Bihotz handiegia
Bihotz handiegia
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-17051-06-8
Azaleko argazkia: Lander Garro
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2021, nobela
2019, saiakera
2007, narrazioak
2004, narrazioak
Bihotz handiegia
2017, narrazioak
160 orrialde
978-84-17051-06-8
aurkibidea
 

 

Paisaiak

 

Iriart andreak erretreta hartu zuenez geroztik ez zinen itzuli, eta, oraindik eta zaharragoa iruditu zitzaizun Pommadere andrea zen ordezkoa. Esertzeko eskatu zizun. Erretxinan bildutako kakalardo bat zuen mahai gainean paperak hegalda ez zitezen, nahiz eta gela hartan leihorik ez egon.

      — Galderarik egin nahi al duzu?

      — Dena ongi dagoen jakin nahi dut, besterik ez; hiruzpalau urte dira ez dudala errebisiorik egin.

      — Badaezpada berriro esango dizut: egin nahi ote zenidake galderaren bat?

      Goxoa izan zen, eta hala ere haserretu egin zinen.

      — Orduan arropak erantzi eta hasi egingo gara. Baina utzidazu gauza bat esaten: ez erabakitzea erabakitzea da.

      Adin ertaineko andre kanonikoaren rola jokatu zenuen soinekoa eta mediak aulkiaren bizkarrean zintzilikatuz, bularretakoa bi tolesetan plegatuz eta tirak ahurrean gordez, kuleroekin karratu txiki bat eginez. Inoren aurrean kentzen zenituen aldiro bezala, zaharregiak begitandu zitzaizkizun botak, eta soinekoaren atzean ezkutatu zenituen.

      Ohatilan etzan orduko dardarka ari zinen. Esku hezurtsuak zure belaunetan jarrita barre txikia egin zuen Pommaderek, urteek gasoildutako begiak ņarrotuz. Lotsatzen zarenean umetu egiten zara, beti.

      — Gustatu egiten al zaizu zure lana?

      — Egunaren arabera.

      — Pazientearen arabera, ez?

      — Egunaren arabera. Jaso besoak, mesedez.

      — Haur asko izango dituzu.

      — Ez.

      — Bi?

      — Bat ere ez.

      Besapeak eta bularrak zanpatu zizkizun hatz mamiez zirkunferentzia erdiak marraztuz. Ondoren, zure parean jarrita, preserbatiboaren zorroa hortzekin tarratatu eta zundari ipini zion. Pommadere andreak hankak zabal zenitzan presioa egin zuen zure belaunetan, baina oraindik belaunburuak laztandu behar izan zizkizun, bizpahiru segundoz lepoa alde batera erortzen utzita begiratu behar izan zizun kolabora zenezan.

      — Ez zait nire gorputz barruan begiratzea gustatzen, batez ere ni bertan ez banago. Barkatu.

      Begiak gogor ixten dituzunean gertatzen zaizu: zure barnean pauma lumak ikusten dituzu. Hirugarren saialdian lortu zuen sartzea.

      — Barkatu.

      Ilun zegoen han, monitoreak apenas erakusten zuen ezer. Bat-batean elur moduko bat hasi zuen, elur dardara zundak zure barru hormen kontra tupust egin bakoitzean, behin eta berriz, tematurik zirudien Pommaderek. Barrutik nolakoa zaren jakin nahi zenuke.

      Betaurrekoen gainetik begiratu zintuen, begiak diz-diz:

      — Ez duzu ezer sentitzen?

      — Deus ez.

      — Hilerokoak normalak dira edo sarriak?

      Monitorea zuganago jiratu zuen. Beltzaren ertz batean, puntu zuri urduriz osatutako masa bat seinalatu zuen, tramankulua batera eta bestera dantzatzeari utzi gabe, eta kolpetik ederra iruditu zitzaizun galaxia hura, hari begira geratu nahi zenuke, zu bakarrik.

      — Mioma bat duzu, handi samarra. Hamar-hamaika zentimetro artekoa.

      Eskularruak erantzi zituen eta janzteko eskatu zizun. Beste norbaiten arropak janzten ari zinela iruditu zitzaizun. Zure dosierra errebisatzen ari zen bere aurrean eseri zinenean.

      — Hogeita hemeretzi urte dituzu, ez dakit zer asmo duzun baina kentzea komeni, ez dagokion toki bat okupatzen ari da. Bikotean zaude?

      — Ez dakit.

      — Kendu nahi ote duzun?

      — Bikotean ote nagoen.

      — Begira, kendu egingo dugu, laparoskopia bat egingo dizute, gauza sinplea da —kakalardoaren gainean ipini zuen eskua.

      Azkenetan egon arte haien gaixotasuna sekretuan gorde eta maitasuna zabaltzen bizi diren andre horien tankera izatea desio izan zenuen. Zure buruari eskatu zenion Urkori ezer ez esateko, baina tratua itxi aurretik deika ari zintzaizkion.

      — Ez dirudi larria —esan zenion.

      — Gaur gauerako planik bai? —erantzun zizun.

      Ez zenuten inoiz haur bat izatearen aukerari buruz hitz egin, arruntegia iruditu zitzaizuen. Eta zuek ezberdinak zineten, edo horretan ahalegintzen zineten. Ez zeundeten aurrez programatuta, eta aldiro berritzen zenituzten botoak, nahiz eta bi botoek balio bera ez izan.

      Konposatu nahian zenbiltzan kantuarekin maitakeriatan eman zenituen Urko etxera joan aurreko azken orduak, gitarra eta koadernoa agerian utzi ahal izateko aitzakiagatik gehiago kantuarekiko sinesmenagatik baino. Lehorrekoa izan arren marinelez jantzita joaten zen. Zure ondoan distira egin zezan apaltzen zinen jendaurrean, jendea desagertzerako zure sakrifizioaren etekinak neurtzen lukurreriak jota.

      Hilabetez hilabete merkeagoa zen ohiko ardo botilarekin agertu zen, eta debaluazioa zuri, berari edo harremanari zegokion zalantzak zeharkatu zintuen. Edonola ere, oraindik muxuak baziren eta gorputz guztiarekin ematen zenituzten.

      Ez zizun gitarragatik galdetu, eskola jantokietan lanean hasi zinenez geroztik inork galdetu ez zizun bezala.

      — Haurrik izan nahi al zenuke?

      — Egia esan ez dut horri buruz sobera pentsatu —erantzun zenion, eta arindu handiagoa hartuko zuela uste izan zenuen, sekretuki zutaz harro sentitzeko moduko erantzuna eman zeniolakoan.

      Cat Powerren Jukebox ipini eta ogiaz eta gaztaz lagunduta ardo botila hustu zenuten sofan. Lehenengo aldiz zure magalean hartu zuen lo. Arraro sentitu zinen, baina era berean probetxuzko, eta horrela sentitzeagatik lotsatu egin zinen. Han goitik ikusita ez zen hain ikaragarria. Jende isil askoren antzera, benetan zena baino interesgarriago ematen zuen. Ilea orraztu zenion herri iruditeriako andre emankorrek nola, eta zure sabelaren kontra estutu zen. Gero bularrak ukitu zizkizun norekin zegoen gogoratzeko bezala.

 

 

Ebakuntza egin aurretik zirujauari esan zenion zeuretzat nahi zenukeela hondakin galaktikoa.

      — Zer?

      — Mioma.

      — Zeurea da. Zatitxo bat kenduko diot zure baimenarekin, biopsia egiteko, protokoloak hala eskatzen du. Landatu-edo egin nahi duzu?

      — Nola?

      — Selaunarekin egiten da eta, horregatik galdetu dizut.

      “Edo” horren bitartez jan egin nahi zenuen galdetu zizun ezbairik gabe, eta zergatik hartu behar zenuen zuk zure gain berezi izate hutsagatik jende zoroaren nahasmena. Gero maskaratxoa jarri zizuten eta beste nonbaitera joan zinen, zaratarik entzuten ez zen, tenperatura perfektua zuen, grabitate indarrik gabeko toki batera. Bakarrik egin nahi izan zenuen guztia, ez zinen gai sentitzen zure amaren larriduraren, zure ahizparen negazionismoaren, lagunen presaren edo Urkoren mututasunaren kargu egiteko.

      Egunean bertan itzuli zinen etxera. Min ematen zizun zure barru tarratatuak, baina poza eman zizun hala ere minari gain hartu eta estiloa galdu gabe autoraino iritsi ahal izateak. Potea aldameneko eserlekuan jarri eta uhalarekin lotu zenuen.

      Zure, bere edo harremanaren metafora ote zen inoiz jakingo ez zenuen eta janari gehiegi emateagatik hil zenuen Urkok oparitutako arrainaren etxea ongi garbitu eta bertan hustu zenuen potea. Ehun-mataza koloretsua isuri zen behinola harri zuriz eta koralez betetako hondora, eta oihal beltz batekin estali aurretik, arretatsu begiratu zenion zure buruaren irudia begitandu zitzaizun erretratu espresionista hari.

      Bakarrik eta estaldura prekarioarekin, kontu guztietatik aparte Hendaiako aldirietan bizitzeak horrelakoxe sariak zeuzkan: bakardadearen errua koordenada geografikoei egotz zeniezaiokeen, inongo amildegiren kontra borrokatu behar izan gabe. Bakarrik zaude, bizi zaren tokiko bizi estiloa delako. Bizi zaren tokian bizi zara zure prekarietate ekonomikoak ez dizulako beste inon bakarrik bizitzeko aukera ematen.

 

 

Ohean eman zenituen hurrengo bi egunak, tea edaten eta gurinezko galletak jaten, lohasman eta, tarteka, latza eta basatia izan nahi zuen eta melenga eta otzana zen kantu baterako letra zirriborratzen. Ez zinen euria eta laino piltzarrak aipatu gabe girotzeko gai. Euli mando bat uxatzen bezala ari zinen kantua konposatu nahian. Azkenaldian ez zenekien nondik kantatu, ezta nori ere. Hirugarren egunean Urko etorri zen txokolate eta karameluzko pasteltxo birekin. Ordura arte jaiki gabe egon zinen eta zeure ahuldadeaz jabetu zinen.

      — Aurpegi txarra duzu —esan zizun.

      Zu haserretu egin zinen, eta plazera hartu zenuen hanka-sartzea konpentsatzeko ahaleginetan ikusi eta zeure burua amore eman gabe mantentzeko gai izan zinelako.

      — Gor batekin maitemindu nahi nuke —esan zenion azkenean—, zuk ez?

      — Zertarako baina?

      — Maitemindu eta larrutan egin, esan nahi dut. Ez dakit azaltzen, baina gure gorputzek bakarrik hitz egingo lukete, tranparik gabe —esan zenion, zeinu hizkuntza imitatuz.

      — Betiko gormutuez ari zara? —esan zizun, haginetako pastel zatitxoak azazkalarekin liberatuz.

      — Ez dira mutuak. Ez duzu ulertzen.

      — Bat ezagutu nuen, gure etxe azpiko tindategiko semea, tatuaiak eta guzti zeuzkan.

      — Zer esan nahi duzu “eta guzti”rekin?

      Ezin zineten haserretu, hori ere bazegoen. Ez zenuten horrela formulatu, baina gustu txarrekoa iruditzen zitzaizuen. Edonola ere, bata bestea baino gehiago ez-haserretzen zen.

      Lehen aldia izango zen zeure etxera etorri eta gaua pasatzera geldituko ez zena. Agurtzerakoan gogortuta zeukan.

      Oihala kendu zenionean, haragi korapilo hura arrainontziaren hormari itsatsita aurkitu zenuen, hondoa garbi-garbi. Azalpen fisikoren bat izango zuelakoan, flexoaren argipean aztertu zenuen ospitaletik bueltan presaka eta ganorarik gabe hara botatako zure luzapen intimo hura. Gorri, arrosa, more eta zuri gama osoaz gain, askotariko ehundurak aurkitu zenizkion, likatsuenetatik hasi eta giza azal itxurakoetara, eta hasieran mordoiloa iruditu zitzaizunaren forma estilizatu eta orekatua estimatzen hasi zinen.

      Barruak hala aginduta, begirunez, oihalarekin estali zenuen bueltan eta sabaiak eta lurrak bat egiten zuten etxeko txokoan jarri.

      Zerbait galdetu nahi izanez gero oraintxe zeneukake abagunea.

 

 

Biharamunean lantokira deitu zenuen, senda-agiria astelehenera arte luzatu zizutela esanez. Arrainontzira hurbildu zinen, sabela laztandu zenion, oihala txukundu zenuen. Hondartzara joan zinen artilezko txanoa eta mendiko berokia jantzita. Oraindik min ematen zizun arren ibiltzeko beharra zenuen, ibiltzeak zure barne mekanika lerrokatzeko gaitasuna zuen. Hotza sentitzeak zure buruaren alde borrokatzeko grina eman zizun. Jende gutxi zebilen hondartzan, euri fina ari zuen, grisak hartua zuen dena. Kasino zaharraren atzealdean, itsas bazterrean, zortzi-hamar gizon-emakume zeuden, itsasoari begira, eta hondartzara jaitsi zinen zeu ere. Kasik multzoarekin bat eginda egon arte ez zenuen asmatu zer ikusi zuten: hondartutako izurde bat zen, isats kolpeka ari zen, eta lagundu nahian laborari itxurako bikote musugorri bat, galtzak belaunetaraino jasota izanagatik ere gerritik behera blai eginda. Ikusmiran zeuden gainontzekoak, tartean bera baino zatiaz gazteagoa zen gizonezko bati besotik helduta zegoen Pommadere andrea, olatuekin jolasean bezala ari ziren, izurdearengandik bizpahiru metrora, bikoteari begira baina ez bustitzeko kontu emanez. Izurdeak irri eginez bezala begiratzen zuen, bere zerri begiekin. Senar-emazte ziruditenek “bat, bi eta hiru” esan eta izurdeari bultza egiten zioten, baina bazihoala zirudienean korronteak berriz ere itsasertzera ekartzen zuen, eta besteek, zuk barne, aieneka erantzun zenuten koroan. Azkenean lortu zuten. Bultzakada sendo batek eta aldeko korronteak joaten lagundu zioten. Metrotik metrora artezagoa zen hegatsari begira ikusi zenuten urruntzen. Senar-emazteak uretatik irten ziren, lehenago lortu ez izanaren errua bata besteari egozten. Txalo jo zenuten eta sakabanatu egin zineten gero eta gogorrago ari zuen euri artean. Agur egin zenion Pommadere andreari eskuaz, baina bera ez zen ohartu.

      Indarberriturik itzuli zinen etxera. Leiho ondoan jarri zenuen arrainontzia eta oihala kendu zenion. Toki berean jarraitzen zuen, eta apur bat uzkurtu zela iruditu zitzaizun, lurrari kendutako erremolatxen antzera, pentsatu zenuen. Egun argiz oraindik eta ederragoak iruditu zitzaizkizun koloreak, urdinkaragoak. Bere txokora itzuli zenuen harro. Beste hizkuntza batean baleude bezala irakurri zenituen ordubeteko tartearekin bidalitako Urkoren hiru mezu zenituen, “Maitatzen utz zaitez non sartzen zaren jakin ez arren”, zioen azkenak. Zertaz ari zen arrastorik txikiena ere ez zenuen.

      Bizpahiru ordutik behin arrainontzira hurbiltzen zinen: ez zegoen dudarik, txikitzen ari zen, eta masa haren epizentroan beste zerbait zegoen, ilunagoa zen zerbait. Oraindik ez zenekien ba ote zenekien edo itxurak egiten ari zinen.

      Astelehenean lantokira deitu zenuen gaixotasun agiria luzatu zizutela esateko, eta behinola paralizatuta utziko zintuzketen baina momentuan ezdeusak iruditu zitzaizkizun traba praktikoak gezurņo pare batekin gainditu zenituen aise. Armairu zokoetan gordeta zeneuzkan kontserbak eta laboreak jaten igaro zenitzake hilabete bat edo bi. Afalostean auzotik paseatzera irteten hasiko zinen. Farolarik ez zegoen, zure burua ez ikusteko bezain beltz zegoen, baina ilunpetan bakarrik ibiltzeko bezain libre sentitzen zinen.

 

 

Mintz garden batek estaltzen zuen, tartean ur zurixka moduko bat, beste ezer ez. Jabetu zinen, gutxi bazen ere mugitu egiten zela, eta mintz hark ezingo ziola luzaroan pitzatu gabe eutsi. Pommadereren idazkariaren deiak ezustean harrapatu zintuen. Errebisiorako hitzordua zenuela eta inguruan ote zenbiltzan galdetzeko hots egin zizun. Hamar minutuan han izango zinela agindu zenion, eta zure ahotsa entzutean ohartu zinen egun asko zeneramatzala inorekin hitz egin gabe.

      Bostekoa luzatu zizun, dena ongi zegoen galdetzeaz batera. Galderak bigarren zentzurik ote zuen ezin asmatuz erantzun zenuen baietz, eta ilea motots garai batean bildu zenuen ahalik eta txukunen.

      — Minik?

      — Batere ez.

      — Odol galerarik?

      — Ezta ere.

      — Orduan goazen hori ikustera.

      — Hondartzan ikusi zintudan —esan zenion erantzi bitartean.

      — A, bai? Askotan joaten gara, ahal dugun guztietan, egia esateko; udan izan ezik, horriblea da.

      — Izurdearen egunean.

      — Han zeunden? Gizajoa. Etzan zaitez.

      Arnasa sakon hartu eta ezpainen artean lasto bat bazenu bezala askatu zenuen. Zunda zure kontra oldartu zen, eta sartzea lortu zuenean garaipen izpi bat ikusi uste izan zenuen Pommadereren begitartean.

      — Lagunak esan zidan bere buruaz beste egin nahi dutenean hondartzen direla, suizidatzen dakien animalia espezie bakarra omen da —eskumuturrarekin betaurrekoak sudurrerantz igo zituen goiko hortzoiak agerian utziz—. Bitxia da.

      Eta zuk monitoreari begiratu zenion barre txikiarekin.

      — Biologoa al da?

      — Ez, hamazazpi urte gazteagoa da.

      Elur erauntsi bat. Supernova bat. Infragorriekin filmatutako sumendi bat.

      — Hemengo paretan itsatsita zeneukan, eta orain garbi dago. Baina ikusi hemen... Aurrekoan ez zegoen ezer, baina begira orain... beste bat duzu, ez dut ulertzen nola den posible. Ez da aurrekoa bezain handia baina txiki-txikia ere ez da.

      — Ez daukat galderarik.

      — Hainbat hobe, ez baitaukat erantzunik.

 

 

Ez zeneukan dudarik, gau hartan izango zen. Eta mugara joan zinen Remelluri botila baten bila. Bol bat anakardoz bete eta salako mahai gainean ipini zenuen arrainontzia, gaueko zaintza egiteko gertu.

      Hasierakoaren laurdena zen. Ez zegoen apenas likidorik beltzaren eta mintzaren artean, eta lehen aldiz iluna zehazten joan zen. Mugimendua gero eta gogorragoa zen, eta gauerdi pasatxoan mintza tarratatu egin zuen. Urradura txiki bat zen, eta bertatik atera zen beltzaren adar bat, bizpahiru zentimetro inguruko luzapen hezurtsu bat, zabalduta bere halako hiru bilakatzen zen hegala. Handik gutxira, txilio labur eta metaliko bat eginez, zuloa zabaldu zuen burutxo iletsuak, hiruki formako bi belarri agerian utziz. Muturrarekin lagunduta mintza gainetik kendu zuen, eta atzapar txikiekin arrainontziaren ahoari helduta, nagiak kendu zituen. Ondoren hegalak arin astindu zituen eta zure aurpegi parean sostengatu zen airean, segundo batez. Begiak beteta begiratu zenion ikuskizun hari, partekatu ezin diren zorionak badaudela ulertuta.

      Burua laztandu zenion hatz erakusleaz, joateko baimena emanez. Tximiniatik irten zen, eta leihotik ikusi zenuen, euri artean eta laino piltzarren azpitik hegan egiten.