Poz aldrebesa
Poz aldrebesa
2017, nobela
424 orrialde
978-84-92468-94-2
Azaleko irudia: Txuspo Poyo
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

16

 

Julio Llamazaresen La lentitud de los bueyes poema liburuaren tituluarekin akordatzen hasia da azken hilabeteetan, haren bizimodua, haien bizimodua hobe, istripu ondoko ardaila eta abiadura jabaldurik, geldotasunean, idien geldotasunean, eroria delako, hainbeste, psikologoak agindu ariketa atergabeak behar izaten baititu gogoa eta gorputzaren arteko desegokitzeari eusteko.

      Geldo jaitsi ditu eskailerak, geldo hartu dute Santo Domingon gora, geldo iragan dute Udaletxeko plaza, geldo egin dute La Jacoba igarobidean barna, geldo iragan dute Gaztelu enparantza hutsik arratsaldean.

      “Axi, ez nekien monumentu honen aurkezpen prentsaurrekoan egon zinela”.

      Axik estatua multzoari so egin dio. “Zergatik gaude Iruρean?” galdetu dio bere buruari. Ez du ezer han, hutsik dago bere burua eta hori berdin zaio. Halako burrunba bat nabaritu du. Eta, gero, ezer ez. Batzuetan itzali egin dutela ematen du.

      “Bai. Zer urtetan gaude Joseba?”.

      Joseba ez du galderak harritu, baizik eta galdera egiterakoan bere izena ahoskatu izanak. Joseba. Ez dago seguru Axiren ustezko aurrerapenen arrastoa ote den, baina baiezkoa iruditu zaio, ez Axi ez delako bere izenaz akordatzen baizik eta ahoskatu izanak non eta zertan dagoen adierazten duelakoz.

      “2013ko uztailaren 23a da, Axi, asteartea. Eta nonbait hemen bizi zinenean, 1992 urtean eskultura honen muste ekitaldian egon zinen”.

      “Paradoja dinamismo congelado!” bota du Axik, ia alai, gazteleraz.

      Joseba barrez hasi da Axiren poza nabariturik.

      “Zer esan nahi du horrek, Axi?”.

      Axik sorbaldak jaso ditu, eta duela hilabeteko Axi hura egin zaio Josebari, azken egunetan baino askoz galduago.

      “Zer esan nahi du, Axi, noiz entzun zenuen? Aurkezpenean?” bota dio.

      Axik atzera egin du brontzezko oinarrian bermatzeraino.

      “Ez dakit”.

      Jakin du ez jakitea gaizki dagoela. Akatsen bat egiten ari dela. Sirenak entzun ditu eta haien bila mugitu ditu begiak arakatzaile, baina ez dago sirenarik. Zer gertatzen zaio, zergatik ezin du gogoratu. Sirenak.

      Aurrean du Joseba; bisaia mudatua du.

      “Ez zara akordatzen?”.

      Eta sirenekin, argiak, eta argiekin... gizon bat pren... nola esaten da? kazetariak, bera, kazetaria zelakoz, prentsaurreko batean gizon bat... zinego... nola esan zinegotzia zen... eta hori esan zuen.

      “Bai”.

      Eta halako batean bere baitatik sortuta besotik heldu du Axik Joseba.

      Besotik heldu dit. Besotik heldu dit. Besotik heldu dit. Berez sortuta besotik heldu dit.

      “Besotik heldu didazu?!”.

      Axik pentsatu du Joseba ergela dela, zergatik ez diot ba besotik helduko, nire nobioa da.

      “Dinamismo congelado. Paradoxa bat. Gizon batek esan zuen eta Miren argazkilariak barre egiten zuen”.

      “Eta noiz izan zen hori, Axi?”.

      Joseba ergeldurik dago, horrelako galderak...

      “Hemen lanean egon nintzenean. Uste dut 92an izan zela”.

      Josebak besarkatu egin du eta, zergatik jakin gabe, eskerrak eman dizkio brontzezko eskultura multzoari. Zezenei, lasterka doazenei, baita zinegotzi baten aurpegia brontzezko mutil eroriari ere; eta pentsatu du gertatu zaion guztiarekin Erroma garaiko hiritar greziarra ematen duela, jainko guztiei —dena delakoei— errezo eta gur egiten diela badaezpada ere, salba dezaten dagoen ataka horretatik; ekar dezatela Axi bere baitara. Horregatik ikusi du begi berriz eskultura, Egeo itsasoaren ertzeko eskultura-aldare baten moduan, non jainkoei derrigorrezko sakrifizioen ondoren errukitsuak izateko eskatzen baitzaie.

      Gora egin dute Carlos III.a etorbidean Maia kaleraino. Batzuetan psikologo eta arnas eta budismo eta bere baitan egote horren guztiaren ezdeuskeriak gorabehera, nekeza egiten zaio aurrera egiteko adorea biltzea; Axi prestatu eta non utzirik ez duela, harekin Iruρeko kaleetan aurrera egin ahal izatea. Axi. Ez oneratzera, horrela oroimen arazo latzekin gelditzera, Axik nahiago lukeela hil eta zentzu horretan...

      Guillermok berak ireki du atea. Txirrina jo aurretik paratuko duen harridura imintzioa igarri izanak, halako nagusitasun plazerρoa eragin dio Josebari, eta jakin du, egun horretan kontra egingo diola, irabazi egin beharko dituela psikologoak kobratzen dizkion 32 euroak, zeinak, dena esatera, ez zaizkion garesti, aurretik biek aurrezturiko diruaren babesa kontuan izanik. Babesa, Pilik —oraingoz tutore ofiziala, ongibidean epaileak bien arteko harremana izan badela onartu eta bera tutore egin arte—, ongi portatu, eta ez diolakoz arazorik paratu. Ezkonduak behar zuten, baina ametitu beharra du bikote hartan Axik esandakoa egin izan dela beti.

      “Axi, ez nuen non utzi”.

      Guillermok eskua eskaini dionean, Axik eskua hartu dio eta eutsi, burua jiraturik Josebaren begirada erantzulea bilatzen duen bitartean.

      “Guillermo da, nire psikologoa”.

      “Psikologoarengana joaten zara? Zer gertatzen zaizu?”.

      Josebak Axi-lotsa izan du. Guillermori begiratu dio ezkaratzera sartzean, auzo lotsaren arrastorik-edo aurkitzen duen psikologoaren bisaian, baina zurruntasunaren erdian halako irribarre abegikor bat baino ez da ageri.

      “Axi, eseri hor, berehala bukatuko dugu eta”.

      Liburuz inguraturiko gelan sartu eta aurrez aurre eseri dira.

      “Bueno, nola joan dira hamabost egun hauek?”.

      Josebak ez du jakin nondik hasi.

      “Ongi egongo da hor kanpoan?”.

      Guillermok baiezko arin bat egin dio. Beste baiezko arin batekin erantzun dio Josebak.

      “Ez zaitez kezkatu. Zerbait egingo balu entzungo genuke”.

      Nagiak hartu du. Zer egiten du han? Zer zentzu du norbaiti galdutakoaren istorio atondu eta apailatua paratzeak noiz eta ematen duenean Axik ez duela aurrera egingo, eta, azkenean gogoan erabili behar duen ideia hori ia-ia haragitu zaionean.

      “Zer darabilzu gogoan?” galdetu dio gaztelera dotorean.

      Joseba ez da ausartu esatera, dela etikaren eremua barreiatzen duelako, dela maitasunaren lege zorrotzak hausten dituelako, dela iruditzen zaiolako bere burua gehiegi erakusten duela; ironikoa, beldurra, psikologoarengana horretaraxe joaten baita, bere burua erakutsi eta konpontzera.

      “Gauzak beste modu batez izan balira sikiera!”.

      “Nola gustatuko zitzaizun izatea?”.

      “Iruditzen zait azken boladatxo honetan Axik aurrera egin duela; askoz iniziatiba gehiago dauka, eta oroimena luzatzen ari zaiola... iruditzen zait”.

      “Zer esan nahi duzu, orduan, sikiera horrekin? Axiri bihotzekoak eman ez balio zuen bizitzarekin jarraituko zenuketela”.

      Josebak ausarta izatea erabaki du.

      “Nahiago nuen hil balitz!”.

      Esan du, behingoan.

      “Eta uste dut hari ere aukera eman balitzaio, nahiago lukeela”.

      Isiltasuna. Leihoa. Zuhaitzen kukulak, bertantxe, beiradura zeharkatu eta barna egin nahian. Ez du ihes egiteko begirada handik hedatu nahi.

      “Arruntez, nolakoa den jakinda”.

      “Zer sentitzen duzu? Noiztik daukazu sentimendu hori? Zein indar du?”.

      Hiru galderek oskolean sarrarazi dute Joseba. Izan ere, behin edo bitan baino ez zaiola bururatu pentsatu du hasieran, baina gero onartu behar izan dio bere buruari Sarriren poema hartan bezala ura ibaiaren azpitik doala, oharkabean, isilik, ezkutuan...

      Axik, gainera, argi adierazi zion, San Frantziskoko hiesdun hark pasatu zituenak pasatzea baino nahiago zuela hil. Josebak bere burua madarikatu du kuxin lako gogoeta, zeinak deliberoa hartzea erraztuko baitio, Guillermorekin partekatu izanagatik.

      “Ez da ezer. Ez dut horretaz hitz egin nahi”.

      Ohartu da Guillermo noraezean ari dela, hitzen bila, bere psikologo autoritateari eragindako hozka berdindu nahian.

      “Zerorrek ikusiko duzu, baina honaino etorri eta gauzen benetakotasunera ez bazara jaisten dirua eta denbora alferrikaltzen ari zara” bota dio Josebari, “uste dut gainera ongi etorriko litzaizukeela buruan darabilzun sentimendu hori —sentimenduak gorputzetik gogora egiten duten korronte elektrikoak dira— onartu eta lantzea”.

      “Nik ez dut Axi hil nahi” oihu egin du.

      Orduan kukulu berde eta hautsez estalitakoetan galdu du begirada, zertan ari den bere buruari galdezka.

      “Jakina ez duzula hil nahi. Baina, esan, zuhaurrek esan duzu nahiago zenukeela hilik balego”.

      “Bai, eta halaxe gertatu balitz hobe” egin dio erronka Josebak, gauzak gainditzeko ohiko moduari jarraiki. “Berak ere nolakoa den ezagututa halaxe nahiko zuen”.

      Joseba ohartu da biak ere ohartu direla berak erabilitako orainaldiak seinalatzen duen hutsuneaz, edo zuloaz, edo dena delako azalgaitz horretaz.

      “Zer sortzen zaizu hori pentsatzen duzunean?”.

      Josebaren kartolak ireki egin dira.

      “Ez zait ezer sortzen. Hari begiratzen diodanean —hortxe egongo da eserita, bere baitaratua, bere baitan ezer ez duela (behin baino gehiagotan aipatu dit hutsik dagoela barrutik)— eta gure egoera gordin-gordin agertzen zaidanean etortzen zait ideia hori gogora, eta jakinda nolakoa zen, zein gutxi gustatzen zitzaion gaixorik egotea eta...”.

      “Zure burua aske agertzen zaizu?”.

      Harrapatu du; Joseba, bere ohituren kontrara ametitu eta aurre egin beharrean, isildu egin da bere buruari ere harrigarria egin zaion nerabearen jarreraz.

      Eta, bai, azken boladan bere burua aske agertzen zaio, Axiren geldotasun pisua garraiatu beharrik gabe, dolutan, minez, bakarrik, baina aurrerantz bide malkartsuan zehar, eta bukaeran kukulu berde batzuk, eta gero zelaia, eta gero...

      “Ez dakit zergatik etortzen naizen hona”.

      “Zergatik badakizu. Zertarako galdetu beharko zenioke zeure buruari” bota dio Guillermok, zorrotz.

      Josebak sutu aldian aurrera egitea erabaki du. Jada ez du ikusten...

      “Zuk New Agea, budismo pixka bat, kontsolamendua, onartzea besterik ez duzu eskaintzen. Zuk zer dakizu 20 urteren ondoren zure bikotekidea horrela gelditzeari buruz. Onarpena!, notejode! Hortxe zaude, butaka horretan eserita, lagundu beharrean, epaitzen. Bai, batzuetan hilik egotea nahiko nuke, baina onarpena... zuk eskaintzen didazun onarpen budista ergel hori ez da nahikoa, nik erantzunak behar ditut”.

      Arnasa hartu du eta Guillermoren harri lako bisaiari so egin ondoren “erantzunak” hitza errepikatu du.

      Biak gelditu dira isilik, handik aurrerakoa nola bukatuko den susmatu barik. Josebak pentsatu du Guillermok beharko duela iaioa gauza horietan, Landerrek hitzetik hortzera erabiltzen duen gatazken konpontzeko bidean, “conflict resolution” zorioneko horretan.

      “Nik ez dizut onarpena bakarrik eskaintzen, baina onarpena da duzun aukera bakarra. Eta zure buruan gertatzen ari direnak ere onartu behar dituzu. Bada urtebete pasatxo Asierri hori gertatu zaiola, eta ezin duzu borrokan segitu”.

      “Urtebete eta bi hilabete, gaur” moztu dio Josebak.

      “Horixe, igual du. Onartzen dut oraindik dolutan ari zarela, baina jakin ezazu, eta nire betebehar profesionalari ezin diot muzin egin, onarpena baino ez zaizula geratzen. Egoerarena, eta zure baitan sentitzen duzunarena, gauzak —erabil dezagun eufemismo bat nahi baduzu— bestela gertatu balirako sentimendua barne. Ez dago besterik. Eta lehenago esan nizun bezala, ezin baduzu, beti daukazu Axi uzteko aukera. Erresidentzia batean sar dezakezu, esaterako”.

      “Bai, horren jakinaren gainean nago” gezurra esan dio, “baina ez dut nahi”.

      “Gainera ongi jarriko da!”.

      “Eta ez bada jartzen?”.

      Guillermoren galdera azpi jokoa iruditu zaio.

      “Jarriko da”.

      “Jarriko da” errepikatu du.

      “Uste dut utzi egin beharko genukeela” bota dio.

      Sutu aldia iragana zaio eta halako lasaitasun hotz bat nabari du, beharrezkoa egiteak eta pentsatzen ari dena egiteak ematen diona.

      “Ez dakit gaurkoz”, sadismo ukitua nabari du bere baitan, “ala betiko, abisatuko dizut”.

      Altxatu egin da eta bekoz beko so egin dio Guillermori, baina itxitura bat baino ez du antzeman psikologoarengan.

      Atea zabaldu duenean oinetara agertu zaizkio aldizkariak; Lecturas, Hola, Muy Interesante, Psicologνa hoy, Diario de Navarra... Agerkarien arrastoari jarraitu dio Axiren hanketaraino. Gora egin du haren galtza bakeroetan gora. Zangosagarrak, sikatzen hasiak honezkero; izterrak, hankarte hila, bularra; Axi eta ironia ez balira oximorona, esango luke irribarre ironikoa ageri zaiola ezpainetan.

      Egon da “zer egin duzu?” galdetzekotan; egon da zaintzaileari dagokion ardura harturik errieta egitekotan, baina plazer gaixo batek hartu du, eta Axi besotik heldu, eta agerkariak zapalduz, kanpora atera dira ezkerretara so egin eta Guillermo oraindik silloian eserita ageri dela. Seguru ez zaiola horrelakorik inoiz gertatu.

      Bada zentzurik honetan guztian, hementxe, Axirekin geldo, oso geldo, jaisten ari den lehendabiziko pisuko eskaileretan behera berriz borborka dabilkion herraz gain? Hasia da bere burua ezagutzen ataka horietan; badaki gero barealdia ez ezik tristura etorriko dela eta histasun batek oro tindatuko duela.

      Kalera atera dira. Kukuluak urrutiago daude. Telefonoa hartu du. Luzea egin zaio San Juan auzoraino, Txatoren ileapaindegiraino joatea, gurutzebidea kanpoko geldotasunaren eta bere baitako sualdiaren artekoa batzen saiatzea.

      Markatu eta berehala erantzun dio Txatok beste aldetik.

      “Ez, ez goaz. Ezin dut. Haserre nago. Ezin izango dut honekin, Txato. Batzuetan uste dut erotu egingo naizela. Bihar goizean... Axi Padre Ligeti klinikan dagoen bitartean”.

      Ez die kasu gehiegirik egin Txatoren lasaitasun hitzei. Axik irribarre ironiatsu antzeko bat du. Gaur, beharbada, aurrerakuntzen eguna da; eta hala ez bada... beharbada erabakia gauzatu beharko luke; azken finean, bizitzea bizitzeagatik... Gogoeta laztandu du, kuxin baten moduan. “Izorra dadila” pentsatu du, bihotzekoa gertatu zenean Guillermori haserre zeudela aitortu ez diolakoz gaur ere.