Lau hitz
Firenzerako itzulera oso luzea egin zaio. Ez da soilik Bartzelonatik abiatzen zen hegazkinak matxuraren bat izan duelako eta ordu eta erdiz itxaroten egon delako ontziratze-atearen aurrean. Ez. Inoiz sentitu gabeko nostalgiak inguratzen du, denbora artean bidaiatzearenak. Jet lag existentzial bat beharbada? Pandoraren kutxa pertsonala zabaldu zuen, bigarren mailako efektuak zein izango ziren jakinda, eta ahaztuta behar zuten gaitz guztiak atera dira bata bestearen atzetik. Itxaropenak berak ere alde egin duela senti dezake. Sararen kutxa guztiz hustuta dago, pieza guztiak mahaiaren gainean daude. Iragan urrun haren atzaparretan harrapatuta egotea beste behin... Azala ezkata bihurtzen zaio.
Nork esango ote zion berriz egongo zela behartua errepikatu nahi ez zuen keinua errepikatzera? Ana aireportuan agurtu du. Baita senarra ere. Bitan alde egin du Kataluniatik, eta bietan eraman du maletan galeraren zama. Horregatik, bere buruari traizio eginez, argazki mental bat simulatu du. Bertan, aita, ama eta Ana ageri dira etxe atarian. Garai hobeak iradokitzen dituela pentsatuz, babes neurri horrekin konformatzen da: ezer ez dela aldatu. Iragan urrun, ideal eta mitiko haren esentzia imajinarioarekin gelditu da. Duela hamahiru urte egin bezalaxe.
Via delle Terme, 59. Lehenik portaleko atea eta ondoren etxekoa. Tartean, bizilagunari atea jo dio eta eskerrak eman dizkio etxea zaintzeagatik. Beste neska bat da: Chiara Valsecchi. Sara baino urte batzuk gazteagoa, Como herrikoa. Farmazia bat du Via Vincenzo Giobertin. Bidaiaren ajeak direla eta, atseden hartu behar duela esan dio, gorabehera guztien kronika albo batera utzita. Lehertzear den ekaitzari buruz hitz egin dute soilik.
Giltza sarrailan sartu, bi buelta eman, eta bere etxe ilunean murgildu da. Pertsianak igo ditu ezer baino lehenago. Ondoren, maletatik arropa guztia atera eta garbigailuan sartu. Koadernoa eta idazteko gainerako materialak mahai nordikoaren gainean utzi ditu. Begirada nekatu bat bota die apunteei. Hitzak beharrean, zirriborroak direla iruditzen zaio, eta ez da gai hitz bat bera ere interpretatzeko. Etxerako bidean zetorrela, prestatutako zerbait erosi du, ez baitzuen ezer egiten hasteko gogorik. Horregatik, jada prest dagoen entsalada zabaldu, eta sardexka bat hartuta, isilik jan du. Zumezko aulkian eserita, janaria eskutan, ezerezari begira geratu da. Erdia jana duenean, albo batera utzi du eta Capisciri eman dio. Kafe bat prestatu eta zigarroa piztu du.
Konturatu da isiltasuna dela momentuan gehien gorrotatzen duena, eta apalategira hurbildu da. Espazio handi bat okupatzen dute Silvioren diskoek. 1999koa hartu du, Rey Guerrarekin batera grabatu zuena: Mariposas. CDa kaxatik atera, musika aparatuan sartu eta play.
Gitarra hasi da, arpegioen dantza. Hogeita hamargarren segundoan, Silvioren ahotsa esnatu da. “Dejando su lugar entre las cosas que se dan amor, quien tiene viejo el corazón se va...”. Leihora hurbildu da, bere lorategi partikularrera, eta alderik alde zabaldu du. Piztu berria duen zigarroa euri tantek ukitu dute. Ezpainak mugitzen ditu Silvioren hitzekin bat eginez. Eta gogoratu du aitak bere gitarrarekin nola abesten zizkion kubatarraren kantuak. Malkoak erortzen zaizkio, bata bestearen atzetik, segidan. Barruan gordeta daraman dena lehertu da, eta mina sentitzen du. Maskarak herdoilak jota daude, eta puska apurtuetan desintegratzen doaz. Bi eskuak aurpegira eraman ditu. “La madrugada que bien lo conoce, dice, que todo el tiempo sólo espera...”.
Lotsa guztia galduta, euri tantak zoroago deitzen ditu grabitateak. Eskuen gainean erori, eta azalean irristatzen dira, beherantz. “Huye a su habitación llevándose lo que nunca llegó, lo que nunca llegará: su amor”. Eta haize zakarra orroka leiho zabalduaren kontra. Objekturen bat tokiz mugitu da, eta lurrera joan da erromeroa duen loreontzia.
Tximista argia ikusi da urrunean. Zerutik eroritako tantak puskatu egiten dira teilen, zuhaitzen hosto berdeen, zementuaren aurka jotzean. Euri tantak ur tanta kasik mikroskopikoetan zatitzen dira, metrailaren gisa. Trumoi eztandak zerua hartu du. Tximisten ausazko forma kaotikoak: zerua pitzatuko dutela ematen du elementu lurtarrak zuritzen dituzten bitartean.
Euri jasa geroz eta bortitzagoa da. Ibaia gainezka datorrenaren soinua urrunean. Eta milaka euri tantek sortzen duten doinua, monotonoa, eta halere, magikoa.
Trumoi eztanda berriz ere.
Hautsontzitik ez da ke gehiago irteten.
— Aita —itota dagoela dirudi.
Begiak, gorri-gorri, malkoz bustiak. Negar zotinka, garrasika. Aitari deika ari da, malkoak aurpegira erortzen diren euri tantekin nahasi eta ezpainen ertzean pausatzen zaizkio. Eskuak aurpegira eraman ditu.
— Zergatik? —ahopean.
Negar egiteak ez du asetzen, baina negar egin nahi du, negar egin behar du. Presio handia sentitzen du bularraldean, bihotza basati ari da taupaka. Zain barruan odol uharra bortizki, ehun mila zaldiren trosta dirudi. Garunean, kinada elektrikoak, suntsipen masiboko lehergailu bat. Giharrak gogortuta, eskuei dardara darie, Bohemiako kristala baino hauskorragoak dira. Paranoiko baten mugimendu geometrikoak, masailezurra tokitik aterata, hortzak hortzen kontra, eskuak aurpegiko azalaren aurka bisaia desitxuratzen ari dira. Arnas beroa ahotik, geroz eta azkarragoa, antsietate handiagoarekin. Dardarak, etengabeak, ezin dira gelditu. Azkazalak besoan sartu ditu, ea horrela besoko dardara desagertzen den. Ez du ezertarako balio izan, soilik besoko azala urratzeko eta azkazalen markak uzteko. Eskuak buruan jarri ditu, kolpeka. Munchen estiloko sentsazio sotil bat. Begi azpiak busti-bustirik, gorriturik. Ahoko dardara inkontzienteak ez dio hitzak artikulatzen uzten, soinuak besterik ez zaizkio irteten arnasaren berotasun bustiarekin. Belarria bere ezpainen alboan jarriz gero, “aita” hitza nola ahoskatzen saiatzen den entzun daiteke, baina ez da gai a-ren ostean, i esateko. Negar zotinak eteten du.
— AAAAAAAAAAAAAAAAAAAAAAAAAAAAAAA!
“Olivia despertó por la mañana como suele hacer la gente, más o menos como el sol...”.
Ukabilarekin leihoaren markoa kolpatu du, indarrez. Hatz txikia zauritu du, ebaki txiki bat zabaldu zaio egurrezko ezpal bategatik. Garrasika jarraitu du minutu bat gehiagoz. Ukabilarekin hurbilen duen edozer gauza kolpatzen jarraitu du. Erupzioan irteten zaizkio barruan sedimentatutako samina eta amorrua. Ekaitzari bizkarra eman, eta leihoaren markoaren kontra jarri da. Begiak itxi, indarrez, estu. Ahoa dardarka, arnasa besterik ez. Malkoak kokotsetik erortzen dira. Tantaka-tantaka. Eskuak paretaren aurka jarrita ditu bere pisuari eusteko, hankak ahul baititu. Jausi egin da.
Lurrean eserita, burua hanka artean sartu du. Kanpoko haizeak gela barrura sarrarazten ditu euri tanta lausoak. Ilea blai du, baita sorbaldak eta besoak ere. Negar zotinak besterik ez dira entzuten gelaren bakardadean.
— Zergatik, aita? Zergatik?
Erantzunik ez duten galderak beste garrasi baten aurretik.
Eta pareta kolpatu du. Eskuan geroz eta odol gehiago du. Baina hori ez da ezer, ez du minik sentitzen eskuan. Barruan min gehiago sentitzen du. Horregatik jarraitu du paretari kolpeka, min handiagoak min txikiak desagerrarazten edo kamuflatzen omen dituelako. Hori da pentsatzen duena.
Olivia eta biak bakardadearen konpainian, konpainiaren absentzian. Badaki, ordea, Olivia ausarta dela, eta amaieran oztopoari aurre egin eta leihotik alde egingo duela mundu berri baten bila. Sara ez. Indarrik gabe dago abentura berri bati ekiteko; gainera, maleta hustu berria du.
Lasaiago sentitzen hasi da orain. Ekaitza ere baretu da, baina ez du atertzeko asmorik. “No sabes cuánto de subversivo vive en una sonrisa que no quiere comprar”. Eta buruan, oroitzapenak, eta ideiak, eta pentsamendu abstraktuak. Halako batean, aitaren azken irudia etorri zaio burura. Beilatokian, eskuak gurutzatuta. Aurpegi serioa, irribarre egiten ahaztu zaion aurpegia zirudien; baina aldi berean, lasaia. Ametsetan dagoen baten aurpegia zirudien, lotan, betirako lo sakon batean murgilduta. Morfeoren sehaskan, Nixek sorginduta. Hala, arimaren berpiztearen eta dogma post-mortem guztien inguruan pentsatzen jarri da. Baina, zertarako? Aitak ez zuen horrelako ezertan sinesten. Bere mistizismo guztia lurrean errotzen zen. Lurrera itzuliko zen berriro ere, horretara mugatzen zen gure existentzia haren arabera. “Gainontzeko guztia gure bizitzari zentzua emateko eta ez aspertzeko asmatzen ditugun gauzak dira. Baina esplikazio sinplistak ez ditugunez atsegin, ahalik eta konplexuenak izatea gustatzen zaigu. Ideia abstraktu bat asmatzen dugu, hodeien gainean gaztelu bat eraikitzen dugu. Eta hodeien gainetik ez dadin erori, grabitatearen presentzia desegingo duten esplikazioak asmatzen ditugu. Gero, hodeien gaineko gazteluetan bizitzera abiatzen gara oinak lurretik urruntzen direla. Eta ahaztu egiten gara, berez, lurrera itzuli behar garela egunen batean”.
— Marihuana erretzean bezala —konparatu zuen Sarak.
— Gazteak beti mistizismoa drogen eraginarekin konparatzen.
— Eta helduak beti zerbait galdetu, eta adarretatik joaten. Galdetu dizut ea nola bizi zineten diktadura frankistaren garaian.
Sara bere estudioan eserita zegoen, koadernoa zabalduta apunteak hartzen. Irakasleak aurreko belaunaldien bizi estiloaren inguruko lan bat egiteko eskatu zien ikasleei. Sarak garai hartan bizitakoei elkarrizketak egin, eta haien erantzunekin osatutako lana egitea planteatu zuen. Bere herrian nola bizi ziren jakin nahi zuen. Lehen elkarrizketatua bere aita izan zen. Gelako albo batetik bestera paseoan erantzuten zuen, eta eskuekin keinuak eginez laguntzen zion diskurtsoari. Nekatzen zenean, edo besterik gabe gogoak ematen zionean, ohearen gainean esertzen zen. Bertatik jarraitzen zuen bakarrizketan. Beharbada, horregatik zuen ohitura erantzun behar zuen gaitik urruntzeko. Gero, ohetik altxatu, eta boligrafoen latorrizko potea eskatzen zion Sarari. Gelako atea itxi, leihoa zabaldu, eta boligrafo guztiak mahaitik bota ostean, patrikan gordetako zigarro pakete zimurtutik, zimurtutako zigarroa ateratzen zuen. Leihoaren albotik jarraitzen zuen hizketan, kea irensteko bakarrik isiltzen zen.
— Nik ez diot inori errespeturik zor. Lasai bizi nahi dut baratzeko lanetik ateratzen dudanarekin. Borroka egiteaz nazkatu naiz. Borrokatzen dugun bakoitzean, gure gainetik egongo den zerbait sortzen dugu eta, nahiz eta hasierako asmoak lortu, hasieran bezala gaude. Utz iezadazue bakean! Utz iezadazue bakean bizitzen nik hautaturik nire loturak!
Hori esan eta gero, platerean zuen xerra mozten jarraitu zuen. Amak irratia itzali zuen. Aita aztoratzeko besterik ez zuen balio tramankulu hark, berri txarrak besterik ez zituen ematen. Ana eta Sara, isil-isilik, bazkaria bukatu, eta eskolara abiatu ziren.
Barre txiki bat atera zaio. Iheskorregia, beharbada. Alabaina, irribarre bat da azken batean. Euriak jarraitzen du, goitik behera. Bai barruan eta bai kanpoan, leihoaren bi aldeetan. Bozgorailuetatik, Silvioren ahotsa. Haren esentzia karibetarrak gela inbaditu du, beste behin, enegarren aldiz. “Hay otra dimensión desconocida más fuerte que la muerte y que la vida, más sustancial que el mundo y su belleza, que nace y muere siempre donde empieza”. Euri tantak bioletaren petalo moreetatik erortzen dira, pisuagatik lorea okertuz, eta behin erortzean, hasieran zegoen bezala jartzen da. Beste euri tanta baten etorrera arte. “Y esa silueta en silencio, que va llena de sombras de sí, va penetrando en el atardecer, bajo su cielo, que insiste en llover”. Kalabazak jasotzeko sasoia zen. Sarak Anari azaltzen zion nondik moztu, aitak berari urtebete lehenago azaldu moduan. Aitak distantziatik behatzen zituen irribarre batekin. “Y aquel sueño que yo soñaba...”. Kanpoko atea zabaldu zen, ahalik eta soinurik txikiena ateraz. Behatz puntetan, lapurraren tankeran, erdi balantzaka sartu zen etxe barrura. Ilunpetan ez zen ezer ikusten. Eskaileren bila, lurrera erori zen. Eta ezer gertatu ez balitz bezala altxatzen hasi zenean, zigarro piztu baten argia begien aurrean. Inoizko sustorik handiena, bihotza ahotik aterako zitzaiola pentsatu zuen. “Ze ordu dira hauek etxera itzultzeko, Sara? Gainera mozkortuta, ez zara gai zutik eta zuzen mantentzeko... Segi ohera, eta bihar hitz egingo dugu serio”. “Hoy me fui en el pensamiento hasta el verano en que te vi”. Aita gidari, Sara kopilotuaren eserlekuan kanpora begira eta Ana atzean ahizpari so. Ia egun guztia ospitalean pasatu ostean, etxera zihoazen. Amak han geratu behar izan zuen, badaezpada.
...
Mariposas. Izen bereko diskoaren azken aurreko abestia.
— Orain tximeleta bat agertuko balitz nire begien aurrean... —pentsatu du Sarak. Tximeletak ez dira hain inozoak, ordea, ekaitzaren erdian hegaldiari ekiteko. Ez dira hain kamikazeak. Halere, tximeleten pentsamendu hark poztu egin du, eta ordura arteko abesti guztiak malkotan pasatu baditu ere, kantu harekin irribarreari darion argia ikusi du. Bere onera nola itzultzen den sentitzen hasi da, pixkanaka bada ere, nahiz eta bere onera ez den itzuli guztiz.
Zutitu eta leihoa itxi du, eta gelara abiatu da. Biluztu, toalla beltzarekin ilea eta sorbalda ingurua lehortu, eta ohean sartu da.
Hurrengo egunean esnatu eta lanerako bidea hartu du. Lehen geldialdia dekanoaren bulegoa izan da. Bazekien aita hil zitzaiola, eta astebetez lasai egoteko esan zion telefonoz aurreko egunean. Sarak ezetz. Errutinan murgildu nahi zuela, eta ez etxean sartuta pasatu aste guztia. Behin baino gehiagotan eskatu zion dekanoak astebetez jai hartzeko, baina beste hainbestetan argudiatu zion errutinaren beharra Sarak. Elkarrizketa berdintsua izan dute bulegoan ere.
— Edozer izanda ere, lasai hartu. Niri ere gertatu zitzaidan duela hiru urte, eta horrelako galera bat ez da hain erraz orbaintzen.
— Lasai egon zaitez, Enrico. Badakit zer gertatzen zaidan egunerokotasunetik aldentzen banaiz. Baina eskertzen dizut. Halere, ikasleek nire klaseengatik ordaindu dute, eta ez diet kexarako aitzakiarik emango.
— Hori al da zure arrazoia klaseak emateko?
— Ez, baina eztabaidarekin amaitzeko forma egokia iruditu zait —eta horren ostean agurtu eta bere bulegora joan da.
Klasea goizeko 12:00etan hasten da. Barrura sartu da, eta lehen eguneko tokiak aldatuta aurkitu ditu ikasleak. Astebetean, jada lagun egin direla dirudi. Hau harena, beste hauek talde bat osatu dute, horiek txikitako lagunak dirudite. Beste batzuen artean, konplizitatea beharrean, ezinikusia sortu da. Edo harreman eza besterik gabe. Soilik klasekide dira, norberaren bideak elkar gurutzatu duten bidegurutze batean daude besterik gabe, errotondan buelta eta buelta.
— Egun on guztioi. Gaur hasi nahiko nuke...
— Heroiaren kaiera zurea da professoressa Ballet? —galdetu du Fionak interes handiarekin.
— Bai, nik idatzia da. Baina gaur mende hasierako egoera esplikatu nahi dizuet. Nahi baduzu, Fiona, klasea amaitzean hitz egin dezakegu horren inguruan.
— Baina garai horretan kokatzen da zure liburua ere. Uste dut oso ondo esplikatzen duzula bertan XX. mendearen hasiera. Horregatik eman nuen izena Historiako ikasketetan.
Halako emozio bortitz eta indartsu bat sentitu du Sarak. Bere liburuarengatik historia ikastea hautatu duen jendea bazenik ez zuen inoiz esperoko. Fionak klase horretan egoteko bere motiboak azaldu ostean, gainerako ikasleei galdetu die ea liburua irakurri duten. Baten batek baiezkoa esan du, eta euren arteko elkarrizketa medio, Sarak planteatuta zuen gaiaren inguruan eztabaidatzen hasi dira liburua abiapuntu izanda. Eta debatearen ertzetatik, zuzenean egiten dizkioten galderak soilik erantzunda, begira geratu da.
— Baina antisozialismorik ba al zen garai hartan? —galdetu du Ivanek—. Antisemitismoa bai, historia guztian judutarren aurkako joerak egon dira. Eta XX. mendera iristen bagara, Alemania nazia ez da judutarren aurka egiten duen lehena. Errusiako inperioko pogrom-ak eta Frantziako Dreyfus afera antisemitismo garbiak dira. Baina antisozialismoa?
— Ezarritako ordenari aurre egiten dion ezer baldin bada, kontrako posizioak sortuko dira. Horretan ez dago dudarik. Dena dela, lehenik eta behin jakin behar da liburuko protagonista erreala dela. Serge Cabot izeneko gizon bat XX. mende hasieran bazen, hori ez da nik asmatutako zerbait. Nire irakasle izandako batek hainbat gutun topatu zituen Lyon inguruko herri batean, eta artikulu bat argitaratu zuen. Nahi baduzue artikuluaren erreferentzia pasatuko dizuet, eta eskutitzak irakurri nahi badituzue, ordenagailuan ditut. Serge Cabot hau Sorbonako irakaslea zen, literaturakoa, eta alderdi sozialistaren korronterik ezkertiarrenean kokatzen zen. Halere, ez zuen inoiz kargu publiko batean aritzeko pausoa eman. Irakasle izanda gustura egongo zen seguruenik, eta nire iritziz, eragiteko gaitasun eta aukera handiagoa zuen irakasle gisa. Langileei eta euren familiei ere ematen zizkien “klaseak” —kakotxak hatzekin antzeztuz—. Bere eskutitzetatik dakigu hori. Ez dut uste gezurretan ibiliko zitzaionik bere amari. Kontua da, behin krimen eszena baten erdian topatu zutela. Autoritateek begiz jotako pertsona zen Cabot, eta aukera ikusi zuten berarekin amaitzeko. Hori antisozialismoa da edo pertsona konkretu baten aurka jotzea? Uste dut, eta hau nire iritzia da, bietatik baduela afera honek. Azken batean, irakasle hau bere eragin esparrutik ezabatu zutenean, unibertsitatetik alegia, difamazioen bidez eta epai okerrak eginez, bere ideia iraultzaileak desagerrarazi zituzten.
— Ilun samarra iruditzen zait hori dena —Domenicok bere patxadan imajinazioari hegan egiten utziz—. Ematen du konspirazio istorio bat dagoela atzean. Estatu bat bere espazio guztiak kontrolatu nahi dituena, eta horretarako indar polizialak eta judizialak erabiltzen dituena. Horrelako eszena bat naziekin edo espioiekin lotzen dut. 1984 liburuan bezala.
— Esan nahi duzu zerbait anakronikoa dela? —Vincenzok beste aldetik—. Kontrola beti existitu da. Espazio bat kontrolatzeko metodoak beti egon dira. Denborarekin metodo modernoagoak agertu dira, baina kontrola beti egon da. Estatuak edo tokiko aginteak beti nahi izango du dena lasai egotea, bere boterea zalantzan jarriko duen ezer ez egotea.
— Identitate nazionalak horretarako sortu ziren. Frantses identitatea zabaltzeko zerbitzu militarra, eskola eta komunikabideak azpimarratzen dira. Horrela, identitate nazional baten parte izanik artaldean integratuta sentitzen zara, eta ez dago disidentziarako aukerarik. Identitate nazionala bera ere kontrolerako tresna bat izan daiteke —argudiatu du Alessandrak.
— Eta ez ahaztu ekonomia ere! —Ivanek hatza altxatuz—. Sistema kapitalista kontrolez betetako sistema bat da.
— Eta Ivan, ez ezazu ahaztu etxeko ekonomia eta kultura paternalista ere —Fionak kontuak eskatuz—. Gauza handiei buruz hitz egiten hasten gara, eta begien aurrean ditugun kontuez ez gara jabetzen.
Sarak hitza hartzeko pauso bat eman du aurrera.
— Oso eztabaida interesgarria da, benetan, baina uste dut kontrolaren eta sistema kapitalistaren gai horretan geratu zaretela, eta pixka bat aurrera egin nahiko nuke.
Horrela, gaia estatu burgesaren eraikuntza eta apogeora eraman du, zeina, Hobsbawmen kontzeptua erabiliz, katastrofeen aroak suntsituko duen. Hortik aurrera masa gizartea, jada XX. mende hasiera hartan zabaltzen ari zena, eta ongizate estatua eta bestelako ideiak eta kontzeptuak azalduko ditu. “Baina horiek beste klase baterako kontuak dira”, garbi utzi du Sarak ordulariari begiratuta. Klasea amaitutzat eman du, eta zenbait libururen erreferentziak idatzi ditu gaian sakondu nahi duenarentzat.
Eguna amaitu baino lehen, mahaiaren aurrean eseri da infusio eta zigarro batekin. Gironellan idazten hasi zen egunerokoa zabaldu du, eta eguneko zita idazteari ekin dio.
«2012-X-09, asteartea.
»Ez nuen uste sienatar bat hain gustuko izango nuenik. Ez behintzat tipo hura eta gero. Fiona Gianik badu zerbait, ez dakit zer, ordea. Ispiluan begiratzea bezalakoa da, nire gaztetako irudia ikusten dut. Aliatu hitza etorri zait burura klasean. Aliatu bat bezalakoa da, ez dakit zertarako, baina aliatu bat.
»Ondo egin dut klaseak ematera joaten. Ondo egin dut Enricori kasu ez egiten. Etxean geratu izan banintz, seguruena barruak jaten pasako nuen denbora. Iraganeko pentsamenduetan murgilduko nintzen, eta ez zidaten inolako onik egingo. Hautu ona izan da. Ez dut zalantzarik. Gauza bera egin nuen Dublinen eta New Yorken. Era batera edo bestera, errutinak eta helburu akademikoek nahigabea, amorrua, pena, haserrea eta bestelako pentsamendu negatiboetatik urruntzen naute. Gaurkoa berdina izan da. Ezin naiz atzera begira geratu, bestela bizitza osoa zalantzan jartzen hasiko naiz berriro ere.
»Eta etorkizunari so, galdera bat datorkit: zer ikusten dut neska gazte horretan Giulian ikusten ez dudana?»
Astea gorabehera handiegirik gabe pasatu da. Errutinaren errutinan. Eta aste bukaera iristearekin batera, aste bukaeretako ohikerian murgildu da. Halere, aste bukaera honek badu zerbait errutinatik aldentzen dena gehiegi urrundu gabe. Tatuaje lokal batean sartu da.
— Ciao, Sebastian.
— Ciao, Sara. Beste bat?
— Bai, beste bat.
Eta tatuajea egiteko ordua hartu ostean, Sebastian agurtu eta kalera irten da. Lasaiago sentitu da.
Hitzorduko lekura joan da zuzenean. Kale izkinan akordeoi jole bat dago tronpetista batekin, itxuragatik garai bateko sobietar herrialdeetakoak, Nino Rotak konposatutako The Godfather filmeko soinu-bandako abesti nagusia jotzen. Eta inkontzienteki, Sarak balsaren erritmora ematen ditu pausoak. Eta bira eman ahala, ile adats luzeak eta soinekoa zabaltzen zaizkio 360 graduko lerro ikusezin baten gainean. Aurrera jarraitu du Don Vito Corleonerekin baltsean.
Le Murate Caffè Letterario. Garai bateko presondegia, eta orain kulturaren babesleku. Terrazan eseri da Giuliaren esperoan, oraindik bi musikari haien melodia buruan duela. Mafia italiarra. Mugikorra hartu eta definizioa bilatzen hasi da Interneten.
Mafia: iz. Elkarte sekretua, jatorriz italiarra, jarduera kriminalak burutzen dituena.
Sekretuaren baitan dena da sekretu, baina dena ezin da isilpean eraman. Sekretuak erloju-bonbak dira, edozein momentutan egin dezakete eztanda. Sekretuak beraiek ere kriminalak izan daitezke. Dena ez al da krimen norbera mafia bihurtzen denean?
Pentsamendu horietan dela, Giulia han dator, ilea trentza batean josirik ezker sorbaldatik erortzen zaiola. Takoi beltzak, galtza estu eta urdinak, eta alkandora beltz bat goiko botoiak askatuta. Hurbildu denean, Sara zutitu eta bi muxu, ezker eskuin, eta elkar besarkatu dute. Hitzez elkar agurtuta, aulki banatan eseri dira. Zerbitzaria agertu da. Bi ardo kopa eskatu dituzte eta alde egin aurretik hautsontzi bat utzi du mahaiaren gainean Sararen zigarro paketea ikusirik.
— Zer moduz zure bidaia sorterrira? —galdetu dio Giuliak, betiko irribarrea ahoan—. Kontatzeko asko izango duzu.
Sarak zigarroa piztu du hitz egiten hasi aurretik. Hainbat gauza ditu kontatzeko... Dena ordenatu beharra dago, ordea. Edo hori pentsatzen du bederen. Nondik hasi behar ote du?
— Ba hasteko, non egon zara aste guztian? Ez zaitut bulegoan ikusi.
— Badakizu ez nagoela Firenzen bakarrik lanean, Triesteko Unibertsitatean ere klaseak ematen ditut. Oraindik jaioterriarekin lotura mantentzeko forma bat da. Uste nuen esana nizula.
— Bai? Guztiz pasa zait orduan. Ez nator oso aste normaletik, beraz gauzak ahaztea normala izango da —“zer egingo zaio ba?” dioen keinua eginez sorbaldak altxatuz.
— Hori izango da. Baina zer moduz zure herrian? —beste behin gaia mahaiaren gainean jarriz.
— Ba denetik pasa da. Jende askorekin haserretu naiz. Anarekin, Núriarekin, Martarekin, Xavirekin, baina gehien nire izebarekin —desesperazio aurpegia jarrita.
— Zure izeba? Ez dut uste inoiz haren inguruan hitz egin didazunik —harrituta. Normala baita. Sarak bere harremanak ez zizkion ezkutatzen Giuliari, nahiz eta harremanen mamia behin baino gehiagotan mututu.
— Dolores izena du. Faxista bat da. Horretan laburbiltzen da dena. Bazekien aita komunista zela, eta halere, hileta kristau bat antolatu dio. Hori aurpegira barre egitea bezalakoa izan zen. Eta seguru nago aita psikiatrikoan sartzearen atzean bera egon zela. Nazka diot. Ezin dut bere aurpegia ezta segundo batez imajinatu, are gutxiago ikusi. Ez zidan ezertxo ere esan, baina seguru zer edo zer egin zuela. Eskerrak herriko apaiza aitaren lagun mina zen, gutxienean berak gidatu zuen meza. Eta gainera Ana bere alde azaltzen da. Aita amarekin ezkondu zenetik ibili da atzetik azpijokoan. Behingoagatik hilko balitz. Edo zerbait gertatuko balitz bere bizitza perfektua goitik behera aldatuko lukeena.
— Nabari da bai gorroto handia diozula.
— Ez duzu imajinatzen ere Giulia, ez duzu imajinatu ere egiten.
— Eta Xavirekin ere haserretu zarela esan didazu? Eta hori? Ez al zen ba zure lagunik onena? —haserrealdi haren motiboek intrigatuta.
Isilik geratu da momentu batez.
— Ardo kopa bat zuretzat eta bestea hemen —esan du zerbitzariak bakoitzari bere kopa uzten diolarik parean.
— Esker mila.
Sarak zurrut txiki bat eman dio ardoari.
— Kontua da tokiz kanpo bezala sentitzen nintzela. Salvatore bezala Alfredoren hiletan. Berdin-berdin sentitu nintzen. Urte luzeak eta gero herrira itzuli zein dagoen eta zein ez dagoen jakin gabe. Eta lotzen zaituen pertsona bakarra hilkutxan betirako lo.
— Eta Salvatorek bezala aspaldiko maitalea topatu zenuen bertan?
Sarari irri txiki bat atera zaio hautsontziari begiratzen dion bitartean. Zigarroa pixkanaka kontsumitzen doa. «Aspaldiko maitalea? Maite ninduela esaten zidanean ere ez ninduen maite eta. Eskerrak ez nuen putakume hura ikusi».
— Sara, ongi zaude?
Maitale, maitasun eta antzerako kontzeptuak tabu dira berarentzat. Ez dira guztiz tabu, baina ez dira gai atseginak solasaldi banal batean izateko.
— Lasai, Giulia, ongi nago. Gogoratu nahi ez nuen zerbaitez gogoratu naiz, besterik ez. Baina ez da garrantzitsua —oraingoan zigarroa ipini du ezpain artean kea irensteko—. Ez nintzen Salvatore bezain zorionekoa izan zentzu horretan. Baina lagun onak ikusi nituen.
— Hori poztekoa da —ardo kopari heltzen ziolarik—. Edo hori esango nizuke duela minutu batzuk Núria eta Xavi zure lagun minenekin haserretu zinela esan ez bazenit.
— Egia. Txorakeria bat izan zen dena! Núriak gustatu ez zitzaidan proiektu bat erakutsi zidan eta gure ezberdintasunak ikusi ziren. Eta Xavirena... Bartzelonan elkarrekin afaldu genuen. Bere senarra ere gurekin zen. Trago gehiegi edan genituen azkenerako, eta trago gehiegi edaten direnean ba edozer gauzagatik haserretzen zara. Hori izan zen guztia.
— Egin dezagun parranda! —oihukatu du Sarak tabernatik irtetean, hitzak zangotrabatzen zaizkiola. Ia erori da.
— Bihar lana daukagu. Joan zaitez zu nahi baduzu.
— Baina horrela joaten utziko duzu, Xavi?
— Ez zaitez kezkatu. Segituan joango da ohera.
Sergik zalantza egiten du. Xavi betiko laguna du, ordea, eta berak hori badio, hala izango da.
Gero, jarraitzen ez diotela ikusirik, atzera bueltatu eta sexuari buruzko komentarioak egiten hasi da. Ea trio bat egitera joango diren galdetzera iritsi da azkenik. Xavik ezetz, eta mozkorturik zaudenean sortzen diren haserrealdi absurdo horietako batekin agurtu dira.
— Hori zen beraz? Eta parrandara joan zinen? Edo zerbait gogoratzen zara egindakoaz?
Eta Sarak istorioarekin jarraitu du. Nola beste taberna batera joan zen, gero, ustez, diskoteka batera. Mutil batzuekin dantzan ibili zela, txupito batzuk hartu zituela...
Pentsioko atea zabaldu da. Muxu bustiek ez dute etenik. Argiaren etengailua non dagoen axola gabe, lau hormen arteko iluntasunean murgildu dira, anonimo bihurtzen dituena, edo objektu huts. Materia bere izate puruan. Haragi.
Atearen aurka, basati, eskuek bata bestearen gorputza laztantzen dute. Ukituak: morboz betetakoak, aurrez imajinatuak; idealistegiak, perfektuegiak. Mutila ezpainak abandonatuta lepoa miazkatzen hasi zaio animalia baten pare. Eta eskuak gorputzean dinamismorik gabe. Haragizko manual trakets bati jarraikiz bezala. Gogoak eta desirak ezin disimulatuz.
Danba! Ate hotsa. Ozen eta lehorra. Baina mugimenduek ez dute etenik, ezinezkoa delako instintu inprobisatuari jokoz kanpoko erregelak ipintzea. Halere, inprobisazio traketsarekin nazkatuta, Sarak burua heldu dio besoen artean harrapatuz eta bere azalaren aurka bultzatu du, mugimendua atsegin duen erara moldatu nahian, kitzikadura bere gustura zentralizatu nahian. Ez du itxoin nahi plazera noiz helduko den, plazera topatu nahi du ahal bezain lasterren. Arnas beroa eta hezea, alkoholezkoa, gertu sumatzen du.
Bularrak biluzten hasi zaio. Alkandoraren botoiak askatzen basati gosetu baten gisan. Bi botoi apurtu ditu. Arropa erantzi, lurrera bota. Moteltasunaren gabeziak. Muxuak gorputz osoan zehar. Ginebrazkoak, tekilazkoak, vodkazkoak... Coca-Colaren azukre dosiaren itsaskortasunarekin. Erritmo azeleratua.
Ohearen gainean biluzik amaitu dute. Kaleko farolen argia ez da nahikoa mutilak zakila non sartu behar duen jakiteko. Geldirik geratu da. Esperoan nazkatuta, Sarak zakila heldu dio barrura sartzeko asmoz. Dagoeneko lehengo gogortasuna atzean utzi du, Sararen desengainurako. Hitz lizunak xuxurlatu dizkio belarrira masturbatzen duen artean. Behin tentetuta, aluan jarri eta barrura sartu du. Hain ekintza arrunta, baldarra. Eta arritmikoa.
Begi niniak zabalduta dituzte, arteriak estortsionatuta. Gorputzaren tenperatura igotzen ari zaio zentzu metaforiko guztietatik aparte. Tentsioa inoiz baino gehiago altxatuta, arnasketa azkarra eta azalekoa. Garunak kinada elektrikoak bidaltzen dizkie, gurinek mugak existituko ez balira bezala jariatzen dute. Muskuluek norberaren pisuaren hirukoitza jasoko balute bezala dihardute. Bortitza, izugarria eta nazkagarria.
Garrasi ozenak, pazientzia galduta dagoeneko. Zakila bere barnean leherrarazi nahian, gazte mukizu hura gehiago kitzikatu du inoiz baino beroago jarriko duten hitzekin. Bizkarra inguratu eta bere gorputzaren kontra erakarri du. Geroz eta kolpe gogorragoak. Azeleraturik. Gogor heldu dio. Orgasmora iristean besterik ez du pentsatzen, plazera absolutua bihurtzen den momentu horretan.
Baina nerabezaroa gainditu berri duen mutilak ez du gehiago luzatu nahi egona, eta jolasaren erdian utzi du Sara.
...
Amaitu da.
Amaitu da eta Sara biluzik gelditu da sabaiari begira. Une luzez. Isilik.
Mutil gazte hark bere alboan jarraitzen du ezer esan gabe. Ez baitaki zein izango den hitzik egokiena momentuan esateko. Sarak bira eman du eta mutilari begiratu dio.
— Ospa!
Mutila xake-matean geratu da. «Nola ospa?»
— Ez al didazu entzun? Ospa!
Sararen begiak ezberdinak dira. Lehen su ziren, orain laku izoztu.
— Ez dizut berriz errepikatuko, joder! Alde hemendik!
Begi haiei beldurrez, lurretik barreiatuta dauden arropak ahal moduan jantzi eta alde egin du ez adio ez ezer esan gabe.
Sara sabaiari begira geratu da loak hartu duen arte.
— Ohetik bidali zenuen? —entzundakoa sinetsi gabe.
— Ez da lehen aldia egiten dudana —errutinazko zerbait bezala.
Eta akordeoi soinua entzun da halako batean. Sarak bira eman du eta han datoz kale izkinan ikusi dituen bi gizonak. Gainera beste bat gehitu zaie. Biolinista bat. Terrazako mahaietan barrena dabiltza oraingoan Nuovo Cinema Paradiso jotzen.
— Lehen kale izkinan zeuden The Godfather jotzen eta nahi gabe dantzatzen hasi naiz.
— Ezin harritu zuk horrelako zerbait egin eta gero —ebidenteegia dela adieraziz. Sarak barre egin du—. Ni ez nintzateke gai izango horrelako zerbait egiteko. Kale erdian arratsalde batez dantzan hasi? Ezta erotuta ere. Horretarako izpiritu librea izan behar da zu bezala.
— Ni izpiritu librea? —harrituta galdetu dio Giuliari—. Batzuetan nahiko nuke izan, baina ez. Ez naiz zuk uste duzun bezain librea. Akaso sartuta nagoen kaiolak espazio handiagoa du, besterik ez.
Musikariak hurbildu dira eta biolina hasi da sokei musika ateratzen. Minutu batez biolinak markatu du melodia eta terrazan dauden guztiek jakin dute zein den abestia. Eta tronpetaren seinalearekin kantuan hasi da gehiengoa, ezpainak mugituz bakarrik bada ere.
“Parla più piano e nessuno sentirà, il nostro amore lo viviamo io e te. Nessuno sa la verità, nemeno il cielo che ci guarda da lassù”.
Norbaitek Luciano Pavarotti dela uste du. Adineko gizon handi bat da, emakume baten eskua heldu eta bihotz barrutik abesten dio. Eta emakumeak hasiera batean ez daki non sartu, baina segundoak pasatu ahala gustatu eta emozionatzen hasi da.
“Insieme a te io resterò amore mio sempre così”.
Jendeak animoak ematen dizkio gizonari eta elkarrekin kantatzen hasi dira. Jada lotsa galdu dute, eta ezpainak mugitzeaz gain ahotsa aireratzen hasi dira. Abesbatza amateur bat, espontaneoki sortua.
“Parla più piano e vieni più vicino a me. Voglio sentire gli occhi miei dentro di te. Nessuno sa la verità. È un grande amore e mai più grande esisterà”.
Eta gizona zutik jarri da azken estrofa duen ahots guztiarekin abesteko.
Abestia bukatzean denak altxatu dira txaloka.
— Ti amo amore mio! —esan du gizonak ozenki. Sarak lurrera begiratu du. Emakumea lotsagorrituta dago. Txaloek oraindik jarraitzen dute.
Azkenerako baretu da kontua.
— Hori bai dela indarra —esan du Giuliak—. Horrelako norbait ezagutuko banu... Baina duda egiten dut halakorik baden. Gizon hori munduan bakarra da —ironia eta idealismoa nahastuz.
— Zuk nik baino errazago topatuko duzu. Lasai egon horregatik —gaiak inolako zirrararik sortzen ez diola.
Ardoari trago txiki bat eman dio.
— Baina halako maitasuna... Bizitza osokoa... Zaila egiten zait horrelakorik badela sinestea. Igual arrazoi duzu gizon hori munduan bakarra dela esaterakoan. Bihotz eta indar guztiarekin maitatu beharko du emaztea.
— Dantzatzeko eskatu behar zenion.
— Giulia. Zuri eskatu dizut eta ezetz esan didazu. Bera okupatuta zegoen emazteari bihotzetik abesten.
— Esan dizut nik horrelako gauzetarako ez dudala balio.
— Xavik baietz esango zidan —albotik begiratzen diola bi besoak gurutzatuta.
— Haur bat bezala portatu behar al duzu?
Barrezka hasi da. Giuliak ardoari trago bat eman dio.
— Pozten naiz zuregatik, Sara. Zure betiko distira berreskuratu duzu.
Eta gertatutako gauzen inguruan hitz egiten jarraitu dute beste kopa bat eskatu ondoren. Kontagarriak diren gauzak bakarrik. Gauza ilunenak ez dizkio kontatuko, ez du nahi. Horiek bere barruan gordeko ditu betirako, edo denbora luze batez bederen. Momentu egokia iritsi arte. Gero beste taberna batera joan dira eta ardoa eskatu dute han ere.
Hamarrak iritsi dira, duomoko kanpaiek hala diote behintzat. Eta bi neskak mozkortuta ez daudela esatea ez da egia esatea. All'Antico Vinaiora joan dira, eta beste ardo baten laguntzarekin hain ospetsu bihurtu diren focaccia bana hartu dute haragiz eta barazkiz beteta. Etxe atari batean eseri, eta hizketan jarraitzen dutela jan dute focaccia. Jendez gainezka dago, eta sekulako zarata. Sarak beste ardo bat hartzeko gogoa du, baina lasaiago. Ez du garrasika jardun nahi hitz egiterako unean. Giuliak bere etxera gonbidatu du, botilaren bat baduela, eta gainera, handik gertu bizi dela. Baiezkoa esan dio zuzenean eta, erdi balantzaka dagoeneko, Giuliaren etxera abiatu dira.
“Un uomo onesto, un uomo provo s'innamorò perdutamente d'una che non lo amava niente. Gli disse: ‘Portami domani il cuore di tua madre per i miei cani’. Lui dalla madre andò e l'uccise dal petto il cuore li strappò e dal suo amore ritornò”.
Giuliak Fabrizio de Andréren Ballata dell'amore cieco abestia ipini du ardoa edaten duten bitartean.
Ez da oso etxe handia. Giulia, Sara bezala, bakarrik bizi da. Gainera, Sara ez bezala, Giulia Firenze eta Trieste artean bizi da. Beti alde batetik bestera. Hormei begira geratu da une batez, eta konturatu da anonimoa dela etxea. Ez dago argazkirik, ez dago koadrorik, ez dago ia ezer. Liburuak bai, baina beste ezer ez. Gainera, liburu denak historiari lotutakoak dira. Giulia nor den asmatu beharko balu horma haiei begira, anonimo bat dela esango luke. Historia gustatzen zaion norbait asko jota.
— Abestia ez al da makabroegia?
— Maitasun itsuari egindako balada da, makabroa izan behar du. Baina beste zerbait jarri nahi baduzu, aurrera!
Sarak ordenagailua hartu du eta youtuben sartu da. Lehenik abeslariaren izena idatzi du, eta gero pentsatzen eta pentsatzen egon da zein abesti ipiniko. Ojalá agertu da lehena. Ardoari trago bat eman eta gehiago pentsatu gabe hura jarri du.
Gitarraren akordeak hasieran. Silvio kantuan gero.
“Ojalá que las hojas no te toquen el cuerpo cuando caigan, para que no las puedas convertir en cristal”.
Sara kantuan hasi da. Giuliak badaki Sarak abesterakoan berezko hitzak bortxatzen dituela. Halere, Silvioren hitzak eta Sararenak bat dira denbora guztian. Giuliak horren inguruan galdetu dio, eta Sarak serio esan dio Silvioren hitzak ezin direla profanatu.
— Orain beste abesti bat jarriko dizut edozein pena gainditzen laguntzen didana. Maitaleak utzi eta beste batekin larrutan egitea baino eraginkorragoa. Lehen aldiz entzun nuenean, izugarri gustatu zitzaidan abestia. Eta gero tximeletek zer esan nahi zuten irakurri nuen Silviori egindako elkarrizketa batean. Antza, Mexikon bada nahuatl izeneko kultura, eta haien arbasoek pentsatzen zuten gerlariak hiltzen zirenean tximeleta bihurtzen zirela. Gerrara kondenatuak zeuden borrokalari haiek hil ostean, jada ez zeuden ezertara kondenatuta. Tximeletak ziren. Nahi zuten tokira joan zitezkeen hegan, haizearekin batera, zeruaren azpian, munduaren gainean. Benetan ederra iruditu zitzaidan.
Giuliak begi zabalik begiratzen dio eta irri egiten du.
— Inoiz ez nuen horrelakorik entzun. Oso ederra da. Benetan.
Sarak kopa hartu eta beste trago bat eman dio. Inora begira gelditu da.
— Sara, gogoratzen duzu nola esan didazun arratsaldean zure kaiolak nireak baino espazio gehiago duela? Ba pentsatzen nabil, agian, ez dela guztiz egia. Akaso kaiolaren metafora ez da egokiena zuretzat. Ilargia hobeto doa zurekin.
Sarak ez du mugimendu txikiena ere egin. Badago eta aldi berean ez dago. Giuliaren esana entzun nahi du, ordea.
— Ilargia poeten metafora ederrena da. Sentsualitatea adierazi nahi du, edertasuna, erotismoa, elegantzia, pasioa, zoriontasuna. Baina ilargiak badu bere aurpegi iluna, inoiz argitzen ez dena, eta bertan misterioa besterik ez dago. Ezkutatu nahi duen zerbait. Beste aspektu guztiak zapuztuko dizkion zerbait. Horregatik darama gordeta. Hein batean itxura kontua da berea. Ez du erakusten zer den benetan. Misterio horrekin bizi da. Kontua da misterio hori ona ala txarra den.
Sarak burua biratu du eta Giuliari begiratu dio begiak erdi itxita bekainarekin keinu eginez.
— Zer Giulia, mozkortzen zarenean zu ere poeta bihurtzen al zara?
— Ez nago mozkorra. Beno, beharbada pixka bat.
— Baina ilargiarenak denentzat balio du. Denok ditugu ezkutatu nahi ditugun gauzak, beste inori erakutsi nahi ez dizkiogunak. Denok bizi gara Veneziako inauterietan.
— Ados —eta sabaiari begira geratu da pentsakor—. Eta zer iruditzen zaizu hau? Puzzlea. Itxoin! Puzzleak ere denentzat balio du. Beste bat pentsatuko dut zuri bakarrik balio dizuna.
«Puzzlearena atsegin dut. Baina ez dizut esango hala denik. Ea zer bururatzen zaizun».
Botila bat edana dute eta bigarrena bukatzekotan. Giulia hirugarren bat zabaltzera abiatu da bigarrenaren azken kondarrak Sararen kopan bota ostean.
— Giulia nahikoa dugu, ez duzu uste? Gainera mozkortzen naizenean, eta hori mozkorturik esaten dut, edozein erokeria egiteko gai naiz. Gogoratu Xavi eta Sergirekin atera nintzenean unibertsitateko ume batekin amaitu nuela ohean.
— Hemen geratzen bazara, ez zara unibertsitateko ume batekin oheratuko, ez duzu uste?
Eta galdera erretorikoak egiten dituzten bitartean, kopak bete dituzte berriz ere.
— Gaztetxoekin beraz...
— Kuriositatea duzu, e! Gaztetxoren bat probatu nahi al duzu zuk ere?
— Baliteke —esertzen den bitartean.
Zigarro bat piztu du Giuliaren baimenarekin.
— Desastre totala izan zela gogorarazten dizut.
— Imajinatzen zaitut, eta ez dut sinesten zurearekin atera ez zinenik! —lilura galduta.
— Gau osoa jo eta ke ibili ginela pentsatzen al duzu? Berea amaitu zuenean, albo batera ipini zen eta luzatzen ari zenez pentsiotik bidali nuen.
— Benetan ari zara? —galdetu dio begiak zabalik.
— Mozkorra al zaude, Giulia? Lehen esan dizut kalean: ez zait gustatzen gaua larrutan egin dudanarekin pasatzea. Ondorengo laztan eta azal gaineko muxuak iragankorrak direla uste dut. Ez dute ezer esan nahi gau horretan bertan ezagutu duzun batengandik. Sexua maitasunik gabekoa bada, maitasun adierazpenek ez dute ez hanka eta ez bururik. Absurdoak dira.
— Beharbada arrazoi duzu —momentu batez isilik geratu da—. Sara, pasa iezadazu ordenagailua. Abesti bat ipini nahi dut.
Giuliak ordenagailua hartu eta denbora apur bat pasatu ostean musika hasi da.
— Lehen esan dizut ez nuela dantzatuko, baina oraindik gogoa baduzu, dantza dezakegu orain.
Sarak barre egin du “Parla più piano” entzun duenean. Giulia bere alboan ipini da eta eskua luzatu dio. «Zergatik ez?», eta eskutik helduta jaiki da. Giuliak gerrian ipini dio eskuin eskua.
— Beraz, zu zara mutila eta ni neska —eskua Giuliaren sorbaldan pausatzen duelarik—. Ez dut ezer esan. Dantzatzen ari gara, dantzak ez du genero rolik izan behar.
— Utzi oraingoz aldarrikapenak eta dantza dezagun.
Baltsean biraka ibili dira. Ongi dantzatzen dute biek, inork ez du bestearen oinik zapaldu. Placido Domingoren bertsioa da, biolinak entzuten dira tenorearen ahotsarekin batera, tenorearen ahots sakonarekin jolasean melodiarik ederrena josten. Balseko pausoek, Giuliak gidatuak, Sara nahi duten bezala mugitzen dute. Sara gidatzen uzten da.
— Ez nekien hain ongi dantzatzen zenuenik —esan dio Sarak.
Giuliak ez dio ezer erantzun, lurrari begira dago. Abestiaren amaieran urrundu eta Sarari bira erakutsi dio, honek amaierako birarekin erantzun diola.
— Gehiagotan dantzatu beharko genuke, Giulia.
— Orduan ez nazazu askatu —erantzun dio.
Eta Frank Sinatra Moon river abesten hasi da gitarra batez lagunduta.
— Beraz, abesti zerrenda bat prestatu duzu —irri eginez—. Eta jakin daiteke zein den abesti listaren atzean ezkutatzen den misterioa?
Giuliak burua jaso eta begietara begiratu dio.
— Hau.
Eta karmina karminaren aurka ipini du. Eskua askatu eta Sararen buruaren atzean kokatu du besteak gerritik estu heltzen duelarik. Ezpain bustien artean mingainak jira-biran. Hamaika segundoren ostean, ezpainak urrundu ditu Giuliak Sararen erantzuna jakin nahian. Sarak ez dio ezer, eta ez da askatzen saiatu ere egin.
“Moon river wider than a mile I'm crossing you in style someday”.
Giuliak berriz muxukatu du. Oraingoan Sarak berak heldu du Giulia eta bere besoen artean harrapatu. Ez du ezertan pentsatu nahi, momentuaz gozatu, besterik ez. Eskuak bizkarrean gora eta behera mugitzen dituen bitartean, Giuliak bularren gainean ipini ditu bereak. Ezpainak abandonatu, eta Giuliaren lepoan behera, muxukatzen hasi zaio. Eskuak buruaren atzean ipini dizkio ilea atzamarrekin orraztuz.
Sinatrak amaitu du bere interbentzioa. Orain, beste abesti ezagun bat hasi da. Sarak Giuliaren gorputza berotzen jarraitzen du, baina ez da gogoratzen zein den entzuten duen abestia. Kuriositatea du. Halako batean, Elton John hasi da kantuan.
“There's a calm surrender to the rush of day when the heat of a rolling wind can be turned away”.
— Dena prestatuta zenuen, ezta? —esan dio belarrira.
Eta Giuliak bere gelara eraman du eskutik helduta.
“And can you feel the love tonight it is where we are. It's enough for this wide-eyes wanderer that we got this far”.
Sara ohean bota du eta banan-banan askatzen joan da alkandora beltzeko botoiak. Sararen begiak adi-adi daude. Botoiak askatzen amaitu duenean, alkandora kendu eta lurrera bota du. Sararen gainean ipini da emeki-emeki, eta Giuliaren arnas beroa nola hurbiltzen den sentitu du honek gorputzean. Begiak parez pare jarri direnean, ezpainak muxukatu dizkio. Sararen eskuek Giuliaren bizkarra laztandu dute. Izerdiarekin irristatzen dira azal leunaren gainean. Bularretako eskarlata bordatua askatzen hasi zaio. Muxuek ez dute su etenik. Bularretakoa erori eta Sara Giuliaren bular txikiei begira geratu da, miresmen edo kuriositatez. Eskuak haien gainean ipini ditu. Titipuntak laztandu dizkio. Bular bigun eta uniformeak gogortzen doaz pixkanaka. Ahoarekin dastatu nahi ditu, banilla zaporeko lurrinez. Mihiarekin zirkuluak egiten dizkio titipuntari beste bularra eskuen jostagarri bihurtzen den bitartean.
Giuliaren arnas beroa hurbil sentitzen du. Sarari hatzak miazkatzen dizkio, eta honek titiak miazkatzen dizkio Giuliari. Gorputz perfumatuak izerdi likatsuz berotzen doaz dantza osteko preludioan. Edo jada sinfonia da?
Posizioz aldatu dira. Orain Sara dago Giuliaren gainean eta lagunaren kuriositatearekin amaitzeko, soineko koloretsua erantzi du lehenik. Bularretakoa izan da hurrengoa. Giuliaren gainean bota da basati bere ezpain bustien bila.
Sarak aurrea hartu eta Giuliaren ezpainetatik behera mugitu ditu ezpainak, mihia azal beltzaranaren gainetik irristatzen duela. Bularretan geldialdi bat eta sabelean behera jarraitu du zilbor inguruak muxukatuz. Eskuak gorputzean zehar dabiltza beren erritmora.
Eta sabeletik behera halako infernuko berotasuna sentitzen du. Suaren gisara erretzen duen berotasuna. Sarak biluztasuna amaitzen den mugan ipini du ahoa eta eskuekin galtzen botoia askatzeari ekin dio emeki. Klak. Kremailera askatu. Krrrrrr. Eta galtzak erantzi dizkio eremu biluzia handituz. Kulero beltzetan utzi du eta bere gainera bota da berriz ere.
Lehendik geratua den tokitik jarraitu du esplorazioan. Ahoa kulero beltzen gainean jarri eta oihala miazkatzen hasi da, eskuek titiekin jolasten dute. Baginaren berotasuna hain da erretzailea. Barne aromak aireratzen dira. Giuliaren intziri txikiak entzungarri. Sarak gehiago esploratu nahi du, plazer haren barruraino sartu nahi du. Kuleroak erantzi dizkio eta begien aurrean azaldu zaio denbora batez desiratzen ari zen alua. Makurtu eta lehenik hatz bat sartu dio barrura. Busti-bustia dago. Klitoria kitzikatu dio mihiaz. Giuliak bularrak laztantzen ditu oraindik gehiago kitzikatzeko. Auhen erotikoak. Intziriak. Geroz eta ozenago entzuten dira. Gehiago, oraindik gehiago nahi du eta eskua Sararen buruan jarririk barrurantz bultzatzen dio. Plazer gehiago, plazeren plazera sentitu nahi du.
Sarak sumatzen du nola bustitzen den geroz eta gehiago Giuliaren bagina. Bere hatzak fluxu likatsuz bustiak ditu. Barrunbe umel haietan, barrunbe heze eta bero haietan... Ez zaio asko falta orgasmora iristeko. Sarak berean jarraitzen du eta Giuliaren intziri eta plazer garrasiek ez dute etenik. Uhindutako mugimenduak. Oraindik eta indar gehiago egiten dio Sarari, barrurago sentitu nahiko balu bezala. Sarak behean jarraitzen du Giuliaren aluan hatzak sartzen eta klitoria miazkatzen.
Giulia garrasika hasi da orain arte baino ozenago. Eta barruko piztiak bere gorputzaren kontrola hartuta, Sara beragana erakarri eta mihia ahoan sartu dio. Eskuek gorputz osoa laztandu ostean, Sararen tanga azpian sartu da zuzenean eta bagina umel hari plazer ematen hasi da. Orain bere txanda da.
Giuliaren hatzak bere bagina barruan nola mugitzen diren nabari du Sarak. Hain da kitzikagarria, eta plazer soinuak askatzeko ezpain bero eta haragitsu haiek utzi beharra... Ez ditu abandonatu nahi. Giuliaren hatzak bere barnean mugitzen... Eta bere eskua titipunta gogortu eta tenteetan... Eta bere ezpain umelak... Plazera besterik ez du sentitzen.
Hankak igurtzi eta alua miazkatzen hasi zaio. Mihia barrura sartu dio, hatzekin klitoria laztantzen dion bitartean.
Sara garrasika hasi da, ozen, ozenki, ozenago. Behatz puntetan elektrizitatea. Kalanbreak. Dardara elektriko bat hanketatik gora ziztu bizian gorputz osoa zeharkatuz. Sexua. Sabela. Bularrak. Lepoa. Burua. Leherketa bat. Begiak itxi. Urdin elektrikoa.
Ezpainak ezpainekin estali dizkio Giuliak intzirien isiltzeko.
Eta ondoren besarkatu eta alboan etzan da.
Arnas azkarra baretu denean, Sarak Giuliari begiratu dio. Hatz bat bizkarra laztantzen ari zaio.
— Beraz, hauek dira zure misterioak, inoiz argitzen ez den ilargiaren aurpegia. Edo zure kaiola barruan hegan dabiltzanak. Edo zure puzzlea osatzeko beharrezko diren piezak.
Sara begira jarri da leihotik harantz. Laino bakan batzuk daude, baina nahikoak dira ilargia ezkutatzeko. Zeru beltz hartan iluna da dena. Leihoa zabalik, haize fin eta ikusezin batek mugitzen ditu alboko gortinak. Haize firfira, denbora gelditu eta pausak urpetu balu bezala mundu osoa. Lainoak mugitzen ari dira eta ilargiaren argi zuria gelan sartu da anatomiaren profilak izkiriatuz.
— Tximeletak... hauek dira gudan eroritako gerlarien errenkarnazioak?
Sara ez da mugitzen. Ez du mugitu nahi.
— Ez didazu kontatuko zer esan nahi duten?
Sarak isilik jarraitzen du.
— Ez dizkidazu eroritako gerlarien biografiak kontatuko?
— Lehen esan duzu, Giulia, hau nire sekretua da, nire misterioa, inoiz inork ikusi beharko ez lukeen ilargiaren aurpegi ezkutua.
Giuliak estuago besarkatu du babes emateko intentzioarekin. Sara askatzen saiatu da, eta ohetik jaiki. Giulia bere edertasuna kontenplatzen dago, baina Sara aztoratu egin da.
— Zer egin dugu, Giulia? —galdetu dio nerbioak jota.
— Ez al zaizu gustatu? —galdera galdera truke irribarretsu.
— Ez genuen horrelakorik egin behar! —gelan hara eta hona dabilela—. Ez zuen horrelako ezerk gertatu behar!
— Zergatik ez? —ohean esertzen den bitartean—. Sara, nik... inoiz ez dizut esan, baina... nik... nik maite zaitut!
Sara mutu geratu da Giuliaren begiei begira.
— Eta? —Giulia Sararen erantzunaren zain.
Sarak bere arropak bildu eta janzten hasi da ahal duen bizkorren.
— Banoa.
— Baina... —bera ere aztoratzen hasirik Sara eskutik heldu nahian—. Zergatik? Nik maite zaitut, bihotzez. Ez zaitut abandonatuko, ez dizut minik egingo! —erreguka.
— Orain minik egin nahi ez duena ni naiz, Giulia. Hobe gaurkoa ahazten badugu, ezer gertatu ez balitz bezala.
— Baina...
— Agur.
— Itxoin, Sara! —bere atzetik korrika. Atea bere begien aurrean nola ixten den ikusi du. Atea zabaldu eta eskaileretara atera da biluzik. Sara beheraka doa—. Itxoin!
Sara badoa atzera begiratu gabe.
— Sara, nik maite zaitut! —Giulia garrasika lau hitzen erresonantziak horma guztiak eraisteko moduan.
Baina Sarak ez du atzera begiratu nahi, eta korrika doa gelditu gabe.
«Putakume batzuk zarete!», pentsatu du Sarak irratia martxan ipini denean alarma gisa.
“Felicità è tenersi per mano andare lontano! La felicità è il tuo sguardo innocente in mezzo alla gente! La felicità è restare vicini come bambini! La felicità, felicità!”.
Munduan existitzen diren milioika kantetatik Al Bano eta Romina Powerren Felicità jarri beharra ere. Gainera igandea da. «Zergatik ipini ote nuen iratzargailua hain goiz?» Egun guztian ez du ezertxo ere egin, eta egin nahi duen gauza bakarra egiteko ez du gaitasunik. Horrelako egunetan euria egin dezala erregutzen dio unibertsoari, sentimenduak inguruarekin bat egiteko edo. Eguzkia jaun eta jabe da zeru zabalean. Jendea irribarretsu imajinatzen du kalean betaurreko beltzen atzean.
Giuliarekin egindakoa segika du, bere pentsamendu guztiak hor amaitzen dira, eta horrek ez dio laguntzen. Nola ahaztu zerbait, aldi berean, buruan bueltaka eta bueltaka izanik? Ahaztu nahiak gogorarazten dio dena.
Mugikorra jo eta jo dabil goizean goizetik. Giulia da. Sarak ez du berarekin hitz egin nahi. Zertarako azalpenak? Zertarako arrazoiak eman? Dena esanda dago, edo hori da Sarak uste duena. Zerbait txarra gertatu zen, berarentzat behintzat. Alkoholari bota dizkio erru guztiak. Kanpoko agenteei errua botatzea errazagoa da, gainera, alkoholak ez du bere errugabetasuna azaltzeko aukerarik. Azkenerako mugikorra itzali, sare sozialak boikoteatu eta isolamendu egoeran murgildu da inkomunikazio-aszetismo hutsean.
Mahaiaren gainean, egunerokoa. Koadernoa hartu eta begirada bat bota ostean, zegoen tokian utzi du berriz ere. Ezinezkoa du ezertan kontzentratzea. Halere, badaki zerbait idatzi behar duela egunerokoa izateko. Boligrafo beltza hartu, eta zera idatzi du:
«2012-X-14, igandea.
»Gaur ez dut idazteko gogorik.»
Oraindik eguzkia ikusten delarik sartu da ohean.
Hurrengo egunean jaiki, dutxa azkar bat hartu, gosaldu eta lanera joan da inoiz baino goizago.
— Egun on, Sara, zenbat denbora! —agurtu du atezaintzakoak.
Sarak eskuarekin keinu bat egin, eta aurrera jarraitu du bere bulegora arte inori hitzik esan gabe.
«Nola hitz egingo dut Giuliarekin? Zer esango diot?», pentsatzen du giltzak sarrailari bira ematen dion bitartean. «Animo», eta barrura sartu da. Baina barruan ez dago inor.
— Kafetegian egongo da akaso —pentsatu du ahots altuan. Gero Giuliaren egutegia begiratu du, haren mahaiaren gainean dagoena. Klaserik ez du.
— Buongiorno, Sara —atetik emakumezko ahots batek. Francesca da, ea kafe bat hartzera jaitsiko den.
— Geroxeago agian —erantzun dio, momentu honetan ez duela kaferik hartzeko gogorik. Kafea hartzeko baino, jendearekin hitz egiteko.
Mahaiaren gainean dituen idazlanak begiratzeari ekin dio, burua okupatuta izateko gutxienean. Irakurtzen eta irakurtzen ibili da ordu erdi baino gehiagoz.
«...Historia nazionalak pelikula pornoak dira. Beren helburua jendea kitzikatu eta masturbaraztea da aberriaren heroien eszenekin. Agian egia da, eta aktoreek benetako plazera sentitzen dute. Edo beharbada gezurra da, eta aktoreek plazera izatearen plantak egiten dituzte. Alabaina, benetan kili-kilikatzen, berotzen, kitzikatzen gaituena esajerazioa da, titien eta zakilen tamaina alegia...»
Kuriosoa idazteko eragatik jendea identifikatzearena.
— Enzo bakarrik da gai historia pelikula pornoekin konparatzeko. Baina... zergatik hitz egin behar zuen sexuari buruz justu gaur?
Beste ordubetez egon da orriak aurrera eta atzera. Liburu bat hartu, pare bat orrialde irakurri eta berriz liburu artean utzi.
Gero klasea ematera joan da. Beti bezain animoso sartu da, klasea antzerki baten eszenatokia balitz bezala. Maskaren atzean ezkutatuta.
Eta ezin Enzori konparazioarena galdetu gabe alde egin.
— Esajeraziorik handiena, ordea, hentai japoniarra da —bere diskurtsoaren amaieran.
— Beraz, uste duzu Japoniako historia nazionala denetan esajeratuena dela? —galdegin dio kuriositatez Sarak.
— Ea... ulertu behar dugu hentai marrazki bizidunak direla. Beraz, eta daramagun logikari jarraituz, eta arte espresioa idealaren errepresentazio gisa ulertuta, Japoniako jendeak beren historia nazionala oraindik eta esajeratuago kontatzea nahi du.
— Beraz, Enzo, herrialde bateko historia nazionala bertako pelikula pornoen ezaugarriekin aldera daiteke.
— Horrelako zerbait.
Klasea amaitu denean, bulegora igo da berriz ere, eta Giulia egongo den edo ez pentsatzen zabaldu du atea oraingoan ere. Ez dago haren arrastorik. Soilik karpeta berde bat Sararen mahaian, eta gainean eskutitz bat. Azalean “Sararentzat” jartzen du. Giuliaren letra da zalantzarik gabe. Eskutitza zabaldu eta irakurtzen hasi da:
«Ciao Sara maitea,
»Egia esan ez dakit nondik hasi. Pentsatzen dut hau irakurtzen ari zaren bitartean Triestera bidean izango naizela. Atzo nire deiei erantzuten ez zenienez, pentsatu dut ez zenuela nirekin hitz egin nahi, seguruenik ezta elkartu ere. Horregatik, zurekin ez elkartzen saiatu naiz. Pentsatzen dut ondo atera dela, bestela igual ez zenidan ezta eskutitz edo nota hau ere onartuko.
»Zurekin hitz egin nahi, halere. Baliteke zuk denbora gehiago behar izatea. Eta ulertzen dut. Edo ulertu nahi dut behintzat. Baina hori, zurekin hitz egin nahi dut. Ez dakit zerbait txarra egin nizun, zerbait okerra esan nizun, espero ez zenuen zerbait izan zen gertatutakoa edo dena delakoa. Ulertu nahi dut, ordea. Maite zaitudalako.
»Gauzak argitzen ez baditugu, ez dakit, ez dut horretan pentsatu nahi. Agian zuk ez nauzu maite, ez behintzat nik maite zaitudan bezala. Halere, ezingo nuke bizi gertatutakoa argitu gabe. Denbora utziko dizut, nahi duzun guztia, baina baldintza horrekin. Bitartean, nahi baduzu ez gara elkartuko, ez diogu elkarri hitz egingo. Nahi baduzu tutoretza orduak aldatuko ditut bulegoan elkar ez ikusteko. Bestela, Enricori esango diot gure artean gauzak ez daudela oso ondo eta ea bulegoz alda nazakeen.
»Norbait oso berezia zara niretzat. Ez zaitut galdu nahi. Eta nirekin harremanik ez duen zerbait izan bada urrundu zaituena, utzidazu laguntzen behintzat. Elkarrekin aurre egingo diogu parean jartzen den edozeri edo edonori. Timothy Flynn bat bera ere ez da inoiz gure oztopo izango.
»Baduzu nire zenbakia. Baduzu nire e-maila. Jarri harremanetan mezu sinple batekin bada ere. Denbora behar dut edo oraindik ez da momentua bezalako zerbaitekin erantzun iezadazu.
»Bihotzez,
»Giulia Marchetto»
Ondo gogoratzen badu, Timothy Flynnek deitu zion gau hartan galdu zen mutilaren arrastoa. Handik aurrera inork ez zuen haren berri izan. Giuliak telefonoa hartu zuen, eta ahots arraroak besterik ez ziren aditzen linearen bestaldean. Handik aurrera, Timothy desagertu egin zen. Giuliak istorio hura kontatzen zion aldiro, sekulako intrigarekin gelditzen zen Sara. Agian alde egin zuen besterik gabe? Deiak ere amaitu ziren, ordea. Poliziak desagerpenaren kasua zabaldu zuen, baina hilabete gutxira kasua itxi beharrean suertatu ziren pista faltagatik.
Giuliaren deiak izan ditu mugikorrean aste osoan. Bat bera ere ez du erantzun. Sms mezuak ere jaso ditu, baita mezu elektronikoak ere. Erantzunik gabe geratu dira denak.
Bi asteren buruan edo, mezu eta deien kopuru infinituak jada nazkatuta, “Denbora behar dut, utzi bakean oraingoz” dioen mezua bidali dio. Ordutik, ez du Giuliaren seinale edo pista gehiago izan, eta urria amaitu da abendua iritsi den bezala. Hostoak zuhaitzetatik erori dira Firenzeko kaleak marroi okre kolorezko soineko kurruskariz jantziz. Sara bere zitadela propioa eraikitzen joan da tarte horretan Niccolò Machiavelliren esanetara. Misantropiaren fedean izena eman ondoren, puzzleak deseraikitzen hasi da egunero bere bizitzaren zitak idatziz. Bere autobiografiak utopia bat zirudien urriaren 30ean. Bere autobiografia distopia bat da abenduaren 6an. Eta etxea txukuntzen ari dela abenduaren 9an, duela zazpi urteko egunerokoa aurkitu du.