle bat. Hariak lotzeko balio du. Zerbait lotzeko. Zerbait lotzeko betiko. Itxoin. Akaso? Izan daiteke...».
— Badakit. Uler...
Begiak kolpez zabaldu ditu eta jada ez da haurrik bere aurrean. Elur malutak erortzen dira etenik gabe neguko egun hotz bateko ekaitzaren pare, eta lurraren gainean pausatzen direnean, hegan hasten dira grabitatearen legeen kontra. Tximeleta bilakatzen dira behin elur maluta izaera galduta, eta Sararen begien aurrean hegal egiten, bere gorputza inguratu dute. Azalean itsasten dira, nolabait bere parte bilakatuz. Oinetatik hasi eta belaunetatik gora; gero sabel aldea, bularrak, lepoa. Besoetatik hasi eta hatz puntetaraino. Eta lepoa atzean utzita, kokotsa, ezpainak, sudurra, masailak, kopeta. Ile sustraietatik ile adats luzeenaren amaieraraino. Kasualitatez handik igaro daitekeen bidaiariak Sararen begiak ditu soilik ikusgai. Begiak itxi ditu, babesa lortzeko keinu bat.
Lokomotoraren soinua ur azal gainean. “Seigarren geltokia!”, oihukatu du norbaitek.
— Ez duzu hemen jaitsi behar? —galdetu dio musu gorriko neskato batek—. Ez dut uste zazpigarren geltokirik dagoenik. Ni zu banintz, ez nintzateke hemen geratuko. Zergatik dituzu begiak itxita? Lo zaude? Eo? Aizu? Zergatik ez didazu ezer esaten? Katuak mihia jan dizu? Zuri ere izena lapurtu dizute niri bezala eta orain ez dakizu zein zaren? Badakizu zure izena ahazten baduzu ezingo duzula hemendik alde egin, ezta?
“Seigarren geltokia!”, oihukatu dute berriz azken abisua emanez.
— Jaitsi behar dut. Sentitzen dut ezin bazaitut lagundu, baina nik ere arazo handiak ditut eta lehenbailehen konpondu behar ditut.
— Nola izena dudan galdetu didazu? —hasierako silabetan ahots dardartiz eta azkenetan sendo.
— Bai. Zure izena gogoratzen baduzu, mundu honetatik alde egin dezakezu.
— Ba nire izena Sara da! —oihuka—. NI SARA NAIZ!
Eta begiak zabaldu dituenean, basamortura itzuli da, eta bere burua ikusi du islatuta ezerezaren gainean. Paisaiak kolore gorri, more, fuksia bat hartu du, aurreko urdin eta zuriaren, nola esan, ezberdina. Egoera ezatsegin baten zantzuak nabari dira kolore haietan. Eta islaren bizkarretik bi tximeleta hegal irten dira, krisalida batetik sortu berri den tximeleta baten gisara. Hegoak astintzen hasi da, zeru bitxi hartara hurbildu nahi izango balu bezala, baina ez da lurretik altxatzen, lurrera itsatsita dirudi. Nahi eta nahi, ezin lortu, ordea. Gertaera hari begira, begiak zabal-zabalik, islari laguntzeko beharra sentitu du barru-barruan. Islari laguntzea bere buruari laguntzea dela uste du. Baina ez daki nola, ez daki laguntzeko gaitasunik duen ere. Pauso bat ematen saiatu da, baina zerbaitek geldiarazten du. Bere barneko zerbait da, gorputzari itsatsita dituen tximeleta haiek ez dute bere mugimendua mugatzen, beste zerbait da.
Islaren begietan sufrimendua ikusten du. Hegalei eragin eta eragin eta alferrikako esfortzuak nekea besterik ez dio sortzen. Nekea eta frustrazioa. Eta Sarari gauza bera gertatzen ari zaio. Kinada elektrikoak bidaltzen dizkio garunak besoari, baina ez du erantzuten. Kinada elektrikoak hanketara, eta erantzuna bera da: nulua. Islaren begiei begiratu die. Han murgildu behar du, eta murgiltzen ez bada, begirada bat bota begi haien barnean bederen. Baina horrek ere nekea sortzen du, ez da erraza beste baten begirada, beste baten begien atzean dagoena ulertzea.
Errazagoa iruditzen zaio edozein pentsalari eroren teoria abstraktua ulertzea bere islaren begirada baino. Eta konturatzerako, laguntza eskatzeko keinuka du isla, baina alferrik da, Sarak ez du hizkuntza hori ulertzen. Orduan, pixkanaka, tximeleta hegal haiek, hain eder eta indartsuak ziruditenak hasieran, lehortzen doaz udazkeneko hostoen gisa. Eta laguntza eske den begirada itzaltzen, ixten, desagertzen.
Haizea dator auskalo nondik.
Hegal zimeldu haiek, hauts bilakatuta, desagertzen joan dira desertuko harearen gisa. Ondoren etorri da islaren desagertzea. Besoetako eskuetako hatzetako puntetatik hasi. Desagertzen, desagertzen, desagertzen. Ahoa desagertu aurretik, ezpainek zerbait izkiriatu dute:
— Nor da Alizia ispiluaren bestaldean?
Paisaia hartan berriz ere bakarrik. Eta elurra hasi du urtarrila izan zitekeen otsail honetan. Elur malutak Sararen azalean pausatzen dira, gero emeki-emeki urtzeko. Eta elur urtuaren azpian, azal zuriaren gainean, zauri beltzak.
Eztanda bat sentitu du bular aldean.
Hurrengo egunean esnatu denean, lurrean dago oheko maindire batekin estalita. Ahoa lehor-lehorra du eta errealitatezko denbora nahi baino mantsoagoa iruditzen zaio oraindik. Iturria zabaldu du. Aurpegia busti eta edalontzia urez bete ostean, tragoz edan du. Bigarren bat segidan. Oraindik lehor sentitzen du ahoa. Irratia piztu du. Bederatzietan hasitako tertuliak jarraitzen du. Sofan bota eta sabaiari begira geratu da. Atsekabetuta dago. Haluzinazio haietan ez du bere aita aurkitu.
— Ezin naiz honekin aztoratu.
Bainu lasaigarri bat hartzeko gogoa sortu zaio bat-batean.
Ur beroz betetzen jarri du bainua eta gatz laranja batzuk bota, nahiko beteta dagoenean. Gero, bainugela bera prestatu du. Halako okasioetarako Hvar herriko azokan erosi zuen izpiliku usaineko intsentsua. Pare bat piztu ditu bainuaren oinetan. Amaitzeko Rachel Portmanen Never Let Me Go albuma entzungai jarri du ordenagailuari bozgorailuak erantsita. Barealdi perfektua da.
Arropa erantzi du. Pausatuki. Emeki. Norbaitentzat biluzten ariko balitz bezala.
Behatz punta uretan murgildu du. Astiro. Zirkulu perfektuak sortu dira bere baitan. Ura tenperatura egokian dago. Patxada berdinarekin murgildu du oina lehenik eta belaun osoa ondoren. Gero beste hanka, aurrekoaren gisara. Erritual bat dela ematen du. Eta amaitzeko gorputz osoa, ura ahalik eta gutxien mugituaz. Ahalik eta berdinen jarrai dezan. Oreka mantenduz.
Burua bera ere ur azpian murgildu du. Hiruzpalau segundo luzez, urak aurpegiko azala eta ile adatsak bustitzeko soilik, gainontzeko gorputza busti bezala.
Uretan etzanda begiak itxi ditu.
Eta loak eraman duela iruditu zaio une batez. Ura hotza dago bainutik irten denerako. Toalla batekin lehortu eta gorputza inguratu du gaueko soineko bat bailitzan. Logelara joan da eta bertan duen ispiluaren parean geratu da, begira.
— Bihar klaseak hasten ditut, baina gauean beste saiakera bat egingo dut. Gaurkoan ez du hutsik egingo.
Gero kalera irten da. Ogia, egunkaria eta tabakoa erosi ditu, eta etxera itzuli da.
Otsailak 25, astelehena. Mina nola hala aguantatuz, zerbait gosaldu eta esnatzeko dutxa azkar bat hartuta, lanera joan da.
— Ez duzu oso aurpegi ona —esan dio Francescak ikusi bezain pronto.
— Ez da ezer larria. Sabeleko min pixka bat —disimulatuz benetako mina—. Ibuprofeno bat hartu eta pasako zait.
Bulegotik zenbait liburu eta apunteen koadernoa hartu ostean, klasera abiatu da. Urteko lehen klasera.
— Gaur hasten dugu bigarren ikasgai hau. Bigarren Mundu Gerratik aurrera gertatzen denaz hitz egingo dugu, eztabaidatuko dugu, hausnartuko dugu. Beraz, eta klase honi hasiera emateko, Gerra Hotzeko gertakari politiko nagusiei buruz hitz egingo dugu. Gainetik, gaiaren inguruan zenbateko ezagutza dugun ikusteko. Orduan... hasteko, nola hasi zen Gerra Hotza? Noiz hasi zen? Norbaitek badaki?
Ikasleren bat ohartu da irakaslea ez dagoela beti bezala. Ahots ezberdina du, animo gutxiagorekin edo. Gainera, dena azkar egin nahi duela ematen du. Inoiz egiten ez dituen keinuak egiten ditu. Baina klasearen dinamikarekin jarraitu dute ezer galdetu gabe.
— Mundu Gerra amaitzearekin hasten da.
— Ez, ez. Amaitu aurretik egin ziren konferentzietan hasten da Gerra Hotza. Uste dut Jaltakoan.
— Horrek ez du zentzurik. Nola hasiko da Gerra Hotza Mundu Gerra amaitu aurretik? Nola izan zitezkeen SESB eta AEB aldi berean aliatu eta etsai?
— Kamerek asko engainatzen dute. Kameren aurrean aliatu dira, baina atzean beste zerbait geratzen ari da.
— Horrek ez du logikarik.
Fiona eta Domenicoren arteko eztabaida ez da amaitzen. «Isilduko al zarete?», galdetzen dio bere buruari. Aulkian eseri da, oso gutxitan egiten duen zerbait. «Ez diet galdera gehiago egingo. Horrela ez dute gehiago hitz egingo».
— Gerra Hotza 1947an hasi zen ofizialki. Baina dinamika kontrajarri hori Bigarren Mundu Gerraren baitan sortzen hasten da.
Ur botila hartu eta trago bat edan du. Sabeleko mina ez da joaten eta min handiagoa duela sentitzen du. Ibuprofenoa hartu du eta beste ur trago bat edan. Zorabiatuta sentitzen da, baina garrantzirik ez ematea pentsatu du.
— Jaltan, 1945eko otsailean, Roosevelt, Stalin eta Churchill elkartu ziren Armada Gorria Berlindik kilometro eskasera zela. Alemania praktikoki garaiturik zen eta honen banaketaz eta gerra osteko munduaren diseinuaz hitz egin zuten. Handik gutxira, Postdameko konferentzian, Japoniaren aurka lehergailu atomikoa erabiliko zutela komentatu zion Trumanek Stalini eta sobietarrak nahi zuena egiteko esan zion.
Izerdi hotza nabari du kopetan. Eskua pasatu eta alkandora txuriarekin lehortu du. «Egun txar bat, besterik ez», pentsatu du bere baitan. Klasearekin jarraitzea erabaki du pultsua azkartzen doakiola nabari duen bitartean.
— Abuztuaren 6an Hiroshima eta abuztuaren 9an Nagasaki. 15ean eskatu zuen errendizioa Japoniak.
Zutitzea erabaki du, oinez ibiltzea ideia ona delakoan. Oso mantso jaiki da eserlekutik. Hurrengo esaldia hastera doanean sabela bitan zatitu baliote bezala sentitu da. Eskutan duen liburua mahaiaren gainean utzi du segituan, eta sabelari heldu dio bi eskuekin. Min izugarria sentitzen du, ezin du garrasika hastea ekidin. Ikasle guztiak jaiki dira beren tokitik, begi zabalik. Batzuk laguntzera abiatu dira, beste batzuk laguntza eske.
— Ongi nago, sabeleko mina besterik ez da.
— Sabeleko mina bakarrik bada ere, ez zaude ongi —Alessandrak.
Altxatzeko keinua egin du Sarak. Bat-batean ahotik odola botaka hasi da. Histeria kolektiboa nagusitu da. Mugikorrak atera eta 112ra deika hasi dira. Francesca gelan sartu denean, han ikusi du Sara lurrean arrastaka bezala ahoa odolez zikinduta. Aurpegia kolpez aldatu zaio. Aztoratuta, beragana joan da korrika. Eserita eta burua beherantz jar dezaten eskatu du garrasika, odolak ez itotzeko. Sararen gorputzak ez du erantzuten. Klasean gertatu dena beste klaseetara zabaldu da. Geroz eta jende gehiago hurbiltzen ari da ezbeharraren lekura.
Bi minutura konortea galdu du.