Poz aldrebesa
Poz aldrebesa
2017, nobela
424 orrialde
978-84-92468-94-2
Azaleko irudia: Txuspo Poyo
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

22

 

Axi siestara sartu ondoren, Josebak sukalde minimalista bildu —antzekoak dira Axiren etxeko sukaldea eta Begoren etxekoa— eta ordenadorera jo du, aurreko eguneko itzulpen artxiboa ireki eta lan ongi eginarekin gozatzeko, sentimenduaren azpitik Andrew Motionen poemek —aitari buruzkoek batez ere— eragiten dioten bere buruaren saindu lako irudiaz gozatzera; autoerrukiak amarru horiek ditu, badaki.

 

            Gogora ditzaket pasatzen dituzun larreak

            fortin utziak soro distirantak

            okupatzen. Oraindik han banengo,

            aurpegi desesperatutik

            ile mototsa nola kentzen diozun begira,

            aurkitua izango nuen (nuke) honezkero

            nolako itxura duen maitasunak, haren argitasun izugarria.

            Nolakoa den maitasuna, haren (bere) zehaztasun (garbitasun) izugarria.

 

      Ez zaio itzulpena gustatzen. Eta ez gustatzeak autoerrukia eragotzi dio, azken estrofa zuzentzeko moduak bilatzen hasi baita. “Redios” ez dute balio ez argitasunak, ez garbitasunak, ez zehaztasunak ingelesezko clarity azaltzeko. Hala ere, beharbada, zehaztasun hitzarekin gelditu beharko litzateke. Hiztegietan ibili da aurrera-atzera, klarotasun-aren bila aritu da baina ez da inon ageri, klarki/klaroki aldiz bai, gauzak zehatz eta argi esan eta izatearen adieran, ingelesezkoan duen horretan, hain zuzen.

      Bihar erabakiko duela pentsatu du, Muρoz Eugiri egun bateko epe luzaketa eskatu beharko diolakoa aldapa gora. Gero deituko dio. Lanaz akordatu da. Itzuli egin beharko du; gogoa du, gainera; Axik —Pili, arreba, ere konforme dago—, Nafarroako Garun Kaltedunen elkarteak antolaturiko tailerretan pasatuko ditu goizak, eta arratsaldeak... Baina horrek ez du zentzurik orain, hori lehenago zen; orain, hartua du erabakia. Bueno, bihar egingo duten paseoaren ondorioak ikusi behar. Gauzak, banaka-banaka...

      Telefonoa hartu eta Grindr aplikazioa ireki du. Hantxe agertu da. Eta halako batean gardentasun hitza egin zaio gogoan. Horixe da, gardentasun izugarria: horrowing clarity. Eguna alaitu dio hitzaren aurkikuntzak lehendabizi; gero ilundu, izan ere, ez dago bere onenean, horren hitz arrunta garunean horrenbeste egunetan —bakarra baino ez da izan, zehaztapenari kasu egiteko ez da gauza— agertu ez izana seinale.

      Aplikazioan sartu da berriz. Atzera-aurrera ibili da aurpegi, bular, hankarte, pantaila huts eta paisajeen pantailan zehar.

      gaur68: horixe.

      Kaixo —bota dio Josebak euskaraz—. Itxura ona duzu! —gero gazteleraz.

      Zuk be bai —bota dio euskaraz besteak.

      Euskalduna?

      Bai

      Ongi

      Beste argazkirik?

      Josebak telefonoko argazkietara jo du. Ez du harreman onegirik argazkiekin, baina Landerren aholkuz argazki batzuk egin zituen atzo komunean, gustuko duen aurpegia, horren gustuko ez duen gorputza galtzontzillotan. Bi aukeratu ditu eta bidali. Han agertu zaizkio elkarrizketaren parte.

      Mmmmm

      Joseba ez dago ohiturik eta zalantzan gelditu da hemendik aurrera egin beharrekoarekin. Zahar sentitu da, oso zahar.

      Mmmmm —erantzun du besterik ezean.

      Gero ergela iruditu zaio bere burua, besteak ez baitio argazkirik bidali.

      Beste argazkirik?

      Leihotik so egin dio plaza hutsari. Axi siestan da, eta hiria lozorroaren eta arratsaldearen hasierako tarte horretan dago.

      Argazkiak ailegatu dira. Bi. Gorputz ederra, kilo gehitxo aukeran. Baina ilajeak, gizonkotetasunak eta bularraren formak erakargarria egiten dute. Gero aurpegia ailegatu da. Badaki eskatu gabe jendeari kosta egiten zaiola aurpegia bidaltzea. Txatok arrazoi, aplikazio informatikoek ligatzea erraztu badute ere, kalte handia egin diote homosexualitatetik gizartea eraldatzeko nahiari, hainbeste ze sexuaz gainera homosexualitatea bera ere kontsumo gai bihurtu baita; “Guretzat, neska, bestearen aurkikuntza zena kontsumo gai bihurtu da. Zure aitaren herrian esango luketen bezala earki gauden erreboluzittua eitteko! Orain jada ez da jotzen bestea ezagutzeko; Landerren egoera negargarria bezala... nobioa bilatu nahian bikote horrekin daraman istorioa. Txakurrarena egiten die?”.

      “Bai” egin zion arrapostu, “Durangora joaten da eta txakur bat bezala tratatzen dute”.

      “Joder, mojarekin!” ebatzi zuen Txatok, “hala ere, pentsatzen jarrita, ez da hori bere inozentzia mojontziaren seinalea? Txakur moduan tratatzen duen bikote batez maitemindu, hirukoa osatzen ari dela pentsatuz. Badakizu nola bukatuko den, ez? Landerrek min harturik”.

      Joseba egon zen Txatoren aurrean Lander defendatzeko, ehgamen zebiltzala horrelako harremanak amestu zituztela, Asierrek eta berak ere asmatu zutela halako zerbait... nahiz eta gero... eta hortik aurrera isildu egingo zen eta pentsatuko zuen Txatok, azken finean, ehgameko buru azkarretako bat izanik, bikote oso tradizionalak izan dituela beti, bata bestearen atzetik, hori bai; eta esango zion, neurri batean zapuztu egin zuela ezer berririk ez asmatzea Txatok, aipatutako politika bizitza pertsonalera ekarri ez izana, Axik eta berak ez bezala. Hori esango zion, baina bere hartan utzi zuen elkarrizketa, Axiren istripuarekin nahikoa zuela pentsaturik.

      Bizarra du, sudur handia, aurpegi atsegina eta, betidanik paratu duen zerbait —Axik ez ditu, baina maitasuna beste kontu bat da, bereziki gizonendako, zeinentzat askotan sexua eta amodioa aparteko bi gauza diren, edo izan daitezkeen, behintzat—, belarri txabalak, gainontzeko bisaiaren markoarena eginez, halako umore bat eransten diela.

      Guapoa!

      Esk ask

      Josebak pentsatu du beste aldetik, bular horretatik, aurpegi bizardun eta belarri txabal horietatik “zu ere bai” bat etorriko dela, baina ez da ezer ailegatu, bere antsia ez bada.

      Landerrek azaldu dio eutsi egin behar diola elkarrizketaren eremuari, mintzakideen txandakatzea dela espero dena, bien arteko tonuari eustea, zerrikeriari zerrikeriarekin erantzutea, pazientzia izatea —ez du sekula izan— eta, batez ere, ez behartzea, elkarrizketa kideak betebeharraren apurrenik susmatuz gero, alde egingo baitu, edo, makurrago —“Exajeratze bat da” aitatu zion Landerrek—, blokeatu egingo zaitu, eta, ondorioz, argazkian klikaturik “o ez, erabiltzaile honek bere profila ezabatu egin du!” aplikazioaren abisua, “leher hadi, profil honek blokeatu egin hau!” ulertu behar duzu. “Dena dela” zehaztu nahi izan zion Landerrek, hari handi zetozkion aholkuak berari egokitu nahian, “hartu hau burlaizez; hemen gertatzen den guztia ez da serioa”; nork eta Landerrek...

      Zeren bila?

      Sexua. Eta beste zerbait sortzen bada, ederto

      Nik bakarrik sexua

      Idatzi ahala damutu da, uste izan baitu terminalaren beste aldekoak hori irakurtzean paso eginen duela.

      Ederto —poztu egin da. Badoa.

      Noiz gelditu nahi duzu?

      Orain

      Orain ezin dut

      Noiz?

      2etan

      Esperatu idatzi du, baina ezabatu egin du bizkaitarrendako hitzaren arrotza arrazoi.

      Itxoin pixkat

      Whatsappa ireki eta Lander bilatu du. Badaki tenore honetan, pazienteak utzita, Eusko Jaurlaritzako Bakegintza eta Bizikidetzarako Idazkaritza Nagusirako lan batekin ari dela, etxetik, hilabete pare baterako.

      Asierrekin gelditzeko gaur atsaldien? —idatzi dio.

      Berehala erantzun dio, ez ordea berak nahiko lukeena, bai baitaki zertarako kontatzeko bidesaria pagatu beharko duela. Erabaki du ergelkeriekin ez ibiltzea.

      Zuk aholkatu bezala, batekin geldi naiz. Gaur arratsaldean

      Zornak! Ok. Zer ordutan?

      Espera

      Eta orduan gay aplikaziora jo du.

      18:00etan?

      Ok Non? Ez dut tokirik

      Nik bai

      Trauko 1, 8 A

      Uribarrin

      Ok. Akt ala pas

      Bertsatila

      Josebak pentsatu du horrelako galdera bat duela hogei urte ezinezkoa izango zela, dela lotsa, dela rol zehatz eta jakinek homosexualitatea lurralde ireki eta prometagarria den ideiaren kontrako zirelako, dela norberaren desiren esplorazioa eta aurkikuntza egin gabe eta garatu gabe zegoelako, dela sexua oraindik bestearen ezagutza eta deskubrimendurako zelako.

      Ni ere bai. Gehiago pas

      Ok gero arte

      Gero arte

      Landerri idazteko whatsappa ireki du.

      17:30 eramango dizut Axi etxera. Ok?

      Ok. Eta nor d bera?

      Ez dio erantzungo, berarendako gordeko du. Izorra dadila Lander, eta egon dadila Axirekin. Adiskideak horretarako dira: gaizki gaudenean gutaz arduratzeko. Ez daki zein klasikok esaten duen adiskideak direla hortxe direla jakitearekin konformatzen garen horiek.

      Seiak arte urduri egon da. Ez dio kasurik egin Landerren ironiari, Axi etxean utzi duenean.

      Berriz ere dutxatu da eta, sagarra kendurik, ipurtzulotik sartu du dutxaren tutua. Betetzen utzi du, eta bete denean gogoz bota du ura kanpora. Ez dio begiratu nahi izan urarekin batera eror daitekeenari, eta, gogoa beste norabait eraman nahia izanagatik, ipurtzulotik eroritako balizko kaka puska areago inposatu zaio erreprimituaren indarrez garunean.

      Begiak jaitsi ditu kristalezko dutxa-kabinan zehar. Ezer ez, edo dena joana. Axirekikoa bezala. Indarrez igurtzi du gorputza lehortzerakoan, kondoiak atera ditu mesanotxetik —ederki daki non dauden, bikotea ireki zuenetik berez atera zitzaien Axiri eta biei erabiltzea, badaezpada ere bota zuen Axik, hura gertatu zenean atzetik emateko eskatu zion lehendabizikoan.

      Uste du ez duela ongi aukeratu. Izan ere gaur behean aritzeko hobe baitago, eufemismo ergel bat erabiltzearren.

      Txirrinak jo duenean, nor den galdetu gabe ireki dio.

      Goiko atea ireki du eta sukaldera abiatu da baso bat ur edatera. Atea entzun duenean “ep!” bota du. Landerren ustetan horrelakoetan bizkaitarrek “aupa!” esaten dute, gipuzkoarrek “eup!”, nafarrek “ep!”, arabarrek bizkaitarrek bezala “aupa!”, eta hor bukatuko da Landerren landa-lana, Iparraldekorik ez baitu aipatzen. “Gehienek ordea hola esango dute” erantzun zion Josebak. Lander, gizajoa!; Txatok iragarri bezala, gaizki bukatuko da durangarrekiko istorioa.

      Ezkaratzean ageri zaiona argazkiak erakutsitakoa bezalatsukoa da: bizarra, gizonkotea, belarri txabalak. Josebak pentsatu du zenbat denbora daraman larrurik jo gabe eta oroimenak atzera, oso atzera egin dio, urtebetera edo, istripu aurretikora, Axirekin Iruρean jo zuten larrualdi trixte batera; egia esan behar badu, Axi eta bereak azken boladan... nola esan... gogogabeturik bezala zeuden, bata bestearen gorputzaz gozatzea gogo kontua bainoago lan kontua egiten zitzaien... areago, aldapa gora; istripu ondokoarekin, ordea, ez da saiatu ere egin, ez du beharrik sentitzen eta, gainera, elbarri bat bortxatzea bezalakoa izango litzateke. Sexua gure animaltasunari dagokiola esan zuen hark gezurra esan zuen, sexurako ere adimena behar izaten baita, gure baitako ez-animaliena. Ez, ez luke jakingo horrenbeste ezagutzen duen gorputz horrekin nondik hasi, zer egin.

      Mutilak eskua eskaini dio: “Iρaki”.

      “Joseba”.

      Uste baino altuagoa da, eta zabalagoa, eta argazkian ageri ez zen tripatxoa du, baina Josebari gustatu egin zaio.

      Elkar musukatu dute ezkaratzean, deseroso hasieran, jokoaren arauak geldo, losintxez, arretaz ikasten ariko balira bezala. Gelaraino eraman du eskutik helduta, honezkero kamisetarik gabe. Ilajea beltza du bularrean, argazkian bezala. Joseba txiki sentitu da une batez, eta gutxitu, baina bihotz eman dio bere buruari.

      Ohean belauniko, galtzontzillotan elkarri zirrika hasi direnean, Josebak jakin du ongi pasatuko duela.

      Gero, alde egin duenean, halako tristura bat egin zaio. “Zergatik ezin dut horrelako bat izan?” galdetu dio bere buruari. Izango du. Denborarekin, erabakitakoak bete, dena pasatu eta baretzen denean, horrelako asko hasteko, eta gero horrelako bakarra, larru adiskide-adiskide; ez du bikotekiderik nahi izango denbora luzez.