Poz aldrebesa
Poz aldrebesa
2017, nobela
424 orrialde
978-84-92468-94-2
Azaleko irudia: Txuspo Poyo
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

28

 

San Antongo zubira atera dira. Ez dabil inor kalean. Bilbo handiagoa izanik, Iruρea baino mortuagoa egiten zaio batzuetan. Taxiari eskua altxatu dio eta zubiaren erdian gelditu da. Espaziontzia ematen du, atzean Atxuriko estazioko tren aparkatuak sumatzen direla. Auto bat zubia gurutzatzen hasi denez, errepide erdian gelditu behar izan dute. Hauxe da metafora, pentsatu du Josebak, ezerezaren erdian, iragana eta etorkizuna —bai, etorkizuna— argituko dielako ustean taxi bat hartzea.

      “San Mames etorbidea Indautxu plazarekin” agindu dio taxistari, lehor.

      Taxistak martxan jarri eta egoitzarekin hitz egin du irratiz.

      “Okupatuta nau. Berriz, 102, okupatuta nau”.

      Arenaletik barna egin dute, Plaza Biribila, Gran Via, Indautxuko kale dotoreak, txaflanean, dorre antzeko horretan bukatzen diren eraikin horiekin; Indautxuko plaza eta argi bereziak, metroaren sarrera.

      Ia arrastaka atera du Axi autotik, eta Miren Akerreta eta Idoiaren etxeko atezain automatikoa jo du. Taxista so gelditu zaionean ohartu da ez diola pagatu. Harengana itzuli da, eskua sakelara botaz.

      “Zenbat da?” esan dio.

      “11 euro eta erdi”.

      Josebak berrogeita hamar euro eman dizkion bitartean, “Nor da? Nor da?” entzun du atezain automatikoaren bozgorailutik. Taxista kanbioak bilatzen ari da guanteran. Ez ditu aurkitzen. Josebak burua atera du autoaren leihatilatik.

      “Nor da ordu hauetan?”.

      Josebak Axi ikusi du haren eta atearen artean. “Axi, agurtu Miren!”.

      Axi noraezean gelditu da, ezer ulertzen ez duela.

      “Itxoin” egin dio garrasi taxistari, eta lasterka egin du bozgorailura.

      “Miren, Miren!”.

      Ailegatu denerako aurikularra eskegitzearen soinu sorra entzun du.

      “Miren, Miren!”.

      Inor ez. Taxistarena konpontzea erabaki du lehendabizi. Axiren ondotik pasatu —haluzinatuta dirudi bere joan-etorriekin— eta taxistari zakar kendu dizkio kanbioak eskuetatik. Axiren ondotik iragan eta atezain automatikoa jo du atzera, zalantza une batzuen ondoren. Atezainaren botoia sakatu du berriz ere, beranduegi ote den duda-mudatan. Zertxobait itxoin du Axiri so egiten dion bitartean. Makurtu egin zaio zutitasuna, emanen luke Indautxu plazako kale-argi makurtuekin bat eginez. Berrogeiak arte gorputzak bereari eusten diola pentsatu izan du behin baino gehiagotan azken aldi honetan, baina, gerozkioz, iruditzen zaio gorputzari eusteko gogoaren indarra behar dela; eta Axik ez dauka indar hori, falta zaio, Axi falta da, asmoen gauzatzea adieraziko lukeen Axi hori behintzat, amorantea bazuen edo ez adieraziko lukeen Axi irakurgarria. Horregatik ezin izan du lehenago senez, bere sen famatuaz, jakingo lukeena jakin: bai ala ez. Baita uzteko asmoa ote zuen edo ez; horrenbeste urteren ondoren seguru dago jakiteko gauza izango zela. Deskodetzeko ezintasuna, esanen luke Muρoz Eugik.

      Horregatik dago beharturik egin behar duena egitera, Axi ere konforme legokeelako, berarendako zein bere buruarendako Axi hizkuntza arrotza bilakatu delako; hori Axiren buruan zerbait dagoela onarturik.

      Luzeago sakatu du botoia oraingoan.

      Atezuan gelditu da. Gogor egin dio Axi erakarri eta besarkatzeko gogoari, espaloiaren erdian ezer ulertzen ez duela. Sirena hotsak entzun dituzte. Axi asaldatu egin da eta ate bokalera hurbilduta babesa bilatu du Josebaren gorputza ukituz haren harridurarako.

      Anbulantziak Indautxu plazako gaua zartatu du haien paretik iragatean. Axi dardaran dago. Sirenak.

      Josebak botoia sakaturik duela ohartzean, utzi egin du, etxean sirenak bi tokitatik —leihoetatik eta atezain automatikotik— entzungo dituztelako erreparoz. Bi tokitatik. Axi bitan galtzea bezala. Hirugarrena, behin betikoa. Halako batean argia egin zaio buruan, Miren eta bera berdinak dira, biak zeuden haserre maite zutenarekin, hura aitarekin, bera Axirekin. Derrigorrez hitz egin beharra dauka Mirenekin.

      Kraska bat entzun da bozgorailutik.

      “Miren, Miren!?”.

      Berriz ere sakatu du botoia baina oraingoan ez da soinurik entzuten. Deskonektatu egin dute. Biak zeuden haserre.

      Telefonoa atera eta Begoren lauzpabost dei dituela ikusi du. Izorra dadila. Hijaputa. Mirenen zenbakia markatu du. Deskonektatua. Plazan zehar ekortu du soa: farola makur zuriak, metroaren ahoa, balkoidun eraikin dotoreak, zuhaitz bakanak, zoruak egiten duen maldaxka, eliza... Axi.

      “Axi, amorante bat zenuen?” galdetu dio antsiaz.

      “Niiik? Ez!”.

      Taxi bat iragan da geldi-geldi haien paretik. Josebak berehala ikusi du aspaldi prestaturikoa egiteko ordua gaur dela; ez du destainez egingo, gainera, baizik eta maitasunez; edo beste modu batez esanda, gupidaz. Barre egin dio gogoak. Destainaz ez? Maitasunez? Batetik besterako tartea horren da exkaxa. Deliberoa hartua duenez, hala ere, ez du zalantzarik, beti kostatu izan zaio erabakiak hartzea baina behin harturik, ordea, ez da amore ematen erraza, nahiz eta erabakia betetzeko bide horretan oker ari dela ohartu, aurrera egiten du, erabakia hartzeko ahalegin nekezak bultzaturik.

      Lehengo taxista da.

      Gaua errepikapenez beterik dago. Baina gaurtik aurrera ez da egongo errepikapen gehiago.

      “Zer? Ez zeuden?” esan die oraingoan ironiko.

      Josebak erlojuari begiratu dio. Gaueko ordu bata da.

      “Uribarri; Trauko, 1”.

      Taxiak berriz ere Bilboko kaleen argitan zehar eraman ditu. Erakusleiho itzaliak, atari dotoreak argi hilekin, farolen argiak autoen kapotetan islan, ibiltariren bat edo beste, taberna ireki bakanen aho ia hutsak.

      Udaletxeko zubia iragatean eskuinetara so egin du Josebak Axiren errainua kristalean ageri zaiola. Zazpi Kaleetan biziko ote da Axiren amorantea? Nor ote da? Gazteagoa? Zenbat jakingo du Mirenek? “Igual zait”. “Jada ez du inporta!”. “Alea jacta est!” bota du hortzartean Txatori berari ere gehiegizkoa irudituko litzaiokeen espantuz.

      Taxiak ezkerretara hartu eta gero Uribarrin gora hasi da. Axiren etxe aurrean utzi ditu.

      “11 euro eta erdi” esan dio taxistak

      “Zer, adarra jotzen?!” egin dio erronka Josebak.

      Taxistak keinu bakarrarekin markagailua seinalatu dio: 11,50.

      Joseba harriturik gelditu da.

      “Nola da posible ibilbideak desberdinak dira-eta!”.

      “Ba halaxe da”.

      Guillermo psikologoa gogoratu dio.

      Deitu egingo dio. Laguntza behar du ordu honetan.

      Zer pentsatuko luke egitear dagoenaz? Espantu gehiegirekin ari dela seinalatuko lioke? Budismo ergel hori gomendatuko?

      Atea ireki dio Axiri. Bizitza errepikapen bitxiz beterik dago, errekurrentziak, zeruan hasi eta lurrean ahitzen direnak; Axi eta bera elkar ezagutzea ahalbidetu ondoren, Kultura eta Hezkuntza departamentuan berriz ere elkar ezagutzera eraman zituen errepikapena, kometa baten ibilbide maiztasunezkoa bezala, San Frantziskotik itzuleran Lekunberriko hotelean zeru urdin haren hustasuna, urtetan elkarrekin landu duten bikote berezia izatea, Axi astegunez, duela ez hainbeste Iruρean agertu zitzaioneko aparteko hura... elkarrekin egotera kondenaturiko bat, kondenaz plazera egin, hori dena hogei urteko istorio ederra hemeretzigarren mendeko adulterio istorio merkean bukatzeko.

      Horregatik egin behar du erabakitakoa. Mendekuz ere bai.

      Taxistak alde egin duenean geroan pentsatu du, bere bertsioa sinetsiko ez balute taxistak haien egoerari buruzko informazioa eman dezakeela pentsatzeak urduritu badu ere, berehala baretu da; dena ongi atondua du, prestatua, pentsatua, norbaitek ordu horretan Artxandan zertan ari diren galdetuko balio, adulterioarenak berak argiago, ulergarriago egingo luke bertan egotea zuritzea. “Gure istorioaren hasierara itzuli nahi izan dut, eta bertan behera amildu da”. “Amoranteren bat zuela esan didatelako galdetu nahi izan diot han bertan gezurrik esan ez diezadan.” “Baina berak ez du ezer gogoratzen”.

      Uxatu egin du galdera garajearen atea ireki duelarik eta, autoaren aldapa igotzeko ahaleginaren burrunban aienatu nahi izan badu ere, berriz agertu zaio; ongi egin beharko ditut gauzak, agindu dio bere buruari.

      Begoρatik gora egin dute harik eta maitasunaren kurbara ailegatu diren arte. Hemen izan zen, ordutik hona ez da inoiz itzuli, Axi bai, itzuliko zen; hogei urte; hogeita urte eta gero hau; bizitzaren laburpen exkaxa. Egitera doana maitasunak eragindako gupida ekintza da, baina mendeku bilakatu zaio. Errabiak hartu eta Axiri so egin dion bitartean, “hau ere kendu egin didazu!” aurpegiratu dio hortzartean.

      Axik harriturik begiratu dio. Ez, hobe, izuturik, sirenen hotsen artean, arriskua susmatu baitu haren animaliatasunak. Eta atezuan jarri ondoren lasterka hasi da errepide hutsaren aldera.

      “Nora zoaz?” garrasi egin dio Josebak.

      Axik badaki handik alde egin behar duela. Zerbait gertatu da eta ez daki zergatik. Josebari zerbait susmatzen dio, txarra, eta... sirenak...

      Josebak atzetik segitu dio.

      “Zatoz, Axi; elkar ezagutu genueneko tokira eramango zaitut. Zure sufrimenduaren bukaera izango da”.

      “Sufrimendua? Nor ari da sufritzen?”.

      Josebak esanen luke Axiren zentzumenek, adimenak —oroimena gehituko luke ez baleki oroimenik ez dagoela—, zorrotzago ematen dutela, orain, azken orduan, ia lehengo Axi egin zaio.

      Ukitu duenean otzandu egin da animalia bat bezala. Pinu artetik gora egin dute bide lohituan zehar; kondoi eta klinexek marikiten gurutzebidea seinalatzen dute. Lasai hartuko du, gauza aspaldi prestatuek, ezkutuan atondu eta osatuek gauzatzeko eskatzen duten deboilamendu gabezia eta lasaitasunarekin.

      Pinu artetik iragaterakoan kartel bat agertu zaio. Sakelakoa atera —Landerren dei bat duela ikusi du, zortzi whatsapp— eta linterna pizturik, zera irakurri du: “Auto honen jabea seropositiboa da; kondoirik gabe jotzen du larrua; sala ezazu. Harekin kondoirik gabeko harremanak izan badituzu, dei ezazu telefono honetara: 976 999 999”.

      Antzinakoa egingo zitzaion Landerrengandik ez baleki azken boladan jendea kondoirik gabe hasi dela larrua jotzen; maiz behartu egin behar duzula —gazte jendea batez ere— kondoia erabiltzera, eta askok ez dutela kondoiarekin nahi izaten. Berari, ordea, oso laurogeiko eta laurogeita hamarreko istorioa iruditu zaio, Axik eta berak elkar ezagutu zuten garaikoa.

      “Nora goaz mendi honetan barna?”.

      Sarkastikoa izatea bururatu zaio, baina lehengo Axiren beldurraz akordaturik leunera jo du.

      “Elkar ezagutu genuen tokira. Ea han zaudela, oroimena berreskuratzen duzun ustekabean”.

      “Zer pasatzen zaio nire oroimenari?”.

      “Bihotzekoak eman zizun eta galdu egin zenuen”.

      “Niri?” bota dute biek.

      Eta gero Josebak barre egin du. Ez dago zer eginik. Bizitza ergelkeriaren errepikapen eta absurdoaren artean gertatzen den tarte hori baino ez da.

      “Utzi, Axi. Ez da ezer gertatzen. Hor goian lasai egongo gara. Akordatzen zara elkar ezagutu genuen tokiaren ondoan dagoen amildegiaz? Zer izango ditu, ehun metro? Zaborra dago behean. Eta Bilbo Handiaren argiak ageri dira. Akordatzen zara, Axi?”.

      “Bai, Artxandan. Nik hurbildu behar izan nuen zuregana, bestela ez genuen elkar ezagutuko. Gaur balitz bezala gogoratzen dut”.

      “Akordatzen zara”.

      Joseba akordatzen da. Eta hogei urtetan sorturiko bikote mitologia errepasatu du: elkar ezagutu zuten uneari buruzko bertsio ezbateragarriak; bikote klase berezia izatearen harrotasuna, gaizkiulertzeak, elkar ongi konpontzeak, isiluneak, isilguneak.

      “Bai” erantzun dio Axik, “hor goian izan zen”.

      Joseba harriturik gelditu da Axiren zehaztasunarekin eta zalantza egin du deliberoan, baina gero, badaki, horrelakoak espejismoak baino ez direla, Axik betiko galdu duela oroimena, eta nonbaitetik begira balego, eskertu egingo lukeela “hor goian” egitera doana. Haserretu izan ez balira, sikiera! Ez du uste utziko zuenik. Badaki haien artekoa, hogei urtetan eraiki duten bikote berezia ez dela eraikitzen erraza; eta seguru asko, Axi Iruρera sortu zitzaion ez horren aspaldiko aldi hartan esan zion bezala, harro, harroegi, beharbada, ehgamen ibili izanak eragin zion Etika Marikarekiko ardurak bermatu du biak honaino elkarrekin ongi konpontzen diren bi adiskideren moduan ailegatu izana, eta ez, hainbat bikotetan —batez ere heterosexualetan— bezala asperdurak dakarren urruntasunaz ohitura eginik.

      “Zoriontsuak izan gara, ezta, Axi?”.

      Axik baiezkoa egin dio, Axi Axi zenekoa balitz bezala.

      “Bai, konbentziturik nago, ez ninduzun utziko. Gurea handiegia da”.

      Josebak Axirengandik zerbait espero izan badu ere, ez da etorri, Axik aurrera jarraitu baitu kili-kolo.

      “Axi, maite al nauzu?”.

      Zer galdera estupidoa! Klaro maite duela eta berak hura ere bai, bestela utzia izango zuen, nonbaiten sartua, edo Lekunberrin, arreba Pilirekin.

      “Bai, maite zaitut” erantzun dio Axik. “Hor goian ezagutu genuen elkar. Eta ni ez banintz hurbildu ez genuen elkar ezagutuko”.

      “Bai, eta hor goian bukatuko da dena. Amorante bat zenuen, Axi? Utzi behar ninduzun?”.

      Baina Axi urrundurik dago aldapan gora, Deustun ihes egin zion arintasun berdinez.

      Kaskora ailegaturik Bilbo Handiko argiak ageri dira, printza lauso eta zikin baten moduan. Josebak badaki, eta gaur uste du Axik ere gogoratzen duela, kaskoko azken pinuen tartetik abiaturik —hemen ibili ziren duela hogeita bat urte— kaskoa ebaki egiten dela lur gerritu handi bat eginez, zulo beltz bat ematen du, eta han behean, argitza zikinaren argitara zabor zati zuriak ageri direla azaleko pikostak bailiren.

      Josebari bururatu zaio zer egingo duen norbait sortu eta ikusten baditu; ez da harrituko, ikusiak izatera etortzen dira hona gizonak, baina gerokoak beldurtzen du.

      Klinexak ageri dira nonahi, Axi gidatzen duen bitartean.

      Badaki ez zuela utziko; ala bai? Zalantzak berak sua eragin dio bularrean. Gupida ekintza izango da, ez mendekua. Baina esan ahala gezurra iruditu zaio. Axik amorantea bazuen —gero eta seguruago dago bazuela; ala ez?—, bi bekatu egin zituen eraiki zutenaren kontra: bat, izatea; bestea, larriena, ez esatea; ez, etorri eta esan “aizu, hau gertatzen ari zait; bizi nahi nuke; zer egin dezakegu? Nahi baduzu konpartitu egin dezakegu”.

      Eta halako batean ohartu da irudikatu duen Axi eraikitzaile, negoziatzaile, abegitsu hori urte hauetan guztietan zehar buruan izan bai baina errealitatearekin bat ez datorren Axi dela, Axik, Axi izateagatik beragatik, ez baitzuen inoiz amorante bat konpartituko.

      Mendekua, mendekua, mendekua. Kasu eginen zion hark berak kasu egiten dion bezala? Ez zuen kasu eginen. Mendekuz botako du amildegian behera, elkar ezagutu zuteneko tokian bertan, eta libratu —horixe da hitza— egingo dira; da.

      “Akordatzen zara, Asier?”.

      Gutxitan hots egin dio Asier. Axik gipuzkerakoa ematen du, Bilbon dauden Asier ugarietatik desberdintzeko modu bat.

      Xamurtasuna egin zaio. Horren ziren gazte, horren berde. Bera izan zuen lehen gizona, lehendik Bego egon zen.

      Amildegira ailegatu dira. Josebak elkar ezagutu zuteneko lekuaren bila egin du begiekin. Hortxe? Ez, hantxe? Harantzaxeago? Erridikulua iruditu zaio leku zehatzaren bila aritzea. Akordatzen da, ordea, amildegiaren ertzean egon zela bera, Axik, orduan itzal ilun bat, beheragotik gora begiratzen zion bitartean, orain bezala.

      Amildegia lurrezkoa da, lurbetetze batek eragindakoa, eta pixkanaka bihurtzen da amildegi. Lehendabizi gainbehera dago, eta gero, hutsunea, sasi batzuen artetik, berez aterako balitz bezala. Hondakinak laharretan zintzilik, eta han behean zaborra, ezin jakin zergatik, baina gogoratu bezala, zuri, ia distirant. Beharbada zainduko zuen, bai.

      “Zatoz, Axi!”.

      Animalia zauritua dirudi, erosi zion parka berde horren azpian ia estalirik.

      “Eskertu egingo didazu; eta benetan, ez naiz mendekuz ari, nahiz eta baditudan arrazoiak”.

      Eta esan ahala Axik amorantea zuelakoa ezin sinetsizkoa egin zaio; eta gero, haserrea ez bakarrik Axirekiko baizik eta baita ere munduarekiko, mundua marikoien kontra dagoelako, marikoiak beraiek beren buruen kontra daudelako, “besteen” morala —deitu nagusi edo heterosexual— bere-berean onartzen dutelako, Axik, moral berri hori utzirik, haien artekoa xix. mendeko nobela baten argumentu ergel bihurrarazi duelako; haserrea laba uhalde baten moduan herra bilakatu da, eta gero gorroto itsu; eta azkenik, akidurak jota, tristurak hartu du. Eta orduan, tristuraren hegal geldoen bidez behartu ahal izan du bukatzear dagoen haien arteko bizitzaren ibilbidea, “denon ibilbidearen moduan”. “Besteak bezala hiltzen dira lesbianak eta marikak?” “Ez lirateke, Etika Marika eta lesbiarraren arabera bizi ondoren, besteak baino modu duinagoan hil beharko?”. “Ez luke amorante bat —Tebasko gudarostean bezala— gaixorik dagoela-eta besteak akabatu behar, duintasunagatik beragatik?”.

      Zein erridikulua den dena.

      “Axi, zatoz!”.

      Sirena hotsak entzun ditu Axik. Zer nahi du Josebak? Zer egiten dute hemen?

      Josebak sorbaldatik heldu du Axi, meheturik dago, giharrak ahuldurik, besondoak ziren pilotak koxkor bihurturik.

      “Zatoz, Axi”.

      Gerritura gerturatzen saiatu da, baina Axik atzera egiten du haren mehetasunak ematen ez duen indarrez. Zatoz, Axi; hoberena izango da, aspaldi joan zinen, eta badakit eskertu egingo zenidakeela egitera noana. Behin hegan hasita ez omen da nabaritzen. Zor dizut, badakit, ongi bazeunde hala eskatuko zenidakeelako. Akordatzen zara San Frantziskoko hileta hartan esan zenidanaz?, hura dena iragatea baino nahiago zenukeela amoranteak hil bazintu.

      Eta halako batean Axi baretu egin da. Sirena hotsak isildu egin zaizkio, bere burua baino ez du entzuten, lasterka, erritmo onean, hanka bat lehendabizi, gero bestea, gero atzera bata, gero bestea, bihotza odola punpatzen gorputzean zehar, zainen zabalera giharrak erregadiatzen, indarra, aita ala ama erabaki beharra pentsatu duenean sirena hotsak sortu zaizkio atzera. Lasterrago egin lasterra, sirenak atzean utziz, hanka bat lehendabizi, bigarrena gero. Eta gero jauzi bat, eta hegan egin gertaturiko guztia gogora datorren bitartean.

      Joseba amildegi ertzeko gainbeherara hurbildu da, Axi bizkarretik bultzatuz. Dorpeki egin dute gerritua hasten den tokiraino laharren artetik; argi lauso zikinak behetik gora argitzen ditu. Horrela bukatzen dira gauzak, hasi bezala. Bultzada bat eta gupidaren jainko bilakatu da, gerokoak inporta gabe. Edo mendekuarena, ez daki. Axik hegan egingo du, parka berdea haizaturik, lurrera ailegatu baino lehenago hilko ote den du zalantza, buruaz beste egiten dutenen moduan. Ibili duten xenda ebaki eta laharraren angeluak amildegiaren ertza seinalatzen du. Orain bultzatuko balu, Axik hegan egin eta dena bukatuko litzateke, Axi erdia —edo laurdena— denekoa bukatu egingo litzateke. Argi du maitasunagatik egin beharra duela, Axik hala nahiko lukeela, ez dela ekintza berekoia, baizik eta maitasunaren azken froga; baina harra sartu zaio, beharbada, ez zela esan beharko luke, Axik amorante bat zuela jakiteak duela sei hilabete pentsatu zuen ekintza hori gupidazkoa beharrean mendekuzkoa bilaka baitezake. Begiak itxi ditu lehen guri izandako Axiren gorputz erkina eskuetan duen bitartean arrazoiak bilatu nahian. Anabasa baino ez du topatu, sei hilabeteetan zehar prestaturiko ekintza aratza narrasa bilakatu zaio.

      Bultzatu egin beharko luke zergatiez kezkatu gabe Axik hala nahi bailuke, edo horixe uste du, behintzat. Argi dauka, bera Axiren tokian balego Axik egitea nahi lukeena dela, ertz horretan izan, eta bultza, hegan egin eta bukatu; galdutako oroimena eta galtzera doana bat eginik.

      Axi itzuli egin da amildegiaren ertzean. Azkeneko hilabeteetan ez bezala so egin dio, atezuan, sakon, hondora nahian.

      Axi Axi zenekotan berehala jakingo luke zer adierazi nahi duen begirada horrek, “Bultza nazazu, behingoan; alde paretik, zer egiten dugu hemen?”.

      Eta ez bada Axirendago askapena, baizik eta eguzki lauki batez gozatzeko aukeraz galaraztea, Muρoz Eugiren poemak dioen bezala: “Zoriontasuna eguzki lauki batean gauza baitateke”.

      Esadazu, zer egin behar dut, Axi?

      Gupidaz hil, ez mendekuz.

      Bere burua madarikatu du horren ahula izategatik. Badaki Axik barre egingo liokeela horrenbeste hilabetez eraiki, indartu, landu, jorratu, tinkotu eta tenkorturiko erabaki bat hartzeko gauzeza izateagatik, “Nire borondatearen aurrean zurea ahula da” esanez.

      Ez da ausartuko, ez du hilko, ez du horren gertu duen ekintza hori egingo; ez dio bukatzen lagunduko, ez du Axi atzipetua askatuko, ez du amildegian behera hegaldi askean ikusiko.

      Bere burua madarikatu du. Zergatik gertatu behar zitzaien haiei!? Zerk egin zituen zordun? Axi madarikatu du, gero bere burua, gero mundua, gero... herra. Ez du hilko. Axi Axi ez dena izaten utziko du.

      Parka berdea kendu dio herraz. Bildu eta Axiren buruaren gainetik amildegirantz bota du; parka berdea hedatu egin da ibilbide hegalariaren gorenean; mahukak zabaldu egin dira hutsa besarkatu nahiko balute bezala; sorbalda luzatu egin da. Axi bera ematen du jauzi egin ondoren, txanoa buruarenak egiten, beherantz. Paraxut baten abiaduraz hasi da beherantz, geldoki, aireak haizaturik. Beha gelditu zaizkio, eguratsean ia kulunka, argi lauso eta zikinaren kontra. Josebak izugarrizko jabaldura nabaritu du, eta Axirekiko izugarrizko lotura, elkarrekin gauzen amaiera —eta hasiera berria— bizi izandakoengan ezartzen den lotura mota hori. Dena desberdin izango dela pentsatu du, badaki Axi ez dela sendatuko, baina desberdina izango da... beherantz hegan doan parka berde horrek adierazten du; ez du ez gupidak ez mendekuak erabaki, baizik eta bien tartean egon daitekeen... hitzaren bila aritu da... maitasuna, bururatu zaio, baina badaki hitza lausoegia dela oraingoa zehazteko; beharbada onarpena, sublimazioa, bizitza honen akabantzaren benetako ametoa. Ez daki. Ordea, badaki jada lurrera ailegatuko zen beroki horretan zerbait joan zaiola.

      “Goazen, Axi”.

      Bidezidorretik barna egin dute. Amildegia atzean utzi ahala erokeria iruditu zaio azken hilabeteetan gogoan erabilitakoa; nola pentsa zezakeen bere bizitzatik alde egitea? Nola? Axi libratzearena aitzakia iruditzen zaio orain. Sastrakek aztalak jotzen dizkiote eta oreka galarazten dio Axi atzetik eskutik helduta garraiatu beharrak. Horixe da bere bizitza —haien bizitza, zuzendu du— eskutik helduta orekari eustea.

      Auto bakartiaren kapotak distira egiten du duela hogeita bat urte bezala.

      Atea ireki dio, eseri denean, haren harridurarako, hankak sartzen laguntzekoak egiten hasi da. “Ez naiz elbarri bat”.

      Autoari itzuli eman eta sartu aurretik basoari begiratu dio. Basoa-edo, Lekunberrikoekin edo Eugikoekin konparatuta.

      Gero autoan sartu da eta motorra izeki du.

      “Akordatzen zara, Axi, hemen elkar ezagutu genuenekoaz?”.

      “Bai, nik hortik goitik jarraitu behar izan zintudan, ez zenidalako kasurik egin”.

      “Ez da horrela... nahikoa seinale eman nizkizun, baina ez zenuen zirkinik ere egin”.