Bihotz handiegia
Bien isiltasunen arteko talka entzuten zen hozkailua ixtean, edalontziak mahai gainean ipintzean, sardexkek platera jotzean.
— Badakizu zer esan behar dizudan, ezta? —galdetu zion Madalenek amari.
— Drogekin arazoak dituzula?
Gutxitan urduritzen zen, baina urduritzen zenean pentsatzen zituenik ere ez zekien gauzak esaten zituen.
— Ihesean ari zara.
— Arrastorik ez daukat.
— Aitari buruzkoa da.
— A... gizon hori. Okerrera egin al du?
— Egunetik egunera.
Ixabelek mingaina klaskatu zuen, solasaldia bukatutzat joz. Baina Madalenek ez zuen etsi:
— Orain badakizu zer esan behar dizudan.
— Ezta okurritu ere. Benetan ari naiz. Ezta okurritu ere! —Ixabelek eskuak altxatu zituen istripua ikustera inguratutako kuxkuxeroak uxatu nahi dituen poliziak bezala.
— Ez dago beste erremediorik. Egongo balitz, ongi dakizu ez nizukeela eskatuko.
Madalenek sobera gelditutako tortilla zatia eramateko baimena eskatu zion amari. Morez margoturik zeramatzan azkazalak, ertzak pitzatuta gazteei bakarrik xarmangarri geratzen zaien moduan, azala belztuta zuen. Bizitza osoan ez zion deus eskatu, areago, ez zuen deus eskatu ez izana bere aldeko argudio gisa erabili sekula.
Madalenek bi urte zituenean bereizi ziren Ixabel eta Ramon, eta handik urtebetera Ixabelen nobio berria haiekin bizitzera aldatu zen Hendaiara. Ordutik banakako etxe txuri-urdin batean bizi ziren, 50eko hamarkadan eraikitakoa, soro eder bat zuena atzealdean eta etxe aurrean Ixabel kolpetik irabazi zuen “Ene kabia” izena. Ramon Donostiara joan zen, han antolatzeko bizimodua. Madalenek hamabost egunean behineko larunbaitak (hala esan izan zien nerabezarora arte) eta bizimodu arruntaren arteko txandakatzea espanturik gabe hartu zituen, muga administratiboa muga emozional bilakatuz.
— Astelehenetik ostegunera izango da. Astelehen honetatik hasita. Ostiraletan Bordeletik bueltatutakoan nik hartuko nizuke lekukoa, igandera arte.
Ixabelek kiroletako arroparekin jantzita irudikatu zuen bere burua, kopetan felpazko zinta, tren geltokian alabak emandako lekukoa tente eramateko zailtasunekin.
— Ez naiz kapaz sentitzen.
— Ez dut uste Gabonetara iritsiko denik. Benetan.
Ixabelek Gabonetara bitarteko hilabeteak zenbatu zituen bere kabutan: hiru eta erdi.
— Iņakirekin hitz egin behar dut.
— Badaki.
— A, ederki! —esan zuen Ixabelek.
Iņaki zein neurritaraino zen giza-ezkutu susmatu ote zuen inoiz galdetu zion bere buruari Ixabelek, zein neurritaraino maite zuten horregatik.
— Eta zure aita ere konforme al dago?
— Ez dauka beste irtenbiderik. Oraindik ez diot ezer aipatu... Zurekin hitz egin nahi nuen lehenik.
Ilea motots mardul batean jasota zeraman Madalenek, behinola Ixabelek ere eraman izan zuen moduan.
— Zer da hau, segada bat?
— Iņaki prest dago laguntzeko.
Iņakiren leialtasun muturreko hark zoratu egingo zuen Ixabel. Baina zer espero zitekeen okindegitik etxerako bidean ogiari muturra inoiz kendu gabeko gizon batengandik. Okerrena zen egia zela, benetan egongo zela prest, Madalenek eskatutako galburu trentza egin ahal izateko interneteko tutorialetara jo zuenean bezala.
— Eta ez eraman bananak, Iņakirentzat dira, lasterka egitetik datorrenerako —esan zion alabari, azpimarratzeko etxe hura norena zen eta norenak ziren bertan zeuden gauzak—. Eta udareak ere ez.
Inork inori aitortu gabe, uda osoa zeramaten behar baino fruta gehiago etxera ekartzen, Madaleni lana erraztearren. Madalenek poltsatik atera zuen mailatuta zegoen fruta. Ixabel lotsatu egin zen hala zegoela ohartzean, eta eskuak likatsu utzi zizkion udarea zuritu eta jan egin zuen, aurpegia zikinduz, horrelako irristaden ostean garrantzitsu baitzeritzon bere buruaren alde trauskilen bat agerian uzteari.
— Ez dakit ulertzen duzun: ez naiz aitari laguntzeko eskatzen ari, niri laguntzeko eskatzen ari naiz —ekin zion berriz alabak.
Aitaren tinkotasunaren eta aita-ordearen aldarte onaren arteko konbinazioa zen Madalen, eta Ixabeli kosta egiten zitzaion fisikotik aparteko bere aztarnarik aurkitzea alabarengan. Uda osoa zeraman Ramonen otordu, mediku-bisita eta irudikatu ezin zituen bestelako zaintza lanez arduratzen, baina Ixabelek ez zion marmar txikiena ere aditu; joan-etorri haien berri zekiten apurrek mirespenez begiratzen zioten arren, berak kezka zuen menperatua izateari plazera hartzen ari ote zitzaion.
— Oso nahasita nago —esan zion alabari.
Madalenek besarkada bat eman baino gehiago besarkada bat eskatu zion. Urteak ziren heldu usaina zuela, eta hala ere Ixabelek harriduraz musukatu zuen behinola kolonia lurrin kaltegabea izandako buru hura.
Luzaketa batzuk egin eta gero, ohean etzan zen Iņaki. Ixabeli aldiro egiten zitzaion apur bat txokantea jantzi hain koloretsu eta estuekin ikustea egunerokoan arropa diskretutara ohituta zeukan gizona, eta gustatzen zitzaion.
Eskuarekin pistola itxuratuz lepoan ipini zituen bi hatz.
— Badirudi astelehenetik aurrera bizimodua aldatuko zaigula, ezta? —bota zion Ixabelek.
— Dagoeneko esan dizu? —esan zuen Iņakik, agondu eta izerdiaren arrastoa edredoi gainean utzita—. Konponduko gara, ezta?
Ixabelek bere erabakimenetik gaindi zegokeen debeku bat, erregu bat, mehatxu bat, edozer desio zuen, baina gizon ekibokatuarekin zegoen horretarako. Zaila zen Iņakirekin haserretzea eta are zailagoa hura haserre ikustea. Ixabelek ez zuen berehala pentsatuko Ramon basatiaren ondoren halako gizon bat maitatu ahal izango zuenik, izan ere dibortzioaren ostean berarengana hurbildu bazen homosexuala zela uste zuelako izan zen, yoga klasean zeuden gainontzeko gizonak bezala. Erraza izan zen.
Elkarrekin bizitzera joan eta gutxira haur bat egiteko tentaldia izan zuten, baina egoskortu gabe, Iņakik hasieratik eman baitzion abisua: umetan izandako paperek antzutu egin zutela sinetsita zegoen. Garai hartan sexu harremanek zentzua galdu bazuten ere, haurraren aukerarekin ahaztutakoan zentzu berria irabazi zuten.
Ixabel aldamenean etzan zenean baztertu egin zen Iņaki:
— Usain txarra daukat.
— Ez duzu usain txarrik, ehiztari usaina duzu.
— Jogurt zaharminduarena —esan zuen elastikoaren paparra sudurrera hurreratuz.
— Ez naiz zuek bezain pertsona ona.
— Baina badituzu zure gauza onak —erantzun zion Iņakik—. Zure aldean hobeak dirudigu!
— Gaur aldatu dut edredoia. Horrelako gauzak pentsatzen ditut etengabe. Gaur aldatu dut edredoia. Gaur aldatu dut edredoia!
— Batzuetan ez dago beste irtenbiderik.
— Zergatik dibortziatu ginen? Ez dut oroitzen.
— Ez zenidan inoiz esan, ez behintzat zehazki. Ez dugu gai horri buruz sarritan hitz egin, ezta?
Dibortziatu zirenetik bizpahiru aldiz baino ez zuten topo egin Ixabelek eta Ramonek, eta ia hamar urte baziren azkeneko aldiz elkar ikusi zutenetik Príncipe zinemako eskailburuan: Ixabel Zodiac ikustera joana zen Iņakirekin, Ramon Ratatouille ikustera Madalenekin. Filmaren erdian senar-emazte ohiek aldi berean sentitu zuten txizagura, eta hala, komunetik irtendakoan egin zuten topo: amerikana eta zapata garestiak zeramatzala jabetzeko bizitasuna izan zuen Ixabelek. “Ez dakit ezer zutaz” esan zion Ramoni, salaketa baino promesa eginez, “Ongi bizi zara?”; eta hark “Nik ere ezer gutxi dakit zure bizitzaz” erantzun zion tabakoak horitutako hortzekin. “Beti bezala zaude”, esan zion. Ez zen egia. Hura esanda, eskaileratan gora egin zuten sute-simulakro batean baleude bezala, zaintzeko eskatuz batak besteari, biei sinesgarria iruditu zitzaien moduan; eta nor bere pelikula ikustera itzuli zen, izandako enkontruaren berri eman gabe, ilunpetan arto-krispetak kentzen aldamenean zutenari.
Alabak bederatzi urte betetzerako bakarrik egiten zuen asteburutako Hendaiatik Donostiarako joan-etorria topoan, eta aurretik ere Ixabel moldatu zen aita-alabak elkar zitezen bera tartean egon gabe, izan Iņaki lanzadera gisa erabilita edota dibortziatutako ama gazteek dibortziatzera ausartu ez diren aita-amen artean pizten duten elkartasun bulkada aprobetxatuta, “Asteburu honetan aitarekin tokatzen zaio baina ni lanean egongo naiz bila datorrenean, ardura zintezkete zuek?”. Hori eta urte haietan guztietan Ramonen aipamenik egin ez izanari esker ez zen gaiztotu harremana, disolbatu baizik; hain zen horrela, batzuetan kosta egiten baitzitzaion elkarrekin ume bat egin zutenik sinestea. Neurri profilaktiko erantsi gisa, guraso, anaia eta lagunei Ramonekiko harremanak eteteko eskatu zien, “Ez dizuet inoiz ezer eskatu eta mesedez” formula erabilita. Iņakik ez zuen behin ere zeharkatu galdetzea komeni ez zenaren hesia, eta hala, urtetik urtera, gero eta birtualagoa bilakatu zen Madalenen logelako argazki konstelazio gisa soilik biziraun zuen haren existentzia: Ramon zazpi bat urterekin zahato batetik edaten, Ramon hamar bat urterekin bere aitak lan egiten zuen Café Concorde parean, Ramon nerabea lagunez inguratuta eskopetarekin tiro egiteko zain, Madalen txikia Ramon orrazten Ixabelek hartua behar zuen argazkian, Ramon eta Madalen nerabea Habanan John Lennonen eskulturaren aldamenean eserita.
Gaztetan tipo segaila izan zen Ramon, eta hartaz jakitun ez izateak are eta guapoagoa bilakatzen zuen. Beste hainbat gauza ere izan zen: argala, gizena, kaskarra, suharra, etsitua, taberna-mutila, enpresa gizona, ezindu iraunkorra, etorkinen working class semea, middle class alabaren aita, etxegabetua eta segidan umezurtz gelditzearen ordainetan inguratutako oinordetzak erreskatatua, ezkerrekoa, ezker-zentrokoa, ezker-eskuinekoa, ezkondua, dibortziatua, emakumezko mordoxka bat biblikoki ezagututakoa, bizpahiru emakumezkorekin agnostikoki egondakoa, miretsia, baztertua, irabazlea eta galtzailea. Ixabelek ezagutu zuenean Toulousetik iritsi berria zen Euskal Herrira, gerra garaian Pasaiatik ihes egindako gurasoak Frantzian lurperatuta eta bizimodu berri baten bila. Beste janzkera bat, beste orrazkera bat, beste hitz egiteko modu bat, beste mundu ikuskera bat, beste heziera bat zituen. Ixabelengan lilura gehien barazkiak gordinik jaten ikustea eta frantsesetik gaztelaniara harri pauso batetik bestera bezala ibiltzeak sortzen zuen, eta batzuetan, larrituta pentsatzen zuen, afaltzeko errefautxoak eta erre haiek ez ote ziren izan harekin hain urrutira iristearen arrazoia.
Orain beste guztiak agortuta zituen gizon gaixo bat zen, eta hura izango zen, seguru aski, izango zen azkenaurreko gauza.
Ixabelek orbainik ere ez zuen gertatu zenaren bila haztaka hasteko. Gogoan zituen elkarri esandako batzuk (“Noiz arte egongo zara uzki mutur horrekin?”, “Kendu paretik edo auto istripu bat izango duzu”, “Terrorista! Zeu zara terrorista puta bat!”, “Burua kakaz betea duzu”), baina ez du oroitzen zerk eraginda esan ziren esaldiok, eta egun lanak ditu berak halakoak bota zituela onartzeko. Ginkana bat zela harreman hura, hurkoak utzitako arrastoak aurkitu, interpretatu eta aurrera egin behar zela txokolatezko saria eguzkipean urtzen zen bitartean, horrelako zerbaiten oroitzapena dauka. Haur baten jaiotzak dakarren kaosa konpentsatu aldera-edo etorri ohi den konfort esparrua zabaltzeko premiarekin auto-handiagoa-etxe-garbiagoa-bizi-ohitura-osasuntsuagoak errenkadan sartuko litzatekeen gizon-neurritsuagoa konbinaketak ere izango zuen zerikusirik agian, gogoratzen ahalegintzen da. Ramon aberastu eta alferrikalduko zuen paper silikonatua egiteko enpresa martxan jartzen ari zen garaian egunak eman zitzakeen ausente haragiz zein gogoz, eta zegoen bakanetan Ixabelek berarekin estropezu egiten zuen harengandik hitzen bat atera asmoz, ez zegoenean egongo balitz erabiliko ez lukeen gozotasunarekin hitz egiten zion, bainutik egongelara (“Eskerrak iritsi zaren, amore, egun osoa onomatopeien bidez hitz egiten eman dut, zoratu egingo nintzela uste nuen”), sukaldetik logelara (“Gggamon!”). Bakarrik sentitzen zela, Administrazioa eta Finantzak ikasketak berrartu zituela, haurraren zaintzarekin txandakatzen zituela estudiante orduak. Eta deus ez gehiago.
Madalenek Ramonen zaintzarekin laguntzeko eskatu zionetik, Ixabel autoko giltzak galtzen zituenean bezala hasi zen ezkontza hartatik atera izanaren arrazoiaren bila egindako bidea desibiliz, baina denbora gehiegi joana zen eta non ez bilatu jakiteko baino ez zen gai: komodan ez, erreziboen kutxatxoan ere ez, komuneko xaboiontziaren atzean ezta ere... posta bulegoan akaso? Ez. Autoa etxe parean zuenez: giltza etxe barruan zegoen derrigor. Detritus emozionala zen.
Igande hartan tren geltokian utzi arte ez zion Madaleni erabakiaren berri eman:
— Astearte eta ostegunetan joango naiz eta bost egunetarako jatekoa eramango diot. Mediku-bisitena ordutegiaren arabera. Noiz du hurrena eta ze ordutan?
Madalenen begirada ebitatzeko agenda atera zuen, ez baitzen alabaren poza eta arindua jasotzeko bezain ondradu sentitzen.
— Hemendik hamar bat egun barru, ordua ez dakit, goiz samar. Berari galdetu beharko diozu. Baina egunero joan beharra dago txakurra ateratzera.
— Egunero? Erotu egin al gara?
— Iņakik lagunduko dizu.
Unibertsitateko lagunak batu zitzaizkien geltokian, eta Ixabel tokiz kanpo geratu zen, serieko ama bat izatera pasatuz txilio, jauzi, itxuraz munta handikoak ziren baina sakonean candidiasis eskutada batera laburbildu zitezkeen nesken sekretu artera. Parodia haren erdian Madalenek luzatutako oharra irakurri zuen: Ramonen etxeko telefono zenbakia, helbidea, botiken zerrenda eta dosia, “Mila esker!” handi bat, bihotz bat. Autora abiatu zen, norekin haserretu asmatzen ez zuelako haserre.
Auzo on bateko etxe zahar batean bizi zen, laugarren solairuan. Gerora jakingo zuen urrutiko izeba batek utzi ziola oinordetzan, eta jaso ahala bitan zatitu zuela, beste erdia bizilagunei salduz zorrak kitatzeko. Alabak utzitako giltzatakoa poltsatik atera orduko zaunkak entzun zituen atearen bestaldean. Kopiak egin beharko zituela pentsatu zuen. Atea zabaltzean zakur erraldoi baten muturra agertu zen, atzetik gizon baten oihuak isilik egoteko eskatzen. Zakurrak janariz betetako poltsa usaintzen zuen bitartean sartu zen Ixabel etxera. Gortinak zabalik egonagatik ere ez zen argirik sartzen, baina ez zegoen esperotako garraztasunik giroan.
— Egun on! —esan zuen—. Hozkailuan sartuko ditut gauzak.
Sukaldea eta egongela bat eginda zeuden: telebista txiki bat, birentzako sofa eta besaulkia, Chagallena izan zitekeen lamina bat, Zumetaren Gernika, inguruan hiru aulki zituen mahai karratu bat, barra amerikarra botika kutxa ugarirekin gainean, hozkailuko atean mediku errezetak eta alabaren ohar eta bihotzak: “Ahaleginduz gero huts egingo duzu. Ahalegindu berriro. Huts egizu berriro. Huts egizu hobeto”, “Carpe diem”, “Ozpina entsaladarako”.
Hozkailua zabaltzerakoan zakurra zaunka egiten hasi zen, eta logelatik zetorren Ramonen ahotsa entzun zuen bigarren aldiz. “Oraindik hitz egiteko gai da behintzat” pentsatu zuen Ixabelek adoretuta, aurkituko zuenaren puzzle pieza apurrak ahal bezain azkar armatuz. Hasitako kafe pakete bat eta limoi erdi bat besterik ez zegoen bertan.
“Gosetuta egongo da, harraska azpian!” ulertu zuen azkenean. Harraska gaineko armairuan haiek ere etxean zuten eta dirua ateratzeko zen egutegia: Madalen psikomotrizitateko ikaskideekin tximinokeriak egiten.
Zakurraren azpila hutsik zegoen eta putzutxo bat ageri zen ur goporraren aldamenean. Ez zeukan ihesbiderik.
Harraskaren azpian beraiek zuten garbikari kopuruaren hamarren bat zegoen: kristalak garbitzekoa, lurrak garbitzekoa eta arropa garbitzekoa. Bazter batean zakur kroketa zaku bat. Ixabelek zailtasunak izan zituen kroketarik bota gabe goporra betetzeko, zakurrak muturrarekin egiten baitzion bultza. Ur potea ere istant batean hustu zuen. Ondoren korridorean barna abiatu zen, isatsa batera eta bestera dantzatzen.
Zakurra joan zen bidetik joan zen bera ere.
Buruki zurietan zurkaiztuta aurkitu zuen Ramon. Hatz-koskorrekin atea jo zuen, ebidentea zena are ebidenteagoa bilakatu nahian.
— Ez zara toki txarrean bizi.
— Ez, ez da toki txarra.
Izan zen haurra ikus zitekeen Ramonen aurpegian, handiegi gelditu zitzaion bisaian sobrante zeukana kendu eta hantxe zegoen begirada zorrotzeko ume argala.
Zakurra usnaka hasi zitzaion, muturrarekin hankartean bultza eginez.
— Oso! —egin zion oihu Ramonek, Ixabeli deigarri egin zitzaion giharrarekin—. Mekaguendios! Zabaldu pertsianak, mesedez.
Karranka eginez zabaldu zituen Ixabelek egurrezko pertsiana orriak, eta zakurra balkoira irten zen aurreko zangoak barandan jarri eta mingaina ahoaren albo batetik zintzilik arnasestuka.
— Atera beharra dauka, bestela hor botako du pastela —esan zuen Ramonek. Argi berriarekin aurpegi eta lepoko azalaren hauskortasuna nabarmendu zitzaion.
— Gosaria prestatuko dizut lehendabizi? Kafe hutsa, ezta?
— Ez, aurrenekoa zakurra da, okerragoa izango da bestela. Hemen aldamenean parke txiki bat dago, eraman ezazu hara, bera konponduko da, ongi ikasita dago. Sarrerako zintzilikailuan daude uhala eta mokordoak jasotzeko poltsak —jendeak kasu egitera ohituta zegoen norbaitek bezala hitz egiten zuen—. Iristen zarenean berehala askatu, bestela lurrera botako zaitu.
— Hartz baten antza du, egia esan.
— Izenarena ez da horregatik.
Ixabel jarraipenaren zain geratu zen, baina ez zen jarraipenik egon. Eskuak maindirepetik ateratzeko lanak izan zituen Ramonek, gero leihorantz jiratu zuen burua, argia bilatzen duen landarearen gisara.
Kanporatu gabeko hirak masailak eta belarriak gorritu zizkion Ixabeli, eta kalean, esku ahurra aurpegian jarriz saiatu zen berotasuna jaisten. Beste eskuan uhala zeraman korapilatuta, Osok ematen zizkion tiraldiei aurre egiteko. Belarra ikusi bezain pronto lasterka hasi zen, eta Ixabelek, mosketoia askatzeko indarka aritu eta gero, uhala zintzilik utzi zuen joaten. Eskumuturra urratuta zuen. Ez zen animalia zalea, bere iritziz animalia zalea zen jendea ez zen jende zalea eta animaliekiko afektua haien espeziekideekiko gorrotoa kudeatzeko modua zen, ez besterik. Eta orain hantxe zegoen zakur hari begira parkean: urtzen ari zen kandela zirudien aurpegiera, mingaina kanpoan, kaka eginean.
Oso harrapatzeko zer egin pentsatzen zuen bitartean, eskua paperezko poltsan sartuta belardira sartu zen gorotz bila: hantxe zegoen, loretxoen artean heze eta ketsu. Jaso eta paketetxo bat eginda zakarrontzi bila abiatu zen; gerora epifania gisa ulertuko zuen une hura. Oso lerdea zeriola ari zen belardiaren perimetroa inguratzen. Zakurra etxeratzeko jasan beharko zuen umiliazioa aurreikusita, momentua gehiago ez luzatzea erabaki zuen, eta belaunen gainean esku zartak joz dei egin zion, gero eta ozenago, alferrik. Ixabel atzetik joan zen bere izena xuxurlatuz, eta gertu izan zuenean, salto batez uhala zanpatu zuen bera ere harrituta utzi zuen iaiotasunez. Madalenen irudia inbokatu behar izan zuen etxerainoko bidean, han egotearen arrazoia bera zela eta ez beste inor, ez beste inor, ez beste inor.
— Ongi? —logelatik oihu egin zion Ramonek, eta kolpetik familiarregia egin zitzaion dena Ixabeli.
Korridorea zeharkatzen ari zenean paperaren junturak ez zetozela guztiz bat ohartu zen, pare bat milimetrotako dekalajea zegoela, eta distortsio hark adoretu izan balu bezala, pentsatu gabe bota zion:
— Hendaiara eramango dut zakurra. Etxearen atzealdean belardia dugu eta Iņakik gustura nekatuko du hondartzan. Nik ezin dut goizero etorri. Ezin dut, lana daukat. Asteburuetan Madalenek ekar diezazuke bisitan.
Madalenek urte eta erdi zuenean lo egin zuen lehenengo aldiz etxetik kanpo, aitona-amonen etxean. Ixabeli urtero deitzen zioten Corkera nerabetan berarekin batera au-pair joandakoek sanferminetara joateko, eta urtero asmatzen zuen ez joateko aitzakiaren bat, animaliak baino gehiago gustatu arren bera ere ez baitzen oso jendezalea. Orduko hartan ordea baietz esan zuen, hartara Ramon eta biek zerbait egingo zuten elkarrekin. Hura izan zen azken iskanbila, zuri-gorriz jantzita, alabaren poltsaren prestaketan denbora gehiegi eman zuela leporatu zion Ramonek eta Ixabelek berak gutxiegi eman zuela erantzun, autobusa galduz gero errua norena izango zen argudiatuz eta kontra-argudiatuz. Eta hala ere Iruņera eramango zituen autobusera garaiz iritsi eta aldamenean eseri ziren nor baino nor isiltasunean gotortuago. Iristerako eguerdia zen. Autobusetik jaitsitakoan kontrako norabideetan irten ziren. Ixabel lagunekin elkartu zen eta ordu txikietara arte ez zuen Ramon gehiago ikusi. Argi urdinak zituen taberna luze batean izan zen, lastozko kapela zeraman eta zuri izandako arropak ardoz zikinduta zeuzkan. Jendezko korridore bat zeharkatzen ari ziren, Ramon irteerarantz, Ixabel barrurantz, eta topo egin zutenean elkarri begiratu gabe jarraitu zuten aurrera. Handik aste gutxitara dibortziatu ziren, isiltasun botoari eutsita.
— Zure Iņaki hori ere jubilatu egin dute, ala?
— Irakaslea da, goiz irteten da lanetik. Kafea azukre askorekin edo gutxirekin?
Fotosintesia egiteari utzi gabe, Ramonek putz txiki bat egin zuen sudurrarekin.
— Badirudi ez dagoela beste erremediorik.
— Ez dago beste erremediorik.
— Oso gizajoa.
Ixabelek koilarakada bat bota zion, azukrerik gabe hartzen zuela gogoan izan arren. Ez zion esango behin Iņakik hanka bat eta begi bat falta zuen arratoi-txakurra ekarri zuela etxera, handik gutxira hil eta negar egin zuela zotin eta guzti. Ez zion esango Oso etxera eramatearen alde ona ospatuko zuela eskuak igurtziz.
Paisley estanpatua zuen pijama granate polita zeraman Ramonek. Hankak ohetik atera ahal izateko ohe-buruko hesolei heldu behar izan zien, Ixabel ezustean harrapatu zuen indar erakustaldi bat eginez. Ohe gainean eserita gelditu ahal zedin, eskuak luzatu zizkion Ixabelek, baina Ramonek ezikusiarena egin zuen. Agure baten gorputza zuen, orkatilak puztuta eta azal gardena, baina begietan garra zuen oraindik. Irakiten ez balego bezala edan zuen kafea, eta piluletako bakoitzak zintzur-sagarra dantzan jarri zion.
— Zerak jartzen lagundu behar didazu.
Belkrozko bi tira zabal eta kautxuzko zola potoloa zuten oinetako urdin-ilunak ziren, ortopediaren batean erositakoak.
— Hauek ere moztu beharko dira, ala? —ostruka batenak ziruditen azkazalak ikusi zizkion.
— Orain ez.
— Dilistak eta zerba albardatuak ekarri dizkizut bi egunetarako adina, hozkailuan daude; afaltzeko pistoa eta pasta entsalada; postrerako gazta. Nahi duzun ordenan jateko dira, jakina.
— Zuk prestatu al dituzu?
— Pistoa Iņakik, etxeko erregalia. Gainontzekoa nik.
— Sukaldari ona zinen...
— Gustatu egin behar.
Ixabelek barre pirrinta bat ikusi uste izan zuen Ramonengan. Oinak zoruan bermatu eta zutik jartzea lortu zuenerako arnasestuka ari zen. Ixabelek ukondotik oratu zionean, ate aldamenetik eszena barrandatzen ziharduen Oso marmarka hasi zen eta Ramonek besoa astindu zuen aska ziezaion. Eskiak jantzita balitu bezala egin zuen egongelarainoko bidea, han, telebista pareko besaulki etzangarrian eseri zen, burusi eskoziar bat magalean jarrita. Zakurra oinetan etzan zitzaion, mingaina ahotik kanpo utzita. Ramonen aldamenean hark ere hil hurren zirudien.
— Hartu zuk ere kafea.
— Ez, banoa. Lanera joan beharra daukat.
Ixabelek ez zion galdetu zer egingo zuen berak. Ez zuen erantzuna aditu nahi.
— Aldizkariren bat edo ekarriko dizut gero? Libururen bat? Lehen gustatzen zitzaizkizun.
— Ez daukat horretarako aldarterik —eta gorputza bihurritzen hasi zen, besaulkiaren zirrikitutik agintea hartu nahian—. Infusioak ere badaude, Madalenenak dira. Nik ez dut horrelakorik hartzen, baina neska hau...
Ramonek Ixabelek ezetz esan aurretik piztu zuen telebista, bisitaren amaierari aurrea hartuz. Ixabelek Osoren zizpurua entzun zuen atea itxi aurretik.
Intimitate erauntsi haren lorratzak gainetik kendu ezinda egon zen Ixabel lan egiten zuen enpresan, eta maitalearen etxetik familia politikoaren etxera bazkaltzera joan izan balitz bezala, nominak prestatzen zituen bitartean elastikoa edo esku gaina aztertu zituen usain debekatuen bila.
Etxeratu zenean Iņaki ez egotea eskertu zuen. Zuzenean dutxan sartu eta baineran eseri zen, aspaldiko partez. Maite zuen bainera bete gabe portzelanaren gainean eserita egonda ur txorrotada sentitzea. Hala zegoela iritsi zen Iņaki eta, garrasika, zer moduz joan ote zen galdetu zionean kontatu zion zakurrarena.
— Zein arrazatakoa da?
— Oligofrenikoa! Eta handia.
Bainuko atearen bestaldean zegoen, eta ez zuten elkar ongi entzuten. Zutitu egin zen, badaezpada.
— Zer? Handi-handia? San Bernardo bat? Dogo bat? Edo ur-txakur estilokoa?
— Ez dakidala!
— Iletsua? Nirekin lasterka egitera eraman nezake forman badago, zergatik ez! Bukatzen duzunean pasako gara jasotzera. Ideia ona izan duzu, egia esan. Etxola bat ere jarri beharko diogu, ala?
— Zer?
Ixabelek eskularru exfoliantearekin besoak garbitzen zituen bitartean bere burua maritxu, marika, marikoi, marikona bezalako hitzez bete zen. Atearen bestaldean gelditu baino azulejuen kontra estu errendituko zuen gorputz gogoa zuen, min pixka bat emango ziona, behar zuen min apur hori, ez gehiago.
— Etxola bat edo!
— Ongi! —uzkilari, lerdo, tuntun.
Buruan takateko on bat jasotzeko desira ere piztu zitzaion, burua estalita zuen eta ezerezetik ateratako norbaitek bate batekin emango ziona, ospitalean esnaraziko zuena handik astebetera, errukiz eta maitasunez baina baita erasotzailearekiko mendeku gosez begiratuko zion jende desenfokatuz inguratuta. Tramak harrapatzen zuenean ikusita izan ez balu bezalako ilusioarekin ikustea lortzen zuen pelikula zen bere bizitza: momentu gorenetan tramatik askatu, distantzia hartu, eta nola jarraitzen zuen gogoratzen zelako zapuzten zen aldiro.
Arratsean iritsi ziren Ramonen etxera, Leroy Merlinen zakurrarentzako ezinbestekoak erosi eta gero. Ixabelek behin eta berriz errepikatu zion hitz hori Iņakiri, kuxin handi batekin edota xanpu bote batekin hurreratzen zitzaion bakoitzean. Ramonek besaulkian jarraitzen zuen eta Osok bere oinetan, lehiakideek haien izena bularrean idatzita daramaten telebista saio bati begira zegoen, eta goizean baino itxura kaxkarragoa zuela iruditu zitzaion Ixabeli. Bizarragatik akaso, beti izan zen bizar sarrikoa, hurrengoan moztu egin beharko ziola pasa zitzaion burutik, baina buruarekin ezetz eginez ukatu nahi izan zuen pentsamendua.
Besaulki ondoko mahaitxoan botika blisterrak, edalontzi bat, tupper huts bat eta sardexka.
Gustu txarrekoa iruditu zitzaionez zer moduz zegoen galdetzea, zakurra eramatera etorri zirela esan zion zuzenean.
— Gaur?
— Goizean aipatu dizut gero etorriko nintzela.
— Baina ez didazu esan gaur etorriko zinenik, pasako zinela esan didazu, baina ez noiz.
— Esan dizut, agian ez duzu erregistratu nahi izan, baina esan egin dizut.
Ahoan txikitu ezin balu bezala trabatu zitzaion Ixabelek esandakoa Ramoni.
— Iņaki arduratuko da honetaz, hori ere esan dizudala uste dut.
Bi gizonek bostekoa eman zioten elkarri.
— Gutiziaren bat badu? Jatekoa edo lotarakoa edo? —galdetu zion Iņakik—. Hasierako egunetan eta gurera ohitu arte pixka bat goxatzeko, diot.
— Emaiozu kartilla, Ixabel, hozkailu ondoko tiraderan dago; hor ez, txikian.
Ramonek eskua eragin zuen eta Oso zutitu egin zen. Kolpe batzuk eman zizkion buru gainean eta zakurrak besaulkiko beso gainean jarri zituen zangoak txera gehiagoren zain.
— Nire oinetan egiten du lo beti. Eta york urdaiazpikoa. Ona, ez edozein. Xerratu berria behar du, ikusiko duzu nola jartzen den, paretik kendu beharko duzu lurrera bota ez zaitzan. Eta azpizuna. Tarteka erosten diot, mokofina da jabea bezala —Ramonek kontu batzuk esan zizkion belarrira eta zakurrak mainak egin zituen—. Eta hondartzara joatea. Zuek hondartza ona duzue han, on-ona, aditzen Oso?
Ramonenganako errukia sentitzea ez zen erraza Ixabelentzat, eta sentimendu hark harrapatu bezain azkar patetismoaren xendratik bideratzen zuen, gobernagarriagoa zen. Ixabelek uhala lotu zion Osori eta Iņakiri luzatu heldulekua.
— Eraman sukaldeko arasan dauden botilak, batzuk onak dira; nik dagoeneko ezingo ditut aprobetxatu. Eta joan hemendik. Mesedez.
Handik bi egunetara mikatzagoa zen usaina. Egongelatik igarotzean besaulki inguruan bi makarroi eta ogi papurrak ikusi zituen, harraskan plastikozko ontziak eta katiluak gailentzen ziren, eta Osoren gopor ondoko putzuan ileak zeuden. Ramonek ohetik deitu zion: “Isabelle!”, Ixabel astindu zuen “Izabellll” gisako bat. Hasieran uste baino gauza gehiago hartu beharko zituen kontuan etxe hura lehenengo egunean bezala topatzeko, eta baita bere burua babesteko ere.
— Nor dabil hor?
— Otsoa! —erantzun zion, esan orduko damututa, ez baitzion barre eginarazi nahi.
— Zu ote zinen jakin nahi nuen.
Hitzetik hitzera degradatu egiten zitzaion bolumena.
Ixabelek hozkailuan gorde zituen jatekoak. Eskuz garbitu zituen ontziak eta martxan ipini zuen kafegailua. Sukalde gaina garbitu zuen, mikrouhin labeko tomate zipriztinak kendu zituen. Armairuak behar baino zarata handiagoarekin ireki eta itxi zituen, erratzaren bila. Lurra azkar batean garbitu, burusia tolestu eta besaulkiko kuxina harrotu zuen. Alfonbran zeuden hondarrak biltzeko aspiradora beharko zuela pentsatu zuen, eta etxeko kontuetan narratsa zen Madalen lan horiek egiten irudikatzeak gaiztotu egin zuen.
— Aspiradorarik ba al dago etxe honetan?
Ez zion aurpegia ikusi nahi, ez zuen beregandik gertu egon nahi, ez zuen berarekin hitz egin nahi.
— Etorri! —oihu egin zion Ramonek eztul artean.
Ez zuen ukitu nahi, ez zuen entzun nahi, ez zuen usaindu nahi.
— Non dago aspiradora?
Ez zuen garbitu nahi, ez zuen lagundu nahi, ez zuen elikatu nahi.
— Hemen, armairuan.
Ohe gainean aurkitu zuen, bizkarrez, ukabildutako eskuekin lastairan indarra eginez zutik jartzeko ahaleginetan. Ixabelek gortinak korritu eta leihoa zabaldu zuen. Pijama berria zeukan, aurreko egunean zuenaren bertsio urdina. Mozkor bizarra egin zitzaion; edade horrekin egunero dutxatu beharra dago, egunero kendu behar da bizarra, pentsatu zuen Ixabelek.
— Isabela, bela, bela —esan zion aurpegira begiratu gabe—. Arroparen armairuan dago.
Luzeraren eta motaren arabera antolatuta zituen arropak, logelako atea seinalatzen zuen gezi bat osatuz, berokietatik hasi eta gerrikoetara. Gehiago jantziko ez zituen gustu oneko arropak ziruditen gehienek, eta Ramon irudikatu zuen jaken salneurriari begira, dendari bat hurbiltzen zitzaionean prezioaren etiketa askatuz.
Aspiradorarekin irten zen logelatik eta bueltan itzuli zen hamar minutu geroago, bi katilukada kaferekin.
Ez zuen berarekin pentsatu nahi, ez zuen bere iragana irudikatu nahi, ez zuen berarekin kafea hartu nahi.
— Bero dago, erne.
Ixabel ezustean harrapatu zuten hurrupa iskanbilatsuak egin zituen.
Ez zuen sentitu nahi, ez zuen gorrotatu nahi, ez zuen maitatu nahi.
Oinetakoak lotu zizkion. Lehertu beharrean zituen oinak.
— Joan beharra daukat, hozkailuan duzu jatekoa. Etzi Madalen etorriko da, beraz hurrengo astera arte. Nire zenbakia utziko dizut, zerbait behar izanez gero.
— Zer moduz dago zakurra?
— Ez dizut gezurrik esango, negarrez eman ditu bi gauak. Lo gutxi egin dut, egin dugu, egia esan, aldamenekoak ez kexatzea espero dugu. Goizean Iņakik itzuli bat egitera eraman du lanera joan aurretik. Ni ez naiz zakurzalea.
— Zertan egiten duzu lan?
Ixabelek ezin zuen sinetsi urte haietan guztietan Ramonek galdera hori inori egin ez izana, baina sobera kapaza ikusten zuen, kapazagoa horretarako elkarrizketa abiatzeko trikimailu gisa erabiltzeko baino.
— Logistika eta garraio enpresa batean, Irunen.
Ez zen maitatzen utzi nahi, ez zen gorrotatzen utzi nahi.
— Pijama pare bat daude bainuan, nahi baduzu —esan zion Ramonek.
— Nahi badut?
— Ahaztu. Konponduko naiz —kafe zurrustada bat erori zitzaion aho ertzetik, eta kokotsa dantzan ipini zitzaion une batez.
Kafeak kolkotik behera egin zuen bere bidea, eta Ixabelek begirada laketu zuen errekasto ilunari begira, kolpetik ohartuz harreman zintzo bat ezar lezaketela, zintzoa zentzu filosofikoan.
Komunean ere usain txarra zegoen. Pijamak eta hiruzpalau galtzontzilo zeuden zumitzezko kuboan. Hatzak pintza moduan jarrita atera eta poltsa batean sartu zituen. Esku-oihala eta gorputzekoa ere bertan jarri zituen.
— Joan beharra daukat. Datorren astera arte. Berandu nabil.
Ixabeli iruditu zitzaion aurrekoan baino arinago eta artezago zebilela, eta poztu egin zen, nahi gabe. Egongelara iristean besaulkiaren bizkarrari heldu zion. Zutik itxura hobea zuen. Ilea atondu zuen bi eskuekin.
— Astelehen goizean ospitalera joan behar nuke —esan zion Ramonek.
— Taxian konponduko zara? —poltsa zabaldu zuen eta diru-zorrotik hogeiko billetea atera eta telebistaren aldamenean jarri zuen—. Errebisioren bat?
— Bai. Hartu zeure dirua, ez naiz hain miserablea, hartu edo haserretu egingo naiz.
Ixabelek billetea jaso zuen, etxea txukun samarrik utzi zuela baieztatu ondoren, eta lasterka abiatu zen autorantz. Zabor poltsari korapiloa egin zion eta atzeko eserlekura jaurti zuen. Maitasuna sentitu zuen, maitasuna sentitu zuen Madalenekiko, Iņakirekiko eta hirurek osatzen zuten familiarekiko, eta leihoak zabalik eta presarik gabe egin zuen lantokirako bidea, hogei urteko puntualtasun erakustaldiaren ostean, aste hartan bigarrenez lanera berandu iristeak ematen zion pozarekin. Lehenengo semaforoan ordea maskaldu egin zitzaion aldartea. Azeleragailua barruraino sakatu eta horma baten kontra lehertzeko gogoa sentitu zuen.
Madalen zen nahaste hartatik atera zezakeen bakarra, eta itxaropen harekin itxaron zuen probokatu beharrik gabe etorriko zen asteburuko eztabaida.
Hala izan zen. Osok askatutako ileak egongelako sofa eta alfonbretatik xurgatzeari ekin zion Iņakik sesioak iraun bitartean.
— Zu joaten ez bazara Iņakiri eskatuko diot, argi ibili.
— Iņaki aipatu ere ez. Ez daukazu lotsarik.
— Frakaso bat zara. Erabatekoa gainera. Ez bakarrik ama bezala, pertsona bezala ere frakaso totala zara.
— Kontuz zer esaten duzun, gero damutu egiten zara eta! Heldu arduratsuaren plantak egiten dituen ume-moko kapritxosoa, zer jakingo duzu zuk bizitzaz! Liburuetan jartzen duenaz aparte ez dakizu ezer!
— Karrera uzteko prest nago. Laguntzen ez badidazu karrera utziko dut. Hilabetean behin izango da, asko jota bitan! Hilabetean behin norbaitengatik zerbait egiteko gai ere ez zara!
Ixabelek txankleta bat erantzi eta sukaldeko hormaren kontra bota zuen. Madalenek, etxe parean aparkatuta zegoen Iņakiren autoko giltzak hartu zituen eta gidariaren eserlekuan jarri zen, ateak barrutik itxita.
Ixabelek bere buruari galdetu zion, haserreak gezurrak asmatzera garamatzan edo soilik haserre ez gaudenean pentsatzen ditugun egiak askatzera. Edonola ere, ez zuen bere buruaz gehiago espero, bere bizitzaren inguruan zituen igurikimen moralen oso gainetik zebilen eta kiroltasunez onartu zuen alabak esandakoa, izan ere, zapi artean gordeko zuen, ahuldade uneetan muturra han sartu eta nor zen ongi gogoratzeko.
— Zergatik ez diozu ospitalera lagundu nahi? —galdetu zion Iņakik granada bat aletzen zuen bitartean, hatz txikerrak fruituaren alde banatan tentetuta, Ixabel bere onetik aterarazten zuen keinuarekin.
— Nahita ari zara.
— Zer?
— Hatzaz ari naiz, baina baita besteaz ere. Nor da tipo hori? Nor da tipo hori, esan!
— Zure alabaren aita.
— Eta zuk uste duzu, beraz, zorretan nagoela berarekin, duela hogei urte harremanik ez dudan baina inoiz berarekin fluxuak partekatzeagatik nigana betiko lotu duzuen, bai zuek, gizon horrekin; eta bai, zutaz ari naiz, azken batean, uste baituzu ni baino hobea zarela, eta zu nire egoeran bazeunde, astelehenean dena utziko zenukeela inoiz harekin fluxuak konpartitu zenituen eta orain hil hurren dagoen andre burusoildu baratxuri usainekoaren gurpildun aulkia bultzatzeko ospitaleko korridoreetan barna...
Iņakik ahoko kremailera itxi zuen eta atzeraka ibiltzen atera zen sukaldetik.
— Eta ez ezazu zakurra etxera sartu, esana dizut.
Iņaki Osorekin irten zen eta autoko leihatilan jo zuen giltzarekin. Ixabelek leihotik behatu zituen, harrotasunez, nolabait ere berak eragindako harremana baitzen hura. Madalenek kristala bajatu zuen eta Iņaki pikotxean jarri zen berarekin hitz egin ahal izateko. Osok muturra sartu zuen Madalenen fereken bila. Hip-hop doinu gozo bat irteten zen auto barrutik, Iņakik Madalenen musika eramatea maite baitzuen, eta baita entzutea ere, eta Ixabeli, egunaren arabera, xamurra edo fazatia iruditzen zitzaion keinua, egunaren arabera xarmangarria edo negargarria iruditzen zitzaion bezala Iņaki letrak kantaxkatzen entzutea. Nolanahi den, Madalenen hanka luze biluziak erritmoa jarraitzen ikustea seinale ona iruditu zitzaion, baita Iņakiren beso erdia auto barruan jarraitzeak ere. Haietariko edonoren zain geratu zen, denboraren joana errazteko baratzetik belar txarrak erauzten aritu bitartean, baina ez ziren etorri. Ramonen pijamak haien arropekin batera esekita ikusi zituenean barre batek irten zion.
Iņaki garagardo usainarekin oheratu zenean ondorioztatu zuen Ixabelek Ramonengana eraman zituela Madalen eta zakurra, eta posible ikusi zuen aita-alabak zakurrarekin parkean zeuden bitartean Iņaki Ramonentzat kozinatzen gelditu izana, baina baita txofer lanak egin eta bila joateko deia jaso arte desagertu izana ere. Batzuetan desagertu egiten zen, eta Ixabeli plazera ematen zion, agian eta tarteka, Iņakik bizitza-zati ez hain gardena izan zezakeela sentitzeak. Oheratu zenean haren kontra estutu zen, eta Ramonekiko amorruz eta Iņakirekiko eztakitzerez jo zuen larrua.
Igande arratsaldeak hurrengo bizpahiru egunetarako otorduak kozinatzen ematen zituzten, aurretik behin ere egin gabeko platerak entseatzen: bokartak ozpinetan, artatxikizko hanburgesak, marmitakoa, garbantzu entsalada... Ramonentzat ez ezik Madalenek ere Bordelera eraman zitzan prestatzen zituzten, eta gero ontzitan gorde. Sukaldean ari ziren bitartean, Iņakik bere gogoko musika jartzen eta iruzkintzen zuen, hainbeste urteren buruan Ixabel zaletzeko itxaropena oraindik galdu gabe.
Asteartean atea zabaldu zuenean ez zuen Ramonen agurra jaso. Jatekoak hozkailuan sartu zituen, ontzi zikinak garbitu eta egongela txukundu zituen, bitartean bizi seinaleren bat jasoko zuen itxaropenez. Ramonen arropa garbiak ezkontza pastel bat bailiran eskuetan hartuta zeharkatu zuen korridorea. Bainuko atea zabalik zegoen, toallak lurrean eta belkrodun oinetakoak konketa parean txukun lerrokatuta. Aurrekoetan ez bezala logelako atea itxita zegoen, eta zabaldu bezain pronto ohartu zen ez zegoela inor. Leihoak zabaldu zituen, eta egun argiz ispiluan begiratzen denari pikortak bezala azalarazi zitzaizkion akatsak: mesanotxe gaineko zigarro erredurak, sabai pitzatua, bere tokitik irtendako entxufea, horitutako maindireak. Ospitalera deitu zuen, nahasita. Zaintzen ari zen gizonak miokardiopatia hipertrofikoa zuela esan zion telefonoa hartu zion andreari, jatekoa ekartzera etortzen zela hark-ezin-baitzuen-bere-kabuz-gauza-askorik-egin-eta-ez-zuela-etxean-topatu-gizon-hori-bere-alabaren-aita-zela-eta-bizitzaren-txirikordak-zer-diren-hogei-urtez-elkarri-hitzik-egin-gabe-egon-ondoren-hara-non-orain-eguneko-menua-prestatzen-zion-astelehenetik-ostiralera-eta-catering-zerbitzuarekin-zer-egin-jakiteko deitzen zuela batez ere. Andreak deia desbideratu zuen eta telefonoa hartu zionarekin “Ramon Lasa Perez hor ospitaleratua dagoen jakin nahi nuke, mesedez”, “Noren partetik?”, “Zaintzailea”, “Bai, kardiologian dago, 213. gelan” elkarrizketa izan ondoren, lehenagoko buruberoa bera ote zen zalantza egin zuen lipar batez. Telefono deia pasatzeko eskatu zuen, baina ez zuen inork erantzun. Lantokira deitu zuen jarraian, eta nagusiarekin jartzeko eskatu:
— Gaur ez naiz lanera joango. Nire lehenengo senarra ospitalean da —etxean zenaren alderantziz proportzionala zen lanean otzantasunari zegokionez, eta gozatua hartu zuen nagusia zezelka hasi zenean—. Aste arraroak izango direla aurreikusten dut; sentitzen dut, gauzak konpondu artean ezingo naiz azaldu. Nire idazmahai gaineko erretilu berdean curriculum sorta bat duzu laguntza behar izanez gero.
Konpondu, agian hori zen hitza. Konponketa bat.
Hartutako erabakiarekin indarberriturik, maindireak garbitzera bota zituen, ziklo motz batean, hartara ospitalera joan aurretik zabaltzeko denbora emango zion. Ez zion koltxoiari erreparatu nahi izan, eta armairuan bilatu zituen ohe-jantzi garbiak. Perkalezkoak hautatu zituen. Burko-azal zuria bilatzen ari zenean, haien inizialak brodatuak zituen bat aurkitu zuen, perkalezkoa hura ere, Ramonen Donostiako izebak oparitutakoa. Barregarria iruditu zitzaionez huraxe jarri zuen. Garbigailua gelditu arte txukunketak egin eta mesanotxeko tiraderak zabaldu zituen morborik gabe: itxura hegoamerikarreko bikote baten ezkontza gonbidapena, errege pasteleko miniaturak (Madalenek harekin ospatzen zuen urtero, eskolan kale eginez), lehortutako marihuana buruak karrete pote batean, Cohiba puru bat metalezko estutxe batean, Dupont supizteko bat, Toulouseko famili argazki zaharrak gutun-azal batean eta hasitako preserbatibo kutxa bat aurkitu zituen.
Maskaratxoa jarrita aurkitu zuen, eskuak maindireen gainean, gorputzaren alde banatan, biko gela batean. Beste ohean agure bat, bi andre gazteago aldamenean zituela, hirurak telebistari begira. Ramonek burua apenas jiratu gabe begiratu zion eta maskaratxoa kentzeko keinua egin zuen. Ixabelek geldiarazi egin zuen, eskua Ramonen eskumuturraren gainean samurki pausatuz; horrela ukitzen zuen lehen aldia zen, eta bitan pentsatu gabe gizon hura laztantzeko gogoa izateko baimena eman zion bere buruari.
— Medikua ikusten izan naiz, lasai egon; hiruzpalau eguneko kontua izango da, itolarria apaltzen zaizunean etxera bidaliko zaituzte.
Maskaratxoa kendu gabe hitz egiten saiatu zen. Egoeraren absurduaz jabetzean, indarrez apartatu zuen aurpegitik:
— Ez ezer aipatu Madaleni, asteburuan etxean izango banaiz.
Ahurra gora begira utziz itzuli zuen eskua, gero betazalak jaitsi zituen, lotsatuta, eta hatzak mugitu zituen sotilki. Ixabelek ameto eman eta berea bertan ipini zuen. Begiradak elkartu gabe egon ziren, libre gelditutako hatz potoloekin eskugainak laztantzen hasieran, elkarri eskua fuerte hertsatuz eta askatuz ondoren, hertsatuz eta askatuz, zerbait ponpatuz bezala. Intimitaterik gabeko espazio hartan askeago sentitu zen. Ramon hiltzen ikusi nahi zuela ohartu zen, ez ziola sufrimendurik opa. Kopetako ileak atondu eta bekainak laztandu zizkion, begira ziezaion.
Ramonen begiak azkar mugitzen ziren, baina birikei kosta egiten zitzaien gora eta behera egitea.
— Zaude lasai —xuxurlatu zion Ixabelek.
Ospitalean eman zituen egun guztietan joan zen Ixabel. Ospitaleko kioskoan berak ohitura zuen Berria eta Ramonen etxean ikusitako Gara erosi zituen egunero, eta ahots ozenean irakurri zizkion albiste deigarriak. Goiz eta arratsalde, beti poltsan zeraman Nivearekin masajea eman zion oin eta orkatiletan, hura Iņakiren eta Madalenen bizkar egiten ari zela pentsatzeak sortzen zion ongizatea erdizka baino ez zekien ranchera bilakatuta. Bigarren egunean ohetik jaiki eta kafe-makinaraino joatea lortu zuen Ramonek, apenas hitzik egin gabe, itolarria etortzen baitzitzaion. Hirugarren egunean korridorean atzera eta aurrera ibili ziren, oxigenoaren makila erdian zeramatela.
Ixabelek korridorean ezagututako gaixo eta senideekin erorialdiak eta aitzinamenduak konpartitu zituen, kolpetik bere bizitza hura balitz bezala, kolpetik bizitza berrian pozik. Ramoni ahotsa etorri zitzaion, eta hala jakin zuen hamabost urtetik gora eman zituela jatetxe eta tabernatan jaten etxean otordu bakarra ere egin gabe, txakolina esportatzeko enpresa bat sortu zuela, bere lagun min Genaro auto istripuan hil zenean hiru egun mozkortuta eman zituela, goizeko kafea hartzen zuen tabernako andrearekin bizitzen egon zela Madalenek bospasei urte zituenean (“Eta Madalenek ez zekien ezer?”, “Nik ez diot behin ere ezer ezkutatu”), zakurra zuenetik beteago sentitzen zela eta hortik zetorkiola izena, garai batean Venezia euskaldunek arrantzatutako bale gantzarekin argiztatzen zela, lan-bidaia batean ezagututako mexikar batekin ezkontzekotan egon zela “arazoarekin” hasi aurretik (“Mexikarra?”, “Oaxacar eder-eder bat”).
Trukean, Ixabelek lauagoa zen bizitzako pasarte deigarrienekin sartu-irten batzuk egin zituen, baina Ramonek ez zien tira egin: bakartiek izan ohi duten nartzisismo bristadak zituen, bere buruaz aparte maitatzeko beste ezer eskura ez zeukatelako akaso.
— Aspertu behintzat ez zara egin. Gauzak egin dituzu. Dibertitu zara. Jendeari lana eman diozu. Alaba zoragarri bat ekarri duzu mundura —Madaleni buruzko ezer ez zuen ia inoiz aipatzen, Ixabelen harridurarako.
— Dugu. Bera bai ona, ez gu bezala.
Barre nekatu bat egin zuten, eta bertan kabitu zen bien erru partea eta barka-eskea, edo hori uste izan zuen Ixabelek une hartan. Isilune luze baten ostean, Ramonek gaineratu zuen:
— Honezkero ezin dut gogoratu zer desio nuen.
Etxeratze-agiria eman zion medikua berriketa gutxikoa zen: hoditeria buxatuta zeukan, bihotzak ezin zuen gauza handirik egin. Perlazko belarritakoari helduta azkenean esan zuen:
— Aprobetxatu udaren luzapen arraro hau.
Ramonek zirkinik egin gabe entzun zuen, eta amaieran oroitzapen on batek bahitu izan balu bezalako barrea egin zuen.
Duina bezain basatia zen, eta Ixabelek bazekien halakoa behar zela izan bere aldamenean irauteko, beraz hark ere ez zion galderarik egin ez medikuari ezta Ramoni ere.
Aulkian eserita, ospitaleko mantala erantzita, kaleko arropak jartzen laguntzen ari zitzaiola, gerritik heldu zuen Ramonek. Hasieran Ixabeli iruditu zitzaion ohetik jaikitzen laguntzeko egin zuela, baina altxatzen laguntzeko keinua egin zionean, berarengana erakarri zuen eta bere bular mardulei beha gelditu zitzaion. Ixabelek fuerte hartu zuen arnasa eta garondoan jarri zizkion eskuak Ramoni, gorputza batera eta bestera suabe dantzatuz, eta mugimendu bakoitzarekin Ramonen sudurra bularrekin ukituz.
Ramonek, begiak itxita, ezpainak zabaldu eta itxi zituen.
Aldamenekoek telebista katea aldatu zutenean gelditu ziren. Alkandora lotzen eta belkrodun oinetakoak ixten lagundu zion Ixabelek. Loradendan erosten den landarearen moduan ordea, harro eta bizkor zegoena berehala apaldu eta erori zen etxera aldatutakoan.
Ixabelek han igarotzen zuen lanaldia. Botila hutsak eta ihartutako landareak kendu zituen balkoitik, limoiondoa ureztatu zuen eta egongelako mahai txikia eta bi aulki tolesgarri sartu zituen bertan, eguzkia ateratzen zenerako. Han goitik hiriak abaraska zirudien, harlauza hexagonal eta guzti. Etxe osoko kristalak garbitu zituen. Bientzako kozinatzen zuen elkarrekin adostutako gaixo menua. Bueltan ekarri zituen Ramonen etxetik eramandako ardo botila onenak, baina bakarra zabaldu zuten. Ura galtzen zuen konketa konpondu zuen.
— Nork esan behar zidan —esan zuen Ixabelek, giltza ingelesa eskuetan zuela logelara sartzean.
Ramonek ez zion begirada itzuli; sarritan egiten zuen, eta ohituta egonagatik ere Ixabel inarrosi egiten zen aldiro, lortua zuten oreka larri hura zein hauskorra zen jabetuta.
Ramon ohean egoten zen eguerdira arte, irratia entzuten. Ixabelek xaxatu behar izaten zuen altxa zedin. Egunetik egunera nekosoagoa zitzaion logelatik egongelarainoko bidea. Zenbat eta gehiago Ixabelen beharra, orduan eta esker txarrekoago bilakatu zen, baina Ixabel mespretxua jasateko bezain gainetik sentitzen zen. Egongelako besaulkiraino laguntzen zion, telebista pizten zuen; elkarren ondoan bazkaltzen zuten. Batzuetan, tarte horretan, Madalenek mezuak idazten zizkion aitari buruz galdetuz eta bere egunerokoaren berri emanez. Ixabelek partea pasatzen zion Ramoni, eta hiruko elkarrizketaren bat bultzatzen saiatzen zen:
— Madalenek galdetzen du ea zer moduz esnatu zaren gaur; esan diot, ongi; berak hagineko minez jarraitzen duela, txanda hartuko diot dentistarenean. Ea Saber y ganar ikusten ari zaren galdetzen dit. Igandean partidua ikusiko duzuela, akordatzen ote zaren.
Ramonek telebistari begira jarraitu zuen, galderak Ixabelek berak erantzungo zituen lasaitasunarekin. Aste haietan guztietan ez zitzaion esateko ezer bururatu. Inoiz ez.
Morfinaren eraginez botagura sentitzen zuen maiz. Horrelakoetan hotsak ateratzen zituen eztarriarekin, zurbildu egiten zen, eskuak gogortzen zituen. Ixabelek eskua kopetan jarri ohi zion eta Ramonek eskertu egiten zuen. Ahoko lehorra arintzeko limoizko makilatxoak ematen zizkion, Ramonek tarte batez miazkatu ondoren, tu eginez lurrera jaurtitzen zituenak eta Ixabelek espanturik gabe jasoko zituenak.
Goizean Iņaki gabe esnatzera ohitu zen Ixabel. Gosaritan itzuli ohi zen zakurra paseatzetik, eta ordura arte elkarrekin egiten zuten hura bakarrik egiten hasi ziren. Gatz eta gantzik gabe jaten hasi ziren, txahalaren eta oilaskoaren partez indioilarra eta untxia, hartara hirurentzako adina prestatu eta Ixabelek biharamuneko afaria eginda eramaten zion Ramoni.
— Gaur ez du apenas mokadurik jan. Edozein egunetan atea zabaldu eta seko aurkituko dut. Beldurra ematen dit.
Supermerkatuko orgatila erdia zakurrarentzako pentsu eta gutiziek betetzen zuten. Hondartzara paseatzera joaten zirenean Oso zuten gidari, eta bere barrabaskeriak konpontzera ohitu ziren, izan beste zakurren batekin lardaskan hasten zelako edo autoko eserlekuen betegarria ateratzearen plazera deskubritu zuelako. Egunean zehar etxera sartzen ez zen arren, gauean etxe barrura sartzen uzten zioten, eta Iņakiren oinetan egoten zen, sofan. Laster, haien ohearen oinetan lo egiten hasi zen. Tarteka Ixabel esnatu egiten zen Osoren arnasa sarkorrarekin, eta halakoetan Madalenen ohera joaten zen gaua amaitzera. Zakurra haiekin bizitzera eraman zutenetik, asteburuan zinemara joan ordez mendira joaten hasi ziren, aspaldiko ohitura berrituta.
Egunetik egunera azkarrago hiltzen hasi zen Ramon. Apetitua galdu zuen lehenik. Ondoren ohetik jaikitzeko indarra. Ixabelek dutxatzera behartzen zuen odol-zirkulazioari on egiten ziola argudiatuz, eta Ramon dutxatik ateratzen zenerako Ixabel oihala zabalduta egoten zen. Tarteka bere buruarekin hunkitzen zen halako gauzak egiteko gai zelako, ez zuen berehala usteko, baina Ramon zainduz bere burua maitatzen ikasten zuen. Hezur eta azal izanagatik ere, gorpuzkera ederra sumatzen zitzaion oraindik, gaixotasunak guztiz garaitzea lortu ez zuen planta, neurriko zakila eta ile-mataza hanpatua guztiaren epizentro.
Behin, dutxatik irtetean, Ixabelek banketan eserarazi zuen, eta lehendabizi azkazalak eta ondoren ilea moztu zion. Berrogeita hamar urteak gorabehera, ez zuen apenas urdindutako ilerik, baina ez zegoen gaztetako adats beltz distiratsuen arrastorik ere. Ordurako hitz egiteari utzia zion, egunean bizpahiru hitz baino ez zituen esaten, eta petralkeriak guztiak. Egun horretan aldiz, Ixabelek juxtu ile-lehorgailua piztu zuenean esaldi luze bat esan zuen, entzuteko itzali zuenean bukatzen harrapatu zuena. “Milesker” bat erreskatatu uste izan zuen, baina berriz galdetzeko tentazioari eutsi zion, zakarkeria bat etor zekiokeen-eta bueltan; lehorgailua piztu zuen atzera, ustezko esker on adierazpenak bakea emanda.
Berriz ospitaleratu zuten egunean bertan hil zen. Ixabelek anbulantzia bat eskatu zuen eta eskutik emanda egin zuten bidea. Agur esateko garaiz iritsi zen Madalen Bordeletik. Hogei urte eta gero hirurak elkarrekin gela batean zeuden berriro ere, haietariko bat gorpu. Madalenek, negar intzirika, mantalaren lepo azpitik sartu zizkion eskuak zilbor pareraino eta bere gainean erdi etzanda gelditu zen Ixabelek ilea laztantzen zion bitartean:
— Aita —esan zuen Madalenek—. Aita —jarraitu zuen, behin eta berriz, hiztegitik ezabatu beharko zuen hitza zela jakitun, hura azkenekoz dastatuz.
Gizon hura bizitzara eustearren jarritako ingeniaritza hura zaratarik atera gabe eraman zuten erizainek. Metal, tutu eta orratzez biluztu zutenean Ixabelek azkeneko aldiz begiratu zion: bando oneko norbait zirudien, gerrak gazteegi hildako norbait. Kopetako ileak txukundu zizkion eta bular parean tolestu zion maindirea.
Korridorean Iņaki zeukaten zain. Madalen besarkatzen ari zen bitartean inguratu zitzaien medikua:
— Borrokan aritu da azkenera arte —esan zuen—. Baina ez zuen konponbiderik. Bere azken hatsera arte zaindu duzue, eta primeran gainera. Ezin da gehiago eskatu.
Itsasoan zabaldu zituzten errautsak udazkeneko goiz eguzkitsu batean. Haiek hirurak, Oso eta Ramonen hiru lankide ohiren artean egin zuten. Lankide batek eskerrak eman zizkion bere bizitzako unerik makurrenean, dena galdutzat jo zuenean, denek galdutzat jo zutenean, babesa eman ziolako. Beste batek bere alproja izaera eta eskuzabaltasuna goraipatu zituen, “Gizon on bat izan zara” esanez bukaeran. Madalenek irakurri zuen testuan eskerrak eman zizkion: “Konturatu gabe, izan zitekeen aitarik onena eta ausartena” izan zelako, “Helburutzat hartu gabe, ikas zitezkeen gauzarik garrantzitsuenak” irakatsi zizkiolako.
Kotxera bidean Ixabelek kontu eske hasteko gogoa izan zuen; aldiz, eskutik heldu zion eta hala egin zuten gorako bidea, ote zuri eta txilar artean, Madalenek burumakur eta Ixabel natura erauntsi hura begietsiz.
Gau hartan Iņaki luze egon zen Madalenekin hizketan, bere logelan.
— Ongi dago? —galdetuko zion Ixabelek gero.
— Egon daitekeen bezain ongi eta are pixka bat hobeto —lasaitu zuen Iņakik.
Segidan itzuli zen bizitza arrunta tanke baten moduan bere ordutegi, betebehar, urtaro eta fakturekin. Ixabel lanera itzuli zen eta bere hutsunea bete zuen neska gazteari finikitoa eginez hasi zuen ekinaldi berria. Madalen gelakide batekin Port-au-Princera joan zen Gobernuz Kanpoko Erakunde baten proiektuan hiru hilabetez lagundu eta gero Haiti eta Dominikar Errepublika korritzera. Iņakik zakurra paseatzera eramaten jarraitu zuen, eta berak hala nahita, asteburuetan mendira joatearen ohiturari eutsi zioten, tarteka gaua aterpetxeren batean emanez. Zinema zaletasuna etxean ikusten zituzten filmekin asetzen zuela esaten zion Ixabeli, honek Donostiara, “zibilizaziora”, arratsalde pasa, “opio bila” joateko proposamena egiten zionean. Aste Santuan, Iņaki Bachimaņa ertzetik paisaia jauresten ari zela, Ixabel, Eguberritan oparitan jasotako mendiko botei begira, ohartu zen betiko bera izatera itzuli zela. Badira norbera aldarazten duten bidaiak, baina badira kontrakoa lortzen dutenak ere, pentsatu zuen.
Maiatzean Iņaki institutuko ikasleekin Saloura joan zen astebete pasatzera. Ixabeli ez zitzaion gustatzen etxe hartan gauak bakarrik ematea, inoiz entzun gabeko animalia hotsak entzuten hasten zen eta ohi baino beranduagora arte egoten zen sofan telebistaren aurrean, lohasman. Oso bere oinetan jartzen tematu zen eta bere arnasak esnatu egin zuen gauaren erdian. Zakurrak logelaraino jarraitu zion, eta han, etzan egin zen lurrean, ohi zuen gisan. Ixabelek loa galdua zuen, eta Madalenen logelara joan zen zakurra atzetik zuela. Sukaldean itxi zuen, baina atea harramazkatzen hasi zen, uluka. Goizaldeko hirurak izanagatik ere Iņakiri deitu zion zer egin jakiteko, baina itzalita zuen sakelakoa. Azkenean bere logelara itzuli zen, loak garaitu arte irakurri zuen, eta goizean zakurra aldamenean zuela esnatu zen. Aldameneko biribilguneraino eraman zuen kaka egitera, eta etxera ekarri zuen bueltan, paseorik gabe, argi gera zedin bera ez zela Iņaki.
Ramonen herentzia harekin petralduta igaro zituen egunak. Lanetik bueltan, kooperatiban tomate landareak erosi eta baratzean emango zituen ordu batzuk. Lurrak sosegatu egiten zuen. Autoa etxe parean aparkatu bezain pronto entzun zituen zaunkak. Oso biribilguneraino eraman zuen eta etxerako buelta bide luzeago batetik egin zuen, pixka bat ibil zedin. Ramonen etxetik ekarritako limoiondoarekin akordatu zen orduan. Etxola ondoko bazter batean abandonatuta, konturatzerako ernamuindu egin zen. Lorontzitik atera eta lurrean landatuko zuen hori ere. Etxera iritsitakoan arropa zaharrak jantzi zituen. Bi tomate ilara aldatu zituen aurrena. Hogeita hamar zentimetroko diametroko eta beste hainbesteko sakonerako zuloa egin beharko zuen gutxienez limoiondoarentzat. Oso Ixabeli itsatsita zegoen, mingaina kanpoan. Aitzur txikiarekin ekin zion, baina berehala aitzur txikia lurrera bota eta handiaren bila joan zen etxolara, zakurra atzetik zuela. Eskularruak jantzi zituen. Zulora itzuli zenean Oso lurrarekin aztarrika ari zen, hatsanka. Lehenengo Ixabel aitzurkatzen ari izan zen zuloan eta gero aldatu berri zituen tomateen inguruan. Aitzurraren puntarekin bultzatu zuen fuerte eta zaunka egiten hasi zen. Ixabelek orduan pilota bat ekarri zuen etxe barrutik, eta ahalik eta urrutien botatzen hasi zitzaion bakean utz zezan, baina aldiro etortzen zen pilota zulo ertzean uztera, maitemindu begiradarekin. Uhala jarri zion eta terrazako barandara lotuta utzi zuen. Negar mehea egiten zuenez Ixabelek lur azpitik ateratako harri kozkorrak jaurti zizkion isil zedin:
— Ergela! Ergel alaena!
Aitzurra eskas gelditu zitzaionean etxolara itzuli zen puntadun palaren bila. Izerdi, zaunka eta negar artean, bera kabitzeko moduko zuloa egin zuen.