Belar moztu berria
Lanean nintzela deitu zidan Arantzak, bizilagunak, galdetzearren joan ote nintekeen haren etxera. Aitaginarrebak hots egin omen zion, esanez zorabiatu egin zela Amets zaintzen ziharduen bitartean. Baina kontatzen ari zitzaidana gorabehera, Arantzak ez zirudien larriturik.
— Orain okupatuta nago —esan nion—, baina ordu eta erdi barru irits naiteke horra.
— Lasai. Ez da premiazkoa.
— Ordu eta erdi barru iritsiko naiz —errepikatu nion—, oraintxe bisita gidatu bat egin beharra daukat.
— Ez, ez etorri. Moldatuko naiz. Zer esan behar nizun, a bai: beste momentu batean emango dizkizut zuretzat gordeta ditudan aldaxkak.
Bixente bidaian zegoenetan Saran bizi zen Arantzaren aitaginarreba arduratzen zen haien semea haurtzaindegitik jaso eta etxera eramateaz. Larritu egin nintzen, edozer gerta zekiokeen. Behin zerbait eskatuko eta nik ezin eman. Behingoz ni izan Arantzari laguntza eman ziezaiokeena eta aukera hura alferrikaltzen utzi. Arratsaldero ordukako gida-lanak egiten nituen museoan, eta egun hartan irakasle talde bat egokitu zitzaidan. Arantzak harridura erakusten zuen lanean ari nintzela esaten nion aldiro, hori ez zitzaidan gustatzen. Irakasleak deskontua egin niezaien txartelak erakusten ari zitzaizkidan, lankideari erregutu nionean txanda aldatzeko; larrialdi bat zen, behar izanez gero ni konponduko nintzen zuzendariarekin. Autoa hartu nuen. Ordu laurdenean iritsiko nintzen Arantzaren etxera, aipatutakoa baino ordu eta laurden lehenago, bizitza osoa baldintza zezaketen hirurogeita hamabost minutu. Bidean nintzela esateko deitu nion, baina ez zidan telefonoa hartu. Aitaginarreba irudikatu nuen lurrean aho zabalik, Ametsen eskutxoak aitonaren betaurrekoekin jolasean edo putzuan plisti-plastaka, horrelakoetan pixa egin ohi baitute gainean.
Ez nuen aitaginarrebarekin sekula hitzik trukatu, barnealdeko gizona zen eta biotako inori ez zitzaigun besteari esateko ezer bururatu, nahiz eta maiz pasatzen zen bilobarekin gure etxe paretik, eta nik Ametsi beti kasu egin. Norbaitek aurkezpen ofiziala egin arte hitz egiteko zain egoten den horietakoa dirudi eta nik ez dut izaten arazorik gisa horretako arauetara plegatzeko. Kalparrez beteriko ile zuri trinkoa du, gorputz gihartsua; etxeko barazkiz beteriko kaxekin ateratzen ikusi izan dut Arantza eta Bixenteren etxeko pasabidean aparkatu ohi duen furgonetatik. Behin haren gereziak ekarri zizkigun Arantzak, baita intxaurrak ere, oraindik hor nonbait daudenak, guk ez daukagu-eta egonarri nahikorik gauza hain txikiak zuritzeko. Baina hitzak trukatu, inoiz ez. Gizon atsegina dirudien arren. Bixentek hildako amaren antza izan behar du ezinbestean, soila eta guria baita.
Azeleragailuari sakatu nion, baina ilara luzeak zeudela adierazten zuten panelek, hondartzazaleen gorputzez eta eguzkitakoen hagatxoz egindako tapoia. Hondartzak berdindu egiten gaitu, hara iristeko moduak bereizten, esan ohi zuen Igorrek juramentuka hasi aurretik.
Berriro hots egin nion Arantzari, baina ez zuen erantzun. Aldaxkekin akordatu nintzen, zerenak ote ziren. Ez zuen asko inporta, baina urduritzen hasia nintzen. Bizilagunak ginenetik berrogeita hamarretik gora eman zizkidan, eta ez nuen lortu bakar batek bizirauterik. Diruaren landaretik sorta bat eman zidanean bezala, barruko landareetan dagoen eta gogorrenetariko bat. Igorrek eta biok lana topatu ezinik boladatxoa generamanez, amuleto gisa, hala esan zidan. Barrez hastean karaka egiten zuen Arantzak, polita zen. Baina aldi hartan ez dakit zergatik egin zuen barre, kutunaren txorakeriak lotsatuta edo kutunarekin edo gabe txorakeria zelako gutako inork lana aurkituko zuela pentsatzea. Oso txiki sentitzen nintzen bere parean.
Hiru kilometroko auto ilara. Amets aitonaren lepo gainean jesarrita, zaharraren azken arnasak trabatzen. Izerditan nituen eskuak.
Arantzak deitu zidanetik ordubete pasata iritsi nintzen, egoeraren kargu hartzeko itxaropen txiki batekin oraindik. Atea jo nuen, baina inork ez zuen zabaldu. Sartu egin nintzen. Arantza eta Bixenteren etxea beti zegoen jasota eta usain oneko. Hain diferentea zen haienean sartzea edo gurean sartzea. Gurean lapurrak egon zirela zirudien batzuetan. Haienean neurritsua zen dena, baita ordena bera ere. Hala zegoen egun hartan, nahiz eta telebista ohi baino ozenago entzuten zen, marrazki bizidunak frantsesez. Kaixo!, egin nuen garrasi korridorea pauso zuhurrekin zeharkatuz, arratsalde on!
Egongelan aurkitu nuen Amets txikia, musika triangelu batekin telebista kolpatzen. Non dago aitatxi?, galdetu nion, eta hark hortz bakarreko hortzoi bustiak erakutsi zizkidan begiak ņarrotuz. Non dago aitatxi?, baina umetxoak irri egin zidan aho-puzker batzuk oparituz eta telebista grina handiagoarekin joz. Izutu egiten ninduen ate itxien atzean aurki nezakeenak. Buruz korritu nuen etxea eta sukaldean egon behar zuela deduzitu nuen, jendeak ura edaten du ondoezik sentitzen denean. Pote baten barruan sartuta zegoen batidoraren aldamenean, banana eta sagar azalek sukalde zuri eta aratzari alaitasuna eransten zioten. Supituan oroitu nintzen lorategian ganbara-huste batean erosi eta zahar-berritutako banku bat zegoela, Arantzak aldiro esaten zidan arren izena oroitu ezin nuen zuhaitzen atzean, eta harantz abiatu nintzen aurki nezakeena irudikatuz: bankutik erorita egon zitekeen lurrean ahuspez, edo hantxe segi zezakeen eserita lepoa zintzilik eta ahoa zabalik, tonurik gabe muskuluetan. Baina han ere ez zegoen zahar alu hura: banku gainean pare bat dekorazio aldizkari eskuz pintatutako harri baten azpian.
Etxe barnera itzuli nintzenean Ametsen gelara jo nuen zuzenean. Han ere arrastorik ez: eguzkiak argitutako zimurrik gabeko ohean peluxezko hartz urdin handi bat.
Aldameneko gela Arantza eta Bixenterena zen. Ez nintzen behin ere sartu eta ikusmin handia nuen. Atean jo nuen, bi eta hiru aldiz. Isiltasuna. Zabaldu eta iluntasuna kontrako eztarritik joan zitzaidan: leihoak eta leiho-ateak itxita zeuden, usaina ez zen lehengo bera, bazuen zaharmindutik, egurastu gabekotik, hezetik. Hasieran desengainu txiki bat izan zen, baina ez zen hor bukatu. Norbait zegoen han. Ohean. Haragi kolpea sentitu nuen. Arnasa hartzen zuen. Erregularki. Hurbildu eta zaharra ikusi nuen desegindako ohearen gainean larrugorritan. Bere azalak iluntasuna argitzen zuen. Ez nuen hain gertutik inoiz ikusi edade hartako gorputz bat biluzik: bularralde zabala, sabelalde puztua, ile gabeko azala, emakume gorputz bat zakilarengatik ez balitz. Leuna, garbia, distiratsua.
Usainari gustua hartzen ari nintzaion, beti gertatzen zitzaidan. Arnasak suabe mugiarazten zion gorputza eta gauza oso bereziak sentitu nituen hari begira. Une hartan ez nuen premiarik sentitu ezer egiteko, ezta ikusten ari nintzena ulertzeko ere, han egon, begira, begira jarraitzea zen kontua. Lurrean zeuden arropak zapaltzen ari nintzela ohartu nintzen trabatuta nituela oinak, eta anabasa konpontzeko makurtu nintzenean, enkajea ukitu nuen, kotoi trauskilezko galtzontziloarekin eta tergalezko alkandorarekin nahasita zegoen bularretakoa.
Handik alde egiteko presa sartu zitzaidan. Nahigabean ostiko bat eman nion galtzari eta gerrikoaren belarriak zarata atera zuen. Zaharrari arnasaren erritmoa aldatu zitzaion, baina ez zen esnatu. Atea itxi nuen zaratarik egin gabe. Amets telebistako marrazkiekin hizketan ari zen. Orduan entzun nuen hoditeriaren kirrinka. Etxearen soinua kolpetik aldatu zen, kirrinka hark mugarria jarri zuen. Lehen, nik entzuten ez nuen arren, dutxa hotsa zegoen; ondoren, dutxa hotsa falta zen. Entzuteari utzi nionean soilik entzutea lortu nuen hotsa zen.
Korridorea zeharkatzea falta zitzaidan, egurra aieneka hasten zen pauso bakoitzeko. Bainuko ateak itxita jarraitzen zuen, paretik pasa nintzen, eta kristalezko apal gainean uztean poteek ateratzen zuten zarata entzun nuen. Oso apaina zen Arantza. Edozein unetan irten zitekeen. Egongelatik igarotzean Amets kontu kontari hasi zitzaidan, mahaia marakarekin kolpatuz festara batzeko eskatzen zidan. Muxuak bidali nizkion eta sarrerako atea karrankarik gabe ixtea lortu nuen. Lursaila zeharkatu nuen eta korrika batean joan nintzen nire etxera. Ohean etzan nintzen, dardarka. Ezin nuen gorputz hura gainetik kendu.
Biharamunean hots egin zidan:
— Oraintxe ikusi ditut atzoko dei galduak, sustoarekin dendan ahaztu nuen telefonoa eta gaur berreskuratu dut.
Nik inoiz erosiko ez nituzkeen arropak saltzen zituen denda batean lan egiten zuen. Bezperako ahots bera zuen, arina eta argia.
— Zer moduz dago zure aitaginarreba? —galdetu beste erremediorik ez nuen.
— Aitatxi? Zezena baino indartsuago. Gaur arratsaldean zuen etxetik pasako naiz aldaxkekin, ongi iruditzen bazaizu.
Aspaldi gainditutako kontua balitz bezala bideratu zuen gaia. Niri etxea txukuntzeko aitzakia eman zidan, eta horretan eman nituen hurrengo orduak, baina hesia zabaltzen entzun bezain pronto garbitu gabeko zoko guztiez akordatu nintzen. Zuri nuklearrez jantzita etorri zen Arantza, Amets besotan eta aldaxka sorta paperezko poltsa batean. Bero zegoen eta edateko zerbait nahi ote zuen galdetu nion, garagardoak gogoan.
— Gasdun urik ba al daukazu? —galdetu zidan, mesede handi bat eskatzen duenaren larridurarekin, nahiz eta guk ez genuen halakorik edaten, jakin behar luke—. Eskaner bat egingo diote badaezpada, baina ez omen dago arduratzeko motiborik. Gainera, ondoezik sentituz gero, Bixenteren arreba aitaren aldamenean bizi da, neskazaharra da.
— Bero handia zegoen atzo, agian hori besterik ez zen izan.
— Bai, baliteke. Dena den Bixenteri ez diogu deus esango Nantesetik itzuli arte, aitaz abusatzearen sentipena du, ezagutzen duzu. Nahiz eta bera poz-pozik etortzen den Amets zaintzera, andrea hil zenetik biloba eta baratzea, hori da bere bizitza!
Iturriko ura eskatu zidan, izotzarekin. Ezin nituen ahaztu zakilaren distira eta bularretakoaren enkajea. Azkenean garagardo bat hartzera ausartu nintzen, erdia basora isuriz eta beste erdia hozkailuan utziz, kozinatzeko, esan nion.
Amets mahai gainean jesarrita zegoen eta begiak biltzen zituen begiratzen nionean, besoak gora eta behera astintzen, algaratxoak egiten. Kosta egin zitzaidan kar berarekin erantzutea. Arantzak lurrera jaitsi zuen haurra, aldaxkena azaltzen zidan bitartean, eta katuka eginez desagertu zen sukaldetik.
— Ba al daukazu bihurkin luzeren bat? —galdetu zidan Arantzak.
Igorrek erremintak gordetzen zituen arasara joan nintzen, anabasa handia zegoen eta ez nuen hura ikusterik nahi. Arantza nire atzetik etorri zen jarraibideak ematen:
— Hortentsiarenak dira, landare gogorra da eta oso ongi egiten da hemen. Orduan, aldaxkak uretan mantendu landatu arte, hostoak erditik moztu, bihurkinarekin zulo bat egin lurrean eta aldaxka sartu, batetik bestera hogeita hamar zentimetro utzi —hitz egiten zuen bitartean lepokoa hatz erakuslean kiribiltzeko ohitura zuen Arantzak—. Oso erraza da, benetan. Urte pare bat barru hortentsiazko korridore eder bat zeharkatu beharko duzue etxera sartzeko.
Gustatu egin zitzaidan etorkizun hura irudikatzea.
Konturatu nintzenerako urez beteriko lorontzi batean sartzeko presa emana zidan. Aurkituko ez nuela jakinda, bilatzen ari nintzen itxurak egin nituen eta azkenean plastikozko botila bat moztu nuen aldaxkak bertan sartzeko. Mahaiaren erdian ipini nituen. Arantzak konforme zirudien.
— Eta Igor non dabil? Aspaldian ez dut ikusi? Ongi al dabil? —galdetu zidan, erantzunari adi.
— Lanean. Orain kamerari dabil. Eta asteburu batzuetan lagun baten tabernan, zerbitzari. Ordu asko eta diru gutxi, badakizu nola den hori. Goizean goiz alde egin eta iluntzera arte ez da itzultzen.
Ez nion esan maiz lana bukatu eta askoz beranduago itzultzen zela.
— Agian ez dira zuen bizitzako lanak, baina gaur egun bada zerbait. Pozik egongo zarete. Kapritxoren bat eman behar zenioke zure buruari, merezi duzu —hurbilagotik errepikatu zuen—: Merezi duzu.
Inarrosi egin nintzen. Ez dakit zer ikusi ote zuen oker nigan horrelakorik esateko.
Arantza etxetik joan zedin gogo bizia sentitu nuen orduan, dena zikinago ikusten nuen bera hemen zegoenean, nahiz eta berarekin hitz egiteak mesede egiten zidan, lasaitu egiten ninduen, gauzak nola egin eta nola hartu ikasten nuen berari entzunez eta begiratuz.
Amets katuka heldu zen gure oinetara. Aulkiari helduta tente jarri zen. Arantzak arropak astindu zizkion eta besotxo gizena mugiarazi zion agur egin zezan. Joan bezain pronto hasi nintzen lurra garbitzen.
Biharamunean Igorrek sukaldeko mahai gainean utzitako aldaxkengatik galdetu zidan gosaltzen genuen bitartean, lore zentro dotorea osatzen zutela Coca-Cola botilaren barruan. Barre egin genuen. Goizetan zen ongien konpontzen ginen garaia, elkarrengan gehien sinesten genuen garaia. Mahai gainean zegoena baino bihurkin luzeago bat ekarri zidan.
— Gaur lehenago etorriko bazina hondartzan afal genezake —eskatu nion.
— Ahaleginduko naiz.
— Oilasko ogitartekoak egingo ditut?
Gero larrutan egin genuen sofan.
Biharamunera arte ez nuen ikusiko, banekien.
Behin baino gehiagotan tentatuta egon nintzen arren, ez nion zaharraren istorioaren berri eman, indartsu sentiarazten ninduen eta niretzat bakarrik gorde nahi nuen birjina, animalia kume bat eskuen artean edukitzea bezalakoa zen: hura babestuz babestuta sentitzen nintzen.
Goiz hartan aldaxkak landatzera egin nuen, Arantzak esan bezala. Gure etxera sartzeko bospasei metroko hartxintxarrezko bidexka dago, eta alboetan belarra. Atearen aldamenean kristala, papera eta plastikoa birziklatzeko kaxa bana, eskuarki gainezka. Agian hura izan zitekeen hurrengo egitasmoa: txoko hura txukundu, hiru kutxak bizilagunena bezalako egurrezko handiago batean sartu eta bide batez auzoen esamesak saihestu. Edo mahaia eta bankuak lixatu eta bernizatu, eguzkitako bat erosi, jardinera hutsak berriro bete.
Hartxintxarrezko bidetik hogei zentimetrora aldatu nituen, belar haziaren artean. Bihurkina erraz sartzen zen lurrean, eta baita landarea ere.
On egiten zidan belarretan oinutsik ibiltzeak eta eskuak lokazteak. Garaztailuaren ahoa armiarma sareek josita zeukaten, kolorea eguzkiak janda zegoen. Iturrian garbitu nuen, antzinako berdea bizitu zitzaion, eta bi aldaxka ilarak ureztatu nituen. Ordu erdian amaituta zegoen lana. Fruta arbolen bat ere landa genezakeen, behar bezalako sarbide bat izan behingoz. Uda hura ezberdina izan zitekeen, inoiz baino eskurago zegoen.
Lehen begiratuan ez zirudien deus egin nuenik, baina neuk ezagutzen nuen egindakoaren munta: bi-hiru urteren buruan zein koloretakoak izango ziren galdetzea ahaztu zitzaidan hortentsia erraldoien artetik igaro beharko genuen gure etxera sartzeko, sinestezina zirudien.
Noiznahi birsortzen nuen egun arraro hura, biziotsu batek nola. Zirrara sortzen zidan aldiro ikuskari hura gogoratzeak, bizirik sentiarazten ninduen eta horregatik iraunarazi behar nuen. Lanean, bisiten artean egiten hasi nintzen, baina baita erosketak egiten nituen bitartean ere, eta nire unerik maiteenean, gaueko azken zigarroa erretzen leihotik begira nengoela: usainaren ņabardura guztiak birsortu, biluztasun hura, biluztasun arraro eta eder hura, parpailaren ukia eta ondorengo dutxa hotsa, higuina eta lilura. Batzuetan kosta egiten zitzaidan han egon nintzela sinestea, eta halakoetan eguna goitik behera berregiten laketzen nintzen, poliki, Arantzaren etxera sartu nintzen uneak ezustean harrapa nintzan beste behin ere, kitzikapena berrituz: gorputz hura, bien arropen ebidentzia, ur hotsa. Konpainia handia egiten zidan sekretua zen.
Aste haietan behin baino gehiagotan ikusi nuen Arantzaren aitaginarreba Ametsekin paseatzen. Uniformea jantzita museora nindoan batean, etxe parean aurkitu nituen, Amets gure etxeko hesiari helduta zegoen. Lipar batez aurrez aurre begiratzeko kuraia bildu nuen. Bizarra ongi egina zeraman, kalpar haiek bihurri itxura ematen zioten, ohartu gabea nintzen begi urdinak zituena eta hirurogeitaka urte izanagatik ere, hortzeria ona. Erdi xuxurlan hitz egiten zion Ametsi, muturra estutuz irriak irten bezain agudo. Zerbait esan nahi nion baina ez nekien zer. Aldi hartan, lanera bidean, egun hura gogora ekartzen ahalegindu nintzen, pisuzko arrazoi bat behar nuen-eta aurrera jarraitzeko, baina geroz eta maiztuago zetorkidan, usain mordoilo bat, distirarik gabeko gorputza, eta ordurako ezustean harrapatzen ez ninduen hoditeria eta burdin hotsa. Gero eta maiztuago, irudikapen hark nigan ezer pizten ez zuten egunak etorri ziren.
Sanjuan egun bezperan Arantza eta Bixente etorri zitzaizkidan, aterpean genuen egurra sutarako balia ote zezaketen galdezka. Urtebete igaroa zen atea eta altzari zaharrak etxetik atera genituenetik, baina denbora harta guztian ez genuen haiek hondakindegira eramateko beste indar bildu. Mesedea egiten ari zitzaigula bazekien arren, mesede eske bezala egin zidan eskaera Arantzak. Bixentek etxera sartu zuen furgoneta eta hiruron artean kargatu genuen. Sua egingo zuten etxean. Udaren etorrera ospatuko zuten. Urte hartako txar guztia erreko zuten. Txandaka hartzen zuten hitza egingo zutena esateko. Harro zeuden, dutxatu berri, udatiar. Nik ere txandaka egin nien irribarre. Kosta egiten zitzaidan begirada apartatzea Arantzaren kamisetak estaltzen ez zuen sujetadore zatitik. Kafea eskaini nien eta etxe atarian hartu genuen, zutik; Igor lo zegoen oraindik. Iluntzean etxetik pasatzeko gonbita egin zidan Bixentek, joateko Igor eta biok; baina luzamendutan ibili nintzen.
Altzariek soilgunea utzi zuten egondako tokian, kukurutxez beteriko lauki-zuzen bat.
Igorrek trasteez galdetu zidanean, bizilagunek eraman zituztela esan nion, gonbidapenarena aipatu ere egin gabe. Aurreko udatik belarra moztu gabe zegoen, eta banbuek berez handik ikus zitezkeen egunsenti eta iluntzeak hondatzen zituzten. Belarra mozteko eskatu nion Igorri eta ideia harrigarriki ona iruditu zitzaion. Igorrekin ez zen inoiz jakiten noiz ari zen ironiatik eta noiz ez, eta larrituta, zain gelditu nintzen, baterako zein besterako prest. Etxolatik arropa zaharrak eta belarra mozteko betaurrekoak jantzita atera zenean lasaitu egin nintzen. Egun berezia zela eta gauean itsasoan bainatzera joan beharko genukeela esan nion, barrutik garbitzera. Zergatik ez, erantzun zidan etsita, eta makina piztu zuen jarraian. Zaratak ongi sentiarazten ninduen, baita Igor, mahukarik gabeko elastikoarekin, gure etxearen alde lanean ikusteak ere.
Leihotik begira gelditu nintzaion, halako betetasun bat bularraldean. Hamaiketakoa prestatu nuen, ogia, txorizo frijitua eta gazta. Leihotik hots egin nion, baina ez zidan entzun. Orduan jabetu nintzen ez zela aldaxkekin gogoratuko, belar luzearen artean galtzen ziren eta ez zituen ikusiko. Baina ez nion deiadar egin eta ez nintzen joan, begiratu ere ez nuen egin.
Hozkailutik bi garagardo lata atera eta erretiluan jarri nituen. Igorrengana hurbildu nintzenerako sarraskituta zeuden hortentsiak. Besotik oratu behar izan nuen han nengoela kontura zedin. Arantzari zer esan pentsatu beharko nuen. Buruarekin mahai gaineko erretilua seinalatu nion. Pozik jarri zen. Itxura ona zuen uda hark.