6
Pisuak ere ez die balio. Hemeretzi urte lehenago alokatu eta gero berak erosi zuen pisu hartara ailegatzeko igo behar diren eskailera piko haiek ez dira egokiak koloka egiten duen batendako. Hori ere injustizia bat, auzokide guztiak konbentzitu, proiektua egin eta, hala ere, Udalak ez dielako baimenik eman, igogailuaren tamaina ez delako nahikoa segurtasuna bermatzeko. Erredura. Hotz egiten du. Galtzontzillotan eseri da ohearen gainean burua eskuetan hartuz. Ez daki zergatik baina Axi komatik atera denetik pijama janzten hasi zaio, nahiz eta berak galtzontzillotan lo egin. Bata hartu eta gainera bota du. Landerren aholkuari jarraituz ezertan ez pentsatzen saiatuko da: komunera joan, pixa egin, bonbari bota; sukaldera abiatu; leiho balkoidunetik zer eguraldi dagoen begiratu; erreparatu Iruρeko Alde Zaharreko teilatuei, bustirik daude?; ez galdetu, ez erabaki bustirik dauden ala ez; miratu; kafetera bete; sutan jarri; ogi-xerrak ebaki eta xigorgailuan sartu; leihotik begiratu; bizitzari ezer ez galdetu. Hor egoten —hor oraina dela— ikasi. Kuanto oraina leku ederra bizitzeko! Oraina, kaka zaharra. Oraina gizona koman eta oroimenik gabe gelditu zaion toki hau da.
Landerrek gomendatu zion, harekin bi “orientazio” saio egin ondoren: “Zu eta biok adiskideak gara, eta alde batetik ez dakit oso etikoa den eta bestetik uste dut ez dela eraginkorra, adiskideak garelako, eta zu Iruρean eta ni Bilbon nagoelako. Gomendatuko dizut bat, Guillermo Echegaray, oso ona. Nire irakaslea”.
Josebak kontra egin nahi izan zion, baina bazekien Landerrek argudiatu moduan, adiskide baten aurrean ezezagun —profesional— baten aurrean izaten ez den zentsura izaten dela, lagun izatea onarturik kontra egiteko ahalegina gorabehera. Eta orainean bizitzeko aholkatu zion eta tipo hura gomendatu.
“Hasi zara Dolutan filmaren aurkezpen-fitxa itzultzen?” galdetu zion Landerrek psikologoarekin zer moduz kontatzeko deitu zionean, deitu berak deitu behar izan baitzion eta ez alderantziz, pentsatu zuen Josebak.
Josebak bazekien istripuaren —hara ze eufemismoa— aurretik ere Dolutan filmaren prentsarako aurkezpen fitxak presa zuela. “Azkar egingo duzu, zu ere dolutan zaude eta”.
Joseba harritu egin zitzaion. “Dolutan?”. “Doluari buruzko teoriak daude. Iragan behar dituzun faseak ageri dira, edo egin behar dituzun lanak, atazak. Ongi etorriko zaizu eta Guillermorekin ongi konponduko zara. Nik ezin dut zurekin jarraitu”.
Landerren aholkuez kontrara ari dela ohartu denean, kafeontzi italiarra betetzen kontzentratzeko ahaleginetan paraturik, ohartu da ezin duela, distortsionatu egiten baitio oraina —kafeontzia hartu, ontzitik atera, kafeontzian koilara sartu, itxi, sua piztu, sutan paratu— hondoan hozka dabilkion herrak. Herra, erresumina, sutzea, mina, haserrea, gorrotoa, aldarria... izen gehiegi erraiak jaten ari zaion su-lama izendatzeko.
Kafetera erdi beterik leihora ondoratu da arnasa sakon hartuz. “Bare hadi!”. Baina zergatik gertatu zaie hau guztia beraiei?! Leihoa zabaldu du. Lainoturik; teilatuek lantxurda dute neguaren iragarle. Arnasa hartu du. Eta arnasaren atzetik tristura erraldoia, itzala egiten diola. Sillan eseri da. Sukaldeari so egin dio, barnean darabilenari ihes egin nahian. Nekea. Akidura. Zama. Paisaia erre bat. Bizitzak zentzurik ez dueneko adakera indartsua. “Izan ere, ez du”. Bakardadea, oldarrean. Eta negargura egin zaio. Eta, Landerren aholkuari jarraituz, utzi egin dio negarrari bide egiten. Malkotan, zotinez. Desesperazioa nabari du bere baitan, deslaia, nora eza, erredura.
Bere burua ikusi du, bernak agerian, bata erdi loturik, bularreko ile urdintzen hasiak ageri zaizkiola, negarrez, malkotan, jostailurik preziatuena hautsi dioten ume gizajo baten moduan.
Sukaldeko mahaiaren gainean ia hilabete daraman Axiren Padre Ligetiko informe neurologikoa hartu du.
Asier Iminizaldu Aldaz. Arreta Bereziko Unitatean egon zen hamabost egun. Ingresatu ondoren ikusi ahal izan zen aurre aldeko mil-a (Miokardio Infartu Larria) izan zuela; %41ko ef eta hipokinesia apikala, septoan eta aurreko aldean. Begiak 5-6. egunaren inguruan ireki zituen. abuko azkeneko egunetan agindu errazen bati erantzuteko gauza izan zen; zer edo zer ahoskatzeko ahalegina nabaritu zitzaion bizpahirutan. Neurologia sailera ailegatzean, trakeotomiaz gain zunda besikala eta elikatzekoa zekartzan. Neurologia zerbitzuan sartu zenean kontzientzia maila ona zen, begiradarekin jarraitzen zien objektuei, espastizitatea zuen. Neurologia atalean hobera egin du. Zunda besikala eta zng (Zunda Naso Gastrikoa) kendu zitzaizkion. Fisikoki asko hobetu du, ia laguntzarik gabe ibiltzeko gauza da, nahiz eta askotan koloka egin. Ataxia optikoa antzeman zaio eta simultagnosia. Hizkuntza inkoherentzia, amnesia larria eta konfabulazioa”.
Josebak ez zeukan ifrentzuan eskuz apuntaturiko oharretara joan beharrik “ataxia optikoa” hitzek ikus estimulua eta harengana bideratzeko mugimenduaren hasieraren arteko aldea zela jakiteko, ez eta “simultagnosia” irudi batean ageri ziren objektua desberdintzeko zailtasuna zela jakiteko ere, horrenbestetan irakurria zuen informea.
“rmnan —erresonantzia magnetikoan— seinalearen aldaketak nabaritu dira bi giro intralinbikoetan; seinale aldaketa handixeago delarik eskuinekoan. Bestalde kaudado buruan eta bi lentikularetan seinalearen aldaketa nabarmenagoa da.
”Laburbilduz, hona garapena. Hasieratiko nahasmena, ezinegona, haserrea, negarrak gutxitu egin dira, beraz, maneiu arazoak ere bai. Esaneko izaten da gehienetan, eta, halaber, kanpoko eragina behar izaten du zerbait egiteko. Gaixoak berak eskatzen du kanpoko onespena eta zaintzailearen gainbegiratzea. Aldartea apaldua izaten du gehienetan, istripu aurretik ez bezala.
”Funtzionamendu kognitiboaren aldetik, ikusmen-hautemate arazoak gutxitu egin dira: eskuineko hemianopsia homonimoa, hautemate antolaketa eskasa eta analisi ikus-espaziala eznahikoak baita ere. Orain ongi bereizten ditu koloreak, tamainak, irudiak, zenbakiak eta letrak. Ez du, beraz, objektuak kokatzeko arazorik hainbat egoeratan: objektuak mugitzen-gaixoa mugitzen. Irakurmen-ahalmena asko hobetu da”.
Handik aurrerakoa ere badaki: bi test pasatu zizkiotela, Reyren Irudi Konplexuaren Testa, eta bertan argi gelditzen zela hobetu bada ere, ez duela maila normala ematen, eta itxoin egin behar dela gaixoak nola eboluzionatzen duen; bigarren testak, aldiz, Weschsler Oroimen Eskalarenak emaitza oso txarrak izan zituela eta bertan behera utzi zutela testaren pasatzea Axik ez zituelako ez hitz zerrenda sinpleenak, ez irudi errazenak, ez hitz-bikoteak gogoratzen.
Erdeinuz bota du informea mahai gainean. Adore pixka bat bildu eta koilara kafeontzian sartu, kafetera erdi betea bete, gainaren gainean utzi, sua piztu eta bertan paratu. Ogi-xerrak xigorgailuan sartu, botoiari beherantz sakatu. Bizkarreko minari erreparatu. Gelara abiatu da. “Zer eginen dute gaur?”. “Ez pentsatu, egin, eta egindakoaren gainean paratu arreta. Arnasa sakon hartu”.
“Axi, Axi” deitu dio esnatzeko. Axi ez da esnatu. Josebari iruditzen zaio gaiztakeria bat egiten ari zaiola horrelako enbataren ondoren lotatik jalgiarazteagatik baina medikuek —batez ere Carmen neurologo andreak— azturak sortzearen garrantzia azpimarratu diote “istripuaren” ondoko lehendabiziko urte-urte eta erdian —lehendabiziko hiru hilabeteak omen dira erabakigarriak, hala ere— epe horretan egiten diren aurrerakuntzek erakutsiko baitute gerora gaixoak izango duen bilakaera, eta Axiren bilakaera Padre Ligeti zentroan ona izan ez bada ere, “oraindik ba omen dago esperantzarik”.
Begiak ireki ditu. Sabaiko veluxetik argi zirrinta sartu da. Burua mugitu du ahotsa entzun duen lekura. “Hara, Joseba!”. Pozak hartu badu ere, ezinegona du, eta gorputz aldartea bere baitara erabat ez etorria. “Hara Joseba! Nondik sortu ote da?”.
“Altxatu egin behar duzu!” agindu dio.
“Maitea” gehitu behar du baina gaur ez du gogorik, adorerik gabe dago.
Axi altxatzen saiatu da. Ez du berezko ezintasunik baina panpina baten koordinazioa gelditu zaio, urtean hobetzeko esperantzan.
Pijamaren goikoa erantzi dio. Usaina —ez da oraindik kiratsa— aditu du, mina, hartzitua. Ez du gustuko dutxatzea baina badarama aste bete eta ez dio ihes egingo. Musu eman dio. Ohearen beste aldera abiatu da bataren bila, hotz ez dadin. “Bilboko eguraldira ohiturik dago, hau hotzagoa da”.
Batarekin itzuli denean “Hara, Joseba!” bota du atzera berriz Axik.
Josebari arima lurrera erori zaio. Eta gero erresumina, “Zergatik haiei?”. “Hobetzen joango omen zen? Noiz? Non zegoen falta zen puska?”.
Informearen beste zati bat laburtu du buruan: “Oso gutxi inplikatzen da birgaitze prozesuan, eta, hortaz, zaintzailearen arreta behar du atazak erakusteko eta errepikarazteko, hala ere, esan beharra dago azken egunetan aurrerakuntza seinale txiki batzuk antzeman direla, eta zentzu horretan terapiak aurrerakuntza horietan lagundu egin duela. Hainbat galdera egiten duenean, kanpoko laguntzara (agenda bat) bideratzen zaio, baina, berez, ez zaio hura begiratzea otu orain artean, hala ere, badirudi ohartzen hasi dela kanpoko laguntzaren behar horretaz. Bestalde, nora eza tenporal eta espazialek bere horretan jarraitzen dute ohiko ingurutik kanpo dagoenean.
”Anasognosia. Horixe da gaixoaren gabezia nagusia. Aspaldiko oroimena nahiko ongi badauka ere, oraingo oroimena, aldiz, kalteturik dauka, ezin baitu oroimen berririk ekoitzi. Hilabeteko birgaitzearen ondorioz ez ditu sarritan ikusten dituen terapeutak ezagutzen, eta ez daki zergatik dagoen erietxean”.
Altxatzen lagundu dio. Axi ongi mugitzen da baina badago haren koordinazioan koloka egiten duen zerbait, mugitzeko naturazkoa dirudien naturaltasun bat, altxatzeko besoa eta hankak aldi berean bermatu eta indar egitera behartzen duen armoniaren zentzu bat, zeina natura barik gizakiaren —edo animaliaren— izaera eraikia seinalatzen baitu, berezkoak uste diren mugimenduak artifizioaren ondorio direla ez badira bai bigarren mailako natura baten ondorio.
“Nora goaz?” galdetu dio Axik burua Josebarengana jiratzen duela hark besotik helduta komunerantz daramala.
“Dutxara”.
“Ez dut dutxatu nahi”.
“Betikoa” pentsatu du Josebak, “espero espantuka eta ijili-ajalaka ez hastea”.
Marmar gehiegirik gabe sartu du komunean.
“Erantzi bata”.
Axik bata erantzi du, ulertzen ez duelako bisaia paraturik.
“Nora naramazu?”.
Josebari herra hedatu zaio, berriz ere.
“Lagunduko dizut”.
Obra egin beharko du. Orain ohartu da etxea erosi eta obra egin zuenean, Axik —beti izaten zuen arrazoi eta ez bazuen bazuelakoa sinesten zuen irmo-irmo— bainera beharrean dutxa soila jartzearen abantailez erretolika bota zionean, arrazoi zuela. Herra urtu zaio. Maittetasuna.
Kortina zabaldu dio. Oreka gal ez dezan baineraren hormen gainetik hanka pasatzen lagundu dio, gero bestea. Dutxa-sagarra hartu, ura ireki eta tenperatura probatu ondoren Axiren ixterrera zuzendu du. Axi jauzi txiki batek bota du atzerantz.
“Zer egiten duzu?!”.
Joseba ikaratu egin da, eta behetik gora so egin dio Axiri. Gorputz erkindua gizentzen hasi zaio, gorputz gihartsu izandako hura borobiltzen doa gantzaren eta ariketa fisiko ezaren eraginez.
“Dutxatuko naiz ni”.
Josebak dutxa-sagarra eman dio eskura eta, haserre antzean plastikozko kortina itxi du. Komunean eseri da. Ura korritzen entzun du, erortzean gauzarik jotzen ez duelako soinua eginez. Ura irudikatu du, zuloan barna erortzen, eta gero estoldak, eta... Haien bizitza bezain kaka-zaharra.
Anasognosia: oroimen berriak egiteko ezintasuna. Padre Ligetiko terapeutak saiatzen ari dira Axik amnesiaz ohartzen denean kanpoko dispositibo bat bila dezan —agenda bat edo telefono mobil bat, esaterako— hara jo eta gertatzen ari zaiona ulertu, non bizi den jakin eta abar irakurtzeko baina oraindik ez dute lortu. Horrek, hala ere, neurri batean Axi duen arazoaz ohartzea esan nahiko luke, eta esan diote gertatu zaionaz ohartzeko gauza bada, depresioan erortzeko arrisku handia dagoela.
Altxatu eta brausteko batez kortina bazterreratu du. Hantxe dago Axi, zerbait falta zaiola, sagarra eskua ura haren gorputza ukitu gabe.
“Hara, Joseba!”.
Begirada galdua, eta gero laguntza-eskaera mutu baina larri bat.
“Zer egiten dut hemen?”.
Josebari negarretan hasteko gogoa egin bazaio ere eutsi egin dio “adorea” landu behar duelako Landerren aholkua akuilu.
Zaurgarritasuna. Zaurgarritasuna.
“Zer egiten dut hemen?”.
Berriz ere galdera zaurgarria.
Sagarra kendu dio zakar antzean eta ura burutik behera botatzen hasi zaio. Urak Axiren aurpegitik behera erotzean guapotu egin duela otu zaio, oreka gabezia hori, oroimen eza bera zulotik behera eramango balitu bezala.
Txostenaren bukaera: “Oraindik ez da bere kabuz baliatzen eguneroko ekintza arruntak aurrera eraman ahal izateko: janariak prestatzea, dirua erabiltzea, garraio publikoa hartzea eta abar. Oroimen gabezia larriak eta ekimen eskasak beharrezkoa egiten dute zaintzaile bat”.
Negargura egin zaio berriz. Irudi polita iritzi dio malkoak Axiren gorputz gainetik irristatu ondoren bere bidea egiten duen urarekin nahasi eta pena guztiak eramaten dituelakoari, baina eutsi egin dio. Adorea. Behar du.
“Joseba, ez dago ezer nire barruan” bota dio harriduraz Axik larrugorritan urak gorputz behera egiten diola.
Azken boladan entzungai bakarra bilakatu zaion cdaren kanten zerrenda egin zaio gogoan: Carmane: Fado siempre; Leonard Cohen: Alexandra’s leaving; Paquita la del Barrio: Ni tϊ ni yo; Nick Cave: Hallelujah; Purcellen Cold Song Klaus Nomiren bertsioan; Chavela Vargas: Te estarι esperando... Anari: Orfidentalak; Anari: Habiak; Anari: Anari; Nacho Vegas: Cerca del cielo (canciσn de Juanito Oyarzabal).
Eta Bego eta Lander hots egin gabe. Adorea. Ez daki izango duen.